2026-05-02
Blog Page 807

Lan baldintza kaskarrak dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak


Gaur, maiatzak 11, goizeko 5:30etan, 58 urteko langile bat hil da Leioan lanera zihoala kotxe istripu baten ondorioz.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu hildako langilearen senide, lagun zein lankideei .

Heriotza honekin, gutxienez 20 langile dira lan istripuz edo istripuen ondorioz hil direnak urtea hasieratik Euskal Herrian.

Istripu honen eta gainontzeko istripu guztien atzean prekarietatea dago, lan eta bizi-baldintza kaskarrak. Askotan lantegien kokapenak eta lanera sartzeko orduek ezinezkoa egiten dute garraio publikoaren erabilera eta lanetik joan eta etortzeko kotxea erabili behar da. Horrek kasu honetan bezala asko handitzen du “in itinere“ edo “lanerako bidean” istripua izateko. Baina lantegietan , arriskua egonda ere ez dira lanean ari diren enpresa ezberdinak koordinatzen. Gaurkoan bezala, enpresa nagusia UNILEVER zen, azpikontrata DHL eta hildako langileak RANSTAD ABLEan lan egiten zuen.

Lan baldintza kaskarrak dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak.

Astelehenean, lankidearen istripu hilgarriaren aurrean, DHLko langileek ordu erdiko kontzentrazioak egingo dituzte goiz (09:30-10:00) eta arratsaldez (17:30-18:00) erantzuteko dituzte enpresaren aurrean Leioako Felipe del Rio kalean z/g .
 

 

 

Zigortu diren cateringeko enpresak kontratatzea debekatzea eskatzen diogu administrazioari

2003-2015 urteetan, Lehiaren Euskal Agentziak egindako ikerketan aztertu den aldian, nahiko zantzu antzeman dira enpresen artean prezioak finkatzeko adostasuna eman zela esateko. 12 urteko aldi horrek ekarri duen urteko gainkostua, gutxienez, urteko 7.000.000 eurotakoa izan da.

Horrek eragin du senideek eta langileek iruzur horri, modu batean zein bestean, aurre egin behar izan diotela, zerbitzuaren kalitatea, elikagaien kalitatea eta lan-baldintzak kaltetu dira.

Bai, aurre egin behar izan diote egoera horri, nahiz eta Lehiaren Euskal Agentziak aipatu gainkostua administrazioaren alderdiari dagokion %35ean izan dela eta ez senideei dagokien alderdian, gogorarazi behar dugu %35a hori diru-publikoa dela, eta hortaz, guztiona den diruaz ari garela.

Esleitzeko sistema honek, puntuazioaren %40a langileen kostearen arabera zehazten duenak, laneko gatazkak sortarazten ditu, 2011n sinatu zen hitzarmenean islatu zen bezala,41egunetako greba egin ostean.

Kalitateko lan baldintzak doitzearen eta urritzearen ondorioz jazo zen lan-gatazka. Lanaldi duinak, kalitateko heziketa (gaur egun, urtean 6 ordutakoa izanik), benetako euskalduntzea, hori guztia hutsala da, negozio egitea helburu duen eredu honetan.

Urtez urte murrizketak jasaten ari gara, eta hauei gehitu behar dizkiegu egungo negoziazioetan berriro proposatzen ari direnak. Langileen orduko prezioaren murrizketa berriro ordainduko dugu beharginok. Ohartarazi nahi dugu, horrek berriro sortuko duela gatazka giroa, azken finean, kalitateko zerbitzu publikoari eragingo diona.

Egoera hau gure seme-alaben elikadura eta zaintza enkantera atera izatearen ondorioa da, enpresa batzuk horrekin negozio egin izanaren ondorio; enpresok Auzitegi Nagusiak, lehen instantzian, eta Auzitegi Gorenak, bigarren instantzian, zigortu zituzten, eskuduntzen legearen oso arau-hauste larritzat joz, beraien akziodunen patrikak loditzen jarraituko zutela adosteagatik.

LABek administrazioari eskatzen dio honek eragin dio edozein sailek (Ogasuna, Hezkuntza, Administrazioa eta Zerbitzuak) artikula dezala kontratazio publikoaren legeak duen 60. artikulua eta debeka dezala enpresa hauek kontratatzea, aurreikusi den lizitazio berrian. Eta honetaz gain, eta eska dezala lapurtutako dirua. Horrek, Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa delitugile horien arteko ekintzen bereizketa argian sinesten lagunduko luke.
 

 

 

Lan heriotzen atzean dauden lan baldintza prekarioak salatu ditugu Orion

Maiatzaren 8an, langile bat hil zen lanean, Kantabriako uretan. Dagoeneko, 2018an Euskal Herrian gutxienez 19 langile hil dira euren lanpostuetan, euretako bi arrantza sektorean. Egoera honen aurrean, eta heriotzak sortzen dituzten lan baldintzen atzean dagoen prekarietatea gainditzea aldarrikatzeko, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur, Orioko Herriko Plazan.
 

 

 

Soilik mobilizazioaren bidez lortuko dugu Gipuzkoako eraikuntzako akordio on bat

0
Gaur, maiatzak 10, egin da mahai negoziatzaileko bilera berria eta aurreikuspenik okerrena bete da. Adegik ez du inolako proposamenik ekarri eta gainera berearen aurkezpena sindikatuon proposamenak bertan behera uztera baldintzatzen ahalegindu da.

Arduragabekeria eta lotsagabekeria iruditzen zaigu eta mobilizazioaren beharrean berresten gaitu akordio ona lortu nahi badugu. Beharrezkoa ikusten dugu greba aurrera egiteko. Datorren maiatzaren 16an ez badago Adegiren 180 gradotako aldaketa bat, LABek gainontzeko sindikatuak interpelatuko ditu sektoreko greba eta mobilizazioei ekiteko.
 

 

 

Babesa erakutsi diegu Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari

0

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietak eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkinek Madrilen deklaratu zuten apirilaren 13an, 2013an Donostialdeko errauste planta gelditzeagatik euren aurkako epaiketa dela eta.

Garbiñe Aranburu LABeko Idazkari Nagusia eta Bea Martxueta Ekintza Sozialeko Idazkaria biekin elkartu dira gaur sindikatuaren Donostiako egoitzan auzipetuei sindikatuaren babesa helarazteko, eta, aldi berean, nabarmendu nahi izan du Intxaurrandietak eta Errazkinek herritarrengandik jasotako agindua bete baino ez zutela egin. Erabakiarekin, ordea, batzuen negozioa oztopatu zuten, eta hori da ordainarazi nahi dietena; EAJk sustatutako eredua zalantza jarri izana.

Kasua benetan larria da, gure osasuna baitago jokoan. Hain zuzen ere, guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den errauste planta gelditzeagatik zigortu nahi dituzte Intxaurrandieta eta Errazkin. Herritarron interes orokorra defendatu zuten, diru publikoa esku pribatuetara pasatzen aritzen diren mafien aurrean. Gipuzkoarren osasuna babesteko hartu zuten erabakia.

Zentzu honetan, bi auzipetuen alde eta errauste plantaren aurka deitzen diren mobilizazioak babesten jarraituko du LABek eta hauetan parte hartzeko deia egin die langileei.

 

 

 

Osakidetzako Larrialdietako zerbitzuak mobilizatzen jarraituko du negoziatzaile egokien faltan

0

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak Donostia Ospitalean elkarretaratu dira gaur. Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, idazki bat bidali die Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzari eta Osasun Sailburuari, zerbitzuaren arazoei aurre egiteko negoziatzaile egokiak eskatuz.

2018ko martxoaren bukaeran, sindikatuek, negoziazio prozesuan aurreratzeko bilera bat izan genuen Zuzendaritzarekin, azken honek lan-karteldegi defizitarioak kendu ondoren. Negoziazio puntuen artean ondorengoak zeuden: langile guztientzako emergentzietako osagarria, txandartekoa (langileek haien lanaldian luzatzen duten denbora, hurrengo txandari langileentzako eta pazienteen segurtasunerako funtsezko informazioa emateko) eta koordinazio osagarria erizain eta medikuentzat.

Zuzendaritzak ez du bere hitza eman osagarri horrek gainontzeko osagarrien aldarrikapenak eragotzi ez ditzan. Gainera, ezezko borobila eman dio txandartekoaren denboraren aitorpenari (langileek dagoeneko egiten duten arren).Horregatik, langileek egindako gehiegizko orduak erregistratuko dituzte, Zuzendaritzari “txandarteko” bezala aitortzeko eskatuz.

“Zuzendaritzaren helburu bakarra negoziazio prozesua luzatzea izan da. Negoziatzeko hiru puntu besterik ez ditu aipatu Zuzendaritzak, baina dozena bat gai baino gehiago dago. Oraindik aldarrikapen historiko ugari konpontzear daude, hala nola urteko txarteldegien negoziazioa, egokia eta nahikoa den prestakuntza programa bat zehaztea, lanpostu ezberdinen balorazio objektiboa, zerbitzuaren neurrien berrezarpena… Laburbilduz, lan-prekarietatea murriztu eta euskal gizartearen eskaerei erantzuteko neurri sorta bat”, salatu dute sindikatuek.

Mobilizazio berriak
Egoera horren aurrean, Langileen Batzordeak eta sindikatuek antolatuko diren mobilizazio berrietan parte hartzeko deia luzatu diete Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langile guztiei, lan-baldintzen hobekuntza aldarrikatzeko helburuarekin.

 

 

 

Lan istripuen aurka mobilizatu dira Euleneko langileak

24 orduko lanuztea eta mobilizazioak egin dituzte gaur Iruñean, Eulenen izandako lan istripuak salatzeko.

Euleneko enpresa batzordearen oharra:

Joan den apirilaren 27an gure lankide Willy Palacín bere lanpostuan hil zen. Astebete beranduago, beset lankide batek lan-istripua izan zuen, bertan eskuko hatz bat galdu zuelarik. Egoera honetan, lehenik eta behin gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu biktimie eta hauei senitarteko eta hurbilekoei.

Lan istripuak saihesten ahal dira, eta laneko prekarietatean daukate jatorria. Horregatik Eulen eta Iruñeko Udalari eskatzen diegu langile eta azpikontraten lan-baldintza seguruak berma ditzaten, Nafarroako Gobernuari enpresak kontrolatu eta jarraipena egiteko baliabide nahiko bideratu ditzan exijitzen diogun aldi berean.

Ezin dugu onartu horrelako istripuak berriro gerta daitezen. Horregatik gaur maiatzak 10 osteguna, 24 orduko lanuztea deitu dugu Eulen eta bi elkarretarate enpresa eta Iruñeko Udaletxearen aitzinean.

 

 

 

Lanbideko langileek egindako grebak %65eko jarraipena izan du

Greba egin dute gaur Lanbideko langileek, eta, lanuzteekin batera, hainbat mobilizazio:elkarretaratzea Lakuan eta manifestazioa Lanbideko Zerbitzu Zentraletaraino.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok gure desadostasuna agertzen diogu Lanbideren bulegoetan ezartzen ari den arreta-eredu berriari. Zuzendaritzak bere kabuz eman dituen pausoak ikusi, eta erakunde honetako langileen oinarrizko eskubideak urratzen direla konturatu ondoren.

Eredu berriak aldaketa nabarmenak eragingo ditu langile askoren lan-baldintzetan, eta ez ditu aintzat hartuko hainbat puntu: indarrean dagoen Lanpostu Zerrenda, lanpostuen monografiak, lan-kargen banaketa orekatua, bulegoetako, lurralde-ordezkaritzetako eta zerbitzu zentraletako pertsonalaren zereginak. Zerbitzuaren kalitatea ere kaltetu egingo da, herritarren txarrerako.

Lau sindikatuok gauza bera eskatu dugu: eredu berriaren ezarpena bertan geldirik uztea eta negoziazio bat “hasieratik” egitea, Lanbideren beharrizanak aztertzeko. LANBIDE ENPLEGUAREN ZERBITZU PUBLIKOA DA, baina haren arduradunek ahazturik omen daukate.

Horregatik, sindikatuok elkarrizketak izan ditugu legebiltzarreko zenbait talderekin, Lanbideko Zuzendaritzarekin eta Enplegu Sailarekin. Tamalez, eredu berriaren ezarpenak aurrera darrai oraingoz, eta gure eskariei entzungor egin diete.

Apirilaren 13an izan zen azken bilera Lakuan Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordearekin eta Lanbideko zuzendariarekin, jakiteko ea langileen ordezkarien eskariak aintzat hartuko dituzten eta administrazioak sindikatuekin negoziatzeko borondatea agertzen duten. Bileratik atera dugun ondorioa zera da: ez dute asmorik arreta-eredu berriaren ezarpena gelditzeko.

Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzak argi dute arreta-eredu berria abian jartzeko bidean, ez dutela aldeko izango langile gehienak, ezta sindikatu bat bera ere.

Sindikatuok berresten diegu gure eskaria: Arreta-eredu berriaren ezarpena gelditzea eta benetako negoziazio-prozesu bati ekitea.

Horretarako, dei egingo diegu Lanbideko langileei gero eta mobilizazio handiagoetara, harik eta Lanbideko zuzendaritzak eredu berri eta ezin txarrago horren ezarpena gelditu eta langileen ordezkariekin negoziazioak hasten dituen arte.

 

 

 

Ez aurrera ez atzera dabil Gipuzkoako nagusien egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa, patronalen borondate eza dela eta

Patronalen akordioetara iristeko gogo eza nabaria da, eta idatziz interpelatu baditugu ere, ez dugu fundamentuzko erantzunik jaso. Agerraldi bat egin dugu gaur xehetasunak emateko.

Urte eta erdi pasa da Gipuzkoako zahar-egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia zabaldu zenetik, baina ez aurrera ez atzera dabil, nahiz eta gabonen aurretik bilera batera deituko gintuztela esan. Patronalen akordioetara iristeko gogo eza nabaria da, eta idatziz interpelatu baditugu ere, ez dugu fundamentuzko erantzunik jaso. ADEGIk (%36) eta ACGGk (%10) bakarrik erantzun digute, patronalen % 46ak. Matiak (%27) eta LARES-ek (%27) ez dute erantzunik eman. Eta bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia beste albo batera begira dabil, arazoa berea ez bailitzan.

Negoziazioari ekin genionetik, egiten den eginkizunetik eta aipatu jarduera egitearen arduratik abiatuta planteatu dugu. Hortaz, proposatzen dugun negoziazio kolektiboak zerbitzu publikoa izan behar du helburu, diru publikoaz finantzatua eta zerbitzuaren esleipendunak diren titulartasun publikoko enpresek eta enpresa pribatuek eginda. LABek hasieratik patronalei eskatu die erantzun argia eman diezaiotela aurkeztutako plataformari, zeinaren ardatz nagusiak diren:

1.- Adineko pertsonen HERRIALDEKO hitzarmena: Sektoreko langile guztientzat gutxieneko amankomun gisa.

2.- Oinarrizko soldata: Toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari HOMOLOGATU.

3.- Enplegua: Egiturazko lanpostuak zuzenean kontratatuko dira, mugagabe eta aldi osoz.

4.- Ratioak: Antolamenduaren eta atentziorako sistema berrien hobekuntzan sakontzeko, elkar hartuz erabakiko duen, langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan-batzorde parekidea sortzea, erabiltzaileen onuran eta hauen beharrei egokitzeko.

5.- Prestakuntza: Urtean, gutxienez, 21 ordu erabiliko dira prestatzeko.

Honez gain, oinarrizko soldatak, atsedenaldia, enplegu mugagabea eta zaintzan ematen diren egiturazko premietara bideratzen den aldi osoa bateratuko dituen beste aldarrikapenak egin ditugu, sektoreko langile guztiei probintzia hitzarmena arautu dakizkien.

Sektorean nagusi den enplegu egoerak adierazten du jarduera handitu eta egonkortu bada ere, enpleguaren joerak prekarietate handiagoa, kontratu mugagabe gutxiago, laneko malgutasun handiagoa, prestasun handiagoa,… eta lan zama handiagoa ematen duela.

Gure iritziz, eredua goitik behera aldatu beharra dago. Beharrezkoa da interes ekonomikoetatik aldenduko den eredu bat. Jendartearen oinarrizko eskubideak bermatuko dituen eredua. Egungo ereduak oinarrizko eskubideak pribatizatzen ditu, langile eta egoiliarrei kalte konponezinak sortuz, eta azken finean gizarte osoari.

Gizarte zerbitzuen sektorea, guztiz feminizatutako sektorea da, eta ezin dugu ahaztu, egungo baldintzak bizi dugun eredu heteropatriarkalaren ondorio direla. Zaintza beti izan da emakumeei inposatutako lana, eta inoiz ez zaie egindako lana aitortu. Gaur egun garrantzia handiagoa ematen zaio 24 orduz lantegi batean kotxeak egiteari, gizartea zaintzen duten, baloreetan hezten duten, gizarteratzearen alde lan egiten duten edota beraien lanaz egungo gizartea aldatzen saiatzen diren emakumeei baino.

Bestetik, sektore honetan lan osasuna zaintzen ez dela adierazi nahi dugu. Industriatik oinordetutako eredua dugu. Urgentziazkoa da errealitate hau aldatzea. Guztiz beharrezkoa da lan osasuna gure sektorera egokitzea.

Lan osasunaren ikuspuntutik sektorea egoera larrian dago. Arrisku psikosozialak larriak dira. Lan zamak izugarriak dira, erritmoak, eraso fisiko eta psikologikoak,… Egungo ereduak sektoreko langileen osasuna larriki kaltetzen du.

Hau guztia egiten dugu adineko pertsonen zaintzaz arduratu behar duen zerbitzu publikoa defendatzen dugulako… gizarte aldaketaren alderdi gisa.

Egoera honen aurrean, mobilizazio dinamikak martxan jarri ditugu helduen egoitzetan, eta honi lotuta, ratioen kanpaina bat abian jarri dugu, ekainaren 14an burutuko dugun mobilizazioarekin borobilduko dena.