2026-01-16
Blog Page 849

Garraiolari bat hil da Erriberagoitian


Gaur jakin dugu atzo Araban, Erriberagoitian, gidari bat hil zela kamioia errepidetik irten eta istripu baten ondorioz. 

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi diogu garraiolariaren senide eta gertukoei.

Azken heriotz honekin gutxienez 52 langile dira istripuz edo istripuen ondorioz bere bizitza galdu dutenak urtea hasieratik, Euskal Herrian.

Garraiolarien lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, lan baldintza kaxkarretan lan egitera behartuak daude kasu gehienetan, ezinezko ordutegiak dituzte, kamioian lo egitera behartuak daude, prezio baxuak …..

Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak. Arazo hauek behin eta berriz ezkutatzen saiatzen dira Administraziotik, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein prezioan.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatutik deia egiten dugu datozen egunetan gehiengo sindikalaren eskutik deituko diren deialdietan parte hartzeko.
 

 

 

Irakasleen %70 baino gehiagok egin du greba

0

Donostian deitutako manifestazioa.

Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunei jarraituz, oso jarraipen zabala izan du EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleen grebak. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du gaurko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 26.000 langile ingurutik %70 baino gehiagok egin du greba. Jarraipen bereziki handia izan du Haur eta Lehen Hezkuntzan. Grebarekin bat eginez milaka lagun irten da kalera Hezkuntza Publikoan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

Gasteizen egindako mobilizazioa.

Hauek dira, lan-baldintza hobetu eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzun eta garatzeko LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok behin eta berriro mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak:

• Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

• Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.

• Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

• Ikasle-ratioak %10 murriztea. • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea
(gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).

• Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.

• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa,
aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez dute ez Irakasleentzat ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.

Hezkuntza Sailari irakasleon eta Hezkuntza Publiko osoaren egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diogu. Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digu utziko.
 

 

 

Antolakuntza eta borrokaren aldeko apustua berretsi dugu Lisboan

0

LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz Portugalen dago, herrialde horretako CGTP IN sindikatuak antolatutako lanaren etorkizunari buruzko konferentzian parte hartzen, Europa, Asia, Afrika eta Amerikako hainbat sindikatuetako ordezkarirekin batera. Lisboan egiten ari diren jardunaldietan hitza hartu du LABeko ordezkariak, eta, Euskal Herria "saldu nahi diguten oasia ez dela" argi eta garbi utzi eta gero, nabarmendu du antolakuntza eta borroka direla egoerari buelta emateko bideak: "LABek langileei eskaintzen dien alternatiba antolakuntza da, patronalari botere eremuak irabazteko".
 

 

 

Igor Urrutikoetxea omenduko dute, larunbatean, Lezaman

Oxangoitin jarri dute hitzordua, 13:00etan, familiaren etxe aurreko zuhaitzara joateko. Ekitaldi bat egingo dute bertan. 14:45ean, berriz, bazkari bat egingo dute Oxangoitin eta, bazkalostean, CUPeko kide batek solasaldi bat eskainiko du.

2013ko azaroaren 28an hil zen Igor Urrutikoetxea Bilbao, Brasilen. Ibilbide luzea zuen LAB sindikatu barruan. Aholkularitza juridikoan hasi, Hego Uribe Arratiako arduradun, metalean gero, Nazioarteko idazkaria zen hil zenean. Hori sindikatu barruan, Lezama jaioterrian saltsa guztietan ibilitakoa zelako aurretik: euskalgintzan, herrikoan, presoen aldeko mugimenduan, internazionalismoan…

Hala, bere heriotzaren 4. urtemugan, hainbat jarduera egingo dituzte Lezaman, bere ekarpena eta ibilbideari ohore egiteko.
 

 

 

Kazeroladak egin ditugu Gipuzkoako Aldundiko lantokietan, hitzarmenaren alde

Langileen Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldebakarrez, hitzarmenaren negoziazio mahia itxitzat eman eta inongo akordiorik gabe Diputatuen Kontseilura eraman nahi izana salatzen du. Izan ere, langileen lan baldintzak arautuko dituen testu berri honek, aurretik genuen erregulazio guztia indargabetuko du.

Joan den azaroaren 16an argitaratu zuten oharrarekin eta Diputatuaren bulegora joateko gonbitarekin, Langileen Batzordeari eta Hitzarmen Kolektiboari dioten errespetu falta argi utzi dute.

Dauzkagun lan baldintzak langileek urteetan egindako borroken ondoren lortutakoak dira eta ez GFAko gobernuak borondate onez emandakoak, horregatik, mahaia berriro irekitzea eta benetako negoziazioa egitea exijitzen diogu Foru Aldundiari, lan baldintza duinak jasotzen dituen lan hitzarmen bat adosteko.

Mobilizazioekin jarraitzeko, lan zentro guztietan kazeroladak egin genituen atzo, LAB, ELA eta CCOO deituta.

 

 

 

Prekarietatea, jendarte-bazterketa eta euskal herritarren oinarrizko eskubideen bermea hemen erabakitzeari uko egitea dira EAJ-PSE koalizioaren lorpen handiak, PPren babesarekin

EAJ eta PSEren artean EAEko gobernua osatu zen momentutik bertatik, ez zitzaigun inolako zalantzarik gelditzen gobernu horrek garatuko zituen politikak parametro estrategiko biren azpian egingo zirela: gero eta mugatuagoa den esparru konpetentzial estatutarioa kudeatu eta euskal esparruan patronalari onura ekartzen dioten politika neoliberalak inplementatu. Aurrekari horiekin nabarmena zen gutxiengoan dagoen gobernuari falta zitzaion botua PPk jarriko zuela.

Gaur, akordio fiskalaren antzerkia amaituta, elementu ezezagun guztiak argitu dira. Akordio fiskal eta aurrekontuen ingurukoa dago EAJ eta 155 eta 135 artikuluen taldearekin, eta EAJren aldeko jarrera legegintzaldiko akordioan sakontzen jarraitzeko Estatuko gobernuan PP mantentzeko, hurrengo geltokia Estatuko aurrekontuak izango liratekeelarik…

Ondorioak negargarriak dira euskal langileentzat, BPGaren portzentaietan gastu sozialaren Europako batazbestekotik urruntzen gaituzten aurrekontuekin. Enplegura bideratutako partida mantentzen da BPGaren hazkundearen portzentaia beretsuetan handitu barik. Sektore publikoko birjartze tasa onartzen da zerbitzuak kaltetu eta enplegua suntsituz. Inbertsio produktiboa eta garapen ekonomikora bideratutako partidak murrizten dira eta 2012/02 Legearen irizpideak, defizit helburuak betetzeari dagozkionak, betetzen dira zehatz mehatz (aurrekontuaren igoera zorra ordaintzera bideratzen da nagusiki).

Operazioa borobiltzeko Sozietateen zerga 4 puntu jaisten da helburu bakarrarekin, produktibitate igoerak akziodun eta jabeentzako onura bihurtzea erraztea. Prekarietatea eta bazterketak, aberastasunaren banaketa desorekatuaren ondorio, bultzada berria jasotzen duten alderdi hauek adostutako fiskalitatearekin.
 

 

 

Abenduaren 12rako greba erregistratu dute EAEko unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoko kolektiboek

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok grebara deitu dugu egun horretarako, azken asteotan egin diren Borroka Asteei segida emateko, ikasturte hasieran iragarri bezala.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok mobilizazio ugari deitu ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Urrian zehar hainbat herri eta ikastetxeetan itxialdiak eta jai aldarrikatzaileak egin ditugu ikasle, guraso eta langileekin batera. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazio jendetsuak antolatu ditugu Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Aurreko hiru astetan Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileek, Sukaldari eta Garbitzaileek, eta Heziketa Bereziko Hezitzaileek izan zituzten Borroka Astea eta greba eguna, eta aste honetan Irakasleon txanda da. Hain zuzen ere, irakasleok bihar egingo dute greba.

Abenduaren 12an, berriz, kolektibo guztiek greba egingo dute, eta deialdi hori erregistratu dugu gaur, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.
 

 

 

Arabako enpresetan gertatzen den diskriminazioa eta iruzurrarekin amaitzeko eskatu dugu

LABek irailean egindako agerraldi batetik abiatuta, gaur, kontratazioan ematen diren iruzurra eta diskriminazioari buruzko mozio bat eztabaidatu dute Arabako Biltzar Nagusietako Plenoan. Hori dela eta, elkarretaratze bat egin dugu Probintzia Plazan, aldundiaren aurrean, Araban enplegu duina aldarrikatzeko.

Gaur, hilak 29, mozio bat eztabaidatu eta onartu da Arabako Biltzar Nagusietan, enpresetako kontratazioan ematen diren iruzurraren eta diskriminazioaren inguruan. Mozio honen abiapuntua sindikatuaren agerraldi bat izan zen, pasa den irailean Enplegu Batzordean Arabako lan merkatuaren azterketa eta gure kontratazio proposamena aurkeztu baikenituen. Hori dela eta, elkarretaratze bat burutu dugu Arabako Foru Aldundiaren aurrean “Ni fraude ni discriminación, ARABAn ENPLEGU DUINA” lelopean.

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu Arabako Biltzar Nagusiek beste alde batera begiratu dutela denboraz luzez eta soilik eztabaida bertara eraman dugunean hitz egin dela honetaz. Kontratazioan dauden iruzurra eta diskriminazioa aspalditik datozen arazoak dira eta LABen ustez, erakunde publikoek behingoz esku hartu behar dute beraiek ezabatzeko.

Hala eta guztiz ere, positiboki baloratzen dugu mozioa adostasun handiz onartu izana. Ikuskaritzak tresna eta bitarteko gehiago behar dituela uste badugu ere, LABen aburuz iruzur eta diskriminazioaren kontrako mozio hau abiapuntua izan daiteke erakunde publikoek esku hartzeko Patronalak eta, oro har, enpresa handiek mantentzen duten jokabideei aurre egiteko eta behingoz egoera larriak konpontzeko. Ildo horretatik, eta mozioaren 3. puntuaren deialdiari helduz, LABek, zenbaitetan beste sindikatu batzuekin batera jada enpresa batzuetan proposatu du kontratazio eredua alde guztien artean adostea, irizpide garden, objetibo eta ez-diskriminatzaileak aintzat hartzeko.

Edonola ere, ezin dugu ahaztu Arabako erakundeek eta PNV, PSE eta PP alderdiek hilabeteotan erabateko babesa ematen dietela Patronala eta herrialdeko enpresa handiei, noiz eta Ikuskaritzak berak beraien iruzurra ebatzi duenean, noiz eta diskriminazioa eta entxufismoa inoiz baino ageriagoa direnean. Eta ez hori bakarrik, enpresa iruzurtiak eta diskriminatzaileak txalotzeaz gain, Patronalaren TRIPARTIOAk (PNV-PSE-PP) zergak jaitsiko dizkiete, herritarron kaltetan.

Horregatik, LABek lanean jarraituko du mozio hau paper hutsean ez gelditzeko eta erakundeen inplikazioa bultzatzeko. Aldi berean, gure kontratazio-proposamena zabaltzen jarraituko dugu, bai gizarte eragileen artean bai enpresetan, iruzurra eta diskriminazioa ezabatzeko eta azken batean Araban enplegu duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeko.
 

 

 

Alfako enpresa batzordeak mobilizatzeko deia egin du

0

ALFA taldea 800 langile izatetik 200 izatera pasatu da azken 5 urteotan. 2010 ingurutik ez da soldata igoerarik egon. Gainera, ordutik hona %10 eta %30 arteko soldata jaitsierak izan dituzte langileek. Aurreko urtean, ALFA LAN (enpresa taldearen burua) enpresako diru kontuetan, 3 pertsonen artean 2.240.000 euro banatu zituztela aurkitu zuten, hau Industris GOL enpresa saldu ostean kobratu dute "arrakasta prima" moduan. Langileek eta komiteak saiakera handiak egin dituzte errekuperazioa lortzeko, baina datu hau ezagutu izanak borrokatu areagotu du azken hilabeteotan. Langileak mobilizatzen hasi direnean (paroak, pankartak…) enpresak mehatxuei ekin die, oraingo honetan EEE bat mahai gainean jarrita. Honengatik guztiagatik, enpresa batzordeak egoeraren berri eman du gaur, Eibarren, eta euren aldarrikapenak eta datozen egunetarako mobilizazioak aurkeztu ditu; gaur arratsaldeko manifestazioa, tartean.

Hau da Alfako enpresa batzordeak kaleratu duen oharra:

Alfa Precision Casting enpresako beharginen batzarra barikuan bildu zen (2017-11-24), eta enpresak Auto Mecanizados enpresari aurkeztu enplegua iraungitzeko espedientearen aurkako iritzia eman zuen; gehiengoak azaroaren 27an, 28an, 29an eta abenduaren 4an eta 5ean GREBA egitekoaren ALDEKO botoa eman zuen.

Grupo Alfako behargin-kopurua 800 beharginetakoa izatetik 200 izatera igaro da azken urteotan; enplegu galera izugarria izan da hortaz.

Duela 5 urte, Alfako beharginoi ezarri ziguten soldata-jaitsiera %10a eta %30a bitartean egon zen, behargin bakoitzak izan zitzakeen soldata-mailen araberakoa. Hori guztia lanpostuei eusteko egin zen. Horrez gain, gogoratu gura dugu eros-ahalmenaren murrizketa, honezkero, %23koa dela, batez beste; aurki, egoera konpondu ezean, aipatu galera gero eta handiagoa izango da.

2017.eko uztailean, Grupo Alfako zuzendaritzarekin izan genuen azken bileran esan ziguten Alfa Precision Casting enpresaren altxortegia oso positiboa zela, baina hala ere, 6.000.000 €tako hipoteka-zorra zeukala. Behargin guztiok dakigu aipatu zorra Industrial Gol erosi izanak eraginda sortu zela.

Eta zer jazo da Industrial Golen salmentan irabazitako diruarekin (22.000.000 € inguru)? Tamalez, erantzuna guk geuk bilatu behar izan genuen Merkataritza Erregistroan; hura baieztatu ziguten enpresaren 3 kontseilarik: “arrakasta-sari” kontzeptuan 2.289.092 €tako huskeria banatu zuten.

Ez dugu ahazten ere Mecánicas Mallabiren likidazioa, taldearen beste enpresetako bat, ez eta haren gardentasun eza eta asmo gaiztoak.

Aipatu dugun guztia eta bestelako jazoerak ikusi ostean, beharginak nazkatuak daude, aldiro, enpleguak erregulatzeko espedienteak aurkeztearekin egiten zaizkion mehatxuokin, bertan lan egiten dugun familien etorkizunarekin enpresa batera garbi ez jokatzearekin, soldatak jaistearekin eta horrenbeste urtez izoztearekin, enpresa likidatzeaz egiten diren mehatxuekin eta Mecanizadosen aurkeztu den enplegua erregulatzeko espedientearekin.

Horrengatik, Batzarrak erabaki du 5 egunetan Greba eginez mobilizatuko garela, Mecanizadoseko lankideei sostengua adierazteko eta enpresak EGONKORTASUN ETA ETORKIZUNEKO KONPROMISOAK bere egin ditzala eskatzeko, beti ere, ALFAKO FAMILIAK KONTUAN HARTUZ.
Talde honen zuzendaritza ez zaigu fidagarria iruditzen, bilerak eta informazioa ukatu dizkigute, haren jarrera ez da batere gardena izan eta berriro, enplegua erregulatzeko espediente berria daukagu mahai gainean.

Proiektu berriak izan badaude, prozesua kontrol handiagoz egiten da, baditugu bezero handiak, badago gaitasuna,… baina hala ere, zuzendaritza horrek gura duen bakarra opilaren zati handi- handia da… Horrela, geure buruei galdetzen diegu: zeintzuk dira zuzendaritza horren benetako asmoak?, zeintzuk dira dauzkagun egonkortasuneko eta etorkizunerako konpromisoak?, zuzendaritza horrek berriro banatuko ditu “arrakasta-sariak”?

Alfaren etorkizunaren, lanpostuak eustearen eta Alfako beharginen baldintza duinen aldeko borrokari eutsiko diogu.
Horrengatik, Grupo Alfako behargin guztiak eta Eibarko hiritarrak deitzen ditugu bat egin dezaten azaroaren 29an, 19:00etan eta Untzaga plazatik abiatuko den manifestazioarekin.