2026-01-24
Blog Page 737

Lan heriotzak salatu ditugu Ondarroan zein Iruñean

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratze bana deituta zituen gaurko, azken egunetan izandako lan heriotzak direla eta. Ondarroan, joan den ostiralean herrian bertan hildako langilearen istripu hilgarria salatu dugu; Iruñean, berriz, irakasle interinoen prekarietatea salatzeko elkarretaratze bat egin dugu Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren ondoan, joan den ostegunean, N-121-A errepidean, hildako irakaslea gogoan.

Iruñean egindako protesta.
 

 

 

Errausketaren kontra mobilizatzeko deia egin du biharko Bizkaiko Zero Zabor plataformak

0

CEWEP elkartearen kongresuaren 9. ekitaldiari hasiera emango diote bihar Bilbon, Guggenheim museoan. Zabalgarbi dago errausketa sustatzen duen elkarte horren baitan. Hala, Bizkaiko Zero Zabor plataformak elkarretaratze bat egingo du, 20:00etan, Guggenheim aurrean, errausketa salatzeko.
 

 

 

Osakidetzak ez dauka EPE prozesuan gertatutako irregulartasunen kasua bururaino eramateko inolako borondaterik

0

Osakidetzako Zuzendariak gaur arratsaldeko prentsaurrekoan adierazitakoak ez gaitu, zoritxarrez, ustekabean harrapatu. Eta zoritxarrez diogu, azken finean eta aurretiaz berak eta Darpon Jaunak esandakoa kontuan hartuta, EPE prozesuko irregulartasunen kontuan ez genuelako sorpresa handirik espero.

Mugica andereak jakitera eman ditu egindako ikerketaren emaitzak eta hartu beharreko neurriak. Eta orain arte berak eta Darpon jaunak egin duten moduan, gertatu denari garrantzia kendu, ondorioak mugatu eta hainbat espezialitate medikutan izandako azterketen filtrazioak ezeztatu baino ez du egin. Azken finean, ez zaie interesatzen bururaino joatea, Urkullu jaunak komunikabideetan adierazi zuen bezala. Hilabete hauetan guztietan mahai gainean ipinitako froga guztiak, salaketak, ikerketak, datuak eta abar ez dira, antza, nahikoa izan, espezialitate medikuetako EPEetan errotuta dagoen praktika ustelak argi eta garbi agerian uzteko, ezta arduradunak seinalatzeko eta hartu beharreko neurriak hartzeko ere. Mugicaren esanetan, ezin da demostratu filtraziorik izan denik, eta prozedurako irregulartasunen aurrean baino ez gaude.

Fiskaltzak eta Arartekoak ikerketa propioak egiten dituzten bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak ustelkeria kasu berri hau itxi nahi dute, ahalik eta azkarren eta inor zipriztindu gabe. EAJren estilo klasikoenean. Eta bide batez, LABen sindikalismo kontsekuente eta borrokalariaren kontra inolako lotsa barik jotzen dute, inork bozkatu ez duen Kontseilari jaunak egin duen bezala LABi zilegitasuna kendu nahian modu barregarri eta histerikoan.

Izan ere ez da bakarra izan, pasa den astean Bilbo-Basurtoko ESIak ere gezurretan genbiltzala esan zuen udako murrizketak eta gero Bilbon hiru EAP (Etengabeko Arreta Puntuak) itxita jarraituko zirela salatu genuenean, ESI horretako zuzendariak baieztatu zigun moduan eta bertako auzokideek salatu duten bezala. Honetan ere, deskalifikazioak erabili dituzte egiten ari diren murrizketak estaltzeko.

EPEan gertatutakoa oso larria da. Eta larritasun horrek kudeaketa ausarta eskatzen du. Gaurko agerraldia eta hartu diren neurri eskasek argi uzten dute EAJren kudeatzaile onaren irudia propaganda hutsa baino ez dela.

LABek EPE sistema agortuta dagoela aldarrikatzen jarraituko du, orokorrean eta bereziki ustelkeria zabalduta dagoen medikuen espezialitateen kategorietan gutxienez. Beraz, Osakidetzari berriro exijitzen diogu irregulartasunak eta erantzukizunak argitzeko ikerketa serio eta ausarta egin dezala, eta EPE sistema barri baten eztabaida demokratikoa ireki dezala, gertatzen eta gertatu diren guztiak ez errepikatzeko.

 

 

 

Fosecoko greba bertan behera utzi dute

0

Irailaren 13an, 10 egunen ondoren greba bertan behera uztea erabaki zuten FOSECOko langileek, asanbladan batzartuta. Greba antolakuntza arrazoiengatik aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurrean abiatu zuten. Espedienteak 93 langiletatik 42ri eragiten zien.

Hauek dira enpresaren zuzendaritzarekin negoziatutako baldintza berriak:

1.- 16 pertsona enpresa barruan berkokatzea.
2.- Aurrejubilazio bi.
3.- Borondatezko eta sustatutako irteerak 24 langilerentzat.

LABetik langileak zoriondu nahi ditugu, honen moduko injustizia baten aurrean batasuna, konbentzimendua eta indarrari eutsi diotelako azken minutura arte. Berriz ere, multinazional batek ekoizpena deslokalizatzen du eta ondorioz langile batzuk kaleratzen ditu, bere irabaziak are gehiago handitzeko asmo bakarrarekin.

Berriro ere 24 lanpostu desagertuko dira Multinazional baten gutiziagatik, instituzio eta alderdi politikoekin ixiltasun konplizearekin, multinazionalek nahi dutena egiten dutela erakusten duten beste adibide bat, Eusko Jaurlaritzak euren kazikadei mugarik jarri gabe.

Enpresaren hasierako asmoei mugak jarriz, lortutakoa borroka eta antolakuntaren ondorio da, inolako zalantzarik gabe, patronalaren aurrean dugun bide eta tresna bakarra da, hau edozein delarik ere.
 

 

 

Antolatzea, mobilizatzea eta borroka egitea beste biderik ez dugu ikusten Bizkaiko Metalgintzan hitzarmen duin bat lortzeko

0

Gaur egin da Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bilera berria. 10 bileraren ondoren nabarmen geratu da mahaiaren blokeoa. 10 bilera hauen ondoren ez dago akordiorik inongo puntutan. Gaurko batzarrean, patronalak ez du inolako planteamendu berririk ekarri eta ez dio LABeko uztailean emakumeen lan-baldintzak hobetu eta sektorean emakumeen kontratazioa sustatzeko proposamenari erantzunik eman.

LABek mahai honetan bere parte hartzea etetea erabaki zuen ekainean. Mahaia 2018ko otsailean berrartu zenean eta zenbait batzar egin ondoren, ateratako ondorioa izan zen patronalak ez duela inolako borondaterik Bizkaiko Metalgintzako lan-baldintzak duintzeko, eta interesatzen zaion bakarra langileen kontura aberastea ahalbidetuko dion hitzarmena da. Eta hori, prekarietatea handituz soilik lor daiteke.

LABetik Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren aldeko apustu argia egiten dugu, baina ez edozein hitzarmen. Sektorearen arazo nagusiei aurrei egingo dien hitzarmena aldarrikatzen dugu, eta, horretarako, gure plataformako puntu nagusiak eta gure aldarrikapenak gogoratzen ditugu: soldaten eguneratzea tauletan, behin behineko langileen portzentaien murrizketa, mugak jarri Aldi Baterako Lanerako Enpresen bidez kontratatzeari, langileen subrogazioa egiturazko lanpostuetan, emakumeen kontratazioa sustatzeko eta soldata arrakala murrizteko neurriak, inolako atzerapausorik ez egungo lan baldintzetan eta lan erreformaren aurkako neurriak.

Patronala helburu hauekiko oso urruti dago eta ez da bere posiziotik mugituko ez badugu behartzen, eta hau ez da gertatuko patronala eroso sentitzen den mahai baten bueltan. Honengatik guztiagatik, LABek erabaki zuen mahaia uztea eta sektoreko langileengana jotzea, hauek baitira hitzarmen hau nahi eta behar dutenak. Lan baldintza hobeak behar dituzte, eta euren lanpostuan pairatzen duten prekarietatearekin amaitu. LABek antolaketa, mobilizazioa eta borrokaren bidea baino ez du ikusten hori guztia lortzeko. Hori dela eta, sektoreko langile guztiei egiten diegu dei hitzarmen duin baten alde borroka dezaten. Denon artean lor dezakegu.
 

 

 

Gipuzkoako komisaria eta egoitza judizialen garbiketako langileek greba egingo dute

0

LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu gaur Gipuzkoako komisaria eta egoitza judizialen garbiketa sektorean egingo ditugun mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, irailaren 19an hasi eta urriaren 3ra arte egingo dugu greba, Garbialdi enpresak langileekiko duen jarrera salatzeko.

Sindikatuok greba egitea beste biderik ez dugula adierazi dugu gaurko agerraldian, osatutako prentsa oharrean adierazi bezala. "Beste askotan gertatzen den bezala, emakumeak dira, nola ez, prekarietatea pairatzen dutenak", nabarmendu dugu.
 

 

 

Aldanondoko langileek euren lanpostuak bermatzeko exijitu dute

0

Aldanondoko langileek elkarretaratze bat egin dute Agurainen, duela aste batzuk kiskali egin zen gazta enpresaren etorkizuna argitzea eskatzeko. Goizean bertan, langileek bilera zuten aurreikusita enpresako ordezkariekin.
 
Hauxe da LABek egiten duen irakurketa:

Pasa den abuztuan ALDANONDO CORPORACIÓN ALIMENTARIA, S.L.k Agurainen duen instalazioa kiskali zuen sutearen ondoren, enpresak kontratuen urte bateko etenaldiko eta iraungitzeko EEEa ezartzeko prozesua hasi zuen irailaren hasieran.

Kontsulta-aldia amaitzeko egun pare bat baino falta ez direnean, LAB sindikatuak langileak pairatzen ari diren ziurgabetasuna salatu nahi du. Enpresako ordezkariek enpresaren bideragarritasuna bermatu gabe jarraitzen dute, eta instalazioaren balizko berreraikitzeari ez diote data zehatzik jartzen.

Enpresarekin burututako bilera ezberdinetan zehar, hau oinarri eta konpromisorik gabeko promesak botatzera mugatu da. Hori bai, bien bitartean behin behineko langile guztiez libratzeko asmoa argi eta garbi utzi du. Eta beste alde batetik, beste 15 langile langabeziara joango lirateke urte batez gutxienez, inolako osagarririk gabe.

Gainera, gaur arte enpresak ez du Negoziazio Batzordearen alderdi sozialak eskatutako dokumentazioaren zati bat bidali.

Laburbilduz, enpresaren proposamenaren arabera, enpresan dauden 27 langileetatik, 7 kalera joango lirateke, eta beste 15 langabeziara urte batez, itzultzeko inolako bermerik gabe. Hau da, enplegu suntsiketa, segurtasun eza eta ziurgabetasuna.

Langileen etorkizunaren alde, asteazkenean, irailak 19an, Aguraingo udaletxearen aurrean berriro mobilizatuko dira.
 

 

 

Burujabetza eta indarkeria matxista izango dute hizpide, Iruñean

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak formazio jardunaldi feminista bat egingo du Iruñean, irailaren 28 eta 29an. Burujabetza prozesuak eta indarkeria matxista izango dituzte hizpide. Guatemala, Mexiko eta Kurdistan zein Euskal Herritik etorriko dira hizlariak euren esperientziak elkarbanatzera. Irailaren 23a baino lehen eman behar da izena.
 

 

 

Euren zeregin profesionalen inguruan adierazitako irainak eta gezurrak salatu dituzte Ibaiondoko langileek

Adingabeen Justizia zuzendaritzaren menpe dago Zumarragako Ibaiondo hezkuntza zentroa. Bertako langileek ohar bat kaleratu dute jasotako irainak direla eta.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Irailak 13an, zenbait komunikabideek argitaratutako berriaren aurrean, Ibaiondo Hezkuntza Zentroko eta Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den langilegoa honako argibideak eman beharrean ikusten gara:

– Gure zeregin profesionalaren inguruan adierazitako irainak eta gezurrak salatu nahi ditugu.

– Langilegoari zuzendutako akusazioak irmoki gezurtatzen ditugu, argitaratutako ustezko jarduera ilizitoak erabat gezuru direla adieraziz.

– Zentroko langilegoaren gehiengoak 13 urte daramazkigu lanean eta berria irakurri duen edonori adierazi nahi diogu aurrera eramaten ditugun jarduerek ez dutela zerikusirik argitaratutako gertaerekin. Izatez, hain dira mingarriak eta burugabeak non amorrua zein gaitzezpena besterik ez dutela sortu gugan.

– Argitaratutakoa errealitatetik kanpo dagoen kalumnia besterik ez da.

– Arartekoak, Adingabeen Defendatzaileaketa eta Adingabeen Epaitegiek, Ibaiondon aurrera daramagun lana gainbegiratzen dute eta inolako trabarik izan gabe adingabeekin harreman etengabea dute.