2026-06-18
HomeIndustriaMetalgintzaTriman Minerals enpresaren itxiera arriskua salatu dugu

Triman Minerals enpresaren itxiera arriskua salatu dugu

LAB sindikatuak Triman Minerals S.A enpresaren itxiera arriskuaz ohartarazi nahi du Nafarroako gizartea. Nafarroako langileei jada 3 eta 4 hilabeteko soldata zor zaie eta emergentziazko egoeran daude. Egoera hau ez da berria, 2016 urtetik ona soldatak ez dira garaiz ordaindu eta zorra handitzen joan da langile eta hornitzaileekin.

Enpresak lau lan zentro ditu, bi Asturiasen eta bi Nafarroan. Guztira 59 langile dira eta horietatik 32 langile Iruñeko eta Altsasuko lan zentroetan banatzen dira. LAB sindikatuak Altsasuko lantegian du ordezkaritza. Triman Minerals S.A enpresa entramatu konplexu baten parte da: Moncayo Real Estate SLU taldea. Talde horrek Nafarroan beste lantoki bat du hiruzpalau langilerekin; Trituraciones Moviles SAU izena du eta Fiteron dago. Langile horiek ere arriskuan dute beren burua. Beraz, Nafarroan osotara 35 langile izan daitezke kaltetuak.

Enpresak maiatzaren 9an ekin behar zion kontratuak behin-behinean etengo zituen Enplegua Erregulatzeko Txosten (EEE) baten kontsulta epeari. EEE hori estatu mailakoa izan behar zen eta taldeak dituen 59 langileei eragin behar zien. Enpresak baldintza bat jarri zuen EEEa sartzeko: lantoki guztietako langileek babestua egon behar zuela kontsulta epea hasi bezain laster, eta bestela ez zuela sartuko.

Lantoki guztietako langileen ordezkariek ezezko borobila eman diote enpresari eta enpresak ez du EEErik sartu. Hortaz, egoera honetan langileek kobratu gabe jarraitzen dute. Argi utzi nahi dugu enpresak ez zuela dokumentazio osoa aurkeztu eta gainera guk Nafarroako lantokiei eragiten dio EEEa Nafarroan negoziatzea eskatu dugu. Laburbilduz, enpresak ez du EEErik aurkeztu, ez da kontsulta epea hasi, eta une honetan ez dakigu zein den enpresaren asmoa.

Beste alde batetik, enpresak duela hilabete batzuk Sodenara jo zuen finantzazio bila proiektu bat aurrera ateratzeko asmoz. Dakigunez, Sodenak enpresa babestu du finantziazioarekin, baina proiektuak ez du aurrera egin.

Enpresa ixteko arriskuan dago, baina badakigu alternatibak egon, badaudela, bai taldea aurrera ateratzeko eta baita Nafarroako lanpostuak babesteko ere. Altsasuko langileok konbentzituta gaude Altsasuko lantokia bideragarria dela.

Horregatik guztiagatik, egoeraren larritasuna ikusirik, salaketa publiko egin nahi izan dugu. Egungo zuzendaritzari exijitu nahi diogu zor duen guztia ordain dezala, egon daitezkeen alternatiba guztiak lagun ditzala eta irtenbide bat bila dezala langileek bizi duten emergentzia egoerari aurre egiteko. Eta Sodenari ere exijitu nahi diogu proiektu berri bat aurrera ateratzeko behar den guztia egin dezala.

Azkenik, adierazi nahi dugu etorkizunean alternatibarik egon behar badu, egungo zuzendaritzak ezin duela jarraitu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.