2026-04-22
Blog Page 771

Marketingetik harago, benetako industria politika bat exijitzen dugu

0

Gaur, uztailak 26, Eusko Jaurlaritzak Industria lehiakortasunerako batzordeko bilera egiten zuen bitartean, LABek deituta egun itxierak, kaleratzeak edota lan eskubideen galerak bezalako mehatxuak jasaten ari diren 4 industriako enpresetako langileek (Tubos Reunidos, Cables y Alambres, Foseco y Odi Bakar) konzentrazioa aurrera eraman dute euren egoera salatzeko eta Eusko Jaurlaritzari benetako politika industriala eskatzeko.

Eusko Jaurlaritzak jendarteari luzatu nahi dien marketing eta lasaitasunaren aurrean, LABek Euskal Herriko industrian oraindik orain maiztasunez gertatzen ari den errealitatea aurrez aurre jarri ditu. Itxierak, kaleratzeak, mehatxuak, eskubideen galerak… ez dira iraganeko kontuak, ezta gertakari naturalak ere. Arazo hauek arrazoi ezberdinak dituzte, baina gauza bat amankomunean dute: herri bezalako industria politika eza.

LABek salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, marketingetik harago, industri plana ez duela eragile sozial,sindikal eta politikoekin adostu. Ez dago inolako neurririk deslokalizazioak, salmentak edo eszisioak ekiditeko. Ez dago neurri zehatzik edo jarrera aktiborik prekarietaterarekin bukatzeko. Aldiz, Confebaski babes osoa ematen dion arren, gurekin ez du bildu nahi Melrosek erosi berri duen GKN enpresaz mintzatzeko edo Euskadiko zentro teknologikoen bermoldaketaz hitz egiteko.

LABek exigitzen dio propaganda gutxiago eta gaurkoa bezalako argazki huts gutxiago eta industria politikaren aldeko apustua egitea.

 

 

 

Hitzarmen duin bat aldarrikatu dute Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileek

Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileak kalera irten dira berriro, hitzarmen duin baten defentsan. Hain zuzen ere, Euskal Encounterren inaugurazioan izan dira protestan, joan den asteartean egindako agerraldian iragarri bezala.
 

 

 

TUI MMko Europako ardura hartu dugu

0

TUI MM, WFTU (World Federation of Trade Unions) elkarteko industriako adarra da. LAB sindikatua Europako lehendakariordetzarako hautatua izan da, eta horrenbestez, hurrengo 5 urteetan TUI Mmko zuzendaritzan egongo da.

Pasa den uztailaren 19tik 21ra Kairon (Egipto) burutu zen Trade Union International of Workers in the Mining, the Metallurgy and the Metal Industries 3. biltzarrean, LAB sindikatua Europako lehendakariordetzarako hautatua izan da, eta horrenbestez, hurrengo 5 urteetan TUI Mmko zuzendaritzan egongo da.

TUI MM, WFTU (World Federation of Trade Unions) elkarteko industriako adarra da. WFTUk mundu osoko 92 miloi langile baino gehiago ordezkatzen ditu.

Kairon burututako kongresuan, parte hartu duten sindikatutako ordezkariek adostutako agirian, mundu mailan neoliberalismoak dakartzan ondorioak salatzeaz gain, industrian robotizazio eta digitalizazioak, multinazional eta trasnazionalen boterea handitzen ari denaren diagnostikoa egin da. Gainera, horren ondorioz, langileen lan eskubideen galera eta prekarizazioa ematen ari da, eta langileen arteko ezberdintasuna sustatzen. Emakumeen egoera, industriarako sarbiderako oztopoa eta gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala mundu osoan ematen dela salatu ditugu.

Plataforma digital berriek dakartzaten esplotazio era berriak salatu ditugu, etekina bilatzen baitute baina lan harreman izaera ukatu, eta oinarrizko zerbitzu publikoetan ematen ari diren murrizketak.

Horren aurrean, langile batasuna eta eskubideen defentsaren aldeko hautua egin dugu, nazioartean elkartasuna eta aliantza sustatzeko konpromisoa hartuz.

LABek Kairon, industriaren bilakaerak dakarren prekarizazio egoera salatzeaz gain, Euskal Herriak burujabetzarako duen beharra eta eskubidea aldarrikatu du, eta Euskal Estatu bat aldarrikatu du, munduko gainontzeko herriekin elkartasunean. Estatu bat ez izatearen ondorioak salatu ditugu, eta Espainiar estatuko politika eta legediaren ondorio larriak.
Gainera, Europako ardura hartzeko hautatua izan da LAB, eta hortaz, hurrengo 5 urteetan TUIS MMko gainontzeko Europako sindikatuak koordinatzeko ardura izango du.

 

 

 

Aurreakordio negargarria sinatu dute CCOO, UGT eta USO sindikatuek Azkoitiako SIDENORen

0
Lotsagarria izan da aste honetan SIDENOR Azkoitia enpresan bizi izan duguna. Oporren atarian geundenean erabaki zuten CCOO, UGT eta USO sindikatuek, enpresarekin batera, negoziazio mahaia irekitzea. Enpresaren neurrira egindako aurreakordioa egin dute. Bost urterako, enpresak nahi duena egiteko eskuak libre izango ditu.

Aurrejubilazioak garrantzitsuak direla garbi daukagu, baina, bai enpresak eta baita sindikatuek ere trukeko txanpon moduan ibiltzen ditu gainontzeko langileei eskubideak kentzeko. Eta ezin dena ukatu da, enpresarentzat ere onuragarriak direla aurrejubilazio horiek. Baina CCOO, USO eta UGTk ez dute inondik inora ere langileen eskubideak bermatzea helburu izan, eta horren erakusle da aurreakordioa.

KPIaren erreferentziarik gabe aplikatuko dituzte igoerak. Horrek esan nahi du langileen eros ahalmena ez dela bizitzaren garestitzearen arabera igoko.

Lanean behin-behinean daudenen %15a behin betiko langile izatera pasako direla garaipentzat saldu dute, baina, bost urtean 9 langile baino ez dituztela egingo behin-betiko esan nahi du horrek. Lotsagarria. Batez ere, 80 lagunetik gora jubilatuko direla kontuan hartuta.

Langileon lan baldintzen inguruan hobetzeko dauzkagun beharren zerrenda amaigabea da, eta hiru sindikatu hauek ez dute zirkinik ere egin horiek mahai gainean jarri eta lan- baldintzak hobetzeko. Langileok momentu honetan ordutegiekin daukagun malgutasunak faktura ikaragarria pasa digu, eta gainera, lanerako ordu gehiago sartu dizkigute.

Aipagarria da oporretarako astebete falta zenean negoziazioa hasi izana. ELA eta LAB sindikatuak negoziaziotik kanpo uzteko egin dute mugimendu hori; eta aldi berean, baita langileen asanblada ere. Izan ere, negoziazioa urte amaieran hasi beharko litzateke berez, baina astebetean, oporren atarian dena amaitu dute.
 

 

 

Herriok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidearen defentsan berresten gara, Moncada kuarteleko altxamenduaren urteurrenean

0

LAB sindikatuak, Moncadako kuartelaren aurkako 1953ko uztailak 26 altxamendu iraultzailearen data sinboliko honetan, Kubako herriari eta bere iraultza agurtu nahi ditu.

LAB Sindikatutik Kubako herriak bizi duen aro berria gertutik jarraitzen du. Aldaketa eta itxaropen garaiak dira Kuban. Diaz Canelen gobernua herriaren parte hartze eta babesarekin Kubako iraultzak beharrezkoak dituen aldaketak burutzen ari da, Kubako herriaren eta langile klasearen ongizatea hobetze bidean.

Aldi berean, inolako gizatasunik gabeko Kubako herriaren kontra aplikatzen den blokeo onartezina salatzen dugu, eta Guantanamo Kubako herriari itzulia izan dadin ere exijitzen dugu.

Herriek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen defentsa berresten du LABek, inolako esku-hartze inperialistarik gabe. Horregatik, sindikatutik Kubako herriarekiko eta bereziki Kubako Central de Trabajadores de Cuba (CTC) sindikatuarekiko elkartasuna eta Kubako Iraultzaren defentsa berresten dugu, Kubako Iraultzaren 60. urtemugaren eta CTC Sindikatuaren 80. urtemugaren atarian gauden honetan.

Kubako Iraultzak Euskal Herrian lagun bat duela helarazi nahi dugu, Euskal Herriak Kubako herrian lagun bat izan duen bezala.

 

 

 

Oso positibotzat jotzen dugu martxoaren 8ko Greba Feministaren gutxieneko zerbitzuen epaia

0

Justizia Auzitegi Nagusiak 2018ko uztailaren 18ko 354/2018 sententzia eman du, martxoaren 8ko grebaren gutxieneko zerbitzuen harira.

Anulatu dituen apartatuak ondorengo hauek dira:

– Neguko errepideen egoerari buruzkoak. Atal honek esaten zuen emergentzia zerbitzuak jai egun batean bezala ezartzen zituen, baina salbuespena sartzen zuen alerta kasuetan, esanez kasu hauetan alerta kontutan hartuko zela zerbitzu minimoak ezartzeko.

Auzitegiaren aburuz, honek motibazio falta du, ez delako zehazten ze gradutako alertaren kasuan ezarriko diren, ezta zelako kopuruan, … eta beraz proportzionalitate juizioa egitea ezinezkoa dela.

– Zerbitzu sozialak: egoitzak. Kasu honetan gerokultoreen %70 zegoen dekretatuta eta %10 gehiago bazkalordu, goiz eta iluntzean. Eta erabiltzaileek %70ean dependentzia grado II eta III zituzten kasuetarako, gerokultoreen %80.

Justizia Auzitegi Nagusiak portzentaia horiek jeitsi ditu %70etik %50era eta %80tik %70era. Argumentazioa, ezin direla aurreko neguan izandako greba indefinituaren zerbitzu minimo berak izan, grebaren intentsitatea/iraupena ez delako berdina.

– Haurreskolak partzuergoa: Kasu honetan koordinatzailea eta zuzendaritzako kide bat zeudeten deituak zerbitzu minimoak egitera. Justizia Auzitegi Nagusiaren aburuz zuzendaritzako kide horren aipamena bertan behera geratu behar da, ez baitago zuzendaritzarik Haurreskoletan.

Osakidetzaren atalean aldiz, ez du anulatzen baina nola interpretatu behar den argitzen du.

Beraz, epaia oso positiboki baloratzen dugu.
 

 

 

Lanean pairatzen dituzten erasoak salatu dituzte Euskotreneko langileek

0

Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak langilegoa deitu du gaur, Bilboko Zazpikaleko geltokiaren aurrean, aurreko larunbatean langile batek pairatutako erasoa salatzeko.

Hauxe da Euskotreneko Batzorde Iraunkorrak igorritako oharra:

Aurreko larunbatean berriro langile bat erasotua izan zen bere jardunean zela. EuskoTrenen Batzorde Iraunkorrak eraso hau zein gainerako langileek bere jardunean pairatzen dituzten erasoak berriro deitoratu nahi ditu.

Jendaurrean bere lana garatzen duten EuskoTrenen langileek (kontu hartzaileak, geltokietako langileak, gidaritza agenteak, Bezero Arretarako Bulegoetako langileak,…) EuskoTrenen erabiltzaileei laguntza emateko eta garraio publikoaren erabilera zuzena bermatzeko egiten dute lan.

Guztiz onartezina da bere lana egiteagatik hainbat langilek isekak, mehatxuak edota baita erasoak ere pairatu behar izatea pasa den larunbatean gertatu zen bezala.
Horrelako jarrerak gutxiengo batek burutzen dituela nabarmenduagatik ere gure kezka agertu nahi dugu. Harremanek abegigortasun eta elkar errespetuan behar dute oinarritu.
 

 

 

Datorren ikasturterako agenda finkatu du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak

Ikasturtea indartsu dator, Bilbon egingo duten Nazioarteko Topaketen etorrerarekin.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak igorritako oharra:

Iritsi zaigu uda, oporrak eta eguzkia, azkenean! Denok horren gustura hartuko dugun deskantsurako momentua. Ikasturte potentea izan da aurtengoa ere, gure herri feminista eraikitzera bidean urrats asko eman ditugu: martxoak 8 ahaztezina, indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren eztabaidak, Lolita Chávez ekintzaile feministari babesa ematea, Rana Plaza Gogoan eguna, asanblada irekiak, kaleko protestak… martxa honek ez du etenik, urrutira goaz denok aske izan arte!

Hurrengo ikasturtea ere indartsu dator. Apuntatu agendan honako data hauek:

· Irailaren 28 eta 29an formazio jardunaldia Iruñean.
· Urriaren 5ean asanblada irekia Bilbon.
· Urriaren 22tik 28ra Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketa Bilbon.
· Urriaren 27n FEMINISTON HERRIA Bilboko Areatzan.

Beraz, hartu indarrak udan eta datorren ikasturtean ere, martxan jarraituko dugu!

 

 

 

2018rako soldata igoera baieztatu da Nafarroako Gobernuan

Nafarroako Gobernuak baieztatu du %1,5eko igoera abuztuari dagokion ordainsarian jasoko dela; beste alde batetik, uztailetik aurrean aplikatuko litzatekeen erantsitako %0,25ari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren asmoa da iraileko ordainsarian pagatzea, behin 2018.eko uztailaren 3an ospatu zen Ministro Kontseiluan hartu zen erabakiaren berri jasotzean, non aipatu soldata-igoeraren aplikazioa onartzen den.

Berriz ere LABek adierazi nahi du, Administrazioko langileentzako ordainsari-igoera atzeratzen ari dela Madrileko Gobernuak inposatzen digun politika-interbentzioagatik.

Alderdi Popularrak administrazio guztiei eskumen murrizpenak inposatu zizkien. Ordainsariei dagokienez, estatuko sindikatuek babesa eman zioten eroste-ahalmenari eustea bermatzen ez duen akordio bat sinatzen. Urte honetarako gehienezko ordainsari-igoera %1,75koa da, egungo inflazioa Nafarroan %2,1, eta ordainsari galera %0,35 handitzen zaigu, orain arte metatu dugun %13,6koari gehitzen zaiona.

Orain PSOEk segitzen du eskumenak murrizten eta ordainsari galera gehiagorekin zigortzen. Nafarroako Gobernuak, Geroa-Baikoak, langileei galdutako ordainsariak berreskuratzea ahalbidetuko dizkieten baliabideak jarri behar ditu. LABek exijitzen du negoziazio prozesu bat martxan jartzea, langileek lapurtu zaien dirua berreskuratzeko beharrezko neurriak inplementatzeko.