2026-01-19
Blog Page 816

EH Bildu eta Podemoseko diputatuekin bildu dira Garbialdiko langileak

0

Bizkaiko Foru Aldundiko zentroak garbitzen dituzten langileak, Garbialdi enpresakoak, EH Bildu eta Podemoseko diputatuekin bildu dira gaur, euren gatazkaren berri emateko. Hain zuzen ere, euren lan gatazka eztabaida politikoan barnera dezatela eskatu diete bi alderdi hauei.
 

 

 

Mobilizatzen jarraitzeko prest daude pentsiodunak

LABeko Helduak eta Pentsiodunen arloak biltzar nazionala egin du gaur Bilbon. Hala, urteko balantzea egin dute, hurrengo hilabeteetarako erronkak zehazteaz gain. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hartu dute hitza biltzarrean, eta PP zein PSOEk egindako pentsioen erreformak gogor salatu dituzte.

Gaurko biltzarrean, otsailaren 19tik aurrera euskal pentsionisten plataformek iragarritako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu, euren aldarrikapenak geure eginez. Hala adierazi genuen joan den asteartean, pentsiodunen elkarteek mobilizazioak iragarri zituzten egunean. Hain zuzen ere, manifestaziora deitu dute otsailaren 22rako Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. 

Donostian egindako elkarretaratzea.

Bestalde, LABeko Helduak eta Pentsiodunen arloak berak deituta, Donostiako Hotel Amara Plazaren aurrean mobilizatu ginen atzo. PSOEk pentsioei buruzko hitzaldi bat eman zuen hotel horretan, eta hara bertaratu ginen, PSOEk bere aurpegia zuritu nahi baitu pentsioen gaian. Kanpaina horren baitan kokatzen dugu atzoko hitzaldia, eta ezinbestekoa iruditu zitzaigun sindikatuaren aldarrikapenak gogoratzea eta PSOE eta PPren pentsioekiko erreformak salatzea.
 

 

 

Greba feministarekin bat egiteko arrazoiak soberan ditugula nabarmendu dugu Gasteizen

0

Martxoaren 8a antolatzeko batzarrak egiten ari gara egunotan, eskualdez eskualdez. Gasteizen txanda iritsi zen atzo, eta egun horretarako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako grebak LABen gogoeta eta erabakiekin bete-betean bat egiten duela berretsi dugu. Hain zuzen ere, "Emakumeok* planto!" lemapean, martxoaren 8an mobilizazioak gauzatzeko arrazoiak soberan ditugula nabarmendu dugu.
 

 

 

Eibarko El Corte Inglés-en kaleratzerik eta diskriminaziorik ez!

0

Atzo Eibarko El Corte Inglés denda aurrean elkarretaratzea egin genuen zuzendaritzak azken hilabeteotan bertako langileekiko duen jarrera salatzeko. Azken gertakaria oso larria izan da, bertako langile batek umeen zaintzagatiko eszedentzia hartu eta behin baimenaz gozatu ondoren lanera itzultzeko eskaera egin ostean, zuzendaritzak kaleratze disziplinario baten bitartez (inolako indemnizaziorik gabe) langilea kaleratu egin du. LAB sindikatuak salaketa jarri du epaitegian, enpresak despidoa bertan behera utz zezan baina enpresak ez du despidoa atzera bota.

Egoera hauek behin eta berriz ematen dira El Corte Ingles-en. Umeen zaintzagatiko lanaldi murrizketa edota eszedentzia baimenaz gozatzea langile ororen eskubidea da eta legeak babesten duen egoera bat da. Hala ere, Eibarko El Corte Ingles-en, eskubide honetaz baliatu diren langile emakumeak lanera berriz itzultzeko eskaera egiten dutenean, kaleratze gutuna edo ez berronartzearen aurrean aurkitzen dira. Gainera, enpresak errealitatearekin zerikusirik ez duten argudio faltsuak erabiltzen ditu, langileen eskubideekiko duen errespetu eza justifikatzeko. Azpimarratu beharrekoa da, aipatzen ari garen enpresa handi hau bezalako komertzio handien sektorea, sektore feminizatua izanik, emakume langileak direla diskriminazio mota hau pairatzen dutenak.

LAB sindikatuak ez du horrelako jarrerik onartuko. Are gehiago; emakume langileen kontrako erasoak bailiran salatuko ditugu aipatu jarrerok. Jakin badakigu, merkataritza sektorea, sektore feminizatu eta prekarizatua dela, lanaldi luzeak, soldata eskaxak… eta hori gutxi balitz, langileen kontrako jarrera zapaltzaile hauek jasan behar! Guztiz onartezina da hau!

DESPIDORIK EZ!!!
EMAKUMEEN AURKAKO DISKRIMINAZIORIK EZ!!!
PREKARIETATEA GARAITU!!!
LAN DUINA BIZI DUINA!!!

 

 

 

Estatalizazioaren aurka protesta egin dugu Gorlizen

0

EAEko Kolektibitateen sektoreko langileak elkartu dira gaur Gorlizko ospitalearen aurrean, Sodexo enpresaren bezero delako ospitale hori. Hain zuzen ere, salatu dute enpresa horrek, Eurest eta Serunion enpresekin batera, sektoreko gainontzeko enpresetako langileen lan baldintzak baino okerragoak aplikatzen dizkietela langileei, lan bera egiteagatik.

Gorlizko ospitalearen aurrean egindako protestan, langileek nabarmendu dute ez dutela hitzarmen estatalik nahi, CCOO eta UGT sindikatuek Estatuko ostalaritzako patronalarekin sinatutako hitzarmenarekin soldataren %1,4 galdu dutelako, langileek eurek igorritako oharrak salatutakoaren arabera. 
 

 

 

Soldata arrakalaren arazoari seriotasunez heltzeko garaia da

0
M8ko greba erregistratu genuenean adierazi bezala, soldata arrakalarekin amaitzea lehentasunezko borroka bat da eta LABen agendan lehentasunezko tokia du.

Otsailaren 22an, Emakume eta Gizonen soldata berdintasunaren aldeko eguna izango dugu. Mugimendu Feministak urteetan eginiko borrokari esker, eta LABek egiten duen sindikalismo feministari esker, soldata arrakalaren arazoa bolo-bolo dabil azkenaldi honetan.

1999az geroztik, LABek soldata diskriminazioaren inguruko azterketa espezifikoa egiten du; lan munduan agendan gaia kokatzen genuen bakarrak ginen orduan. Gutxinaka gutxinaka, zorionez, gero eta eragile gehiago batu dira aldarrikapen horretara eta eztabaida asko indartu da. Gai hau lehen lerrora ekartzea lortu dugu.

Testuinguru honetan, Lan eta Justizia Sailak bilera batera deitu gaitu otsailaren 21erako. Orain arte ez da inolako lanketarik egon Sailaren aldetik gai honetan, eta bilera justu orain, nazioarteko egunaren bezperan, kokatu izana ez da kasualitatea, zer pentsa ematen du. Oportunismo handia ikusten dugu deialdi horren atzean, propaganda usaina du.

Bada ordua gaiari seriotasunez heltzeko. M8ko greba erregistratu genuenean adierazi bezala, soldata arrakalarekin amaitzea lehentasunezko borroka bat da eta LABen agendan lehentasunezko tokia du. Hala, borroka horretan aurrera egiteko otsailaren 19an ekimen berriak iragarriko ditugu, agerraldi baten bidez. Lan eta Justizia Sailaren deialdia tartean sartu bada ere, LABek bere aurreikuspenei eusten die.

Beraz, eta laburbilduz, otsailaren 19an, agerraldian izango duzue LABen ekimen berriak ezagutzeko aukera; bertan argituko dugu ere 21eko bilerarekiko zer jarrera hartuko dugun.

 

 

 

Berriro salatu dugu Gamesan emandako enplegu suntsiketa

0

Otsailaren 15 honetan, LABetik Gamesa Mirandako lankideei gure elkartasuna adieraziz Zamudion eguerdiko 14:00etan egindako elkarretaratzean egon gara. Hala, Miranda de Ebroko kideei elkartasuna adierazi eta Gamesan emandako enplegu suntsiketa salatu dugu berriro. Langileek borrokatzen duten edonon egongo da LAB, eta hori da Zamudioko elkarretaratzean parte hartu izanaren arrazoi nagusia.

Asteasuko elkarretaratzea.

Zamudion egoteaz gain, ordezkaritza dugun lantokietan elkarretaratzeak gauzatu ditu LABek, mezu argi eta zuzen batekin: ez Mirandan, ez inon, Gamesan ez dago inor soberan. Mungian eta Asteasun egin dugu protesta, esaterako.

Argazki eta adierazpen puntualez harago, sindikatu guztiek enplegua irmotasunez defendatzeko unea dela deritzogu, baita lan baldintza duinen aldeko jarrera izateko ere. Horretarako, Gamesa osorako industria plan serio bat exijitu behar dugu eta lanpostuen defentsa sendoa egin behar da. Mirandako lankideei laguntzeko erarik eraginkorrena Gamesako zuzendaritzari EEErik ez onartzea da, are gehiago gaur langileok ezagutzen ez dugun enpresaren plan estrategikoa publikoki aurkeztean ari denean.

Prentsaren bidez jakin izan dugunaren arabera, plan estrategikoa zera da: dirua aurreztu nahi dute 6.000 kaleratzeen kontura, akziodunek dibidendotan etekinen %25 poltsikoetara eramateko. Hori, etekinek %8-10eko hazkundea izango dutela aurreikusten dutenean. Hau da, gutxi batzuk diru gehiago poltsikora eramango dute 6.000 lanpostu suntsitzen dituzten bitartean, eta hori idatzi dute inongo lotsarik gabe. Plan estrategiko hori neoliberalismoaren aurpegirik basatiena da.

Lanpostuen suntsiketari aurre egiten jarraituko dugu, bai deitutako mobilizazioetan, baita aurrera begira deitu daitezkeenetan ere. Gamesan etorkizun duin baten aldeko borrokarako tresna izaten jarraituko dugu, eta, bide horretan, orain arte bezala, jarrera irmoa eta koherentea mantenduko dugu. Gamesan ez dago inor soberan, ez Miranda de Ebron, ez beste inon.

 

 

 

Prebentzio neurriekiko utzikeriaren ondorio da Santurtziko portuan gertatutako istripua

0
LABek argi du Euskal Herrian gertatzen ari diren lan istripuen atzean erantzuleak badaudela: eskrupulurik gabeko enpresariak, gero eta gehiago irabazi nahi baitute gero eta denbora gutxian. Erakundeei eskatzen diegu neurriak har ditzatela, enpresek lan osasun arloan dituzten betebeharrak bete ditzaten.

DEME-Tideway konpainiaren jabetza da “living stone” ontzia. Santurtziko portuko bigarren nasan dago amarratuta, eta eraikitzen ari dira egun. Bada, lan istripu bat gertatu da bertan, eta bost langile intoxikatuta bukatu dute gasa arnasteagatik. Honen aurrean, LABek honako hau adierazi nahi du atzoko istripuaren harira:

Baieztatu dezakegu enpresa eraikitzailea utzikeriarekin ari dela jokatzen prebentzio neurri oinarrizkoenei dagokienez, lan erritmoa azkartzen ari baita epeak betetzeko.

Aurrekariak badaude. Igandean, gas-oil isurketa baten ondorioz, ontziaren zati batek gainezka egin zuen, eta, ondorioz, astelehenean, soldadura eta sopleteekin egin beharreko bero lanak gelditu behar izan zituzten. Era berean, salatu nahi dugu altzairu herdoilgaitz gaineko lanak egin dituztela beste langileen aurrean, horrek osasunean dakarren arriskuarekin.

Horrenbestez, aurrekari hauekin, ezin dugu esan istripu hutsa izan dela bost langileren intoxikazioa.

Santurtziko portua gune ilun bat bilakatu da lan istripuei dagokienez. Bilboko Portuko Agintaritzari eskatu diogu jakinarazi gaitzala enpresa aktibitateen gaineko koordinazioari buruzko dokumentazioa. Izan ere, enpresa desberdinen arteko elkarlanerako koordinazio bat egon behar du, beharrezkoak diren neurriekin, Lan Arriskuen prebentzioari buruzko araudiari dagokionez.
 

 

 

Emakumeok pairatzen dugun errealitatea salatu dugu Sestaon

0

LABek bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako deitutako greba feministarekin, "Emakumeok* planto!" lemapean. Hala, egun horri itxaron beharrik gabe, sindikatuak ekimen bat egin du Ezkerraldean, martxoaren 8ari eta emakumeek pairatzen dituzten urraketei ikusgarritasuna emateko. Sestaoko Kasko plazan bildu gara, eta emakumeok prekarietatea eta indarkeria matxista pairatzen ditugula salatu dugu, besteak beste.

Bilbon egindako batzarra.

Sindikatua martxoaren 8a antolatzeko batzarrak egiten ari da egunotan, eskualdez eskualdez. Sestaon, aipatutako ekimena gauzatu aurretik, Ezkerraldeko emakumeok asanblada egin dugu; Bilbon ere gaur elkartu gara, greba feminista prestatzeko.