2026-04-09
Blog Page 882

AHTa gelditu eta eztabaida soziala abiatzeko garaia dela aldarrikatuko dugu

0

“Iniciativa por el Tren-AHT ez” ekimena aurkeztu berri dugu Iruñean, eta dinamika honetan hainbat eragile sozial, politiko eta sindikal gaude bilduta, LAB barne. Nafarroak behar duen tren ereduari buruzko eztabaida sozial eta parte hartzaile bat abian jartzea premiazkoa da, eta izaera horrekin jarri dugu abian ekimena. Lehen hitzordu garrantzitsu bat finkatu dugu dagoeneko. Azaroaren 11n, 17:00etan, manifestazio bat egingo dugu Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuta. Ekimenean bilduta gauden sindikatuok iritzi artikulu bat idatzi dugu AHTaren egoerari buruz Nafarroan.

Hauxe da joan den astean egindako aurkezpenean irakurritako testua:

Nafarroako Gobernuaren eta Sustapen Ministeritzaren arteko hilabeteetako negoziazioen ondoren, azken honek erabaki du obrak berak bakarrik egitea. Izan ere Ministeritzak Villafranca eta Erriberriren arteko lurren eta ondasunen desjabetzak egiteko tramiteak hasi ditu.

Inposaketa/zentzugabekeria honen aurrean, hainbat gizarte taldek, sindikatuk eta alderdi politikok ahaleginak batzea erabaki dugu prozesu hau geldiarazten saiatzeko eta benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea zabaltzeko. Horretarako, gaur aurkezten ari garen “AHTrik Ez, Trenaren aldeko ekimena” sortu dugu.

Egitasmo hau arbuiatzeko arrazoiak askotan adierazi ditugu: Lurrean duen eragin ikaragarria hektarea asko hartu eta bertan hesia sortzen duelako. Bere balio ekonomiko itzela eta horri gehitu beharko zaizkion etengabeko diru-laguntza publikoak, korridore honek ez baitu bidaiari kopuru nahikorik izango funtzionamenduen kostuak berdintzeko. Kostu horrek beste beharrak asetzeko bitartekoak kenduko ditu. Bere zalantzazko erabilgarritasuna merkantziak garraiatzeko garaian. Castejon, Tafalla edo Altsasu bezalako herriek izango duten okerrerako aldaketa, zeren eta distantzia luzeko trenen sarbidea galduko baitute.

Uste dugu tamaina honetako obra eraikitzeak benetako gizarte eztabaida behar duela eta momentuz ez du izan; era berean uste dugu Nafarroako Gobernuak Madrileko inposaketaren aurrean defendatu behar duela Nafarroako biztanleek gai honen inguruan hartuko duten iritzia.

Are gehiago jakinda alternatiba askoz merkeagoak eta kalte gutxiago eragiten dutenak existitzen direla, eta ez direla aintzat hartuak izan. Gaur egungo trenbidea ez da aspalditik modernizatu. Hala ere egungo errealitatera egokitzea posiblea da honelako neurriak hartuz: Beharrezkoa den tokietan trenbidea bikoiztea, hirugarren haria ezartzea edota maiztasuna eta geldialdiak hobetzea.

Abiadura Handiko trena egitea ez da beharrezkoa gutxiengo batek Madrilerako edo Bartzelonarako bidaian minutu batzuk aurrera ditzan; are gutxiago jakinda lotura horiek jada existitzen direla. Aldiz Nafarroako eskualdeak modu eraginkor eta merkean lotuko dituen trena lehentasunezko gaia dela sinestuta gaude. Izan dadila auto pribatuaren erabilera gutxinaka desagertzera eramango duen zerbitzu publiko eta soziala, betiere aldaketa klimatikoa eta petroleoaren agortzea testuingurua izanik.

Sustapen Ministeritzak Nafarroan zati berriak eraikitzeko prozesuari jada ekin dio, beren biztanleen beharrak eta iritziak kontuan hartu gabe. Imposatutako proiektu hau, eztabaidarik izan ez duena, alderdien interes politikoen onurarako erabiltzen ari dira.

Hemen azaldutako guztiagatik AHTrik Ez -Trenaren aldeko ekimenetik Nafarroako biztanleak gonbidatzen ditugu hurrengo larunbatean, azaroak 11, arratsaldeko 5etan Gazteluko Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

Eztabaida sozial eta parte hartzailearen alde, tren publiko eta sozialaren alde, AHTa gelditu.
 

 

 

Pobreziaren aurka protesta egin dugu gaur Barakaldon

Duela bost urte, 2012ko azaroaren 9an, Barakaldoko Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen hura etxetik kaleratzear zeudela. Murrizketen lehen biktima izan zen. Bost urte igaro dira orduz geroztik, eta prekarietateak, pobreziak, murrizketek eta etxe kaleratzeen bere horretan jarraitzen dute. Honengatik guztiagatik, eta Amaia Egaña gogoratzeko, elkarretaratze bat egin dugu gaur hainbat sindikatuk, LABek tartean, eta Langabeen Batzarra, Berri Otxoak eta Argitan elkarteek. Barakaldon izan da protesta.
 

 

 

Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako kontratetako langileak Barakaldon mobilizatu dira gaur

0

Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako kontratetako langileek manifestazio bat egin dute gaur Barakaldon, Herriko plazan hasi eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolean bukatzeko. Hitzarmen duin baten aldeko protesta izan da, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, ikastetxee eta unibertsitateko garbikuntza kontraten hitzarmena negoziatzen hasi ginenetik bi urte eta erdi igaro dira jada; eta egoerak hasieran bezain blokeatuta jarraitzen du. Ez dago hitzarmenik eta ez dirudi hurrengo hilabetetan akordiorik lortuko denik.
 

 

 

Haurreskolak Partzuergoko grebak %84ko jarraipen zabala izan du

0

Borroka aste arrakastatsua izaten ari gara Haurreskolak Partzuergoan, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok deituta. Eusko Jaurlaritzak jakingo du, hitz egiteko borondateaz gain negoziatzeko prest dagoen. Lekukoa, eskoletako sukaldari eta garbitzaileei pasatuko diegu. Azpisektore honetako borroka astea urriaren 16tik 20ra bitartean izango da.

Atzo, grebaren bezperan, argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuen agindua, honela zehazten zituena: “Haurreskolak Partzuergoa: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.”

LABen iritziz egun bat edo batzuetako greba deialdietan ez litzateke gutxieneko zerbitzurik ezarri behar. Gainera, gutxieneko zerbitzu hauekin ez da hezkuntza zerbitzua ezta segurtasuna bermatzen, eta gutxiago greba eskubidea.

Aginduaren helburua, egun arruntaren itxura eman eta desmobilizatzea bada ere, greba egun arrakastatsua burutu dugu. Oztopoak oztopo, oraingoan ere jarraipen zabala izan du Haurreskolak Partzuergoko grebak, deitutako langile eta hezitzaileetatik, %84ak egin du greba. Hezitzaileen artean handiagoa izan da grebaren jarraipena kudeaketa arloan baino. Eibarren kotxe-karabana eta kontzentrazioa egin dituzte, Partzuergoaren egoitzaren aurrean.
 

 

 

Bartzelonan hildako garraiolariaren lan heriotza salatu dugu Indo enpresaren aurrean

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dugu gaur Orion, Indo enpresaren aurrean, bertako gidari baten lan heriotza salatzeko. Hala, Ubegun industriagunean elkartu gara, "prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez!" leloarekin.

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu Bartzelonan lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei. Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpimaragarria da euskal garraio sektorea osatzen duten
garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez dira hobetu. Ezinbestekoa da garraiolari nahiz gidarien egoera hobetzea, bai porteen prezioetan, bai lan orduetan, Europako herrialde askotan hartzen ari diren antzeko neurriak kontutan hartuz, izan ere, sektorearen zati bat prekarietatean egoteak, bestea ere, bertara bultzatzen baitu.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Garraiolarien lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Besteetan, “heriotz natural” delakoen zifren barruan sartzen ere saiatu ohi dira, ez garraio sektorean bakarrik, lanak eragiten dituen estres egoerak, besteak beste, alde batera nahita utzita.

2017. urtean jada 51 langile hil dira lan istripuan, horietatik 8, garraiolariak. Datu hauek guztiak eta prekarietatearen ondorioak gizarteratzea ezinbestekoa dela kontutan hartuta, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratze bat egin dugu gaur.

Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.
 

 

 

Aparteko orduak eta azpikontratazioa salatu ditugu Olaberriako Arcelorren

Goierrira iritsi da Ekimen Ibiltaria, indartsu. Goizean goizetik gaude kalean, eskualdeko hainbat lantokitan “Lan duina, bizi duina” aldarria zabaltzen. Haurreskoletako gaurko grebarekin egin dugu bat eta Olaberriako Arcelor eta Carrefourren izan gara, hau guztia, Ekimen Ibiltariaren bitartez egindako auto karabanaren eskutik. Arcelorri dagokionez, prekarietatearen adibide bat dela salatu dugu lantegiaren aurrean.

Lan duina eta bizi duinaren aldeko auto karabana Beasainen abiatu dugu, bertako haurreskolatik. Hain zuzen ere, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoa borrokan dago, eta gaur greba eguna zuten haurreskoletan. Lanuzteekin bat egin dugu.

Olaberriara abiatu gara ondoren, eta Arcelorren izan gara. Lantegiaren egoera azaltzeko batzar bat egin dugu zubi azpian, eta gure aldarrikapen eta salaketen berri eman dugu.“ArcelorMittal Olaberrian baditugu prekarietatearen adibide batzuk. Urteak dira plantilla faltagatik aparteko ordu kopuru onartezinak jasaten dituztela langileak. Azken urteetan gero eta azpikontratazio gehiago dago. Lan berdina egiteko, soldata eta baldintza ezberdinak langileentzako. Multinazionalaren nahia garbia da. Postuak kanporatu, enplegu finkoa suntsitu eta lan prekario eta malguagatik aldatu”, azaldu dugu.

Olaberriako Carrefourren ere egon gara. Elkarretaratze bat egin dugu, “Hemen lan egin, hemen negoziatu” lelopean, bertako hitzarmenen alde; hitzarmen estatalen aurka, alegia.

Goizeko jarduerak amaituta, arratsaldean, Infogunea ezarriko dugu Urretxu-Zumarragako Potros enparantzan, 17:30etik 19:00etara.

Gasteizen txanda
Ekimen Ibiltaria Gasteizera iritsiko da ostiral eta larunbatean. Hauxe da egitaraua:

Ostirala, azaroak 10:

9:00etan, ekintza sindikaleko tailerra, LABen egoitzan.
11:00etan, Infogunea, Correos plazan.
11:30ean, auto karabana, “Araban enplegu duina” lelopean: Martxoak 3 plaza, Mercedes, Michelin.
12:30ean, mobilizazioa, zutabe ibiltariak, Correos plazatik: azpikontraten aurka, EAJren harrokeriaren kontra eta zerbitzu publikoen suntsiketaren aurka.

Larunbata, azaroak 11:

12:00etan, Infogunea, Correos plazan.
12:00etan, pikete informatiboak, dendaz denda, sektore feminizatuak eta prekarietatea ikusgarri egiteko.
13:00etan, elkarretaratzea, Correos plazan.
 

 

 

Kontratu publikoetan klausula sozialak derrigorrez txertatzeko eskatu dugu


LAB, ELA eta CCOO sindikatuok agerraldi bat egin genuen atzo, Nafarroako Kontratu Publikoen Legearen harira. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernua lege hori negoziatzen ari da, eta proposamen bat helarazi dio Legebiltzarrari. Bada, atzo bertan ireki zen emendakinak aurkezteko epea, eta, hori baliatuta, sindikatuok kontratu publikoetan klausula sozialak derrigorrez txertatzeko eskatu dugu.

 CCOOen, ELAren eta LABen EKARPENAK, EGINKIZUN DEN KONTRATU PUBLIKOAREN LEGEARI
 APORTACIONES DE CCOO, ELA Y LAB ANTE LA FUTURA LEY DE CONTRATOS PÚBLICOS

LABeko ordezkari Berta Garciaren hitzetan, “klausula sozialak txertatzeko aldarrikatzen ari gara aspalditik. Milaka lagun daude administrazioan lanean, azpikontratatuak. Klausula sozialen bitartez, langile horien guztien lan baldintzak bermatuko lirateke. Sindikatuok eskatzen duguna da klausula horiek derrigorrezkoak izatea, ez enpresa batek baliatu dezakeen aukera huts bat. Ezinbestekotzat jotzen dugu hala izatea”.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok Nafarroako Kontratu Publikoen Legeari egindako ekarpenaren berri eman genuen atzoko agerraldian. Osatutako txostenean klausula sozialen garrantzia nabarmentzen dugu.

 

 

 

Hainbat aldarrikapen eta salaketa egin ditugu Tolosaldeko industriaguneetan

Ekimen Ibiltariak bidea egiten jarraitzen du, “Lan duina, bizi duina” lelopean. Tolosaldean ibili gara gaur. Hain zuzen ere, eskualdeko industriaguneak bisitatu ditugu goizean, auto karabana baten bitartez.

Usabalen aparteko lan orduak salatu ditugu, Lizartzako Casa Ezeizan 35 orduko lanaldia eta 1.200 euroko soldata aldarrikatu ditugu, Apatta Errekan lan osasuna eta prebentzioa jarri ditugu lehen lerroan eta Asuncion klinikan hitzarmen duin bat eskatu dugu.

Iurreamendiko helduen egoitzan ere izan gara, eta bertako langileen borroka babestu dugu. Era berean, Tolosako kaleetatik barrena ibili gara, lan duina eta bizi duinaren aldeko aldarria gizarteratzeko.

Ekimen Ibiltaria Goierrira iritsiko da bihar, azaroak 9. Eskualde honetan ere auto karabana bat egingo dugu, 9:00etatik 13:00 ak arte, Beasaingo haurreskolatik abiatuta. Arratsaldean, Infogunea ezarriko dugu Urretxu-Zumarragako Potros enparantzan, 17:30etik 19:00etara.
 

 

 

Murrizketak salatu ditugu Barakaldoko San Eloyko ospitalean

0

Joan den urriaren 25ean Barakaldo Sestao ESI honetako langileok Gerentziak inposatutako murrizketeen kontrako elkarretaratzea egin genuen LAB, SATSE, ELA, ESK, SME, UGT, CC.OO eta SAE sindikatuok. Bada, gure bidezko eskarietarako erantzunik ezaren aurrean, argudio seriorik ezaren aurrean eta komunikabideetako Gerentearen gezurraren aurrean, sindikatuok langileriaren batasunarekin mobilizazioekin jarraitzea erabaki dugu, lan- baldintza eta kalitate-asistentziala duin bat lortu arte.

Gerenteak mobilizazio hauek kontutan hartu behar ditu eta langile eta gastu murrizketak atzera jo behar ditu. Hauek dira salatu ditugun murrizketak:

-Kontratazioetan murrizketa garrantzitsuak; (medikuak,erizainak,erizain laguntzaileak, zelariak,administrari laguntzaileak,…).

-Kontsultetako osasun langileentzat lanpostu ezabapena eta lan gainkarga.

-Langileriaren lan baldintzaren egoera hondatzea. Beste unitate batzuetarako beharrezko higikortasuna langileei inposatzen zaie akatsen arriskua handituz, estresa egoera sortuz eta kalitatea hondatuz.