2026-01-17
Blog Page 837

Enpleguaren aldeko apustua egin dezatela eskatu diegu Edesa Industrial, Fagor eta Gasteizko Gobernuari

0

LAB eta ELAren ustez, instituzioek eta enpresak ehunka familia utz dezakete kale gorrian. Aspaldi hontan gardentasun falta da proiektu enpresarialen ezaugarri nagusia. Errealitatea sistematikoki ezkutatzen da, iritzi publikoari komeni dena bakarrik jakinarazten zaio. LAB eta ELA, lanpostuak defendatzen ditugun erakundeak izanik, baztertzen saiatzen dira.

Enpresa horien kulturan, elite gutxi batzuk bakarrik ezagutu dezakete benetako egoera. Testuinguru horretan eman zen aurreko Fagorren porrota. Alde batetik proiektu sozial beten parte zirela esaten zitzaien kooperatibistei, eta bestetik enpresaren benetako egoera ezkutatzen zitzaien.

Fagorren ondorengoa, CATAren bitartez eta EDESA INDUSTRIAL izenarekin, gardentasun falta berdinarekin jarraitu du. Betetzen ez diren etorkizunerako planak aurkezten dira, seriotasunik gabeko proiektuak aurkezten dira, eta lotsarik gabe, gauza bat eta bere kontrakoa defendatzen dute.

Bitartean teorian proiektu industrial serioak bultzatu beharko luken Gasteizko Gobernuak, enpresa hau gainbeherara eraman duten zuzendaritzak babesten jarraitu du. Egia esan, gardentasun falta, eliteek egiten duten kudeaketa, enpresarien inpunitatea eta langileei bizkarra emateko kultura da azken aldian Gasteizko Industria Sailak egiten duena. Beraz ezin EDESA INDUSTRIALek administrazioaren presiorik jaso.

Azken egunetan inbertsio galanta egingo lukeen AMICA talde poloniarraren plan industrial baten berri izan dugu. Berriro ere, langileen ordezkariei berri eman aurretik, komunikabideetara zabaltzen dute. Egun batzuk beranduago jakin izan dugu Mondragon korporazioak epaitegi merkantilean Fagor marka berreskuratzeko eskaera judiziala egin duela.

Egoera honen aurrean, ELA eta LABek honakoa esaten dute:

– EDESA INDUSTRIAL, FAGOR S.COOP, Gasteizko Gobernua eta enpresan ordezkaritza duten sindikatuok lan taldea osatzea exijitzen dugu. Helburua izan behar du etorkizun industriala bermatuko duen proiektua bultzatzea.

– Lan talde horri enpresaren egoera erreala igorri behar zaio. Talde horren osaketak aldaketa bat suposatuko luke. EDESA INDUSTRIALen gainbehera ekiditzeko lehen urratsak izango ziren.

– Etorkizunerako proiektu industriala bermatzeko beharrezkoak izango dira guztion interesak uztartzea; enpresarenak, markarenak eta langileenak, azken horien lanpostuak eta lan baldintzak defendatuz.
 

 

 

Salbuespenezko espetxe politika ankerraren adibide garbia da Ibon Iparragirreren kasua

Ibon Iparragirre muturreko egoeran dago. Etxean egon beharko luke bere osasun egoera larria dela eta, baina Espainiako Estatuak gizatasun printzipiorik ez du aplikatzen euskal presoekiko, eta, bizi arriskuan egon arren, etxera eraman ordez, Arrasateko Aita Menni zentro espezializatura bideratzeko erabakia hartu du zigorra betetzen jarrai dezan. Erabaki honek ez gaitu asebetetzen, askatasuna ez duelako eskuratu, etxean eta senideen ondoan egon beharko lukeenean.

Salbuespenezko espetxe politika aplikatu ohi du Espainiako Estatuak euskal presoen aurka, eta horren erakusle garbiena gaixorik dauden presoen egoera da. Eragile guztien inplikazioa behar da bidegabekeria honi amaiera ipintzeko. Adostasunak eraiki behar ditugu gai honen inguruan, ezin baita bake eta normalizazioaz hitz egin presoak kartzeletan hiltzen dauden bitartean.
 

 

 

Bulego berritua estreinatu dugu Baionan

0

Eguberrien etorrerarekin, LABek bulego berritua estreinatu du Baionan. Ostegunean egin genuen ekitaldia, baina, aurretik, delegatuen biltzarrari ekin genion egungo eta datozen erronkak zehazteko.

Ipar Euskal Herriko LABeko delegatuen biltzarrean hainbat gai izan genituen hizpide: "Bertan erabaki" kanpaina, Macron legearen lehen bilana, aurreikuspenak, 2018ko hitzorduak… Biltzarra eta gero, denok Baionako bulego berrituaren estreinaldian hartu genuen parte.
 

 

 

Sebastien Hiriarten kaleratzearen aurka mobilizatu gara Hendaian

Sokoa enpresako langilea kalean geratzeko arriskuan dago, zuzendaritzak asmatutako aitzakia bat dela eta: produktibitatea ez lortzea. "Argi dugu Sebastien Hiriart apirilaz geroztik soldata negoziazioen karietara egindako greba mugimenduan parte hartze aktiboa izan duelako konbokatua izan dela", azaldu dute Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkariek.

Sebastien Hiriarti elkartasuna adierazteko hainbat protesta egin ditugu egunotan. Enpresaren aurrean informazio gune bat egokitu dugu, Hendaiako hautetsiei zuzendu gara eta Sokoako langileek eurek erabakiaren aurka egin dute protesta, ikatza eta guzti utzita enpresaren atarian. "Gaur Sebastien Hiriart da, eta bihar ezin izango da?", galdera egin dugu mobilizazioetan. "Hendaiako bezalako hiri batean, non langabezia tasa ia %15era iristen den, Sokoa enpresak argi eta garbi erakusten du zein diren bere benetako balioak", kritikatu dugu.

Sokoako zuzendaritzak Sebastien Hiriart kanporatzeko aitzakia bat bilatzen duela begibistakoa da, eta, horretarako, produktibitatearen argudioa baliatu du, guztiz aleatorioa dena; aleatorioa, eta pisurik gabekoa. "Horrelako argudioak onartezinak dira. Besteak beste, CHSCTko espertisak 2015eko otsaileko dokumentuan azaldu bezala, produktibitatea lortzea askotan ezinezkoa da", erantsi dugu.


 

 

 

Akordio itzela lortu dugu Asociación Navarra Sin Fronteras enpresan

Duela 30 egun eskas, Asociación Navarra Sin Fronteras enpresaren langile batzordean sartu zen estreinakoz LAB sindikatua, indarrez sartu ere. LABek 50 boto eta 4 ordezkari lortu zituen, eta UGTek, 17 boto eta ordezkari 1. Bada, berriki, LABen 4 ordezkariek akordioa sinatu dute erakunde horren zuzendaritzarekin.

Sinaturiko akordioari esker, 2018ko abenduaren 31a baino lehen bukatzen diren kontratu ebentual guztiak lan-kontratu mugagabe bilakatuko dira. Gainera, aurrerantzean enpresak ez du lan edo zerbitzu jakin baterako kontratazioa erabiliko, eta kaleratzearen kontrako helegitea aurkeztu zuten kaleratutako hiru langileak berriz onartuko dituzte (haien artean LABeko ordezkarietako bat).

LABen aburuz, garaipen hau itzela izan da, eta posible izan da langileek erakutsitako ardura eta borrokarako grinari esker.
 

 

 

Aurrerapausoak ikusten ditugu EAEko hezkuntzan izandako negoziazio mahaietan

0

LABek Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamena langileekin konpartitzea, kontrastea egitea eta hauei hitza ematea ezinbestekotzat jotzen du momentu honetan. Eta horixe da gure hurrengo erronka. Langileen hitza errespetatuz jokatuko du LABek mahai negoziatzaileetan. Zer botatzen dugun faltan, zer moldatuko genukeen, edukirik edo ez dagoen, zeintzuk izan beharko diren hurrengo urratsak…

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko mahai negoziatzaile desberdinak garatu ondoren, LAB irakaskuntzak ondorengo hausnarketa egiten du:

Administrazioak mahai gainean jarri dituen edukiak jaso eta aztertuta, LABek irakurketa baikorra egiten du. Hilabeteetako mobilizazio eta konfrontazio dinamika bere emaitzak ematen hasi da. Borroka, langileen elkarlana eta mobilizazioek izan duten erantzun zabal eta arrakastatsuak garaipenenerako ateak ireki dizkigu. Hezkuntza Sailak gure aldarrikapen taulari lotutako edukiak mahaietara ekartzea beste biderik ez du izan eta orain abiatzen da hainbesteetan aldarrikatu dugun benetako negoziazioa. Mahaiak desblokeatzea lortu dugu eta gertaera hau langileon garaipen gisa irudikatzen dugu LABetik.

Mahai desberdinetan aurkeztutako proposamenek abiapuntu bat markatzen dute negoziaketetan. Proposamen hauetako batzuk bide onetik doaz eta hezkuntza sistema zein langileen lan baldintzetan onura garbi bat suposatzen dute. Hala ere, zenbait eduki eta proposamen zorroztu egin behar dira, hobetu. Era berean faltan botatzen ditugun beste aldarrikapen batzuk mahai gainean jarri behar ditu administrazioak, negoziaketetan benetan ere sakontzeko momentua izanik. Zentzu horretan, LABek hezkuntzaren kalitatean eragin zuzenena duten aldarrikapenetan jartzen ditu marra gorri guztiak, bestelako aldarrikapenak inondik inora baztertu gabe.

LABek Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamena langileekin konpartitzea, kontrastea egitea eta hauei hitza ematea ezinbestekotzat jotzen du momentu honetan. Eta horixe da gure hurrengo erronka. Langileen hitza errespetatuz jokatuko du LABek mahai negoziatzaileetan. Zer botatzen dugun faltan, zer moldatuko genukeen, edukirik edo ez dagoen, zeintzuk izan beharko diren hurrengo urratsak…

Mahaiak desblokeatuta, orain tentsioa mantentzeko unea da. Hortzak erakusten jarraitu beharra dago, beharrezkoa balitz berriro ere ofentsibara jotzeko. Langileon borroka da administrazioarekiko dugun tresna bakarra. Erabil dezagun inteligentziaz!
 

 

 

Nafarrak ospitaletako sukaldeen pribatizazioaren ondorioak jasaten ari gara oraindik ere

0
Nafarroako Gobernuari subrogazioa eskatzen zioten langilei arrazoia eman die epaitegiaren sentzentziak.

2012. urtean UPNren gobernuak ospitaletako sukaldeak pribatizatu izanak eragin zuen 100 pertsona baino gehiago lanik gabe geratu zirela, enpresa pribatu baten esku geratu zelako sukalde publikoetako kudeaketa. Enpresa berri horrek egun batetik bestera bikoiztu zituen langileen lan-zamak, haien lan baldintzak okertu zituen (soldatak nahiz lanaldiak) eta guztiz polemikoa izan zen eskaintzen zuen zerbitzuaren kalitatea.

LAB sindikatuak sutsuki egin zion aurre UPNk sukaldeak pribatizatzeko erabakiari, eta beti aldarrikatu izan du sukaldeak berriz ere publikoak izan beharko liratekeela. Erabaki hura lehengoraturik, leheneratuko lirateke ere ondorio guztiak: kalitatea, lan baldintzak eta zerbitzua.

Ospitaletako sukaldeena, UPNren erabakiari “esker”, adibiderik hoberena izan da zerbitzu publikoa azpikontratatzeak ekar ditzakeen ondorioak ezagutzeko. Agerian geratu da, eta jendartean frogatu da ezinezkoa dela edozer eginez irabaziak lortzen dituen enpresa pribatu batek kalitateko zerbitzu publikoak bermatzea.

Are gehiago, Gobernuak erabaki zuenean sukaldetako alderdi bat bakarrik publifikatuko zuela, gure ustez okertu egin zen, enpresa jabetu baitzen zerbitzuaren kalitatea kaskartuz (maiz, oso egoera txarrean zeuden elikagaiak eskaintzen zituen) lortzen zituen mozkinak urrituko zitzaizkiola; orduan erabaki zuen zerbitzuaren kudeaketa bertan behera utziko zuela.

Horren eraginez, Gobernuak, korrika eta presaka, zerbitzu osoa publifikatzea erabaki zuen; hala ere, ez zuen aldez aurretik inolako gogoetarik egin ordura arte kontratatuak zeuden langileei ekarriko lizkiekeen ondorioez. Eta berriro, erabaki oker batek, sindikatuekin aldez aurretik hitzartu gabe, ekarri zuen 100 langile baino gehiago lanik gabe geratu zirela.

LABek, gainerako sindikatuek eta abokatu partikularrek paratu zituzten demandei erantzunez, epaitegiek erabaki dute Nafarroako Gobernuak langile horiek subrogatu beharko lituzkeela, lanpostuak betetzeko lehiaketa egin arte, merezimendu eta gaitasun sistema baten bidez.

Horrek guztiak erakutsi digu zerbitzu publikoen azpikontratazioa amaitu behar dela; publiko bilakatu behar dute berriro, kalitatekoak izan daitezen aukera bakarra delako. Eta erabaki horiek traumatikoak gertatuko ez diren lehengoratzeen bidez egin behar dira, 200 pertsonak ez dezaten lana gal bide horretan.
 

 

 

Greba egin dute Bizkaiko Dia supermerkatuetako langileek

0

Bizkaiko Dia supermerkatuetako langileek greba egin dute gaur, markaren denda guztietako lan baldintza tamalgarrien aurka protesta egiteko. LAB eta ELA sindikatuok deitutako mobilizazioak jarraipena izango du abenduaren 29an, bigarren greba egun baten bitartez.

Langileek ordutegi aldaketa jarraiak jasaten dute, behin eta berriro ixten dituzte lantokiak, ez dituzte bajak betetzen… asko eta asko dira Dia supermerkatuetako langileek bizi dituzten urraketak, joan den asteartean egindako agerraldian azaldu bezala.

 

 

Urriaren 1eko mandatoari segida eman eta burujabetza prozesuan urrats berriak emateko unea da Katalunian

0
Kataluniako herriak hitza hartu du berriro, eta oraingoan ere burujabetzaren aldekoak gehiengo izango dira Legebiltzarrean, salbuespen egoeran egindako hauteskundeak izan arren, erabateko egoera antidemokratiko baten testuinguruan; 155. artikulua indarrean, hautagai independentistak kartzelan eta erbestean, Espainiako komunikabideek independentismoaren aurka bat eginda, enpresen ihesa eta langabeziaren izuaren mezua nonahi… Unionismoak makineria guztia martxan jarri du, segida eman dio urriaren 1eko erreferendumaren harira bultzatutako oldarraldiari, baina, hala ere, duela bi hilabete eta erdi bezala, ez du bere helburua lortu: ez du burujabetzaren aldeko gehiengoa zapuztu.

155. aldekoen estrategiak porrot egin du. Hau horrela izanik, eta kataluniarren hitza kontutan hartuta, burujabetzaren bidean sakontzea baino beste biderik ez dago korapiloa askatzeko. Izan ere, bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak defendagarriak direla entzun izan dugu behin eta berriz, eta Kataluniako autodeterminazio prozesuaren kontra Espainiako Estatuak sustaturiko oldarraldiak erakutsi du gezur handia zela. Espainiak ez du erabakitzeko eskubidea ez onartzen, ez errespetatzen. Horretan bat dator bipartidismoa ordezkatu duen PP, PSOE eta Ciudadanosek osatzen duten Erregimenaren hiruko berria. Gauzak horrela, urriaren 1eko mandatoari segida eman eta burujabetza prozesuan urrats berriak emateko unea da Katalunian.

Hego Euskal Herriari dagokionez, etorkizuna kezkagarria da. Menpekotasun egoera iraunarazi edota areagotzea da Espainiako Estatuaren eskaintza. Alternatiba bakarra dago: herri bezala burujabetza eskuratzeko estrategia bat abian jartzea. Erronka ezkerretik burujabetza prozesua sustatzean datza. Horretarako, erabaki berriak hartu eta aliantzak lantzeko unea da.