2026-01-17
Blog Page 833

Greba egun gehiago iragarri ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

0

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoaren beharrei erantzuten ez dien heinean, martxoan beste bi greba egun eta apiriletik aurrera astebeteko greba egingo dugu sektoreka LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok. Agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, aurreikusitako mobilizazio guztien berri emateko.

EAJk, PPek eta PSEek murrizketa politika gogorrak inposatu dituzte zerbitzu publikoetan azken hamarkadan, baita hezkuntza publikoan ere. Negoziazio kolektiborako eskubidea ere nabarmen urratu da. Ondorio zuzenenak plantillak murriztea, lan-kargak handitzea, hezkuntzako langileon prekarizazioa, ikastetxeetarako baliabide eskasia, azpiegituren kaskartzea eta zerbitzuen publikoen okertze eta pribatizazioa izan dira.

Inposatu nahi zaigun hezkuntza eredu neoliberalen abiapuntua dira ikastetxe publikoetan ematen ari diren murrizketa politikak. Ikastetxetako egoera larria da, jasan ezina kasu askotan. Sortu duten krisiaren ondorioz milaka familia baztertze egoeran geratu dira. Honetaz gain, jatorri eta kultura ezberdinetako familia asko etorri dira Euskal Herrira eta gure ikastetxe publikoetara.

Aniztasuna altxor bat da. Baina hezkuntza Sailaren kudeaketa interesatu baten ondorioz, egoera oso konplexuak bizitzera eraman gaitu eskola askotan, gehiegitan. Horregatik, segregazio egoerak gainditu eta denona eta denontzat izango diren ikastetxeak bultzatu behar ditugu, beharrezko diren giza baliabidez hornituak eta azpiegitura duinekin. Eskola komunitate osoaren ardura da, langile zein familiena.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuontzat hezkuntzako langileon lan baldintzak eta berdintasunean eta kalitatean oinarrituriko hezkuntza publikoa txanpon beraren aldeak dira. Horregatik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketa eta hezkuntza politika errotik aldatzea, honek guztiak hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sortu duen egoerari buelta ematea eta hezkuntza publikoari ezinbestekoa duen inbertsioa eta baliabideak eskaintzea.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan jasotakoaren ildotik:
"Pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena generoaren ikuspuntutik (hezkidetza), ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena, hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezkoak ez direnetan. Hezkuntza sistema propioa izango da eta euskal curriculum deritzana garatuko du".

Bide honetan gure aldarrikapen eta proposamenak argiak eta zehatzak izan dira:

• Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoan egiten duen inbertsioa nabarmen handitzea. EAEko hezkuntza inbertsio publikoa egungo BPGren %3,5etik gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
• Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu kolektibo ezberdinetan.
• Egun izugarria den behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan) %6ra murriztu, urteetan behin-behinean egon diren langileak egonkortuz.
• Ikasle-ratioak %10 murriztea.
• Hezkuntza Behar Berezietarako irizpideak zabaldu eta baliabideak handitu.
• Haurreskolen doakotasuna.
• Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.
• Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea sektore eta kidego guztietan.
• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea. Euskal Herritarrok erabaki behar dugu gure hezkuntza sistema gure errealitate eta beharren arabera eta horretarako
hezkuntza burujabetza ezinbestekoa dugu.

Negoziazio kolektiborako bideak erabat blokeatuta, egoera honi aurre egiteko sindikatuoi jaurlaritzak utzi digun bide bakarra mobilizazioarena izan da. Hezkuntza Publikoko irakasleek, Heziketa Bereziko eta Haurreskoletako langile eta hezitzaileek, Sukaldari eta Garbitzaileek erantzun ikaragarria eman diote gobernuari bai iazko ikasturtean baita aurtengoan deitu ditugun greba eta mobilizazioetan ere.

Sektore ezberdinetan 5 greba egun burutu ondoren, ikasturte honetan, irailean eta abenduan buruturiko negoziazio mahaietan, jaurlaritzak orain arteko bere jarrera inmobilista aldatu du, baina gure aldarrikapenetako batzuei besterik ez die erantzun eta oso modu partzialean. Ondorioz, oraindik oso urrun daude, egungo egoera larriari buelta eman eta hezkuntza publikoaren oinarrizko beharrei erantzuteko azken hilabete luzeetan plazaratu ditugun aldarrikapen eta eskaeretatik.

Hau honela, STEILAS, ELA eta LAB sindikatuon ustez, Eusko Jaurlaritza hezkuntza publikoak dituen premiei erantzuteko neurriak hartzera behartzeko mobilizazioarekin jarraitzea beste biderik ez dugu.

Hurrengo asteetan Hezkuntza Sailak deitzeko asmoa duen negoziazio mahaietan gure aldarrikapen hauei erantzuten ez dien heinean, martxoan beste bi greba egun, apiriletik aurrera astebeteko grebak sektoreka eta ekainaren 12an greba bateratua egingo dugu.
 

 

 

Helena Malenori elkartasuna adierazi dio Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak

Giza eskubideen aldeko ekintzailea epaitzen ari dira Marokon, errefuxiatuei babesa emateagatik. Epaileen aurrera deitu zuten atzo, eta, horren harira, mobilizazioak antolatu zituzten hainbat txokotan; Bilbon, tartean. Hain zuzen ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean bildu ziren hainbat pertsona, "Elkartasuna ez da delitua" leloarekin.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforman dauden eragileetako bat da LAB. Hala, sindikatuak ere bat egin zuen atzo deitutako mobilizazioekin.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Helena Malenorekiko elkartasun adierazpena sinatu zuen abenduan, hainbat pertsonalitaterekin batera. Ekintzaileak urteotan pairatutako erasoak salatzen ditu adierazpenak, eta errefuxiatuen alde egiten duen lana nabarmendu.
 

 

 

Alfako langileek mobilizazioak deitu dituzte ostirala eta larunbaterako

0

Elkarretaratze bat egingo dute ostiralean, 13:00etan, Untzaga plazan; eta Ipurua futbol zelaian izango dira larunbatean, 17:30ean, Eibarren futbol partida hasi aurretik. Langileek bitartekaritza lan serio eta gardena egitea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, ALFA taldearen etorkizuna bermatzeko.

Hauxe da Alfako langileek gaur igorri duten oharra:

2017ko abenduak 27an epaileak Alfa Precision Castingen (APC) likidazioa onartu ondoren, Greba Batzordeak bilerak izan ditu Eusko Jaurlaritzarko Industria Sailarekin eta Administradore Konkurtsalarekin.

Eusko Jaurlaritzarekin izan genuen bilerari dagokionez, Industria saileko zuzendariak argi utzi zuen inbertsore batzuen interes erreala dagoela APCren inguruan. Gure aldetik, aurreko eskaerak berretsi genituen, lanpostuen eta etorkizuneko proiektu industrial baten aldeko apustua egin zezaten.

Azken hilabeteotan EAEko hainbat enpresa likidazio prozesu batera iritsi dira, ehundaka lanpostu suntsituz. Eusko Jaurlaritzak eta Instituzio Publikoek paper aktiboagoa izan behar dute hemengo industriaren defentsan. Horregatik eskatzen diogu bitartekaritza lan serio eta garden bat egitea enpresa honen etorkizuna bermatzeko.

Administradore konkurtsalari dagokionez, gure eskaerak mantentzen ditugu:

• Enpresa lote bakar batean saltzea.
• Lan postuen subrogazioa.
• Kaleratze traumatikorik ez egotea.
• Jarraitu nahi ez duten langileen indemnizazioa hobetzea.
• Prozesu hau guztia irizpide garden eta objetiboak jarraituz egitea.

Gogorarazten dugu egoera honen errudun bakarrak hiru pertsona direla: Jon Ander Buenetxea, Iñaki Uzkudun eta Jorge agirrebeña. Hartzekodunen Hitzarmen bat indarrean zegoen bitartean, zorrak ordaindu beharrean, 2.289.092 euro banatu zituzten hiruren artean. Diru hau Industrias GOLen salmentaren ondorioz “prima” moduan banatu zuten. Gainontzeko diruarekin ez dakigu zer egin zuten, baina SPRIk argitaratutako informazioaren arabera, 22 miloi eurotan saldu zen Industrias GOL.

Abenduak 11tik langileak greba mugagabe egoera batean aurkitzen dira, jarraipena oso ona izaten ari da eta langileok borrokan jarraitzeko asmoa daukagu.

 

 

 

Oiartzunen gaur hildako garraiolariaren lan heriotza salatuko dugu ostiralean

Gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratze bat egingo dugu datorren ostiralean, urtarrilak 12, Oiartzunen, AP8an dagoen gasolindegian (Bilborako norantzan) goizeko 11.30tan.

Hauxe da LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok kaleratu dugun oharra, gaurko lan heriotza dela eta:

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu gaur Oiartzunen lan istripuan hil den garraiolariaren senide eta lagunei. Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpimaragarria da garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez dira hobetu. Ezinbestekoa da garraiolari nahiz gidarien egoera hobetzea, bai porteen prezioetan, bai lan orduetan, Europako herrialde askotan hartzen ari diren antzeko neurriak kontutan hartuz, izan ere, sektorearen zati bat prekarietatean egoteak, bestea ere, bertara bultzatzen baitu.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Garraiolarien lan istripuak ez dira maiz estatistika o zialetan kontutan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Besteetan, “heriotz natural” delakoen zifren barruan sartzen ere saiatu ohi dira, ez garraio sektorean bakarrik, lanak eragiten dituen estres egoerak, besteak beste, alde batera nahita utzita.

2017. urtean 53 langile hil ziren lan istripuan, horietatik 8, garraiolariak. Aurten, 10 egunetan, jada bi pertsona hil dira lan istripuan. Datu hauek guztiak eta prekarietatearen ondorioak gizarteratzea ezinbestekoa dela kontutan hartuta, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egingo dugu datorren ostiralean, urtarrilak 12, Oiartzunen, AP8an dagoen gasolindegian (Bilborako norantzan) goizeko 11.30tan.

Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.
 

 

 

Adierazpen sindikala, Argentinako egoeraren aurrean

0
Estatuko nazio ezberdinetako sindikatuek iritzi publikoari Argentinan azken hilabetetan gertatzen ari denaren inguruko gure iritzia plazaratu nahi diogu, gertatzen ari den guztiak biziki larritzen gaitu eta. LAB, ESK, STEILAS, CUT Galiza, Intersindical Valenciana, Intersindical Alternativa de Catalunya (IAC), FSOC Canarias, CUT Aragon, Sindicat COS Països Catalans, Intersindical CSC de Catalunya, SAT Andalucia, Confederación Intersindical Galega (CIG), CSI Asturies eta Intersindical Canaria sindikatuok sinatzen dugu adierazpena.

Argentinako langile klasea, borrokaren bitartez lorturiko eskubide sozial eta laboralen aurkako eraso bortitza jasaten ari da. Egia bada ere, oraingo honetan, Macrik ordezkatzen duen eskuina boterera hauteskunde batzuk irabazi ondoren iritsi dela, gobernu honen politika ekonomiko eta sozialak eta hauek babesteko herriaren kontra erabilitako errepresio politiko eta militarrak, dikatadura batenekin antz handiagoa daukate.

Macri eta bere gobernua korporazio ekonomiko handien oligarkia finantzieroaren eta Estatu Batuak buru dituen potentzia handien inperialismoaren interesen menpe dago, eta ez du inolako zalantzarik izanen langile klase eta herri sektoreen eskubide sozial eta laboralen aurka jotzerako orduan. Berdin dio, kolpe militarren, Brasilen kasuan bezala kolpe judizialen bitartez edota Hondurasen kasuan bezala hauteskunde iruzurren bitartez, beraien helburuak lortu arte ez dira geldituko.

Aipatzen ditugun adibide guztiak gehiegi dira hain denbora gutxirako. Alde batetik Maputxe herriaren kontrako errepresioa dago Patagonian, eta orokorrean jatorrizko herri guztien aurkako errepresioa. Errepresio honen ondorioz, azken hilabeteetan Santiago Maldonado eta Rafael Nahuel hil dira, eta erahilketa hauen inguruko kudeaketa ikusirik, eta ikusita nola kudeaketa hau familiari eta iritzi publikoari informazioa izkutatuz egin den, gure buruetara iraganeko erregimenetako errepresio bortitza etortzen da, non botere politikoak etsai politikoak desagertarazi egiten baitzituen. Bertze alde batetik, Macriren gobernua egiten ari den erreforma ekonomiko eta sozial guztiak daude, aipatu bezala, langile klasearen eta herri sektoreen eskubide guztiak desagertarazi nahi dituztenak.

Ez dira errezeta berriak Macriren gobernuak aplikatu nahi dituenak. Egia erran neoliberalismo klasikoaren errezeta berdin-berdinak dira; Estatu Batuetan eta Ingalaterran 80ko hamarkadan, Argentinan 90eko hamarkadan, Europan 2008ko krisiaren ondotik eta orain, berriz ere Argentinan aplikatzen dituztenak, hain zuzen ere. Azken finean neoliberalismoak beti bilatu izan duenaren atzetik doaz: lan baldintzen prekarizazioa, gastu publikoaren murrizketa, sektore publikoaren pribatizazioa, eta honekin batera, askatasunen eta oinarrizko eskubide zibilen deuseztapena.

Eraso neoliberal honen aurrean Argentinako herriaren erantzuna azpimarratu nahi dugu eta noski, erantzun honen gidaritza eraman duten antolakundeen egindako lana ere. Eremu sindikal ezberdinetan antolaturiko herri eta langile klaseaz ari gara solasean, Argentinan gaur egun jokoan dagoenaren oso kontziente dena gainera. Geldialdiak, manifestazioak, borroka egunak… guzti hauek errepresio bortitzarekin erantzuna direnak, eguneroko ogia dira azken hilabeteetan, bertan bizitzen ari den egoeraren adirazle garbiak hain zuzen ere.

Horregatik guztiagatik dokumentu hau sinatzen dugun sindikatuok gure elkartasuna helarazten diogu Argentinako herriari, herrialde horretako langile klaseari, eta erantzun herritar hau antolatzeko borrokan dauden sindikatuei. Nazioetako sindikatu borrokalariak zuen ondoan gaude, eta behar duzuen guztirako zuen ondoan egonen gara. Zoritxarrez Argentinan pairatzen ari zareten politikakn aurretik Espainiako estatuan ere aplikatuak izan dira, beraz ongi dakigu zer ari zareten jasaten. Beharrezkoa den toki guztietan gure elkartasuna adierazteko eta zuen ahotsa ahal dugun toki guztietara eramateko konpromisoa hartzen dugu.

Munduko langileriak pausu bat aurrera egitea beharrezkoa dela uste dugu. Elkartasuna ekintza militante bilakatu behar dugu; militantzia borrokatu antolatu batean eta antolakuntza herrien garaipenean. Gaur Argentinako langileen eta herriaren ondoan gaude gure bete beharra delako, baina baita ere jakitun garelako biharko egunean Argentinako herria gure ondoan egonen dela.
 

 

 

Sakabanaketa politika salatu dute Ormazabaleko langileek

LABek eta ELAk deituta, Igorreko Ormazabaleko langileek elkarretaratze bat egin dute, presoek pairatzen duten sakabanaketa politika salatzeko. Honekin batera, Bilbon larunbatean izango den manifestazioara joateko deia egin dute.
 

 

 

Espetxe politikari buruzko mahai inguru bat antolatu du biharko Foro Sozialak

PSE, EAJ, Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu alderdiek espetxe-politikari buruz eztabaidatuko dute lehen aldiz era integral batean. Bilbon izango da solasaldia, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan, 17:00etan.

Foro Sozial Iraunkorra presoen gizarteratzeari begira ari da lanean, elkarrizketa aldeaniztunen bidez, alderdi politikoekin eta sindikatuekin bilduta. Honen harira, ostegunean, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan, mahai inguru bat antolatu du Foro Sozial Iraunkorrak Bilbon, “Garai berrietan espetxe politika berria” lemapean. 17:00etan hasiko da.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek jaso dute gonbidapena, eta honako hauek konfirmatu dute parte hartzea: Amaia Arregi (EAJ-PNV), Julen Arzuaga (EH Bildu), Rafaela Romero (PSE) eta Andeka Larrea (Elkarrekin-Podemos). Legebiltzarkideak izateaz gain, denak dira beraien alderdi politikoen exekutiben kide. Alderdi Popularrak ez parte-hartzea erabaki du.

Moderatzaile lanetan Teresa Toda egongo da, kazetaria eta Foro Sozial Iraunkorraren kidea, eta LABeko hainbat kide izango dira entzuleen artean; sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, tartean.

Mahai inguru hau Sarek larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioaren atarian antolatu dute.
 

 

 

Kalitatezko osasun zerbitzu bat eskaintzea dutela helburu berretsi dute La Asuncion klinikako grebalariek

0

Atzo eta gaurko deitutako greba egunak direla eta, hainbat mobilizazio egiten ari dira Tolosaldean. Gaur goizean, elkarretaratze bat egin dute klinikaren atarian, eta, atzo egin bezala, protesta hauek jarraipena izango dute ondoren, Andoain eta Belateko zentroetan. Arratsaldean, 18:00etan, manifestazio bat egingo dute Tolosako udaletik abiatuta.

Abenduaren 13 eta 20an aurrera eramandako lan uzteek erabateko jarraipena izan zuten langileon aldetik. Ondorioz, enpresak negoziatzera deitu zituen. Hala ere, aurkeztu zieten proposamena langileen aldarrikapenetatik oso urrun aurkitzen da.

Akordiorik lortu ez zutenez, urtarrilaren 9 eta 10an grebara deitu zuten. Greba hau Invizako zuzendaritzak bere langileekiko duen interes faltaren ondorioa da.

20 urte hauetan klinikaren garapenean aurrerapausoak eman badira, langileen konstantzia eta profesionaltasunari esker izan da. Baina ezin da gauza berdina esan lan baldintzen garapenari buruz, azken urte hauetan lan baldintzen prekarizazio sistematikoa bizitzen ari baitita Montoya eta bere lagunen aldetik.

Sozialki ezaguna den bezala Invizako langileak joaten ari dira, dituzten lan baldintza txarren ondorioz. Adibide garbia da traumatologiako medikuekin geratutakoa. Asunción Klinikako traumatologia zerbitzua hankamotz geratu da, zuzendaritzaren arduragabekeriaren ondorioz.

Asuncion Klinikako langileek 2012 -2016 urte bitartean ez dute inongo soldata igoerarik izan, eroste ahalmenaren galerak ez du etenik izan. Urteko lanaldia 1.670 ordutakoa da, asteko 35 orduetatik oso urrun kokatzen direlarik; gainera, azken urteetan lanaldietan ez du murrizketarik izan 2010. urtetik. Pertsonal falta, kontratuen irregulartasuna eta lan zamaren handitzea egunerokotasunean egonkortu dira.

Egoera larri honen aurrean zuzendaritzari hurrengoa eskatzen diote: eroste ahalmena berreskuratzeko benetako pausoak ematea. Urteko lanaldia 1.592 orduetara gerturatzeko pausoak ematea, pertsonala handitzea, hauen kontratazioa erregularizatzea eta lan zamak hobetzea.

Langileen helburua Tolosaldeko 65.000 biztanleei kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzea da; enpresarena, berriz, langileen lan baldintzak eta osasun zerbitzuak prekarizatuz dirua irabaztea. Kalitatezko osasun zerbitzu bat eman ahal izateko ezinbestekoa da langileen lan baldintzak hobetzea.

 

 

 

Abiadura Handiko Trenaren aurka protesta egin dugu IruƱean, IƱigo de la Sernaren bisita dela eta

0

Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Serna Euskal Herrian da. Iruñean egin du agerraldia goizean eta Gasteizen izango da arratsaldean, Euskal Y-aren lotuneei buruzko zehaztasunak emateko. Hala, Iruñean, hainbat eragile sozial, politiko eta sindikaletako ordezkariok protesta egin dugu, De la Sernaren bisita dela eta. Hain zuzen ere, Abiadura Handiko Trenaren kontra eta tren sozialaren alde irten gara kalera, eta Madriletik datozen inposizioak salatu ditugu.