2026-02-13
Blog Page 723

Oldarraldi erreakzionarioaren aurrean, hezkuntza gehiago sustatzearen alde agertu gara Nafarroan

0
Azken asteotan nabarmena da indar erreakzionarioen oldarraldia. Nafarroari erreparatzen baldin badiogu, oldarraldi horren esfortzu handienak guztion artean eraiki beharko dugun hezkuntza eredu berriari eraso egitean oinarritzen ari direla nabarmendu beharra dugu. Euskara, genero ikuspegia, hezkuntza eredu berriak eta antzeko gaiak jarri dute euren jomugan, orain arte bizi izan dugun erregimenarekin eroso egon den hainbat alderdi politiko eta eragile sozialek.

LAB sindikatuak bereziki ohartarazi nahi du gure mutur aurrean gertatzen ari denaz, eredu patrialkal eta neoliberal suntsitzaileetan oinarritutako kanpaina baita hau, gainera gure jendartean babes gehien behar duten sektoreen aurka egina. Aipatu eredu patriarkal eta neoliberal horretan, berdintasun eza, lehiakortasuna eta harreman asimetrikoa dira ezaugarri nagusienak, beti ere gutxi batzuek gozatu duten botere eta eragina betikotzeko asmotan. Gainera ez dute lotsarik hori guztia askatasunaren eta berdintasunaren izenean egiten dutela adierazteko, ez eta “genero-ideologia” deritzotenaren aurka joateko, haiena jarrera natural eta neutroa balitz bezala. Argi eta garbi esan beharra dago: oldarraldi hori ez da guztion onurarako ekimen bat, oldarraldi erreakzionario garbia baizik. Oro har, desberdinarekiko bazterkeria betikotu nahi dute, euren fobiari (demofobia, homofobia, euskarafobia, xenofobia…) halako azalpen arrazional eta zibilizatua eman nahian.

LABek lanean jarraituko du orain arte landu izan ditugun hezkuntza ereduak inklusiboagoak eta demokratikoagoak izan daitezen. Horrez gain, bereziki kezkagarria iruditzen zaio kalapita eragiteko batzuek hezkuntza jomugan jartzeko hartzen ari diren ohitura txar hori.

Sindikatu honek beti babestuko ditu gure hezkuntza eredua hobetzeko eta egungo gizarteak dituen erronkei hezkuntzatik erantzuteko egin nahi diren esfortzuak. Alta, saio horiek errealismoz egin behar direla gaineratu nahi du.

Adibidez, Skolae egitasmoa Nafarroako Eskola Kontseiluan aurkeztu zenean, ongi-etorria emateaz haratago, horiek taxuz burutzeko behar-beharrezkoa dela eskolak baliabidez eta denboraz hornitzea, ez jadanik galtza bete lan duena oraindik gehiago itotzea.

Zehazki, honoko hiru ideia hauek nabarmendu genituen:
1. Programa balioztatzeko fasean landa eremuko eskolaren batean ere pilotajea egin zedila, plana hainben berezko ezaugarrietara ahalik eta hobekien egokituz.
2. Proposamenak zeharkakoa izan behar zuela aldarrikatu genuen, ikasgai arlo eta eskolaren eremu guztiak zipriztintzea beharrezkoa baita.
3. Plana aurrera eramateko irakasle eta maisu-maistrentzako ordu konpentsatzioa beharrezkoa zela argudiatu genuen, bai eta baliabide materialerako diru hornikuntza egokia prestatzea. Horrez gain, baliabide funtzionaletarako plangintza eraginkorra abian jartzea beharrezkoa zela adierazi genuen.

Halaxe adierazi genuen Skolae aurkeztu zenean eta berriro ere ozen aldarrikatzen dugu horren egitasmo garrantzitsuak abian jartzeko baliabideen aurreikuspenak parekoa izan behar duela.

Bukatzeko, LABek pedagogia feministarantzat ematen den pauso ororen babesa eta horrekiko konpromisoa berretsi nahi du.

 

 

 

Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek Garbialdiren jokaera salatu dute berriro

Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek greba mugagabean jarraitzen dute. Agerraldi bat egin dute gaur euren aldarrikapenak jakinarazteko eta, bide batez, Garbialdiren kontra Lan Ikuskaritzan sartutako salaketaren berri emateko, gutxieneko zerbitzuak gehiegizko bilakatzeagatik. Ondoren, elkarretaratzea egin dute Donostiako Bulebarrean.
 

 

 

Loramendiko langileek Bizkaiko Gizarte Ekintza sailera eraman dute euren ezinegona

Erandioko Sanitas Loramendi adinekoen egoitzako langileak lanuzteak egiten ari dira. Urriaren 20ean, zuzendaritzaren immobilismoa eta erantzun faltaren aurrean, egunean 24 ordutako greba mugagabea egitera behartuta ikusi zuten euren burua, eta, gaur, mobilizazioen baitan, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailean bildu dira. Bertan, gutun bat erregistratu dute, Gizarte Ekintzako diputatuari eta aldundian ordezkaritza duten alderdiei zuzenduta, euren egoeraren berri emateko. Erandioko udalean ere idatzi bat erregistratu zuten joan den astean.

Hauxe da gaurko agerraldian egin duten irakurketa:

Sanitas Loramendiko langileok ekainaren 4az geroztik eguneroko lanuzteak egiten ari gara, baina, zuzendaritzaren aldetik inmobilismo eta erantzun eza direla medio, 24 orduko greba mugagabea egitera behartuta ikusi dugu geure burua.

Grebarako arrazoiak honakoak dira:

Duela hamar urte baino gehiago egoitzaren garbiketa pertsonalak pairatzen duen bazterketa egoerarekin amaitzea.

Nahiz eta egoitzaren beharrak eta garbiketa taldea arduratzen den tareak urteak pasa ahala haunditu, garbiketa taldeak jardunaldi partzialak izaten jarraitzen du. Honek ondorio latzak dauzka langileen osasun egoeran, beren gorputzak jasan behar baitituzte lan baldintzak eta lan erritmo jasangaitzak.

Epe berdinean oporrak disfruta ditzakeen langile kopurua handitu dezatela, gure bizitza profesionala eta familia bizitza kontziliatu behar ditugula kontutan hartu behar da.

Gure eskaerak bete daitezen hobekuntza ekonomiko nahiz sozialei uko egin diegu bazterketarekin amaitzeko eta pertsona bezela onartuta daukagun eskubidea berma diezagutela, hots, gure lan bizitza eta bizitza pertsonala kontziatzeko eskubidea izatearena.

Gure eskaerak eskuragarri eta gauzagarriak dira, eta enpresaren aldetik erantzun ez izana ulertezina da.

Baldintza onenetan zaintzeko osasuntsu egon behar gara eta lan baldintza duinak izan behar ditugu. Egoera irauli nahi dugu erabiltzaileentzat Loramendin bizitzea kalitatearen bernea izan dadin.

Hau guztiarengatik datozen asteotan herri eta hiri ezberdinetan pairatzen dugun egoeraz informatzen eta egoera bera salatzen egongo gara.

Hauek dira aurreikusitako moblizazioak:

-Urriak 25, 17:00etatik 18:00etara SANITAS LORAMENDI egoitzean konzentrazioa.

-Urriak 26, 11etatik 13tara Astrabuduaren metro geltokiaren inguruan jaima informatiboa.

-Urriak 28, 17:00etan, SANITAS LORAMENDI egoitzan.

-Urriak 29, 11etatik 13tara Foru Aldundian(Bilbon) jaima informatiboa.

-Urriak 30, goizeko 10etan SANITAS LORAMENDItik kotxe karabana.

-Urriak 31, 11etatik 13tara Leioako Sakoneta polikiroldegian jaima informatiboa.

 

 

 

[IRITZIA] “Euskara Nafarroa osoan #behingoz ofiziala izan dadin”

LABek bat egin du Kontseiluaren deialdiarekin, sindikatuko Euskara idazkari Amaia Aurrekoetxeak, Nafarroako eledun Imanol Karrerak eta Nafarroako Euskara arduradun Iñigo Orellak sinatutako iritzi artikulu honen eskutik. Hain zuzen ere, urriaren 27an, 17:00etatik aurrera, manifestazioa izango da Iruñean.

Hurrengo hilabeteetan Nafarroako Parlamentuan ikusiko da ea aukera dagoen Nafarroako biztanle guztien hizkuntza eskubideak aitortuko dituen lege berri bat onartzeko, edo oraingo hizkuntza apartheid diskriminatzaileari hauspoa emanen zaion. LABen iritziz ezinbestekoa da Nafarroako bertako bi hizkuntzen hiztunei berdintasuna, justizia eta erreparazioa bermatuko dien lege marko berri bat.

Indarrean dagoen 1986ko legean herritarren euskara ezagutzeko eskubidea, bere berreskurapena eta erabilera bermatzea agertzen dira helburuetan. Aitzitik, legearen egile eta defendatzaileek 32 urte hauetan kontrako noranzkoan erabili izan dute, herritarrek euskara ikas ez dezaten, berreskura ez dadin eta erabilera normalizatuari etengabe trabak jarriz. Ezarritako zonifikazioak herritarren hizkuntz eskubideen urraketa blindatzen du, eskubide desberdinak aitortuz herritarra unean une dagoen udalerriaren arabera. Beste aldetik, elebidunen gainean elebakarren supremazismoa ezartzeko erabili da: “Nafarroako hizkuntza bakarra jakiteak aukera gehiago eman behar du biak jakiteak baino”. Lege atzerakoiak gehienetan administrazioaren esku uzten du herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea edo ez. Herritar elebidun gehienek ez dute eskubiderik hizkuntza aukeratzeko osasun zerbitzuetan edota administrazioan. Euskarazko profileko lanpostuak betetzen dituzten langileek lan baldintza okerragoak edukitzen dituzte maiz administrazioan: jardunaldi erdi ugari administrarien artean; unibertsitatean euskarazko kredituak ematea behin-behinekotasunarekin lotzea… Irakaskuntza kenduta, administrazioan lanpostuen %1ak soilik dauka euskarazko profila, batzuek aldarrikatzen duten errealitate sozio-linguistikotik oso urrun; ospitaletan 6.000 lanpostuetatik, bakarrak. Eremu ez-euskaldunean edo diskriminatuan lan deialdi publikoetan gehiago baloratzen da alemana bertako hizkuntza den euskara baino…

Legegintzaldi honetan, aski ez izan arren, egindako noranzko aldaketa eskertzen da: euskarazko komunikabideen zilegitasuna ahalbidetzea, euskararen presentzia ekitaldi instituzionaletan, D eredua Nafarroa osora zabaltzea, euskara sartzea baldintza bezala herritarren arreta eginen duten kontratu publikoetan… Hala ere, diskriminazioa leundu bada ere, inolaz ere ez dira hizkuntza eskubide zibilak bermatzen: Euskararen Legearen altzoan jaio den dekretuak aurrerapauso txikiegiak egiten ditu eta zonifikazioa eta eskubide urraketa ontzat jotzen ditu; euskarazko profileko lanpostua duten funtzionarioek ezin dute gaztelaniazkoa eskatu gai izan arren (bakarrik hizkuntza profil honetan gertatzen da), Hezkuntzan D eredua eskaintzen da Nafarroa osoan baina ez da murgiltze eredua bermatzen; logikotasun osoz estatuko administrazio elebidun guztietan eta Nafarroako zerrenda guztietan erabiltzen den zerrenda bakarra, ezin da erabili Irakaskuntzan; hamarkadetan babesik gabe, zorpetzen eta bakardadean eremu ez-euskaldunean D eredua zabaldu duten ikastolek ez dute jaso momentuz merezitako aitortza eta bizirauteko bermea, Akordio Programatikoan horrela azaldu arren…

Legeria aldatzeko beharra nabaria da. Konplexuak eta ausardi falta ezin dira bidelagunak izan. Norbanakoen eskubideak ezin dira egon momentuko gehiengo edo aldakorra den errealitate sozio-linguistikoaren menpe. Pertsona beltzen eskubideak ezin dira egon gehiengo zuriaren apeten menpe. Zoritxarrez laukoaren barnean badago nor aitortzen duena eroso dagoela gaur egungo egoeran, non giza eskubide kategoria duten hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen diren.

Lege berriak herritarrak erdigunean kokatu behar ditu. Legeak estatu espainiarrak onartu eta berretsitako Europako Hizkuntza Gutxituen Kartan euskara eta Nafarroako euskaldunei aitortzen zaizkion eskubideak bermatu behar ditu. LABek Parlamentuan aurkeztu zuen proposamenean azaltzen den bezala, lege berriak euskarari ofizialtasun estatusa eman behar dio Nafarroa osoan eta, zonifikazioa gaindituz, herritar orori eskubide berdinak aitortu behar dizkio; hizkuntza politikek egokituko dute legea udalerri bakoitzeko errealitatera. Lege dinamikoa izan behar da koofizialtasuna eta euskararen normalizazioari bidea emanen diona eta ez murriztailea. Nafarroako bi hizkuntzetako edozein erabiltzeagatik inor diskriminatzeko aukerarik ematen ez duena. Hizkuntza ahulenarekiko diskriminazio positiboa eginen duena. Nafarroako herritar ororentzat euskara dohainik ikasteko eskubide unibertsala bermatu beharko du. Hezkuntzan, euskararen inguruko eragile gehienek proposatzen duten bezala eta munduko jendarte eleanitzen joera jarraituz, hizkuntza eredu integral bakarra euskarazko murgiltzea eta eleaniztasuna bermatuko duena, eta gainera egungo segregazioa gainditzeko eta giza kohesioa bultzatzeko balioko duena. Administrazio guztiei giza eta diru baliabideak eskaini beharko dizkie hizkuntza politika eraginkorrak egin eta herritarren hizkuntza aukeratzeko eskubidea bermatu ahal izateko. Azkenik, langileen euskaraz ikasteko, euskaraz lan egiteko eta lan harremanak euskaraz izateko eskubideak arautu behar dira.

Horregatik guztiagatik, LABek dei egiten die herritar guztiei Kontseiluaren deialdiarekin bat eginez, urriaren 27an 17:00etatik aurrera Iruñeko kaleak berdintasuna, justizia eta kohesioaren aldeko aldarriaz bete dezaten. Aurrean dugun aukera probestu behar dugu euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan #BEHINGOZ.

 

 

 

Estrasburgok, bere erabakiarekin, Espainiak euskal presoekiko erabilitako zitalkeria juridiko-politikoa babestu du

Euskal presoei Frantzian egindako kartzela urteak zenbatzeko auzian Estrasburgo Espainiako Estatuarekin lerrokatu da, eta epai honen inguruan zeuden aurreikuspen guztiak zapuztu ditu. Berri onak espero genituen, baina kontrakoa jaso dugu. Ez zen euskal jendarteak espero zuen erabakia, ez presoek eta haien senideek merezi zutena, ezta herri honetan behar genuena ere.

Espainiak hainbestetan eta hain zitalki, euskal gatazkari lotuta, euskal presoekiko erabili duen eta darabilen zitalkeria juridiko-politikoari babesa eman dio Estrasburgok erabaki honekin. Salbuespenezko legedia onesten dute, presoak zigorra birritan betetzera kondenatuz. Europako legediari lotuta hainbestetan aldarrikatu izan den gizatasunean oinarritutako espetxe-politika hankaz gora jartzen duen erabakia da.

Euskal presoen eskubideak etengabe eta egunero urratuak izaten ari dira, dela dispertsio politika, direla salbuespenezko neurriak, gradu aldaketen ukazioa, gaixo diren presoen eta adinekoen egoera… Eta ez dago sententziarik errealitate hori ezkutatuko duenik.

Euskal Herrian bake, normalizazio eta bizikidetzan aurrera egingo badugu presoen auzia konpondu beharra dago, ezinbestekoa da, premiazkoa, presoekiko eta haien senideekiko giza eskubideen urraketarekin amaitzea. Euskal Herrian inoiz ezagutu gabeko argazkirik anitzena ikusi dugu presoen eskubideen aldeko azken mobilizazioan, aurreko asteburuan. Bide berean sakontzen segitzeko deia egiten dugu LABetik, mobilizazioaren bueltan, adostasunak eraikitzen. Etxean eta kalean nahi eta behar ditugulako.

 

 

 

Ez dago aurrekontu sozialik

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontu proiektua ezagutu dugu gaur. Aurrekontu hauek aurreko urteetako aurrekontuen bide beretik doaz, eta, beraz, aurrekontu proiektu neoliberal baten aurrean gaude.

Hutsune ugari ikusten dizkiogu:

-Aurrekontuen eztabaida ezin da gastuen eztabaidara mugatu. Gastuez hitzegin aurretik sarrerez hitz egin behar da eta horrek eskatzen du zerga politikari heltzea. Helburu horretatik urrun daude aurrekontu hauek. Zerga politikaren eztabaida berrartu beharra dago.

– 135.artikuluaren aldaketaz geroztik zorraren ordainketa lehenesten da eta gastu mugari men egiten zaio, baita Jaurlaritzak ere, aurrekontuotan. Zorra ordaintzea lehentasunezko den bitartean ez dago politika publikoetarako eta gastu sozialerako behar den inbertsiorik.

Hori horrela den bitartean, ez dago aurrekontu sozialik. Ez dago egoera soziolaboralean sakoneko aldaketakegitekoasmorik. Ezaberastasunarenbanaketajustubaterakoborondaterik,ezneurririk. Bestelako zerga politika bat sustatzea ezinbestekoa da horretarako.

Aurrekontu proiektua xehetasunez aztertu eta datozen egunetan agerraldi bidez ezagutaraziko dugu LABetik egiten dugun irakurketa. Edonola ere, dauden behar sozialei erantzuteko lehentasunezko neurriak eskatzen jarraitzen dugu aurrekontuen eztabaidari begira, aurrekontuek izan behar dutelako:

-Enplegua duintzeko aurrekontuak. 1200 euroko gutxieneko soldata eta soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak jasoaz.

-Behar sozialei aurre egiteko bokazioa duten aurrekontuak (1080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsio arrakalarekin amaitzeko neurriak jasoaz edota Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren Herri Ekimen Legegilean jasotako RGIaren igoera aurreikusiz).

-Sektore publikoan enplegua egonkortzera bideratutako aurrekontuak. 

-Industria politika eraginkor baterako aurrekontuak.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena aldarrikatu dugu berriro

LABeko Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek auto karabana bat egin dute gaur Urola Kosta eskualdean, eta, ondoren, elkarretaratze bat egin dute Azpeitiako plazan, "Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain" leloarekin, irailaz geroztik deitutako mobilizazioekin egin bezala. Ostiralerako iragarritako greba egunaren atarian egin dituzte gaurko mobilizazioak.


 

 

 

Hezkuntza sistema burujabea aldarrikatu dugu, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ardatz

0


LAB sindikatua bere Hezkuntza egitasmoa berritzeko prozesuan murgilduta dago. Prozesuaren nondik norakoak azaldu ditugu gaur, komunikabideen aurrean. Eztabaidarako txostenaren laburpena aurkeztu dugu bertan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Irakaskuntzako arduradun Maider Izagirreren eskutik.  


"LABen gure hezkuntza egitasmoa berritzeko prozesuan murgildu gara. Gogoeta prozesu bat da; prozesu parte hartzaile bat, hain zuzen ere, eskualdez eskualde, gure afiliatuekin zuzenean arituko baigara". Garbiñe Aranburuk eta Maider Izagirrek hala jakinarazi dute gaurko agerraldian, eta prozesua bera barne hausnarketa baino gehiago dela azpimarratu dute: "Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko herri adostasunen bila goaz".

Hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du LABeko Irakaskuntzako arduradunak, gure herriaren garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren zutabe nagusia delako: "Estatuek ezarritako oztopoen gainetik eredu propio bat garatzeko bide oparoa egin dugu, hezkuntza eredu propioaren bidea; Frankismo garaian Ikastolen sorrera, 80.hamarkadarik aurrera eskola publikoak euskaldundu eta eraldatu, UEU sortu, unibertsitalteen euskal adarrak, Euskal Kurriculuma sustatu da, hezkindetzaren aldeko lana, pedagogia aktiboak… Langileon seme-alabek hezkuntza duina jaso dezaten gogor egin dugu lan, baina azken urteotan arazoak eta erronkak pilatzen ari zaizkigu. Hala, gure ekarpena egin nahi dugu etorkizunari begirako oinarri komun batzuk jartzeko". 

Garbiñe Aranburu LABen proposamenari buruz aritu da; Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ardatz izango duen hezkuntza sistema propio eta burujabea. "Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa izateko duen eskubidea aldarrikatzen dugu. LOMCE moduko inposaketarik gabe, bertan erabaki nahi dugu. Inposatu izan zaizkigun Espainia eta Frantziako publikotasun eredu zentralizatuen aurrean, Euskal Herrirako publikotasun eredu berria defendatzen dugu", azaldu du sindikatuko idazkari nagusiak.

Eredu berriaren ezaugarriak zeintzuk izan beharko liratekeen zehaztu du:

-Diru publikoz finantzatuko da eta doan izango da.
-Integrala izango da, jaio eta bizi osoan. 0-18 tarteak garrantzi berezia du.
-Euskara izango da hezkuntza sistemaren hizkuntza nagusia.
-Deszentralizatua: ikastetxeen titularrak udala edo eskualdeka eta hezkuntza komunitateak izango du hezkuntza egitasmoaren gaineko erabakiak hartzeko aukera
-Euskal Kurriculumean eta pedagogia aktiboetan oinarritutako hezkuntza eredua izango du, kalifikazio eta azterketen eredua gainditu eta konpetentziak garatzera bideratuko da.
-Langile ereduari dagokionez, prestakuntza eta lan baldintza egokiak bermatuko ditu. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "hau ez da gaur egun Euskal Herrian dagoen publiko eredua. Egun urrun gaude eredu honetatik. Eztabaida ezin da mugatu publiko-kontzertatura, ezin da indarrean dagoen sistema dualera mugatu (eskola publikoa batetik eta itundutako eskola nagusiki erlijiosoa bestetik, eta ikastolak) edota sistema publikoaren aldeko hautura".

LABeko idazkari nagusiaren arabera, "Euskal Herrirako publikotasun eredu berri bati buruz ari gara. Eta bitartean zer? Trantsizio bat proposatzen dugu. Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidea egin behar da, hobetzeko neurriak hartuz".

Hain justu, hauek izan beharko lirateke neurri horiek: 

-Hezkuntzara bideratzen diren baliabide publikoak handitu egin behar dira. BPGren %6. Ratioak jaitsi eta langileei ezarri zaizkien murrizketa oro bertan behera utzi eta lan baldintza duinak bermatuko dira.

-Segregazio eta diskriminazio mota guztiekin amaitzeko neurriak hartuko dira.

-Eskola publiko eta kontzertatu guztietan bete beharreko irizpideak:

• Ikasleek euskararen ezagutza osoa dutela bermatu
• Euskal Kurrikulumean oinarritutako hezkuntza egitasmo propioa izatea
• Kalifikazio eta azterketen eredua gainditu eta konpetentziak garatzera bideratuko den ebaluazio eredua ezartzea
• Hezkuntza komunitate osoak izan behar du hezkuntza egitasmoaren diseinuan parte hartzeko aukera
• Laikotasuna bermatu behar da
• Doakotasuna

-Estatus politiko berriek Euskal Herrian hezkuntza eskumen osoak ditugula bermatu behar dute.

 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitza guztiak grebara deitu ditugu urriaren 26rako

LABeko Gipuzkoako adinekoen egoitzetako delegatuek agerraldi bat egin dute gaur, Donostian, eta negoziazioaren blokeoaren aurrean hitzarmen duina lortzeko deitutako greba eta mobilizazioen berri eman dugu.

Hauxe da agerraldian esandakoa:

Joan den ostiralean, Gipuzkoako zahar-egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia bildu zen, eta berriro ere, ADEGI, MATIA 2020, LARES eta ACGG patronalek Gipuzkoako langile guztientzat herrialdeko lan hitzarmen bat lortzeko duten borondate eza erakutsi ziguten.

LAB sindikatua eredua alda dadin lanean eta mobilizatzen aritu da, jendartearen funtsezko eskubideak hobetzeko, ez interes ekonomikoak saritzeko. Horregatik, negoziazio mahai honetan herrialdeko hitzarmen bat lortu nahi dugu zeinaren ardatz nagusiak diren:

– Oinarrizko soldata toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari homologatzea.

– Kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea.

– Langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan-batzorde parekidea sortzea.

– Prestakuntza kontutan izateko puntu garrantzitsua izatea.

Baina bileran patronalek proposamen bat aurkeztu zuten, non ez dieten gure plataformei erantzuten, nahiz eta behin baino gehiagotan eskatu diegun.

Nazkatuta gaude patronalek duten jarrerarekin, negoziazio mahai honek langileen beharrei ez erantzutearekin, sektore honen arduradun nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiak gure behar eta aldarrikapenei muzin egitearekin.

Urtebeteko mobilizazioen ondoren, LAB sindikatuak borroka areagotzea erabaki du urriaren 26an grebara deituz, eta Gipuzkoa plazan, goizeko 12:00etan, Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean elkarretaratzea burutuz.

Egoerak bere horretan jarraituz gero, grebarako deialdi gehiago egingo ditugu.

Langile guztiei deia egiten diegu herrialdeko hitzarmen duin baten aldeko borrokara lotu daitezen.