2026-01-19
Blog Page 818

Garraiolarien lan baldintzak salatu ditugu Iruñean

Garraiolari bat hil zen larunbatean Oronoz-Mugairin, eta dagoeneko, gutxienez, hamar langile hil dira urtea hasi denetik; horietako bost garraiolariak. Azken lan heriotza salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu gaur Iruñean, euskal gehiengo sindikalak deituta, Nafarroako Gobernuko errepideen mantenuaren ardura duen zerbitzuaren egoitzaren aurrean. Hain zuzen ere, N-121-A errepidearen arriskua salatu dugu, bertan gertatu baitzen istripu hilgarria.
 
Pasa den larunbatean, otsailaren 10ean, N-121-A errepideak bertze langile baten bizia eraman zuen. Lan istripua arratsaldeko 17:23 orduetan gertatu zen N 121-A (Iruñea-Behobia) errepideko 39. kilometroan Zozaia (Oronoz-Mugaire) parean eta Iruneko norabidean. Hilik suertatu den langileak 55 urte zituen eta Almerian bizi zen. Kamioia atseden-gunera ateratzen ari zela zuhaitz batzuen kontra jo zen.

LAB sindikatutik lehenik eta behin gure elkartesuna eta babesa helarazi nahiko genioke lanean ari zela hildako langilearen senitarteko eta ingurukoei. Hau izan da urte hasieratik Nafarroan hil den lehen langilea eta honekin, 10 dira gutxienez urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak.

N-121-A errepidea Nafarroan egunero trafiko handienetakoa duen errepidea da, zenbait autobidek baino gehiago. Egunero 10.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide honetan eta horietatik heren bat kamioiak dira. Izugarrizko trafiko bolumena jasaten duen errepidea da, nazioarteko garraioaren ia osotasun guzia hemendik pasatzen delarik. Argi diogu: errepide hau ez dago, inolaz ere prestaturik, egunero pairatzen duen trafiko bolumena jasateko. Eta egoera horreri gehitu beharra zaio azkeneko hilabeteetan, autopistan kamioei kobratzen hasi direnez, bertatik pasatzen diren kamioi kopurua handitu dela eta errepidearen egoeran aunitz sumatzen dire horren ondorioak, geroz eta zulo gehiagorekin eta asfaltoaren egoera kaxkarrarekin.
Tamalez ez da lehenengo aldia langile bat errepide honetan hiltzen dena, denoi heldu zaizkigu istripuak burura. Zoritxarrez zerrenda luzeegia da.

Loteria makabro bat da gaur langile honen bizitza moztu duena, baino edozein momentutan errepide hau erabiltzen ahal duten milaka eta milaka pertsonei tokatu ahal zaiena. Errepide nazional batez ari gara solasean, inondik ere daukan trafikoaren pisua jasateko gaitasunik ez duena duena, batez ere Leitzarandik joateak kamioientzat kostu ekonomiko handiagoa suposatzen duenez N-121-A errepidetik pasatzen joaten direlako. Eta maiatzatikan aintzinerat, zazpi hilabetez guttienez, egoera honek okerrera eginen du, zazpi hilabetez Belate eta Almandozeko tunelak itxiko dituztelako eta Belateko porututikan desbideratuko delakoz trafikoa. Garraiolariek argi utzi dute jada portu zaharretikan baldin bada ere, hemendikan joaten segituko dutela.

Aurreko Nafarroako Gobernuek inoiz ez dute errepide honen egokitzapena beraien lehentasunen artean izan, eta egin duten gauza bakarra egoerari partxeak jartzea izan da, arazoaren erroetara joateko borondaterik ez zegoelako. Baino ez da partxeak jartzeko garaia, irtenbideak bilatzekoa baizik. Errepide honen erabiltzaileak nazkatuta daude.

Aipatutako guztiarengatik LAB sindikatutik Nafarroako Gobernuari behingoz egoera honi soluzioak bilatzen inplikatu dadila eskatzen diogu, tunelak Europako araudirat egokitzeaz gain, berriz ere horrelako idatzirik idatzi behar ez izateko.

Gaiaren inguruan eztabaida ireki eta parte hartzailea zabaltzeko momentua da, jendartearen eskutik eta eragile sozial eta politikoen iritziak kontutan hartuta.

 

 

EUSTATeko enplegua duindu eta egonkortzearen alde egiten dugu, pribatizazio eta prekarietateari amaiera emanez

Aurreko astean, hurrengo 4 urtetarako Estatistika Plana aurkeztu zen, horrekin batera, Gobernuak aurkeztu duen Lan Postuen Zerrendari alegazioak egiteko epea bukatu zen. Bi gertaera hauek EUSTATeko langileentzat oso garrantzitsuak izan dira, batetik, gobernuak egindako lanpostuen zerrendarekin lan prekarioa betikotu nahi dutelako, eta bestetik iragarri zituzten ikerketa lan guztietatik, %80 pribatizatuko dutelakoan gaudelako. EUSTATeko langileek, gehienak emakumeak, 30 urte daramate euren egoera salatzen, eurentzat lanik ez dagoela esaten diete eta enpresa pribatuak kontratatzen dituzte langileak langabezian uzten dituzten bitartean. Hori da Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen enplegu plana, prekarizazioan eta pribatizazioan oinarrituta. Hau guztiari buruz hitz egiteko, Eustat eta Eusko Jaurlaritzako LABeko delegatuek agerraldi bat egin dute gaur Bilbon.

Hauxe da langileek gaurko agerraldian egin duten irakurketa:

Gobernuak Pribatizazio politikan sakontzen du, eta antolaketa tamalgarri batekin EUSTAT institutua prekarietatera kondenatzen du.

Aurreko ostiralean bukatu zen Gobernuak, mahai sektorialean sindikatuoi aurkeztu zigun EUSTATeko lanpostuen zerrendari alegazioak aurkezteko epea. LAB sindikatuak bere alegazioak aurkeztu ditu.

Gure alegazioekin, betidanik langileok borrokatu dugun helburu berdina aldarrikatu nahi izan dugu: langileon prekarietatearekin bukatzea. EUSTATeko langileok Gobernuak eman dituen azken urratsekin oso kezkatuta gaude, prekarizazioan sakontzeko bideari eusten diotelako.

Gaur egun arte, bizi izan dugun egoera behin eta berriro instituzio ezberdinetan, Parlamentuan edo Arartekoan adibidez, salatu ostean eta, Eusko Jaurlaritzak gure eskubideak urratu eta gero, epaitegietan lortutako epaiei esker, mugagabe diskontinuo ginela zehazten dutenak, egiturazko lan postuak sortzera behartu dugu administrazioa. Eusko Jaurlaritzak, gaur egun EUSTAT institutuan egin duen kudeaketa tamalgarriarekin batera langileon kalterako eta gure lan baldintza prekarioak betikotzeko tresna bihurtu du aurkeztutako lan postuen zerrenda. Prekarietatera, ezegonkortasunera eta zenbat, nola eta non lan egingo dugun ez jakitearen zalantzara kondenatzen gaituzte.

Urtero, EUSTAT institutuak egin behar dituen ikerketa lan gehienak edo Jaurlaritzako sail ezberdinetatik egiten direnak enpresa pribatuen bitartez egiten dira. Aurreko asteazkenean, 2018-2022 Estatistika planaren aurreproiektuaren legeari bide eman zitzaion. Aurreproiektu horretan iragarri zuten 228 ikerketa lan egingo zituztela eta urtero 18 miloi euro inbertituko zutela. Zoritxarrez, aurreproiektu horretako lan karga gehiena enpresa pribatuen esku geratuko da, guk, EUSTATeko langileok, 4 edo 6 hilabetetako kontratuak ditugun bitartean. 228 ikerketa horietatatik 12 edo gehienez, 15 baino ez dira egingo Eustateko langileen bitartez. Lan karga horrekin, epaia dugun langileok 4 edo 6 hilabetetarako kontratuak baino ez ditugu izango, administrazioak dauka sailkapen maila baxuena aplikatuz.

Urtarrilaren 22an argitaratu zen EAEko aldizkari ofizialean azkenengo ikerketa pribatizatzeko iragarkia, guk langabezian jarraitzen genuen bitartean. EUSTATen lan karga Enpresa pribatuen eskuetan uzten da, gu langabezian utzita. Hori da, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen enplegu plana? Hori da instituzio publiko batek sustatzen dituen lan baldintzak?

LAB sindikatutik Eusko Jaurlaritzari Parlamentuak adierazitakoa bete dezala eskatzen diogu, zeinak EUSTATi eskatzen dion egoera honi konponbidea ematera eta egungo langileei lanpostua lanaldiaren %100arekin bermatzera eta EUSTAT zerbitzu publikoaren eta langileon lan-baldintzen defentsan benetako apustua egin dezala. Negoziazioaren bitartez, enplegu duina lortzeko urratsak eman ditzala eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Pribatizazio politika alde batera utzita, ikerketa guztiak EUSTATen esku uztea exijitzen diogu, merkeagoa delako, kalitateko enplegua bermatzeko bidea delako eta emakumeok osatzen dugun kolektibo honetan behar dugun duintasuna eta egonkortasuna zor digutelako. 
 

 

 

Greba mugagabean jarraitzen dute Selectako langileek

0

Nafarroako Selecta enpresako langileak pasa den ostiraletik greba mugagabean daude, eta mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte. Egunero elkarretaratzeak egingo dituzte, 11:00etan Noaingo sarreran dagoen biribilgunean, fusioaren ondorioz aurkitzen diren egoera salatzeko.

2017ko abenduan, Pelican Rouge, Demas eta Selecta enpresen arteko fusioa adostu zuten. Hilabete geroago, neurri ezberdinak azaldu zituzten, horien artean, Nafarroako langileen kaleratzeak eta lan baldintzen kaskartzea. Egoera honen aurrekariak beste 2 ERE gehiago azken 6 urteetan izan dira, nahiz eta azken urteetan delegaritza honen emaitzak oso positiboak diren, eta jarraitzen duten izaten.

Egoera honi aurre egiteko, Nafarroako delegaritza honetako langileak greba mugagabean daude, eta mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte,  langileak diren heinean, beraien eskubideak defendatzen jarraituko dutelako.
 

 

 

Egia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea aldarrikatu ditugu torturaren aurrean

0

Torturaren kontrako eguna da gaur, otsailaren 13aren etorrerarekin. Komisaldegian hamar egunez torturatu ondoren hil zuten Joxe Arregi 1981eko otsailaren 13an, beste asko bezala. Izan ere, gure herria astindu duten indarkeria guztietatik torturak ez du oraindik benetako aitortzarik. Estatuak ez du torturatu duenik onartu ere egiten. Eta guk badakigu estatu tresna izan dela urte askoan.

Torturaren kontrako hainbat mobilizazio daude deituta datozen egunetarako. Gaur, elkarretaratzeak egongo dira Gasteizen (19:00etan Correosen) eta Iruñean (19:30ean Merindadesen). Bilbon, manifestazioa egingo dute ostiralean, otsailaren 16an, 19:30ean Eusko Jaurlaritzatik. Kalera kalera dinamikak Irunen antolatu ditu ekitaldiak: gaur, Palmera-Monteron, 19:30etik aurrera egingo den hitzaldia eta, otsailaren 17an, 13:00etatik aurrera Urdanibia plazan egingo den ekitaldia.

LABek dei egiten die langileei ekitaldietan parte hartzera. Era berean, torturaren aurka beste leku batzutan antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia ere egin nahi du sindikatuak.

Milaka izan dira orain arteko tortura kasuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Jaurlaritzaren enkarguz egindako txostenak 4.113 tortura kasu egiaztatu ditu eta Nafarroan 700 kasutik jaso ditu Euskal Memoriak. Honen aurrean, egia, aitortza eta erreparazioa ezinbestekoak dira, ukazio ororen gainetik. Bestalde, tortura ez errepikatzeko bermeak ezarri beharko lirateke, inpunitate egoerak gaindituz.

Honetaz, gainera, LABek gogora ekarri nahi du Sarek torturatuak izan diren presoen sententziak berrikustea planteatu zuela, 2017ko irailean egindako ekitaldian, beste aldarrikapen batzuekin batera.

Elkarbizitzari begira, garrantzia du iraganean gertatutakoaren inguruko egia zehazteak, egondako tortura kasu ugariak aitortu eta erreparatuz, eta horrelakorik ez errepikatzeko bermeak emanez.
 

 

 

Ez dugu aurreakordiorik sinatu Bilboko TAOren gatazkan

LABek bi arrazoirengatik ez du aurreakordioa onartzen. Alde batetik, kaleratutako 7 pertsonak baldintzarik gabe berronartzeko exijitu zuten langileek, abenduko batzarrean. Bada, gure iritziz, aurreakordioak baldintzak ditu. Bestalde, erosketa ahalmenaren galera bat dago. 2011. urtean amaitutako hitzarmen bat da, eta ez du inongo igoerarik izango 2018. urtera arte, eta igoera horiek, egoera onenean, KPI-aren erdia litzateke. Gainera, soldata izozteko aukera legoke hitzarmenaren hiru urteko iraunaldian. Ezezko botoa eskatzen dugu gaurko asanbladari begira.

Batzarra 9:00etan hasi da. Ezin dugu aurreakordioaren edukiari buruzko datu gehiagorik aurreratu, baina batzarraren ostean azalduko du LABek, atalez atal, zergatik ez duen aurreakordioa onartzen. Gure iritziz, langileek kontra bozkatu beharko lukete.
 

 

 

N-240 errepidean ematen den ezbehar-kopuru altua salatzeko ekintza

Pesalur enpresako langile-batzordeak elkarretaratzea egin du gaur, astelehena, Usansoloko Labea auzoan, azkenaldian N-240 errepideko puntu honetan izandako istripuak salatzeko. Besteak beste, bi langile hil ziren otsailaren 1ean gertatutako lan istripu batean: Bizkaibus enpresako gidari bat eta kamioi-gidari bat.
 

 

 

Brigada Soziala prest dugu, Macronen lan erreformaren ondorioen aurka borrokatzeko

Baionan amaitu dugu gaur “Tira-bira” ekimen ibiltaria, eta, bukaera ekitaldian, Alarma Soziala izeneko tresna aurrera eramango duen lehen Brigada Soziala aurkeztu dugu. Hain zuzen ere, Alarma Soziala alerta sistema bat da, Macronen erreformak enpresa batean atzerapen sozialen bat ekartzen duenean aktibatuko duguna. Behin alerta sakatuta, brigada bat joango da urraketa egon den lantokira, eta bidegabekeria gelditzeko protokoloa jarriko du abian. Lehen brigada antolatuta, beste batzuk osatzea izango da orain helburua.

“Tira-bira” ekimen ibiltariak Hendaian ekin zion bideari joan den urtarrilaren 28an, eta, Ipar Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu eta gero, Baionako helmugara iritsi da. Hamar egunez, Alarma Sozialaren berri eman dugu lantokiz lantoki, eta, gaur, amaiera ekitaldian, tresna hori egingarri egingo duen lehen Brigada Soziala aurkeztu dugu jendaurrean.

Ekimen Ibiltariak 2.000 kilometro egin ditu, eta ehun bat enpresa bisitatzeko aukera eman du, non 7.000 eskuorri inguru banatu ditugun. "Tira-bira" ekimenak iraun bitartean, galdera askori eman diegu erantzuna. Alarma soziala noiz aktibatu izan da horietako bat. Zentzu honetan, nagusi batek enpresa akordio berri bat egin nahi badu hitzarmenaren arauak okertuz, alarma soziala aktibatzeko aukera lukete langileek. “Lehenik, LAB sindikatuko norbait alarma piztu duenarekin harremanetan jarriko da, egoera ongi ulertua dela ziurtatzeko. Ondoren, enpresaren sarreran eskuorri bat banatuko litzateke, langileek alarma piztu dela jakin dezaten. Hala, lehen bilkura bat antolatuko litzateke, alarma hori benetakoa eta funtsekoa dela ziurtatzeko”, azaldu dute LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkariek.

LABek langileak entzungo ditu, baina beti interes kolektiboari lehentasuna emanez. Enpresan delegatuak izanez gero, haiekin harremanetan jarriko ginateke. Azkenik, nagusiarekin harremanetan jarriko ginateke, bere akordioa bertan behera utz dezan eskatzeko.

Negoziazio fasean enpresak bere akordioa mantenduko balu, bigarren fasera pasatzera bortxatuak geundeke. Elkartasun harresi soziala deituko genioke etapa honi: “Baldintzek eskatzen badute, enpresa blokatzeko alerta orokor bat deituko genuke. Email bat edo SMS bat bidaliko zaie manifestua izenpetu duten langile guztiei. Gure ahalak eginak izango dira enpresa osoki blokeatzeko, akordioa bertan behera utzi arte. Azkenean, Alarma Soziala geldituko dugu, enpresak definitiboki bere atzerapen sozialeko akordioa kentzen duenean”, jakinarazi dute sindikatuko kideek.

Manifestua
Alarma Sozialaren babesa izateko, langileek manifestu bat izenpetu beharko dute, honako edukiekin:

1. Ez dut onartu nahi Macron legeak gure ekonomiari, enpleguari eta lan baldintzei kalte egin dezan Euskal Herrian.
2. Engaiatzen naiz eskualdeko negoziazio eremu kolektibo baten eraikitzearen alde lan egiten, langile guztien eskubideak mantentzeko eta hobetzeko.
3. Nere enpresan hitzarmen kolektiboko akordio txarrago bat egitea prentsatua bada, segidan Alarma Soziala piztea neregain hartuko dut.
4. Nere ahalmenen arabera, engaiatzen naiz kolektiboki antolatuak izanen diren ekintzetan parte hartzera, langileen eskubideak txikitu nahi dituen eta interes kolektiboaren aurka egin nahi lukeen enpresa baten aurrean.

 

 

 

Bilboko TAOn sortu zuen arazoa behingoz konpontzeko edo dimititzeko eskatzen diogu Alfonso Gil Bilboko Udaleko zinegotziari

Ia 6 aste daramatzate greba Bilboko TAO zerbitzuan. Sei aste hauetan, 39 egunetako greba luzean, EAJ eta PSEk osatutatako Udalak ez du bere erantzukizuna onartu gatazkari konponbide bat jartzeko.

Sei aste hauetan Udalaren aurpegi ezberdinak ezagutu ditugu. Enpresa eta langileen arteko arazoa zela esan zuen hasieran. Gero, konponbidea gertu zegoela iragarri zuen, baina badirudi hau gehiago dela komunikabideetan publikoki zerbait egiten ari denaren itxura emateko eta ez benetako gatazka konpontzeko.
PSEko Alfonso Gili eskatzen diogu publikoki gutxiago saldu eta gatazkan inplikatutako parte batzar dadila, gatazkari konponbidea bilatzeko.

LAB, beste sindikatuekin batera, Eusko Jaurlaritzarekin egin diren bi bileretan egon da, eta hauetan, EYSA CICASA enpresak barre egin dio Bilboko Udalari. Bilera hauetan argi utzi du enpresak berari ez diola eragiten egunero dirurik ez biltzeak, baina Udala eta herritarrei aldiz bai. Gatazka luzeagoa edo laburragoa izateak ez dio enpresari eragiten, baina bai Udal eta herritarrei, enpresak diru publikoa jasotzen duelako zerbitzua eman ez arren.

Beraien nahien araberako hitzarmen baten inguruan soilik hitz egin nahi dute enpresako ordezkariek, kaleratutako 7 langileak berronartu gabe. Enpresaren jarrera bestelako litzateke pleguetan zerbitzuaren ustiaketa kenduko balitzaio bere jarrera edo ekinbideek udalaren sarrerak kaltetuko balituzte.
Gil jaunak publikoki saldu du aste honetan gatazka konponduko zela. Asteazkenean azken orduan, balizko akordio bat helarazi diote enpresa-batzordeari bilerarako hitzordrik gabe. LABen ez dakigu hau den Gil jaunak publikoki saldu duen konponbide famatua, baina proposamen honek ez ditu kaleratutako langileak baldintzari gabe berronartzen eta ez ditu langileen aldarrikapenak jasotzen. Baina hori ez da dena, langileei mehatxu egin diete hitzarmena 6 hilabetetan sinatuko ez balitz epaile batek hitzarmen kolektiboa inposatuko lukeela. Hau onartezina da, proposamen hori duela bi aste Jaurlaritzako Lan Sailak egindakoa baino okerragoa baita.

LABen arabera aukera bi ditu Alfonso Gilek, sortu duen arazoa konpondu edo dimisioa ematea, proposamen gaizto eta mehatxari hori bazen gatazkari begira proposatzen duen konponbidea magikoa, publikoki gezurretan ari da, termino horietan iritsiko ez dela badakien konponbide bat publikoki iragarriz.
LABetik kaleratutako 7 langileak berriro lanera bueltatzea exijitzen dugu inolako baldintzarik gabe eta hitzarmena lan- erreformaren aurka blindatzea eta eskubide galerarik ekar ez dezala.

Espero dugu proposamen hori helaraziko zaiola enpresa-batzordeari Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenerako deitu duen bileran. Goizeko 10etan egingo da berau.

Horregatik, LABek bat egiten du Bilbaoko TAOko enpresa-batzordeak datorren asteartean, otsailak 13, 17:30ean Zabalburuko plazatik abiatuko den manifestazioarekin eta dei egiten die bertan parte hartzera bere militantzia eta hiriko auzokideei. Zerbitzu bat ez emateagatik poltsikoak betetzen ari den enpresa bati ordaintzen ari da Udala.
 

 

 

Benetako negoziazioaren alde irten dira kalera gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak borrokan dira, hitzarmen berriaren negoziazioaren blokeoa dela eta. Martxoaren 20an greba egingo dutela jakinarazi dute aste honetan, eta, bitartean, mobilizazioekin aurrera jarraitzen dute. Atzo, esaterako, elkarretaratzeak egin zituzten Santutxun, Santurtzin eta Zornotzan.

Gizarte Ekimeneko sektoreak EAEko ikastetxe itunduen %70a hartzen ditu gutxi gora behera, eta 9.000 lagunetik gora egiten dute lan bertan. Hitzarmen berria adosteko negoziazioak azaroan eten ziren, eta, orduz geroztik, mobilizazioak hasi dituzte. Mobilizazio horien harira egin zituzten atzoko elkarretaratzeak Santutxun, Santurtzin eta Zornotzan.

Datozen asteetarako aurreikusitako egitarauari dagokionez, otsailaren 22an, Bilbon, manifestazioa egingo dute. 19,00etan, Eskolapios ikastetxearen aurretik abiatuko dira (Erekalde EAE osoko langileak. Era berean, martxoaren 20an, ikastetxeak gelditzeko deia egiten dute, greba deialdi baten bitartez.