2026-02-11
Blog Page 879

Eskubide Sozialen Karta kalera irtengo da bihar, Pobrezia Ezabatzeko Eguna dela eta

Kartaren parte garen eragileak Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazatik hasita Eusko Legebiltzarreraino joango gara performance bat eginez. Pobreziara kondenatu nahi gaituzte, eta hori irudikatuko dugu. 11:00etan abiatuko dugu protesta.

Pobrezia gure artean dagoen arazo larria da. Ez dago estatistikei erreparatu besterik egoeraren larritasunaz ohartarazteko. Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestak jasotzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan 104.177 lagun daude pobrezia larrian, herritarren %4,9a. Kopuru hau gai honen inguruko estatistikak daudenetik dagoen handiena da. Gainera, 350.668 lagun daude pobrezia arriskuan, herritarren %16,5a. Eta ezin dugu ahaztu hamaika aldiz esan duguna: pobreziak emakume aurpegia du.

Datuak beldurtzeko modukoak dira. Egoera jasangaitza da eta mobilizatu beharra dago. Horregatik urriaren 17an, asteartea, Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta, kalera aterako gara Gasteizen (11:00, Andra Mari Zuriaren Plaza), Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta.
 

 

 

Hezkuntza eta akordioak

0

"Akordioa zertarako? Hori da geure buruari egiten diogun galdera. Gauzak dauden bezala jarraitzeko, egungo ereduan sakontzeko edo hezkuntza eraldatzeko? Akordioa noren artean? Elite baten edo hezkuntza komunitate osoa inplikatuz?". LAB Irakaskuntzako Maider Izagirrek eta Ibai Redondok galdera hauei erantzun diete ‘Gara’ eta ‘Berria’ egunkarietan larunbatean argitaratutako iritzi artikuluan.

"Hezkuntza askatasuna da, eta soilik zapalduen ahultasunetik sortutako boterea izango da behar bezain indartsua guztiak askatzeko", Paulo Freire.

Akordioa, akordioa, akordioa… Hezkuntzan eta jendarteko beste hainbat esparrutan akordioen beharraz hitz egiten da, eta akordio hitza totem bilakatu da. Akordioa zertarako? Hori da geure buruari egiten diogun galdera. Gauzak dauden bezala jarraitzeko, egungo ereduan sakontzeko edo hezkuntza eraldatzeko? Akordioa noren artean? Elite baten edo hezkuntza komunitate osoa inplikatuz? Guk argi dugu: hezkuntzan akordioak behar ditugu, behetik gora eraikiak, parte hartzaileak, sendoak, ikuspegi nazionala izango dutenak, burujabetza terminoetan kokatuak, iraunkorrak eta egungo hezkuntza sistema eraldatzera bideratuko direnak. Hezkuntza baita klase sozial guztiei aukera berdintasuna bermatzeko tresna, gure herriaren biziraupen eta garapenerako tresna nagusia.

Irailaren 23an, EAEko Hezkuntza Sailak hezkuntza komunitateari dei egin zigun Hezkuntzan akordioa lortzeko. Paraleloan, Madrilen alderdi politikoak Espainiako Hezkuntza Sistema egonkortzeko akordio bat lantzen ari dira. Eta ez dezagun ahaztu: gaur egun Euskal Herrian daukaguna ez da Hezkuntza Sistema Burujabea, Madril eta Parisen erabakien menpeko, elite ekonomikoen menpeko administrazio bat baizik: beraiek erabakitzen dute gure ikastetxeetan zer ikasi eta irakatsi behar dugun (Curriculuma); Felipe VI.ak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak balioztatzen dituzte unibertsitate tituluak; Madril eta Parisek erabakitzen dute zenbat irakasle postu atera daitezkeen oposizioetan; erabat atzerakoia den azterketa sistema inposatuz gure ikastetxeetako pedagogia eredua baldintzatzen dute; Madrilen erabakitzen dute erlijioa irakasgai izatea eta hezkuntza eredu pratriarkala mantentzea… Finean, Madrilek eta Parisek erabakitzen dute botere ekonomikoen neurrira egin eta Euskal Herrian inposatzen zaigun hezkuntza sistema.

LABek oso argi dauka, Espainia eta Frantziako ereduak inposatuak izateaz gain, ez direla batere osasuntsuak eta gure herriarren beharretatik oso urrun daudela. Ingurura begiratuta, inongo estatuk ez ditu sistema hauek eredu on gisa erabiltzen. Europako hezkuntza sistemak aztertzeko egin berri diren jardunaldietan ikusi dugu badaudela Europa Iparraldean bestelako ereduak; alta, gure herriari eta jendarteari egokituta ereduak behar ditugula argi dugu; errealitate zein behar ezberdinei egokitutakoak. Kateak askatu, Europa iparraldetik eta mundutik ikasi eta behingoz gure herriak behar duen hezkuntza sistema eraikitzeko ordua heldu da.

Dena da beltza? Espainia eta Frantziako legediak uzten dituen marjinak estuak izan arren, Euskal Herriko Hezkuntza komunitateak behin eta berriz desobedientziaren bidez alternatibak eraiki ditu: frankismoan ikasleak euskalduntzeko Ikastolak martxan jarriz eta eskola publiko euskaldunak eraikiz; curriculum inposatuen gainetik Euskal Curriculumean oinarritutako materialak egin eta hainbat ikastetxetan aplikatuz (herri curriculumak, Eki proiektua…); hezkuntza hezkidetzailea lortzeko programak garatuz; azterketa, errebalida, baxo, selektibitate eta kontrol neurri guztien gainetik ebaluazio eta pedagogia askatatzaileak nola edo hala gure ikastetxe ugaritan abian jarriz; erlijio katolikoaren irakasgaia emateari uko eginez; herri unibertsitateak eta eskola alternatiboak antolatuz…

Egindakoa ez da gutxi, baina egiteko duguna asko da. Eta zer egin dute gobernu autonomikoek? Amen, amen. Madril eta Parisetik datorren legedi zentralizatzaileei amen, eredu kapitalistari amen eta murrizketak aplikatu. Nola lortu kalitatezko hezkuntza sistema bat inbertsioak murriztuz? Nola lortu gure eskoletako kultur aniztasunaren altxorra altxor izatea eta ez arazo, baliabiderik ez badugu? Nola lortu inklusioa gelak gainezka baditugu? Nola aurre egin segregazio eta masifikazioari inbertsiorik egiten ez bada? Nola aurre egin patriarkatuari hezkuntza hezkidetzailea lehentasuna ez bada? Euskal Herriak kalitatezko hezkuntza sistema burujabea behar du, hezkuntza publiko-herritarra ardatz izango duen sistema berri eta nazionala.

EAEko Hezkuntza Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eragile eta sindikatuoi hezkuntzan akordioa egiteko proposamena egin digu. Gure erantzuna argia da: Hezkuntzan erabakitzeko eskubide osoa lortzeko bada, bai, egongo gara; Madril eta Parisen erabakien menpe egongo den hezkuntza sistema atzerakoian partxeak jartzeko bada, ez… Eta traumarik gabe! Hezkuntza komunitatea nahikoa heldua da, mugak eta oztopoak gaindituz, gurea eraikitzeko.
 

 

 

[IBILBIDEA] Lan duina, bizi duina ekimen ibiltaria

Urriak 16   IRUÑEA
Sarasate Pasealekuan emango zaio hasiera ekimen ibiltariari eguerdiko 12:00etan eta giza-katean Patronalaren egoitzaraino joango gara prekarietatea salatzeko.

Urriak 17 LEITZA
Goizean, Ama Betelun enpresa hitzarmenaren alde egingo dugu.
Arratsaldean, Leitzako plazan elkartuko gara sektore feminizatuen egoeraren inguruan gogoeta egiteko.
 
Urriak 18 ALTSASU
Goizean, Gure Etxean tailerrak burutuko ditugu lan munduko gai ezberdinen inguruan.
Arratsaldean, plazan Sakanako egoera orokorra izango dugu aztergai.
 
Urriak 19 LIZARRA
Ekintza sindikaleko tailerrekin hasiko dugu eguna. Ondoren elkarretaratze bat egingo dugu SAR QUAVITAE enpresaren aurrean. Amaitzeko, propaganda banatuko dugu azokan.
 
Urriak 20 TUTERA
Goizean, ekintza sindikaleko tailerrak gauzatuko ditugu. Ondoren UVESA enpresaren aurrean ustezko autonomoen egoera salatuko dugu.
Arratsaldean etorkinek pairatzen duten egoera salatuko dugu. Eta eguna amaitzeko kalejira antolatu dugu.

Urriak 21 TAFALLA
Propaganda banaketa egingo dugu prekarietatea salatzeko. Horrez gain, gazteek pairatzen duten egoeraren salaketa kalera aterako dugu.

Urriak 23 SAN ADRIAN
Goizean, kultur etxean, ekintza sindikaleko tailerrak egingo ditugu. Ondoren, General Mills enpresako akordioa salatuz mobilizatuko gara.
Arratsaldean, Andosillan lan feminizatuaren inguruko azterketa egingo dugu herriko talde feministarekin batera.
 
Urriak 24 BARAÑAIN-BERRIOZAR 
Goizean, zerbitzu pribatuetako delegatuekin batzarra burutuko dugu eta gazteek pairatzen duen prekarietatea salatuko dugu Decathlonen.
Arratsaldean, AHT makroproiektuak izango dituen ondorioak salatuko ditugu.
 
Urriak 25 IRUÑEA
Goizean sektore soziokomunitarioko delegatuekin “Ekintza sindikal berri” izeneko tailerra egingo dugu eta Misericordia erresidentzian lan hitzarmenaren alde borrokatuko gara.
Arratsaldean, aldaketa soziala eta burujabetza hizpide izango dituen mahai ingurua egingo dugu.
 
Urriak 26 ZANGOTZA
Goizean tailerrak burutuko ditugu lan munduko gai ezberdinen inguruan LABeko egoitzan. Ondoren Masquatro kirol kudeaketara gerturatuko gara hitzarmenen defentsa eginez.
Arratsaldean kaletik agiprop bat egingo dugu.
 
Urriak 27 BAIONA
Goizean zein arratsaldean Makronen lan erreformaren kontra egingo dugu.

Urriak 28 HENDAIA 
Protesta, Kutxabanquen aurreikusitako kaleratzeak salatzeko.
 
Urriak 30 BERA
Goizean Berako egoitzan tailerrak burutuko ditugu lan munduko gai ezberdinen inguruan. Ondoren Lesakako Arcelor-era gerturatuko gara enplegu suntsiketa salatzera.
Arratsaldean Behobiako mugan turismo eredua salatuko dugu eta “Jaietan denok jai” izateko eskubidea aldarrikatu.

Urriak 31 IRUN – HONDARRIBIA
Goizean Irunen tailerrak egingo ditugu industriari begira eta mobilizazioak egingo ditugu.
Hondarribian la mano invisible filma proiektatuko dugu. Ondoren gaiaren inguruan solasteko parada izango da.

Azaroak 2 OIARTZUN – PASAIA
Goizean zerbitzu pribatuetako enpresetan prekarietatea salatuko dugu.
Arratsaldean Portuaren egoera izango dugu aztergai.
 
Azaroak 3-4 DONOSTIA
3an, goizean Donostiako EHUko Ibaetako Kanpusean tailerrak eta mobilizazioak burutuko ditugu garbitzaile, ikasle eta langileekin.
Arratsaldean Batzarra eta ekimenak egingo ditugu Tabakalerako azpikontratazioaren inguruan.
4ean, Parte Zaharrean kalejira egingo dugu gune prekarioak salatzeko.
 
Azaroak 6 LASARTE
Michelin-go azpikontratetan ematen den egoera salatuko dugu. Horrez gain, garraio publikoan izan diren murrizketa eta enplegu suntsiketak azaleratuko ditugu.

Azaroak 7 HERNANI
Eguna lan osasunaren egoera salatuz hasiko dugu. Ostean, “Ekintza sindikal berria” tailerra egungo dugu. Bestalde, ekitaldi nazionala burutuko dugu Errusiako Iraultzaren 100. urteurrena dela eta.
 
Azaroak 8 ADUNA – TOLOSA
Irizar-e mobility enpresak gazteak modu prekarioan kontratatzen dituela salatuko dugu.
Tolosan “Jaietan jai” dinamika landuko dugu.

Azaroak 9 BEASAIN – URRETXU
Haur eskoletako langileen grebarekin bat egin eta Carrefour eta merkatalgune handietara joanga gara ordu extrak salatuz.
Arratsaldean gazteekin batera mobilizatuko gara.

Azaroak 10-11 GASTEIZ
Goizean, federaziotan pairatzen den prekarietatea azalaraziko dugu.
Arratsaldean hainbat tailer egingo ditugu feminismoaren inguruan, baita ekosozialismoa jorratzeko ere. Horrez gain zerbitzu publikoen alde mobilizatuko gara.
 
Azaroak 13 OION
Kotxe karabana burutuko dugu prekarietatea salatuz. Horrekin batera propaganda banatuko dugu. Arratsaldean informazioa zabalduko dugu.

Azaroak 14 AGURAIN
Ehun Produktiboaren suntsiketa salatuko dugu kotxe karabana bidez eta pankartak jarriz. Amaitzeko propaganda banatuko dugu Agurainen.

Azaroak 15 ARRASATE
“Ekintza sindikal berria” tailerra egingo dugu. Ostean Eroski, LIDL eta BMren aurrean mobilizatuko gara hitzarmen estatalak salatzeko.
Arratsaldean irakaskuntzako grebaren harira hiltzaldia antolatu dugu.

Azaroak 16 ZESTOA – ZUMAIA
“Ekintza sindikal berria” tailerra egingo dugu. Ondoren Udaletxeko Plazan mobilizatuko gara zerbitzuen azpikontratazea salatzeko.
Arratsaldean, “Malen Etxeko”-ekin etxeko langileen gaia herriratuko dugu. Bestalde, gazteekin turismoa eta prekarietatea izango ditugu aztergai.
 
Azaroak 17 AZKOITIA – AZPEITIA
Goizean lan osasuna izango dugu aztergai. Egoera salatuz pankarta eta kartelak jarriko ditugu eta parodia bat egingo dugu..
Arratsaldez, Azpeitian gazteekin batera ordu extrak salatuko ditugu.

Azaroak 18 EIBAR
Sektore feminizatuek, pentsiodunek eta gazteek pairatzen duten egoera izango dugu aztergai.

Azaroak 20 ONDARROA
Goizean, Ondarroan, langile migranteek pairatzen duten egoera salatuko dugu.
 
Azaroak 21 BERMEO
Goizean “Ekintza sindikal berria” izenburuko mintegia eskainiko dugu.
 
Azaroak 22-23-24-25 BILBO
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka mobilizatuko gara. Zerbitzu publikoen aldeko egingo dugu. Horrez gain aniztasun funtzionala, pentsioak eta migranteak izango dira landuko ditugu gaietako batzuk.

Azaroak 27 MUNGIA
Goizean, “Ekintza sindikal berria” izenburuko mintegia eskainiko dugu. Ondoren enpresa txikien prekarizazioa eta langileen babesgabetasuna salatuko dugu eta amaitzeko azalera handiko komertzioen eredua eta lan baldintzen kontra egingo dugu.
Arratsaldean herrian lan munduko egoeraren berri emango dugu.

Azaroak 28 TXORIERRI – GETXO
Goizean, Txorierrin kotxe karabana egoingo dugu gure industriaguneen desburujabetzaren kontra.
Arratsaldean, hitzaldi bat eskainiko dugu eraldaketa feministan sindikalgintzak izan behar duen rolaren inguruan.
 
Azaroak 29 ZALLA
Kotxe karabana burutuko dugu. “Bertan lan eta bertan bizi” aldarria aterako dugu kalera.

Azaroak 30 SESTAO
Goizean, Sestaon ekintza sindikal berriaren inguruko mintegia eskainiko dugu eta mobilizazio burutuko dugu industria politika propioaren alde.

Abenduak 1 LAUDIO
“Ekintza sindikal berria” mintegia egingo dugu. Ostean, LIDL biltegian gazteek pairatzen duten prekarietatea salatuko dugu.
Arratsaldean, gazteekin batera eskualdeko egoera aztertuko dugu.

Abenduak 2 BASAURI
Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatuko dugu.
 
Abenduak 4 ARRATIA – ZORNOTZA
Goizean Ekimen ibiltaria eskualdeko hainbat enpresetatik pasako da kontratazio berrietan diskriminaziorik egon ez dadin aldarrikatzeko.
Arratsaldean Zornotzan pikete feminista antolatu dugu emakumeak lan munduan pairatzen dugun egoera salatuz.
 
Abenduak 5 ERMUA – MALLABIA
Goizean poligonoan ibiliko gara industriaren egoera salatzeko. Ondoren bi udaletxetan industria 4.0 dekalogoa erregistratuko dugu. Amaitzeko Ermuan elkarretaratzea egingo dugu eta propaganda banatu.
Arratsaldean Ermuan TTIP/CETA akordioaren eragina aztergai izango dugu hitzaldi baten bidez.

Abenduak 6 DURANGO
Euskal Herri osoan barrena ibili ostean ekimen ibiltaria amaierako geltokira iritsiko da. Bertan ekitaldi berezia antolatuko dugu.



 

 

 

Katalunia presente, urriaren 12ko mobilizazioetan

LAB sindikatuak aurtengoan ere planto egingo dio delako "Hispanitate Egunari", inposatutako jai egun bat izanik. Ez dugu ezer ospatzeko. Lanean gaude gaur, bulegoak ireki ditugu eta, aldi berean, kalean egon gara mobilizatzen. Hain zuzen ere, Kataluniaren eta demokraziaren alde eta inposizioaren aurka goizean egin diren mobilizazioetan izan gara, Bilbon zein Gasteizen. Testuinguru berezian etorri da aurtengo urriaren 12a, Kataluniako egoera puri-purian dagoenean.



Iruñeko Gaztelu Plazatik 17:00etan abiatuko den manifestaziorako deia ere egiten dugu, "Demokrazia eta erabakia" lemapean.
 

 

 

Oreretako lau gazteak libre uzteko exijitu dugu hainbat sindikatuk

0

Oarso-Bidasoako LAB, ELA, CCOO, ESK, CGT eta STEILAS sindikatuok elkarretaratze bat egin genuen atzo Oreretan, Iruñean atxilotutako herriko gazteei babesa emateko. Zazpi hilabete bete dira herriko lau gazte horien etorkizuna eten zutenetik, espetxeratu zituztenetik, mobilizazio liskartsu batean parte hartzeagatik. Guztiz bidegabea eta desproportzionala den egoera hau salatu dugu protestarekin.

Gazte hauek, martxoan izan ziren atxilotuak eta errugabetasun presuntziorik gabe espetxeratuak. Hori gutxi ez, eta Auzitegi Gorenak, terrorismo kalifikazioa eman die gertakarioi. Horrek dakarren guztiarekin, Audientzia Nazionalak epaitzea, dispertsioaren aplikazio arriskua, euren etorkizuna moztea…

Argi dugu, gertakari hauek, espainiar estatuko beste edozein lurraldeetan ez zirela terrorismo bezala kalifikatuko. Berdintasun printzipio hori aldarrikatzen dugu. Gazte hauek ez dira terroristak.

Ezinbestean, Sindikatuok, gure erantzukizunari heldu behar genion, ezberdintasun sindikalen gainetik, koherentzia politikoari helduz eta ondorengoa adierazi:

1.- Gazte hauei eta euren hurbilekoei gure babes osoa.

2.- Eskualdeko herritarrak, eta bereziki langileak, urriaren 11ean, 7 hilabete espetxean bete dituzten egunean hain zuzen ere, mobilizatzeko deia luzatu, ondorengo aldarrikapenen bueltan: atxilotuen berehalako askatzea, terrorismo kalifikazioa ezabatzea eta gertaerak auzitegi arruntean, hau da, Nafarroan epai daitezela.

3.- Gure konpromiso publikoa eskualdeko ahalik eta enpresa gehienen atxikimendua jasotzeko.
 

 

 

Kalera irten dira Gipuzkoako ostatuen sektoreko langileak

0

Elkarretaratze bat egin dugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok gaur, Donostian, Hotel Londresen aurrean. Hain zuzen ere, hitzarmen duin bat eskatu dugu Gipuzkoako ostatuen sektoreko langileentzat, eta ez dugula azpikontratazioa arautzen ez duen hitzarmenik sinatuko nabarmendu dugu.
 

 

 

Torraspapelek Kataluniako prozesuaren aurka egin izana salatu dugu

0
Leitzako Torrespapeleko LABen atal sindikalak salatu nahi du enpresak Kataluniako prozesuaren kontrako estrategiarekin bat egin duela. Torraspapel taldeak egoitza soziala Bartzelonatik Madrilera eramatea erabaki du. Enpresak aitzakia bezala erabili du Katalunian sortutako ziurgabetasun egoera.

Argi eta garbi utzi nahi dugu, TorrasPapel taldea, LECTA taldearen parte dela, eta azken hau CVC holdingaren parte dela. Arrisku-kapital funts honek Luxenburgon du egoitza soziala, paradisu fiskal batean.

LABetik, gure elkartasuna adierazi nahi diogu Kataluniako herri langileari, egun hauetan jasan duen eta jasaten ari den errepresioarengatik eta xantaia ekonomikoagatik.

Onartezina deritzogu botere ekonomikoak Kataluniako prozesuan eragin nahi izatea, prozesu demokratiko baten aurka egitea eta prozesua bera baldintzatu nahi izatea, herritarren erabakitze eskubidea ez errespetatuz. Onartezina da Torraspapel estrategia honetan kokatzea, are gehiago, arrisku-kapital funts baten parte denean eta bere egoitza soziala paradisu fiskal batean duenean. Luxenburgon egoitza soziala izatearen helburu bakarra da, Katalunian edo Espainiako estatuan ahalik eta zerga gutxien ordaintzea denean.
 

 

 

Eskola feminista aurkeztu dugu, sindikatuaren praktika feminista gaurkotu eta egokitzeko tresna bezala

Prestakuntza saioak Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feministak eskainiko ditu. Horretarako, lankideta hitzarmena sinatu dute gaur LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idoia Arraiza Emagineko idazkariak Donostian. Prestakuntzaren ildoak, ikusmira aldatu, feminismoa, ahalduntzea eta estrategia sindikal-feminista izango dira. Irailetik abendura, 90 militante baino gehiago ari dira parte hartzen prestakuntza saio hauetan, emakumez osatutako 3 taldetan eta gizonek osatutako 2tan.

Azken urteetan urrats ugari egin ditu LAB sindikatuak feminismorantz. Gasteizen maiatzean egindako 9. Biltzar Nagusian bere praktika feminista gaurkotzeko erabakia hartu zuen. Prozesu honek sindikatuaren ekintza sindikalean, diskurtsoetan, aldarrikapenetan, praktikan ere… isla izatea garrantzitsutzat jo zen onartutako ponentzietan.

LAB aldatu egin da; emakumeok gero eta presentzia handiagoa dugu, eta gainera, sindikatuaren feminismoarekiko konpromisoa gero eta indartsuagoa da. Feminismoak berak bilakaera nabaria izan du; proposamen eta alternatibetan asko aurreratu da, batetik, eta, bestetik, Euskal Herrian feminismoaren baitan izandako aliantza estrategikoek feminismoak agenda politiko-sindikalean leku bat izatea lortu dute. Bilakaera ezberdinek beharrezkoa egiten dute sindikatuaren praktika feminista gaurkotu eta egokitzea, lortu nahi dituen erronka berriei erantzuteko prestatzea.

Horretarako, ezinbestekoa ikusi zen ordura arteko Emakume Idazkaritza gaindituko zuen “Politika Feministako Idazkaritza” osatzea eta martxan jartzea. Sindikatuaren diskurtso politiko-sindikal feminista garatzea, praktika feminista egokitu eta erronka berriak zehaztea, praktika feminista egokitu eta erronka berriak zehaztea, praktika feminista ekintza sindikalean txertatzea eta mugimendu feministarekin dauden aliantzetan sakontzea dira, besteak beste, Idazkaritza sortu berriaren egitekoak. Horretarako, funtsezkoa ikusi zen Idazkaritzaren aliatuak izango diren emakume militanteak saretzea, izan soldatapekoak, pentsiodunak edo bere etxean ari diren etxeko langileak.

Zentzu honetan, gizon eta emakumeen arteko Aukera Berdintasun Plana, feminismoan aurrera egiteko urrats berriak egitea ahalbideratuko duen Plan Feminista bilakatu du LABek.

Prozesuan laguntzeko, sindikatuko emakumeak ahaldundu eta gizon eta emakume militanteak feminismoan janzteko, Eskola Feminista jarri du martxan LABek.

Eskolaren helburua, sindikatua osatzen duten orori praktika feminista bere jardueran txertatzeko bitartekoak eskaintzea da, formatibo zein analitikoak, eta feminismoa ardatz hartuta, eztabaida eta prestakuntzarako espazio bat sortu.

Bitarteko ezberdinak eskainiko ditu Eskola Feministak, batetik prestakuntza saioak eta hausnarketarako espazio presentzialak jarriko dira martxan. Bigarrenik, mintegiak, eskualdeko markoetan gai espezifikoei buruz lanketa egiteko (delegatu eta militanteek parte hartuko dute hasieratik). Hirugarrenik, eskolak espazio on-line bat eskainiko du, intereseko materiala konpartitzeko.
 

 

 

Simplyn prekarietatea areagotu egin dela salatu dugu Bilbon

0

Bizkaiko Simplyko enpresa-batzorde guztiek deituta (LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK), elkarretaratze bat egin dugu gaur Bilboko Gordoniz kaleko Simply saltokietan, prekarietatea areagotu delako lan-baldintzetan. Barakaldon egindako mobilizaziotik bost egun igaro eta gero egin dugu protesta.

Azken urteotan murriztu egin dute langile-taldea. Uda honetan larritu egin da egoera garbiketa-zerbitzua barruko langileekin egiteko erabakiaren ondoren. Honek, kontratako 31 langile kaleratzea ekarri zuen.

Langile hauen kaleratzeak eta urte betetik hona kaleratze gehiago egitearen mehatxuz enpresa egiten ari den presioak, bere ustezko egoera ekonomiko txarra dela eta, ohiko langile-taldetik 50 pertsona murriztea ekarri du.

Langile-murrizketa honen ondorioak honezkero nabaritzen ari dira, eta lan-kargek gora egin dute. Honezkero ondorio negatiboak izaten ari dira langileen osasun eta bizitza pertsonalaren uztarketan.

Bizkaiko Simplyko enpresa batzordeek mobilizazioei ekin diete, lan taldean gertatzen ari diren murrizketak eta lan baldintzak okertu direla salatzeko. Enpresa batzordeetan gauden sindikatuok adierazi dugu Simplyk horrela jarraitzen badu, hau da, errentagarritasuna handitzen langileen lan baldintzen kalterako, aurrean izango gaituztela.