2026-07-16
Blog Page 840

Greba egin dute Sestaoko Vicinay enpresako langileek

0

Mobilizazio desberdinak egin dituzte egunean zehar.

Vicinay Sestaoko enpresa-batzordeak metalgintzako lantegiko 155 langileak 24 ordutako grebara deitu ditu. Hain zuzen ere, astearteko 06:00etan hasi eta asteazkeneko 06:00etan amaituko dira lanuzteak.

Enpresako langileek ia bi urte eta erdi daramatzate hitzarmenik gabe, eta, era berean, enpresa bikaintasun sariak jasotzen ari da. Langileek hainbat mobilizazio egin dituzte egunean zehar: elkarretaratzeak, asanblada informatiboa eta manifestazioa enpresa ataritik Sestaoko Udaleko plazaraino, besteak beste. 
 

 

 

Akordio Interprofesionalaren Batzorde Paritarioaren ondoren borrokarako deia berretsi dugu

Ez da akordiorik egon estatalizazioaren aurkako ebazpen bat ateratzeko.

Gaur egin da Akordio Interprofesionalaren Batzorde Paritarioaren bilera. Bertan, atzo iragarri bezala, estatalizazioaren kontra, bertoko hitzarmenen eta negoziazio kolektiboaren aldeko ebazpen bat egitea proposatu du LABek. Alde guztiak ados agertu dira Akordio Interprofesionalari legezkotasuna eta zilegitasuna aitortzen, eta demanda erretiratu beharko luketeela adierazi dute.

Hala ere, edukietan harago joateko proposamenaren aurrean, ez da posible izan adostasun bat lortzea, ez delako akordiorik egon ebazpen bat ateratzeko.

Alde batetik, nahiz eta gure hitzarmenen lehentasuna berretsi, CCOOk eta UGTk ez dute zehazki errestauraziokoa aipatu nahi izan, argi utziz, orokorrean lehentasuna defendatu arren, sektorez sektore negoziatzeko debekuak eta murrizketak inposatzen dizkigutela Madriletik. Bi sindikatu hauek publikoki bertoko hitzarmenen lehentasuna defendatzen dute, baina Estatu mailako hitzarmenetan bertan negoziatzeko dugun eskubidea urratzen dute debeku eta murrizketekin, argi utziz Estatu mailako negoziazio eremuaren aldeko apustua dela eurena.

Bestetik, arazoak egon dira CONFEBASK, UGT eta CCOOen partetik, bertan injerentziarik gabe negoziatzeko dugun eskubidea aitortzeko.

Hurrengo egunetan mobilizazioekin jarraituko du LABek, estatalizazioaren kontra eta Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eta erabakitzeko eskubidearen defentsan, eta Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren kontra. Apirilaren 20an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresa banatan egingo ditugu mobilizazioak, eta apirilaren 24an, Akordioaren inpugnazioaren epaiketa egunean ere mobilizatuko da sindikatua.
 

 

 

Estatuaren errepresioa salatu dugu sindikatuok

0

LAB, ELA, Kataluniako Intersindical-CSC eta Galiziako CIG sindikatuok agerraldia egin dugu Santiagon.

I-CSC, ELA, LAB ETA CIG-EN KOMUNIKATU SINDIKALA:

Sinatzen dugun sindikatuok, Kataluniako (Intersindical-CSC), Euskal Herriko (ELA eta LAB) eta Galizako (CIG) langile-klasearen izenean, Espainiar Estatuko egoera politikoa dela eta, bereziki Katalunian, eta demokraziaren eta askatasunen aurka egiten ari diren erasoak ikusirik, honakoa adierazi nahi dugu:

Gaur Katalunian bizi den unea benetako salbuespen egoera politikoa da, estatuaren jokabide antidemokratikoa medio, ez dagoelarik zuzenbide estatu bati dagokion benetako botereen banaketarik, eta diktaduraren oinordeko izan zen 78ko erregimenaren aurpegirik zital eta erreakzionarioena agertzen ari delako.

2017ko urriaren 1etik hona izan diren gertakariek agerian uzten dute erregimen autoritario eta antidemokratiko honen noraeza: esku hartze poliziala, bozkatzeko eskubide demokratikoa gauzatu nahi izan zuten herritarren aurkako errepresioa eta bortizkeria, esku hartze politikoa Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren bidez, jazarpen polizial eta judiziala, inputazioak, hautetsi instituzional demokratiko eta mugimendu sozialen buruen atxiloketa eta espetxeratzea, beste lider batzuen erbesteratzea, Kataluniako Parlamentuak Generalitateko presidentetarako hautagaiak izendatzeko debekua, Mossoen arduraduna matxinadagatik auziperatzea… eta areago, jendarte katalanaren protesta eta mobilizazio zilegiaren kriminalizazioa, CDRetako kideak atxilotu dituztelarik, hauetako batzuri matxinada eta terrorismo delitua leporatu zaielarik.

Llarenak emandako euroaginduari erbesteratuak dauden europar herrialdeetako auzitegiek emandako erantzunak erakutsi du haiek ez dituztela egin leporatu zaizkien delituak, eta Espainiar Estatua nahiz beronen izenean diharduten erakunde judizialak bortxatzen ari direla bide baketsu eta demokratikoetatik defenditzen ari diren eskubideak -banako zein kolektiboak-, manifestazioetan ez delarik bortizkeriarik izan.

Arbuiatu egiten ditugu PPren gobernu ustel eta faxista PSOEren eta Ciudadanosen babes eta laguntzaz egiten ari den politikak, baina halaber deitoratu egiten ditugu erdibideko posizioak, zeintzuk egoera ikusita ez ditugun ulertzen ezkerreko indarren aldetik, ez soilik funtsean estatuaren egintza errepresiboak ontzat ematen dituztelako, baizik prozesu honek zalantzan jartzen dituelako, modu baketsu, zibiko eta demokratikoan, monarkia autoritario honen benetako izaera.

Honek agerian uzten du erregimen honen jopuntuan daudela emantzipazio prozesu herrikoi eta demokratikoak, eta gure herrien askapenaren aldeko borrokan dihardugun organizazio politiko eta sozialak nahiz mugimenduak. Argi geratu da Espainiar Estatuaren ereduak porrot egin duela eta estatua ezinean ari dela eutsi nahian eredu horri: zentralista, koroaren moduko instituzio anakronikoak dituena eta herrien autodeterminazio eskubide zilegiari erasotzeko indarraz eta errepresioaz baliatzen dena. Haatik, herriok hezten saiatu arren, beren zerbitzura dauden hedabideak baliatuagatik ere errealitate plurinazionala ukatzen duen Espainia uniformearen diskurtsoa hedatzeko, ez diegu uko egingo nazio garen aldetik zor zaizkigun eskubideei.

Gure ustez Estatuaren makineria errepresiboa aspaldidanik ari da bere izaera antidemokratikoa agertzen. Oinarrizko eskubideak eremu guztietan ari dira urratzen: Tabernako borroka batean nahastuta zeuden Altsasuko gazteei terrorismoa leporatu diete, hedabideak itxi egin dituzte, antolakunde politikoak ilegalizatu, sindikalistak espetxeratu mobilizazioetan parte hartzeagatik, greba eskubidea zalantzan jartzeko saioak (esaterako, horixe da hona ekarri gaituen Kataluniako Intersindical-CSCren ksaua, edota Galizan Navantiako CIGen aurkako demanda, Carlos eta Serafinei sektoreko greba batean parte hartu zutelako ezarritako espetxe zigorra), raperoen aurkako zigorrak, umoregile inputatuak, bertan behera uzteko mehatxupean dauden antzezlan kritikoak, kazetari kritikoei ezarritako betoa, lider independisten aurkako enbargo eta auziperatzeak… egunero protesta eta ideia desberdinen aurka urrats berriren bat egiten dute; aitzitik, agertu diren talde faxistak erabateko inpunitatez ari dira.

Esaten ziguten bide baketsu eta demokratikoetatik idieia eta proiektu politiko oro zela zilegi eta defenditzeko moduko, baina agerian ari da geratzen ez dela egia.

Horregatik honakoa galdegiten dugu:

• Urriaren 1eko erreferendumean eta abenduaren 21eko hauteskundeetan herri katalanak hautestontzietan adierazi zuen normaltasun demokratikoa bere onera ekar dezatela, hartara lehenik 155. artikuluaren aplikazioa indargabetuz.
• Puigdemont presidentearen eta preso politiko katalan guztien askatasuna.
• Erbesteratuen itzulera eta beren eskubide guztien berreskurapena.
• Hautetsiek pairatzen duten jazarpen polizial eta judiziala amaitzea.
• Espainiar estatuko herriek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aitortzea, autodeterminazio eskubidea gauzatuz.

Azkenik, errepresaliatu guztiekiko elkartasuna adierazi nahi dugu, baita orohar Kataluniako herriarekiko. Eta dei egiten diegu gure herrikideei elkartasuna adieraz dezaten, eskubide hauen eta demokraziaren aldeko ekintza baketsu guztietan parte hartuz.

 

 

 

Arabako Osakidetzan arauz kontrako kontratazioa egiten ari direla frogatu dugu

0

Arabako Osakidetzako delegatuek zentroetan egiten den iruzurrean oinarritutako kontratazioa frogatzen duen txostena aurkeztu dugu gaur. Hain zuzen ere, 8.000 bidegabeko kontratuekin, Enplegu Publikoko Eskaintzara atera beharko liratekeen 400 lanpostu baino gehiago ezkutatzen ari dira. Lanpostu hauek egiturazko plantillan egon beharko lirateke.


Araba ESIko LAB sindikatuko ordezkariok 2017an egindako kontratazio guztiaren azterketa egin dugu, eta horren emaitza gaur publiko egiten dugun txostenean dago bilduta. Datuak eskandaluzkoak dira eta erakusten duten emergentziazko egoeraren aurrean erantzukizunez jokatzea eskatzen dute.

“Zerbitzuaren beharrei” erantzuteko kontratuak kontratazio guztiaren %54 dira eta Araba ESIko 400 plaza ezkutatzen dituzte. Plaza hauek ohiko egituran txertatu beharko lirateke eta barne mugikortasun eta EPE prozesuetan eskaini. Arabako datuak estrapolatu ezkero, gaur egun 2016-2017rako bideratzen ari den EPEaren tamainako beste EPE bat egin ahalko litzateke ezkutuan dituzten plaza guzti horiekin.

Txostenean jasotako datuek argi eta garbi erakusten dituzte hainbat gai: kontratazio eredu honek sortzen duen antolaketa kaosa, kontratuen inguruko irregulartasunak, 400 lanpostu kontratu prekarioekin estaltzeak langileen eskubideengan duen eragina, eta baita herritarren eskubideengan duen eragina ere; enpresa pribatuek ondare publikoa beraien menpe hartu eta xahutu nahi duten garai honetan osasungintza publikoa ahultzea baitakar.

– Egindako 15.000 kontratuetatik 8.000ek erakusten dute prekarietatearen aldeko apustua egiten ari dela Osakidetza. Aldi berean, Arabako osasun sistema behar duen egituraz ez hornitzean sistema bera ahultzen ari dira; 400 lanpostu egituran integratu gabe kontratu prekarioen bidez mantentzean, lanpostu guztiak, edozein unetan, desagertzea ekar lezake. Enplegurik ez dela deuseztatuko esango lukete, eta, bitartean, langile hauek egiten dituzten lanak osasungintza publikoa negozio gisa ikusten duten enpresen jomugan egongo lirateke.

– Kontratazio koiunturala edo zerbitzuaren beharrak betetzekoa, aldi baterako kontratazioaren %54 da, orokorrean. Kategoria guztietan antzeko egoera ematen da, urte guztian zehar. Osasun mentalaren arloan %36koa da. Hilabete, kategoria eta zerbitzuaren arabera sailkatu ditugu datuak.

Ondorio hauetara iristea ez da erraza izan, aurreko urteetako datuak aztertu nahiko genituzke, 2015, 2016, baina urte horietan igortzen zizkiguten txostenak osatugabeak eta gardentasunik gabekoak ziren. Behar bezalako kontratazio txostena jasotzeko egindako presioaren ondorioz ikusi ahal izan dugu Araba ESIko kaosa nola kudeatzen den.

Araba ESIko kontratazio txostenari buruz gardentasun eza aipatzen dugun moduan, Arabako Osasun Mental Sarearen txostenaren kasuan opakutasuna aipatu behar dugu. Ematen dizkiguten datuekin ezinezkoa zaigu zerbitzu beharrak betetzeko egindako kontratazioen atzean dauden ezkutuko lanpostuak antzematea.

Argibideak ematea eskatzen duten ehunka egoera “irregular” antzeman ditugu, eta argibide horiek eman ditzatela espero dugu.

Zerbitzuek behar dituzten lanpostuak bere gain hartu behar ditu Osakidetzak, egiturazko kodeak esleitu plazak sortu kontratu prekarioen atzean ezkutuan izan ordez, plaza horiek EPE eta mugikortasun prozesuetan atera eta gaur egun kontratazioan dagoen kaosarekin amaitu.

Larrialdi egoeran gaude, osasun sistema inoiz baino ahulago dago, oinarri ahulak ditu azken urteetan eremu pribatua sortzen ari den lurrikararen aurrean.

Beharrezkoa da eztabaida sakona ematea bizitza duina bermatzen dituzten zerbitzuak legez blindatzeko moduaz. Osasungintzan ere. Gure proposamena duela hilabete batzuk zabaldu genuen, LOREA izeneko alternatiba da (edo horrelako zerbait); ratio lege bat non legez arautuko da, patologiaren arabera, zenbat langile behar diren paziente bakoitzeko: Medikuak, garbiketa langileak, sukalde laguntzaileak, erizainak, zelariak, eta abar.

Euskal gizartearen ongizatearentzat oinarrizkoa den sistema baten ahultzea ekidin asmoz eztabaidarako gonbidapena da.

 

 

 

Estatalizazioaren kontra, bertoko hitzarmenen eta negoziazio kolektiboaren aldeko ebazpena egitea proposatuko dugu

Bihar, apirilak 17, Akordio Interprofesionalaren Batzorde Paritarioaren bilera dago, non akordioaren sinatzaile guztiok batuko garen.

LABentzat Akordio Interprofesionala inpugnatzeak 155.artikulua aplikatzea dakar lan arloan, langileon erabakitzeko eskubidea ukatu, bertako hitzarmenak ezereztatu eta lan baldintzak okertzea ekarrikobaitu, estatu mailako hitzarmenen aplikazioa inposatzearekin batera.

Egoera hau ikusita, biharko batzorde paritarioan ebazpen bat onartzea defendatuko du LABek, hurrengo puntuak barnebilduz:

– Akordio Interprofesionalaren aitortza, baita sortu eta sinatu genuenaren zergatiaren azalpena, hau da, estatalizazioari eta estatu eremutik ematen ari den zentralizazio nahaiari aurre egitea, negoziazio kolektiborako eskubidea eta, zehatzago, Negoziazio Kolektiboko marko propio injerentziarik gabe lortzeko eskubidea aldarrikatuz.

– Akordio Interprofesionala tresna legal eta guztiz legitimoa dela adieraztea.

– FEADRS patronal estatala irmoki interpelatzea, aurkeztu duten inpugnazioa apirilaren 24a baino arinago kentzeko exijituz.

– Eusko Jaurlaritza interpelatzea Akordio Interprofesionalaren defentsa egiteaz gain (pasa den astean egin dutenez), Lan Harremanetarako Euskal Esparrua aldarrikatueta defendatu dezan, negoziazio kolektiboko gure esparrua eta euskal langile eta eragileok inongo injerentziarik gabe erabakitzeko dugun eskubidea defendatzea.

Hori guztia esanda, estatalizazioak badu beste aurpegi bat ere: Confebask patronalak negoziazio kolektiboan eragiten duen blokeoak ere estatalizazioa dakar, hitzarmenak ez berritzean, estatu mailakoak aplikatzea dakarrelako. Confebaskek, Akordio Interprofesionala sinatuz, EAEko markoa defendatzen duela adierazi arren, estatalizazioari bide ematen dio blokeo bidez, alegia, gure hitzarmenen negoziazioen blokeoa eraginda. Jarrera hau salatu egiten dugu, eta interpelatzen diegu blokeoarekin amaitu dezaten.

Bestalde, Akordio Interprofesioanalaren inpugnazioak sortutako egoera larriaren harira, gaur egin du LABek alderdiekin egingo duen errondaren lehen bilera. EH Bilduko ordezkariekin elkartu dira gaur Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko arduraduna eta sindikatuaren irakurketa partekatu dute sindikatuaren Donostiako Igara auzoko egoitzan.
 

 

 

Mobilizazioa egingo dugu Transportes Hombres Barreirako lan baldintzen murrizketen eta jazarpen sindikalaren aurrean

Apirilaren 24an izango da, enpresaren aurkako epaiketarekin batera.

Duela hilabete bat, lehiakortasun faltaren aitzakian, Iruña Okan kokatuta dagoen Transportes Hombres Barreiran lan egiten duten ia 80 gidariei eragiten dien lan baldintzen murrizketak ematen ari dira.

Hasiera batean, enpresa bertako langile guztiei ia %23ko soldata murrizketa egiten saiatu zen, baita dieten murrizketa ere. Langileriak ez zuen soldata murrizketa hau onartu, eta orduan enpresa aldebakartasunez berauek aplikatzen hasi da.

Langileen erdia Galizian bizi da, eta betidanik bi furgoneta izan dituzten arren asteburutan bertara joan ahal izateko, orain enpresak eskubide hau ere murriztu du eta gidariak astebururo etxera haien kaxa itzultzera behartzen ari ditu

Gainera, hilabete honetan enpresak larunbat eta igandetan lan egiten zuten gidariei orain arte ordaintzen zien asteburuko plusa ordaintzeari utzi dio.

Honekin batera, enpresan gehiengoa duen LAB sindikatuko delegatuak enpresaren zuzendaritzaren aldetik isekak eta hertsapenak sufritzen ari dira, enpresaren eskaerak aplika daitezen presionatzeko. Furgoneta erabiltzeko orduan ere diskriminatuak izaten ari dira, dagoeneko badirelarik 4 aste beraien kasa Galiziara hurbildu behar izan dutela.

LAB-etik ez ditugu gure delegatuekiko edota langilekiko mehatxurik edota txantairik onartuko, ez dugu utziko mozkinak eta irabaziak langileen bizkarretik eta hauen eskubideen kontura hobetzerik.

Egoera honen aurrean, datorren apirilaren 24an Gasteizko epaitegietan LABen delegatuen aurka ematen ari den jazarpen sindikala dela eta epaiketa burutuko da. Hori dela eta, epaitegien aurrean 11:30etan burutuko den kontzentrazioan aprte hartzeko deia luzatzen dugu.
 

 

 

Abrasivos Texajax enpresak diskriminatutako langileari babesa eman diote

Epaiketa egin zuten Bilbon joan den asteartean, amatasun baimena hartu zuen langile batek jarritako salaketa dela eta. Bada, Zornotzako Abrasivoz Texajax enpresako langile horri babesa eman zioten larunbatean, Zornotzan, manifestazio baten bitartez.
 

 

 

Akordioa sinatu dugu Heziketa Berezian

Grebak borrokarako tresna gisa ulertuta emaitza onak ematen dituela erakusten du akordioak.

Gaurko Heziketa Bereziko mahai negoziatzailean akordioa sinatu du LABek, STEILAs eta CC.OO.-ekin batera. Akordio hau hurrengo ikasturtetik aurrera indarrean sartuko da eta langileen lan baldintzetan zein eskaintzen den hezkuntza eta zerbitzuaren kalitatean hobekuntza nabarmenak suposatuko ditu, hezitzaileon lanaren aitortza politikoan urratsak emateaz gain. Era berean, lan hitzarmen berria garatzeko abiapuntua edo oinarria markatuko du akordio honek, eta elementu honi berebiziko garrantzia ematen diogu LAB sindikatutik. Langileen borrokaren balioa azpimarratzea eta grebak borrokarako tresna gisa ulertuta emaitza onak ematen dituela eta garaipenak lortzen direla agerian geratzen da akordio honen sinadurarekin. Bere momentuan Sukalde eta Garbitzaileen eta Haurreskoletako langile eta hezitzaileen kolektiboetan lortutako akordioak ere honen adibide garbiak dira.

LABen hasierako apustua akordioak ahalik eta babes sindikal zabalena jasotzea izan da eta saiakera handiak egin ditugu gainontzeko sindikatuak erakartzeko. Zentzu honetan, LABen ahaleginak bere saria jaso du, eta, zorionez, STEILAS-ek akordioa sinatzea eta berrestea erabaki du.

Gehiengo sindikalaz (%70) gain, gure afiliazioak, oinarri sozialak eta hurbileko langilegoak adierazitako elkartasun eta babesak gure erabakia indartzen du zalantzarik gabe.

Bukatzeko, hezitzaileek greba eta mobilizazioei emandako erantzun zabal eta arrakastatsuarengatik zoriondu nahi ditugu, euren borrokarik gabe sinatu berri dugun akordio hau ezinezkoa izango litzateke eta. Orain, lan hitzarmen duin bat lortzera bidean borrokan eta lanean jarraituko dugu. Ibilbidearen amaieran gaudela pentsa dezaketenen aurrean, LABek argi utzi nahi du ibilbide horren hasieran besterik ez gaudela. Borrokan jarraituko dugu zalantzarik gabe, eta prekarietate ororekin amaitzea, lan baldintza duinak eskuratzea eta eskaintzen dugun hezkuntza eta zerbitzuaren kalitatea iparrorratz izango ditugu.
 

 

 

Justiziaren alde, larunbatean Iruñeko kaleak betetzeko deia egin dugu

0

Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da Golem zinemetatik eta 2016ko urriaren 15eko goizaldean, Altsasuko taberna batean gertaeraren ondorioz auzipetutako 8 gazteen kasuaren aurrean, “Justizia, ez da terrorismoa” lemapean egingo da.


Hiru gaztek 500 egun baino gehiago beste dituzte kartzelan honezkero eta 8ei eskatzen dizkieten zigorrak, 375 urtetako kartzela-urtetakoak basakeria dira, sindikatuaren arabera.

LAB sindikatuak bat egiten du Altsasuko gazteentzat justizia aldarrikatzeko ekimenekin, eta manifestazioan masiboki parte hartzera deitzen du langileria.

Mobilizazioan LABen Batzorde Exekutiboko ordezkaritza batek parte hartu du, Igor Arroyo Idazkari Nagusi Ondokoa buru, bertan izango dira Saul Arangibel, Bea Martxueta edo Imanol Karrera, besteak beste.

Honetaz gain, LABeko gogora ekarri nahi ditu astelehenean gainontzeko sindikatuekin batera Iruñeko epaitegien aurrean egindako eskariak. Batetik, errugabetasunaren-presuntzio, defentsarako eskubidearekiko urraketarik gabeko epaiketa justuaren eskubide eta epaile naturalaren eskubidearekiko errespetua.

Eta bestetik, terrorismo-delituaren kalifikazio penalaren deuseztatzea, presoaldi prebentiboko kautelazko neurriak kentzea eta kasu honen instrukzioa Nafarroako Auzitegietara itzultzea.

Gure herrian abian dugun garai berriari tresna eta estrategia zaharrekin erantzuten jarraitzen duen Estatua da orain armagabetu behar dena. Eraiki dezagun, herriaren bulkadaz eta eragileon inplikaziotik murru demokratiko sendo bat Euskal Herrian, Madrildik datozen eraso zibil eta politikoei, eraso antidemokratiko guztiei bidea mozteko.

Gazteak Altsasun nahi ditugu, gurekin behar ditugu, libre!