2026-09-30
HomeEkintza SozialaBorrokan jarraituko dugu aberastasuna modu bidezkoagoan banatuko duen eredu baten alde

Borrokan jarraituko dugu aberastasuna modu bidezkoagoan banatuko duen eredu baten alde

Eusko Jaurlaritzak 2019ko aurrekontu proiektua erretiratzea erabaki eta gero, 2018ko aurrekontu prorrogatuak izango ditugu datorren urtean EAEn. Hala, LABek agerraldia egin du bere balorazioa eta iritzia ezagutarazteko, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetaren eskutik. Prekarietatean bizi diren pertsonek ere hartu dute parte prentsaurrekoan; bulego eta despatxuetako langileak, supermerkatuetakoak, garbiketa bezalako sektore feminizatuetan aritzen direnak eta pentsiodunak, besteak beste. Hain zuzen ere, agerraldian nabarmendu dugu behar gehien dituzten kolektiboen egoerari erantzungo dioten eta aberastasunaren bidezko banaketa helburu duten aurrekontu sozialak ezinbestekoak direla..

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen proiektua erretiratzea erabaki du. LABek bi ondorio nagusi ateratzen ditu negoziazio prozesu honetatik, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk azaldutakoaren arabera: "Ez dago aurrekonturik ez dagoelako aurrekontu sozialagoak egiteko borondate politikorik. Gobernu honek ez dauka premia handiena duten beharrizan sozialei jaramonik egiteko borondate politikorik. Gobernu honek ez dauka borondate politikorik aberastasunaren banaketa ekitatiboagoa lortzeko tresna izan daitezen. Bigarrenik, ez dago aurrekonturik, nahiago izan duelako patronalak zehaztu dizkion joko-arauak onartzea. Ez dugu ahaztu behar patronaleko bozeramaileak publikoki atera direla luzapenaren alde hitz egiten. Ez dago aurrekonturik, beste behin ere EAJren Gobernuak bat egin duelako patronalaren interesekin".

Gazte, emakume, pentsionista, migrante… langile klase osoak bizi dugun prekarietatea areagotzen ari da. EAJk erabaki du errealitate hauei jaramonik ez egitea eta guztiz neoliberalak diren politika publikoen bidean jarraitzea, PPrekin onartutako aurrekontuak luzatuz. "Gero eta gehiago dira kaleetan mobilizatzen ari diren pertsonak eta lan-zentroetan ere gero eta gatazka gehiago dago. Enplegu duinaren alde ari gara mobilizatzen, pentsio publikoen alde, bestelako babes sozialerko sistemaren alde, soldata-arrakala eta pentsioenarekin amaitzeko, emakume, gazte zein migrariek jasaten dugun diskriminazio estrukturalaren kontra", nabarmendu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "edozein gobernuren lehentasuna ezin da izan elite ekonomiko baten alde gobernatzea. Lehentasuna eskari sozialei jaramon egitea da, herritarrei bizitza duina bermatzeko. Argi dago ez dela kasua. EAJren gobernuak parte-hartze sozialeko prozesu bat eragozten du aurrekontuan osatzerakoan. Ez digu mugimendu sozial eta sindikaloi ahotsik ematea, eskari sozialek aurrekontuen inguruko eztabaida zentratzea ekidin nahi dutelako".

Ez da diru faltagatik
Confebask da fiskalitatea eta aurrekontu politika erabakitzen dituena, berak zehazten du aberastasuna banatzeko politika. Patronala parte-hartzerako esparrurik behar ez duen eragile politikoa da, hari zuzena baitauka gobernu honekin. "Baina aurten, eta negoziazio eraman den moduagatik, ezin izan du ekidin jendea benetan kezkatzen duenaren inguruan hitz egitea ekidin. Kalitatezko enpleguaz hitz egin behar izan dute, edo pentsioez. Auzi sozialak jarri behar izan dituzte eta agenda politikoan eta nabarmen geratu dira, milaka pertsonen bizi-baldintzak hobetzea eragotziz. Eta guzti honetako arduragabeena da ez dela diru faltagatik izan, printzipio politikoengatik baino. Badago aberastasuna bestelako politika publikoak egiteko, kapitala helmuga duen errenten trasbasea ekidinez", adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Hala, kaleak betetzen jarraitu behar dugula eta mobilizazioekin jarraitu behar dugula azpimarratu du. Hain zuzen ere, abenduaren 15erako mobilizaziorako deia egin dute pentsionistek, eta LABek ere mobilizaziotan parte hartzeko deia egin du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...