Sinatutako akordioen defentsan mobilizatu gara Hezkuntzako Bilboko Ordezkaritzan
Sukaldari, garbitzaile eta irakasleak mobilizatu gara kolektibo horietako akordioak bete daitezen.
Pasa den ikasturtean LAB sindikatuak akordioak sinatu zituen hezkuntzako kolektibo desberdinetan. Langile guztiok egindako borrokaldiak bide bat ireki zuen Hezkuntza Sailarekin izan beharreko negoziazioan. LAB sindikatuak oso argi izan du beti, konfrontazio fasea baliatu behar genuela mahaien desblokeoa bilatzeko. Lan zentroak hustu eta kalera atera ginen gure lan baldintzak hobetu eta Euskal Herriak merezi duen benetako hezkuntza aldarrikatzera. Beraz, lortutako akordioak langile guztion garaipena izan dira.
Sinatu genituen akordioak gertutik jarraitu ditugu uneoro, euren garapena bermatze aldera. Iazko ikasturtean hasitako bidea gorabeheratsua izan da kolektibo desberdinetan. Arazo desberdinak antzeman ditugu eta zenbait momentutan blokeo egoerara iritsi gara.
Gauzak horrela sukaldari, garbitzaile eta irakasleak ordezkaritzan mobilizatu gara kolektibo horietako akordioak bete daitezen:
Irakasleak
Ordezkapenak lehen egunetik aurrera betetzeko bitartekoak lehen bait lehen.
Benetako egonkortasuna langileak eta zentroak egonkortzeko.
Oposizio ereduaren aldaketa; egungo ereduan saritzerik ez.
Sukaldari eta Garbitzaileak
Sukaldari eta garbitzaileen egonkortasuna,
Langileen funtzioen definizioa,
Langile publikoak izango dituen jangela eredu berria, pribatizaziorik ez.
Guk, gure aldetik, sinatutako akordioak sutsuki defendatuko ditugu, badakigulako langileen lan baldintzak eta hezkuntza kalitatea bera hobetzen dutela.
Garbiñe Aranburu: “Eztabaida bahitu dute, baina ez gaituzte isilaraziko”
Gasteizko Legebiltzarrak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitzaren inguruan eman beharreko eztabaida publikoa joan den astean saihestu eta gero, pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegileari atea itxi ondoren, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok mobilizazioa egin dugu Bilbon. Hain zuzen ere, Sabin Etxean amaitutako manifestazioan EAJ, PSE-EE eta PP interpelatu ditugu, hiru talde parlamentario horien jarrera salatzeko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, eta aipatutako hirukoteari zuzendu zaio. “Mobilizatzen jarraituko dugu, pobrezia eta bazterketa egoeran inor egon ez dadin herri honetan”.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, EAJ, PSE-EE eta PPren jarrera guztiz autoritarioa izan da, legez baliatu ditzaketen amarru guztiak baliatu baitituzte pobreziaren eta bazterketa sozialaren eztabaida saihesteko: “Gehiengo sindikal eta sozialak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea baztertu dute; hortaz, behar gehien duen jendearen aurka egin dute. Eztabaida saihestu dute, agerian ez geratzeko. Herri Ekimen Legegilean proposatutako neurriak ez dira alderdi hauen gustukoak. Alderdi hauek ez dute egungo babes sozialerako sistema hobetu nahi”.
LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “hirukoteak defendatzen duen eredu ekonomiko eta soziala Confebask-en eredua da, eredu neoliberala. Eusko Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki zeintzuk diren bere aliatuak politika neoliberal hauek gauzatzeko. Gehiengo sindikalak eta sozialak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen eztabaida ukatzen duen bitartean, gainera, gutxieneko sindikalarekin elkarrizketa sozialaren mahai bat egokitzen du. Gobernu honen kutsu antisozialaren beste adibide bat da hau”.
Garbiñe Aranburuk erantsitakoaren arabera, “eztabaida bahitu dute Gasteizko Legebiltzarrean, baina ez gaituzte isilaraziko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok mobilizatzen jarraituko dugu, pobrezia eta bazterketa egoeran inor egon ez dadin herri honetan”.
Guztiontzat lan baldintza duin batzuk jasotzen dituen hitzarmena sinatzea dugu helburu Iruñerriko TCC enpresan
Hauek dira argibideak:
• Bi urteko negoziazioaren ostean iritsi gara egoera honetara. Negoziazio horretan, enpresaren immobilismoaren aitzinean, langileen Batzordearen sindikatu guztiak batera ari ziren.
• Iragan abenduko hauteskunde sindikalak egin baino egun batzuk lehenago, UGT eta CCOO plataforma bateratutik atera ziren besteekin ezer kontrastatu gabe, enpresak planteatutako proposamena onartzeko asmo nabarmenarekin.
• Hauteskundeetatik honako Enpresa Batzordea atera zen: UGT (5 delegatu), ELA (4), ATTU (3), CCOO (3) eta LAB (2).
• Hauteskundeen ondotik, Enpresa Batzordearen gehiengoak (ELA, ATTU eta LAB) beste proposamen bat egin zuen, baina enpresak berehala baztertu zuen.
• UGTk eta CCOOk enpresarekin lortu duten akordioa Langileen Estatututik at dago eta eragin mugatua du. Akordio horri ezin zaio Hitzarmen Kolektibo deitu, hala deitu ahal izateko Enpresa Batzordearen gehiengoaren babesa izan beharko lukeelako. UGTk eta CCOOk ez dute gehiengorik.
• Langileek banan-banan egin behar dute bat akordio horrekin eta, beraz, enpresak langile bakoitzarekin egiten duen paktua da.
• Eragin mugatuko halako akordioak egin izan direnetan, oso gutxitan ezarri dute sinatzeko epemuga bat. Kasu honetan, astebeteko epea eman zuten enpresak eta UGTk eta CCOOk.
• UGTk eta CCOOk adierazi dute TCCko langileen %99k eman diola oniritzia akordioari, eta hori ez da horrela. Langileek banan-banan sinatu dute -nahiz eta ados ez egon- horixe zelako modu bakarra enpresak azken urteetan atxikituriko KPIak jasotzeko. Argi utzi nahi dugu KPI horiek berreskuratzea zela sindikatu guztiok negoziazio mahaian lehen egunetik jarri genuen aldarrikapen bat. TCC, UGTren eta CCOOren babesarekin, horretaz baliatu da eta langile bakoitzari zegokiona itzultzearen truke koadrante berezi bat ezarri du, prekaritate gehiago ekarriko duena.
• LABeko bi ordezkariek ez dute akordio hori sinatu eta, beraz, ez dute jasoko dagozkien atzerapenen ordainketarik.
• Otsailaren 7an negoziazio mahaiaren bilera egitea eskatu zitzaion enpresari. Atzo eman zuen ezezko erantzuna.
• LABek langile guztiontzat izango den hitzarmen baten aldeko jarrera aktiboa izan du negoziazio mahaia osatu zen lehenengo egunetik eta hala izaten jarraituko du. Guztiontzat lan baldintza duin batzuk jasotzen dituen hitzarmena sinatzea da gure helburua eta ez prekarietateari ateak gehiago zabaltzen dizkiona. Eta horregatik jo dugu mobilizazioetara.
Demokrazia dago jokoan, eta eskubide demokratikoen alde kalera ateratzera deitzen dugu
Gaur Gure Esku Dagok eta ANCk deituta euskal hiriburuetan antolatutako mobilizazioekin (baita Gure Eskuk antolatuta hainbat udalerritan ere) bat egiten du LABek, eta bertaratzeko deia egiten diegu euskal langileei. Beste horrenbeste otsailaren 17an Donostian egingo den manifestazioarekin ere.
Gaur hasi da Kataluniako politikari independentisten kontrako epaiketa. Kartzelan dauden politikari independentistak epaituko dituzte, eta haiez gain, bada erbestean direnen kontrako auzia eta bada bere etorkizuna erabaki nahi duen Kataluniar herriaren kontrako epaiketa, eta bada demokrazian eta herrion erabakitzeko eskubidean sinesten dugun guztion kontrako epaiketa. LABek bere elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die auzipetuei zein erbesteratuei eta kataluniar herriari, herriari hitz ematea eta herriak hitz egitea inoiz ezin duelako delitu izan, oinarrizko eskubide eta ariketa demokratikoa, baizik.
Azken urteotan espainiar Estatuak herrion erabaki ahalmena mugatzeko erabaki ugari hartu ditu, lurralde ereduaren krisi betean, 78ko erregimenaren gaiztotzea eman da, eta nagusikerian oinarritutako agenda ezarri da Madrildik Katalunia eta Euskal Herria gisako nazioen eskaera demokratikoen aurrean. Kataluniako auzian ere, Estatua izan zen indarkeriarekin erantzun zuena erreferendum baketsu baten aurrean, eta indarkeria politikoari eusten dio, orain, erreferendum hura posible egin zutenei zigor gogorrak eskatuz.
Espainiar estatuko lurralde ereduaren krisiari irtenbide demokratikorik emateko aukerarik ez dago, gaur arte Gobernuan egon diren alderdi ezberdinek erakutsi dutenez. Ezer gutxi espero daiteke, herriari hitza eman dioten politikariak espetxeratu eta auzibidean jartzen dituen estatu batengandik.
LABetik Kataluniako herriak bere autodeterminaziorako orain arte egindako ibilbidea babestu dugu, epaiketa bertan behera geratzea eskatzen dugu, eta espetxeratuen zein erbesteratuen erabateko askatasuna. Zuen borroka gu guztion borroka da, langileok herri aske batean bizitza duina izateko eskubidea dugu, izan kataluniar, izan euskal herritar. Eraldaketa sozialerako burujabetza prozesuak auspotzeko garaia da, kateak hautsi eta bide berriak urratzeko garaia da, geure etorkizunaren jabe izateko garaia da.
EAEko eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileek greba egingo dute otsailaren 26an, hitzarmenaren alde
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, grebaren bidez jakinarazi nahi diete euren lan baldintzen gainbeheraren enpresa arduradunei eta okerrera egin duen zerbitzu publikoaren ardura duen Jaurlaritzari merezi duten hitzarmena lortzeko borrokatuko dutela, eta jasotzen duten erantzunaren arabera mobilizazioak areagotu egin daitezkeela.
Hauxe da langileek, gaur egindako agerraldian, irakurri duten oharra:
Azken bi urteetan negoziazio-mahaia hamabost bider bildu ondoren, eta EAE guztian batzar bateratuak egin ondoren, kudeaketa zuzeneko eskola-jantokietako mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok gure hausnarketaren berri eman nahi diegu kolektiboari zein euskal jendarte guztiari.
Patronalek mahai gainean jarri duten proposamenak ez ditu aintzat hartu gure aldarri nagusiak, ez eta hitzarmen honen helburu izan dena ere: HOMOLOGAZIOA LORTZEA Hezkuntza saileko sukaldeetako langileekiko.
Enpresen proposamenak honako puntuak jaso ditu:
Soldata igoera portzentualak, baina homologazioarekin loturarik gabeak. Igoera hauekin 2015eko homologazio maila berean geratuko ginateke. Ez dugu aurrera egiten; pobrezian kateatuta jarraitzen dugu.
Ez dizkiete atzerapenak ordaindu nahi kolektibo guztiari; areago, ausartzen dira esatera inork ez dituela kobratuko, honetarako baldintza gisa jarri nahi baitute plantilla egoera aktiboan egotea; haatik, jakina da sektore honetan udan langile guztiak langabezian egoten direla.
Beste puntu batzuk enpresen arabera hobekuntzak dira, baina benetan fede txarraren emaitza dira, lan-hitzarmenaren testua eta asmoa nahasten baitute. Areago, diru-goseak ez du mugarik: aurreko hitzarmenean lortutako akordioak ukatu eta orain eskaintza bezala aurkezten dizkigute. Hots, BAGENEUKANA saldu nahi digute berriz.
Homologazioarekin batera beste aldarri sindikal garrantzitsuak ukatzen dizkigute:
Ez dute aipatzen ratioak hobetu behar direla; alabaina, gero eta haur gehiagok dituzte dieta bereziak, eta horrek arreta eskaintzeko denbora gehiago eskatzen du.
Gutxieneko lanaldirik ere ez dute finkatu nahi, eta kontratu batzuk egunean 50 minutukoak dira…
Ez dute nahi langileek beren lankideak ordezkatzerik; enplegu egonkorra ez dute sustatu nahi, ez dutelako aldizkako finkorik aitortu nahi.
Ez dute nahi langileen prestakuntza orduak gehitzerik, ez eta zerbitzua hobetzeko orduak ere.
Eta gainera negozioa egin nahi dute lanaldi aldaketekin, horrek lanaldi trinkoen aplikazioa eta murrizketak baitakartza berarekin.
Ez dute gure eginkizunez hitz egin nahi; hauek gero eta gehiago dira egunetik egunera, baina ez digute denbora gehiago ematen. Esaten dute gure eginkizuna dela “jantokiaren garapen egokirako beharrezko den edozein funtzio”; hau 2000 urtetik hona mantendu da, eta horren bidez Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan egin izan dituen murrizketa guztiak jantokietako enpresa pribatuetako langileek osatu dituzte…
Enpresen aldetik arduragabekeria muturrera eramaten dute, esanez gai hauek ez direla beren eskumenekoak, eta Eusko Jaurlaritzari dagozkiola. Beren langileak babesten ez badituzte zein da enpresa hauen rola? Lizitazioak kobratzea? Iruzur egitea?
BALDINTZA AGIRIAK
Gainera, laster argitaratuko dira baldintza agiri berriak. Ez dakigu zer nolakoak izango diren, baina badakigu hau:
• Eusko Jaurlaritza oso bide okerretik abiatu da. Guraso-elkarteen esku jantokien kudeaketa uzteko aukera aipatzea aldez eta moldez inolako fundamenturik gabe egin dute.
• Gure artean zalantza eta kezka erabatekoa da, ez baitakigu gure lanpostuekin benetan zer gertatuko den.
MOBILIZAZIOAK
Horregatik, asanbladak deitzea erabaki genuen, informazioa emateko, eztabaidatzeko eta babes gabezia honek merezi duen erantzuna erabakitzeko.
Asanblada hauetan aho batez erabaki dugu kolektibo honen mobilizaziorik gabe ez dugula ezer lortuko. Ez hitzarmen onik, ez eta Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzerik ere.
Horregatik, datorren otsailaren 26an eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileok greba egingo dugu. Egun horretan hasiko dira mobilizazioak; hauen bidez jakinarazi nahi diegu gure lan baldintzen gainbeheraren arduradunei (enpresak) eta okerrera egin duen zerbitzu publikoaren ardura duen Jaurlaritzari erabakita gaudela merezi dugun hitzarmena lortzeko, eta jasotzen dugun erantzunaren arabera mobilizazioak areagotu egin daitezkeela.

