2026-01-20
Blog Page 795

Justiziaren alde eta inpunitatearen kontra mobilizatzera deitzen dugu, Iñigo Cabacasen heriotzaren seigarren urteurrenean

0
Aste honetan sei urte betetzen dira 2012ko apirilean Ertzaintzak botatako pilotakada batek Iñigo Cabacas hil zuenetik.

LABek bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi die Cabacasen senide eta lagunei, kasu hau argitzeko eskatzearekin batera.

Urte guzti hauetan gertatutakoa argitzeko egondako oztopoak salatzeaz gain, justiziaren alde eta inpunitatearen kontra egunotan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi du sindikatuak.

Horrela bihar, apirilaren 5ean, “La cifra negra de la violencia institucional” dokumentala estreinatuko da Bilbon, 19:15ean Bilborocken eta ondoren solasaldia egingo da.

Ostiralean, ekitaldia egingo du 19:00etan Iñigo Cabacas Herri Ekimenak Bilboko Justizia Jauregian, gomazko balen herri-eskaintza batekin.

Larunbatean, 13:30ean omenaldia egingo dute Iñigo Cabacasen familia eta lagunek “Inpunitaterik ez, 6 urte justiziarik gabe” goiburupean. Kirruli plazan izango da.
 

 

 

Elkartasuna adierazten diegu gose greban dauden preso politiko sahararrei

0
Euren askatasunaren alde mobilizatzera deitzen dugu.

Saleko apelazio epaitegiak kartzela zigor gogorrak ezarri zizkien Saharako 23 independentistari Gdeim Izikeko epaiketa dela eta. Epaiketa horretan zigortutako presoek 25 egun baino gehiago bete dituzte gose greban.

Marokoko erreinuak modu arbitrarioan 25 pertsona atxilotu zituen, 20.000 pertsonak baino gehiagok Marokoren giza eskubideen aurkako eraso berria salatuz eginiko mobilizazioan parte hartu izana egotzita. Bi urte beranduago, 2012eko otsailaren 17an, inolako bermerik gabe epaituak izan ziren eta epaitegi militar batek kartzela zigor gogorretara kondenatu zituen: horietatik 9 bizi arteko kartzela zigorrera; 4, 30 urtetako kartzela zigorrera; 7, 25 urtetako kartzela zigorrera; 3, 20 urtetara eta 2, 2 urtetako kartzela zigorrera. Azkenik epaiketa hainbat alditan bertan behera utzi ondoren, epaileak 8 akusatuentzat bizi arteko kartzela zigorra, beste hamaikari 30 eta 20 urte arteko kartzela zigorra ezarri zien (3 pertsona 30 urtetara, 5 pertsona 25 urtetara eta 3 pertsona 20 urtetara). Azkenik, 4 akusaturi kartzela zigorra murriztu zion 4 eta 2 urteren artean eta jadanik beteta zituztenez libre geratu ziren.

Egoera honetan, preso politiko sahararrek gose grebari ekin zioten, haiei ezarritako zigor bidegabea eta Saharako herriak Marokoren eskutik jasaten duen zapalkuntza basatia munduari erakusteko asmoarekin.

Saharako preso politiko hauek gaur egunean oso egoera larrian aurkitzen dira, eta guztion inplikazioa eta elkartasuna behar beharrezkoa dute. Ezin ditugu Saharako preso politikoak gose greban hiltzen utzi eta Saharako herriak Marokoren eskutik pairatzen dituen giza eskubideen urraketa sistematikoak salatzea guztion betebeharra da.

Horregatik, LAB sindikatutik gure elkartasun guztia helarazi nahi diegu gose greban dauden preso politiko hauen senitarteko eta hurbilekoei eta baita ere Saharako herri guztiari ere. LAB sindikatutik Euskal Herriko saharar komunitateak ostiral honetan, apirilak 6an, eguerdiko 12etan Bilbon Marokok duen kontsulatuaren aurrean (Errekalde Zumarkalea 27) eginen duen kontzentrazioan parte hartzera deitzen dugu; hala nola Sahararekin elkartasunez hurrengo egunetan antolatu daitezkeen mobilizazio guztietan parte hartzera ere deitzen dugu, besteak beste, apirilaren 6an Donostiako Boulevarrean 19:00etan egingo den kontzentrazioan.
 

 

 

Productos Tubulareseko langileek euren eskubideak aldarrikatu dituzte

0

Tubos Reunidos taldeko Kapitalaren Kudeaketako Zuzendari Juana Maria Fernandezek deituta, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen mahai negoziatzailea eratzeko bilera egin dute gaur Barakaldon, Puerta de Bilbao hotelean. Bada, langileek elkarretaratze bat egin dute hotelaren kanpoaldean, euren eskubideen defentsan.
 
Bileran, enpresak 157 kaleratze planteatu ditu, eta gelditzen diren langileen soldata %25 jaitsi, urteko lanaldiari 24 ordu gehiago eransteaz gain.

Bada, Gaurkoan Productos Tubulareseko zuzendaritzak egindako jakinarazpenaren aurrean, LABek ondorengoa adierazi nahi du:
Guztiz onartezinak iruditzen zaizkigu zuzendaritzak planteatzen dituen 157 kaleratzeak, %25ko soldata murrizketa eta lanaldiaren igoera.

Tubos Reunidos Taldeak 214 milioi eurotako irabaziak izan ditu 2007 eta 2014 artean eta akziodunen artean 244 milioi euro banatu ditu. Gainera, 2017an Tubos Reunidoseko jarduerak etekinak sortu zituen, 11,8 miloi eurokoak (EBITDA). Beraz, ez dago kaleratzeak eta bestelako murrizketak egiteko arrazoirik.

Gainera, Eusko Jaurlaritzari posizio argi bat eskatzen diogu, neurri hauen kontra: nola liteke enpresari batek kaleratzeak egin nahi izatea eta gelditzen diren langileei lanaldia igo nahi izatea? LABek argitu nahi du ez direla 3 egun gehiago lanera joan beharko langileak, denera 10 egun gehiagoko lanaldi igoera inposatu nahi baitu enpresak. Erabat lotsagarria.

Proposamen hauek, enpresariek duten erabateko inpunitatearen eta babes instituzionalaren ondorio dira.

Amaitzeko, langileei egoerari buelta emateko borrokatzeko deia egiten diegu neurri hauek atzera botatzeko.
 

 

 

PPren lan-erreformatik sei urtera, orduan inposatutako prestazioen murrizketak berauek eskuratzea zaildu eta euren zenbatekoa murriztu du

Enplegu zerbitzu publikoek martxoan langabeziaren beherakada apala erregistratu dute Hego Euskal Herrian, aurrekoan baino 249 langabetu gutxiagokoa zehazki.

Bizkaia izan zen langabeziak gora egin zuen lurralde bakarra, 274 langabetu gehiagorekin.

Erregistratutako langabezia hilabeteko azken egunean altan dauden enplegu eskariak kontuan hartuta neurtzen da. Horrela, Aste Santuko oporrekin bat izan da. Hori dela eta zerbitzu sektoreari lotutako jarduera ekonomikoan aldi baterako kontratazioa indartu du, horrela langabeziaren urtaroko jaitsiera lagundu du prekarietatea handitzearen lepotik.
Hala ere, ditugun prekarietate mailak hain altuak dira zaila dela gainditzea. Izan ere, sinatutako kontratuen %91 aldi-baterakoa da, bai martxoko kontratazioari dagokionez baita urte hasierako datu metatuari dagokionez ere.

Beste alde batetik, enpleguaren zaurgarritasunaz gain, beharrezkoa da langabeziaren aurreko babesa gutxitu izana salatzea.

Jakina den bezala, langabeziagatiko prestazioren bat jasotzen duten pertsona batzuk ez daude ofizialki langabezia egoeran, enplegu zerbitzu publikoek erabilitako irizpide estatistikoak ez betetzeagatik (aurrejubilatuak, EEE batean daudenak, lanaldi partzialeko enplegua konpatibilizatzen dutenak.

Hala ere, enplegu bulegoek emandako informazioaren arabera, ofizialki langabezian daudenen %30,4ak baino ez du jasotzen langabeziagatiko prestazioren bat. Honek esan nahi du Hego Euskal Herrian 113.610 pertsona daude langabeziaren zerrendan langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen ez dutenak eta beste 25.964 hilean batazbeste 430 euro gainditzen ez dituen prestazio asistentziala jasotzen dutenak.

Zentzu honetan, gogorarazi nahi dugu PPren lan-erreformatik sei urte pasatu direnean, orduan inposatutako prestazioen murrizketak berauek eskuratzea zailtzeaz gain, euren zenbatekoa ere murriztu du. Zehazki, %7,5 jaitsi da prestazio kontributiboen batazbesteko zenbatekoa.
 

 

 

Lehen lanuzteak egiten ari dira Alestisen, bajan zegoen langile baten kaleratzea salatzeko

0

Apirilaren 5, 11 eta 13an ere egingo dituzte lanuzteak.

Martxoaren 23an, Arabako Miñanoko teknologia parkean dagoen Alestis enpresako langile bat kaleratu zuten Langileen Estatutuko 52 d artikulua aplikatuta, hau da, bajan egoteagatik.

Alestiseko enpresa batzordeak adierazi nahi du lankide honi egindakoaren guztiz kontra dagoela. Era berean, adierazi nahi du enpresan lanera huts egiteko arrazoi asko dagoela (lan istripu zein laneko gaixotasunak, kasu) zeintzuetan enpresak zerbait egin dezakeen, baina ez dela ezer egiten.

Gertatukoaren larritasuna eta etorkuzunean izan litzakeen ondorioen aurrean, enpresa batzordeak lanuzteak egingo ditu Alestiseko atean. Lehen lanuzteak gaur egiten ari dira langileak, eta apirilaren  5, 11 eta 13an izango dira hurrengoak, txanda bakoitzean ordubetekoak: 11:00etatik 12:00etara, goizekoan; 16:00etatik 17:00etara, arratsaldekoan; eta 05:00etatik 06:00etara, gauekoan.
 

 

 

Igande eta jai egunetan irekierarik ez egotea aldarrikatu dugu berriro

Aste Santuko jai egunen etorrerarekin, protesta egin dugu Berriozarren, Decathlon aurrean.

Jaiegunetan lan egiteak lan baldintzak kaskartzen ditu, lanpostuak suntsitzen ditu, bizitza eta lana kontziliatzea ezinezko bihurtzen du, merkatari txikiak kaltetzen ditu eta gizarte kontsumista eredua inposatzen du. Arrazoi horiengatik guztiengatik berriz ere LAB sindikatua kalera atera da jaiegunetan eta igandeetan komertzioen 0 irekiera erreibindikatzeko.

Ez da lehenbiziko aldia LABek ekintzaren bat egiten duela Decathlon saltokian; izan ere, merkataritzako prekarietatearen fokua da Nafarroan. Oraingo honetan ekintza sinboliko baten bidez, LAB sindikatua mobilizatu da ikustarazteko zein ondorio pairatzen dituzten Nafarroako Merkataritza sektoreko langileek jaiegunetan saltoki handiak irekitzeagatik.

LABek adierazi nahi du kalean segituko duela, langileak babesten jarraituko duela, saltokiek jaiegun eta igandeetan irekitzeari uzten dioten arte.
 

 

 

[IRITZIA] Lana, enplegua eta denbora…

Idazkaritza Feministako kide Arantxa Vazquezek eta Eli Etxeberriak iritzi artikulu bat idatzi dute, martxoaren 30eko Etxeko Langileen Eguna dela eta.

Gure inguruari begiratzeko denbora izango bagenu, gertatzen dena aztertzeko eta guzti horretaz hausnarketak egiteko tartea hartuko bagenu, begi-bistan duguna baina gauza gehiago ikusiko genituzke. Baina tarte hori edukitzea, gaurko jendartean, luxu bat da. Ez da eskubide bat, kapritxoa bat, ezta bizitza ongi antolatzen dugun edo ez.

Denbora edukitzea, besteak beste, klase kontua da. Generoarena ere bai, noski. Eta nola ez, jatorri kontua ere!

Gure bizitza enpleguaren arabera dago antolatuta. Balio duen enplegua, eskubideak ematen dituena, kotizatzen duena, kontabilizatzen den enplegu hori. “Zerbait” ekoizten duen enplegua, “hazkundea” ekartzen duena enpresarien, patronalaren eta gobernuen hitzetan (hauek ere ez daukate denborarik, baina eduki zezaketen, denbora diru gehiago lortzeko erabiltzen dutelako; eta ondoren, diru hau denbora besterik ez duenari erosteko erabiltzen dutelako). Hain ohituta gaudenez, pentsatzen dugu gauzak ezin direla beste modu batean izan.

Normala iruditzen zaigu lan egiteko bizi behar izatea, gero eta gutxiago irabaziz gainera. Normala iruditzen zaigu hainbatek emakume bat edukitzea etxean, 24 orduz zerbitzatzen, bere bizitzaren truke. Normala iruditzen zaigu emakumeak arduratzea zaintzaz eta etxeko lan guztiez, emakume izate hutsagatik. Ez gaitu harritzen emakume gehienak zoratuta bizitzea guztira iritsi nahian, eta normala ikusten dugu etxeko langile gehien-gehienak emakumeak izatea eta gehiengoa etorkinak. Ez dugu gogoeta egiteko arrazoirik ikusten?

Tartean, Eusko Jaurlaritzak etxeko langileak baztertu ditu adin txikikoak zaintzeko kontziliazio neurrietatik. Hori da, euren etxeak garbitzen dituzten horiek utzi ditu kanpo. Etxez-etxeko laguntzaz arduratzen diren langileek (emakumeak gehienak, noski) baldintza prekarioetan jarraitzen dute, zerbitzu hauek ordaintzeko diru kopurua urtez urte txikitzen dutelako aldundietan. Eta udaletxeetan, beste aldera batera begiratzen dute, zerbitzu hauek azpikontratatuz zuzenean kudeatu beharrean.

Denboraren, enpleguaren eta lanaren banaketa ez da bidezkoa eta ondorioz, emakumeok lan hauek musutruk egiten ditugu, prekarioan edo esklabotza garaietara gerturatzen gaituzten baldintzetan. Egoera hau dela jakitea eta aldatzeko ezer ez egiteak bidegabekeria honen guztiaren bidelagun egiten gaitu. Zaintza lanak erantzukizun sozial bat dira, kontrakoa pentsatzea axolagabekeria politiko ikaragarria da.

Berdintasun politikek irabazi dutela esaten da. Soldata arrakalaren auzian EAE zein ondo dagoen aldarrikatzen da. Baina bitartean, baldintza guztiz salagarrietan lan egiten duten emakumeek garbitzen dituzte etxeak, eskubideak mugatuak dituztenak edo eskubiderik gabekoak egoera administratiboa dela eta. Berdintasunaz hitz egiten da, baina jarraitzen dute pentsatzen emakumeok gutxiago irabazten dugula oraindik ez dugulako ikasi ikasketak eta lanbideak ongi aukeratzen. Aski da!

Benetan nahi al dugu jendarte bat, inork egin nahi ez dituen lan guztiak emakumeok gure gain hartu beharko dituguna? Edo nahiago dugu lan hauek guztiak banatuko dituen jendartea? Lan hauek emakumeak zapaltzeko erabiliko ez dituen jendartea? Hori da helburua, eta bidea urratsez urrats egingo dugulako, gaurdanik has gaitezke eredu berri bat eraikitzen hasteko neurriak hartzen. Has gaitezen gaurko eredutik aldentzen, martxoaren 8an eskatzen genuen jendarte eredura gerturatzeko. Neurri asko ditugu hartzeko, besteak beste:

• Etxeko lanak eta etxeko langileak aitortu eta aitortza hori eskubide bihurtzea (langabezia, gaixotasun bajak, gizarte segurantzan kotizatzea, formakuntza, oinarrizko solda…)
• LANEko 189. hitzarmena aintzat hartzea.
• Benetako kontziliazio politikak martxan jartzea, lanaldiaren murrizketa sakona eginez eta ordutegiak berrantolatuz, bizitzarekin bateragarriak izateko.
• Jendartea bizitzaren arabera antolatzea, ekoizpenari begira antolatu ordez.
• Sexuaren araberako lan banaketaren kontra egitea, kontuan hartuz arrazarekin guztiz lotuta dagoela, migrazio estatusarekin eta klase sozialarekin.
• Jendartearentzat beharrezkoak diren lanak birpentsatu eta berrantolatu.
• Erantzukidetasunerako politika eraginkorrak martxan jartzea eta kontziliaziorako benetako neurriak hartzea.
• Atzerritartasun Legea indargabetzea.
• Barneko langile izaera deuseztatzea.
• Zaintzeko, zainduak izateko eta zaintzaile ez izateko eskubidea ziurtatuko duten neurri unibertsal eta zehatzak.
• Zerbitzu publikoak garatzea.
• Zaintzarako euskal sistema publikoa eraikitzea.

Angela Davisen hitz ezin hobe hauekin bukatu nahi dugu:

“Emakumeon ardura erabatekoa eta indibiduala diren etxeko lanak deuseztatzea helburu estrategikoa da emakumeon askapenerako bidean. Baina lan hau guztia sozializatzea – bazkariak prestatzea eta umeak zaintzea barne – ekonomian irabaziak bilatzearen nagusitasunarekin bukatzea ekartzen du.”

 

 

 

Merkataritza igande eta jai-egunetan zabaltzearen aurka mobilizatu gara, Basquefest-en aurkezpenean

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, kontsumitzaileen elkarteek, Bilboko auzo elkarteek eta gazte kolektiboek elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, Alhondegian.

Mobilizazioaren helburua izan da salatzea alderdi politiko batzuk, Bilboko alkateak, multinazional handiek, kateek edo Bilbaodendak-en zuzendaritzak Basquefest gisako ekimenak baliatzen dituztela Bilbon merkataritza igande eta jai-egunetan zabaltzea bultzatzeko aitzakia moduan.

Edozein ekimen probesten dute euren hiri eta merkataritza-eredua bultzatzeko, nahi ez duguna eta bertan bizi garenoi onurarik ekartzen ez diguna.

Oraingoan, berriz probestu dute turismoa merkataritza jai-egunetan zabaltzearekin lotzeko, mezu faltsuak eta asmo alderdikoiak dituztenak botata.

Deitzaileen arabera, hiri eta auzo biziak nahi ditugu, bertan bizi eta lan egiten dugunok gure aisiaz gozatzeko aukera izan dezagun kontsumismoa bultzatu gabe eta oreka bati eutsiz. Hiri bizigarriak nahi ditugu.

Era berean, merkataritza eta kontsumo iraunkorra aldarrikatzen dugu gure hirirako, merkataritza txikiaren biziraupenaren alde ere egingo duena eta langileei, prekarietatera kondenatuko ez dituzten lan baldintzak izatea bermatuko diena.

Gainera, honakoa eskatzen dizkiogu Bilboko Udalari: herritarren zerbitzura eta ez multinazionalen zerbitzura egongo den hiri eredua sustatu eta arau dezaten, eta merkataritza bezalako sektoreak turismora baldintzatzeari utz diezaiotela.
 

 

 

Irakaskuntzako sindikatuak eta Nafarroako Gobernua Hezkuntza Ituna negoziatzen jarriko gara berriz

0
Gaur, Hezkuntzako mahai sektorialean, sindikatuok eta Hezkuntzako arduradunek ditugun ikuspuntuak mahaigaineratu ditugu.

Irakaskuntzako sindikatuok, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariarekin eta Maria Solana Hezkuntza kontseilariarekin bildu eta gero, Hezkuntza sistemaren hobekuntzarako itunari buruzko negoziazioei berriro ekitea lortu dugu eta gai hori berriro ere mahai sektorialean jorratuko da.

Gaur ostegunean, martxoak 28, Hezkuntzako mahai sektorialean sindikatuok eta Hezkuntzako arduradunek ditugun ikuspuntuak mahaigaineratu eta gero, Administrazioaren konpromisoa lortu dugu apirilaren 27an egingo den mahai sektorialaren bilerara Hezkuntza Departamentuak proposamen bat eraman dezan. Xede nagusia irakastorduak jaitsi ahal izateko akordioaren abiapuntua bermatzea da. Horren bidez, horrenbeste denboraz lantzen ari garen hezkuntzaren hobekuntzarako itunaren gutxieneko edukiak bermatze bidean egongo ginateke.

Gu, bitartean, lan egiten eta mobilizatzen jarraituko gara, eduki sendoetan oinarritutako ituna lortze bidean. Horixe iruditzen zaigu gure lana baldintza egokietan jorratu ahal izateko eta kalitatezko hezkuntza sistema beharrei erantzuteko premiazko urratsa.