2025-12-18
Blog Page 87

Mobilizazio zaratatsua egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean Fekoor-eko hitzarmen propioaren alde

Aniztasun funtzionaleko enpresa honetako langileek asteak daramatzate lanuzteak egiten eta hitzarmen propioaren alde mobilizatzen. Gaur, 2 ordutako kontzentrazio zaratatsua egin dute Bilbon, Foru Jauregiaren aurrean, eta euren lan baldintzen hileta antzeztu dute. Abenduaren 3an ere mobilizatuko dira, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan, manifestazioa egingo dute 9:30ean, Aldunditik hasita Alhondegiraino, bertan ekitaldia egingo baitu enpresak 12:00etan hainbat gonbidatu instituzionalekin.

Fekoor-eko langileek desgaitasunari buruzko Estatuko Hitzarmenean ezarritakoa hobetzen duten zenbait eskubide onartuta dauzkate, baina gaur egun ez dute lortu enpresa-hitzarmen batean jasota izatea. Honek, euren eskubideak bermatuko lituzke, eta gainera, egindako lana behar bezala aitortu, arautu eta konpentsatuko luke.

Salatu dute enpresa-hitzarmenik ez dutenez, Espainiako Estatu mailan negoziatzen denaren esku daudela. Hitzarmen horretan ez dute parte hartzen ez Bizkaiko langileek, ezta ordezkatzen dituzten sindikatuek ere, eta gainera, bertan negoziatzen diren edukiak ez datoz bat Bizkaiko bizi-mailarekin.

Bestalde, finantzaketa publikoa duten azpikontratatutako aniztasun funtzionaleko Bizkaiko elkarte gehienek enpresa-hitzarmenak dituzte eta honek hobekuntza nabarmena dakar. Hori ez da Fekoor-eko errealitatea. “Gure enpresak ez du gurekin negoziatu nahi”, adierazi dute bertako langileek.

2023tik 2024ra bitartean, bataz beste, %16ko erosahalmena galdu dute sektoreko gainerako elkarteekin alderatuta. Eta ez hori bakarrik, ia 100 ordu gehiago lan egiten dituzte, euren lanaldia urtean 1.680 ordukoa da, gainerako elkarteetan 1.592 ordu lan egiten dituzten bitartean.

“Eta horrek ondorioak ditu gure osasunean” gaineratu dute. 2012. urteaz geroztik ez dago antzinatasunik Fekoor-en, beraz, “enpresan egiten dugun lana ez da balioesten, gurekin alderatuz, gainerako elkarteek langileekiko leialtasun hori aintzat hartzen dute eta ordainsaria hirurtekoen edo bosturtekoen arabera ordaintzen dute”.

“Kontziliazioaren arazoa” ere aipatu dute, arreta zuzeneko langileek euren lanaldia eta soldata murriztu behar baitituzte, kontziliatzeko eskubidea gauzatu ahal izateko.

Amaitzeko, Fekoorreko langileek adierazi dute borrokan jarraituko dutela beren beharrei erantzungo dien hitzarmen bat lortu arte, eta administrazio publikoak salatzen jarraituko dutela kudeaketa publikoko zerbitzuak pribatizatzeagatik.

Balenciagako langileek mobilizazioei ekingo diete, ontziolaren etorkizunaren alde

Prentsaurrekoa egin dute gaur Zumaian, eta enpresaren itxieraren aurkako manifestazioa iragarri dute. Azaroaren 29an izango da, 18:00etan, ontziolatik abiatuta. Era berean, abenduaren 4an Gasteizen mobilizatuko dira, Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzeko.

Agerraldian egindako irakurketa:

Balenciagako langileak nazkatuta gaude, enpresako zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Ekonomia Ministerioa errusiar erruletara jokatzen ari dira gure etorkizunarekin. Orain arte isilik egon gara; instituzioekin egiten ari ziren negoziazioak eta zordunen gehiengoarekin egindako akordioek enpresa aurrera ateratzea lortuko zenaren esperoan. Nazkatu gara.

Hilabeteak dira egoera pairatzen ari garela. Momentu honetan 5 ordainsari zor dizkigute (zenbait kideren kasuan gehiago). Gainera, egoera hau kudeatzen ari direnek itxitzat jo dute enpresa, horrekin gure etorkizuna eta Urola Kosta eskualdearen zati handi batena hiltzat emanez. Duela bi urte, Balenciagak 200 langile zuzen zituen plantillako kideak eta kontratetakoak batuz; hori guztia, lan-zentrotik kanpo sortzen zuen lana kontuan hartu gabe. Langile horien guztien etorkizuna zakarrontzira botatzen ari dira, Balenciaga bideragarria dela garbi daukagu; izan ere, badago etorkizunerako lan-karga. Finantziazioa lortzeko babesa baino ez da behar.

Suminduta gaude: aurre-konkurtso egoeran lortutako bideragarritasun plana boikoteatzen ari da COFIDES enpresa publiko-pribatua. Hartzekodunen konkurtsoa eskatu izanaren erantzule nagusia da momentu honetan COFIDES, hala gertatuko balitz, baita ontziola ixtearena ere. Akordioa ez onartzea gutxi ez, eta behin Balenciaga itxitakoan bere soberakinetatik diru gehiago lortzeko asmo miserablearekin plana geldiarazten saiatu dira azken hilabeteetan egin dituzten mugimenduekin. Deigarria da Madrileko gobernua hain estrategia nazkagarriarekin lotuta egotea.

Eusko Jaurlaritzarekiko haserrea ere ezin dugu ukatu. Enpresari babes osoa helarazten diola adierazten dion bitartean, bideragarritasun planari inpugnazioa jarri ziola jakin genuen. Ez dakigu zertan ari den. Benetako interbentzioa egiteko exijitu nahi diogu hemendik, hala zor digutela ulertzen baitugu.

Hori guztia esanda, argi eta garbi utzi nahi dugu egoera honen erantzule nagusia enpresako zuzendaritza dela. Azken urteetan eraiki ditugun itsasontzien kudeaketa negargarriak ekarri gaitu hartzekodunen konkurtsora. Langileok enpresa aurrera ateratzeko egin dugun esfortzua azpimarratu nahi dugu; izan ere, momentu honetan, 5 hilabeteetako nominak zor dizkigu (zenbait kideri gehiago). Egunero ari gara sufritzen, hipotekak eta seme-alaben ikastetxeak ordaindu beharrarekin jarraitzen baitugu, besteak beste. Hemen gertatzen ari denaren ondorio nagusiak pairatzen ari garenak gu gara. Negoziaziotan ez gaitu kontuan hartu enpresak, albo batera utzita izan gaitu.

Horrengatik guztiagatik, Balenciagako langieok gure etorkizunaren alde borrokan jarraituko dugu. Azaroaren 29an, ostiralean, arratsaldeko 18:00etan, manifestazioa egingo dugu “Balenciaga ez itxi” lelopean ontziolatik bertatik abiatuta. Zumaiako eta Urola Kostako bizilagun guztiei bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu, gure etorkizuna jokoan dagoelako. Garbi izan behar dugu enpresa bideragarria dela eta irekita mantentzeko aukerak badaudela, horregatik garrantzitsua da Gasteizen eta Madrilen gure ahotsa ozen entzutea. Ezin da onartu hainbeste pertsonaren etorkizuna jokoan uztea politikariei axola izan gabe.

Zumaiako manifestazioaren ondoren, Gasteizen ere mobilizazioak egingo ditugula esateko aprobetxatu nahi dugu momentu hau, Gasteizko zein Madrileko gobernuen inplikazioa exijitzeko. Instituzioekin bilerak lotzen hasiak gara. Atzo Zumaiako udalarekin bildu ginen, eta bere babesa adierazi ziguten. Aste honetan Gipuzkoako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bilduko gara. Ostiralean, berriz, Madrileko gobernu ordezkaritzarekin Gasteizen (kontzentrazioa egingo dugu langileok atarian). Astilleros Balenciagak etorkizuna izango du, politikoek hala egitea erabakitzen baldin badute. Beraien esku dago enpresaren etorkizuna.

Horrez gain, datorren astean (abenduak 4) beste mobilizazio bat egingo dugu Gasteizen instituzioak interpelatzeko.

Osakidetzaren pribatizazio politika salatu dugu kontratazio publikoari buruzko jardunaldian

Gaur, Osakidetzako zuzendaritzako kideek jardunaldia egin dute Bilboko Bizkaia Aretoan. Hainbat erakundetako gerente, zuzendari, arduradun, abokatu eta idazkariak Bilbon bildu dira kontratazioaren inguruko gogoetak egiteko, eta LABetik Osakidetzaren kontratazio politika salatu dugu. Horrela, kanpokaldean kontzentrazioa egin dugu eta sindikatuko bost militantek Susana Rodríguez Carballeira Kontratazio Administratiboko Zerbitzu-Buruaren hitzartzea eten dute pribatizazioaren kontrako kartelak erakutsi eta leloak ohiukatuz.

Izan ere, LABentzat lehentasunezkoa da Osakidetzaren diru publikoaren erabilerarekin egiten ari diren politika neoliberala eta klientelarra aldatzea.

Horren erakusle da Osakidetzak bere pertsonalarekin eta modu publikoan egin beharreko hainbat lan kanporatzen dituela. Publikoa edukiz eta funtzioz husten ari dira, eta tantaz tanta egiten ari diren pribatizazio isila da hori. Jarraipen estua egiten ari gatzaizkio, eta hainbat salaketa sartu ditugu, baita hainbat pribatizazio geratzea lortu ere.

Gaurko jardunaldian antolatutako lehen bi mahai inguruek lotura zuzena dute LABen jardunarekin. Lehenik, plataforma logistikoen gaia jorratu dute. Osakidetzako zuzendaritzak ezin okerrago bideratu du Iurretako plataforma logistikoa martxan jartzeko prozesua, eta, hala ere, gai horri buruzko ikasgaiak eman nahi ditu. Plantillaren, sindikatuen eta biztanleriaren aurrez aurreko oposizioarekin, zuzendaritzak aldi baterako geldiarazi behar izan du proiektu hori, mahai sektorialean giza baliabideen hornidura jorratzeko.

Bestalde, jardunaldien bigarren mahai inguruan kontratazioaren arloko baliabide bereziei buruz hitz egin dute; nabarmentzekoa da baliabide horien azpikontratu izana salatu duela LABek, eta ondorioz, 194 milioi eurora arteko pribatizazio-espedienteak geldiarazi dituela, Osakidetzako zuzendaritzaren praktikak agerian utziz.

Industriak osasun-kontratazioan duen zeregina izan da hirugarren mahai inguruaren gaia.

Azken urteetako politika desegokiek Osakidetzaren irudia eta zerbitzua kaltetu dute. Publikoak behar bezala ez funtzionatzea eta pribatuaren beharra sortzea eragin dute. Horrek berarekin dakar osasun sistema pribatua indartzea eta aseguru pribatuak geroz eta jende gehiagok izatea, eta pribatizaziorako joera honek, herritarren eta klase sozialen arteko arrakalak handitzea eragiten du.

Gauzak horrela, LABek publikoaren aldeko borrokan jarraituko du, gaurko jardunaldietan beren burua zuritzeko antolatutako jardunaldiak salatuz eta sortzen dituzten plegu guztiak berrikusiz.

Ez dugu parte hartuko Osalanek antolatutako Arrisku Psikosozialei buruzko XIV. Jardunaldietan, iruzurra zuritzeko ariketa direlako

Lanera itzultzea errazteko mekanismoak baja psikosozial luze baten ondoren izenburupean egingo diren jardunaldietan aritzeko gonbidatua izan da LAB, baina parte hartzeari uko egin dio, arrisku eta baja psikosozialak lanak eragindakoak direnik aitortzen ez delako.

Dagoeneko arazo psikosozialak dira Euskal Herriko langileen artean lehen laneko arrisku faktorea, eta errealitate hori ukatzea langileriari egiten zaio iruzurrik handienetakoa da.

Arrisku psikosozialak, funtsean, lanaren kontzepzio, antolaketa eta kudeaketa desegokiaren ondorioz sortzen dira, baita ingurune soziolaboral eskasaren ondorioz ere; izan ere, faktore horiek, berez edo elkarren artean konbinatuta, arazo psikologikoak, fisikoak eta sozialak sor ditzakete, eta horiek pairatzen dituzten langileentzat ondorio oso negatiboak ekar ditzakete.

LAB sindikatuak behin eta berriz salatu du enpresek eta prebentzio zerbitzuek ez dituztela ebaluatzen arrisku psikosozialak, eta ildo beretik, sarritan kritikatu du lanak sorturiko arazo psikosozialak ez dituztela ez mutualitateek ez Espainiako Estatuko Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ere.

Gaixotasun arrunt bezala kalifikatzen dituzte, prebentzio logika guztia hankaz gora jarriz. Nekez hartuko dituzte enpresek neurriak ez badira lanak eragindako arazotzat hartzen.

Absentismoa agenda politikoan dagoen garai honetan, salatu behar dugu arazo psikosozialak, esan bezala langileari lanak eragindako osasun arazo hedatuena, gaixotasun arrunt bezala hartzean, enpresek ardura saihesten dutela eta arazoaren zama guztia osasun sistema publikoaren eta langilearen bizkar uzten dutela.

Osalanen gaurko jardunaldia ez da protokolo eraginkor baterako oinarria izango, okerra baita jartzen duen abiapuntua.

Bestelako gogoeta eta urratsak eskatzen ditu LABek: kalifikatu daitezela gaixotasun mentalak laneko gaitzen zerrendan, indargabetu dadila mutualitateek jokatzen duten paper maltzurra, eta funtsean, beharrezkoak diren aldaketak egin daitezela enpresek eragindako arriskuen ardura har dezaten, neurriak eraginkorrak izateko. Hortik aurrera has gaitezke protokoloetaz hitz egiten.

Amaitzeko, aldarrikatu nahi dugu Osalanek gaitasun exekutiboa bereganatu behar duela, behingoz, lan ikuskaritzarekin batera, enpresei laneko osasunerako araudia betearazteko.

Elgoibarko Egondoko langileek mobilizazioei ekin diete enpresa-itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.

2022ko abenduaren 31an azkenengo enpresa–itunaren indarraldia amaitu zenetik, berau berritzeko negoziaketari ekin zion LAB eta CCOOek osatzen duten Egondoko Langile Batzordeak eta bilerak joan, bilerak etorri, negoziaketak ez du emaitzarik ekarri. Azkenengo hilabetean, gainera, enpresaren jarrera erabat itxi da eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena aplikatzea proposatu du, lanaldi jaitsierari, KPItik gora lotutako soldata igoerei, bajen osagarriei edo errelebo kontratuei atea guztiz itxiz.

Honen aurrean, langileek 3 kontzentrazio egin zituzten enpresa parean pasa den astean eta, enpresaren jarrera inmobilista aldatu eta berriro negoziaketa erreal batean murgildu ezean, mobilizazioak areagotzeko erabakia hartu dute. Momentuz, beste hiru mobilizazio aurreikusi dituzte aste honetan, lehena gaur bertan, eta hurrengo asteetan asanbladak adostuko du zeintzuk izango diren hurrengo urratsak.

LABetik argi daukagu blokeo egoeraren aurrean langileon mobilizazioa dela tresna garrantzitsuena eta Egondoko langile guztiak deitzen ditugu mobilizazioetan parte hartzera.

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Proposamenen artean daude batetik, zerga sistemaren erreformaren beharra eta bestetik, langileen aldeko politiketarako diru-partidak, honako gaietan, zaintza sistema, osasungintza, hezkuntza, etxebizitza, pentsioak eta trantsizio ekosoziala (ik. atxikitako dokumentua).

Jakina da aurrekontu proiektuak ez direla neutroak, modu desberdinean eragiten baitiete hainbat jendarte talderi edo herritarri. Erroko aldaketarik egon ezean, jendartean eta langilerian ematen diren zapalkuntzak eta pribilegioak mantentzen eta betikotzen dira. Gobernuek, urteroko ariketa honen bidez, politika publikoei eman nahi zaien norabidea zehazten dute. Horrela, inbertsioak non egin behar diren eztabaidatzearekin batera, inbertsio horien norabidea eta lehentasunak finkatzen dituzte.

LABen ustez oso garrantzitsuak dira aurrekontuak: batetik, politika publikoetan ikuspegi feminista, antirrazista eta klasekoan eragiteko baliatu behar direlako; eta bestetik, administrazioak diru publikoarekin egiten duen kudeaketa egokia eta eraginkorra zehaztu behar dutelako. Eraiki nahi den jendarte-eredua definitzen dute, baita herrialde baten aberastasunaren birbanaketa ere. Eta nola ez, diru inbertsioak bezain besteko arreta merezi du diru bilketa ereduak, kapital errenten pribilegioekin amaitzen hasteko abiapuntu izan behar denak.

Aurtengoak, Pradales buru duen gobernu berriaren lehen aurrekontuak dira EAEn. Urkulluren garaiarekiko urruntasuna adierazi nahi izan du Gobernu berriak eta, formetan bada ere, lehenago ukatzen zituen sakoneko arazoak aitortu eta proposamenak egin behar izan ditu; besteak beste, osasungintza publikoan, zaintzan edota etxebizitzan.

LABek adierazi nahi du Urkulluren gobernuak izandako jarrera zuzentzeko erabakia zuzena dela. Urkulluri patronalaren lehendakaria izateari uko egiteko eskaria egin izan zion sindikatu honek. Zoritxarrez, orain arte, Pradalesek, aldaketa estetikoez gain, norabidean ezer gutxi aldatu duela uste du LABek. Lehengo lepotik burua.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.

Zuzendaritzaren politika espantsionistaren ondorioz, CAFek 12.000 langile baino gehiago ditu Europako 19 lurralde desberdinetan. Enpresaren egoitza nagusia Beasainen dago, eta langile gehienak, 5.000tik gora, Euskal Herrian kokatzen dira. Espainiako Estatuko gainontzeko lurraldeetan, CAFek 2.300 langile inguru ditu, eta Polonian 2.500 inguru. Frantziako Estatuan, CAF taldeak 1.000 pertsona inguru ditu, Suedian bezala; Italian, berriz, 350 langile baino gehiago. Horri gehitu behar zaizkio Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Grezia, Hungaria, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumaniako ordezkaritzak eta filialak.

Horrekin guztiarekin, CAFeko Zuzendaritzarekin Europako Batzordearen osaera eta funtzionamendua negoziatzeaz arduratuko den negoziaketa mahaia Euskal Herriko, Espainiako Estatuko, Poloniako, Frantziako, Italiako, Lituaniako, Letoniako, Txekiar Errepublikako eta Suediako langileen 15 ordezkarik osatuko dute.

LABen ustez, langileon interesak defendatzeko, ezinbestekoa da etorkizuneko foro horretan Euskal Herriak ahots propioa izatea. Ez dago ulertzerik euskal multinazional baten Batzorde Europarrean, euskal langileon ordezkaritza disolbatuta gelditzea estatuen araberako antolaketa huts baten ondorioz. Oraindik eta ulergaitzagoa da hau, langileon gehiengo zabal bat Euskal Herrian egonik.

Prozesu honetan, Espainiako Estatuko sindikatu ofizialistek interes korporatiboak defendatzen dituzte argi eta garbi. Sindikatu txikienen parte-hartzea, estaturik gabeko nazioena edo Komite eredu sozialago bat izatea, oztopo dira sindikatu mota horiek bilatzen dituzten interes propioentzat. Patronalaren interesak ere noski, ez dira bat etorriko era honetako Komite eredu batekin.

LABek Europako Enpresa Batzorde parte-hartzailea, soziala eta internazionalista bultzatuko du, langileon interesak defendatzeko. Bide horretan, CAF taldeko Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Europako sindikatuekin aliantzak bultzatzen jarraituko dugu.

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean. Azaroaren 25a da gaur, indarkeria matxisten kontrako nazioarteko eguna.

Gasteizko mobilizazioan izan da Maddi Isasi idazkari feminista, eta adierazi du LABek urteak daramatzala, sindikalismo feministaren bidetik, indarkeria matxista estrukturala dela azpimarratzen eta lan munduan gertatzen diren erasoak salatzeko eta indarkeria mota guztiei aurre egiteko tresnak eraikitzen; urteak, “Lantokiak aske” aldarrikatzen: enpresaz enpresa protokolo eraginkorren alde borrokatzen eta instituzioak interpelatzen, dagokien ardura har dezaten lehen mailakoa izan beharko litzatekeen arazo politiko eta sozial honetan.

Lantokietako indarkeria matxista ezkutuan mantentzen den errealitatea da: lanik gabe gelditzeko mehatxua beti dago horren atzean, eta, horregatik, indarkeria ez da behar beste salatzen ezta aditzera ematen ere. Mehatxuak eta zigorrak askotarikoak dira: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea, lekualdaketak, edukiz hustu lana, emakumeen* lana gutxiestea… Indarkeria matxista dimentsio eta aurpegi ezberdinak dituen zigor-sistema oso bat da; egiturazkoa eta sistema heteropatriarkal kapitalistaren tresna da, emakumeak* menpean mantentzeko.

Lan munduan gertatzen den indarkeriaz aritzea sexu-jazarpenaz, sexuan oinarritutako jazarpenaz edota sexu-orientazioan edo genero-identitate nahiz -adierazpenean oinarritutako jazarpenaz, aritzea da; hau da, kultura patriarkalaren biziraupen mekanismoek hartzen dituzten forma ezberdinez.

• Azken urtean 22.000 emakume inguruk jasan izan dute sexu-jazarpena lan eremuan, iazko urte amaieran Emakundek ateratako Emakumeen aurkako indarkeriaren inzidentziari buruzko datuak EAE-n inkestaren arabera (kasu batzuetan lankideengandik, beste batzuetan nagusiarengandik).

• Sexu-jazarpena jasan duten 5 emakumetik* batek bat lan-eremuan jasan du.

• Hala ere, haietako askok (%72,4k) ez dute enpresan salatu, ondorioen beldurragatik.

Eta non daude instituzioak egoera horren aurrean? Gertatzen den indarkeria hau ez ikusaraztea, tresna eraginkorrak ez jartzea, indarkeria hori ezkutatzea da. Izan ere, ez dago datu horien inguruko erregistrorik, ez zaio jarraipenik egiten, indarkeria matxistaren inguruko inkesta orokorretan ez dira agertzen…

Ez enpresek, ez administrazioak, ezta lan ikuskaritzak ere, ez daukate errealitate horri heltzeko borondate eta jarrerarik. Datuak argiak dira: ez dago egoera hauek salatzeko mekanismo eta tresna eraginkorrik.

Instituzioei, eta, zehazki, lan ikuskaritzari, LABek eskatzen dio indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzea. Jarrera, sinesmen eta indarkeria matxista guztiei aurre egin nahi diegula esaten dugu lantokietan aske izan nahi dugula aldarrikatzen dugunean, eta azpimarratu nahi dugu borroka honetan jarraituko dugula sindikalismotik fronte guztietan.

Gaur Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiri eta herrietan deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin du LABek.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. “Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde” lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.

Munduko testuinguruaren irakurketa Pambis Kyritsis MFSko idazkari nagusiak aurkeztu du. Kyritsisen arabera, mundua inperialismoaren hipokrisia inoiz baino nabarmenagoa den une batean dago, behin palestinar herriaren aurkako genozidioak aurrera egiten duenean AEBren eta Europar Batasunaren babes osoarekin. Hala ere, nabarmendu du MFSk beti jarri duela mahai gainean Palestinako eta eskualdeko gatazkaren funtsezko arrazoia: Israelen okupazio kriminala eta herri palestinarraren eskubideen usurpazioa duela hamarkada askoetatik hona. Bakearen aldeko borrokak, MFSentzat, eduki zehatza du: NATOren desegitea eta herri guztiek beren bidea erabakitzeko duten eskubidea onartzea, inolako esku-hartzerik gabe.

Danimarkako Emil Olsen Gazteriaren Batzordeko aurreko arduradunak langile gazteek aurre egin beharreko prekaritateari buruz hitz egin du, eta krisi kapitalisten inpaktu asimetrikoak nabarmendu ditu, lurraldeari eta sexu-generoari dagokienez. Gero eta flexibilizazio handiagoa, zerbitzu publikoen pribatizazioa, gizarte-politiken eskasia eta sindikatuen kontrako errepresioa, langileek uko egiten diote krisi horien faktura ordaintzeari, eta eutsi egiten diote klaseko sindikatuen orientaziopean. CSIk eta bere sindikatu afiliatuek ordezkatzen duten erreformismo kolaborazionistaren aurkako fronte bat eraikitzeko deia egin du oraindik, eta premiazkoa da langile mugimendua desorientatzeko eta herriaren nahigabea kapitalaren konponbide faltsuetan integratzeko eginkizun koordinatua duela argi uztea.

LABeko ordezkaritza Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak eta Amanda Verronek Nazioarteko idazkaritzako kideak osatu dute, eta aukera izan dute langile gazteek dituzten erronken azterketa globala egiteko, 2018-2024 aldian Langile Gazteen Batzordearen ekintza ebaluatzeko, 2024-2029 aldirako ekintza-plan bat onartzeko eta datozen 5 urteetarako Batzorde berriaren osaera onartzeko. Hauek dira zeregin hori beren gain hartuko duten herrialdeak: Danimarka, Zipre, Grezia, Italia, Frantses Estatua, Barein, Egipto, Palestina, India, Vietnam, Hegoafrika, Senegal, Brasil, Kosta Rika, Dominikar Errepublika eta Mexiko.

LABen hitzaldian adierazi dute Euskal Herrian langile gazteak behartuta daudela lana eta ikasketak konpaginatzera, zabor-kontratuak izatera, askotan kontraturik gabe lan egitera eta langabezia handieneko sektoreetako bat osatzera, erakunde sozialarekiko beldurrarekin batera, lanpostuak galtzeko ziurgabetasuna dela eta. Euskal gazte mugimendu independentistari ezarri berri zaion errepresioaren berri ere eman du, Poliziaren sarekada lotsagarri baten biktima izan diren bi langile gazteren kartzelatze bidegabea salatzeko herri manifestazioetan. Marseillatik salatu dugu Ernaiko 133 gazteri Mozal Legea aplikatu zaiela, eta 290.500 euroko isunak bota dizkietela.

LABentzat prekaritatea eta euskal gazteriaren aurkako indarkeria egiturazko fenomenoak dira, eta kapital-metaketaren prozesuari eta Espainiako eta Frantziako sindikatu horien politikari erantzuten diote, zeina amore ematean eta itunenean oinarrituta baitagoen. Sindikatuek, batez ere Frantziako Estatuan, ez dituzte nazio zapalduetako sindikatuak aintzat hartu nahi, eta, beraz, boterearen konplize diren ekintza sindikalak erreproduzitzen dituzte. Ezin dugu ulertu gazteen zapalkuntza-prozesua, gazteen etengabeko murrizketatik isolatuta.

Ildo horretan, 4. Kongresuak Gazteriaren Batzorde berriari zeregin argi bat ezarri dio: MFSen zuzendaritza koordinatzea, langile gazteen interes espezifikoak ordezkatuz, klaseen arteko lankidetzari aurre eginez, esplotazioa estaltzeko lan egiten duten sindikatu horien zeregina salatuz eta antolatutako gazteriaren ikuspegiaren arabera sindikatuen klase-orientazioa indartuz.

Horretarako, funtsezkoa da MFSko kide diren sindikatuek gazteak klaseko sindikalismoan integratzea, haien ekarpena baloratzea eta egituretan erantzukizuna ematea. 2025ean, MFSk 80 urte bete ditu eta elkarrekin borrokatzen jarraituko dugu langileen eskubideen alde, justizia sozialaren alde, zapalkuntza eta diskriminazio mota guztien aurka, gerra eta genozidio guztien amaieraren alde eta mundu osoko inperialismoaren aurka. Etorkizuna gazteriari dagokio eta ez kapitalismo heteropatriarkal eta kolonialari. Gora Munduko Federazio Sindikala!