2026-01-15
Blog Page 862

Eskubide zibil eta politiko guztiak defendatzeko konpromisoa hartu dugu Bilbon

0

Milaka pertsona bildu dira gaur Bilbon, Kataluniari elkartasuna adierazteko eta atxilotuen askatasuna eskatzeko. Hainbat eragilek deitu dugu manifestazioa, Katalunian bizi den egoera larriak eskatuta. LABeko idazkari nagusia Bilbon izan da. Bere hitzetan, "Katalunian gertatzen ari dena guri ere eragingo digu". Sindikatuko ordezkariak EAJ kritikatu du, gaurko protesta ez babesteagatik: "PP, PSOE, Ciudadanos bloke antidemokratiko horren aurrean, guztioi zegokigun gaur mobilizatzea. EAJ hemen ez egoteak zer pentsatu ematen digu".

Hauxe da gaurko manifestazioaren bukaeran irakurritako manifestua, Zuriñe Hidalgo abeslaria eta Ramon Zallo katedradunaren eskutik:

Kataluniako gertakari larriek Estatu guztiari eragiten diotenez, eta, beraz, baita Euskal Herriari ere, gaur deialdi honekin bat egin dugun indar politiko, sozial eta sindikalok jakinarazi nahi dugu honako konpromisoak hartu ditugula:

1) Estatua herri katalanaren eta bere erakunde demokratikoen aurka agertzen ari den jarrera autoritario eta errepresiboari erantzunez, gure elkartasuna adierazten diegu Kataluniako herritarrei; hitz ematen dugu PP-PSOE-Ciudadanos ententearen joera autoritario eta antidemokratikoari aurre egingo diogula; 155. artikuluaren aplikazioa mugarri historiko bat izan da. Geure gain hartzen dugu herritarren erantzun bakezko eta demokratikoa bultzatzeko ardura, Katalunian Estatuak egiten dituen urrats errepresiboen aurka.

Aipatutako hiru alderdi politikoek, PP, PSOE eta Ciudadanosek alegia, Estatu-fronte zeharo autoritarioa osatu dute, eta demokrazia arrasto oro suntsitzeko prest daude, hasteko Katalunian eta gero beste edozein lurraldetan, edozein herriren aurka, baldin eta ez bazaie men egiten eurek ezartzen dituzten printzipioei: monarkia, inboluzioa eta Estatuaren batasun banaezina. Horregatik ari dira PPko buru batzuk mehatxua botatzen, 155. artikulua beste nonbait ere aplikatzeko prest daudela esanez.

155. artikulua aplikatuta Kataluniako gobernua kargutik kendu dute, era ez legitimoan, eta haren eginkizunak Espainiako Gobernuak usurpatu ditu. Gainera, Rajoyk parlamentua desegin du, hau da, herritar katalanen subirania demokratikoaren gordailua. Bestalde, arrazoi politiko hutsak medio espetxeratu egin dituzte Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez aktibista sozialak eta Kataluniako Governeko zortzi kontseilari. Giltzapean sartzeko mehatxua bota dute, era berean, herri katalanak demokratikoki hautatu dituen arduradun politikoren aurka, eta horien artean daude Governeko beste kideak eta Parlamenteko Mahaiko ordezkariak; hauen artean, Generalitateko eta parlamentuko presidenteak. Erabakiok gauzatzen dituzten fiskaltzak eta epaileek botere politikoaren luzapen soil gisa jokatzen dute, aldarri batek eraginda: “A por ellos”.

Noski, eskalada errepresibo hau ez da Kataluniara mugatzen; aitzitik, askatasun demokratikoak Estatu guztian zehar murriztuko ditu, eta Euskal Herriari ere eraso egingo diote. PPk, PSOEk eta Ciudadanosek erabaki dute Estatuan politikak aintzat hartu beharreko mugak gero eta estuagoak izango direla. Honek eragin zuzena du estatus politikoa berritzeko eztabaidan. Autogobernua hobetzeko aukera Estatuak markatzen duena da.

Horregatik, estatu antidemokratiko baten erabakiak ikusirik, ezin da onartu Euskal Herrian PP, PSOE eta Ciudadanosekin normaltasun instituzionala edota lehen mailako akordio politikoak mantentzerik. 155. artikuluko salbuespenezko neurriak demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoa dira bete-betean, eta hori ezin da geratu euskal politikaren eremuan tamainako erantzunik gabe.

2) Bigarrenik, aske utzi behar dituzte Kataluniako jendartearen ordezkari diren Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, ANCko eta Omnium Culturaleko buruak. Prozesu sozialek, baita aldarrikapen nazionala aurrera daramatenek ere, egituratze soziala behar dute, eta demokrazia batean onartu ezinekoa da egitura horietako militante direnak kriminalizatzea.

Era berean, aske utzi behar dituzte aste honetan espetxeratu dituzten Governeko zortzi ordezkariak. Gure elkartasuna eta babesa dute. Eta espetxeratzeko arriskuan dauden Governeko beste kideak eta Parlamenteko Mahaiko ordezkariek ere bai. Espetxean sartu dituzte eta espetxean sartu nahi dituzte herritarren agindu demokratikoa gauzatzeko ekintza politikoa garatzen ari direlako. Hain zuzen, Kataluniako prozesu demokratikoari emandako babesa berretsi nahi dugu; hango instituzioen gehiengoek hartutako erabakiei errespetua zor zaie. Kataluniak bere bideari jarraitu behar dio.

3) Hitz ematen dugu gabeziaz jositako demokrazia honi aurre egingo diogula, eta eskubide zibil eta politiko guztiak defendituko ditugula. Zehatzago, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu Kataluniarentzat eta Euskal Herriko lurraldeentzat. Arazoaren gakoa horixe da hain zuzen: Estatuak erreibindikazio horri ez dio bide demokratikorik eman nahi. Ez dute onartzen: Ez espainiar Estatuak, ezta PPk, PSOEk eta Ciudadanosek ere. Gu subjektu politiko legitimatu bat gara, eta muga bakarra euskal herritarren ariketa demokratikoa izan behar da. Demokrazia erabakitzeko eskubidea da, Katalunian nahiz Euskal Herrian.

Visca Catalunya!
Gora Demokrazia!

 

 

 

Ostalaritza eta alojamenduetako hitzarmenen aldeko borrokara dei egin dugu Donostian


"Lan duina, bizi duina" Ekimen Ibiltaria Donostiara iritsi zen atzo, eta Gipuzkoako hiriburuko Parte Zaharrean izan gara gaur, ostalaritza eta alojamenduetako langileen lan eskubideen defentsan eta sektorearen prekarietatea salatzeko. Kalean izan gara, egoera honen berri emateko eta sindikatuaren aldarrikapenak zabaltzeko. Hala, kalejira bat egin dugu Parte Zaharrean barrena, egoera ikusgarri egiteko.

Ostalaritzako negoziazio kolektiboari dagokionez, Gipuzkoan patronalen aldetik estrategia globala ikusten ari gara negoziazio mahaietan, edukien blokeoarena hain zuzen ere. Atzera pausoak bilatzen ari dira eta horregatik ez dira hitzarmenak sinatzen.

 
Zehazkiago, Gipuzkoako ostalaritzan, sektorea bi azpisektore handitan zatituta dago. Alde batetik, hotel eta alojamenduena eta bestetik, ostalaritza eta jatetxeak (kolektibitateak).
                               
Gaur egun, blokeatuta dago hotel eta alojamenduen hitzarmenaren negoziazioa, patronalak uko egiten baitio sektorean goraka doan externalizazioari. Gure ustez estrukturalak diren zerbitzuak kanporatuta dituzten hotelak daude, hala nola garbiketa, harrera, jatetxea edo gelen garbiketa.
 
Hotel eta alojamenduetako egoera larria bada, ez da gutxiagorako ostalaritza eta jatetxeetan:
 
•Hitzarmen kolektiboa 2010etik berriztu gabe
•7 urte daramatzagu soldata eta laneko eskubideak izoztuta.
•Gainera, sektore honetako enpleguan iruzurrean oinarritutako praktiken portzentaia handia dago, aldi baterako kontratuekin lanaldi luzeak mozorrotzen direlarik.
•Lanaldi partzialeko kontratazioan gehiegikeriak, ustezko autonomoak
•Prestakuntzako kontratu ugari, azpikontratazioa…
 
Egoera honi gehitu beharko litzaioke UGT eta CCOO egiten ari den ofentsiba negoziazio kolektiboa estatalizatzeko. Honek dakarrena da kolektibitateetako kontratazio berrietan lanaldiak luzatzeak (77 ordu Gipuzkoan) eta 7.427 eurotako soldata galera lankide beteranoekiko.
 

 
Hortaz, esan dezakegu Gipuzkoako ostalaritzako negoziazio kolektiboaren egoera dramatikoa dela eta ez du ematen konponbide negoziatua egongo denik. Antolaketa eta borrokaren bidez lortu beharko ditugu langile bezala ditugun neurriak.
 
Gaurko eguna probestu nahiko genuke Donostian industria turistikoaren B aldea salatzeko, hain modan egon dena autengo udan.
 
LABek iritziz honakoak dira jarduera hau uzten ari den ondorioak. Lehenik eta behin turistifikazioa. Ondorio nagusiak dira hiriaren izaera aldatzea, bere dimentsio politikoan zein alderdi sozial eta kulturalean, eta etxebizitzaren alorrean sortzen diren ondorio larriak.
 
Interes korporatibo, finantziero eta higiezinenak dira fenómeno hauetatik onura jasotzen dutena. Eta ikusten ari gara turismoaren ustezko onura ekonomikoak ez direla klase herritarretara heltzen.
 
Enpleguari dagokionez, detektatu dugu industria turistikoa indartsu dagoela, pernoktazioak gora egiten dute, bisitari, diru-sarrera eta establezimenduen errentagarritasunak ere. Gainera, industria turistikoa, turismoaren benetako hazkundearen azpitik ari da enplegua sortzen eta sortzen dena prekarioa, aldi baterakoa, partziala eta soldata baxuduna da. Ostalaritzan zerbitzu anitzetako enpresak sortzen ari dira (pisuko zerbitzariak), “kellyak” bezala ezagunagoak direnak. Gainera, lanaldi partzialeko enpleguak daude, iruzur iturri bihurtu den kontratua, formalki partzialak diren arren, benetan 8 edo 10 ordutako lanaldiak izkutatzen dituztenak.
 
Iruzurra dakarren beste bide bat, “malgutasuna” handitzea helburu duena, “ustezko autonomoen” fenomenoa da. Honek berarekin dakarrena da “mileuristak”, kontziliaziorako ezinezkoak diren ordutegiak, enpleguan segurtasun falta, estazionalitatea eta prekarietatea eta iruzurra.

 
Maila sozialean, fenomeno honek ondorio nabarmenak sortzen ditu gure herri eta hirietan hala nola: jatorrizko biztanleria beste leku batzutara joatea; funts putreek erabilera turistikorako etxebizitzak erosten ditu alokairu eta erosketarako prezioak aldatuz; osasun, kultura edo hezkuntzako azpiegituren gabezia modan jartzen diren auzoetan; gertuko merkataritzan aldaketak merkataritza-kateen ondorioz eta aldaketak bizikidetzan (zarata, zikinkeria, ongizatea galtzea…).
 
Hainbat konponbide dago turistifikazioa gelditzeko:
•Pisuen alokairuaren prezioa kontrolatu.
•Sektore turistikoa arautzea, alokairu turistikora bideratutako hirigintza-sektorea gutxitzeko, alokairu komertzialeko eskaintza erraztuz eta hotel berriak eraikitzeko lizentziak kontrolatuz. Esaterako, berriki 22 lizentzia eskaini dira hotel berriak eraikitzeko Donostian.
•Udalek turismoari egindako zergapetzean protagonismo handiagoa izateko presionatu.
•Gaueko aisiko lokalak arautzea bizilagunekin bizikidetza errazteko.
•Etxebizitza planak hobetu baliabide gutxien duten herritarren alokairurako sarbidea bermatzeko: New Yorken, alberge baten bizi den helduen %16ak enplegua dauka.
•Zerga turistikoa bultzatzeko aukera aztertu.
 

 

 

 

Komunikatu sindikala Katalunian gertatzen ari denaren harira

0

Estatu Espainola osatzen duten nazio ezberdinetako klase sindikalgintzak, bere iritzia plazaratu nahi du iritzi publikora Katalunian azken egunotan gertatzen ari diren gertakizunen harira.

Estatu Espainola osatzen duten nazio ezberdinetako klase sindikalgintzak, bere iritzia plazaratu nahi du iritzi publikora Katalunian azken egunotan gertatzen ari diren gertakizunen harira.

Lehenik eta behin Kataluniako erakundeek hartu dituzten erabakien zilegitasun demokratikoa aitortu nahi dugu, Kataluniako parlamentuak babesturikoak diren heinean, Kataluniako herriaren burujabetza ordezkatzen duen espazioa eta demokratikoki aukeratua den neurrian.

Estatu Espainolak konstituzioaren 155. Artikulua aplikatu izana gogor gaitzetsi nahi dugu. Zilegi eta demokratikoki aukeratua izan den gobernu bat kargu gabetu du eta Kataluniako auto-gobernua eta berauen erakundeak indargabetu ditu, demokraziaren kontrako estatu kolpe bezala kalifikatzen dugun mugimendu batekin.

Kataluniako herriaren kontrako errepresio eta jazarpen judiziala salatzen ditugu. Jazarpen eta errepresio hau ANC eta OMNIUNeko lehendakariekin atxiloketez gain Kataluniako lehendakari ordearen eta gobernuko zortzi kontseilarirekin gauzatu da, aldi berean Gobernuko lehendakaria den Carles Puigdemonten eta gainontzeko gobernu kideen kontrako zitazio judizialarekin eta baita Urriaren 1eko jazarpen poliziala sare sozialetan salatu duten pertsonen atxiloketekin gauzatu dena. Inolako mugarik ikusten ez zaion gorakada errepresibo baten aurrean aurkitzen gara, onodorio politiko oso arriskutsuak izan ditzakeena, ez baita herrien erabakitzeko eskubidea bakarrik zalantzan jartzen, adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna bezalako oinarrizko eskubideak ere zalantzan jarriz. Hori gutxi ez balitz, paradoxikoki neurri guzti hauek Europako gobernu ustelenak hartu ditu, 78ko erregimenaren eta monarkia anakronikoaren morroi diren gainontzeko alderdien laguntza ezin hobearekin.

Kataluniako herriari azken 10 urteetan, pairatzen ari diren gatazka politiko honen aurrean irtenbide adostu bat bilatzeari etengabe uko egin dion gobernu bat aurre egiten ari dion momentu honetan gure babesa adierazi nahi diogu, Ez da gatazkari irtenbide politikoa bilatzeko inolako ahaleginik egin. Arrazoi horregatik Kataluniako parlamentuak eta Espainiako gorteek onarturiko eta Kataluniako herriak erreferendumean berretsitako Estatutuari Epaitegi konstituzionalean helegitea jarri zitzaion, eta horregatik ukatu egin zaio Kataluniako herriari erreferendum adostu bat egiteko aukera, Kataluniako herriak bere erabakitzeko eskubidea gauzatu ez zezan hain zuzen ere.
Pasa den Urriaren 1ean 2.286.217 pertsonek Erreferendumean parte hartu zuten (Zentsuaren %43). Baiezkoak 2.044.038 bozka lortu zituen (bozen %90,2) eta ezezko bozak 177.547 izan ziren (%7,8), aldiz bozka zuriak 44913 (%2). Bozka hauek gehiago izan zitezkeen baldin eta Katalunian zehar zeuden 2300 bozkalekuetako 400-dik hautestontziak eraman izan ez balituzte, eta baldin eta 1066 zauritu eragin zituen indarkeria masiboa erabili izan ez balute.

Gertakizun hauen aurrean Espainiar Estatuko Gobernuak elkarrizketari eta akordioari, irtenbide adostu eta demokratiko bat bilatzeari, eta erakunde nahiz Kataluniako herritarren aldarrikapenei, ateak ixten dizkie, neurri errepresiboak martxan jartzen eta botere judiziala haien helburu politiko partidisten zerbitzura jarriz.

Bukatzen joateko azpian sinatzen dugun sindikatuok Kataluniako herriak modu baketsu, libre eta demokratikoan hartzen dituen erabakiak babesteko gure konpromisoa berresten dugu, elkartasuna herrien arteko xamurtasuna dela ulertzen dugulako, eta klase sindikatuak garen neurrian, ulertzen dugulako ezinezkoa dela aldaketa sozial eraldatzaile martxan jarri 78ko erregimena apurtu gabe. Horregatik guztiagatik bakoitzak bere eremuan eta dauzkagun indar guztiekin prozesu honetan Kataluniako herria babesten jarraituko dugu.

Azkenik Espainiako Estatuari Kataluniako herriaren gehiengoaren borondatea eta herri bezala dagozkion eskubideak errespeta dezan exijitzen dugu. Aldi berean Atxiloturiko ANC eta OMNIUN-eko lehendakariak nahiz gobernuko kide diren preso politiko guztiak askatzea exijitzen diogu.

Sinatzaileak; CUT Galiza, CUT Aragon, CSI Asturies, ELA Euskal Herria, COS Països Catalans, Intersindical CSC, LAB Euskal Herria, Confederación Intersindical, Intersindical Valenciana, SAT Andalucia, IAC Catalunya, Confederación Intersindical Galega, STEI Balears, STEILAS, FSOC Canarias, ESK Euskal Herria.

 

 

 

Estatuaren izaera antidemokratikoa salatuko dugu bihar hainbat eragileok

0

Atxikimendu gehiago batu ditu biharko manifestazioak, eta gaur agerraldia egin dugu Bilbon, horien berri emateko. Hain zuzen ere, hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalok deitutako protesta 17:00 abiatuko da larunbatean, Bilboko La Casillatik, "155.ari ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea" leloarekin. LAB, EH Bildu, ELA, ESK, STEILAS, CNT, Etxalde, EHNE eta Gure Esku Dago eragileok aste hasieran iragarri genuen manifestazioa, eta gaurkoan beste zenbait eragilek ere parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Deitzaileekin batera, hauexek dira biharko manifestazioari atxikimendua erakutsi dioten eragileak:

Podemos, Ezker Anitza, Ipes, Eguzki, Berri Otxoak, Bilgune Feminista, Getariako Txikota Elkarte Soziala, Komite Internazionalista, Hitz & Hitz, Independentistak, Emakumeen Mundu Martxa, Bizkaiko Emakume Asanblada, Ernai, Erabakizaleak, Brujas y Diversas eta Askapena, besteak beste.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako oharra:

– "155. artikuluari ez. Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea" leloarekin manifestazioa deitzen dugun eragileok hurrengo larunbatean Bilboko kaleetan egingo den mobilizazioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, orain inoiz baino gehiago. Aurreko astelehenean manifestaziora deitu genuenean, argi adierazi genuen 155. artikulua indarrean jartzeko erabilitako neurriak Kataluniaren, hango autogobernuaren eta demokraziaren beraren aurkako eraso larria zirela. Atzo, gainera, Espainiako estatuak egindako erasoaren bortizkeria areagotzen ikusi genuen, Kataluniako Governeko kideen aurkako espetxeratze aginduekin.

– Aurreko astelehenean egoera larria bazen, oraindik eta larriagoa da orain esku artean daukagun egoera. Kataluniako herritarrek demokratikoki aukeratutako ordezkariak espetxeratu egin dituzte, beren herritarrei iritzia emateko aukera emateagatik. Hautestontziak jartzeagatik. Politika egiteagatik. Demokrazia azken muturreraino defendatzeagatik. Argi eta garbi esan beharra daukagu. Atzo espetxeratutako Kataluniako Governeko kideak eta aurretik espetxean dituzten Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ekintzaile sozialak preso politikoak dira.
– Honek guztiak agerian utzi du, beste behin, Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa eta autoritarioa. Espainiako estatuak ez du inolako berme demokratikorik eskaintzen bertan bizi diren herrientzat eta herritarrentzat. Espainiako estatuan, esan bezala, preso politikoak daude. Soilik politika egiteagatik herritarrek modu demokratikoan hautatutako pertsonak espetxeratuta dituzte. Espainiako estatuak ez du onartzen beren etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabaki nahi duten herriak eta herritarrak egotea, eta horren alde lan egitea. Eta bere erantzuna bortizkeriara mugatzen da. Espainiako estatuak uko egin dio herriak eta herritarrak seduzitzeari, eta indarra baino ez zaio geratzen, atzo Governeko kideen espetxeratzearekin ondo baino hobeto ikusi zen bezala.

– Baina Espainiako estatua egiten ari den eraso antidemokratikoa ez da Katalunian bakarrik geratuko. PPren ordezkari politiko batek baino gehiagok adierazi duen bezala, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea praktikan jarriko duten ororen kontra egingo dute. Estatuaren mezua argia da: daukazuenarekin konforma zaitezte, bestela autogobernu murrizketa edota espetxea ezagutuko dituzue. Argi hitz egin dezagun: turkiar erako demokrazia ezartzen ari dira Espainian, eta geratzeko etorri da. Horixe da, hain justu, 155. Artikuluaren helburuetako bat.

– Egoera honen aurrean, asko daukagu jokoan euskal herritarrok. Gure autogobernua eta gure etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala daukagu jokoan. Egoera larria da, Espainiako estatuak erabakia duelako inboluzio antidemokratiko honekin jarraitzea. Gure herrian, gure autogobernuan eta herri eta herritar bezala ditugun eskubideen defentsan sinesten dugunok ezin gara etxean geratu. Horregatik, Euskal Herriko demokrata guztiak larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu. Larunbatean, Espainiako estatuaren izaera antidemokratiko eta autoritarioari aurre egingo dion Euskal Herriko harresi demokratikoa eraikitzen hasteko aukera paregabea daukagu.

– Amaitzeko, aurreko astelehenean adierazi genizuen gure deialdia irekia zela eta bestelako eragileei bat egiteko deia egiten geniela. Gaur hemen daude bat egin duten eragileetako ordezkari batzuk ere bai.
 

 

 

Ostalaritzako Akordio Markoaren aurkako epaia “lan arloko 155” dela salatu dugu

Joan den asteartean, hilak 30, jakinarazi ziguten CCOO eta UGTk EAEko Ostalaritzako Akordio Markoaren aurka sartu zuten demandari buruzko epaia. Bada, CCOO eta UGT sindikatuek eskatutako nulidadearen alde egiten ez badu ere, epaiak dio EAEko akordioa ezin izango dela aplikatu Estatukoa indarrean dagoen artean, hau lehenago negoziatu zutelako. Hortaz, LAB eta ELA sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur, erabaki hori salatzeko eta helegitea aurkeztuko dugula jakinarazteko. LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiaren hitzetan, "gure erabakitzeko eskubidea debekatu nahi dute".

Auzitara jo zutenek, CCOO eta UGT sindikatuek, bi asmo zituzten: epaileek Akordio Markoa indargabetzea eta nulutzat jotzea. Modu subsidiarioan eskatzen zuten Akordio Markoaren eraginak ez zitezela aplikatu. Bada, epaiak honakoa ebazten du:

-EAEko Ostalaritzako Akordio Markoa ez dela nulua, negoziatzeko eta sinatzeko legitimazioa dutenen artean gauzatu baitzen.

-Epaiak akordioen arteko konkurrentzia gertatu dela dio, hots, EAEko akordioa ezin izango dela aplikatu estatukoa indarrean dagoen artean (2019ko abendura arte), hau lehenago negoziatu zutelako; haatik, estatuko akordioa iraungitzen denean EAEkoak bere eragin guztia izango duela.

Horrenbestez, erabakiak epe laburreko ondorioak izango ditu:

-Akordio markoaren aurkako demandarekin, epaia dela eta, CCOOk eta UGTk lortu dute enpresek kontratatzen duten langile berriei urteko 10.747 euro ordaintzea, 1.800 ordu lan eginda; beraz, soldatetan galerak 8.000 eta 7.000 euro dira, lurraldearen arabera (hitzarmeneko soldata 19.537 euro dira Araban, 18.588 euro Bizkaian eta 17.427 Gipuzkoan). Kontutan izan behar da aldea handiagoa dela orduko prezioan, izan ere, lurraldearen arabera 50 eta 77 ordu gehiago sartuko bailituzkete.
Gainera, lehenagotik kontratatuta dauden langileek galerak izango lituzkete: eskubideak, antzinatasunari dagozkion zenbatekoak, baja osagarriak…

-Gaur egun sektore honetako EAEko enpresa handiek ostalaritzako hitzarmen probintzialak ari dira aplikatzen. Soilik Espainia mailako hiru enpresak, Eurest, Sodexho eta Seruniónek, ez dituzte hitzarmen horiek aplikatzen. Egoera honek dumping egoera bat sortuko du enpresen artean, lehiaketa ez baita garbia hainbat arlotako kudeaketa lortzerakoan: erietxeetako eta sare pribatuko eskoletako jantokiak, enpresetako jantokiak, zahar etxeetakoak, etab.

Prekarizazioa
LABek eta ELAk Bilbon egin dugun agerraldian, LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziaio Kolektiboko Xabier Ugartemendiak eta Zerbitzu Pribatuetako Federazioko idazkari Saul Arangibelek hartu dute hitza.

Ugartemendiaren hitzetan, azken lan erreformetatik irtendako Lege espainola inposatu nahi dute, kontuan hartu gabe ez dutela inongo zilegitasunik, ezta langileen gehiengoaren babesik ere. Hau lan arloko 155-a da, eta Euskal Herrian legitimoki lortutako ordezkaritza Madrilen hartutako erabaki antidemokratikoen bidez ordezkatzea bilatzen duena. Gure erabakitzeko eskubidea debekatu nahi dute".

Ugartemendiak azpimarratu du negozioa kolektiboaren zentralizazioaren aurrean aurkitzen garela; Euskal Herriko langile klasea Estatukoaren parekatzea bilatzen duen zentralizazioa, parekatu baina egoerari txarrenera eramanda, bertako lan baldintzak okertuz: "CCOO eta UGTk, patronalarekin batera, dira, negoziazio kolektiborako eskubidea ezereztea bilatzen duen prozesu hau aurrera eramaten ari direnak, estatu mailako negoziazio eremua inposatuz".

Gure lan baldintzen zentralizazioa langileon interesen kontrakoa izateaz gain, lan baldintzen prekarizazioa soilik bilatzen duelako, antidemokratikoa ere badela adierazi du Ugartemendiak, maila sindikalean dauden gehiengoen kontra egiten delako, hau da, herri honetako langile klasearen borondatearen kontra: "Ostalaritzako Akordio Markoareren kasuan, CCOO eta UGTek ez dute sektoreko langileen borondatea errespetatzen, estatuko patronalarekin batera, %33ko ordezkaritza soilik eman daukatelako".

Lehendakaria, "mutu"
Iñigo Urkullu lehendakariarentzat ere hitzak izan ditu LABeko ordezkariak: "Lehendakariak ezin du mutu jarraitu arazo honen aurrean. Negoziazio kolektiboaren zentralizazioaren kontra agertzea, Estatuko negoziazio eremuak inposatu nahi dituztenekin apurtzea eta behingoz, bertan arlo sozioekonomikoann behar ditugun erabakiak hartzeko ahalmen osoa emango digun Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Esparrua lortzeko pausuak ematea exijitzen diogu".

Ugartemendiaren hitzetan, "herri honetako langile klasea nazkatuta dago bere lan baldintzak okertzea bilatzen duten inposaketekin. Herri honetako gizon eta emakumeei lan eta bizi baldintza duinak eta ahalmen osoa bermatuko digun marko politikoa lortu beharra dago. Hori lortzeko, langileok burujabetza prozesua bultzatu behar dugu".
 

 

 

Unibertsitatean prekarietatea oso presente dagoela salatu dugu Ibaetan

Ekimen Ibiltaria indartsu iritsi da Donostiara. Ibaetako kanpusean egon gara goizean, eta bertan egokitu dugu "Lan duina, bizi duina" dinamikaren berri ematen duen gunea. Eguerdian, manifestazio bat egin dugu kanpusean barrena, unibertsitatean lan egiten duten langileen egoraren berri emate4ko. Izan ere, hainbat dira prekarietatea bertatik bertara pairatzen dutenak: garbitzaileak, ikerlariak, ikasleak eta bekadunak, besteren artean. Guztiok izan ditugu gogoan protestan.

Ekimen Ibiltaria gaur iritsi da Donostiara, eta asteburuan geratuko da hiriburuan.

Goizeko jarduerak amaituta, gaur arratsaldean ekimen gehiago ditugu aurreikusita:

-17:00etan, karparen muntaketa Tabakalera aurrean (Nestor Basterretxea Plaza).
-17:30ean, elkarretaratzea Tabakalerako azpikontratetako langileekin; eskuorri banaketa beraien egoera azalduz.
-18:30etik 20:00etara, kultur emanaldia: kantautoreak, magoak, graffiteroak, … (lotzen ari gara).
-Arratsaldean zehar, erakusketa Egia pasadizoan prekarietatearen panelekin.

Bihar, larunbatarekin, jarduera eta protesta gehiago egingo ditugu:

-11:00etan, karparen muntaketa Bulebarrean.
-11:00etatik 12,30era, kalejira Alde Zaharretik ostalaritzako hitzarmenaren alde taberna ezberdinetatik pasaz; bertsolariak, trikitia…
-13:00etan, elkarretaratzea Bulebarrean ostalaritzako hitzarmenaren alde.
-Goiz osoan zehar propaganda banaketa karpa inguruan.
 

 

 

Urrian sinatutako kontratuen %92 aldi baterakoak ziren

Enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako datuen arabera, langabeziak behera egin zuen urrian. 1.966 pertsona gutxiago daude langabezian, orotara 165.375 pertsona aurkitzen dira egoera horretan. %57 emakumeak dira.

Datu hauek erakundeek azken aldian erabiltzen duten tonu baikorra elikatzeko erabiliak izango dira. Hala ere, urrian izan den beherakadaren atzean lan eskaeren inguruan Lanbide egiten ari den kudeaketa dago. Data hauetan, Enplegu zerbitzu publikoak esku artean dituen datuak Hezkuntza departamentuko datuekin alderatzen ditu, zerrenda ofizialetatik kanpo uzteko irakaskuntza ofizialean ikasketan egiten ari diren gazteak eta 25 urte baino gutxiago dituztenak baztertzeko, edo adin hau gainditu eta lehen enplegu bila dabiltzanak.

Honek azaldu dezake zergatik den EAE urrian langabeziak behera egin duen autonomia gutxietariko bat. Izan ere, Nafarroako enplegu zerbitzuak 24 langabe gehiago erregistratu zituen.

Dena den, duela 8 urteko langabezia maila antzekoetan aurkitzen gara. Beraz, langabeziaren beherakada motela kontuan izateaz gain, beste bi elementu larri izan behar ditugu kontuan: epe luzeko langabezia eta egiturazko arazo bilakatzeko arriskua. Behera egiten ez duena enplegu eskatzaile bezala izena emanda daudenen kopurua da, horien artean daude langabezian daudenak zein enplegu hobe baten bila dabiltzanak. Zehazki, Hego Euskal Herrian, gaur egun, duela urtebete baino 6.500 pertsona gehiago daude izena emanda enplegu bilatzaile bezala.

Argi dago bilakaera hau zuzenki lotuta dagoela sortzen den enpleguaren kalitatearekin, hauek gehienetan baldintza kaxkarrak dituztelarik, miseriazko soldatez gain. Zentzu honetan, azpimarratu behar dugu urrian sinatu ziren kontratuen %92 aldi baterako kontratuak izan zirela, eta urte osoan sinatu zirenen ia %93.

Langabeziagatik jasotzen diren laguntzei dagokionez, salatu behar dugu gaur egun langabezian daudenen %30 baino piskat gehiagok (kolektibo batzuk zerrendetatik kanpo geratzen dira) jasotzen dutela prestazioren bat, izan ordainketaren araberakoa izan asistentziazkoa.
 

 

 

Ekimen Ibiltariaren auto karabanak agerian utzi du prekarietatea Oarsoaldean

Ekimen Ibiltariak ez du etenik. "Lan duina, bizi duina" dinamika Oarso Bidasoa eskualdera iritsi zen asteartean, eta bertan ibili da gaur ere. Hain zuzen ere, gaur goizean oarsoaldetik kotxe karabana ekintzailea egin dugu, Oiartzungo Alcampotik abiatuta. Hala, hainbat enpresatik igaro gara. Niessen-en, Parisera euskal presoen aldeko mobilizaziora joateko deialdia zabaldu dugu; Geka-n, askatasun sindikala aldarrikatu dugu; Leroy Merlin zein Carrefourren, estatalizazioaren kontrako salaketa eraman dugu; Burger King eta Mercadonan, esplotazioa salatu dugu; eta astillerosetan lan osasunerako eskubidea aldarrikatu dugu.

Gaur arratsaldean, Pasai Antxon egokituko dugun Infogunean, hitzaldi bat egingo dugu Zumardian. “Pasaiako badian duin bizitzeko, burujabetza eta aldaketa soziala” izenburua izango du. 18:00etan hasiko da, eta LABeko Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak, Portuko LABeko kide Jose Ramon Zapirainek eta Pasaiako alkate ohi Juankarlos Alduntzik hartuko dute hitza.

Donostian, hainbat aldarrikapen
Donostiara iritsiko da bihar Ekimen Ibiltaria, eta larunbata arte geratuko da hiriburuan.

Hauxe da programa:

Azaroak 3, goizez; Ibaetako campusa:

-8,30etarako karparen montaketa Carlos Santamaria eraikinaren aurrealdea (Elhuyar Plaza, 2).
-9,00etan ekintza sindikaleko gidaren inguruko tailerra Aulategian, 2. solairuan.
-12,00etan mobilizazioa kanpusean zehar Aulategitik aterata; bukaerako ekitaldia Carlos Santa Maria eraikinaren aurrealdean unibertsitatean prekarizatutako hainbat sektoreen eskutik: garbitzaileak, ikerlariak, ikasleak, …
-Goiz osoan zehar propaganda banaketa karpa inguruan.

Azaroak 3, arratsaldez; Tabakalera:

-17,00etan karparen montaketa Tabakalera aurrean (Nestor Basterretxea Plaza).
-17,30etan kontzentrazioa Tabakalerako azpikontratetako langileekin;eskuorri banaketa beraien egoera azalduz.
-18,30etatik 20,00etara kultur emanaldia: kantautoreak, magoak, graffiteroak, … (lotzen ari gara).
-Arratsaldean zehar erakusketa Egia pasadizoan prekarietatearen panelekin.

Azaroak 4, goizez; Alde Zaharrean:

-11,00etan karparen montaketa Bulebarrean.
-11,00etatik 12,30etan kalejira Alde Zaharretik ostelaritzako hitzarmenaren alde taberna ezberdinetatik pasaz; bertsolariak, trikitia…
-13,00etan kontzentrazioa Bulebarrean ostelaritzako hitzarmenaren alde.
-Goiz osoan zehar propaganda banaketa karpa inguruan.

 

 

 

Heziketa bereziko langileek salatzen dute Eusko Jaurlaritzako ordezkapenetarako zerrendak ez duela behar bezala funtzionatzen

Heziketa Bereziko langileek salatzen dute euren arloko zerrenda zabaldu gabe egon dela 2015etik; eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ipintzen dituen baliabideak ez direla nahikoak ikastetxeek dituzten premiei aurre egiteko. Kontrakoa adierazi arren, Hezuntza Sailak ez ditu ordezkapenak betetzen lehenengo egunetik aurrera ondorengo sektore hauetan: heziketa berezia, garbiketa edota sukaldeetan.

Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak lanaldi osoko eta lanaldi erdiko langile bana ditu gure lurraldeko ordezkapen guztiak kudeatzeko. Egoera hori larriagotu egin da azken aste honetan, lau egunez egon baitira lanpostuen ordezkapenak bete gabe. Horrek itzelezko kalteak dakarzkio gure hezkuntza sistema publikoaren kalitateari.