2024-04-26
HomeIdazkaritzakIdazkaritza Feminista Lana, enplegua eta denbora...

[IRITZIA] Lana, enplegua eta denbora…

Idazkaritza Feministako kide Arantxa Vazquezek eta Eli Etxeberriak iritzi artikulu bat idatzi dute, martxoaren 30eko Etxeko Langileen Eguna dela eta.

Gure inguruari begiratzeko denbora izango bagenu, gertatzen dena aztertzeko eta guzti horretaz hausnarketak egiteko tartea hartuko bagenu, begi-bistan duguna baina gauza gehiago ikusiko genituzke. Baina tarte hori edukitzea, gaurko jendartean, luxu bat da. Ez da eskubide bat, kapritxoa bat, ezta bizitza ongi antolatzen dugun edo ez.

Denbora edukitzea, besteak beste, klase kontua da. Generoarena ere bai, noski. Eta nola ez, jatorri kontua ere!

Gure bizitza enpleguaren arabera dago antolatuta. Balio duen enplegua, eskubideak ematen dituena, kotizatzen duena, kontabilizatzen den enplegu hori. “Zerbait” ekoizten duen enplegua, “hazkundea” ekartzen duena enpresarien, patronalaren eta gobernuen hitzetan (hauek ere ez daukate denborarik, baina eduki zezaketen, denbora diru gehiago lortzeko erabiltzen dutelako; eta ondoren, diru hau denbora besterik ez duenari erosteko erabiltzen dutelako). Hain ohituta gaudenez, pentsatzen dugu gauzak ezin direla beste modu batean izan.

Normala iruditzen zaigu lan egiteko bizi behar izatea, gero eta gutxiago irabaziz gainera. Normala iruditzen zaigu hainbatek emakume bat edukitzea etxean, 24 orduz zerbitzatzen, bere bizitzaren truke. Normala iruditzen zaigu emakumeak arduratzea zaintzaz eta etxeko lan guztiez, emakume izate hutsagatik. Ez gaitu harritzen emakume gehienak zoratuta bizitzea guztira iritsi nahian, eta normala ikusten dugu etxeko langile gehien-gehienak emakumeak izatea eta gehiengoa etorkinak. Ez dugu gogoeta egiteko arrazoirik ikusten?

Tartean, Eusko Jaurlaritzak etxeko langileak baztertu ditu adin txikikoak zaintzeko kontziliazio neurrietatik. Hori da, euren etxeak garbitzen dituzten horiek utzi ditu kanpo. Etxez-etxeko laguntzaz arduratzen diren langileek (emakumeak gehienak, noski) baldintza prekarioetan jarraitzen dute, zerbitzu hauek ordaintzeko diru kopurua urtez urte txikitzen dutelako aldundietan. Eta udaletxeetan, beste aldera batera begiratzen dute, zerbitzu hauek azpikontratatuz zuzenean kudeatu beharrean.

Denboraren, enpleguaren eta lanaren banaketa ez da bidezkoa eta ondorioz, emakumeok lan hauek musutruk egiten ditugu, prekarioan edo esklabotza garaietara gerturatzen gaituzten baldintzetan. Egoera hau dela jakitea eta aldatzeko ezer ez egiteak bidegabekeria honen guztiaren bidelagun egiten gaitu. Zaintza lanak erantzukizun sozial bat dira, kontrakoa pentsatzea axolagabekeria politiko ikaragarria da.

Berdintasun politikek irabazi dutela esaten da. Soldata arrakalaren auzian EAE zein ondo dagoen aldarrikatzen da. Baina bitartean, baldintza guztiz salagarrietan lan egiten duten emakumeek garbitzen dituzte etxeak, eskubideak mugatuak dituztenak edo eskubiderik gabekoak egoera administratiboa dela eta. Berdintasunaz hitz egiten da, baina jarraitzen dute pentsatzen emakumeok gutxiago irabazten dugula oraindik ez dugulako ikasi ikasketak eta lanbideak ongi aukeratzen. Aski da!

Benetan nahi al dugu jendarte bat, inork egin nahi ez dituen lan guztiak emakumeok gure gain hartu beharko dituguna? Edo nahiago dugu lan hauek guztiak banatuko dituen jendartea? Lan hauek emakumeak zapaltzeko erabiliko ez dituen jendartea? Hori da helburua, eta bidea urratsez urrats egingo dugulako, gaurdanik has gaitezke eredu berri bat eraikitzen hasteko neurriak hartzen. Has gaitezen gaurko eredutik aldentzen, martxoaren 8an eskatzen genuen jendarte eredura gerturatzeko. Neurri asko ditugu hartzeko, besteak beste:

• Etxeko lanak eta etxeko langileak aitortu eta aitortza hori eskubide bihurtzea (langabezia, gaixotasun bajak, gizarte segurantzan kotizatzea, formakuntza, oinarrizko solda…)
• LANEko 189. hitzarmena aintzat hartzea.
• Benetako kontziliazio politikak martxan jartzea, lanaldiaren murrizketa sakona eginez eta ordutegiak berrantolatuz, bizitzarekin bateragarriak izateko.
• Jendartea bizitzaren arabera antolatzea, ekoizpenari begira antolatu ordez.
• Sexuaren araberako lan banaketaren kontra egitea, kontuan hartuz arrazarekin guztiz lotuta dagoela, migrazio estatusarekin eta klase sozialarekin.
• Jendartearentzat beharrezkoak diren lanak birpentsatu eta berrantolatu.
• Erantzukidetasunerako politika eraginkorrak martxan jartzea eta kontziliaziorako benetako neurriak hartzea.
• Atzerritartasun Legea indargabetzea.
• Barneko langile izaera deuseztatzea.
• Zaintzeko, zainduak izateko eta zaintzaile ez izateko eskubidea ziurtatuko duten neurri unibertsal eta zehatzak.
• Zerbitzu publikoak garatzea.
• Zaintzarako euskal sistema publikoa eraikitzea.

Angela Davisen hitz ezin hobe hauekin bukatu nahi dugu:

“Emakumeon ardura erabatekoa eta indibiduala diren etxeko lanak deuseztatzea helburu estrategikoa da emakumeon askapenerako bidean. Baina lan hau guztia sozializatzea – bazkariak prestatzea eta umeak zaintzea barne – ekonomian irabaziak bilatzearen nagusitasunarekin bukatzea ekartzen du.”

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.