2026-01-23
Blog Page 751

Debabarreneko Osakidetzako EAGak desagertzeko zorian

0

Opor garaia hastear zegoela, Osakidetzak Ermua eta Eibarreko EAGtako langileei iragarri zien berrantolaketa bat egongo zela uda pasa ondoren, jakinda ere horrek lan baldintzen aldaketa ekarriko zuela. Berrantolaketaren asmoen artean Ermua eta Eibarreko EAGak gaueko hamabietan ixtea dago, eta hirugarren EAG bat ireki Eibarreko ospitalean, gaueko ordu horretatik aurrera arreta emango lukeena.

Ondoren Debabarreneko Zuzendaritzak langileei bilera batera joateko deialdia luzatu die, hori bai, kategoriaka. Langileek zuzendaritzari eskatu diote lehenengoz sindikatuekin hitz egin behar duela. Debabarreneko ESIko Zuzendaritzak sindikatuoi eman digun informazio bakarra zera izan da: Eibarreko ospitaleko proiektuaren aurkezpena egin, non EAGei buruz puntu bat besterik ez zegoen.

Ohikoa denez, Osakidetzak erabakiak aldebakarrez hartzen ditu, langileak kontutan hartu gabe ezta beraien ordezkari sindikalak ere. EAGen funtzionamendua aldatu eta hirugarren arreta gunea ireki nahi du langile kopuru berdinarekin. Norbaitek uste al du egoera horretan arretaren kalitatea berdina izan daitekeenik?

Non gelditzen dira langileen eskubideak beren lan baldintzak negoziatzeko aukerarik gabe aldatzen direla ikusten badute?

Ermuako EAGko gaueko txanda kenduko dute eta hango herritarrek Eibarreraino joan beharko dute atentzioa jasotzera. Honek zerbitzuaren kalitatearen beherakada dakar. Gobernuak dioenez egoera ekonomiko onean gaude. Zergatik ordea arreta sanitarioaren murrizketa hau? Osakidetzako plantilla ez da handitu behar? Edo ez al dakite zer egin behar baino handiagoa den ospitale batekin eta bete behar dute langile kopuru berdinarekin eta arreta sanitarioaren kalitatea gutxituz? Benetan sinestarazi nahi gaituzte Osakidetzan langile murrizketarik ez dagoela?

Osakidetzari eskatzen diogu Debabarreneko EAGtako proiektua bertan behera uztea eta langileekin, sindikatuokin eta eragindako herritarrekin negoziazio prozesua irekitzea urrats berri bat eman baino lehen.

Ez dugu murrizketa gehiagorik onartuko.

 

 

 

Elkartasuna erakutsi genion atzo “Jotasi” Tafallan

Atzo Tafallan, 90 lagun inguru elkartu ziren Jose Jabier Oses “Jotasi”, elkartasuna adierazteko. Madrilgo Entzutegi Nazionalean ari dira “Jotas” epaitzen, beste batzuekin batera eta torturapean egindako lekukotzak dira euren kontrako froga bakarra. Gaur ezagutuko da eskatzen dieten zigorra.

Jotas eta besteak Kalera! Epaiketa politikorik ez! Torturarik ez!
 

 

 

Bizkaiko Bulego eta Langeleetako langileek manifestazioa egin dute Lantik-etik ETBra

Udan zehar Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuen babesarekin. Hitzarmen duina eskatzen dute sektorerako, eta euren lan baldintzak okertu nahi dituztenak salatu nahi dituzte.

Gaur, kontzentrazioa egin dute Lantikeko egoitzaren aurrean eta bertatik, manifestazioa EITBren egoitzaraino, Lekuona Margolaria, Sabino Arana, Montevido, Gurtubuy eta Basurtuko Kaputxinoen kaleetan zehar..

Aldundiaren menpeko den Lantik enpresaren jarrera salatu dute, bere lehiaketetan sustatu egiten baitu sektoreko enpresek lan-baldintzak okertu nahi izatea, prezio baxuenetan egindako esleipenak sarituz.

Era berean, idatzi bat aurkeztu dute EITBn beren aldarrikapen eta mobilizazioei ezartzen dien hitzarmen konplizea salatzeko. Euren hitzarmena Bizkaiko bigarrena da, langile-kopuruaren arabera.
 

 

 

PPk kendu zuen 55 urtetik gorakoentzako langabezia subsidioa berehala bueltatzea eskatzen du LABek

Aurrera pauso bat eman da eta PPren erreforma, 2013/5 lege-dekretua, behera bota du 2018/61 epaiak zati garrantzitsu batean, 55 urtetik gorako langileen subsidioari dagokiona. Oraindik beste pauso asko geratzen dira PP zein bere egunean PSOEk egindako erreformen indargabetzea lortu arte, oso ondorio larriak izan dituztenak langabetu, pentsionista eta langile ugarirentzat. Orain, pasa den uztailaren 7an epaia argitaratu ondoren, bada ordua neurri urgenteak hartzeko eta PPk kendutako hilean 430 euro horiek jasotzeari utzi zieten milaka pertsonei zigortzen uzteko.

Ofizioz jokatu behar da, dei egin behar zaie eskubidea ukatu zitzaien pertsona guzti hauei, inoiz kendu behar izan ez zitzaiena ordain diezaieten beharrezko agiriak aurkeztera eta ere berean, atzera eraginkortasunez dagokiena ordain diezaieten.

Ezin dugu ahaztu 55 urtetik gorako kolektiboari zuzendutako neurri honek ondorio larriak zituela pentsioan, gutxiengoagatik kotizatzeari utzi egiten zitzaiolako eta 61 urterekin erretiroa hartzera behartu, horrela kotizazio faltagatik eta koefiziente murriztailegatik murriztu egiten zen pentsioa, erretiro data aurreratzean, kasu honetan behartua.

Epaitegiek eraginik gabe utzi dute PPren murrizketetako bat baina ulertzen dugu erreforma bere osotasunean utzi behar dela eraginik gabe eta ez soilik alderdi batzuk, positiboa izan arren.

Premiazkoa da Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko oinarriak jartzea horixe baita eraso guzti hoietatik babesteko dugun era bakarra: hemen erabaki zeintzuk diren gure lan harremanak arautuko dituzten arauak, inposiziorik gabe eta pertsona guztiek duintasunez bizi ahal izateko bitarteko ekonomiko guztiak bermatzea.

LABetik dei egiten dugu honen eragina izan duten pertsona guztiei, subsidioa ukatu zietenei etab., erraklamazioa egitera joan daitezen eta inoiz kendu behar izan ez zietena bueltatzea eska dezaten.
 

 

 

Borrokari esker akordiora iritsi eta eskubideen bermea lortu dute SAMMICeko langileek

0

Uztailaren 2tik greba-mugagabean zeuden Azkoitiako SAMMIC enpresan akordioa lortu zuten atzo eta gaur, lanera bueltatu dira. Lau urteko akordioa lortu dute, 2018 eta 2021 bitartekoa, eta inaplikazio klausulaz gain, 18 hilabeteko ultraktibitatea. Hau da, iraunaldia amaituta ere, beste 18 hilabetean bermatuta izango dituzte baldintzak. Horrez gain, soldaten igoera eta bi sailetako kategorien soldatak ekiparatzea ere lortu da. Borroka luzea izan da, baina, merezi izan duela garbi dute.

Enpresa-batzordearen oharra

Pasa den astelehenean, uztailak 2, greba mugagabeari ekin genion SAMMIC SLko langileok. Aurretik bost greba egun eginak genituen. Greba mugagabea hastearekin batera, enpresa-batzordea eta enpresako zuzendaritza hitz egiten hasi ginen. Aurreko ostegunean blokeo egoerara iritsi ginenetik, ordea, ez da bilerarik izan enpresarekin.

Atzo goizean beste bilera bat egin genuen zuzendaritzak eta langile batzordeak, eta adostasunera gerturatu ginen bertan. Enpresak garbi ikusi zuen inaplikazio klausula onartu ezean, ez ginela lanera itzuliko eta onartu beste aukerarik ez du izan. Arratsaldean sinatu genuen aurreakordioa. Gaur langileok lanera itzuli gara.

Lau urteko akordioa lortu dugu, 2018 eta 2021 bitartekoa, eta inaplikazio klausulaz gain, 18 hilabeteko ultraktibitatea lortu dugu. Hau da, iraunaldia amaituta ere, beste 18 hilabetean bermatuta izango ditugu baldintzak. Beraz, negoziaketan ez gara linbo batean egongo.

Horrez gain, soldaten igoera eta bi sailetako kategorien soldatak ekiparatzea ere lortu da. Borroka luzea izan da, baina, merezi izan duela garbi daukagu.

 

 

 

Elkarretaratzeak eginen ditugu egunero, Iruñeko 
La Sangiovesa jatetxeak lau kaleratzeetan atzera egin arte

0

Iragan uztailaren 6an jakin zen Iruñeko La Sangiovesa jatetxean lau langile kaleratzeko prozesua abiatua zutela, lau langile horiek LABen ekintza sindikala babestu zutelako hain zuzen ere. Ordutik, sindikatuak atzo bigarren elkarretaratzea egin zuen, eta ortzirale arte egunero eginen du gauza bera, enpresak kaleratzeetan atzera egin arte.

Enpresa-komiteak ustezko “putxerazoa” salatu du Pasaiako Portuko Agintaritzaren kontratazioetan

0

Enpresa-komiteak oharra plazaratu du Pasaiako Portuko
Agintaritzak sorturiko 2 lan poltsa deialdietan ustezko iruzurra salatuz.

Jarraian duzue oharra Pasaiako Portu Agintaritzaren enpresa-komitearen oharra:

“Putxerazoa” Pasaiako Portuko Agintaritzaren kontratazioetan?
Enpresa komiteak jendarte aurrean zein interesa duen ororen aurrean Pasaiako Portuko Agintaritzak sorturiko 2 lan poltsa deialdietan ustezko iruzurra salatu nahiko luke.

Hasteko, Felix GARCIANDIAk otsailean hartu zuen kargu berria eta ordurako adostuak zeuden kontratazio zein deialdi batzuk, eten egin zituen erabili behar ziren prozedurak ezagutzen ez zituela esanez. Eta hau dena, komiteak zein giza baliabideko sailak ordurarte eginiko lanari muzin eginaz eta mespretxatuz egin zuen.

Honekin jarraituz, esan behar dugu harriduraz hartu genuela ekainaren bukaeran deialdi berria argitaratu zenean, non eta oinarriak eta tribunala komitearekin adostu gabe zeuden. Funtsean, orain arte akordio bidez egin den guztia, orain berriz, Felixek ez du ikusten horrelako bidea egin behar dugunik, nahiz eta estatuko hitzarmenean horrela jasotzen den.

Gauzak horrela, komiteak argipenak eskatu zituen eta Felixek erantzun zigun kasu honetan uztea modu horretan eta aurrerago landuko zela gaia beste era batean. Komiteak egoera larria dela antzemanez, erreklamazio bat sartzea erabaki zuen eta baita administrazio kontseiluan honen berri ematea ere.

Lan poltsa berriak 4 postu berri betetzeko dira. Horietatik 3 kalitatezko arduradunak izateko eta 4.a portuko operazio teknikaria izateko. Hauek denak oposaketarik gabe eta lehiaketaldiarekin soilik, eta gainera, argitaratutako oinarrietan zein balorazio sistema ezarriko den aipatu gabe, gure zalantzak areagotuz.

Hau horrela izanik, garbi ikusi dugu erreklamatzeko aukera anitzak daudela hautagaien aldetik. Gainera, teknikari posturako ez da baloratuko ezta postu antzekoetan edukitako lan esperientzia, orain arte egin ohi den bezala. Ahaztu gabe prozesu guztia utzi nahi dutela Bilboko enpresa baten esku, justu enpresa horrek harreman estua duelarik Bilboko portuko agintaritzarekin, hau ere PNVren kargu baten esku, Pasaian bezala.

Horrelako jarduera Felix GARCIANDIAren aldetik, kasu batzuetan gure ustez ilegala izanik (gure zerbitzu juridikoekin kontrastea eginez pausu ezberdinak emate aldera), gardentasuna eta inpartzialtasunaren eza enplegu publikoan onartezina da. Eta gainera, gure ustez “putxerazo” balizko zalantzak areagotzen ditu, kasu honetan ez ote dauden postu horiek “izen-abizenekin” ezarritak prozesua hasi aurretik.

Egoera hau lotsagarria da eta salatzeko modutan gaude. Ez dugu baztertuko inongo biderik egoera hau behar den bezala bideratzeko, beti kontutan harturik enplugu publikoan gardentasuna, aukera berdintasuna eta langile ordezkariekin prozesu guztia adostua izan behar dela.

 

 

 

Osakidetzako EPEan gertatu irregulartasunengatik Fiskaltzan jarritako salaketa zabaldu egingo du LABek

0

Orain dela aste batzuk Fiskaltzaren aurrean jarritako salaketa sakontzeko lanena ari da LAB, beste 7 mediku kategoriatan detektatu ditugun irregulartasunak jasoko dituena. Modu honetan, salatutako kategoriak 12tik 19ra pasatuko dira.

Era berean, EPEko epaimahaien osaketari buruz LABek egin duen. Txosten sakona ere eramango diogu fiskalari; bertan, beste gauza batzuen artean, epaimahai horietan dauden administrazioko goi-karguak agertzen dira.

LABek jarraitzen du salatzen, egoera larri honen kudeaketan Osakidetzako zuzendaritzak zein Osasun Sailak darabilten gardentasun falta eta erantzukizunak onartzeko gaitasun falta. Ikerketa independentea eskatzen jarraitzen dugu, ez Osakidetza egiten ari dena. Bestalde, espero dezagun hilaren 19an Darponek egin beharreko agerraldiak gure beldurra ez konfirmatzea: iruzurra zeozer puntuala delako ideia zabaldu eta kategoria gutxi batzuetara mugatu hartu beharreko neurriak. Arazoa eta erantzukizunak harago doaz.

Azkenik, gaur egun guztiz agortuta dagoen Osakidetzako EPE sistema berritzeko negoziazio zabala ireki behar dela pentsatzen dugu, denborarik galdu gabe.
 

 

 

Laneko heriotzen aurkako lanuztea eta mobilizazioak UPV/EHUn

Pasa den ostiralean, uztailaren 6an, Bilboko Ingeniaritza Eskolan maiatzaren 21ean istripua izan zuen langilearen heriotza jakinarazi zitzaigun. UPV/EHUn ordezkaritza dugun sindikatuok, unibertsitateko langileek bizitza galtzerainoko istripuak gertatzen jarraitzea salatzeko, ordubete lanuztea egin dugu UPV/EHUn 12etatik 13etara.

Horretaz aparte, mobilizazioak egin ditugu Leioa (Mikel Laboa plazan), Bilbo (Torres Quevedo plazan), Gasteiz (Errektoreordetzaren aurrean) eta Donostiako campusetan (Carlos Santamaria Liburutegiaren aurrean).

Azken honekin, gutxienez 25 dira urte hasieratik Euskal Herrian istripuz hildako langileak.