2025-12-23
Blog Page 72

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloaren kudeaketa komun bat eskatzen dugu

LAB, ELA, Steilas, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek, 0-3 hezkuntza zikloko irakasle eta gurasoekin batera, elkarretaratzea egin genuen atzo arratsaldean Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, zikloaren kudeaketa komun bat eskatzeko.

Nafarroako gizartea Hezkuntza Departamentua hartzen ari den norabideaz ohartaraztea zen mobilizazioaren helburua.

Doakotasunaren eta unibertsaltasunaren izenean, Gobernuak ez du zikloa bere gain hartzen, are gehiago, bi urteko gelak haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetara eramaten ditu, zikloa beste behin ere zatituz.

Gaur egun, errealitate oso desberdinak dituzten 100 eskola baino gehiago gara, bai kudeaketan, bai lan-baldintzetan. 

Errealitate horri aurre egiteko, joan den ikasturtean 0-3ko Intersindikala sortu genuen, Departamentuari denak ez duela balio ikustarazteko. 0-3ko hezkuntza-etapa gutxietsi eta zatitu honetaz, Departamentuak behingoz ardura hartzeko momentua iritsi da, zerbitzuaren beharrei eta egunez egun onena ematen dugun profesionalen beharrei erantzuteko momentua.   

Hezkuntza Departamentuari egiten dizkiogun aldarrikapenak argiak dira:

  • Alde batetik, zikloa ordenatzea eskatzen dugu, adabakiak jartzeari uztea eta departamentuak bere gain har dezan Nafarroako udal haurreskola guztien kudeaketa komuna.
  • Bigarrenik, behin baino gehiagotan eskatu dugun negoziazio-mahai bat sortzea, gure zikloaz hitz egin ahal izateko, ez baitugu sektoreko langile guztiei ahotsa emateko fororik.
  • Eta azkenik, gure ezinegona adierazi nahi dugu 2 urteko gelei dagokionez.

Joan den ikasturtean hiru ikastetxe publikotan ezarri ziren, eta proiektu pilotuaren ebaluaziorik egin gabe, aurten bi eskola berritan irekitzeko egiten ari diren azterlanaren berri izan dugu. Alaitz ikastetxeko eta Ezkabako hezkuntza-komunitatea, familiekin batera, mobilizatzen ari dira, ez dute bi urteko ikasgelak irekitzeko beharrik ikusten, are gehiago, ikastetxeen ondoan dituzten haur-eskoletan itxaron-zerrendarik ez dagoenean.

0-3 Zikloak bizi duen errealitate hain desberdinei aurre egiteko momentua da eta kudeaketa komuna da, gabezi horiei guztiei aurre egiteko tresna. Negoziazio mahai bat behar dugu 0-3 ziklo integrala defendatzeko.

Hiru greba egun deitu ditugu Nafarroako desgaitasunaren sektorean

Gaur erregistratu ditugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 1ean egingo ditugun hiru greba egunak. Honetaz gain, mobilizazio bana egin dugu Eraikin Inteligenteetan eta PAGNAren egoitzan.

Datorren otsailaren 24an urtebete egingo du Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia eratu zenetik. Geroztik gaur arte, Patronalek eta Nafarroako Gobernuak, PAGNAren eskutik, blokeatzen jarraitzen dute desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko zentroen hitzarmenaren negoziazioa.

Mahaian ordezkatuta gauden lau sindikatuen borondatea da negoziazioarekin jarraitzea, baina horretarako bi aldeen borondatea behar da eta, zoritxarrez, beste aldeak planteatzen dizkigun baldintzetan ez dago aurrera egiteko aukerarik. Horregatik guztiagatik, lau sindikatuok pilota patronalen teilatuan utzi nahi dugu, berriro negoziatu ahal izateko gutxieneko batzuk eman arte.

Eskaini duten planteamendua da langileriak erosteko ahalmena galtzea; izan ere, % 2ko igoerarekin eta beste ezer eskaini gabe, ezetz baino ezin dugu esan. Eta hori da duela urtebetetik negoziazioan dugun jarrera.

Lau sindikatuok garbi daukagu negoziaziora itzultzeko bidezkoa zer den:

– KPI + % 2ko proposamen ekonomikoa, 2024tik aurrerako atzeraeraginarekin

– Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzeko lanaldi bat murriztea.

– Txandako osagarria sartzea.

– Hobekuntza sozialak eta lan-osasunean ere hobekuntzak..

Berriz ere gogorarazi behar da dirua Administraziotik bakarrik ateratzen dela, enpresek ez baitute euren irabazien euro bakar bat ere jartzen sektoreko langileen soldata-baldintzak hobetzeko.

Baina Nafarroako Gobernua da desgaitasunaren sektorearen arduradun zuzena, zaintzak enpresa pribatuei esleitzea erabaki arren. Irabaziak dituzten erakundeekin kontratuak sinatzen ditu, eta langileek lantokietan jarraitzen dute euren onena ematen.

Langileek sentitzen dute enpresen alde egiten duen Gobernu batek gaizki tratatzen dituela. Negoziazio mahaian patronalaren jarrera hartzen du honek, negoziazio kolektiboa mugatuz, esleitzen dituen kontratuek entitateei negoziazioan aurrera egiteko onurak ematen dizkieten bitartean.

Otsailaren 27an bi mobilizazio egingo dituzte, Parlamentuan 9:00etan eta Karlos III.ean 19:00etan. Otsailaren 28an, PAGNAren aurrean mobilizatuko dira 10:30ean eta martxoaren 1ean Merindadeetan 12:00etan.

SDA Factory-ko batzordea BSH Ezkirotzekoarekin bildu da Nafarroako lantegian

Bilera horretan bi lantokietako egoerei buruzko informazioa eta esperientziak partekatu dituzte, eta, ondoren, elkarretaratzea egin dute.

Gaur, otsailaren 5ean, Nafarroako BSH lan zentroan bilera egin dute. Jabe bera, prozesu desberdinak. Bata zuzenean eta bestea diferituan. Alemaniako multinazionalak Gasteizko lantokia saldu zuen, eta hamarnaka milioi ordaindu zituen putre batzuek odolustu zezaten, hartzekodunen konkurtsora eraman arte. Ezkirotzen ez dute kanpoko aktorerik behar izan 6 hilabeteko epean itxiera jakinarazteko. Bi prozesuak egun bateko aldearekin eman ziren ezagutzera. Kasualitatea?

Bileran argi geratu da denaren gainetik dirua eta dibidenduak bakarrik axola zaizkiela enpresariei. Langileak zenbaki bat besterik ez direla beren helburuak lortzeko. Gutxi axola zaizkie kalera doazen 700 familia baino gehiago.

Hala, bi batzordeok adostu dute komunikazio-kanalak irekita izango dituztela, bizitzen ari diren prozesuei buruz une oro informatzeko, eta ekintza bateratu gehiago aztertuko dituzte. Ahal den neurrian, bi batzordeek egiten dituzten ekimenak babesten saiatuko dira.

Bileraren ondoren, elkarretaratzea egin dute lantegiaren atarian, bertaratu diren SDA Factory enpresako langileekin batera. Nafarroako musika talde ezagun batek zioen bezala, “herriak bakarrik salba dezake herria”.

Gobernuaren, konkurtso-administrazioaren eta sindikatuen arteko mahaia eratzea eskatu du LABek, Sunsundeguirentzako irtenbide industriala bilatzeko

Sunsundeguiko LABeko sail sindikalak langileen batzar bat egin zuen atzo, enpresak bizi duen egoeraren berri emateko eta irtenbideak eskatzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, LABek Nafarroako Gobernuaren, sindikatuen eta Sunsundeguiko konkurtso-administrazioaren arteko hiruko mahai bat lehenbailehen sortzea eskatu du, lantegiaren etorkizunarekin zerikusia duen edozein gai jorratzeko eta konponbide industrial bat bilatzeko.

Kezkaz ikusten du LABek Sunsundeguiren etorkizunari buruzko albiste falta. Sindikatuak argi du interesa egon dela eta badagoela Altsasuko lantegiaren inguruan, baina ez du zehaztasunik ikusten, ezta konponbidea ekarriko duen plan industrialik ere.

Sunsundeguiko langileak nekaturik daude egoerarekin. Langileak langabeziagatiko prestazioa agortzen ari den ABEEE aldi baterako enplegu erregulazioko espedientean sartuta daude, eta ez dakite deus haien etorkizunari buruz. LABen ustez, gainera, ABEEE ez da modu bidezkoan aplikatzen ari, eta hala jakinarazi dio konkurtso-administrazioari.

Lehen aipaturiko batzarraren ostean, LABeko kideek elkarretaratzea egin zuten lantegiaren ondoan, Sunsundegui ez itxi eta Etorkizuna orain leloekin.

‘Izena duen oro bere izanaren jabe`, bere genealogia feminista aurkeztu du LABek

LABek ÂŽIzena duen oro bere izenaren jabe` lana aurkeztu du gaur, sindikatuaren Bilboko egoitzan. Bertan, sindikatuak 1996an Emakume idazkaritza sortu zuenetik egindako ibilbide feminista jasotzen da, genealogia, 28 termino eta mugarri nabarmentzen dituen glosario baten bidez. Sindikatuaren 50. urteurrenaren testuinguruan osatutako lana da eta ilustrazioz hornituta dago.

Maddi Isasi idazkari feministak genealogiak errelatatzearen garrantzia azpimarratu du, aurkeztu den liburua lan tresna bat dela azpimarratuz. “Dibulgaziorako lan bat da, sindikalismo feminista praktikatik definitzen ari garen kontzeptua baita”, nabarmendu du. Sindikatuari zein Euskal Herri feministari egindako ekarpena dela azpimarratu du. “Sindikalismo feminista praktikatik eraikitzen ari garen kontzeptu bat dela esaten dugu askotan. Bada, eraikuntza prozesu horretan beste aletxo bat jartzen dugu gaur”, gaineratu du.

Lan tresna honek LABek gaur egun sindikalismo feminista nola ulertzen duen jasotzen du, sindikatuak egiten dituen proposamen ideologiko edo oinarri politikoak nondik datozen azalduz. Isasik gaineratu du sindikatuak egindako ibilbide feminista kontatzeko ariketa egiten duenean erabiltzen dituen terminoak transmititzeko glosario bat izatea ere garrantsitzua dela.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra ere izan da aurkezpenean, eta adierazi du sindikatuaren mende erdiko historiaren baitan ibilbide feministari erreparatzeko tarte bat hartu duela sindikatuak, “non ginen eta non gauden jabetzeko garrantzitsua da bilakaerari begiratzeko denbora hartzea”.

LABen barrutik eraldaketa feminista bultzatzeko emandako urratsak ere azaldu ditu, hala nola, 1996an sortutako Emakume Arlotik 2017an sortutako Idazkaritza Feministara eta sindikatuaren Berdintasun Planetik Plan Feministara emandako jauziak. “Berdintasuna ez, feminismoa aldarrikatzen duena”, zehaztu du Aranburuk.

LABek eraldaketa feministarako proposamen integralak dituela ere gaineratu du Aranburuk; hala nola kapitalaren eta bizitzaren arteko talka berdimentsionatu eta gure praktika sindikalera ekarri izana, langile klasea bere osotasunean aintzat hartzea, zapalkuntza hirukoitzari intersekzionalitatea gehitzea, banaketa hirukoitza, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren definizioan emandako urratsak edo zor partriarkala.

Era berean, nabarmendu du LABek praktika sindikal feministaren aldeko apustu argia egiten duela, bizitza duinaren alde erantzun orokorragoak defendatzen dituela edo Mugimendu Feministarekin aliantzak indartu dituela.

Idazkaritza feministako kide Eli Etxeberriak azaldu du nondik eta nola sortu zen liburuaren ideia: “Delegatu berrientzako antolatzen dugun formaziorako sortu genuen oinarrizko glosario bat kontzeptu batzuk azaltzeko. Hor konturatu ginen guk termino horiek beste era batera erabili genituela, guztiz politizatuak genituela eta gainera borroka eta hausnarketa desberdinen emaitza zirela”.

Bere esanetan, memoria kolektiboaren ariketa praktiko bat da liburua, eta gaineratu du genealogia feminista emakumeen* memoria historikoa berreskuratzea dela, euren borroka eta lorpenak eta feminismoei zein historiari egin dieten ekarpena.

Lanaren izaera parte-hartzailea ere nabarmendu du Etxeberriak: “Atalak konpartituak dira eta borroka kolektiboei erantzuten diete, hau da, kontatu, bizi, ikusi, egin izan duguna idatzi dugu, ez ahazteko, gogoratzeko, merezi duen aitortza emateko…”.

EITBko zuzendaritzak eitb.eus eta EITBren Sozial Mediako zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak manipulatu ditu, hautaketa prozesuan egindako urraketa ezkutatzeko asmoz

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Bada, hor duzue ezkerretan zeintzuk ziren eitb.eus-eko eta EITBren Sozial Media arloko zuzendari izateko ezinbesteko baldintzak 2025eko urtarrilaren 8an -EITBko lan-eskaintzen atarian zegoen deialdian-, Nagore de los Rios, pertsona hautatua lanean hasi zenean. Euskaraz C1 maila izatea zen lehen baldintza.

Alboan, berriz, zeintzuk agertzen diren orain, urtarrilaren 28tik hona, zuzendari berriak euskaraz ez dakielako polemika lehertu eta gero. Jada itxita zegoen deialdi horretatik desagertu egin da C1 euskara eskakizuna. Nork kendu du? Zergatik? Zer ezkutatu nahi dute?

Abenduaren 17an jakinarazi zitzaigun langileon ordezkariei eta Administrazio Kontseiluari pertsona horren izendapena, euskaraz ez zekiela azalduz. Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna betetzen ez zuela ikusita, gaitzespen oharra kaleratu genuen LABetik erabakia atzera botatzea eskatzeko eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrarekin bilera eskatu genuen.

Ondoren, ELAk ere salatu zuen hautaketa eta prozesua errepikatzea eskatu zuen. Euskal Irrati Telebistako Euskara Batzordea, EITBko Erredakzio Kontseilu guztiak eta EITBko Langileen Batzorde guztiak ere jabetu dira urraketaz, eta hautaketa bertan behera utzi eta prozesua errepikatzeko galdegin dute.

Horrez gain, LABetik kexa aurkeztu eta eskuhartzea eskatu diegu Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eta Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeari, hautaketa horretan bi urraketa egin direla salatuz: lanpostuaren hizkuntza eskakizuna ez betetzea eta EITBren 2023-2027 Euskara Plana urratzea.

Aldekoa jaunak ez digu bilera eskariari erantzun, eta horren ordez, Behatokiari eman dion erantzun bera igorri digu idatziz: “Hautatutako hautagaia ondoen baloratua izan zen enpresa espezializatu batek egindako hautaketa prozesu ireki batean. (
) Zehazki, hizkuntzen mailari dagokionez, hautagai finalistek antzeko ezagutzak zituzten. EITBko zuzendaritza ziur dago hori ez dela eragozpena izango Interneteko plataformarik aurreratuena eta modernoena garatzeko, Taldeko edukiak eta, bereziki, euskarakoak, Internet ingurunean hazteko”. 

Prozesua deuseztatzeko asmorik ez duela ikusita, EITB Mediako LABek bere zerbitzu juridikoen esku utzi zuen auzia, EITBko zuzendaritzak Auzitegian defenda dezan zergatik hautatu duen baldintzak betetzen ez dituen hautagai bat zuzendari kargu horretarako. Eta hara non etorri den “ezustea”, baldintza hori, euskararena, desagertu egin delako lanpostuaren plegutik. Noiztik? Nork erabakita? Nork ezabatu du? Zergatik? Galdera asko daude eta denak epaitegian azaldu beharko dituzte.

Oso larria da gertatu dena (baldintzak betetzen ez dituen pertsona bat hautatzea) eta gertatzen ari dena (urraketa ezkutatzeko baldintzen-agiria manipulatzea). Zintzotasunak eta zuzentasunak izan behar lukete edozein ardura karguren lehen oinarriak. Zer gertatzen da izendapen honekin? Zergatik ari dira arau hauste hauek guztiak egiten?

Astearte honetan bertan, EITBren Administrazio Kontseiluan gai honi buruz galdetuta, “gu saiatzen gara euskaldunak lortzen zuzendaritzarako, baina beti ezin da”, adierazi zuen Aldekoak, “erabakietan oreka izan behar dugu profil profesionalaren eta hizkuntzaren artean”, gehituz. Alegia, PP, Vox eta ultra-eskuinaren tesiekin bat egin eta “Zer nahi duzu mediku ona ala mediku euskalduna?” teoriari heltzen dio EITBko zuzendari nagusiak ardura postuetan erdaldun elebakarrak jartzea justifikatzeko. Pentsatzen du, antza denez, ez dagoela profesional erdaldun bat baino aukera hoberik euskara eta euskal mass-media unibertsoa bultzatzeko.

Horiek horrela, EITB Mediako LAB azken muturreraino joateko prest dago, EITB osoan hautaketa prozesu guztiak gardenak eta zuzenak izan daitezela bermatzeko. Hau guztia onartezina da enpresa publiko batean. Hau guztia ezin da enpresa publiko batean gertatu.

LABek oso ontzat jo du Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenerako lorturiko aurreakordioa

Urtebete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, LAB sindikatuak, Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialean ordezkaritzaren %70 inguru duenak, gaur akordio bat lortu du patronalarekin sektoreko bigarren hitzarmena sinatzeko. LABek oso positiboki baloratzen du hitzarmen hau, 2025-2028 urteetan indarrean egonen dena, sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak nabarmen hobetzen dituelako ‒2.000 inguru dira Nafarroan‒.

Hitzarmenaren berrikuntza nagusietako bat da hitzarmenaren bukaeran orduak parekatuko direla funtzio publikoko txanda normalizatuenekin; izan ere, 2028. urtean Esku-hartze Sozialeko langileek urteko lanaldi efektiboko 1.592 ordu izanen dituzte. LABek Esku-hartze Sozialeko langileak administrazio publikoko langileak izatea aldarrikatzen du, euren lana nahitaezkoa baita zerbitzu publikoak behar bezala garatzeko, baina pribatizatuta daude. Hori dela eta, negoziazio honetan LABek borroka egin du bere baldintzak sektore publikoko langileenekin ahalik eta gehien parekatzeko.

Soldaten taulari dagokionez, 2025 honetarako %2,4ko gutxieneko igoera sinatu da, baina Nafarroako 2024ko KPIa %2,7koa izan denez, KPIaren igoera aplikatuko da. Gainontzeko urteetarako akordioa da urtean gutxienez %2 igotzea, baina Nafarroako KPI altuagoa izanez gero KPI aplikatuko da.

Lortu da, halaber, baja guztiak % 100ean osatzea lehen egunetik kasu guztietan, eta horrek aurrerapen nabarmena dakar aurreko hitzarmenarekin alderatuta.

Era berean, prestakuntza-programetako langileek gehienez 1.408 orduko lanaldia izanen dute urtean, eta plus bat.

Plus berriak eta plusen baten bateragarritasunak txertatzea ere lortu da.

Hobekuntza sozialei dagokienez, langileen legezko ordezkariekin barne-sustapeneko prozedurak negoziatzeko akordioak lortu dira, ordu osagarriak hobeki arautzea, erabiltzaileekin gatazkarik izanez gero langileei orientazio juridikoa ematea, hala adierazten duten eskaera guztiak jaso izana adierazteko betebeharra ezartzea enpresei, opor-egun bat gehiago, langileen (batez ere haurdunen) babesa hobetzea, bertzeak bertze.

Era berean, azpimarratu behar da akordio honekin, 4. taldeko langileek beren soldata-baldintzak administraziokoekin ia parekatuta izanen dituztela, eta gainontzeko taldeek lortzen dutela langile publikoekiko aldea txikitzen joatea.

Hau guztia posible izan da sektoreko langileek irailetik abendura bitartean eginiko mobilizazioei esker, hilabete horietan elkarretaratzeak, manifestazioak, enpresetan ekintza zehatzak eta abar egin baitziren. Hori gakoa izan da sektorean egiten den lanaren garrantzia ikusarazteko orduan, eta modu horretan patronala konbentzitu dute akordio horiek lortzeko.

Gainera, kontuan hartu behar da akordio hori lortu dela, nahiz eta Nafarroako Gobernuak zailtasunak paratu dituen administrazio publikoko langileendako ezartzen zutena baino hobekuntza handiagoen kontra, baldintza-agirietan negoziazio kolektiboaren aurka egiten saiatu diren klausulak sartuta.

LABek jarraitzen du Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialeko sektorean gehiengoa duen sindikatua izaten, eta koherentziaz eta konpromisoz heldu dio negoziazio honi. LAB sindikatuak sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan segituko du, bertze behin ere antolakuntza kolektibo eraginkorreko tresna dela erakutsiz. LABek eskerrak eman nahi dizkie sindikatuan konfiantza izan duten eta bigarren hitzarmen hau lortzeko kalera atera diren langile guztiei.

‘1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen’ erakusketa ikusgai egonen da Nafarroako Parlamentuan otsailaren 4tik 20ra

Gaur, Nafarroako Parlamentuan, 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketaren inaugurazio ekitaldi instituzionala egin da, bertan egonen baita ikusgai otsailaren 4tik 20ra. Ekitaldian Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Imanol Karrera LABeko bozeramaileak hartu dute hitza. Gainera, bertan izan dira Parlamentuko Mahaiko kideak eta bozeramaileak, eta eragile sozial eta sindikalen ordezkariak, sindikatuko militanteak eta jarraitzaileak.

1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketak sindikatuaren historiari buruzko zertzelada batzuk ematen dituzten hamar panel handi jasotzen ditu, baita Maiatzaren Leheneko LABen kartel gehienak ere, eta zenbait objektu eta dokumentu zahar hurbiletik ikusteko eta ukitzeko aukera ematen duten lau mahai ere bai. Erakusketa honekin LABek bukatutzat joko ditu 50. urteurrenari buruzko ospakizunak.

Erakusketa Nafarroako Parlamentuan egonagatik ere, ikuspegi orokorra du, nazionala. Hau da, ez da bakarrik Nafarroari buruzkoa. Hala ere, panel orokorretan Nafarroako gauzak agertzen dira, noski, eta gainera lau aldeko zutabe oso batean azaldu dira LABek herrialde honetan dituen zenbakiak, Parlamentuarekiko harremana eta zenbait lorpen nabarmen.

LABek sustrai sendoak ditu Nafarroan. Baina urtetan baztertua izan da, baita Parlamentuan ere. Horixe aipatu izan dute gaur beren mintzaldietan bai Hualde lehendakariak bai Karrera LABeko bozeramaileak. Bazterketa hori gainditzen ari da eta horren erakusgarri da LABek bere ibilbideaz harro azaltzeko moduko erakusketa paratu duela Parlamentuan berean.

LABek umiltasun osoz aitortzen du une honetan Nafarroako 4. indar sindikala dela, horren kontzientea da, baina hori horrela izanik ere, herrialdeko borroka sindikaletan determinantea dela aldarrikatzen du. Nafarroako ekosistema sindikala aldatzen ekarpena egiten duen sindikatua da. Beti ere langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko, langileriak klase bezala behar duen bere herriaren aldeko burujabetzaren alde, aldaketa sozialaren alde.

Erakusketan, LABen historiak argi uzten du sindikalismoa egiteko beste modu bat duela: herriarekin eta langileriarekin konektatzen duen euskal sindikalismo eraldatzailea. Izaera ezberdin eta berri hori Parlamentuarekin izan eta baduen harremanean agerian geratzen da. Hala, Parlamentuaren barnean (bileretan, lan saioetan, lege proposamenetan…), aurrean (elkarretaratzeetan) zein gainean (kateaturik, zintzilikaturik) aktiboa eta borrokalaria izan da LAB, langileen eskubideen eta interesen defentsan, borrokak ematen duen indarretik, kontraboteretik proposamenak egiten.

Nafarroan LABen datuak aintzat hartuta, gero eta langile gehiagok bat egiten dute bere ezaugarriekin eta balioekin. Horregatik guztiagatik, horietan guztietan eta azken urteetan bereak egin dituen beste balio batzuetan berresten da.

1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketa otsailaren 4tik 20ra egonen da ikusgai Iruñean, Nafarroako Parlamentuan, astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik), 09:00etatik 20:0etara, eta larunbatetan 11:30etik, 14:00etara.

Langabeziak gora egin du

2025. urteko lehen hilabetean 140.037 langabe zenbatu dira Hego Euskal Herrian, abenduan baino 2.302 gehiago. Beraz, langabeziak %1,67 egin du gora azken hilabetean. Langabeen gehiengoak emakumea* izaten jarraitzen du, %58,45ak zehazki.

Pasa den urteko urtarrilarekin alderatuz, ordea, langabeziak behera egin du %1,31, langabezian dauden emakume* eta gizon kopuruak behera eginez. Proportzioetara jotzen badugu, ordea, emakumeen* langabeziak zertxobait gora egin du, gero eta emakume* gehiago enplegua bilatzen ari direlako, erregimen orokorreko afiliazio datuek baieztatzen duten bezala (azken urtean bataz beste emakume* gehiago afiliatu baita).

Aurreko enplegurik gabekoen artean, ordea, langabeziak gora egin du eta azken urtean 289 gehiago dira (%1,70ko igoera). Erregistraturiko langabeziaren %12,32a dira aurreko enplegurik gabekoak. Azken hilabeteko datuak hartzen baditugu, aurreko enplegurik gabekoen artean 2.302 herritar gehiago daude lan bila. Beraz, gero eta herritar gehiago lan merkatuan inkorporatzeko ahalegina egiten ari dira, bizi unitatearen premia ekonomikoek bultzatuta, ziurrenik.

Langile migratuen artean ere, langabeziak gora egin du: azken urtean 158 langabetu gehiago zenbatu dira eta aurreko enplegurik gabekoek %4,62 egin dute gora migratuen artean.

Langabeziak sektore guztietan egin du behera azken hilabetean, zerbitzuetan izan ezik. Zerbitzuetan langabeziak gora egin du nabarmen, eta 2.482 herritar gehiago dago langabezian, ziurrenik, Gabonetako kontratazio zikloaren bukaeraren ondorioz.

Bestalde, euskal industriak bizi duen testuinguru konplexuaren ondorioak ez dira langabezia datuetan azaleratu, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak aplikatzen ari direlako, kinka larrian dauden milaka langilerentzat behin behineko alternatiba eskainiz. Epe ertain-motzean, ordea, industria sektorearen bilakaera gertutik jarraitu beharrekoa da, euskal langile zein ekonomian izan dezakeen inpaktuagatik.

Aurreko hilabetean baino 4.254 kontratu gehiago sinatu dira urtarrilean zehar, horietatik %76,6a behin behinekoak izan direlarik.

Afiliazio datuak langabeziarekin sintonian daude; modu honetan, urtarrilean langabeziak gora egin duen bitartean, afiliazioak behera egin du. Pasa den urtearekin alderatuz, ordea, afiliazioak gora egin du eta 15.713 herritar gehiago dago lanean. Azken urtean sorturiko afiliazioaren %84,71 zerbitzuak sektorean izan da, bert

Lan merkatua “egonkor” mantentzen duena, langabeziaren beheranzko joerari eutsiz, zerbitzuak sektorea da. Zentzu horretan, zerbitzuak sektorean lan baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi direla nabarmendu behar dugu, egungo lan merkatuaren oinarrian prekaritatea zein ezegonkortasuna egiturazko bilakatuz. Beraz, enpleguaren kalitatean jarri behar dugu arreta, bi herritarretik bat baitago prekaritate egoeran, enplegua eduki arren, bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe. Hori dela eta, LAB sindikatuaren lehentasunezko borroka da Gutxieneko Soldata propioa ezartzea, langile klase osoaren bizi baldintzak hobetzeko.