2026-04-29
Blog Page 775

Osakidetzako beste zazpi kategoriatan jarri dugu salaketa

0

Iragarri bezala, LABek salaketa zabaldu du EAEko Fiskaltza Nagusian Osakidetzako EPEan egondako irregulartasunen inguruan. Beste zazpi kategorietara zabaldu dugu salaketa.

Hauek dira zazpi kategoria horiek: kirugia orokorra, otorrino, laneko medikuntza, urologia, neurokirugia, patologia anatomia eta traumatologia.

LABeko ordezkariek adierazpenak egin dituzte Fiskaltza Nagusiaren aurrean, Bilbon, salaketa berriei buruzko zehetasunak emateko: "Informazio guztia ekartzen ari gara ikerketa sakon bat egin dezaten eta Fiskaltzak ondorioak atera ditzan. Gure asmoa dena argitzea da; dauden ardurak argitzea, alegia".

LABeko kideen hitzetan, "emaitza arraroak ikusi ditugu zazpi espezialitate hauetan ere, baita aipatzeko gauza gehiago ere; azterketa egin duen jendea eta emaitzen arteko lotura, kasu".

 

 

 

Bizkaiko Metalgintzan emakumeen kontratazioa sustatzeko proposamen bat aurkeztu dugu Lan Harremanen Kontseiluan

0

FVEMek uztailaren 18ko Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren Mahai Negoziatzailean izan zuen jarrera dela eta, LABek idatzi bat erregistratu du gaur Lan Harremanen Kontseiluan, proposamen zehatz batekin.

Zoriotxarrez gure argudioak eta aipatu Patronalaren jarrerari buruzko gure aurreikuspenak indartuta ikusi ditugu, hau da, egoera honen aurreko pasibotasun eta erosotasuna. Soldata igotzeko proposamena eta berdintasuna eta diskriminazio ezari buruzkoa egin dituzte (azken hau indarrean dagoen legaltasunari buruzko soilik, neurri berri edo eraginkorrik gabekoa). Horregatik, behartuta ikusi dugu gure burua emakumeen lan baldintzak hobetu eta emakumeen kontratazioa sustatzeko beharrezko edukiak definituko dituen proposamen bat egitera:

1. Berdintasuna sustatzeko Batzorde baten sorrera. Batzorde honen erantzukizuna izango da egoeraren diagnostiko orokor bat egitea eta Ekintza Plan Positiboa planteatzea emakumeak Bizkaiko metalgintza sektorean sartzeko, berdintasuna bermatu eta dagoen soldata-arrakalarekin amaitzeko.

2. Hiru hilabetetako epean, aipatu Batzordeak ofizialki sortuta egon beharko du eta beharrezko informazioa eta diagnostiko orokorra emango dio enpresa bakoitzari, hauek euren zentroaren Ekintza Plan Posititboa egin ahal dezaten.

3. Emakumeak gutxienez %40 ez diren enpresa guztietan, bakante edo beharrizan berrien aurrean, emakumeak kontratatuko dira lehentasunez. Hau da, langileen artean parekidetasuna bermatu artean, lehentasuna izango dute emakumeen curriculumek. Horretarako, enpresa bakoitzak eta Ekintza Plan Positiboaren barruan, beharrezko kuotak zehaztu beharko ditu egun dagoen egoera orekatzeko. Batez ere, “historikoki” gizonei esleitu zaizkien lanpostu guzti horiei dagokienean.

4. Planak neurriak hartu beharko ditu emakumeen aldi baterako kontratazioa gizonezkoena baino altuagoa izan ez dadin. Eta epeak markatu emakume horiei guztiei kontratazio finkoa egiteko.
 

 

 

Bizkaiko Bulego eta Langelak, zergatik deitzen dute negoziazio kolektiboa xantaia baino ez denean

Hitzarmenaren duinaren aldeko borrokan murgilduta daude Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileak. Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Inklusio sozial eta Berdintasuneko Batzordeak, joan den asteartean, uztailaren 17an arauz besteko proposamen bat izan zuen eztabaidagai, Foru Aldundiak Bulego eta Langeletako sektoreko langileen aldarrikapenak babes ditzan, CEBEKi dei egin diezaion eztabaida prozesua zabaltzeko eta bere konpetentzia eremutik lan egin dezan lan-baldintzak hobetzean. Proposamena baztertua izan zen EAJ. PSE eta PPren botoekin. Bestalde, datorren ostiralean Euskal encounter-era eramango dute euren protesta.

ELA – CCOO – LAB – UGT– ESK – CGT – CNT sindikatuen oharra

Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Inklusio sozial eta Berdintasuneko Batzordeak, joan den asteartean, uztailaren 17an arauz besteko proposamen bat aurkeztu zuten EH Bildu eta Podemosek, Foru Aldundiak Bulego eta Langeletako sektoreko langileen aldarrikapenak babes ditzan, CEBEKi dei egin diezaion eztabaida prozesua zabaltzeko eta bere konpetentzia eremutik lan egin dezan lan-baldintzak hobetzean.

EAJ, PSE eta PPren botoekin izan zen baztertua proposamena.

Zein argudio erabili zuten EAJ, PSE eta PPk euren erabakia defendatzeko?
EAJtik adierazi zuten errespetua erakutsi behar diotela negoziazio kolektiboko mahaiari, bi aldek osatzen dutena, alde bien arteko KONTSENTSUA beharrezkotzat jo arren.

PSEren arabera, aldeen arteko negoziazio kolektiboa ez da Batzar Nagusien ezta Bizkaiko Foru Aldundiaren esparrua.

Azkenik, PPk arabera, gauza bat da Aldundiak bitartekaritza lanak egitea, bi aldeek horrela nahi badute, baina ezin dugu inposatu administrazio batek negoziazio kolektibo bateko parte izatea, “injerentzia” izango litzatekeelako hori.

Zein da Bizkaiko Bulego eta Langeletako sektorearen errealitatea?
Hitzarmen hau Bizkaiko bigarren garrantzitsuena da langile kopuruaren arabera, 23.000 ingururi eragiten baitie.

Hitzarmenak 2013an galdu zuen indarraldia eta ordutik ona bertan zehaztutako baldintza gehienak aplikatzen jarraitzen dira eta krisi urte gogorrenetan ere ez da hitzarmenerarekiko deslotze enpresarialik eman.

Hortaz, praktikan indarrean jarraitzen duten lan-baldintzak dira eta guztiz normalizatuta daudenak.

Hitzarmenaren negoziazioaren egoera
Zer eskatzen dugu sindikatuok?

Orain arte hitzarmenaren mahai negoziatzailearen 17 bilera izan dira.

Puntu bakar bi dituen plataforma bateratua aurkeztu dugu ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok:

1. Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmena berreskuratzea 2013an zen bezala.

2. Soldata-taulak eguneratzea urte hauetan galdutako eros-ahalmenarekiko.

Ez da oso argia izan beharra konturatzeko ez garela ari hobekuntzak planteatzen, 2009koak diren lan-baldintza berreskurapen ofizialak baino.

Zer dio CEBEKek aldarrikapen hauen aurrean?
Mahaiaren lehenengo bileratik, CEBEKek adierazi du genuen hitzarmena berreskuratu nahi badugu bide bakarra dagoela: bi alderditan “aldatuz”, hau da, aintzintasuna eta gutxieneko bermean. Eta CEBEKek “aldatu” dioenean, “murriztu” edo “kendu” da benetan esan nahi duena.

Aintzintastasuna eta gutxieneko bermea kendu edo murrizteak soldata mugarik gabe izoztea ekarriko luke praktikan. Horregatik ezin dezakegu onartu.

CEBEK, azken finean, egiten ari dena da PPk inposatutako lan-erreformari esker dituen tresna guztiak erabiltzea mahaia gainean xantaia bat jartzeko: kendu nizun hitzarmena nahi baduzu, esaidazu nola zauden prest berau okertzeko.

Xantaia honetara eramaten gaituzte EAJ, PSE eta PPk inolako lotsarik gabe. Hiru indar politiko hauek eufemismoak erabiltzen dituzte guri onena opatzeko baina beti ere xantaia honen baitan, ez dutelako busti nahi, hori injerentzia bat dela diotelako. Aldeen arteko berdintasunik ez dagoen xantaia esparru honi deitzen diote “negoziazio kolektiboa”. Eta oso lasai geratzen dira horrela.

Zein da gure iritzia horrekiko?
Gure ustez indar politiko ezberdinak jendartearen isla dira, eta euren egitekoaren zati da herritarren ongizate eta eskubideen alde egitea.

Helburu horiek praktikara eramateko daude instituzioak, injustiziaren biktima garenean eurengana jotzen dugun herritarren defentsan modu aktiboan parte eta esku hartu behar dutenak. Bestela, ezer ez egitea arduragabekeria bat da, errespetu falta eta adarjotzea.

Uste dugu irabaziak, zenbakiak eta kapitalaren gainetik beti gaudela pertsonak eta printzipioak. Eta zuek, EAJ, PSE eta PPko jaunak, defendatu ez eta botata uzten gaituzue gure lan-baldintzak okertu nahi dituztenak lagunduz. Badirudi CEBEKez ari garenean, gure ordezkariek ahaztu egiten dutela zertarako izan ziren aukeratuak.

Eta hemendik aurrera, zer?
Urte hasieratik 3 greba egun eta 30 mobilizazio baino gehiago egin ditugu gure hitzarmenaren defentsan. Zuek “negoziazio kolektiboa” deitzen duzuen hori partida desorekatu eta injustua da, batzuk irabazteko karta guztiak dituztena eta beste batzuk bakarra baino ez, mobilizazioa.

Arazo bat duzue eta arduragabe batzuk izaten ari zarete. Ez CEBEK ez zuek ohitura arriskutsua duzue, ez duzue gogoratu nahi nortzuk garen ezta zein indar dugun. Horregatik, mobilizazioaren karta jokatzera goaz.

Bizkaiko Bulego eta Langelen sektorean lan egiten dugun herritarrek, askotan ikuspegi sozial eta teknologikotik funtsezkoak diren azpiegiturak kudeatzen dituzten enpresa eta entitate publiko-pribatuetan maila teknologiko altuko lanak egiten ditugu. Ez zalantzarik izan gure indarraren oso kontziente garela.

Horregatik, epe laburrean, CEBEKekin batera, sektoreko enpresa eta entitateetan zalantzarik gabe gora egin duen gatazka-maila eta bere ondorioen erantzule eta konplize izango zarete.

Epe ertain eta luzea gu geu, zuen erabakiak eragiten dien 23.000 pertsonak, izango gara gure botoarekin egin dugunaren erantzule bakarrak jende dezenteak ordezkatuak izatea edo zuen eskuetan jarraitu nahi dugula erabaki behar dugunean.

Alderdi politikoek lan erreforman ahalbidetutako aldaketek eraman gaituzte hitzarmena galtzera. Alderdi politikoei laguntza eskatzen dieguenean, batzutan langileen eskubideen defentsa eta suspertze ekonomikoa aldarrikatzen dituztenean, EAJ, PSE eta PPk helarazten diguten erantzuna Pontzio Pilatosena dirudien aitzakia etikoa gehiago da Bizkaiko herritarren ordezkariena baino. Gera zaitezte gustora 23.000 langileri laguntzeko konpromisoa saihestu duzuela pentsatuz benetan argudio politak ez direlako nahiko, ekintzak dira axola dutena. Guk aurrera jarraituko dugu gure hitzarmenaren defentsan, zuen laguntza baldin badugu edo ez.

 

 

 

Ez ditugu onartzen Trumpen muga-zergei aurre egiteko Tubos Reunidosek planteatutako neurriak

0

Atzo uztailaren 19an enpresak Trumpen muga-zergei aurre egiteko neurri batzuk aurkeztu ondoren, Tubos Reunidoseko langileok gure eskubideak murrizteko ahalegin berri baten lekuko izan ginen. Enegarrenez, Zuzendaritzark enpresa-batzordeari eskatu zion bere betiko bidetik doazen neurri batzuk ontzat emateko, langileon prekarietatea handitzea suposatzen dutenak, hain zuzen ere.

Berriz ere eta oporren atarian, langileon artean ziurgabetasuna besterik sortzen ez duten neurri batzuk mahai gaineratu zizkiguten, beste behin erakutsiz zein den bere “fede ona”.

• Lehena Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat da, oraingoan 21 hilabetetarako eta 2002an Bushen administrazioak inposatu zituen muga-zergen iraupenarekin kointziditzen duena.

• Bigarrena malgutasuna da.

• Hirugarrena langileon mugikortasuna.

• Laugarrena deslokalizazioa da orain arte TRIn egin izan diren lanak kanpora ateratzean oinarritzen dena eta etorkizun oso hurbilean EEBBetara bidali nahi dituztenak.

Suposatzen dugu aipatu plana momentu honetan aurkeztea ez dela kointzidentzia hutsa. Zuzendaritza honek erakutsi du badakiela denborak ondo erabiltzen. “Oso gogor ari gara honetan lanean” edo “ez dugu ezer berririk” bezalako esaldiekin, gain izan dira iazko urritik hona hitzarmenaren ez negoziazio bat luzatzeko 30 bilera baino gehiagorekin, guztien artean 8 ordu baino gehiago iraun ez dutenak. Baina neurriak datoz aurtengo urterako aurrekonturatutako tona gehienak honezkero lantegitik atera direnean.

LABek datorren astelehena, uztailaren 23ko bilerara eramango duen jarrera oso argia da:

– TRIko zuzendaritzari, gure hitzarmena desblokeatzea eta benetan eta fede onez negoziazio mahaian esertzea eskatzen diogu. Hau da zabalik dagoen negoziazioa eta lehenbailehen itxi beharko litzatekeena.

– Tubos Reunidoseko zuzendaritza batzordeari exijitzen diogu langileontzako lan eskubideen murrizketarik izango ez duen plan industrial jar dezala mahai gainean.

– Akziodunei eskatzen diegu euren gain har ditzatela muga-zergek Tubos Reunidosen ekarriko dituzten gastuak.

– Dei egiten diogu enpresa-batzordeari gainontzeko langileekin parteka dezala aurkitzen garen egoera, guztion artean, egin diguten enegarren erasoari aurre egiteko.

– Langileei dei egiten diegu mobilizazioaren bidez gure eskubide guztiak defendatzera.

 

 

 

CAESAko langileek lanuzteak egin dituzte enplegua eta proiektu industrialaren defentsan

0

Cables y Alambres SAko langileek euren mobilizazioak gogortu dituzte eta bi ordutako lanuzteak egiten ari dira egunean zehar txanda bakoitzean (goizez, arratsaldez eta gauez).

Gainera, mobilizazioa egin dute Vicinay taldearen egoitzaren aurrean, Bilboko Jesusen Bihotzeko plazan, euren egoera zailaz eta martxan dituzten ekimenen berri emanez.

LANGILEEN OHARRA

CAESAko 130 langileren enplegua eta proiektu industriala arriskuan!

2015. urtean, Vicinay Taldeak Cables y Alambres SA erosi zuen (CAESA). Operazio hartan Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartu zuten. Taldeak 10 milioi eurotako inbertsioa egingo zuela agindu zuen, ekoizpena %70 handituko zuela eta 40 lanpostu berri sortuko zituela. Egun, ordutik hiru urte igaro direnean, aurrez aurre daukagun errealitatea hurrengoa da:

1.- Inbertsiorik ez eta lan-istripuak eguneroko ogia.
Instalazioa eta makineria egoera tamalgarrian, horrek lantokiaren ekoizpen gaitasunari zuzenean eragiteaz gain, langileen segurtasuna eta osasuna arrisku jartzen du etengabe.

Hain zuzen ere, ezin dugu ahaztu irailean jazo zen lan-istripua, langile baten heriotza ekarri zuena; ezta 2018. urtean jadanik Euskal Herrian jasan behar izan ditugun 27 lan-istripu hilgarriak ere. 27 hildako 6 hilabetetan. Datuok eskandalu bat dira eta guztion erantzukizuna eskatzen dute.

2.- Azaroaz geroztik nominen ordainketan etengabeko atzerapenak jazo dira.

Kobratu dugun azken nomina maiatzekoa da eta uztailean gaude. Enpresak eman digun informazioaren arabera, egoera honek ez du hobetzeko itxurarik, epe motz-ertainean behintzat.

3.- Erandioko Udalak proposatu duen Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren Aurreratze Agiriak aurreikusten du lantegiak betetzen duen orubea birkalifikatuko dela, hiri-erabilera emanez.

Urrats bat emateko ordua iritsi da. Gure eskaria argia da, etorkizuna izango duen Industria-proiektua, egungo enplegua bermatuko duena eta lan baldintza duinak CAESAko langile guztiontzat.

Eskatzen duguna justua izateaz gain, langileontzako alternatiba bakarra da.

Hortaz, CAESAri eta Grupo Vicinayri nahiz Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari, udal-taldeei eta Erandioko alkateari lan-proposamen bat egin diegu, guztion artean Industria-Plan bat hitzartu ahal izateko, hurrengo gaien inguruan:

1. Egungo plantilla osoari enplegua bermatuko zaio.

2. Industria-proiektuaren garapena eta bideragarritasuna ahalbidetuko duen adinako inbertsioa, langileon segurtasun eta osasun baldintzak bermatuko dituena.

3. Orubea birkalifikatuko balitz, Erandioko Udalaren Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren Aurreratze Agirian aurreikusten den bezala, Vicinayk konpromiso hartzea udal berean legokeen beste nonbaitera eramatera industria-proiektua eta langile guztion enplegua ziurtatzea.

Akordioa erdiesteko, eragile guztion inplikazioa behar dugu:
Eusko Jaurlaritza, Aldundia, Udala eta alderdi politikoak. Horregatik, hurrengo eskari zehatzak erregistratu ditugu:

Eusko Jaurlaritzari: Grupo Vicinayk CAESA erosi zuenean, 2015eko martxoan, bere gain hartu zituen konpromisoak bete diren zorrozki aztertu eta gainbegiratu ditzala. Enpresa-proiektuaren iraunkortasuna bermatzeko asmoarekin.

Aldundiari: enpresak gaur egun bizi duen benetako egoerari buruzko analisia egin dezala, eta Sustapen eta Ekonomia Garapen Sailaren bidez landu dezala Industria-plan berria, enpresa proiektuaren egungo eta etorkizuneko iraunkortasuna ahalbidetuko duena.

Alkateari: zuzenean inplikatu dadila honetan, Eusko Jaurlaritzarekin, Aldundiarekin edota Vicinay taldearekin burutu nahi izango diren ekimenetan, nahiz udalean industria babesteko; eta hortaz, enplegua eta langileen lan baldintzak babestearren antola daitezkeen edozein aukeretan parte hartuz eta lagunduz.

Gaur CAESAko langileok borroka abiatu dugu, industria-proiektuaren defentsan, enpleguaren defentsan eta lan baldintza duinen defentsan. Ez dugu etsiko gure eskubideak lortu arte!

 

 

 

Euskal preso eta iheslarien kaleratzea eskatzeko mobilizazioak

Atzo, uztailaren 19an, mobilizazioa egin genuen Gasteizen “Euskal preso eta iheslariak KALERA” lemarekin. Gotzon Kortazar Gasteizko arduradunak, sindikatua kale zein enpresa mailan lantzen ari den preso eta iheslari politikoen inguruko ildoaren barruan kokatu zuen mobilizazioa.

Adierazi zuen mobilizazioaren helburua Espainiako estatuak darabilen duen dispertsio politika salatzea eta era berean, presoak Euskal Herrian elkartzea. Espainia zein Gasteizko gobernuetako ordezkariek berriki egindako adierazpenak gogoratu zituen Euskal Herrian dauden baldintza politiko berrien aurrean presoen hurbilketa eskatzeko, benetan urratsik ematen ari ez direla kritikatuz.

Kortazarrek nabarmendu zuen LABek eskatutako neurriek gatazkaren behin-betiko konponbidean pauso gehiago ematera lagundutuko luketela eta eskatu zuen presorik zaharrenen, gaixorik daudenen edo zigorraren bi herenak beteta dituztenen hurbilketatik hastea.

Atzokoaz aparte, LABek mobilizazio gehiago deituko ditu datozen egunotan euskal preso eta iheslarien kaleratzearen alde, besteak beste, datorren uztailaren 27an, ostirala, 12:00etan Debako hondartzan.


 

 

 

BSHko enpresa-batzordeak inplikazioa eskatu die talde politikoei lantegiaren etorkizuna bermatzeko

0

Gasteizko BSHko enpresa-batzordeak bilera erronda hasi du talde politiko guztiekin bizi dugun egoeraren berri eman eta euren inplikazioa eskatzeko, lantegiaren etorkizuna bermatze aldera.

ENPRESA-BATZORDEAREN OHARRA

Zentzu honetan berresten ari gara BOSCH inolako gardentasunik gabe ari dela jokatzen, salmentaren inguruko inolako informazio egiazkorik eman gabe eta bete, eta sinatu gabe, jarraitzen ditu lantegiaren etorkizunaren inguruan hartu zituen konpromisoak.

Hain zuzen ere, astearte honetan egin da bilera bat BOSCH Taldearen solaskidetzarekin baina bertan helarazi diguten bakarra izan da erosle posiblearen izena baieztatzea, B&B TRENDS. Ezta hitzik ere euren konpromisoen betetzaren inguruan, ezta eroslearen asmoen inguruan ezta lantegiak hiru urte eta erditik harago bere jarduera bermatua izatearen inguruan.

Enpresa-batzordeak bere kezka adierazi nahi du salerosketa hau operazio espekulatiboa izan daitekeelako, zeinari esker erosleek etekina aterako luketen UFESA markaz. Horrek lantegiaren itxiera programatu batera eraman gintzake, horixe denean hain zuzen ere Batzordeak eta langileok gure borrokarekin ekidi nahi izan eta nahi dutena.

Horregatik, talde politiko eta instituzionalei eskatzen ari gara BOSCHI erabateko gardentasuna eta erosleari Gasteizko lantegirako etorkizunerako bermeka eskatzea, edozein erabaki instituzional jarduera industriala epe luzean mantentzera baldintzatuz.

Hauexek dira Batzordea eta langileon aldarrikapen nagusiak. Oporraldian sartzen garen egunean, Gasteizko BSH-BOSCHeko langileok argi utzi nahi dugu enplegua, jarduera industriala eta gure eskubideei eustearen aldeko bermeak exijitzen ari garela eta horregatik eskatzen dugu etorkizuna izango duen plan industrial bat. Ez dugu ahaleginean etsiko eta irailean borrokan jarraituko dugu, eta 3 urte eta erdiko aldian eta baita aurrerantzean ere.

 

 

 

Darpon EAEko Osasun Sailburuak dimisioa aurkeztu behar du, bere kudeaketaren eredua baliogarria ez delako

0

LABen iritziz, Darponek ez du sinesgarritasunik. Gaur Legebiltzarrean aurkeztu duen guztia berandu heldu da. Alarmak piztu zituztenetik bi hilabete pasatu dira, eta denbora honen zehar gezurretan ibili da, irtenbiderik bilatu gabe eta inongo erantzukizunik onartu gabe, gauzak estaltzen saiatzea besterik ez du egin. Sailburuak arazoa kudeatzen ez jakiteaz gain, EPE honetara aurkeztu diren milaka pertsonari (horrek dakarren guztiarekin) eta euskal gizarteari gezurra esaten aritu zaie, prozesua gardentasun osoz garatzen zela baieztatuz.

Darpon jaunak dimisioa aurkeztu behar du, sinesgarritasunik ez edukitzeaz gain, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Osakidetzarako azken aldi honetan aurkeztutako kudeaketa ekonomiko finantzarioko azken txosten fiskalizatzailearen arabera, Osakidetzak 91 miloi eurotako erosketa irregularrak egin ditu. Txosten hauen emaitzek Darponen kudeaketa definitzen dute:

– Konkurrentzia eta lehia printzipioak saihestu ahal izateko, erosi beharreko produktuen zatiketa kontratu txikietan.

– Langile gastuetan hutsuneak. Zerbitzu eginkizun kontratuen bi urteko epe muga eta goiko kategorietako urte batekoa gainditzen dira. Bestalde, justifikatu gabeko osagarrien ordainketak agertzen dira.

– Obra, zerbitzu eta hornidura buruzko espedienteak ezbaian agertzen dira.

– Hornitzaileei ordaintzeko legeak markatzen duen 30 eguneko epemuga, 8 egunetan gainditzen da.

LAB sindikatuak Fiskalak bere ikerketa bukaeraraino eramatea espero du. Bestalde, Osakidetza kudeatzeko ereduan aldaketa eskatzen dugu, txandako buruzagiek hartutako alde bateko erabakiak, gardentasun faltak eta injerentziak baztertuz, hartu beharreko erabakietan benetako giza parte-hartzea sustatuko duen eredu baterantz jo ahal izateko. Osakidetzako baliabideen kudeaketan zein langileen lan harremanetan benetako negoziazio prozesuak bermatuko duen kudeaketa eredua, Osakidetza gutxi batzuen interes ekonomikoen mesedetan kokatuko ez dena. Enplegu publikoko eskaintza justu eta gardenak sustatu behar dituen eredua, EAJk hain gogoko duen bezero sistemari uko egingo diona.

 

 

 

Patronalaren erasoei aurre egingo diegu Abadiñoko Rothenbergerren

0

Iragan urteko bukaera aldera, Abadiñoko Rothenberger lantokiko langileak greba baten atarian zeuden. Grebaren helburua soldaten eguneratzea, lanaldiaren murrizketa, jubilazio partzialak, lanpostu finkoen sorrera… eta beste puntu batzuk jasoko zituen Enpresa Hitzarmena erdiestea zen. Langileak eta enpresa, aipatu greba horien atarian zeudela, enpresako zuzendaritzako kide bat, langileei, lanpostua mantendu nahi bazuten, greba ez egiteko “gonbidapena” egiten ari zela zabaldu zen whatsapp-etik.

Zuzendaritzako kide honek, bere izena bolo-bolo zebilela ikusirik, salaketa bat jarri zuen Eibarko Ertzainetxean. Salaketa horretan, mehatxatuta sentitzen zela eta bere alaben segurtasunaz kezkatuta zegoela zioen. Berak jarritako salaketan, whatsapp-eko mezu hori jasotzen da, eta bertan, ez dago mehatxurik eta ez dira bere alabak aipatu ere egiten. Aipatzen den mehatxu bakarra, zuzendaritzako kide honek langileei eginikoa da. Hau da, bera zela, langileek mehatxatzen ari zena.

Ertzaintzak eginiko ikerketa sakon bat dela eta (bi telefono dei), LAB sindikatuko militante bat salatua izan da. Aipaturiko kide honi, “mehatxu” delitua egozten diote eta urte honetako urriaren 2an epaiketa izango du Eibarko epaitegian.

Idatzi honen hasieran aipatzen genuen gatazka laborala, konpondua dago, langileek eta enpresako zuzendaritzak akordioa sinatuta baitaukate aspaldi. LABeko gure kidearen aurka salaketa horrekin aurrera egiteko arrazoi bakarra zuzendaritzako kide honek duen harrokeria eta jarrera zapaltzailea besterik ez dela deritzogu. Hori dela eta argi adierazi nahi dugu: LABeko gure kideari gure babes osoa adierazteaz ezezik, zuzendaritzako pertsona honek duen jarrera salatuko dugu. Ez dugu onartuko, bere postuaz baliatuz, langileak mehatxatzerik eta ezta ere bere jarrera horren kontra ahotsa altxatzen duenaren kontra darabilen jarrera zapaltzailerik. Argi eta garbi, ez dugu onartuko. Funtsik gabeko salaketa horrekin aurrera jarraitzen baldin badu, guk ere geure salaketa publikoarekin jarraituko dugu. Salaketa hori bertan behera utzi dezala exijitzen diogu.

Aipatu behar da, hemen mehatxatzen ibili den pertsona bakarra, Rothenberger-eko zuzendaritzako kide hau dela. Gauzatu egin diren mehatxuak, gainera. Izan ere, aipaturiko gatazka horretan greba egin zuten langile batzuk kaleratuak izan ziren. Greba egin ez zutenak ordea, denak daude lanean. Nor da hemen mehatxatzen ari dena? Gauzatu diren mehatxuak, gainera! Aurpegia behar da gero!

Rothenberger-eko zuzendaritzak, aipaturiko pertsonaia honen eskutik egikaritzen duen jazarpen sindikala irmoki salatzen dugu.

Alferrik dabiltza, ez gaituzte isilduko.

Patronalaren jazarpen eta mehatxu guztien gainetik, langileok tinko eta gogor erantzungo dugu.