2026-01-17
Blog Page 839

Zubietako errauste planta eraikitzen ari diren langileak bizi arriskuan daude

0

LABek bi salaketa jarri ditu Zubietako errauste plantaren lanak direla eta. Horietako bat obran bertan egokitu dituzten lau dorre-garabiengatik jarri dugu, 50 metroko erradio batean baitaude, zenbait unetan 500 langile lanean egotea espero den eremu batean. Beste salaketa langileen euren lan ordutegiarengatik jarri dugu. Hain zuzen ere, Teco Zamora enpresak ez du lan egutegirik eta egunean hamar orduko lanaldia dute langileek, astelehenetik ostiralera gutxienez. 

Lau dorre-garabiak hain eremu txikian egonik, eta langile kopurua handia izanik, obran lanean ari diren pertsonak bizi arriskuan direla uste dugu, etengabe hainbat karga airean daudelako aldi berean, langileen gainean. Koordinazio arazo batek karga bat erortzea ekarriko luke, horrek ekar ditzazkeen ondorioekin. "Egoera honi gehiegizko lanaldiak batuz gero, koktel arriskutsu baten aurrean gaude, langileen bizia arriskuan jartzen duena", adierazi du LABeko Gipuzkoako Eraikuntzako arduradun Mikel del Vallek. "Obrak lehenbailehen abian jartzeko erabaki politikoak arrisku bizian jarri ditu langileak", erantsi du.

 

 

 

Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren igoera apalak jendarte-bazterkeria eta prekarietatea betikotzen ditu

Hileroko 880 eurotako Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak (LGS), PPko gobernuak proposatua eta CCOO eta UGTk onartuak, ez ditu ezta urrundik ere Europako Karta Sozialaren irizpideak betetzen. Honen arabera, soldataren batazbestekoa %60koa izan beharko luke gutxieneko soldatak.

Aipatu Kartaren arabera, euskal langileei 1.300 eurotako LGS egokituko litzaieke 2017an. Eznahikoa den akordioa da, gizarte-bazterkeria eta prekarietatea betikotzen dituena.

Gainera, inposatutako akordioa da, eta euskal gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren gainetik inposatutakoa.
 

 

 

Aldundien aurrean mobilizatu gara

Pasa den astean iragarri bezala, gaur EAEko hiru Aldundien aurrean mobilizatu gara LAB eta ELA sindikatuak, sektorean dugun egoera salatzeko. Esan genuen bezala, %36 gainditzen duen behin-behinekotasuna daukagu, azken urteotan milaka lanpostu galdu dira eta gure eskubideak eta soldatak eten gabe murrizten joan dira.

Bestalde, Negoziazio Kolektiboa bahiturik daukate. Elkarrizketa aldarrikatzen dute eten gabe, baina mahaietan esertzen direnean ez dute ezer negoziatzeko inongo borondaterik agertzen eta aldebakarrez ixten dituzte mahaiak ezer negoziatu gabe. Halaber, sektorean erreferentea den Udalhitz hitzarmenak, 2008. urtean sinatu zenetik bete gabe egon da.

Egun mahaietan jartzen dituzten aukera guztiak mugatzen dira, kasurik onenean, Madrilek agintzen duenera. Beraz, praktikan, badirudi Madrilek gobernatzen dituela gure instituzioak.

Pasa den astean iragarri genuen bezala, hau da hasiera, eta entzungorrarena eginez gero, segituko dugu mobilizatzen eta mobilizazioen maila igotzen. Harik eta gure aldarrikapenak entzun arte, harik eta arazoei konponbide jartzen hasi arte.
 

 

 

Palestina ez dago bakarrik

0

Palestinarekiko Elkartasun Astea dela eta, LABeko Nazio Biltzarrak babesa eskaini dio Palestinako herriari. Palestina ez dagoela bakarrik argi utzi dugu, eta eraso eta egitasmo inperialisten aurkako aldarria zabaldu dugu. Aipatutako Elkartasun Astea Munduko Sindikatuen Federazioak deitu du.
 

 

 

Presoen aldeko Gabonetako mobilizazioekin egin dugu bat

Kalera Kalera dinamikak Gabonetan presoen alde egingo dituen jardueren berri eman du. Abenduaren 23an, Zaballara abiatuko dira, eta, abenduaren 31n, elkarretaratzea egingo dute Basauriko espetxean eta martxa Martutenera. Era berean, Iruñean, manifestazioa egin dute abenduaren 30ean.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak iruzur egin die berriro EHUko irakasle eta ikertzaileei

0
Gaur, abenduak 20, iruzur berri bat burutu du Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate publikoko irakasle eta ikertzaileen kontra. Urtebete beranduago eta atzera eraginik errekonozitu gabe hasiko baitu C mailako osagarri berrien ordainketa, Unibasq agentziaren konplizitatearekin. Izan ere, Unibasqek ez dizkio igorri UPV/EHUko Gizarte Kontseiluri gaur egin duen bilerarako behar zituen 279 irakasleri dagozkien C tarteen gaineko ebazpenak. Ondorioz, Unibertsitateak ezin izango ditu haiek 2018ko urtarriletik aurrera ordaindu, aurreikusita zegoen moduan, eta ordainketa 2019 arte atzeratu beharko du, soldata baxuen duten irakasle-ikertzaileen kolektiboa kaltetuz.

LAB eta STEILAS sindikatuok gogorarazi behar dugu osagarri hauek ez direla inondik inora pribilejio bat, EHUko irakasle eta ikertzaileen soldata duintzeko bidea baizik. Ez baita ahaztu behar Unibertsitatea dela, Euskal Hezkuntza sistema publikoaren baitan, irakasle berriei soldata maila baxuena eskaintzen diena. Horregatik da, zoritxarrez, osagarri sistema hau horren garrantzitsua Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileontzat.

Iruzurra egiteko Unibertsitateko instituzio eta erabaki legitimoen gainetik jarri da Eusko Jaurlaritza. Ez dute ezertarako balio izan ez EHUren Gobernu Kontseiluaren ezta Gizarte Kontseiluaren erabakiek ere. Ez dio inporta izan Unibasqen independentzia zapuztea. Eta Unibasqi ere ez zaio asko kostatu Eusko Jaurlaritzaren aurrean makurtzea. Itsusi, nagusikeriaz jokatu du Eusko Jaurlaritzak eta aitzaki modura jarri du instituzioen arteko adostasun eza, bera izan denean ados ez zegoen bakarra.

Nagusikeria ez da kudeaketa tresna demokratikoena eta modu horretan jokatzen duenaren kontra bihur daiteke azkenean. STEILAS eta LAB sindikatuak ez gaude prest inoren nagusikeria onartzeko. Salatu egiten dugu horregatik Eusko Jaurlaritzaren jokabidea eta eskura ditugun baliabide guztiak, judizialak barne, aztertu eta erabiliko ditugu haren kontra egin eta gure eskubideak defendatzeko.
 

 

 

Volkswagen Navarra enpresaren politika diskriminatzailea salatu dugu, ordezkoak kontratatzeko orduan

0
LAB, CGT eta ELA sindikatuok lanuzteak deitu ditugu biharko, hiru ordukoak txanda bakoitzeko. Era berean, elkarretaratze bat egingo dugu, 11:30ean, Volkswagen Navarrako 2 atean.

Aipatutako diskriminazioaz gain, enpresa batzordearen gainontzeko sindikatuen utzikeria salatuko dugu biharko mobilizazioetan, gaur komunikabideetara bidalitako oharrean adierazi bezala.
 

 

 

Aurreikusi genuena bete da: enplegu suntsiketa Siemens-Gamesan

0

Atzo UGT, CCOO eta ELAk sinatu zuten aurreakordioak, enplegu bermea zehaztea falta delarik, argi uzten du ontzat eman dela multinazionalak egindako irakurketa, alegia, enpresa egoera zailean dagoela, eta horren ondorioz, enplegu suntsiketa handia emango dela.

Aurreakordio honek argi uzten du, era berean, ez zegoela inolako arrazoirik horretarako, ez baita zehazten ez enpresa utzi beharreko langile kopurua, ez kaleratzeak egongo diren lantokietako antolakuntzan zer eragin izango duten ere. Txeke zuria eman zaio enpresari. Ez dago inolako zehaztasunik, ez seriotasunik ere. Esaterako, LABek ordezkaritza duen Arazuriko lantegian 11 kaleratze proposatu zituzten, eta kaleratze horiek ez zutela inolako justifikaziorik agerian geratu da. Orain ez dute kaleratzerik planteatu, LABek eskatzen zuen bezala.

Are gehiago, abenduan egin zen Europako Komiteko bileran, argi gelditu zen Euskal Herriko lantokietan ez dagoela inolako langilerik soberan, kontrakoa baizik, izatekotan, langile falta zegoela.

LAB ez da izango oztopo, edozein arrazoi medio, plan horretara apuntatu nahi duten langileentzat, baina ezin dugu ontzat eman enpresak inposatu nahi duen enplegu suntsiketa, eta horrek ekarriko dituen gelditzen diren langileentzat lan karga igoera eta estresa. Siemens-Gamesa Euskal Herriko industriarentzat enpresa estrategikoa izan beharko litzateke lan egiten duen merkatuagatik, enplegu zuzen eta zeharkakoaren sortzaile, eta ez enpleguaren deuseztatzaile.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu idatziz eskatu diogula enpresaren zuzendaritzari izandako negoziazio horrek izan duen izaera juridikoa argitzeko LAB negoziaketatik kanpo uzteko. Hau da, jakin nahi dugu hasieran aurkeztutako EREa erretiratu zuten definitiboki edo ez, ulertzen dugulako LABen askatasun sindikalerako eskubidea urratu dutela. Aste hau bukatu baino lehen erantzun argia exijitzen dugu. Ez dugu LABen zilegitasuna auzitan jartzea onartuko, Euskal Herrian duen babesa kontuan hartuta. Espainiako negoziazio eremua ezin dugu ontzat eman naturaltasunez bertan sindikatu abertzaleak galtzaile garelako beti.

 

 

 

Patronalak miseriara kondenatzen dituela salatu dute Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako langileek

0

Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean, patronalarekin negoziazioa hasi eta ordu erdi lehenago. Hain zuzen ere, "Vuestra limosna, gure miseria" lelopean egin dute protesta.

Hauxe da Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako langileek banatu duten idatzia:

Hiru urte igaro dira Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketaren Hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasi ginenetik. Hiru urte luze, non bizitza %3,6a (KPI) garestitu egin den: argia garestitu egin da, uraren faktura, erosketa-saskia eta goizero lanera joateko hartzen dugun autobusaren bonoa garestitu egin da baita ere.

Patronalak pobretzea baino ez digu eskaintzen. Sektoreko langileen erosahalmenaren galera ekarriko lukeen hitzarmen baten sinadura saiatu nahi du. Pasa den maiatzean hurrengoko proposamena luzatu zuten -eta ordutik ez dituzte mugimendu berririk egin-: KPI-ko %80ko soldata igoera 2018, 2019 eta 2020. urteetarako, betiere -gainera- antzinatasun osagarria 2014ko taulen arabera kalkulatzen baldin bada.

Ezin dugu baldintza horiek jasotzen dituen hitzamenik sinatu, igoera horiek ez luketelako erosahalmenaren mantendua bermatuko ere, gure soldatak ez liratekelako bizi duina bermatzeko behar ditugun ogasun eta zerbitzuen prezioak igoko diren beste igoko. Miseriara kondenatu nahi gaituzte, baina ez dugu baimenduko. Nazkatuta gaude jada:

Hilabete bukaerara ez heltzeaz nazkatuta. Lanaldi partzialetaz. Egunero gure etxeetatik ordubetera dauden zentruetara mugitzeaz 30 minutuko lanaldiak egiteko.

Ezegonkortasunaz nazkatuta. Enpresa berdinarentzat behin-behineko 51 kontratu desberdin sinatzeaz 10 urteko epe batean.
Azpikontratazioaz nazkatuta. Egunero nagusiaren nahikeriak eta bezeroaren presioak jasan beharraz; eta bata zein bestearen errepresalien beldurrarekin bizitzeaz.

Sufritzen ditugun minez nazkatuta. Gaixoarazten gaituzten lan kargetaz nazkatuta: tunel metakarpianoaz, lunbalgiaz eta artritisaz.

Ikusezintasunaz nazkatuta. Bulego bera 20 urte luzez garbitu izanaz eta oraindik inork ere ez gure izena zein ote den galdetu ez izanaz.

Hauxe da gure sektorearen errealitatea. Gaur, gure lan-baldintzak oraindik eta gehiago prekarizatu nahi dituztenen aurrean salatzera etorri garen errealitate bera.

Pobretu nahi gaituzuenak, miseriara kondenatu nahi gaituzuenak, argi izan dezazue: ez dugu gure aldarrikapenetan atzera egingo, tinko jarraituko dugu. Gure burua, oraindik eta gehiago nazkatzeko prest gaude hurrengoko hau ozen errepikatzeaz izango baldin bada: DUINTASUNA EZ DA NEGOZIATZEN! DUINTASUNA EZ DAGO SALGAI!