2026-04-09
Blog Page 873

Administrazio Auzitegira jo dute Labo-APSP elkarteko langile ohiek

Baiona, Biarritz eta Angeluko barrutiko elkarte horretako 33 langile kaleratu dituzte, eta LAB sindikatuko ordezkariek agerraldi bat egin dute gaur Baionan, euren egoeraren berri emateko.

Kaleratutako langileak ekonomikoki ondo zegoen elkarte baten parte ziren, bi urtean elkarteak berak legezko likidazioan bukatu duen arte. Formakuntza, elbarriei laguntza eta karrikako heziketa lantzen zuten, baina erakundeek aplikatutako murrizketek kalera eraman dituzte hezitzaileak. Legezko likidazioaren ondorioz izandako kanporatze ekonomikoak Lan Zuzendaritzak onartu ditu; hezitzaileek, orain, Administrazio Auzitegira jo dute onarpen hori bertan behera gera dadin.
 

 

 

Landa eremuko haurreskola txikien inguruan hausnarketa egin eta hauen biziraupena ziurtatzeko behar diren neurriak hartzeko eskatzen dugu

0
Haurreskolak Partzuergoari bideratzen zaion aurrekontua handitzeko eskatzen dugu, aukera berdintasunean oinarrituko den administraziopeko Haur hezkuntzako lehenengo ziklo duina, doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatezkoa lortzeko.

Haurreskolak Partzuergoa bi urtera arteko hezkuntza-aldiaz arduratzeko jaio zen, familia eta lana uztartzeko helburuarekin eta familiei hezkuntza-arreta egokia eskaintzeko, bereziki landa eremuetan.

Landa eremuko haurreskolen egoerak urtez urte okerrera egin du eta urtez urte haur-eskola hauek irekita mantentzeko irizpidea aldatu egin da, hainbat kasutan berauen biziraupena kolokan jarriz, herri txikietan ematen den hezkuntza zerbitzua ukatuz eta kasu askotan, hezkuntza zerbitzua mugatuz.

Zuzendaritza batzordeak landa eremuko haurreskola txiki hauekin zorrotz jokatzea erabaki du. Hezitzaileen jarduna 7 ordukoa izanik, 7 orduz zabalik mantenduko dira 5 haur matrikulatuta egon arte, familiei ematen zaien ordutegia mugatuz, nahiz eta 8 orduko zerbitzua ordaindu.

Azken urteetan udal batzuek ahalegin handiak egin dituzte 0-3 hezkuntzako ziklo hau eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen baldintzetan instalazio egokiak finantziatzen, eta ez daude prest, Haurreskolak Partzuergoaren erabaki honengatik, haien haurreskolak itxita ikusteko. Horretarako, kasu batzuetan Haurreskolak Partzuergoaren erabakiekin bat etorri ez, eta bereak eta bi egiten ari dira Haurreskolak zabalik mantentzeko. Txarrena da Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza, horren jakitun direla eta erabaki ausartak hartu beharrean, beste aldera begira daudela.

Azkenengo adibidea, Arteako Haurreskolan gertatu da. Bi hezitzaile zeuden premia bereziak zituen haur bat matrikulatuta zegoelako. Haurreskolak Partzuergoa, 8 orduko zerbitzua eskaintzen ari zirela konturatu denean (bi hilabete beranduago), haurreskola 7 orduko hezkuntza zerbitzua ematera derrigortu du, familia eta Udalean ezinegona sortuz. Partzuergoaren jarrera itxia ikusirik, Udaletxeak ordubeteko zaintza zerbitzua jarri behar izan du, bi ume ondoko herriko haurreskolara ez joateko eta haurreskola irekita mantentzeko.

Horrez gain, Gipuzkoan azken bi urteetan 3 haurreskola txiki itxi dira eta beste batzuen biziraupena kolokan dago. Araban ere ikasturtero kolokan dago hainbat haurreskolen biziraupena, udal ezberdinetatik Zuzendaritza Batzordeari kezka eta kexa azalduz.

Hau da Eusko Jaurlaritzak Haur hezkuntzako lehenengo zikloarekin egiten duen apustua? Aplikatzen den politika honek ez ditu haurreskola txikiak babesten, askotan familiak hurbilen dagoen herrietara joaten dira eskaintzen den hezkuntza zerbitzua 8 ordukoa delako. Horrelako egoerek kolokan jar dezake haurreskola batzuen etorkizuna eta biziraupena.
 

 

 

Galletas Artiacheko langileek lanuzteak hasi dituzte kaleratzeen kontra

0

Atzo, azaroaren 27an, hasi ziren lanuzteak, Enpresa-batzorde osoak deitutakoak UGT kenduta. Jarraipena arrakastatsua izan zen, zuzendaritzak zenbait langile presionatu arren. Lanuztea egin zuten bitartean, lantokiaren kanpokaldean kontzentrazioa egin zuten Orozkon kokatuta dagoen enpresa honetako langileek. Hurrengo lanuztea biharko dago deitua, azaroaren 29rako, eta txanda bakoitzeko ordubetekoa izango da, 9:00etatik 10:00etara eta 17:00etatik 18:00etara.

Duela urtebete, gutxi gora-behera, Galletas Artiacheko langile bat kaleratu zuten kontratu amaiera batekin. LABek gertatutakoa salatu eta Lan Epaitegiak ebatzi du kaleratzea ez zela bidezkoa izan.

Azaroaren 9an epaia jaso eta hurrengo egunean, Enpresa-batzordearen gehiengoak (LAB, ELA, ESK eta CCOOek osatua) bertan behera utzi zuen negoziazio kolektiborako mahaia, mahai-gainean kaleratze bat izanda lantegian dagoen behin-behinekotasunaren inguruan hilabetez hizketan egon ondoren, ez delako posible akordio hau momentu hauetan.

Enpresa-batzordearen gehiengoak hartu zuen erabaki hau langileen asanbladak berretsi zuen azaroaren 15ean. Asanblada honetan lanuzteei ekitea erabaki zen, txanda bakoitzeko ordu betekoak, progresiboki gero eta luzeagoak egiteko. Helburua, kontratazio politika salatzea eta kaleratutako langilearen berronartzea eskatzea.
 

 

 

Lanpostuen defentsan mobilizatu dira Tubos Reunidos enpresako langileak

0

Lanpostuen suntsiketa salatu zuten atzo arratsaldean Amurrion, zuzendaritzaren asmoa dela eta. Goizean, berriz, Gasteizera eraman zuten euren ezinegona; Arabako Batzar Nagusien atarira, hain zuzen ere.
 

 

 

Hitzarmenaren hileta eszenifikatu dute Bizkaiko bulego eta langeletako langileek

Bizkaiko bulegoetako eta langeletako langileak borrokan dira, hitzarmenaren defentsan. Hala, negoziazioaren blokeo egoera ikusita, mobilizatzea erabaki dute eta, bide horretan, protesta egitarau bat prestatu dute. Mobilizazioen artean lehena gaur egin dute Bilbon. Hain zuzen ere, BBVA, Kutxabank eta LANTIKen aurrean egin dute protesta. 

Abenduaren 13an egingo dute hurrengo mobilizazioa. Enpresa bakoitzaren aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte. Urtarrilaren 18an, berriz, 19:00etan, Bilboko Plaza Biribiletik hasita, Gran Vian CEBEK patronalak duen egoitzaraino, sektorearen manifestazioa egingo dute. Azkenik, otsailaren 1erako grebara deitu dute.
 

 

 

35 orduko asteko lanaldia aldarrikatu dugu Mungian

Bilbo atzean utzi eta Mungiara iritsi da gaur Ekimen Ibiltaria. Hala, industriaguneak bisitatu ditugu, eta enpresa txiki eta ertainetan gure aldarriak zabaldu ditugu, "Lan duina, bizi duina" leloa oinarri. 35 orduko asteko lanaldiaren aldarrikapena izan da zabaldu dugun mezuetako bat.

Goizeko lanketaren ostean, jarduera gehiago egingo ditugu arratsaldean Mungian. Hain justu, Infogunea muntatuko dugu Matxin plazan, 18:00etan. Ordubete geroago, mahai inguru bati ekingo diogu leku berean, "Mungiako enpresen egoera eta herriarekiko lotura" izenburupean.

Ekimen Ibiltariak Bizkaian jarraituko du bihar:

-13:00etan, auto karabana eta ekitaldi bat egingo dugu Zamudioko Teknologia Parkean.

-18:00etan, Getxoko Txiki eta Otaegi plazan, Infogunea egokituko dugu.

-19:00etan, Getxoko Txiki eta Otaegi plazan, mahai inguru bat egingo dugu, "Zaintza lanik gabe ez dago bizitzerik. Nork egiten ditu eta zein baldintzetan" izenburupean.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Confebaskek lortu du eskatzen zuena”

Sozietate Zergaren jaitsieraren inguruan gure iritzia emateko agerraldi bat egin dugu gaur LAB eta ELA sindikatuok. Iragarritako jaitsiera ez dela bidezkoa salatu dugu, antisoziala dela nabarmentzeaz gain. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, "EAJk desberdintasun sozialak areagotzea ontzat ematen du, Confebaskeri alfonbra gorria jartzen dio, langiloen mesedetan erabaki politiko bat ere ez, prekarietatea eta pobrezia sustatzen ditu. Hau da EAJren herri eredua".

"Confebaskek lortu du eskatzen zuena". Halaxe baieztatu du Garbiñe Aranburuk, gaurko agerraldian. LABeko idazkari nagusiak ez du zalantzarik: "Patronalak presionatzen jarraituko du zerga gutxiago ordaintzeko, hazkunde garaian lehiakorragoak izateko dela esango digute eta atzeraldi garaian enpresak erakartzeko. Bere azken helburua zerga desagertzea da. Jarraituko du, bere estrategia babesten duen klase politikoa badu".

Erabaki hau aurrekontuen negoziazioaren testuinguruan kokatu behar dugula esan du Garbiñe Aranburuk: "EAJk aurkezturiko aurreproiektua neoliberala eta antisoziala da, 135 eta 155 artikuloen aldekoek bakarrik babestu dezaketena. Inboluzio sozial eta politikoaren erantzule diren PSE eta PP".

LABeko ordezkariaren arabera, "EAJk bere lehentasunak argi ditu eta ez ditu ezkutatu, ez da saiatu ere egin beste babes batzuk bilatzen. PSEren babesa bazuen eta gusto handiz ari da PPren exijentziak betetzen".

EAJ beti egon da sozietateen gaineko zerga murriztearen alde, beti Confebasken eta orain PPren eskaera honen alde. Eskuineko alderdi bat da. Eredu ekonomiko eta sozial neoliberala defendatzen du, Confesbasken eredu bera. Eta PPren eredu bera euskal labelarekin: "PSEk erakutsi du, EAEn duen proiektu politiko bakarra, bai ala bai, gobernuan mantendu eta karguak mantentzea dela. Beraientzat gaindiezina zirudien marra gorriak aste gutxitan marra gorri izateari utzi dio".

Patronalari zergak murriztearen aldekoek, enpresen gaineko zergaren murrizketen gezurrezko onurak kontatzen dizkigutela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk. Baina zer ez dute esaten?

1. Zerga hau murrizketa nazioarteko tendentzia da eta horrela ez da egia enpresa berriak erakartzeko onurarik duenik

2. Eztabaida errenten gaineko zergaren tipo nominalean kokatzea tranpa egitea da. Dagoen kenkari sistemaren bidez, dagoeneko euskal enpresek ordaintzen dutena Europako baxuenetakoa da, orain baxuagoa izango da

3. Errenten gaineko zergaren bidez jasotzen ez den dirua, zeharkako zergen bidez konpentsatzen da gehienetan, BEZaren bidez normalean. Errenten gaineko zerga 2007an ere murriztu zen eta BEZa azken urte hauetan igo egin da. Hau langile klasearen kaltetan da, BEZ guztiok ordaintzen dugu

Ondorioa argia eta kezkagarria dela ohartarazi du LABeko idazkari nagusiak: "Neurri hauek eta orokorrean bultzatzen ari diren politika publikoek errenten eskualdatzea posible egingo dute. Sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatuz. Hazkunde ekonomikoak jarraituko du langileena iritsi gabe. Langileak prekarietate eta pobreziara kondenatzea, erabaki politikoa da. Salatzen jarraituko dugu eta mobilizatzen jarraituko dugu".
 

 

Gipuzkoako zaharren egoitzetako lan hitzarmena aktibatzeko eskatu dugu

Duela urtebetetik hona, Gipuzkoako zaharren egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia zabalik dago, baina ez aurrera ez atzera dabil patronalak ez duelako akordioetara iristeko gogorik. Bien bitartean, Gipuzkoa Foru Aldundia albo batera begira dabil, arazoa berea ez bailitzan. LABek elkarretaratze bat egin du gaur Donostian, aldundiaren aurrean, negoziazioa aktibatzeko helburuarekin, Gipuzkoarako aurrekontuak onartzekotan diren testuinguruan.

Gipuzkoako aurrekontuak onartzekotan direnean, EAJ-PSEk aurkeztutako aurreproiektuak betikoa dakar berarekin, dirutza makroproiektuak finantzatzeko, eta lau txakur txiki zerbitzu publikoetarako. Egun, eta duela urtebetetik hona, Gipuzkoako zahar-egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaiak zabalik dirau, baina ez aurrera ez atzera dabil patronalen akordioetara iristeko gogo ezagatik. Eta bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia beste albo batera begira dabil, arazoa berea ez bailitzan.

Negoziazioazioari ekin genionetik, LABek negoziazioa martxan jarri nahi izan du, egiten den eginkizunetik eta aipatu jarduera egitearen arduratik abiatuta. Hortaz, proposatzen dugun negoziazio kolektiboak zerbitzu publikoa izan behar du helburu, diru publikoaz finantzatua eta zerbitzuaren esleipendunak diren titulartasun publikoko enpresek eta enpresa pribatuek eginda.

Sektorean nagusi den enplegu egoerak adierazten du jarduera handitu eta egonkortu bada ere, enpleguaren joerak prekarietate handiagoa, kontratu mugagabe gutxiago, laneko malgutasun handiagoa, prestasun handiagoa… eta lan zama handiagoa ematen duela.
 

 

 

Borroka Asteari ekin diote EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleek

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok mobilizazio ugari deitu ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Urrian zehar hainbat herri eta ikastetxeetan itxialdiak eta jai aldarrikatzaileak egin ditugu ikasle, guraso eta langileekin batera. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazio jendetsuak antolatu ditugu Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Aurreko hiru astetan Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileek, Sukaldari eta Garbitzaileek, eta Heziketa Bereziko Hezitzaileek izan zituzten Borroka Astea eta greba eguna. Aste honetan Irakasleon txanda da. Hain zuzen ere, irakasleek agerraldi bat egin dute gaur aurreikusitako protesten berri emateko.

Astean zehar hainbat ekimen izango ditugu ikastetxeetan: Ikastetxeak aldarrikapenez beteko ditugu, gure eskakizunak kalera aterako ditugu jendartearekin elkarbanatzeko, kalejirak eta elkarretaratzeak egingo ditugu.

Ostegunean, Greba egunean, lurraldeko hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu.

Aurreko ikasturtean EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan azken urteetan pairatzen ari garen egoera larria salatu asmoz, eta egoerari buelta emateko neurriak plazaratzeko mobilizatu gara.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, oraindik ez die gure aldarrikapenei erantzun egokirik eman.

Negoziazio Mahaiak deitzeko ariketa formala egin duen arren, gobernuak luzatutako proposamena hezkuntza publikoak behar duen eta gure aldarrikapenak jasotzen dituzten gutxienekotara ez da inondik inora heltzen.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ustez hauek dira egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharrezko neurriak:

-Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

-Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.

-Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

-Ikasle-ratioak %10 murriztea.

-Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea (gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).

-Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.

-Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

-Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta, honek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu.

Hau dela eta, uste dugu ikasturte honetan ere, Hezkuntza Sailak greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digula uzten.

Beraz, mobilizatzen jarraituko dugu eta ostegun honetarako eginiko greba deialdiaz gain, abenduaren 12an beste sektore guztiekin batera grebara joango gara.