Maiatzaren Lehenaren mobilizazioak eskualdeka egin ditu LABek aurtengoan. Hemen eskualde guztietako argazki sorta bat duzue.
Behargin bat hil da Iruñean
LAB sindikatuak joan den ostiralean gertatutako lan istripu hilgarriari buruzko salaketa egin nahi du. Hain zuzen ere, Iruñean lanean ari zen F.J.P.O 48 urteko gizonezkoa da hildakoa eta GRUPO EULENeko langilea.
Kasu honetan, langilea Errotxapeako pisu bat margotzen ari zen eta, jakin gabeko arrazoiengatik, hedabideek esan dutenen arabera, altueratik erori zen.
LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.
Dagoeneko 2018an Euskal Herrian gutxienez 18 langile hil dira euren lanpostuetan edo horien ondorioz: 1 Araban, 11 Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 4 Nafarroan.
Aldi berean, erakundeei eta patronalari exijitzen diegu ezbehar honen inguruko guztiak argitzeko, prebentzio neurriak hartu ziren ala ez eta egokiak ziren ala ez argitzeko.
Behin eta berriz salatu dugu lan istripuen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla, prekarietatea eta lan osasuna elementu kontrajarriak direlako. Ildo beretik, Administrazio Publikoei exigitzen diegu beste alde batera begiratu ez dezatela; lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezar ditzatela.
Datu horiek guztiak kontuan hartuta, hurrengo egunetan lan istripua salatuko dugu.
[IRITZIA] Mugak Zabalduz: Errege Magoak, gerrak eta Euskal Herria
LABeko Ekintza Sozialeko kide Miriam Diaz de Tuestak eta Mikel Alvarezek iritzi artikulu bat idatzi dute Mugak Zabalduz karabanaren etorrera dela eta.
Errege magoak ekialdetik datozela txikitatik kontatu digute; gerrak soilik ekialdean gertatzen direlaren kontakizunarekin hazi izan gara betidanik; eta gaur egun, behin eta berriro errepikatzen digute Euskal Herriak ez duela zerikusirik Ekialde Hurbilean ematen ari diren eraso inperialistekin. Errege magoak, gerrak eta gure herria. Nobela baten izenburua izan liteke, baina ez, bizi dugun errealitate gordinaren isla besterik ez da.
Euskal Herritarrok ordea, ez gaude prest beste alde batera begiratzeko eta ezer gertatzen egongo ez balitz bezala geldirik egoteko. Ez dugu ahaztu nahi orain dela hamarkada batzuk euskaldun ugarik ere, goseak jota, beste herrialde batzuetara migratu behar izan zutela, gudatik ihes egin behar izan zutela, euskaldun asko ere errefuxiatuak izan zirela eta badirela oraindik ere.
Gaizki deituriko “errefuxiatuen krisia” hau hasi zenetik milioika pertsonek beraien herrialdeak utzi behar izan dituzte arrazoi ezberdinengatik, ekonomiko, politiko edota klimatikoak direla medio hain zuzen ere. “Errefuxiatuen krisia” bezala kontzeptualizatzen dugunean, atzean dauden ardura politikoak izkutatzeko arriskuan erori gaitezke. Errefuxiatuak dira, hain zuzen ere, gutxi batzuen pribilegioen eta etekinen alde abiaturiko gerra hauen aurpegirik krudel eta latzena. Errefuxiatuak dira, gure barnera begiratzera behartu eta herri bezala, gure posizioa berrikustera bultzatu gaituztenak.
Kapitala garatzen ari den mundu mailako ofentsiba total honek aurpegi anitza duen arren, bi elementu garbi dira mahai gainean jarri direnak. Alde batetik, emakumeak direla beste behin ere kaltetuenak, haien jaioterrian, ihes-bidaian zehar, Atzerritarrentzako Zentro Itxietan etab. pairatzen duten indarkeria era askotarikoa da. Bestaldetik, gaizki deituriko “lehen munduko” langile klasearen lan eskubideak geroz eta murritzagoak diren bitartean, “hirugarren munduko” langileen kontrako erasoak interbentzio inperialisten eta biolentziaren bitartez gauzatzen ari dira. Azken errealitate horretatik eratortzen dira, hain zuzen ere, errefuxiatuen azken uholdeak eta besteak beste, Mediterraneoan ematen diren tragedia humanitarioak.
Ezin dugu ahaztu Euskal Herria zentro inperialista horretan kokatzen den herria dela eta zentzu horretan, gure herriak zuzenean parte hartzen duela oinarrizko eskubideen kontrako ofentsiba horretan. Mugak Zabalduz Karabana EH honen berri ematera dator: orain arte kanpoan salatu ditugun errealitate horiek gure herrietan ere presente daudela. Apirilaren 28tik 30era garatuko den ekimen honetan, giza eskubideen urraketa anitzak izango dira jomugan. Hendaiako Atzerritarrentzako Zentro Itxia, armak produzitzen dituen SAPA enpresa Andoainen, Iruñean Polizia Nazionalak eraildako Ndiaye senegaldarraren kasua, Bardeetako tiro poligonoa, Gasteizen hezkuntzan ematen den segregazioa, Bilboko portuan jazotzen ari diren giza eskubideen kontrako eraso larriak…
Eskubide guztiak pertsona guztientzat. Esaldi hori ez da soilik eslogan bat; esaldi hori aldarrikapen zehatz bat da. Jendarte berri bat denon artean eraikiko dugu, benetan Euskal Herri berri anitz eta justua lortu nahi badugu. Hemen bizi eta lan egiten dugunok gara, zentzu horretan, herri hau osatzen dugunak. Lan eta bizi duin bat bermatuko duen herri duin batean bizitzea da gure helburua. Euskal Herrian helburu horren alde borrokatzen ari gara eta aldi berean, gainontzeko herri langileekiko elkartasun internazionalista praktikara eramatea da gure konpromisoa. Azken finean, hauek dira egin ditzakegun ekarpenik onenak bestelako mundu baten aldeko borrokan.
Sindikalgintzak munduko langile guztien defendatzailea izateko bokazioa du, edo bestela, ez da ondo kokatuta egongo errealitate geroz eta globalizatuago honetan. LABetik argi daukagu… gora munduko langileria!
Lanak ez omen du gaixotzen
Jose Luis Landeta eta Mertxe Apolinarren lekukotasunak bildu ditugu. Urteak eman dituzte borrokan epaitegietan, euren lan gaixotasuna aitortua izan dadin.
Apirilaren 28a da gaur, Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna. LAB berriro irten da kalera, eta, aurten, ezkutuan dagoen arazo larri bati ikusgarritasuna eman diogu mobilizazioetan: lan gaixotasunei. Datua beldurgarria da: lan istripuz hiltzen den langile bakoitzeko 18 heriotza daude lan gaixotasunen ondorioz, Europako Batasuneko datuen arabera.
Mutuek, patronalak eta administrazioek ezkutatzen duten errealitate baten aurrean gaude; hori dela eta, lan gaixotasunak dituzten langileek gurutzebidea pasa behar dute euren gaixotasuna epaitegietan aitortu dezaten, aitortua izaten bada. Bi lekukotasun jaso ditugu gaiaren larritasuna irudikatzeko. Jose Luis Landeta eta Mertxe Apolinarrekin bildu gara, euren esperientzia ezagutzeko. Lehenak industrian egin du lan, beira sektorean; bigarrenak zerbitzu pribatuetan, garbitegi batean.
Landetak 73 urte ditu, eta eztarriko eta biriketako minbizia diagnostikatuta ditu. Laudioko Guardian enpresan egin du lan 28 urtez, antzinako Villosa lantegian. Amiantoaren biktima da. “Tenperatura altuekin egiten genuen lan eta, ondorioz, beroarekin batera, etengabeko kontaktua genuen amiantoarekin. Langileak arrisku bizian ginen, baita etxekoak ere, amiantoz kutsatutako arropa etxean garbitzeko orduan”, adierazi du.
51 urterekin, eztarriko minbiziagatik utzi zion lan egiteari. Baliaezintasunaren aitortza, ordea, ez zuen lan gaixotasunagatik jaso, osasun arazo arrunten bidetik baizik. Handik sei urtera, arnasa hartzeko zailtasun handiak sortu zitzaizkion. Biriketako minbizia zuen. Orduan, bai, borrokari ekin zion, bere gaixotasuna lan gaixotasun gisa aitortua izan zedin. Urte luzez borrokatu eta gero, duela gutxi jaso du aitortza: “Bost abokatu desberdin genituen kontra; mutuetakoak, enpresakoa… Oso etsigarria da, eta horrekin jokatzen dute, bidean gera zaitezen, borroka bukaera arte ez eramateko”.
Landetaren bizitza guztiz baldintzatuta dago. Medikamendu eta antibiotiko asko hartu behar ditu egunero, eta oso bizitza lasaia behar du eraman, arnasa hartzeko dituen zailtasunak direla eta. Komunean sortzen den kondentsazioak, esaterako, itolarrian utz dezake, baita kaleko paseo arrunt batek ere. Jasotzen duen pentsioaren zati bat tratamenduetarako erabiltzen du. Orain akupunturarekin dabil, gutxieneko bizitza kalitate bat lortze aldera. “Lankide ohi batzuk hil dira urte hauetan, amiantoaren ondorioz ere, inolako aitortzarik jaso gabe. Beste lankide batekin ekin nion epaitegietako borrokari, baina, momentuz, emaitza desberdinarekin”, azaldu du. Landetaren esanetan, mediku batek bere alde egin izanak ikaragarri lagundu zion bere auzian: “Medikuek onartzen dute zure gaixotasun, baina inor ez da bustitzen, inork ez du idatziz jartzen”.
Mertxe Apolinar iritzi berekoa da. Medikuak, mutuak, enpresak, administrazioa… bere iritziz, konplize asko daude lan gaixotasunak ez onartzeko jarrera sistematiko horretan. “Langileok ere erru asko dugu, ez borrokatzeagatik. Nire kasuan, gaixotasun arrunta edo lan gaixotasuna izateagatik ia pentsio bera jasotzen dut, baina kontua ez da gehiago edo gutxiago jasotzea, lanean gaixotzen ari garela erakustea baizik. Eta, horrela izanik, ez zait bidezkoa iruditzen Gizarte Segurantzak ordaindu behar izatea, guztion diruarekin, mutuei dagokienean hori”, esan du.
Apolinarrek 49 urte ditu, eta garbitegi industrial batean egiten zuen lan. Sei urtez egon zen bajan. Egunero, gutxienez, 3.000 kiloko pisua mugitu behar zuen. Lan horrek lesio larria utzi dio besoan, eskumuturrean, eta, ebakuntzak ebakuntza, guztiz desgaitua du orain, eguneroko bizitzarako ere. Beste eskumuturrean min handia du, eta ebakuntza beharko luke ere. Momentuz, ordea, oinazeari eustea nahiago du, ebakuntza batek bi eskuak desgaituak utziko bailizkioke: “Minak uzten didan arte aguantatuko dut”.
Apolinarrek ere gurutzebidea pasa du epaitegietan: “Lankide guztiek dituzte osasun arazoak, baina, hala ere, osasun arazo arruntak direla diote behin eta berriz. Kasualitatea da gero, langile guztiek tarak izatea…”.
Landetak eta Apolinarrek argi dute enpresek eta mutuek euren intereserako jokatuko dutela beti, borrokatu ezean. Modu sistematikoan ukatzen dute lanaren ondorioz eratorriko edozein gaixotasunaren jatorria: “Ez dizute kasurik egiten, burua beso azpian duzula aurkezten ez bazara”.
Gipuzkoako ostatuetako langileak borrokan jarraituko dugu
Gaurko bilera Patronalak deitutakoa izan dela azpimarratu nahi dugu. Baina ez da patronalak duen negoziatzeko prestutasunagaitik, langileak egiten ari garen presio eta borrokaren emaitza da. Greba deialdiarekin azken unerarte joateko dugun asmo irmoak, patronala kinka larrian eta akordiora iristeko beharrean jarri du. Baina gure aldarrikapenak ez dituzte asetu. Hasieratik, patronalak ez du urratsik eman nahi izan ezinbestekotzat ditugun bi aldarrikapenetan, KPIaren gaineko soldata igoera eta externalizazioa arautu eta mugatuko duen klausula. Gaur, greba neutralizatzeko iruzur egin nahi izan digute.
Hori dela eta, gure marra gorriak ez ditugula mugituko adierazi nahi dugu. Maiatzaren 23, 24 eta 25rako deitutako greba deialdia bere horretan mantenduko dugu. Baina greba deialdiez datozen egunetan ezagutzera emango ditugu beste hainbat ekimen ere burutuko ditugula aurreratu nahi dugu. Borrokan aurrera goazen heinean patronalaren aldetik mugimenduak behartzen ditugu. Borrokan jarraitzea beste biderik ez dugulako, greba deialdiarekin aurrera jarraituko dugu.
EAJk eta PSE-EEk Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako DSBEren Lege proposamenaren helburua egungo babesa gehiago murriztea da
Proposamenaren xedea 2008-ko legea aldatzea da. Proposatutako aldaketek prestazioak eskuratzeko modua gogortzen dute kasu gehienetan, Hego Euskal Herriko bazterketa soziala eta pobrezia maila kezkagarriak diren testuinguruan. 2008 eta 2016 bitartean, %62 gehitu artatutako pertsona kopurua da.
Amiantoak hildako langileak gogoan izan ditugu Beasainen
Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren harira mobilizatu gara, CAFeko enpresa batzordeak deituta.
Egun markatua dugu apirilaren 28a CAFen, urteak daramatzagu ekintza desberdinak burutzen egun honen harira. Protestak, asanbladak … ekintza interesgarri eta beharrezkoak egin direla deritzogu.
Azken urteetan ordea egun honen benetako helburua betetzen ote genuen galdezka genbiltzan, hau da, egun honek salaketarako ere izan behar du, garrantzirik kendu gabe asanblada eta lan osasunean hobetzeari begira egin daitekeen guztiari baina ahaztu gabe ezin dugula gaur egun enpresaburu batzuen aldetik eta administrazioetatik lan osasunari ematen zaion garrantzi ezaren aurrean beste aldera begiratu. Lan gaixotasunen ondorioz eta lan istripuz hiltzen diren langileen kopuruak oso altua izaten darrai.

Eta noski CAFen ere ez gaude hortik salbu, urtea hasi zenetik 4 lankide hil zaizkigu amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz, eta beste horrenbesteri gaixotasuna atzeman diete. Munstroa bizirik dago, zerrenda beltza luzea da eta erantzuleak eta erantzukizunak ditu. Ezin dugu onartu zure bizitza lanerako eman ondoren, horrek berak heriotzara eramatera, eta gainera laneko gaixotasuna dela onartzeko, trabak besterik ez izatea; epaiketa luzeak, galera ekonomikoak, gaixoek eta bere inguruak bizitzen duten egoera zaia ahaztu gabe.
Nahikoa da! Administrazioari eta CAFeko Zuzendaritzari zuzenean eskatzen diogu, jar ditzatela bere esku dauzkaten neurri guztiak lankide hauei eta familiei laguntzeko, lehen egunetik laneko gaixotasun bezala onartuz eta beharrezko proba guztiak bere gain hartuz.
Hau guztia aldarrikatzeko eta salatzeko, mobilizatu gara gaur Beasainen.

