2026-04-21
Blog Page 792

Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbo-Bizkaiakoan integratzea gelditzea eskatzen dugu

Busturialdeako Ur Patzuergoa (BUP) Bilbao Bizkaiaren (BBUP) barruan integratzeko izapideen hasiera dela eta prentsan azaldutako berrien aurrean, LABek iritzi publikoari bere jarrera helarazi nahi dio. 

Babesa erakutsi diogu Herrien Burujabetza, Transnazionalen Boterea Desegin eta Inpunitatearekin Bukatzea jartzea aldarrikatzen duen kanpainari

Gaurkoan LABekin batzartu da Monica Vargas, Trans National Instituteko kidea eta Herrien Burujabetza, Transnazionalen Botere Desegituea eta Inpunitateari Bukaera jartzea aldarrikatzen duen kanpainaren arduraduna. Ekintza Sozialeko Idazkari Bea Martxueta eta Urtzi Ostolozaga idazkari ondokoak bilera egin dute Vargasekin LABen Bilboko egoitzan.

LABek, orain hiru urtetik parte hartzen dugu kanpaina honetan, eta gure konpromisoa berresten dugun honetan, gure babes politikoa adierazi nahi diogu kanpaina honi eta bere helburuei. Gaurkoan, Vargasen bidez, kanpaina momentu honetan zertan den jakin ahal izan dugu, eta horren araberako erabakiak hartu gure parte hartzeari dagokionez.

Prozesu hau Euskal Herrira ekartzea da gure egiteko nagusiena mundu mailako prozesuan parte hartuz, izan ere kapitalismo heteropatriarkalaren gehiegikeriak nazioartean eta gurean salatu behar ditugu, horrez gain, gainontzeko eragile sozial eta sindikalekin batera elkarlanean, kontraboterea antolatu behar dugu. Tresna politikoa izateaz ari gara. Tresna horren egitekoa, beharrezko arau eta legeak sortzea da enpresa handiak Giza Eskubideei eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei guztiz loturik egon daitezen. Demokrazian sakondu beharra dugu modu erradikal batez, produkzioa eta lan eremua demokratizatu beharra dago, bizitza erdigunean jarriz, zerbitzu publikoen alde egin beharra dugu eta jendartearen oinarrizko beharrak bermatuarazi beharko dituzten administrazioak lortu behar ditugu. Elikadura eta energia burujabetzaren alde egin behar dugu, gure herrialdearen alde eta natur baliabide eta ingurumenaren alde.

Azken baten, herrien burujabetzaren alde eta eskubide kolektiboen alde egin behar dugu, pertsonon zerbitzura egongo den ekonomiaren alde, gure apustua, ekosozialismo feminista da.

Azkenik, gure parte hartzea iragarri nahi dugu aurrerantzean ere, bai transnazionalen gehiegikeriak epaitzen dituen Herrien Epaitegi Iraunkorrean (Bartzelonan ekainaren bukaeran) eta bai Nazio Batuen Erakundean udazkenean ere, non juridikoki loteslea den tresna osatzen ari garen transnazionalentzat eta beste enpresa batzuentzat giza eskubideekiko.
 

 

 

Azalpenak eskatu dizkiogu Osakidetza eta Osasun Sailari fakultatibo espezialisten kategoria batzuen EPE azterketetako balizko irregulartasunei buruz

Martxan dagoen 2016-17 EPE prozesuan Fakultatibo Espezialisten 55 kategoria daude deituta. Horietako askotan lehengo azterketa eginda dago jada, eta batzuetan, oposizioko faseko bigarren proba ere bai.

LABek kategoria horietako hainbat probatan irregulartasunak gertatu direnaren salaketak jaso ditu. Hauetan azpimarratu egiten da azterketetan filtrazioak gertatu direnaren ideia.

Fakultatibo batzuek esandakoaren arabera, irregulartasun hauek ez lirateke puntualak izango, fakultatibo espezialisten EPEetan maiztasunez gertatzen omen direlako eta batzuetan “euren nagusi edo zerbitzu buruek aukeratzen dituzten hautagaiek” soilik ateratzen dute plaza. Ez da lehenengo aldia halako informazioak heltzen zaizkigula.

Salaketa hauen larritasuna kontuan harturik, LABek EPE honetako emaitzen eta proben inguruko informazioa jaso du. Beste gauzen artean, hainbat kategoriatako bigarren probetan ez da erabili “pliken sistema” (edo behintzat ez modu publikoan). Aipaturiko sistema da Osakidetzak proposatzen duena EPE prozesurako protokoloan, eta helburu argia dauka: anonimotasuna eta azterketen zuzenketa inpartziala bermatzea, ezin delako jakin noren azterketa zuzentzen ari den. Harrigarria da pliken sistema hau kategoria batzuetan erabiltzea eta beste batzuetan ez, eta ez dela jarraitu irizpide bera proba guztietan.

Bestaldetik, azterketen emaitzen grafikoak eta estatistikak aztertu eta gero, kategoria batzuetan agertzen diren datuak oso susmagarriak dira eta filtrazioak gertatu direla adierazi lezakete.

Gaiaren larritasunak Osakidetza zein Osasun Sailaren aldetik berehalako argipena eskatzen du. LAB, bere aldetik, Osakidetzako Zuzendaritzari urgentziazko bilera eskatu dio jada, gertatu denaren gaineko azalpenak jasotzeko eta azterketak prestatu eta zuzentzeko protokolo berria eskatzeko. Era berean, uste dugu Darpon kontseilariak azalpenak eman behar dituela Legebiltzarrean. Gainera, balizko irregulartasunak gertatu diren proben inpugnazioa eskatu dugu.

 

 

 


Lanean hildako azken langilean gogoan Orozkon

Euskal Herriko gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egin dugu Orozkoko Udalaren aurrean bizitza galdu duen azken langilea gogoratu eta heriotz guzti hauen atzean prekarietatea dagoela salatzeko.

Maiatzaren 30ean jakin genuen Orozkoko Arriberri harrobian Arcanor enpresako 54 eta 47 urteko beharginak istripu larria izan zutela makina batek harrapatu ondoren, langile larri zaurituak Gurutzeta erietxera eraman zituzten. Bart iluntzean hil egin da langileetako bat.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu hildako langilearen famili eta gertukoei, halaber zaurituta dagoen behargin familiari elkartasuna adierazi nahi diogu.

Azken heriotz honekin 21 dira gutxienez Hego Euskal Herrian hildako langileak eta salatu behar dugu heriotz guztiek faktore amankomun bat dutela oinarri prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualita kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta egiazko prebentzio ezaren ondorio zuzena dira .

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasuna eta bizitza baino, Bestetik administrazioak, egoera honen konplize bilakatu direnak. Prebentzio egiten dutela diote, baina darabiltzaten politikek berekin dakarte lan baldintzak hondatzea. Argi dago ez diotela prekarietateari aurre egin nahi. Prekarietatea handitzen eta zabaltzen ari da, lan baldintzak ez dira hobetzen, kaxkartzen ari dira.

Gaur egungo egoera mugiarazteko, istripuak ekiditu nahi badira, lan baldintzak ezinbestean hobetu behar dira. Borroka eta mobilizazioan jauziak emateko prest gaude lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bilakatu arte.

 

 

 


Hitzarmen duinak eta aberastasunaren banaketa aldarrikatu ditugu Makina-Erramintako Biurtean

0

Gaur amaitu da Makina-Erramintaren Biurtekoa. Honen inguruan, azokako egun guztietan zehar izkutuan geratu den errealitate baten berri emango du sindikatuak, prekarietatearena, hain zuzen ere.

Gaur amaitu da Makina-Erramintaren Biurtekoa. Honen inguruan, azokako egun guztietan zehar izkutuan geratu den errealitate baten berri emango du sindikatuak, prekarietatearena, hain zuzen ere.

Horretarako, prekarietatearen inguruko standa jarriko dute BEC kanpokaldean. Diskurtso ofizialek izkutatzen duten prekarizazio etengabean oinarritutako lan harremanen ereduaren aurrean, langileentzako lan duina, bizi duina eta hitzarmen duinak aldarrikatuko dituzte.

Eulate Zilonizaurrekoetxea Industria Federazioko buruaren adierazpenak:

“Hor barrukoa marketing hutsa da, publizitate engainagarria, iruzur handi bat foko ugari eta korbata askorekin apainduta”.
Korbatak bai, barruan buzoak falta direlako. Langileen errealitatea faltan da. Makina horiek martxan jarri, hobetu eta erabiltzen dituzten pertsonanena. Prekarietatearen standa falta da, kontratazio moduaz azaodluko duena, lan-osasunaren inguruko axolagabekeria eta jasan beharreko istripu eta heriotzena, aldi baterakotasunaren inguruko datuak, sexu, arraza edo ideologiagatiko diskriminazioarenak edo gure hizkuntzak, euskarak duen errespetu txikiaren ingurukoak”.

Tailerretako emakumeak falta dira, argi eta garbi esango dutenak oraindik industriako %19a baino ez garela, enplegu eskaintza prekarioak eta soldata apalagoak dituztenak soilik jasotzen dituztela dioten gazteak; 50 urtetik gorakoak, antzinatasuna ez ordaintzeagatik nola kaleratu dituzten azalduko dutenak; mehatxuak, beldurra, kaleratzeak edo irainen inguruan hitz egingo dutenak.

“Nahikoa da argazki eta zinta mozketez. Nahikoa da postureo eta gezurrez. Noiz emango diote horrenbeste arreta eta babes langile klaseari? Noizko Arantza Tapia, Urkullu eta kazetari guzti horiek tailerretatik pasastzen? Noizko aste honetan hemen xahututako diru guztia langileentzako lan-baldintza duinetan? Oroitarazten deigu makina hauek material hutsa baino ez direla martxan jartzen dituzten pertsonarik gabe”.

Aberastasuna banatzeko garaia da. Patronalak 1.300 milioi euro garbi banatu zituen 2016an eta, beraiek diotenez, 2017a hobea izan omen zen. Eta datuak hauek diren bitartean hitzarmenetan eskaintzen digutena; segurtasun eza, aberastasuna banatzeko borondate falta eta prekarietate gehiago da:

> 10 langiletik 6k ez dute berritutako lan hitzarmenik.
> Azken urtetan langileek %5eko eros ahalmena galdu dute.
> Industriako langileen %19a da soilik emakumea.
> Industrian lanean hasteko zortea duten gazteek zabor kontratuak izaten dituzte.
> 2016tik 2017ra behin behineko kontratu kopurua %29,3tik 32ra igo da.
> ABLEen eta azpikontraten erabilera biderkatu da.
> Kontratazio berriei lan baldintza kaskarragoak ezartzen dizkiete.
> Urte honetan 20 langileek bizitza galdu dute lanpostuan, horietatik 6 industriakoak ziren.

Hortaz, egoera bidegabe hau aldatzeko borrokatu beharra dago. Bizkaiko Metaleko hitzarmenean eta enpresetako hitzarmenetan, eremu GUZTIETAN, LABek eduki duinen alde borroka egingo du:

• Ez dugu langileen lan baldintzetan atzera pausurik onartuko.
• Eros ahalmena berreskuratu eta KPIen gainetik igoerak.
• Prekarietatearen aurkako neurriak: behin behineko kontratazioa, malgutasuna, azpikontratazioa mugatzea, ABLEak desagertaraztea, gazteen lan baldintzak hobetzea….
• Emakumeen kontratazioa bultzatu eta lan baldintzak duinduko dituzten neurriak.
• Subrogazioa bermatuko dituzten neurriak.
• Negoziazio kolektiboko erreformatik eta estatalizaziotik babestuko gaituzten neurriak.

Bada garaia hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hotzeko, GUZTION LAN BALDINTZAK hobetzeko.
  

 

 

EKAINAK 2, ALTERNATIBEN HERRIA IRUÑEAN

Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsiko dugu ekainaren 2an. Sistema da aldatu beharrekoa eta horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriko dituena. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko ekainaren 2an Iruñera.

Madrilera begira egon gabe, hemen burujabetza prozesu bat jartzearen beharra azpimarratu nahiko genuke

0
Erabat ustela den alderdi bat gobernutik botatzea positiboa da, erantzukizun ariketa bat da edozeinentzat. Hala ere, sindikatu bezala ezin ditugu mezu baikorregiak bota, datorren gobernua ez delako askoz hobea.

PSOE izan zan estatalizazioa eta zentralizazioaren aldeko erreforma egin zuena, pentsioen erreforma egin zuena, baietz esan zion 155. artikuluari eta 135.aren erreformari. Badira hainbat elementu bere kudeaketaren kritika egitera eramaten gaituztenak.

Hala ere, garrantzitsua da PP botatzea. Baina ez da PSOE izan PP bota duena, bere politikei aurre egin dieten herritarrek eta independentismoak baizik.

EAJri dagokionez, aipatu beharra dago politika antisozialak adostu zituela Rajoyrekin. Eta politika antisozial horiei eustea adostu du Sanchezekin, bere lehentasunak oso argi utziz.

Hala ere, Madrilera begira egon gabe, hemen burujabetza prozesu bat jartzearen beharra azpimarratu nahiko genuke.
 

 

 

Babesa eman diogu Euskaraldia dinamikari

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, euskaraz bizitzeko deiari erantzun dio LABek.

Euskaraldia dinamikaren bultzatzaileek bi figura sortu dituzte,"ahobizi" eta "belarriprest", 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, gorpuzteko asmoz.

"Ahobizi" bazara, Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai. "Ahobizi" izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

"Belarriprest" bazara, euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu.
Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu. "Belarriprest" izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!
 

 

 

Jaurlaritzak lana eta familia bateratzea debekatu die Zuzenean zerbitzuko langileei

Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko langileek lanuzteak egin dituzte gaur, langileen kontziliazioa ahalbidetzeko eskubideak kendu dizkietela salatzeko. hala, elkarretaratzeak egin dituzte lantoki aurrean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Zuzenean zerbitzua etengabe ematen da 8:00etatik 19:30ak arte, astelehenetik ostiralera. Hori dela eta, badira hamar urte sinatu zela Zuzeneaneko ordutegi bereziaren gaineko akordioa, normaltasunez aplikatu dena urteotan guztiotan. Lanaldi ebazpen ezberdinek jaso izan dituzte gainera, Jaurlaritzak berak urteotan indarrean jarritako malgutasun neurriak.Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren 2017ko Berdintasun Planak, Zuzenean zerbitzuan ere familia eta lana bateratzeko aukera babesteko konpromisoa jasotzen du.

Zuzeneaneko langile gehienak emakumeak dira, eta horietako askok familia eta lana bateratzeko neurriei heldu behar izan diete, dela lanaldia murriztuz, dela ordutegi-malgutasunaren bidez.

Baino, alde bakarrez eta inongo negoziaziorik gabe, otsailaren 13an Jaurlaritzak Zuzeneaneko ordutegi-aldaketa jakinarazi zien zerbitzuko langile guztiei, malguntasun oro ezabatuz nahiz familia eta lana bateratzeko xedez lanaldia murrizteko eskubidea mugatuz.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok:

• Administrazioaren funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren haustea salatzen dugu. Hain zuzen ere bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko eskubidea jasotzen duena, eskubide hori Eusko Jaurlaritzaren langile guztiena baita, salbuespenik gabe. Eta era berean ordutegi berezien edozein aldaketa negoziatu behar dela ezarri arren, Administrazioak ez du egin.
• Lan Harremanetarako zuzendaritzaren helburua salatzen dugu, hain zuzen ere familia eta lana bateragarri egiteko malgutasuna kentzea.
• Zuzenean zerbitzuko zuzendaritzak izandako kudeaketa penagarria salatzen dugu, ez baitute beharrezko neurriak hartu zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta langileen, familia eta lana bateragarri egiteko eskubideak bermatzeko. Langileek lanaldi murrizketara jo behar izan dute, eta honek ondorio latzak izango ditu soldatetan.

Mahai Sektorialean lau sindikatuok eskatu diogu Administrazioari Zuzenean zerbitzuko langileei ezarritako murrizketak berehala bertan behera uztea, baita sortutako arazoa azaldu dezala. Era egoki batean aztertua ahal izateko eta posiblea izango den konponbide bidezko eta egokia adostea langileentzako eta zerbitzu publiko hobea eman ahal izateko.

Lau sindikatuok Eusko Jaurlaritzari murrizketa berri hau bertan behera uzteko eskatzen diogu, bereziki kaltegarria dena Zuzeneaneko lankideentzako eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzako emakumeen diskriminazioa eta soldata arrakala sakontzen dituena.