2026-06-17
Blog Page 9

Hezkuntza komunitate osoak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren dimisioa eskatu du

Nafarroako Hezkuntza sistema kinka larrian dago. Horrela da, besteen artean, hezkuntzako langileok ezin dugulako gehiago: lan karga gero eta handiagoa eta konplexuagoa da; baliabideak, eskasagoak; lan baldintzak ez dute bat egiten ditugun eskakizunekin; ratioak, eutsiezinak ikasgelen errealitatea ikusita; eta elkarbizitza arazoak, gero eta nabarmenagoak. Horregatik, ezinezkoa da gaur egun hezkuntzak dituen beharrei aurre egitea eta, are gutxiago, benetako inklusioa bermatzea.

Honen aurrean, 7 urtez jarrera berdina mantentzen ari duen kontseilaria dugu: entzungor, begi-bistakoa dena ukatuz, negoziazio aukera guztiak baztertuz, eta harropuzkeriaz eta autoritarismoz gidatzen du Hezkuntza Departamentua.

Irakasleok nekatuta eta gainezka gaude. Aniztasunari arreta ematea gero eta gehiago exijitzen du; formazioaren beharra etengabekoa da; osasun mentalaren erronkak gorantz doaz; burokraziak itotzen gaitu… eta konplexutasuna inoiz baino handiagoa da. Hezkuntzak behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera egiten du, eta ez du inolako interesik Europak agintzen duena betetzeko eta %8tik behera jaisteko. Ez dezagun ahaztu irakasleon ezegonkortasuna eta erosahalmenaren galera: %20 baino gehiago azken 15 urteetan.

Hezkuntza laguntzako espezialistak erabateko prekarietatea jasaten dute, zeinak gehienak lanaldi partzialak dituzten eta behinekotasuna %80tik gorakoa da. Hezkuntza Behar Bereziak dituzten ikasleei kalitatezko arreta eskaintzeko, lan baldintza duinak eta errealitatearekin bat egiten dutenak beharrezkoak dira.

Era berean, Nafarroan 0-3 zikloan nagusi den ekintza eza eta konpromiso eza salatzen dugu, eta udal haur eskolak publifikatzea defendatzen dugu kalitatez, ekitatez eta lan baldintza duinekin. Elkarrizketa kanal egonkorra eta berehalako negoziazio-mahaia eskatzen dugu, baita Foru Dekretua aldatzea ere, beharrezkoa den ratio jaitsiera gauzatzeko.

Lanbide Heziketan bi ikasturte daramatzagu ikasleekin eta familiekin batera mobilizatzen. Gainera, hiru greba egun egin genituen, DUALaren kudeaketa txarragatik eta ezartzeko aurreikuspen ezagatik. Gainera, LHko irakasleen % 86k 12 puntuko aldarrikapen zerrenda onartu zuten, Nafarroako Parlamentuak ere babestu zuena. Baina Gimeno geldirik jarraitzen du.

Administrazio eta Zerbitzuetako langileak muturreko egoeran gaude aspalditik. Alde batetik, plantillaren dimentsionamendua ez da egokia; pertsona askok lanaldi partzialak edo ibiltariak dituzte, eta, gainera, funtzioak ez daude behar bezala definituta. Bestetik, ordezkapenak gauzatu gabe geratzen dira, eta horrek gainkarga eta estresa eragiten die langileei.

Ikastoletako langileek ere zazpi urte daramatzagu Gimeno euskararen eta ikastolen hezkuntza ereduaren aurka aplikatzen ari den murrizketa-politika sufritzen. Lan-baldintzak eta lanpostuak jartzen ditu kolokan aukerarik txikiena duenero, euskal hezkuntza-eskaintzaren etorkizuna larriki baldintzatuz.

Itunpeko ikastetxeetan ere oso egoera kaskarra bizi dugu. Behin eta berriz eskatu arren, kontseilariak urteak daramatza Departamentua, patronalak eta langileen ordezkaritza bilduko dituen mahaia deitu gabe.

Argi dago, beraz, langileen arazoek eta premiek erantzunik gabe jarraitzen dutela, eta hezkuntzaren kalitateak behera egiten jarraitzen duela. Hala ere, Hezkuntzako profesionalen inplikazioak eta ekinak sistemari eusten jarraitzen dute.

Halaber, argi dugu egoera hori kontseilariaren erabateko borondate eta gaitasun faltaren ondorio dela; izan ere, kontseilariak modu autoritarioan jokatzen du, eta erabakiak alde bakartasunez hartzen ditu, plangintzarik eta negoziaziorik gabe.

Horrela jokatu du, halaber, Funtzio Publikoaren baimenarekin kasu honetan, Estatutu berriaren proiektuari dagokionez: nahi bezala egin eta desegin du, eta testuan soilik Hezkuntzako langileentzat diren neurriak sartu ditu, bere Departamentuaren menpe daudenak kondenatuz, urte luzez, Nafarroako Gobernuaren langileen artean, lan-baldintza okerrenak izaten jarraitzera.

Honekin gogorarazi nahi dizuegu datorren maiatzaren 28an 4 orduko lanuztea deitu dugula Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari galdegiteko atzera bota dezatela langile publikoen estatutu berriaren proiektua, atzerapen handia ekarriko baitu lan-eskubideei dagokionean. Hitzordu nagusia eguerdiko 12:00etan Hezkuntza Departamentutik abiatu eta Nafarroako Jauregiaren aurrean amaituko den manifestazioa izanen da.

Azpimarratu nahi dugu ere berdin jokatu duela hiru urteko gelak ixterakoan, hainbat pertsona lanik gabe eta familia batzuk haiek hautatutako hezkuntza-aukerarik gabe utziz. Eta baita, CREENA bezalako zentro baten lan ona eta erreferentzialtasuna hankaz gora botatzean ere.

Hezkuntza-kalitatea hobetzeko, hezkuntzako langileei entzun behar zaie

Egoera horren aurrean, LABek Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio langileekin esertzeko, haiei entzuteko eta dituzten beharrei erantzuteko. Inor ez da profesionalak baino hobea egungo hezkuntza-sistemaren gabeziak detektatzeko eta hobekuntzak proposatzeko. Horien artean, honako hauek nabarmentzen ditugu:

  • Jaiotza-tasaren jaitsierak ez du ekarri behar ikasgelak ixtea eta kaleratzeak; ratioak murrizteko eta hezkuntza-kalitatea hobetzeko aukera gisa hartu behar da.
  • Enplegu publikoa eta hezkuntzako profesionalak duindu nahi baditugu azken 15 urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzea premiazkoa da.
  • Hezkuntzako inbertsioa handitu behar da. Ezinezkoa da gero eta konplexuagoak eta askotarikoagoak diren egoerei aurre egitea duela hamarkada batzuetako baliabide berberekin. Baliabide gehiago behar ditugu. UNESCOk BPGren % 6 bideratzea gomendatzen duen bitartean, 2026rako Nafarroako aurrekontuetan % 3,6 baino ez da aurreikusi. Aurrekontu duinik gabe, ez dago kalitatezko hezkuntzarik.
  • Euskararen normalizazioa eta garapena Nafarroa Garaia osoan, bazterketarik eta zonifikaziorik gabe.

Hala ere, aurrerapen txikiena ere ez da posible gaur egun. Eta arrazoiak Carlos Gimeno du izena. Zazpi urte hauetan, Hezkuntza Departamentua taifen erresuma bihurtu du, non berak nahi duena egiten duen, berak nahi duenean eta berak nahi duen bezala. Inolako asmorik gabe ez entzuteko, ez hitz egiten esertzeko.

Horregatik, LABetik berriro eskatzen diogu Gimeno kontseilariari joan dadila. Ez du betetzen, ezta urrik eman ere, edozein jendartearentzat, garrantzitsua bezain delikatua den Hezkuntza, zaindu behar duen profesionalaren profila.

Gaur, hemen bildutako guztiok berriro esango dizugu:

Gimeno, kanpora!

Eta berak egiten ez badu, solaskidea aldatu eta Nafarroako Gobernuari eta hura sostengatzen duten alderdiei zuzentzen gatzaizkie:

Kendu kargutik Hezkuntza kontseilaria!

Ez du beharrezko gaitasunik Nafarroako hezkuntza gidatzeko. Ostegunean Parlamentuan gertatutakoa Gimenoren 7 urte hauetako kudeaketaren eta ibilbidearen isla besterik ez da. LABek 2022. urtean bere dimisioa eskatu zuen eta gaur berresten dugu.

Kargugabetu orain!

Gimeno kanpora!

LAB eta ELA-k salatzen dute Maderas de Llodioko langileek egoerari eusten diotela, enpresak akordioa blokeatzen duen bitartean, eta erakundeen inplikazioa eskatu du

Maderas de Llodio enpresan, LAB eta ELA sindikatuen izenean, publikoki salatu nahi dugu enpresan gertatzen ari den lan-gatazkaren egoera larria.

Ia zortzi hilabeteko greba mugagabearen ondoren, eta enpresak iazko abenduan negoziazio-prozesu bat aldebakarrez hautsi ostean, bigarren negoziazio fase bat hasi zen kaleratzeak bidegabeak zirela ebatzi zuen epai judizialaren ondoren. Prozesu berri hau, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin, konponbide bat aurkitzeko itxaropenarekin berrireki zen.

Hala ere, bi hilabete baino gehiagoko bilerak egin ondoren, negoziazioa berriz ere blokeatuta dago. Enpresaren jarrera mendekuzkoa, seriotasunik gabekoa eta benetako akordioak lortzeko borondatetik urrun dago. Bereziki larria da zuzendaritzak bezero faltaren inguruko diskurtsoa zabaltzen duen bitartean, gatazka konpontzeko irtenbide bideragarriak zehazteko gai ez izatea, eta horrek agerian uzten du kudeaketa gaitasun eza.

Argi utzi nahi dugu akordioa posible dela. Horretarako baldintza bakarra enpresak benetako borondatea izatea da.

Era berean, salatu nahi dugu bitartekaritza-prozesua ez dela espero ziren emaitzak ematen ari, eta ez dela tresna eraginkor eta azkarra langileei zuzenean eragiten dieten funtsezko gaiak desblokeatzeko.

Bestalde, azpimarratu nahi dugu badagoela kontraesan nabarmena diskurtso instituzionalaren eta bizi dugun errealitatearen artean. Maderas de Llodio-ko langileek enpresaren etorkizunaren alde borroka irmoa mantentzen duten bitartean, duela gutxi Etorki eta Lana (Murga) enpresaren planta berriaren inaugurazioan, Imanol Pradales Lehendakariak adierazpen publikoak egin zituen Euskadiko baso-kudeaketaren garrantziaz, egurraren sektorearen balio estrategikoaz eta tokiko baliabide izateaz (km 0), eta industriarik gabe ezin dela baso-kudeaketa jasangarririk egon.

Maderas-en errealitatea, ordea, kontrakoa da: jardueraren deslokalizazioa onartu da, egurraren eraldaketa kanpora eramanez eta hemengo pinua erabiltzeari utziz.

Onartezina da gure eskualdean industria-sarea suntsitzen ari den bitartean, benetan gertatzen ari denarekin bat ez datorren diskurtsoa mantentzea.

Horregatik guztiagatik, berehalako esku-hartze irmoa eta anbiguotasunik gabea eskatzen diegu erakundeei. Ez dugu onartuko pasibitate gehiago, ezta hitz huts gehiago ere. Argi posizionatzeko garaia da.

Maderas de Llodio-ko langileek egunero erakusten ari dira benetan enplegua, industria eta eskualde honen etorkizuna defendatzen dituztenak direla. Enpresaren arduragabekeriaren eta erakundeen ekintza faltaren aurrean, langileen borroka da gaur egun etorkizun horren berme bakarra.

Maderas de Llodio-ko gatazkarako irtenbide justu baten alde egiten dugu, eta Aiaraldean sektorearen eta enpleguaren jarraipena bermatzeko erakundeen benetako inplikazioa eta apustu osoa eskatzen dugu.

Mobilizazioa Nafarroako ikuskizunetako teknikarien hitzamenaren alde

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek ordubeteko lanuztea egin dute gaur, eta Iruñeko Udaletxeko plazan mobilizatu dira 13:15ean, 2023ko maiatzetik geldirik dagoen sektoreko hitzarmen propio baten negoziazioaren blokeoa salatzeko. LAB sindikatuak, sektoreko ordezkaritzaren %100a duenak, deitu du mobilizazioa.

LABek azaldu duenez, lanuztearen helburua Nafarroako sektoreko langileen egoera ikusaraztea eta hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea da. Langileen ordezkariek adierazi dute ez dagoela “inolako arrazoirik teknikariek gure lan-baldintzak arautuko dituen hitzarmenik gabe lan egiteko”.

Sindikatuak gogorarazi du sektorea antzerkian, kontzertuetan, ekitaldietan, kongresuetan eta hauteskunde-kanpainetan diharduela, eta “baldintza duinekin, bermeekin eta segurtasunarekin” lan egitea aldarrikatu du. Era berean, adierazten du sektoreko lan-eskakizun bereziek, hala nola ordutegi-prestasuna edo ikuskizunen programazioari lotutako egutegi aldakorrek, konpentsazioak eta bermeak izan behar dituztela langileentzat.

Nafarroako negoziazioari dagokionez, LABek enpresa batzuek erakutsitako borondatea baloratu du, baina uste du AESTAN patronala ez dela konponbide baterako urrats eraginkorrak ematen ari, negoziazio-prozesua gehiegi luzatuz eta egoera jasangaitz bat sortuz.

Ildo horretan, sindikatuak adierazi du benetako borondaterik eza dagoela hitzarmen duin baterantz aurrera egiteko, eta patronalaren planteamenduak hobekuntza txikiak egitera bideratuta daudela, egungo egoeran funtzezko aldaketarik eragin gabe. “Hitzarmenak benetako aurrerapen eraginkorra ekarri behar du lan-baldintzen erregulazioan, eskubideak bermatuz eta egungo egoera irauliz”, defendatu du LABek.

Gainera, ohartarazi du antzekotasunak daudela EAEko eta Nafarroako patronalen jarreren artean; izan ere, bere ustez, jarrera erosoan mantentzen dira Langileen Estatutua sistematikoki urratzen den bitartean, erantzukizunik hartu gabe eta alternatibarik eskaini gabe. Gaineratu duenez, egoera horrek larriki eragiten die oinarrizko eskubideei, hala nola lana eta bizitza pertsonala uztartzeari.

Azkenik, gaur greban dauden EAEko teknikariei elkartasuna adierazi nahi izan die. “EAEn zein Nafarroan, arazo berdina dugu, eta, horregatik, patronalei eskatzen diegu betidanik jasa izan dugun ezohiko egoerari buelta emateko.”

Tubos Reunidoseko plantilla beste borroka fase batean sartu da, konkurtso prozesua ireki ondoren

Tubos Reunidoseko gehiengo sindikalak greba mugagabea bertan behera uzteko, eta enpresan irekitako konkurtso prozesuaren barruan, borroka fase berri bat hasteko erabakia, langileen batzarrera eramatea erabaki du.

Hartzekodunen konkurtsoan sartzeak egoera aldatzea dakar, eta horrek egoeraren azterketa serio, arduratsu eta kolektiboa egitera behartzen du. Egun hauetan, gogoetak eta analisiak partekatu ditugu greba mugagabeari eusten diogun hiru sindikatuen artean eta gure atal sindikalekin, fase berri honetan Tubos Reunidosen etorkizuna, altzairutegiaren eta logistikaren etorkizuna, eta lanpostu guztiena defendatzen jarraitzeko tresnarik erabilgarri eta eraginkorrenak zein diren baloratzeko.

Hasieratik argi utzi nahi dugu gure helburuak ez direla aldatzen. Aiaraldeko enplegua, jarduera industriala, altzairutegia, logistika eta etorkizuna defendatzen jarraitzen dugu. Agertokia da aldatzen dena, eta, beraz, etapa berri honi aurre egiteko tresnarik egokienak zein diren ere aztertu behar dugu.

Konkurtsoak berresten du, hilabeteak salatzen daramaguna, Tubos Reunidosen arazoa ez zirela inoiz plantilla eta lan baldintzak izan. Arazoa finantzarioa, industriala eta kudeaketakoa zela eta izaten jarraitzen duela. Denborak erakutsi du EEEak (Enplegu Erregulazioko Espedienteak), altzairutegiaren itxierak eta logistikaren kanporatzeak ez zutela enpresaren sakoneko arazoa konpontzen.

Esan ziguten EEEa ezinbestekoa zela bideragarritasuna bermatzeko, eta gaur egun etenda geratzen da, beren plan propioa ekonomikoki ere ezin dutelako mantendu. Esan ziguten altzairutegia ixtea saihestezina zela, eta, orain, ekoizpen propioa kanpoko altzairuarekin ordezkatzeko estrategia bat zegoela dioten informazioak agertzen hasi dira. Langileak arazoa ginela adierazi ziguten, eta gaur egun argi dago Tubos Reunidosen egoerak krisi askoz sakonago eta estrukturalago bati erantzuten diola.

Horregatik, argi eta garbi erantzun nahi diegu grebari egungo egoeraren erantzukizuna leporatzen saiatzen direnei. Grebak ez du Tubos Reunidos lehiaketara eraman. Greba enpresaren inposaketen, kudeaketa txarreko urteen eta erabateko gardentasun eta negoziazio faltaren ondorioa izan da. Izan ere, enpresak berak, konkurtsoan aurkeztutako dokumentazioan, ez du grebakaudimengabeziaren sorburu bezala aipatzen.

Langileen borroka gutxiesten saiatzen direnen aurrean, grebak hilabete hauetan lortu duen guztia aldarrikatu nahi dugu. Grebak balio izan du eta guztiz beharrezkoa zen Tubos Reunidosen benetako arazoa eztabaidaren erdian jartzeko. Zuzendaritzak inposatu nahi zuen normaltasun kontakizuna desmuntatzeko balio izan du. Erantzukizun enpresarial eta instituzionalak publikoki adierazteko balio izan du. EEEak normaltasunez aurrera egitea eragozteko eta altzairutegiaren itxiera eta logistikaren esternalizazioa aurrez aurre jartzeko balio izan du.

Edozeinek egin beharko lukeen galdera da, zein agertokitan egongo ginatekeen gaur borroka egin izan ez bagenu?. Ziur aski, EEEa finkatuta, altzairutegia ixten eta logistika kanporatuta izango genituzke, eta hori guztia enpresaren benetako arazoetako bat bera ere konpondu gabe. Horregatik defendatzen dugu grebara joatea erabaki zuzena, koherentea eta beharrezkoa izan zela.

Orain beste fase bat ireki da. Orain arte, Tubos Reunidoseko zuzendaritzak inposiziotik, xantaiatik eta opakutasunetik jardun du. Hainbat astez uko egin zion batzordearekin biltzeari, ez zien erantzun ordezkaritza sindikalak planteatutako galderei, eta ez du aurkeztu formalki eskatutako dokumentazioa lehiaketaren iragarpenaren ondoren egindako bileran. Birfinantzaketarekin, hartzekodunekin edo balizko inbertitzaileekin benetan zer gertatzen den ere ez du azaldu.

Konkurtsoarekin interlokutore berri bat eta konkurtso-administrazio bat sartzen dira. Gainera, enpresak planteatutako neurriak etenda geratzen dira konkurtso-prozesuaren barruan, baina oraindik ez dira behin betiko erretiratu. Eta, hain zuzen ere, hor egongo da aurrean dugun borrokaren funtsezko zati bat, etenaldi hori behin betiko erretiratze bihurtzea eta Tubos Reunidosentzat etorkizun industrial bat defendatzea.

Horregatik guztiagatik, gehiengo sindikalaren iritziz, fase berri honek borroka moduak birplanteatzea eskatzen du. Greba mugagabea eteteko proposamenak ez dakar gatazka bertan behera uztea, ezta enpresaren kontakizuna bere gain hartzea ere. Guztiz kontrakoa. Gure ustez, greba baliagarria eta eraginkorra izan delako, borrokarako tresnak une bakoitzera egokitu behar dira.

Borrokak aurrera jarraituko du. Mobilizatzen jarraituko dugu, altzairutegia, logistika eta lanpostu guztiak defendatzen. Gardentasuna eta erantzukizunak eskatzen jarraituko dugu. Borrokan jarraituko dugu gaur, bertan behera geratu diren EREaren neurriak berriro aktibatu ez daitezen. Erakundeak interpelatzen jarraituko dugu, eta ez dugu baztertzen greba berriro erabiltzea egoerak hala eskatzen badu.

Halaber, argi utzi nahi dugu proposamen hau ez dela joan den astean bultzatutako batzarraren ondorioz sortu. Deialdi hura presio mediatiko eta enpresarial handiko testuinguru batean egin zen, eta grebari soilik enpresaren egoeraren erantzukizuna leporatzeko eta langileak zatitzeko kontakizun bat elikatzeko erabili zen. Gainera, hura bultzatu zutenak ez ziren plantilla ordezkatzeko subjektu legitimoa, eta inoiz ez zen gardentasunik egon bildutako ustezko sinadurei buruz.

Gaur egun guztiz bestelako egoera bat dago, hartzekodunen konkurtsoa, elkarrizketa berri bat eta konkurtso prozesuaren barruan etendako neurri batzuk daude. Horregatik, erabaki hori plantillari helarazten diogu, eta horrekin batera, beste behin ere, arazoaren konponbidean parte hartu nahi izateko konpromisoa erakutsi nahi dugu, eta zuzendaritzak hori eragotzi digu orain arte, erabakiak kolektiboki eta langileen interesetatik hartu behar direlako, ez enpresako zuzendaritzaren premien eta presioen pean.

Hemendik aurrera, erakundeei erantzukizunak eskatzea ere areagotuko dugu. Bilerak eskatuko dizkiegu Eusko Jaurlaritzari, Industria Sailari, Aldundiari eta inplikatutako gainerako eragileei, Tubos Reunidosen etorkizun industrialari buruzko azalpenak, gardentasuna eta konpromiso argiak eskatzeko. Desindustrializazio eragiketa oro eta Amurrioko jarduera husteko edozein saiakera salatzen jarraituko dugu.

Azkenik, biziki eskertu nahi dugu hilabete hauetan plantilla osoak, greba eta gatazka mantendu duten pertsona guztiek eta Aiaraldeko eskualde osoak erakutsitako konpromisoa. Bereziki aitortu nahi dugu, hain momentu zailetan, Airaldeako Greba Batzordeak helarazi digun elkartasuna eta konpromisoa.

Argi utzi nahi dugu borroka fase berri batean sartzen garela, non mobilizatzen eta denon etorkizuna bermatzeko behar diren ate guztietara deitzen jarraituko dugun. Ildo horretan, bi greba egun deitzen ditugu Tubos Reunidosen, maiatzaren 26an eta 28an.

BORROKAN JARRAITZEN DUGU!!!

M17; LGTBIQ+fobiaren aurka, ikasgela aske eta askatzaileen alde!

Autoritarismoaren eta faxismoaren eskutik mezu eta jarrera erreakzionarioak etengabe hedatzen ari diren garaiotan, adierazpen trans baztertzaileak geroz eta espazio gehiago hartzen ari dira gizartean, eta inpaktu zuzena izaten ari dira hezkuntza komunitatean ere. LAB eta STEILAS sindikatuok eta eskola inguruneetan hezkidetza, sexu-hezkuntza eta pedagogia feministak lantzen ditugun eragileok, hezkuntza komunitateko ikasle antolakunde eta beste eragile batzuekin batera, gaiarekiko gure posizioa azaltzeaz gain, azken hilabeteetan hezkuntza eremuan emandako hainbat eraso transfobo salatu nahi ditugu, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuari ikasgelak ere espazio aske eta seguruak izateko ardura har ditzaten eskatu nahi diegu, eta horretarako bitartekoak jar ditzaten.

Azkenaldian, eraso transfoboak ugaritzen ari dira ikastetxeetan, eta ez dago ez baliabide egokirik ezta estrategia zehatzik ere horiek kudeatu ahal izateko. Are gehiago, EAEn eta Nafarroan badira, bai hezkuntza inguruneetatik kanpo baina baita hezkuntza inguruneetan berariaz eragiteko asmoz ere, era antolatuan gorroto diskurtsoak zabalduz jarrera trans baztertzaileak hauspotzeko ahaleginak egiten ari direnak. Horren adibide dira, besteak beste, Bilbon eta Donostian antolaturiko hitzaldiak eta ikastetxeetara bidalitako gutunak. Momentu horiek probestu zituzten hezkuntza eredu askatzaileen saiakeran dihardugunon aurka egiteko, gezurra eta alarmismo morala erabiliz eta nahasmendua sortuz. Egoera horren aurrean, ikasgelak espazio aske eta seguru egin nahi ditugunon arteko aliantza behar-beharrezkoa da; elkarrekin transfobiari mugak jarriko dizkiogu hezkuntza arautuan zein ez-arautuan.

Horrekin batera, Bernedoko begiraleei gure babes osoa adierazi nahi genieke, eta haien aurka erabili diren eraso eta kriminalizazio kanpainak salatu. Haurrekiko babesa diskurtso heteronormatiboaren ikuspegia zabaltzeko eta hortik at geratzen diren beste gorputz, identitate eta genero adierazpenak baztertzeko baliatu direla argi dugu. Beraz, gure bideak transfeminismorantz egiten jarraituko duela berretsi nahi dugu hemendik.

Heteroarauak markatutako ertzetatik irteteak indarkeria eta diskriminazioa dakartza hortik kanpo kokatzen diren pertsonentzat. Errua eta zigorra eragiten ditu, eta gorputz zein identitate jakin batzuk hezkuntza prozesuaren zentralitatetik baztertzen ditu. Horregatik, ikastetxeetako korridoreetan, patioan, ikasgeletan, kalean zein komunikabideetan, egunero-egunero erasotzen gaituen norma bera zalantzan jartzeko ardura eta betebeharra dugu. Normalitatearen makineria modu esplizituan eta antolatuan iraunarazi nahi dutenen aurrean jarriko gara, ikasgeletan, kalean zein sareetan eraso hauek hartzen dituzten hamaika formei erantzuteko prest. Aldi berean, hezkuntza inguruneetan jarrera transfoboak adierazpen mugatzaile eta kontserbadore nagusietako bat diren heinean, arrazakeriak ere presentzia nabarmena du gorakada erreakzionarioaren beste adierazpide esanguratsu gisa. Horrenbestez, beharrezkoa da indarkeria mota guztien aurrean ikuspegi integral eta sendo bat lantzea.

Hezkuntza Sailei, aldundiei eta EAEko zein Nafarroako gobernuei dei egiten diegu protokoloak berrikusi eta eguneratzera. Baliabideak eta estrategiak sistematizatu ditzatela eskatzen diegu, pedagogia feministak eguneroko jardun hezitzailean txertatu, espazioen eta esku hartzeen berrikusketa egin eta ikasgelak leku aske eta bizigarri izan daitezen proiektu integralak garatzeko. Era berean, beharrezkoa dugu hezkidetza estrategia bat, azkenaldian gero eta ohikoagoak diren gorputz zein identitate ez normatiboekiko eraso baztertzaileak berariaz lantzeko bitartekoak eskainiko dizkiguna.

Pedagogia feministak beharrezko tresna dira gehiengoari inposatzen zaion erregimena erreproduzitu ez dadin, eta normalitate eta arau sozial oro iraultzeko espazioak sortzeko. Horrez gain, ikasleak erasoetk babestetik haratago pentsatu behar dugu, pedagogia feministek begirada kritikoz jardungo duten ikas komunitateak eraikitzeko oinarriak ipintzen dituztelako. Arautik urruntzen dena legitimatzetik harago, logika dikotomikoak hautsi eta botere egiturak arrakalatzera jo nahi dugu. Hala egin ezean, ikastetxeek hegemoniak ezkutatzen dituen zapalkuntza estrukturalak betikotzen dituzten instituzioak izaten jarraituko dute. Azkenik, ezinbestekoa da bide hau sindikatu eta pedagogia transfeministak lantzen ari garen kolektibo desberdinekin egitea.


Udaleku, aisialdirako espazio zein ikasgelak aukerarako esparrurik eraldatzaileenak izan daitezkeelako, moralizazio eta puritanismoaren aurka, binarismoaren aurka eta heziketa antiarrazista eta transfeministaren alde!

LAB

STEILAS

Ara! Gorputz

Artaziakoop.

Denbora Espazioa

Eihera Koop. Txikia

Emagin

EMAIZE

Gazte Feministak

Hiruki Larroxa

IKAMA

Parean Elkartea

Sorginlore

Sudergintza Koop.

Arabako metalaren negoziazioa blokeatzen ari diren enpresak seinalatu ditugu

Gaur, maiatzaren 15ean, LAB sindikatuak SEAren aurrean elkarretaratzea burutu du, patronalak Arabako metaleko hitzarmenaren negoziazioan izaten ari duen immobilismoa eta blokeo jarrera salatzeko.

Horrela, azken asteetan, SEAren zuzendaritza batzordean dauden metaleko enpresak seinalatu ditugu, eragin zuzena dutelako hauek patronalak mahaira eramaten ari duen jarrerarekin. LABetik ez dugu onartzen negoziazio hasiera proposamena atzera pausoetan oinarritua izatea. Horrela, SEAk bere plataforma aurkeztu zuenetik, berau erretiratu eta negoziazioa hastea ahalbidetuko duen proposamena ekartzea exijitu dugu. Baldintza bakar bat ere okertu gabe.

Hitzarmen bakoitzaren negoziazio abiapuntua, aurrekoaren baldintzetatik hasi behar da derrigor. Ez atzeragotik. Arabako industriako hitzarmen garrantzitsuena denaren negoziazioarekin hasteko malgutasuna biderkatzea, baja osagarriak okertzea edota eskubide sindikaletan atzera egitea ekartzea mahaira iraina da sektorearentzat. Langile guztientzat. Gatazka nahi badute, beren enpresetaraino eramango dugu. Bertan lan egiten duten langileek ere jakin dezaten zein izaten ari den beren zuzendaritzen papera. Eta erantzukizuna.

Duela urtebete esan genuen, negoziazio hau prestatzen hasi ginenean: sektoreak hitzarmen duina nahi badu, edukietan sakonduko duena, ezinbestekoa izango da borrokarako prest egotea. Patronalek eta enpresek ez digute ezer oparituko.

Bada garaia mahai negoziatzailean gauden eragile guztiek gure erantzukizuna hartu dezagun. Patronalak berea, eta edukietan negoziagarria den proposamena ekarri dezan mahaira. Eta sindikatuena ere, bakoitza bere ordezkaritzatik eta sektorean daukan posiziotik. Ezin gara begira geratu, zerbait gertatuko delakoaren esperoan. Baldintzak sortu behar ditugu, bai mahaian, bai enpresetan, eta baita kalean. LAB-entzat sektorea oinarria da, hau delako langile guztiak barnebiltzen dituen hitzarmena. Enpresaz enpresa negoziatzera mugatzeak langile zaurgarrienak bazterrean uzten ditu. Horregatik, sektorea aktibatzeko hautua egin dugu

LAB horretara doa. Inori itxaron gabe. Inork iniziatiba noiz hartuko duen esperoan. Sektorea borrokarako prestatu beharrezkoa da. 

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien lehen greba arrakastatsuak sektorean nagusi den prekaritatea bistaratu eta salatu du

Lehenik eta behin, greba deialdia egin dugun sindikatu guztien izenean, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu ikuskizunen sektoreko langile guztiei, eta gaurko greba egun historiko honetan parte hartu duten lankide guztiei. Izan ere, esan dezakegu grebak benetako arrakasta izan duela.

Arrakasta hori ez da izan soilik grebaren jarraipen zabalagatik, baita jaso ditugun elkartasun adierazpen ugariengatik ere. Ez dira gutxi izan elkartasun keinuak helarazi dizkiguten musikari, konpainia, jai batzorde eta abarrak, eta beren ikuskizunak bertan behera utzi dituztenak ere asko izan dira. Arrakasta honek sektorea berehala arautu beharra eta lan baldintza duinak lortzeko premia berretsi baino ez du egiten, guztiek baitakite jasaten dugun prekaritatea nolakoa den.

Alde sozialetik aho batez egiten diogu uko patronalarekin esertzeari, baldin eta urte luzez pairatu ditugun lan praktika txarrak hitzarmen batean idatziz jasotzeko —eta, beraz, zuritzeko— bada.

Enpresek egunero baliatzen dute araudirik eza: amaierarik gabeko lanaldiak, konpentsaziorik gabeko aparteko orduak, gaueko eta jai egunetako lana aitortzarik gabe, lan egutegirik eza, lan egiteko etengabeko prestasuna… Laburbilduz: prekaritatea, mespretxua eta kontziliaziorako eskubideen ukazioa.
Beste edozein lanetan oinarrizko eskubidetzat jotzen direnak, hemen pribilegio balira bezala onartzea nahi dute. Langileen Estatutuaren eskubiderik oinarrizkoenak ere etengabe zapaltzen dituzte gure lanaren intermitentziaren aitzakiarekin. Okerrena da horretarako “gremioa horrelakoa da” bezalako argudioak baliatzen dituztela.

Eta bai, gremioa oraindik horrelakoa da. Baina langileok, borroka eta antolakuntzaren bitartez aldatu egingo dugu. Hemendik aurrera, ilegalitateak ez dira erantzunik gabe geratuko.

Beasaingo eta Irungo lantegietako batzarrek ontzat eman dute hitzarmenaren inguruko Zuzendaritzaren azken eskaintza

CAFeko Beasain eta Irungo lantegietako langileen batzarrek enpresako Zuzendaritzak egindako seigarren proposamena berretsi dute. Horrekin batera, azken hiru asteetan martxan egon diren lanuzteak eta mobilizazioak bertan behera geldituko dira.

Hiru urteko indarraldia duen akordio honek aurrerapauso esanguratsuak jasotzen ditu. Besteak beste, Beasaingo tailerretan gutxienez 190 pertsonaren kontratazioa, Irungo tailerretan gutxienez 40 pertsonarena eta Beasainen bulego lanetarako beste 11 langilerena. Era berean, errelebo-kontratuaren aplikazioa bermatzen da. Horren bidez, lanpostuak sortzeaz gain, zuzendaritzaren lana kanporatzeko nahia mugatu nahi da.

Soldata-igoerak KPIaren gainetik izango dira, eta hitzarmenaren indarraldian zehar 1.592,5 orduko lanaldia enpresako kolektibo guztiei aplikatuko zaie. Era berean, lehen aldiz, urteko lanaldia 35 orduko asteko lanaldia baino txikiagoa izango da kolektibo batean (4. erreleboko langileentzat 1.584,5 ordu), eta horrek atea irekitzen dio etorkizunean gainerako langileentzat ere lanaldi-murrizketak lortzeari.

Lizentzia ezberdinetan hobekuntzak jasotzen dira, eta tailerreko langileen lan-bidaietako baldintzak ere hobetzen dira. Euskara ikasteko prestakuntzaren baldintzak beste hizkuntzen pare jartzen dira, eta mugikortasun iraunkorraren plana lantzeko batzordea eratuko da.

LABek nabarmendu nahi du lanuzteek eta mobilizazioek negoziazio-prozesu honetan izan duten pisu handia, horiek baitira patronalaren jarrera mugitu dutenak.

LAB, Beasain eta Irungo plantetan sindikatu nagusia den heinean, proposamen honen alde agertu da, bere afiliatuen artean egindako barne-kontsultan %78,9ko babesa jaso ondoren.

Ondoren, langile guztien artean egindako bozketek babes zabala berretsi dute:

  • Parte-hartzaileen %64,2k aldeko botoa eman dute Beasaingo lantokian.
  • Parte-hartzaileen %73,4k aldeko botoa eman dute Irungo lantokian.

LABek balorazio positiboa egiten du emaitzaz, eta berresten du CAFen lan-baldintzak eta eskubideak hobetzen jarraitzeko konpromisoa. 

LABen salaketa baten ondorioz, OANAk ebatzi du Hezkuntza Departamentuaren Nekazaritza eta Basogintza Ikastetxe Integratuak funts publikoak modu bidegabean erabili zituela

Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak ebatzi du Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuak funts publikoak modu bidegabean erabili zituela hamarkada batez baimendu gabeko gastuetan. Hori dela eta Hezkuntza Departamentuari diziplina-espedientea irekitzeko eta Ogasunari dirua berreskuratzeko eskatu die. Kasu honen larritasuna eta Hezkuntza Departamentuaren kontrol faltaren zein ezgaitasunaren aurrean, LABek Gimeno kontseilariaren dimisioa edo kargugabetzea exijitzen du, sindikatuekiko eta langileen bidezko errebindikazioekiko jarrera prepotentea erakusten duen prepotentziagatik. Hala, Nafarroako herritarrei dei egiten die maiatzaren 16an, larunbatarekin, 12:00etan Iruñeko Basotxotik ‘Gimeno kanpora!’ lelopean abiatuko den manifestazioan parte har dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoko zuzendariaren apirilaren 1eko 21/2026 Ebazpenaren bidez, OANAK amaiera eman dio LAB sindikatuak aurkeztutako salaketaren ikerketa-prozesuari. Salaketa hori Iruñeko Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuan 2014-2024 hamarkadan langileak kontratatzeko eta ekonomia kudeatzeko ustezko praktika txarrak egiteagatik jarri zen. Ebazpenaren berri eman zaie Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, dagozkion neurriak har ditzaten.

Aipatutako ebazpenak egiaztatutzat jotzen du Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuak ikastetxearen funtzionamendurako bideratutako funts publikoekin finantzatu ezin ziren 40.000 eurotik gorako gastuak egin zituela.

LAB sindikatuaren iritziz, kasu honen larritasunak Hezkuntza Departamentuan dagoen kontrol falta eta gaitasun eza agerian uzten ditu; Gimeno kontseilariaren kudeaketa negargarriaren beste adibide bat gehiago da, bera baita Nafarroako hezkuntzaren okerragotzearen arduradun zuzena. Bere departamentuan horrelako gertaerak gertatzen diren bitartean, Lanbide Heziketa dualaren erabateko antolaketa-ezaz harrotu, sindikatuekiko jarrera prepotentea mantendu eta langileen bidezko aldarrikapenak, beharrezkoak eta legitimoak, entzungor egiten dien kontseilaria kargugabetu egin behar da.

OANAren ebazpenak, LAB sindikatuak jarritako salaketaren ondorioa dena, egiaztatzen du Nakazaritza eta Basogintzako IIko Zuzendaritzak ikastetxea kortijo gisa erabili zuela, ikastetxearen aurrekontuko funtsak haren funtzionamendu, mantentze eta kontserbazio egokira bideratu beharrean, interes partikularrak asetzeko bideratu zituela. Diru publikoaren bizkar egindako praktika larria eta onartezina da, Hezkuntza Departamentuaren kontroletik kanpo gertatutakoa, nahiz eta Gimeno kontseilariaren konfiantzazko jendea izan.

LAB sindikatuaren ustez, Nekazaritza eta Basogintzako IIko zuzendariak eta Gimeno kontseilariak, ikerketaren esparruan, emandako azalpenak eskasak eta kamutsak dira. LABek eskatzen du Hezkuntza Departamentuak OANAren ebazpena bete dezala, dagozkion neurriak hartuz eta praktika txar hauetan parte hartu zuten pertsonen balizko erantzukizun politiko zein juridikoak argituz, baita Madrilen LHko Nazioarteko Kongresuaren esparruan egin zen afarira joan eta gastuak Nekazaritza eta Basogintzako IIren kontura ordaindu zituzten Hezkuntza Departamentuko karguenak ere. Horrela, ikastetxeko Zuzendaritza osoa kargugabetzeko eskatzen du, beharrezko neurriak ezarriz izendapen berri bat eman arte.

Egiaztatutako gertaeren artean, honako hauek ditugu:

• Justifikatu gabeko bazkari/afariak: 39.138,67 €

• Trafiko isunak: 195,63 €

• Hileta gastuak: 1.681,02 €

• Dietengatiko gastu bikoiztua (faktura berdinak bi aldiz ordainduta): 191,80 €

Aipatu dugun bezala, afari baten ordainketa bidegabe bat dugu, bereziki deigarria dena. Madrilen egin zen, 2023ko martxoaren 31n egindako LHko Nazioarteko Kongresuan; bertan, Nekazaritza eta Basogintzako IIko zuzendariak 470,25 euro ordaindu zizkien LHko zuzendari nagusiari, Nafarroako Lansare Zerbitzuko zuzendariari, Nafarroako Ikaskuntza Integralerako Zentroko zuzendariari eta bertze zazpi pertsonari. OANAk egindako ikerketen ondoren eta Nekazaritza eta Basogintzako azalpenen arabera: “bidaiatu zuen taldea Hezkuntza Departamentuak gonbidatu zuen. Departamentu horrek bere gain hartu zuen gastuen ardura osoa, autobusa, ostatua eta mantentzea. Gau horretako afariari dagokionez, gutxi gorabehera 22 pertsona joan ziren, Nafarroako Lanbide Heziketako zuzendari nagusia izan zen fakturaren erdia unean bertan ordaintzea proposatu zuena, gastuak ondoren doitzeko konpromisoarekin. Doiketa edo likidazio hori, ordea, ez zen inoiz egin”. Azpimarratu nahi dugu Agroforestal IIko zuzendariak bere testigantzan berariaz aipatzen duela Hezkuntza kontseilaria ez zela afari horretara joan, testigantzan aurkeztutako argazkian agertu arren. Ez dugu ulertzen bera errugabetzeko behar hori, inork horri buruz galdetu ez dionean.

Hezkuntza Kontseilariak jakinarazi zuen Ikastetxeari 470,20 euroko gastua ordaintzera bideratuko zirela, bere ustez Hezkuntza Departamentuari berari ordaintzea baitzegokion gastu hori eta ez Nekazaritza eta Basogintza IIri.

LABen ustez, kontseilaria justifikazioa eskasa da. Gertaerak argitzeko, eta egonez gero, afari horretara joan ziren Hezkuntza Departamentuko karguen erantzukizun judizoalak abian jartzeko. Jakin beharko genuke LHko zuzendari nagusiak benetan egin ote zion proposamen hori Nekazaritza eta Basogintzako IIko zuzendariari. Hau al da Hezkuntza Departamentuaren jokatzeko modua? Hezkuntza Departamentuak ordaindu behar al die Nafarroako Lansareko zuzendariari, Nafarroako Ikaskuntza Integralerako Zentroko zuzendariari eta bertze zazpi pertsonari?

Bertzalde, LAB sindikatuak irregulartzat jo zituen pertsona berari egindako bi kontratazio. OANAk hasieran irregulartzat jo zuen lehen kontratazioa, baina ez bigarrena. 2022an egindako ordezko lehen kontratazioan OANAk ondorioztatu zuen berdintasun-printzipioa urratzen ari zela. Hala ere, Hezkuntza kontseilariak ez zuen argudiatu 2026ko urtarrilaren 21eko alegazioak egin arte, hasieran kontratatu behar zen pertsona ezin zela kontratatu, CIP Donapean kontratu bat zuelako. LAB sindikatua bi kontratazioak argitu nahian dabil: batetik, aipatu berri duguna eta bestetik, 18 eskola-orduko lanaldi osoko bertze kontratazio bati dagokiona, zeinetan 6 ordu zuzeneko irakaskuntzakoak ziren eta 12 ordu konpetentziak egiaztatzeko eta lanbide-prestakuntzako eskolara bideratuak. Alabaina, ordutegi horrek ez du ikustekorik kontratatutako irakasleari esleitu zitzaion ordutegiarekin, Nekazaritza eta Basogintzako IIko EDUCA sisteman zegoenarekin eta LAB sindikatuak duenarekin, eta hori susmagarria iruditzen zaigu. LAB sindikatuak ikerketa honekin zein bertze batzuekin jarraituko du gertatutakoa erabat argitu arte.

Era berean, irmoki esaten dugu Nekazaritza eta Basogintzako IIn gertatu diren eta “legezkotasunaren” barruan dauden beste gastu asko ezin dira ez moralki ez etikoki onartu.