2026-08-23
Blog Page 718

Hirugarren greba eguna dute gaur Lantegi Batuak enpresako langileek

Hirugarren greba eguna dute gaur Lantegi Batuak-eko langileek, enpresa-batzordeak deituta. Atzo egin bezala, Bilboko kaleak hartu dituzte, goizean goiz gaurko kasuan, hitzarmen duin baten alde. Larunbatean beste manifestazio bat egingo dute, 12:00etan, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino.
 

Hauxe da Lantegi Batuak enpresa batzordeak egindako oharra, gaurko greba egunaren harira:

Lantegi Batuak Fundazioko 2.000 langile baino gehiagok urtebete baino gehiago daramagu hitzarmenik gabe. Abenduan egindako mobilizazioen ondoren, abenduaren 20ko greba egunarekin amaitu zirenak. Aste honetan hiru egunetako greba egin berri dugu, otsailaren 25, 26 eta 27an, langileen jarraipen zabala izan dutenak.

Egunotan hainabat mobilizazio egin dira langileen jarraipen handiarekin, eta mobilizatzen jarraitzen dugu Lantegi Batuak Fundazioko zuzendaritzak bere jarrera aldatzen ez badu eta ez badio enpresa-batzordeari, langileon eskariak asetuko dituen proposamen berri bat aurkezten.

Enpresak langileon aldarrikapenak asebetetzen ez dituen bitartean, honako mobilizazioak egingo ditugu.

Martxoaren 9 eta 30ean (larunbatez), manifestazioak Bilbon, 12:00etan, Eusko Jaurlaritzatik Aldundira. Martxoaren 20, 21 eta 22an (asteazken, ostegun eta ostirala) greba egingo dugu.
Lantegi Batuak Fundazioko langileok, ez diogu uko egingo langile guztiontzako hitzarmen duina lortzeko helburuari.
 

 

 

Mobilizazioa eta borroka dira lan-istripuekin amaitzeko ditugun arma bakarrak

0
Azken bi egunetan lan istripu larri bi izan dira errepideetan. Atzo, garabi bat gidatzen ari zen zubi bat larri zauritu zen Abadiñon eta gaur goizean, Ekialde Aldi Baterako Enpresa Elkarteko (Moyua-Ferroser) errepideen mantenuko langile bat larri zauritu da GI-2132 errepidean Astigarraga parean.

LABetik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu senide eta ingurukoei. Era berean, bi istripuok ikertzea eskatzen dugu, hauek ez errepikatzeko prebentzio neurriak eskatzea eta ardurak argitzea.

Salatu nahi dugun bi istripuok ez direla trafiko istripuak, ezta zoritxarraren ondorio, lan-baldintza okerren ondorio zuzena baino, presioena, ondorio dramatikoak dituen zerbitzuak kanporatzearena.

Gaur Astigarragan izan den istripu larria seinalizazio txarraren ondorio da, prebentzio eta segurtasun neurrien falta eta trafikoa, errepideko mantenuan ari diren langileen segurtasuna eta bizitzaren aurretik lehenestearena.

Beste alde batetik, argi utzi nahi dugu azken istripu honen inplikazio politikoa. Gogoratu beharra dago Gipuzkoako Foru Aldundiak utzi egin ziola foru-bidezainen bidez bigarren mailako errepideen mantenu-lanak egiteari eta Gipuzkoako errepide sareko mantenu lan hauek kanporatu egin dituela. Honek lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du eta langileen eskubide eta osasunaren en kaltetan lortutako irabazi ekonomikoak handitzea.

LABen argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan-istripuekin amaitzeko ditugun arma bakarrak. Eredu aldaketa behar dugu, langileriaren osasuna eta bizitza interes ekonomikoen gainetik egongo dena.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek greba egin dute, gaur ere

Hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatu dute, atzoko greba egunean egin bezala. Auto karabana bat egin dute, euren aldarrikapenen berri emateko.

 

 

 

Martxoaren 8an kaleak era masiboan hartzeko deia luzatu du mugimendu feministak

0

Kaleak berriro ere "era masibo, alai eta aldarrikatzailean" hartzeko deia egin du mugimendu feministak, Bilbon gaur egin duen agerraldian, greba feministaren harira. Hain zuzen ere, martxoaren 8rako deitutako mobilizazioen berri eman du.

Hauek dira martxoaren 8rako mugimendu feministak iragarritako mobilizazioak:

-Donostia: 12:00etan, Bulebarra; 19:00etan, Antiguako tunela

-Gasteiz: 12:00etan, Plaza Berria; 19:00etan, Iparralde Zentro Zibikoa

-Baiona: 12:00etan, Merkatu Plaza; 19:00etan, Errepublika Plaza

-Bilbo: 12:00etan, Jeusen Bihotza; 19:00etan, Jesusen Bihotza

-Iruñea: 12:00etan, Gaztelu Plaza; 19:00etan, Golem Zinema

 

 

 

Manifestazioa egin dute Bilbon Lantegi Batuak-eko langileek, hitzarmen duinaren aldeko bigarren greba egunean

Bigarren greba eguna dute gaur Lantegi Batuak-eko langileek, enpresa-batzordearen deialdiari jarraiki. Atzo, lan-zentro desberdinen aurrean mobilizatu ziren eta gaurkoan, manifestazioa egin dute Bilbon, Gran Vian zehar, Jaurlaritzaren egoitzatik Aldundiraino.

Xabier Ugartemendia ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko arduradunak eta Gorka Berasategi zerbitzu publikoen federazioko idazkariak gaurko mobilizazioan parte hartu dute, langileen borroka eta aldarrikapenak babestuz.

Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “14 hilabete daramatzate negoziatzen Lantegi Batuak-eko langileek. Enpresak ez du azken 4 hilabeteetan proposamenik egin. Etekinak dituen enpresa bat da, gainera”.

LABeko ordezkariaren arabera, “prekarietate egoera gorria bizi dute bertako 2.200 langileek. Aniztasun funtzionala duten langileak izanik, oso baxuak dira soldatak eta ugariak aldi baterako kontratuak. Gainera, soldata-izozketa batetik datoz”.

Beharrezkoa da egoera desblokeatzea, Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “KPIari lotutako igoerekin, soldata baxuei aurre egiteko igoera linealekin eta lan-orduak murriztuz. Lan-baldintza duinak bermatzea da borrokaren helburu nagusia".

 

 

 

[IRITZIA] “Soldata arrakala arazo politiko bat da”

LABeko Idazkaritza Feministako Arantxa Vazquezek eta Eli Etxeberriak soldata arrakalari buruz idatzi dute, baita zapalkuntza ahalbidetzen duen sistemaren inguruan ere.

Bizitza eusteko behar beharrezkoak diren lanak albo batera uzten dituzten soldata arrakalaren kontrako planek ez dute arrakala amaituko, eta arazoa betikotu egingo dute.

Generoak sortzen duen soldata arrakalean bestelako zapalketak gurutzatzen dira gainera. Jatorriak, adinak, klaseak, aniztasun funtzionalak… eragin zuzena du auzi honetan, eta hori ez bada aintzat hartzen, soldata arrakalaz orokorrean hitz egiten jarraitzen badugu, gizon eta emakume* guztien egoera parekatu egiten dugu, gizon guztiek eta emakume* guztiek aukera berdinak ditugula aditzera emanez. Eta ez da horrela. Errealitateak kontrakoa erakusten digu egunero.

Emakume migranteek eta «bertako» emakumeek ez dute sektore berdinetan lan egiten. Aniztasun funtzionala duten emakumeek «babestua» ez den enplegu bat eskuratzeko dituzten zailtasunak handiak dira, eta ikaragarriak euren baldintzengatik zapalduak izateko arriskuak. Emakume heldu gehiegiri prekaritate gordina besterik ez zaie geratzen bizitzaren azken garaietan, enplegu bat aurkitu ezinik, bizitza osoa zaintza lanetan egin ondoren, lan merkatutik sartu-atera iraunkorrean, baldintza oso kaskarretan beti. Eta emakume askori, sexu langileak besteak beste, ukatu egiten zaie langileak direla gainontzekoak egiten dutena egin arren: euren lana saldu bizi ahal izateko diruaren truke.

Arazoa sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kapazitista hau da. Lege, dekretu eta lan araudien bidez modu basatian, erregulatuan eta onartuan zapaltzen gaituen sistema hau, hain zuzen ere. Bere burua babesteko eta betikotzeko produktiboa ez den oro kanporatu eta suntsitu egiten duen sistema anker hau (berak esanez beti zer eta zein den produktiboa).

Ez diogu geure buruari ziririk sartuko. Izan generokoak, jatorriagatikoak, klasekoa edo aipatutako gainontzekoak, soldata arrakalak ez dira desagertuko. Ez sistema honetan. Sistemak ez du utziko. Zapalkuntza, diskriminazioa, bizitzari eusteko behar-beharrezkoak diren lanak ez aitortzea, extraktibismoa, nekropolitika, harrapakeria, ondasun pribatua guztiaren gainetik jartzea eta besteren usurpazioa sistema honen oinarrian daude, sistemak behar ditu, eta ez die uko egingo.

Soldata arrakalaren auzian garrantzia hartzen duena enpresetako zuzendaritza batzordeetan emakume kopuruaren auzia izatea eta kopuru hori handitzea garaipen bezala aldarrikatzea fribolitate hutsa da, emakume gehienek enplegu prekarioak dituztenean edota soldatarik gabeko lanetan ari direnean. Ez dugu goikoen berdintasunik nahi!

Zaintza lanen antolaketa soziala eta soldata arrakala bereiztea arduragabea da, zaintza lanak ez direlako bakarrik egiten. Administraziotik zaintza lanen zerbitzuak azpikontratatzen jarraitzen badira, soldata arrakala betikotu egingo da, eta arazo kolektiboei irtenbide indibidualak ematen dien bidea babesten jarraituko dugu.

Amaia Perez Orozcok esaten duenez, polita geratzen da lan merkatuan eman behar den berdintasunaz hitz egitea etxeko komuna nork garbitzen duen alde batera utziz. Berdina gertatzen da soldata arrakalaren kontrako planen kasuan, polita da planak gora eta behera aritzea, zaintza lanak musu-truk egiten dituzten emakumeen egoerari erreparatu gabe.

Hitz egin dezagun bizigarriak diren bizi proiektuak kapitalismoaren baitan eraikitzeko ezintasunez. Ikas dezagun nola eta zertarako ukatzen dituen kapitalismoak bizitza eusteko beharrezkoak diren zaintza lanak. Aztertu ditzagun sistemak egiten digun iruzurra konponbide partzialak eskaintzen dizkigunean hauek guztiengana irits daitezkeela eta sistematik askatzeko balio dutela esanez. Gaurkoz sistema emakumeon esplotazio ekonomikoan oinarritzen da, emakume etorkinak indar bereziz zapalduz gainera; eta hori ez da neurri partzialekin konpontzen.

Jar dezagun bizitza erdigunean, eta has gaitezen bizitza sostengatzen dutenak ikusgarri eginez. Egiten duten lana aitortuz, balioan jarriz eta duintasunez begiratuz. Egin dezagun bidea zaintza lanak despatriarkalizatzeko, generorik gabekoak egiteko, eremu pribatutik ateratzeko eta pribatizazioetatik aldentzeko, eta sozialki bidezkoa den moduan banatzeko. Eraiki dezagun lehen mailako arazo politiko honek eskatzen duen konponbide sozial, politiko eta ekonomikoa.

Egia da, aliantza kriminala dago patriarkatuaren eta kapitalaren artean. Hori apurtzea da gure eginkizuna. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi!
 

 

 

Iñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko exijitu dugu Gipuzkoako Aldundiaren aurrean

Iñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko eskatu dute bere lankideek eta Gipuzkoako Aldundiko langileek, Donostian, Foru Jauregiaren aurrean. Hain zuzen ere, hainbat mobilizazio egin dituzte aldarrikapen honekin, azken hilabeteetan, Iñaki Igerategik pairatzen duen “zigor bikoitza” salatzeko.

Iñaki Igerategi Gipuzkoako Aldundiko suhiltzailea zen eta Tolosako parkean jarduten zuen 2012. urteko otsailean Espainiako poliziak atxilotu zuenean. Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu eta gero, 6 urteko espetxe eta inhabilitazio zigorrak ezarri zizkion. Bere zigorrak beteta, 2018. urteko otsailean espetxetik atera zen eta bere suhiltzaile lanpostura itzultzea eskatu zion Aldundiari. Aldundiak, aurrekari legalei muzin eginez, ukatu zion bere lanpostura itzultzeko eskubidea eta Funtzionario Karreratik baztertu zuen, beteta zuen zigorrari beste bat erantsiz.

Erabakia oso larria da, Iñaki Igerategik eskubide osoa duelako bere lanpostura bueltatzeko. Eta are larriagoa da, Gipuzkoako Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuan gabezia pertsonal handiak daudenean, azken asteotan suhiltzaile-etxe bat itxita izatera ere behartu dutenak. Bitartean, Iñaki Igerategi, bere profesionaltasuna urteetan erakutsi zuena eta herritarren zerbitzurako prestutasun guztia agertu duena, kalean utzi dute, suhiltzaileak soberan baleude bezala.

Ebazpena, maiatza inguruan
Otsailaren 21ean bigarren bilera bat eduki zuten Iñakiren abokatuek Imanol Lasarekin eta bertan argi geratu zen, are argiago, Aldundiaren borondate eza egoera nolabait bideratzeko. Beraien hitz onak ekintzekin kontrastatzen saiatu gara eta hitz ustelak direla beste ondoriorik ez dugu atera.

Beraz, borrokarako ordua heldu da. Iñaki laguntzeko, Aldundiaren kolaborazionismo lotsagarria salatzeko Espainiako Estatuaren errepresio neurrigabearekin, eta baita geure buruak babesteko inhabilitazioaren zigorraren erabilpen ankerraren aurrean. Inhabilitazioarena arma arriskutsua da administrazioaren eskuetan, eta kontutan eduki beharko dugu, etorkizunean, errezegi erabil ez dezaten gu mehatxupean eta paralizaturik mantentzeko.

Iñakirena borroka zaila izango da, baina borrokatu beharrekoa. Elkartasun kontua da, lehenik eta behin. Ezin dugu onartu Aldundiari dohainik atera dakion gure kideari egin diona. Nahikoa pairatu eta “ordaindu” du Iñakik, eta orain, ogibidea bera ere kendu dio Aldundiak. Bestalde, gure eskubideak babesteko garaia ere bada. Gaur Iñaki izan da inhabilitatua eta bihar beste edonor izan daiteke, beste edozein aitzakia medio.
Borroka luzea izan daiteke, eta indarrak ondo neurtu beharko ditugu, batez ere zerbitzu hobeago baten alde borrokan gauden honetan. Ziurrenik fase ezberdinak izango ditu borrokak. Orain, eta maiatza bitartean, garrantzitsua izango da azeleradorea zapaltzea. Iñakiren errekurtsoa maiatzaren bueltan ebatziko da, eta maiatzean ere hauteskundeak izango dira. 

Beraz, esfortzu berezia eskatzen dugu Iñakiren aldeko lanean, Aldundiko langileen artean; bere etorkizuna baldintzatzeko aukeretan “leiho txiki bat” izango baitugu irekita. 

 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak greban daude berriro

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek greba egun gehiago iragarri zituzten joan astean, hitzarmen duin baten defentsan. Hain zuzen ere, gaur egin dute deitutako greba berri horietatik lehena, eta goizean goizetik hasi dira protestekin, Bilboko erdialdea hartu baitute lehen orduan euren borroka ikuskarri egiteko. BIhar beste greba egun bat egingo dute, eta martxoaren 5, 6 eta 7an, beste hiru.
 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileek Eibarko udalbatzarrera eraman dituzte euren aldarrikapenak

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileak borrokan daude, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Hain zuzen ere, hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan eta sinadura bilketa bat abian dute. Bada, Eibarko udalbatzarrera bertaratu ziren atzo, euren aldarrikapenen berri emateko.