2026-01-18
Blog Page 822

Osakidetzako Euskara Planaren ebaluazioko emaitzen ezkutaketa salatu dugu

LABek jakinarazten du, Osakidetzak euskararekiko eta langileon ordezkarienganako duen jarrera aldatzea exijitu asmoz, asteartean burutuko den Osakidetzako Euskara Batzorde iruzurrezko horretan ez duela parte hartuko.

Osakidetzako LAB sindikatuak salatu egiten du Osasun Saila burutzen ari den Osakidetzako Euskara Planaren tarteko ebaluazioko emaitzen ezkutaketa lotsagabea. Iaz egin eta amaitu zen Elhuyar enpresari esleitutako tarteko ebaluazio hau. Ebaluazio honetan Osakidetzako Zerbitzu Erakundeetako eta Erakundeko osoko Euskara Planaren kudeaketa aztertu zen, tokian tokiko ikuskatzeak eginez eta gaiarekin zerikusia duten pertsonekin elkarrizketak burutuz. LAB sindikatuak jarrera aktiboa izan zuen ebaluazio honetan eta hainbat informazio eskaini zien ebaluatzaileei tokian toki haiekin egindako bilera ugaritan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ebaluazio honen emaitzak eskutan izan bezain laster Osakidetza osatzen dugun eta ebaluazioan parte hartu dugun eragileoi helarazi ordez, ebaluazioa aste luzez ezkutatu eta soilik bere komenentzia kontutan hartuz pentsatutako egitaraua antolatu du ebaluazioa ezagutarazteko. Egitarau honen abiapuntua eta erdigunea Darpon Sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean astelehenean, otsailak 5, egitekoa den agerraldia da. Pentsatzekoa da, egin ohi duten legez, Osasun Batzorde hau burutzen ari den bitartean Osasun Sailak komunikabideetara aurretik prestatutako kontakizuna igorriko duela, Euskara Planaren ebaluazioaren alderdi baikorrak azpimarratuz, eta bide batez Osakidetzan euskarak gero eta egoera hobea bizi duela eta Osasun Saila euskararekin erabat konprometituta dagoenaren mantra errepikatuz berriro ere.

Darponen agerraldiaren hurrengo egunean, asteartean, Osakidetzak Euskara Batzordea antolatu du sindikatuokin, bertan ebaluazioaren berri emateko. Azpimarratzekoa da hortaz, ebaluazioa iazko burutua zegoen arren Osakidetzako sindikatuok Euskara Batzordera ebaluazio hori aurretik ezagutu, aztertu eta berari buruzko galderak eta iritziak luzatzeko aukerarik gabe joatea erabaki duela Osasun Sailak. Ondorioz, Osakidetzako langileok eta Euskara Batzordeko sindikatuok ebaluazioaren berri lehenbiziko aldiz komunikabideen bidez izango dugu, Euskara Batzordearen bezperan, beti ere Osasun Sailak prestatu eta makilatutako kontakizunaren bidez. Jokamolde honekin Euskara Batzordea elkarlanerako gune baliagarria izatea ezinezkoa bihurtzen da. Are gehiago, lehendik ere Euskara Batzordeen dinamika erabat mugatua zela kontutan harturik. Izan ere, euskararen egoera hobetu eta langile zein erabiltzaileen hizkuntz eskubideak hobetzeko aurreko Osakidetzako Euskara Batzordeetan egin ditugun eskaerek gaurdaino erantzunik ere ez dute izan. Bere interes bakarra, bistan denez, euskarak Osakidetzan bizi duen egoeraren inguruan bere mezua lehena eta nagusia izatea da, gure hizkuntzak osasun arloan bizi dituen begi bistako arazoak eta ezintasunak apaindu eta isildu nahian. Eta horretarako informazio ezkutaketa eta ekarpenak burutzeko eragozpenak tresnatzat erabiltzen dituzte.

Jokaldi mediatiko honen lotsagabekeriaren puntu gorena aste honetan izan dugu: ebaluazio txostena ostiral honetan, Euskara Batzordearen aurretik behar bezala aztertzeko denbora nahikorik gabe bistan denez, jasoko genuela esanez sindikatuoi mezu bat igorri ondoren, hiru egun beranduago beste mezu bat igorri digu Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak, adieraziz ebaluazio txostena aurretik ez, baizik eta Euskara Batzordean bertan emango zaigula. Ebaluazioaren azterketa egin eta horren harira eskaerak egiteko tarterik txikiena ukatu nahi digu sindikatuoi Osakidetzak, hortaz.

Gauzak honela, euskarak Osakidetzan bizi dituen arazoak konpontzeko borondate ezaz gain, azkenaldian euskara baztertzen duten hainbat jokamolde ikusirik, langileen kontratazio gaian adibidez, LAB sindikatua ez dago prest langileon ordezkariak mespretxatzeaz gain euskararen gaia hain modu lotsagabean mediatikoki bere onerako erabiltzea baino bilatzen ez duen antzerki honetako partaide izateko. Ondorioz, LABek jakinarazten du Osakidetzak euskararekiko eta langileon ordezkarienganako duen jarrera aldatzea exijitu asmoz asteartean burutuko den Osakidetzako Euskara Batzorde iruzurrezko horretan ez duela parte hartuko, eta Osakidetza ohartarazten dugu euskararen normalizazioan jarrera ez aldatzekotan aurrez aurre tinko izango gaituela. Horrekin batera LABek Euskal Herriak merezi duen osasungintza euskaldunaren aldeko borroka indartzeko deia luzatzen du.

 

 

 

Urte berriaren etorrerarekin, 1.704 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian

Kontratazioari dagokionez, sinatutako kontratuen %93 aldi baterakoak izan dira, azken hilabeteetako bilakaeraren isla. Bada, botere publikoek oraindik ez dituzte neurriak hartu prekarietatearen eta honen kronifikazioaren aurka.

Urtarrilean, 1.704 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, enplegu arloko zerbitzu publikoek emandako datuen arabera. Enpleguaren suntsiketa ez da berdina izan gizon eta emakumeentzat.

Langabe dauden emakumezkoen langileen kopurua 2.754 handitu egin da aurreko hilabetearekin alderatuta; 1.050 gizonezko gutxiago daude langabe, ordea. Orokorrean, langabeziaren datu ofiziala 164.983 pertsonakoa da, enpleguaren bilakaera ezkorra dela medio; horietatik %57 emakumeak dira.

Hala ere, langabeziaren estatistikek erakusten dutena baino handiagoa da galdutako enplegu bolumena. Hain zuzen ere, Gizarte Segurantzan 10.831 afiliatu gutxiago daude, eta honek argi erakusten digu enpleguaren gainbeheraren benetako argazkia zein den.

Langabeziak neurri berean gora egin ez izanak adierazten du biztanleria aktiboa jaitsi egin dela. Honek langabeziaren datuak arintzen ditu, baina kezka iturri bada.

Kontratazioari dagokionez, sinatutako kontratuen %93 aldi baterakoak izan dira, azken hilabeteetako bilakaeraren isla. Bada, botere publikoek oraindik ez dituzte neurriak hartu prekarietatearen eta honen kronifikazioaren aurka.

Eskandalu bat da behin behinekotasunaren datua. Kontratazio mota honen atzean enpresen gehiegikeria eta iruzurra dago, beharrak modu iraunkorrean betetzeko erabiltzen baitute. Praktika hau orokortu egin da, enpresen sarean zein administrazio publikoan kontratatzeko orduan.

Azkenik, beharrezkoa da salatzea enplegu arloko zerbitzu publikoek langabe kontsideratzen dituzten pertsonen %70ek ez dutela langabezia babesteko sistemaren babesik. Honek esan nahi du 114.558 langabek ez dutela inongo prestaziorik jasotzen Espainiako Estatuko enplegu arloko zerbitzu publikoetatik.
 

 

 

Borroka eta mobilizazioan jauziak emateko prest gaude lan istripuak eta prekarietatea lehen mailako arazo politiko bilakatu arte

Bizkaibus-Pesa Lur-eko enpresa batzordeak gaur egindako elkarretaratzearekin bat egin dugu Bilbon, euskal gehiengo sindikalaren izenean. Hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean bildu gara atzo izandako lan heriotzak salatzeko; goizean Galdakaon izan ziren biak eta arratsaldean Loiun gertatutako beste biak.

Atzo, otsailaren lehena, 15:00ak aldera 32 eta 33 urteko A.P. eta L.D.A. eraikuntzako bi langileak hilda topatu zituzten Excavaciones Ibardegi enpresako furgonetan. Euskaltel Promotora den obra batean ari ziren lanean. Obrako contratista nagusia ZTE enpresa da, honek azpikontratatua du Amintel S.l. eta honek berriz Excavaciones Ibardegi S.L. Hildako bi langileak Ibardegiko azpikontatatan lan egiten zuten.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu langileen senida eta gertukoei.
Azken heriotz hauekin 8 dira gutxienez urte hasieratik Hego Euskal Herrian hildako langileak, eta faktore amankomun bat dute oinarri, prekarietatea, hau baita istripu guztien amankomuneko faktorea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua , enplegu eta lan baldintzen kaxkarra, azpikontratazioa, behin -behinekotasuna eta egiazko prebentzio ezaren ondorio zuzena dira.

Leioako istripuen kasuan , nabarmentzekoa da azpikontrata batean ari zirela hildako langileak .Prekarietateak hil egiten gaitu, lan baldintza kaxkarrak, bizi baldintza kaxkarren ondorio zuzena dira, bi langile hilda topatu zituzten furgoneta barruan laneko atsedenean. Argi dago prekarietateak eragin zuzena izan duela lan istripu honetan.

Berriro ere salatu behar dugu eraikuntza sektorean pairatzen den prekarietatea , esplotazioa eta 0 segurtasuna. Sektore honetan hildako langileen %85ak azpikontratutako enpresa baterako lan egiten dutela.

Administrazioak egoera honen konplizeak bilakatu dira. Prebentzioa egiten dutela diote, baina darabiltzaten politikek berekin dakarte lan baldintzak hondatzea. Argi dago ez diotela prekarietateari aurre egin nahi. Prekarietatea handitzen hari da, lan baldintzak ez dira hobetzen eta egunez egun ari dira okertzen.

Gaur egungo egoera mugiarazteko, lan baldintzak ezinbestean hobetu behar dira eta ildo horretan egin behar dira legeak. Borroka eta mobilizazioan jauziak emateko prest gaude lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bilakatu arte. Hala adierazi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk berak, gaur goizean Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan.

Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatu daitezken mobilizazioetan parte hartzera.

 

 

 

Zitazio judizial berriak independentismoaren aurka

0

Estatu Espainiarraren makinaria errepresioak ez du etenik. ANC eta Omniuneko lehendakarien eta Kataluniako zilegizko gobernuko kideen atxiloketei nahiz bortxazko erbesteari, CUPeko Anna Gabriel eta Mireia Boyari Otsailaren 14rako, Maria Pascal (PDECAT) eta Marta Rovirari (ERC) Otsailaren 19rako eta Artur Mas (PDECAT) eta Neus Lloverasi (Associació de Municipis per la Independència AMI-ko lehendakaria) Otsailaren 2orako iritsitako zitazio judizialak gehitu behar zaizkio.

Pertsona guzti hauek pasa den Abenduaren 22tik matxinada, sedizio eta bidegabeko erabilera ekonomikoa egotzita irekitako prozesu judizialean kokatzen dira. Behin galdeketa bukatuta ondoren Gorenak, fiskaltzak eta herri akusazioak pertsona hauen kontrako behin-behineko neurriak eskatu ditzakete.

Euskal Herriko LAB sindikatutik zitazio judizial berri hauek eta Kataluniako herriak bizi duen muturreko salbuespen egoera salatu nahi ditugu. Muturreko salbuespen egoera honen ondorioz Parlament-aren gehiengo batek demokratikoki aukeratua izan den zilegizko lehendakariaren kargu hartzea eragotzi nahi dute, eta eskura dituzten tresna politiko eta judizial guztiekin Kataluniako herriak pasa den Urriaren 1eko Erreferendumean adierazitako borondate demokratikoa erreprimitu nahi dute.

Bukatzeko, CUPeko Anna Gabriel eta Mireya Boyari zein gainontzeko inputatu guztiei eta Kataluniako mugimendu independentista guztiari gure elkartasuna helarazi nahi diegu. Askatasunaren bide honetan gure babes osoa daukazue, eta bide honetan injustizien eta errepresioaren aurkako borrokan nahiz Kataluniako herriaren borondate demokratikoaren defentsan elkar aurkituko dugu.

#niunamés
#SensePor
#PerLaRepublica

 

 

 

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du martxoaren 8ko greba feministarekin

0

LAB, ELA, STEILAS, ESK, Hiru eta EHNE Bizkaiak Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaur iragarri duen greba feministarekin bat egin dugu. Hain zuzen ere, aurtengo martxoaren 8an lehenengo aldiz Euskal Herrian greba feminista egingo da "Emakumeok* planto!" lemapean. Enplegu greba hutsaz harago doan greba izango da, zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo da, egungo eredu kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzeko.

Greba honek beste lan batzuei, bizitzaren beste eremu batzuei eragingo die. Egun horretan eguneroko zaintza eta etxeko lanei, kontsumoari, enpleguari eta ikaskeei planto egingo diegu sistema hau emakumerik gabe ez doala inora aldarrikatuz. Emakumeek* kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa eraiki nahi dugu. Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Mugimendu Feministak argi esan duen bezala: hau ez da defentsarako greba hutsa, eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera.

Sindikatuok Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen greba feministan eta martxoaren 8an egiten diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatzen du, eta, horretarako, hurrengo astean, lan uzteak erregistratuko ditugu Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan: Bilbon asteartean erregistratuko dugu, 11:00etan; eta Iruñean asteazkenean, 11:00etan ere.

 

 

 

Jaurlaritzak eskuhartze sozialeko hitzarmena ez duela betetzen salatu dugu Gasteizen

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskuhartze sozialeko langileek protesta egin dute gaur Gasteizen, Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak parlamentuko osoko bilkuran agerraldia egiten zuen bitartean. Eskuhartze sozialeko hitzarmenak sinatu ditugu LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGTk, eta sindikatuok mobilizaziora deitu dugu Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak ez duelako betetzen.

Sindikatuok zerbitzu publikoak pribatizatzeko eredua salatu dugu gaurko elkarretaratzean, baita horrek ekartzen dituen ondorioak ere, mobilizazioaren harira kaleratutako oharrean salatu dugun bezala.
 

 

 

Arrakastatsutzat jotzen dugu atzoko Bizkaiko bulego eta langeletan egindako greba

Grebak %70eko jarraipena izan zuen eta milaka langilek manifestazioa egin zuten Bilbon. Eskatuko dugu datorren otsailaren 14an, negoziazio-mahaia Lan Harremanen Kontseiluan batzartuko den egunean, argi dezala antzinatasuna eta gutxieneko bermea, aurreko hitzarmenean mantentzen ziren bezala, ia marra gorria den eurentzat eta honen inguruko aldaketak planteatzen baldin badituzte, ia hauek zeintzuk izango diren.

Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren mahaia, ELA zein LABen ustez antzinatsuna eta gutxieneko bermea ezin dira ikutu. Hau lortu nahian dabil CEBEK patronala negoziazioaren hasieratik, eta greba deitzera behartu ditu sektoreko langileak, Euskaltel, Iberdrola, Kutxabank, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia bezalako lekuetan ari direnak. Grebaren puntu gorena Arriagatik abiatuta CEBEKeraino egin zen manifestazioa izan zen, sektoreko milaka langileren partehartzearekin.
 

 

 

Eraikuntza sektorean prekarietateak babes politikoa duela salatu dugu

0

Zubietako errauste plantako obran, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra, ez da Lan Prebentzioko Legea betetzen, ezta beste segurtasun arau eta lan osasunekoak ere. Halaxe berretsi du Lan Ikuskaritzak, LAB sindikatuak jarritako salaketa ontzat hartuta. Agerraldi bat egin dugu gaur Donostian, horri buruzko xehetasunak emateko.

Gipuzkoako obretara LABek egiten dituen aldikako bisitetako batean, Zubietako errauste plantaren obretan eraikuntzako hitzarmena ez zela betetzen jakin ahal izan genuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obran.

Hitzarmena ez betetzeagatik, 2017/12/04an, Lan Ikuskaritzan salaketa sartu genuen, zehazki hitzarmenaren soldaten azpitik ordaintzen ari zirelako, eta lanaldiak hitzarmenekoak baino altuagoak zirelako. Beranduago obrara beste bisita bat egin genuenean, obra horretan zeuden garabiek legeak dioena ez dutela betetzen ikusi genuen. Hain zuzen ere, laneko gune berean 5 garabi lanean zeuden, eta, hortaz, beste salaketa bat jarri genuen 2017/12/20an.

Urtarrilaren 10ean obrara egindako bisitan, garabiek bere horretan mantentzen zirela ikusteaz gain, anemometroek ez dutela funzionatzen ikusi genuen. Anemometroek haizearen indarra neurtzen dute, eta alarma bat pizten dute haize asko dagoenean eta, horren ondorioz, arriskua sortzen denean.
Ondorioz, 2018/01/11n, Lan Ikuskaritzan idatzia sartu genuen berehalako arriskua larriagatik Zubietako errauskailuaren obra gelditzeko.

LABek 2018/01/30an jaso zuen 2018/01/24an bidalitako Lan Ikuskaritzaren idatzia, non esaten zaigun salatutako egoera benetakoa dela. Hala, enpresei arazo horiek konpontzeko agintzen die.

Zehazki Lan Ikuskaritzak bisita egin zuen, Osalaneko teknikariarekin batera, urtarrilaren 16an, egiaztatuz LABek salatutakoa egia dela, garabiak salatu moduan gune berean ari direla lanean eta langileentzako arrisku larria zegoela.
Era berean, Lan Ikuskaritzak prebentzio planean jasota egon behar zela dio, eta babeserako eta koordinaziorako neurriak hartuta egon behar zutela. Era berean, anemometroak egiaztatzeko eta konpontzeko agintzen du.

Ondorioa: Zubietako errauste plantako obran, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra, ez da Lan Prebentzioko Legea betetzen, ezta beste segurtasun arau eta lan osasunekoak ere.
Berriro ere, interes politikoak eta ekonomikoak langileen segurtasun eta osasunaren gainetik jartzen ari dira, eta presak, lan baldintzak eta lan eskubide gabeziak, prekarietatea azken finean, salatzen ditugu.

Eta hau tamalez gertatzen da arauak hausten dituenarentzat ondoriorik ez dagoelako. Enpresak eta euren beste obra batzuen arduradun politikoak, instituzioek, inpunitatez jokatzen dute. Badakite jarduteko era honek ez duela inolako ondoriorik. Lan Ikuskaritzak gertatutakoaren larritasuna onartu arren, ez dute inolako isunik jarri ere egin. Eraikuntzako langile baten bizitzak lanean mugitu behar duen kargak baino gutxiago balio du.
Instituzioek eredu izan behar dute eskubideak, lan baldintzak eta segurtasuna eta osasuna bermatzeko, baina errealitatean enpresa okerrenak bezala jokatzen dute, lan gehiago eskubide gutxiagorekin inposatuz. Interes ekonomikoa segurtasuna eta osasunaren gainetik jartzen dute.

Era berean, salatu nahi dugu Donostiako udalean EAJ, PSE eta PPk joan den asteko udalbatzan izandako jarrera. Udaleko diru laguntza jasotzeko eskaera egiten duten fatxadak berritzeko obretan, ez da beharrezkoa izango Gipuzkoako Eraikuntzako Lan Hitzarmena betetzea, orain arte bezala, EAJ, PSE eta PPren botoei esker. Erabaki honek hitzarmena ez betzetzeari eta esplotazioari ateak irekitzen dizkio. Onartezina eta lotsagarria da. EAJ, PSE eta PPri eskatzen diegu atzera egiteko eta lehen bezala mantentzeko araudia.

LABek bilera eskatua dio Donostiako alkate Eneko Goiari, eta oraindik erantzun ere ez digu egin. Ematen du eraikuntzako langileak ez garela lehentasun berarentzat.

LABentzat oso larriak dira bi gertaerak. Ez dira kasu isolatuak, baizik eta sistematikoki hori da eraikuntzako sektorearen eguneroko ogia. Prekarietatea ez da zoriz gertatzen, arazo politikoa da, eta salatu nahi ditugu bultzatu eta onartzen duten politikariak. LABek ez du onartzen eraikuntza “legerik gabeko sektorea” izatea. Esplotazioarekin amai dezakegu eraikuntzan. Borondate politikoa badago, lan baldintza duinak bermatu daitezke eraikuntzan, baina langileen eskubideak aurrezki ekonomikoaren gainetik jarri behar dira.

LABek lan baldintza duinak berreskuratzeko borroka egingo du eraikuntzan.
 

 

 

Lau langile hil dira gaur Bizkaian, zortzi urtea hasi denetik

Gaur, 41 urteko garraiolari bat eta 31 urteko autobus gidari bat hil dira gaur goizean Galdakaon, lan istripu baten ondorioz, gidatzen zuten kamioia eta autobusa aurrez aurre talka egin ondoren. LAB sindikatutik dei egiten dugu Bizkaibus-Pesa Lur-eko enpresa komiteak biharko, otsailaren 2rako, 10.30erako, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean (Bilboko Gran Via, 25) deitutako elkarretaratzean parte hartzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, beste bi langile hil dira gaur arratsaldean Bizkaian. Hain zuzen ere, lan ezbehar hilgarria Loiun gertatu da, eta ustez intxoxikatuta zendu dira bi gizonezko.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen senide eta gertukoei.

Azken heriotz hauekin, Hego Euskal Herrian gutxienez zortzi langile hil dira lan istripuz urte hasieratik, eta hauetatik lau garraiolariak ziren.

Errepidean lan egitea oso arriskutsua da. Garraio sektorean lan baldintzak prekarioak dira, ordutegiak luzeak, eta lan zama gero eta handiagoa da. Gainera, salatu behar dugu garraiolariek lanaldian dituzten lan istripuak ez direla estatistika ofizialetan kontuan hartzen. Honek ondorio zuzen bat ekartzen du: lan istripu hauek ez dira ikertzen, ezta beharrezkoak diren neurri prebentiboak ezartzen. Hauek eta horrelako beste hainbat arrazoiek lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dute, eta garraiolarien euren bizia arriskuan jartzen dute.

Behin eta berriz salatu dugu lan istripuen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla, prekarietatea eta lan osasuna elementu kontrajarriak direlako. Administrazio Publikoei exigitzen diegu beste alde batera begiratu ez dezatela; lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezar ditzatela.

Azkenik, LAB sindikatutik dei egiten dugu Bizkaibus-Pesa Lur-eko enpresa komiteak biharko, otsailaren 2rako, 10.30erako, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean (Bilboko Gran Via, 25) deitutako elkarretaratzean parte hartzeko. Era berean, lantokietan borrokan jarraitzeko deia luzatzen dugu, eredu berri baten alde, baldintza duinen alde eta langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko duen jendarte eta herri baten alde.

Loiun, intoxikatuta
Eguneko bigarren lan ezbehar hilgarriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, beste bi langile hil dira gaur arratsaldean Bizkaian. Hain zuzen ere, lan ezbeharra Loiun gertatu da, eta ustez intxoxikatuta zendu dira bi gizonezko.