2026-01-23
Blog Page 743

Donostiako autobus turistikoko gidariek grebara joko dute euren lan baldintzak hobetu ezean

Donostiako Udalak eta Turismo Bulegoak hainbestetan zabaltzen duten kalitatezkoa omen den turismo ereduaren aurpegi ilunena ikusten ari gara berriro ere. Oraingoan, autobus turistikoko gidariei egokitu zaie turismoaren izenean ematen den prekaritatea pairatzea. Hala, gidarien lan baldintza prekarioen berri eman dugu gaur komunikabideen aurrean, eta egoerari aurre egiteko aurreikusitako pausoak jakinarazi ditugu.

Hauxe da Donostiako autobus turistikoko langileek gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:

Donostiako Udalak eta turismo bulegoak hainbestean zabaltzen duten kalitatezkoa omen den turismo eredu honen aurpegi ilunena ikusten ari gara berriro ere. Oraingoan, autobus turistikoko gidarioi tokatu zaigu turismoaren izenean ematen den prekaritatea pairatzea. Gure lan baldintzak prekarioak direla salatu nahi dugu.

2013an DONOSTIA TURISMOA S.A.k argitaratutako plegu batzuen bitartez, UTE DONOSTIA CITY TOUR enpresak lortu zuen autobus turistikoaren ustiaketa. Gogoratu behar dugu DONOSTIA TURISMOA S.A., turismoa sustatzeko zein kudeatzeko udaletxeak sortutako enpresa pribatu bat dela. Bulego hau, diru publikoarekin hornitzen da eta kontratazioak egiteko boterea dauka. Garrantzitsua iruditzen zaigu hau kontutan izatea, jarraian deskribatuko ditugun irregulartasun zein prekarietate egoerak, diru publikoarekin finantzatuak direla agerian uzteko. Honek oraindik eta larriagoa egiten du gertatzen ari dena.

Hainbat dira gure lanaren jardunean jasan behar ditugun egoera prekarioak:

• Gure kontratuak behin behinekoak dira, ez dago inor kontratu egonkorra duenik. Behin behineko kontratu hauen luzapenak behin eta berriro eginez mantentzen gaituzte. Baina luzapen hauen berri ez dugu jakiten, enpresak ez dituelako kontratuen kopiak entregatzen.

• Kontratuetan ditugun ordu kopuruak aldatu egiten dira enpresaren beharren arabera, batzuetan kontratuko ordu kopurua handitu egiten dute eta besteetan gutxitu. Aldaketa hauen berri ez dugu izaten enpresaren aldetik ez bada batzuetan enkargatuak bidaltzen duen “WhatsApp” mezu baten bitartez. Gizarte Segurantzak gure lan egoeraren inguruan ematen dituen notifikazio arrunten bitartez izaten dugu gure egoeraren berri.

• Ez ditugu hilabeteko nominak jasotzen. Nahiz eta eskatu, enpresak ez dizkigu entregatzen.

• Enpresak ez ditu ez egutegiak ezta ordutegiak ematen. Ez dakigu noiz eta zein ordutan egin behar dugu lana 24 ordu baina lehenago. Askotan lanera sartu baino 3 ordu lehenago abixatzen digute “whatsapp” mezu baten bidez lanera joan behar dugula. Honek egun osoa eta egun guztietan telefonoaren menpe egotera behartzen gaitu.

• Telefono mugikorra gidatzen gaudela erabiltzera derrigortzen gaituzte. Ruta aldaketak zein online bidez saldutako bidaia txartelak mezu bidez helarazten zaizkigulako. Gainera, autobusek irrati emisora gabe daudenez, gure arteko komunikazioa zein enpresak egiten duen kudeaketa mezu bitartez egiten da.

• Autobusek ez dute aire giroturik. Tenperatura altuak jasan behar izaten ditugu gure lan postuan, baina baita bezeroek ere.

• Aparteko lan orduak egitera behartzen gaituzte, eta gainera hauek ez dizkigute ordaintzen.

• Autobusak ez daude egoera mekaniko onean, batzuetan albo keinukariak falta dituzte eta honek sekulako arazoak sortzen dizkigu gidatzerako garaian, eta zer esanik ez arazo mekaniko hauek sor dezaketen arriskuaz.

Hauek adibide batzuk baino ez dira. Ez ditugu zerrendatu pairatzen ditugun arazo guztiak, luzeegia geratuko zelako. Hori guztiagatik gaurkoan Ikuskaritzan salaketa erregistratuko dugu. Baina hori bakarrik ez. Gaurkoan bilera eskaera bat ere erregistratuko dugu Udaletxean, Eneko Goia alkateari zuzendua, honen guztiaren berri emateko bilera eskatuz. Bestetik, bilera batera ere deituko ditugu, Donostia Turismoa S.A., bera delako esleipena eman duena eta UTE DONOSTIA CITY TOUR enpresari ere.

Laburbiduz, salatutako egoera hauek guztiak konponbidean jarri asmoz hiru bilera hauek eskatzen ditugu (Alkatea, turismo bulegoa eta enpresa) eta Ikuskaritzan ere salaketa sartuko dugu.

Datorren Irailaren 10erako erantzun bat jaso ezean, grebara joko dugula ere iragarri nahi dugu. Ez gaude denbora gehiagoz egoera hau pairatzen jarraitzeko inolako asmorik. Gure eskubideak defendatuko ditugu.

 

 

 

CSI sindikatuari babesa eman diogu Asturiasen

0

LABeko ordezkaritza bat Asturiasen dago gaur, CSI sindikatuko idazkari nagusi Nacho Fusterri eta Gijongo Vauste enpresako langileei elkartasuna adierazteko. Hain zuzen ere, sindikatu honen kontrako kriminalizazioa salatzen ari gara, egunotan egiten ari diren mobilizazioen harira. CSIko kideek zigor gogorrak jaso dituzte greba eta mobilizazioak antolatzeagatik Vausten, eta urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute beraientzat. Hala, LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz eta Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozaga Asturiasera bertaratu dira babesa emateko.
 

 

 

Emakumeon Mundu Martxak Uharteko erailketa sexista salatzera deitu du gaurko ere

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gogor salatu dute Uharteko erailketa, eta, atzoko mobilizazioekin egin bezala, gaurko iragarritakoetarako deia ere luzatu dute. Hain zuzen ere, mobilizazioak izango dira gaur, osteguna, abuztuak 30, Bilbon (Arriaga, 20:00), Gasteizen (Andre Mari Zuria, 20:00) eta Donostian (Bulebarra, 19:30).

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak argitaratutako oharra:

Beste erailketa matxista baten berri izan dugu, bosgarrena dugu aurten Euskal Herrian: gogoan zaituztegu!!! 38 urteko emakumea erail berri du bere senarrak Uharten (Nafarroa). Larunbatean aurkitu zuten emakumea, Uharteko bere etxean. Haren senarrak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, emakumea “dutxan erori” zelakoan, baina espetxeratua izan da hilketa delitua leporatuta. Jakina zen gizonak maiz ematen zizkiola tratu txarrak emazteari. Izan ere, Uharteko udaltzainek bitan atxilotu izan dute delitu horrengatik. Baina horrek ez du ekidin Natalyaren erailketa, ez du bermatu egoerak eskatzen zuen behar besteko interbentzioa.

Emakumeak ez zuen salaketa jarri izan nahi, eta beraz, ez ziren indarkeria sexistaren aurka dauden protokolo eta bitarteko publikoak jarri haren mesedetan. Honek indarkeriaren aurkako neurrien hutsuneak azaleratzen ditu. Galdetu beharko genioke gure buruari: zergatik ez zuen salatu Natalyak? Salaketaren osteko prozesua bortitza izan ohi da emakumeentzat, ezaguna baita epaitegietan nagusi den matxismoa. Gainera, zaurgarritasun egoera horri aurre egiteko babes soziala ezinbestekoa da. Gure jendartea zeharkatzen duen klase egitura edota xenofobiak, emakume askok indarkeria matxistarekiko duten babesgabetasuna handitzen dute. Emaitza, batzuetan, larriena da. Zelako errekurtsoak izan zituen Natalyak bere senar eta (senarraren konplizea zen) amaginarrebaren etxetik joateko? Jatorri atzerritarra izateak eta prekarietate egoerak ez zizkion gauzak erraztu.

Bestetik, komunikabide batzuek egindako irakurketa salatu nahi dugu, emakumearen ustezko alkoholismoa eta ohiturak aipatuz. Honek erakusten du, beste behin erasoen ardura biktimarengan jartzen dela, eta jatorri atzerritarra duten emakumeek bizi duten estigmatizazioa. Hainbat politikarik agertutako zalantzek, bestalde, ez dute bat ere laguntzen erantzun soziala bideratzeko, ezta fokua dagokion lekuan jartzen ere.

Mugimendu Feministak lan kolosala egin du indarkeria matxistari hitzak jartzen eta jendartea sentsibilizatzen. Hala zabaldu dugu emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna. Garrantzitsua da ulertzea indarkeria matxista, bestelako biolentzia ardatz batzuekin elkarlotzen dela, arrazismoa edo klasea, kasu.

Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan
merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Honen aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da. Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.

Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Uharteko erailketa eta abuztuaren 29 eta 30ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!!!!
 

 

 

Gasteizko BSH BOSCH lantegiaren etorkizuna bermatuko duen industria plan bat exijitzen dugu

0
Gure etorkizuna bermatzeko lanean jarraituko dugu, salerosketa espekulazio operazio bat bihur ez dadin. Enplegua eta industria aktibitatea mantentzeko lanean jarraituko dugu, baita gure lan baldintzen alde borrokatzen ere. Zentzu honetan, erosle berrien jarreraren arabera, erabakiko dugu mobilizazioei berriro ekin ala ez

Gasteizko BSH BOSCH enpresako LABeko sail sindikalak baloratu nahi du lantegiaren eta UFESA markaren salmenta B&B TRENDS enpresari.

Lehenik eta behin, salerosketaren sinatzea langileak bizitzen ari garen prozesuaren beste etapa bat bezala ulertzen dugu. Hilabeteotako espekulazioak argitzen dituen arren, gure kezkek bere horretan jarraitzen dute. Zentzu honetan, kezkatuta gaude ez baitakigu erosle berriek etorkizuneko plan bat duten ala ez lantegirako, urte eta erdi igaro den arren, beraien hitzetan, erosteko interesa agertu zutenetik. Egun, ez dakigu zein produktu egingo ditugun lantegian, zein aurreikuspen dituzten, instalazioak edo makineria aldatuko dituzten ala ez. Ez dakigu ere nola ordezkatuko dituzten gerentzia eta ardura desberdinak dituzten pertsonak, azken hilabeteetan joan direnen kasuan. Era berean, ez dakigu zer gertatuko den UFESA markarekin eta bere produktuekin.

Honetaz guztiaz gain, BSH Españak salerosketa prozesu honetan izandako jarrera salatu nahi dugu, fede txarrez jokatu baitu. Hain justu, ez ditu bere konpromisoak bete; gure lan baldintzak erlatibizatu ditu, balizko suspentsio ERE baten aurrean gure lan baldintzak aldatu ditu eta proiektu berriarekiko babesa apaltzea erabaki du.

Honengatik guztiagatik, Gasteizko BSH BOSCH enpresako LABeko sail sindikaletik honako hau adierazi nahi dugu:

-Lantegi honen etorkizuna epe ertain-luzean bermatuko duen industria plan bat exijitzen dugu.

-BSH eta B&B TRENDS enpresetako ordezkariei eskatzen diegu lehenbailehen bildu daitezela langileen ordezkariekin, eta zalantzak eta aldatu dituzten konpromisoak azaldu ditzatela.

-Erakundeen inplikazioa eskatzen dugu, Eusko Jaurlaritza buru, proiektu berriaren iraunkortasuna bermatzeko baliabide guztiak jar ditzaten.

 

 

 

Arabako Correos-eko gehiengo sindikalak elkarretaratzera deitu du Irene lankidearen lan heriotza salatzeko

Prentsa ohar baten bitartez, Arabako Correos-eko gehiengo sindikalak babesa eskaini dio Irene H. M. lankidearen familiari, eta mobilizaziora deitu du lan heriotza salatzeko eta hildako lankidea gogoan izateko. Correos-eko langileek pairatzen duten prekarietatea salatzeko baliatuko dute elkarretaratzea, lan heriotzaren atzean dagoelako.

Ikusi UGT, LAB, ESK eta ELAren oharra hemen

Bada garaia Michelinek bere erantzukizuna hartzeko

Tamalez, langile baten heriotza salatu beharrean gaude berriro. J.A.P, 43 urteko langilea eraila izan da bere lanpostuan, eta honekin dagoeneko 41 dira Euskal Herrian urte honetan hildako langileak. LAB sindikatutik elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu langilearen familia, ahaide eta enpresako langileagoari.

Azken bi urteetan, Gasteizen, Michelin multinazionalak duen lantokian gertatzen den laugarren heriotza da. Azkena, 2017ko martxoan, bihotzekoak jota hil zen langileari dagokionez, Lan Ikuskaritzak enpresa behartu zuen gauetan eta asteburuetan medikua bertan egotea. Enpresa behin eta berriz egoera hauek ezkutatzen saiatu da, esanez ez dela bere enpresan izan (bertan lan egiten duten azpi-kontrata baizik), edo nola edo hala langileen esku utziz erantzukizun guztia. 

Enpresa honetan prebentzioan eta lan osasunean dauden gabeziak behin eta berriro salatu ditugu, besteak beste: bigarren aktibitatea, ezinezko erritmoak, prebentzioan formakuntza eta trebakuntza falta… Gainera, kasu honetan enpresa barneko protokolo denek huts egin dute, atezaintzarekin telefonoz kontaktua egin ezinda enpresaren punta batetik bestera korrika ibili behar izanak asko atzeratu zuen interbentzioa. Halaber, desfibriladorea aurkitzeko zailtasunak zein berau erabiltzen zekien langile trebaturik ez aurkitzeak ere eragina izan du amaiera honetan.

Hau ez da kasualitatea, langile honen heriotza ez da inolaz ere ausazkoa. Hau prekarietatea da. Bada garaia Michelinek bere erantzukizunak har ditzan eta prebentzio zein lan osasunean benetako inbertsioa burutu dezan. Hobe luke langileen artean erruak banatzen ibili baino, arazoaren muinera jo eta langileen bizitzak arriskuan jarriko ez dituen enpresa politika egiten hasiko balitz. 

Erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, Lan ikuskaritzari eta Osalani dei egiten diegu behar bezalako ikerketa eta neurriak har ditzaten enpresa hauen aurrean, eta behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrolatu dezaten. Beharrezkoa ikusten dugu eredu aldaketa, beharrezkoa da langileon osasuna, bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzea.

LAB sindikatutik langileon osasuna eta eskubideen alde lanean eta borrokan jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik, gertaera hau salatzeko enpresako langileek egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu jendarteari.

 

 

 

Enpresak sortutako arazoa langileek ordain ez dezatela eskatu dugu Volkswagenen ERTEaren aurrean

0

Volkswagen enpresan datorren asterako iragarri duten Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientearen aurrean dugun irakurketa jakinarazi dugu gaur, Iruñean, komunikabideen aurrean. LABeko Metaleko enpresa handien arduradun Imanol Rodriguezek eta Volkswageneko LABeko delegatu Raul Portillok hartu dute hitza, eta ERTEak 13.000 langileri eragingo diela oharatarazi dugu. Hortaz, bestelako neurri batzuk har ditzala exijitu diogu enpresari, egunotan plazaratutako salaketaren ildoan.

LABek onartezintzat jo du Volkswageneko enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea eta neurria bertan behera uzteko eskatu dio enpresari

Iragan astean Volkswagen Navarra enpresak Landabengo bere lantegirako aurkeztu duen enplegua erregulatzeko espedientea, fabrika zortzi egunez itxiko duena, enpresaren “antolakuntza eta aurreikuspen faltari” egotzi dio LAB sindikatuak. Eta horregatik neurri hori bertan behera uzteko eta bertze alternatiba batzuk aztertzeko eskatu dio Volkswageni. Halaxe adierazi dute gaur Iruñean emaniko prentsaurrekoan Imanol Rodriguez LABeko Metaleko enpresa handien arduradunak eta Raul Portillo Volkswageneko LABeko delegatuak.

Volkswagenek aurkeztu duen espedienteak lantegia zortzi egunez ixtea ekarriko du. Eta hori justifikatzeko, Volkswagenek dio arrazoia dela motorren homologazioarekin daukan arazoa eta horrek dakarren motor suministro falta. Baina LABek salatu du enpresak arazo horren berri orain dela urte bat izan zuela eta, hortaz, denbora nahiko izan duela egoera hau ekiditeko. LABen irudikoz, onartezina da langileek eta nafar gizarteak ordaindu behar izatea azken urtean 55,9 milioi euroko etekinak izan dituen enpresak izandako antolakuntza eta aurreikuspen falta. Horregatik, LABek espedientea bertan behera uztea eta proposatutako alternatibak aztertzea exijitu dio Volkswageni.

 

 

 

Hartu beharreko neurri guztiak har ditzala exijitzen diogu Osakidetzako zuzendaritzari, EPEa ahalik eta era justuenean ebazteko bidean

0
LABek gorako helegitea aurkeztu du Osakidetzako zuzendari nagusiaren 754/2018, 755/2018 eta 756/2018 ebazpenen kontra. Ebazpen hauetan Fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldeko Anestesiologiako eta Bizkorketako, Angiologiako eta Kirurgia Baskularra eta kardiologia mediku fakultatibo espezialista kategorian lotura estatutario finkoa eskuratzeko hautaketa-prozesuko bi ariketak, teorikoa eta praktikoa, errepikatzeko agintzen da.

LABek egindako azterketa estatistikoek medikuen 20 espezialitateetan irregulartasun zantzuak antzematen zituzten. Osakidetzaren zuzendaritzak hiru espezialitate medikuen azterketak errepikatzearekin nahikoa du. Euren helburua hautatze prozesu justu eta garbia lortzea izan beharrean, PNVk kalte handia ez pairatzea du xede.

LABek ez du hiru kategoria horien azterketak errepikatzearen erabakiarekin bat egiten. Behin Fiskaliak eta Arartekoak abiatutako ikerketak amaiturik, hartu beharreko erabaki guztiak hartzeko unea izango delakoan gaude.

Harrigarria deritzogu, hautatze prozesu hau arautzen duten oinarri orokorretan jasota egon barik, filtrazio susmoa daukaten epaimahai batzuk azterketak errepikatzeko erabakiari. Prozesuaren gardentasuna bermatu ahal izateko, ezinbestekoa da epaimahai horiek betetzen dituzten pertsonak aldatzea, bestela ez da gardentasun bermerik izango.

LABen ustetan argi geratu da Osakidetzarako sarbide sistema hau agortuta dagoela. Osakidetzako zuzendaritzari dei egiten diogu, EPEa prestatzeko sekulako esfortzua egin duten pertsonen mesedetan, EPE hau ahalik eta era justuenean ebazteko hartu beharreko neurri guztiak har ditzan. Era berean, Osakidetzarako sarbide sistema negoziatu ahal izateko bidea zabaltzeko deia luzatzen diogu; osasun sistemaren beharrak asebete eta, era berean, hautagaien presio arindu beharko duen sarbide sistema, alegia.
 

 

 

Baiezko baldintzatua eman diogu Hezkuntzako Itunari Erregimenaren murrizketak lehengoratu eta berrikuntza programei bide emateko helburuarekin

0

Departamentuak eta sindikatuen ia osotasunak sinatutako itunak aintzat hartzen ditu azken hilabeteotan LABek defendatu dituen puntu nagusiak, batez ere aldaketaren indarrek adostutako akordio programatikoa eta negoziazio kolektiboa berrabiarazteko beharrari zegokionez, 2011tik baitaramagu inolako akordiorik gabe. Horregatik, LABek baiezko baldintzatua eman dio itunari.

Lehenik eta behin eskertu eta zoriondu nahi ditugu gurekin batera itun hau lortzeko mobiliazioetan parte hartu duten guztioi. Beraiena da aurrerapauso honen ardura eta meritu nagusia. Horrez gain, aldioro gure oinarriekin kontsultak egin ditugu tarte eta formatu anitzetan (foro digitalak euren ekarpenak jasotzeko, batzarrak, balorazio galdetegiak…), eztabaida aberatsa izan da eta sinaduraren aldeko iritzia ia ahobatekoa izan da, gure eskaeren plataforman bideratu nahi genituen arlorik garrantzitsuenak islatu baitira akordioan:

– Irakastorduak bi ordutan jaistea, Lehen zein Bigarren Hezkuntzan.
– Ordezkapenen bat dagoenean lehen egunetik bideratzen hastea.
– Gelako ikasleen ratioak murrizketen aurreko egoerara jaistea.
– Euskarazko Lanbide Heziketa bermatzea eta ziklo gehiago zabaltzea.
– Landa eremuko eskolen oinarrizko beharrei behingoz erantzutea, ratio berriak ezarriaz eta zuzendaritza ordu gehiago onartuaz, besteak beste.
– Berrikuntza pedagogikoan sakontzeko neurriak hartzea.
– 55 urtetik gorakoei irakastorduak gradualki gutxitzea.
– PAI gainditzera datorren eleaniztasun eredu inklusibo berriari bide ematea.

Puntu horiek guztiak onartuak izan direnez, hezkuntza sistema hezitzaileagoa eraikitzeko bidea urratzen ari garela uste dugu.

Orain irakaskuntzako langileriak erreferentziazko tresna du berriro eta bertatik abiatuta oinarrituko dugu gure ekintza sindikala, eta elkarrekin egin beharreko bide orria. Jukutriak saihesteko begirale-lan zorrotza egingo dugu, baita interes politiko zehatz batzuei erantzunez hainbatek egingo dion erasoen aurrean akordioa babestu ere.

Baina gure lana ez da hemen amaitu. Asko dago egiteko oraindik gure Irakaskuntzaren alde. Jarri dugun “oinarrizo kanpamendu” honek aurrera begira ditugun helburu nagusiak elikatzeko balio behar du. LABen asmoa hemendik aurrera batez ere bi esparrutan zentratzea izango da. Alde batetik gure hezkuntza ereduan gertatzen diren segregazio mota desberdinekin amaitzea (linguistikoa, generozkoa, diruaren araberakoa, behar bereziak dituztenena…) eta Espainiatik datorkigun zentralizazio-estatalizazio ahaleginei aurre egitea izango dira gure bi ildo nagusiak.