2026-07-16
Blog Page 791

Nafarroan gertaturiko beste lan heriotza bat salatu dugu

Iragan astean LAB sindikatuak jakin zuen astelehenean langile bat hil zela lan istripuan. Hildakoaren familiak lortu zuen informazioaren arabera, istripua abuztuaren 27an gertatu zen, Atondo herrian, bertako etxe partikular batean egiten ari diren lan batzuetan. Hildako langilea V.U.E. da, 58 urtekoa.

Normalean gertatu ohi denaren kontrara, albiste lazgarria ez da hedabideetaraino ailegatu, lan istripu honen inguruabarrak guztiz arraroak eta kontraesankorrak izan baitira. Berez, lerrook idazteko unean, informazio ofiziala nahiko eskasa da, Foruzaingoa gertaera ikertzen ari baita oraindik. Dena dela, LABek jakin duen informazioa baieztatuko balitz, oso gertaera larrien aitzinean geundeke.

Lehenik eta behin, hildako langilearen familiari gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diogu.

Bigarrenik, ikerketa lehenbailehen bukatzeko eta erantzukizun guztiak behar bezala argitzeko exijitzen dugu. Hau da:

-Egonen balitz, zehaztea zein harreman kontraktual zegoen hildakoaren eta lanaren arduradunaren artean.
-Egonen balitz, zehaztea zein segurtasun neurri zeuden, argi eta garbi ez baitziren nahikoak izan.
-Zehaztea zer egin zuten laneko arduradunek lehenbiziko sorospenetan eta zauritua ospitalera eramateko bidean.

Erabateko lan prekarietatearen testuinguru batean kokatzen du LABek istripu hau. Behar handiko egoera sozial bat, gero eta gutxiago arauturik dagoen eraikuntza sektorean dagoen zaintza falta eta langile klasearen aurka eginiko legedia batzen diren honetan, pertsona anitz behartuta dago halako ondorioak dituzten sasi-esklabotzako lan baldintzak onartzera.

Ezin dugu ezikusiarena egin. Euskal Herrian ikagaragarri hazi da lan istripuen kopurua. Nafarroan, adibidez, 11 langile hil dira uda honetan. Odoluste hau bukatu behar da. Orain. Hala, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Estatuko lan ikuskaritzari eskatzen diegu berehalako neurriak hartzeko lanpostuetan langile gehiago hil ez daitezen.

Eta berehalako eta premiazko neurri horiei gero bertze batzuk batu behar zaizkie, egoera beldurgarri honen benetako arrazoei aurre egiteko. Lan baldintzak kaskartzea eta arau gutxiagorekin uztea, soldatak jaistea eta gizarte babesa txikitzea helburu duen lege amarauna desegin beharko lukete neurri horiek. Eta LABen pentsatzen dugu esparru arau-emaile hori hemen erabaki beharko genukeela, eta ez Madrilen. Uste baitugu modurik eraginkorrena dela prekarietateari aurre egiteko. Horregatik guztiagatik, eta lehenbiziko urrats gisa, eskatzen dugu Nafarroako Gobernuak bere egitea lan ikuskaritzako eskumenak.

Azkenik, langile klase osoari deitu nahi diogu, aktiba eta mobiliza dadin, eta sala dezan edozein langileren osasunari eragiten ahal dion edozein egoera.

 

 

 

Iñaki Igerategi suhiltzailea bere lanpostura itzul dadin exijitu dugu Kontxako badian

“Iñaki lanera! Aldundira!” leloarekin, elkarretaratze batera deitu genuen atzoLABetik, Kontxako estropaden lehen jardunaldian. Hain zuzen ere, sei urteko espetxe eta inhabilitazio zigorra ezarri zion Madrilgo Entzutegi Nazionalak Iñaki Igerategi suhiltzaileari 2012an. Zigorra osorik beteta etxera eta bere lanpostura itzuli behar zuenean, erabaki bidegabe eta ilegala hartu du EAJk bere kontra: kaleratzea. Hala, Igerategiren egoera salatu dugu Donostiako kaian.

Hitzez presoen gaian konponbidearen eta normalizazioaren aldeko dela dio EAJk, baina ekintzetan kontrakoa erakutsi du kasu honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Markel Olano buru, Iñaki Igerategi suhiltzailea kale gorrian utzi du.

Ordua da herritar gisa dagozkigun eskubide guztiak aitortuko dizkigun jendartea eraikitzeko. Preso ohiek urteetan ukatu izan zaizkien eskubideak berreskuratu eta behar dituzte. Lan bat izatea edo norbere lanpostura itzuli ahal izatea oso garrantzitsua da.

Ez dugu despidorik onartuko. EAJri bere erabakia zuzentzeko eskatzen diogu, Iñaki lehenbailehen bere lanpostura itzul dadin.
 

 

 

Lan heriotzak salatu ditu Munduko Sindikatuen Federazioak

Gasteizen izandako istripu hilgarriak ez direla kasualitatea izan nabarmendu du ohar baten bitartez, eta "burgesiari" leporatu dio erantzukizuna, ahalik eta irabazi gehien lortzeko langileen biziak "sakrifikatzen" dituelako.
 

 

 

Volkswagenek hartutako erabakien kaltetu nagusiak azpikontratak direla salatu du Elkartasun Gerrikoak

0

Elkartasun gerrikoak ERTEaren neurria haientzat ohikoa dela eta gainera VW-k erabakiak haiekin kontatu gabe hartzen dituela salatu du.

VWek eta azpikontratek dituzten hitzarmenen arteko ezberdintasunak, lanaldia, malgutasunean edota bestelako gaietan, ERTEa bezalako neurriak noiz nahi aplikatzea ekartzen dute.

Hau dela eta, Elkartasun Gerrikoak, oinarrizko urrats gisa, bai VWko hitzarmenean zein sektore hitzarmenetan SUBROGAZIOA jasotzea eskatzen du, egun pairatzen duten prekarietateari aurre egiteko.

Azkenik Elkartasun Gerrikoak azpikontratetako eta enpresa ornitzaileetako langileak batasunera deitzen ditu egoera hau irauli ahal izateko.

 

 

 

Gasteizko Michelinen gertatutako azken lan heriotza salatu dute langileek

Azken bi urteetan, Gasteizen, Michelin multinazionalak duen lantokian gertatzen den laugarren heriotza izan da J.A.P 43 urteko langilearena. Azken lan heriotza hau salatzeko 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte gaur langileek lantegian.
 

 

 

Donostiako autobus turistikoko gidariek grebara joko dute euren lan baldintzak hobetu ezean

Donostiako Udalak eta Turismo Bulegoak hainbestetan zabaltzen duten kalitatezkoa omen den turismo ereduaren aurpegi ilunena ikusten ari gara berriro ere. Oraingoan, autobus turistikoko gidariei egokitu zaie turismoaren izenean ematen den prekaritatea pairatzea. Hala, gidarien lan baldintza prekarioen berri eman dugu gaur komunikabideen aurrean, eta egoerari aurre egiteko aurreikusitako pausoak jakinarazi ditugu.

Hauxe da Donostiako autobus turistikoko langileek gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:

Donostiako Udalak eta turismo bulegoak hainbestean zabaltzen duten kalitatezkoa omen den turismo eredu honen aurpegi ilunena ikusten ari gara berriro ere. Oraingoan, autobus turistikoko gidarioi tokatu zaigu turismoaren izenean ematen den prekaritatea pairatzea. Gure lan baldintzak prekarioak direla salatu nahi dugu.

2013an DONOSTIA TURISMOA S.A.k argitaratutako plegu batzuen bitartez, UTE DONOSTIA CITY TOUR enpresak lortu zuen autobus turistikoaren ustiaketa. Gogoratu behar dugu DONOSTIA TURISMOA S.A., turismoa sustatzeko zein kudeatzeko udaletxeak sortutako enpresa pribatu bat dela. Bulego hau, diru publikoarekin hornitzen da eta kontratazioak egiteko boterea dauka. Garrantzitsua iruditzen zaigu hau kontutan izatea, jarraian deskribatuko ditugun irregulartasun zein prekarietate egoerak, diru publikoarekin finantzatuak direla agerian uzteko. Honek oraindik eta larriagoa egiten du gertatzen ari dena.

Hainbat dira gure lanaren jardunean jasan behar ditugun egoera prekarioak:

• Gure kontratuak behin behinekoak dira, ez dago inor kontratu egonkorra duenik. Behin behineko kontratu hauen luzapenak behin eta berriro eginez mantentzen gaituzte. Baina luzapen hauen berri ez dugu jakiten, enpresak ez dituelako kontratuen kopiak entregatzen.

• Kontratuetan ditugun ordu kopuruak aldatu egiten dira enpresaren beharren arabera, batzuetan kontratuko ordu kopurua handitu egiten dute eta besteetan gutxitu. Aldaketa hauen berri ez dugu izaten enpresaren aldetik ez bada batzuetan enkargatuak bidaltzen duen “WhatsApp” mezu baten bitartez. Gizarte Segurantzak gure lan egoeraren inguruan ematen dituen notifikazio arrunten bitartez izaten dugu gure egoeraren berri.

• Ez ditugu hilabeteko nominak jasotzen. Nahiz eta eskatu, enpresak ez dizkigu entregatzen.

• Enpresak ez ditu ez egutegiak ezta ordutegiak ematen. Ez dakigu noiz eta zein ordutan egin behar dugu lana 24 ordu baina lehenago. Askotan lanera sartu baino 3 ordu lehenago abixatzen digute “whatsapp” mezu baten bidez lanera joan behar dugula. Honek egun osoa eta egun guztietan telefonoaren menpe egotera behartzen gaitu.

• Telefono mugikorra gidatzen gaudela erabiltzera derrigortzen gaituzte. Ruta aldaketak zein online bidez saldutako bidaia txartelak mezu bidez helarazten zaizkigulako. Gainera, autobusek irrati emisora gabe daudenez, gure arteko komunikazioa zein enpresak egiten duen kudeaketa mezu bitartez egiten da.

• Autobusek ez dute aire giroturik. Tenperatura altuak jasan behar izaten ditugu gure lan postuan, baina baita bezeroek ere.

• Aparteko lan orduak egitera behartzen gaituzte, eta gainera hauek ez dizkigute ordaintzen.

• Autobusak ez daude egoera mekaniko onean, batzuetan albo keinukariak falta dituzte eta honek sekulako arazoak sortzen dizkigu gidatzerako garaian, eta zer esanik ez arazo mekaniko hauek sor dezaketen arriskuaz.

Hauek adibide batzuk baino ez dira. Ez ditugu zerrendatu pairatzen ditugun arazo guztiak, luzeegia geratuko zelako. Hori guztiagatik gaurkoan Ikuskaritzan salaketa erregistratuko dugu. Baina hori bakarrik ez. Gaurkoan bilera eskaera bat ere erregistratuko dugu Udaletxean, Eneko Goia alkateari zuzendua, honen guztiaren berri emateko bilera eskatuz. Bestetik, bilera batera ere deituko ditugu, Donostia Turismoa S.A., bera delako esleipena eman duena eta UTE DONOSTIA CITY TOUR enpresari ere.

Laburbiduz, salatutako egoera hauek guztiak konponbidean jarri asmoz hiru bilera hauek eskatzen ditugu (Alkatea, turismo bulegoa eta enpresa) eta Ikuskaritzan ere salaketa sartuko dugu.

Datorren Irailaren 10erako erantzun bat jaso ezean, grebara joko dugula ere iragarri nahi dugu. Ez gaude denbora gehiagoz egoera hau pairatzen jarraitzeko inolako asmorik. Gure eskubideak defendatuko ditugu.

 

 

 

CSI sindikatuari babesa eman diogu Asturiasen

0

LABeko ordezkaritza bat Asturiasen dago gaur, CSI sindikatuko idazkari nagusi Nacho Fusterri eta Gijongo Vauste enpresako langileei elkartasuna adierazteko. Hain zuzen ere, sindikatu honen kontrako kriminalizazioa salatzen ari gara, egunotan egiten ari diren mobilizazioen harira. CSIko kideek zigor gogorrak jaso dituzte greba eta mobilizazioak antolatzeagatik Vausten, eta urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute beraientzat. Hala, LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz eta Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozaga Asturiasera bertaratu dira babesa emateko.
 

 

 

Emakumeon Mundu Martxak Uharteko erailketa sexista salatzera deitu du gaurko ere

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gogor salatu dute Uharteko erailketa, eta, atzoko mobilizazioekin egin bezala, gaurko iragarritakoetarako deia ere luzatu dute. Hain zuzen ere, mobilizazioak izango dira gaur, osteguna, abuztuak 30, Bilbon (Arriaga, 20:00), Gasteizen (Andre Mari Zuria, 20:00) eta Donostian (Bulebarra, 19:30).

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak argitaratutako oharra:

Beste erailketa matxista baten berri izan dugu, bosgarrena dugu aurten Euskal Herrian: gogoan zaituztegu!!! 38 urteko emakumea erail berri du bere senarrak Uharten (Nafarroa). Larunbatean aurkitu zuten emakumea, Uharteko bere etxean. Haren senarrak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, emakumea “dutxan erori” zelakoan, baina espetxeratua izan da hilketa delitua leporatuta. Jakina zen gizonak maiz ematen zizkiola tratu txarrak emazteari. Izan ere, Uharteko udaltzainek bitan atxilotu izan dute delitu horrengatik. Baina horrek ez du ekidin Natalyaren erailketa, ez du bermatu egoerak eskatzen zuen behar besteko interbentzioa.

Emakumeak ez zuen salaketa jarri izan nahi, eta beraz, ez ziren indarkeria sexistaren aurka dauden protokolo eta bitarteko publikoak jarri haren mesedetan. Honek indarkeriaren aurkako neurrien hutsuneak azaleratzen ditu. Galdetu beharko genioke gure buruari: zergatik ez zuen salatu Natalyak? Salaketaren osteko prozesua bortitza izan ohi da emakumeentzat, ezaguna baita epaitegietan nagusi den matxismoa. Gainera, zaurgarritasun egoera horri aurre egiteko babes soziala ezinbestekoa da. Gure jendartea zeharkatzen duen klase egitura edota xenofobiak, emakume askok indarkeria matxistarekiko duten babesgabetasuna handitzen dute. Emaitza, batzuetan, larriena da. Zelako errekurtsoak izan zituen Natalyak bere senar eta (senarraren konplizea zen) amaginarrebaren etxetik joateko? Jatorri atzerritarra izateak eta prekarietate egoerak ez zizkion gauzak erraztu.

Bestetik, komunikabide batzuek egindako irakurketa salatu nahi dugu, emakumearen ustezko alkoholismoa eta ohiturak aipatuz. Honek erakusten du, beste behin erasoen ardura biktimarengan jartzen dela, eta jatorri atzerritarra duten emakumeek bizi duten estigmatizazioa. Hainbat politikarik agertutako zalantzek, bestalde, ez dute bat ere laguntzen erantzun soziala bideratzeko, ezta fokua dagokion lekuan jartzen ere.

Mugimendu Feministak lan kolosala egin du indarkeria matxistari hitzak jartzen eta jendartea sentsibilizatzen. Hala zabaldu dugu emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna. Garrantzitsua da ulertzea indarkeria matxista, bestelako biolentzia ardatz batzuekin elkarlotzen dela, arrazismoa edo klasea, kasu.

Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan
merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Honen aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da. Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.

Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Uharteko erailketa eta abuztuaren 29 eta 30ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!!!!
 

 

 

Gasteizko BSH BOSCH lantegiaren etorkizuna bermatuko duen industria plan bat exijitzen dugu

0
Gure etorkizuna bermatzeko lanean jarraituko dugu, salerosketa espekulazio operazio bat bihur ez dadin. Enplegua eta industria aktibitatea mantentzeko lanean jarraituko dugu, baita gure lan baldintzen alde borrokatzen ere. Zentzu honetan, erosle berrien jarreraren arabera, erabakiko dugu mobilizazioei berriro ekin ala ez

Gasteizko BSH BOSCH enpresako LABeko sail sindikalak baloratu nahi du lantegiaren eta UFESA markaren salmenta B&B TRENDS enpresari.

Lehenik eta behin, salerosketaren sinatzea langileak bizitzen ari garen prozesuaren beste etapa bat bezala ulertzen dugu. Hilabeteotako espekulazioak argitzen dituen arren, gure kezkek bere horretan jarraitzen dute. Zentzu honetan, kezkatuta gaude ez baitakigu erosle berriek etorkizuneko plan bat duten ala ez lantegirako, urte eta erdi igaro den arren, beraien hitzetan, erosteko interesa agertu zutenetik. Egun, ez dakigu zein produktu egingo ditugun lantegian, zein aurreikuspen dituzten, instalazioak edo makineria aldatuko dituzten ala ez. Ez dakigu ere nola ordezkatuko dituzten gerentzia eta ardura desberdinak dituzten pertsonak, azken hilabeteetan joan direnen kasuan. Era berean, ez dakigu zer gertatuko den UFESA markarekin eta bere produktuekin.

Honetaz guztiaz gain, BSH Españak salerosketa prozesu honetan izandako jarrera salatu nahi dugu, fede txarrez jokatu baitu. Hain justu, ez ditu bere konpromisoak bete; gure lan baldintzak erlatibizatu ditu, balizko suspentsio ERE baten aurrean gure lan baldintzak aldatu ditu eta proiektu berriarekiko babesa apaltzea erabaki du.

Honengatik guztiagatik, Gasteizko BSH BOSCH enpresako LABeko sail sindikaletik honako hau adierazi nahi dugu:

-Lantegi honen etorkizuna epe ertain-luzean bermatuko duen industria plan bat exijitzen dugu.

-BSH eta B&B TRENDS enpresetako ordezkariei eskatzen diegu lehenbailehen bildu daitezela langileen ordezkariekin, eta zalantzak eta aldatu dituzten konpromisoak azaldu ditzatela.

-Erakundeen inplikazioa eskatzen dugu, Eusko Jaurlaritza buru, proiektu berriaren iraunkortasuna bermatzeko baliabide guztiak jar ditzaten.