2026-02-12
Blog Page 717

Lan istripu hilgarrien gorakada eskandaluzkoa salatzen dugu

Gaur azaroak 8, langile baten heriotzaz hitz egin behar dugu berriz. Nafarroan aurten izan den 21. lan heriotza izan da, eta jadanik 64 dira Euskal herrian 2018an lanean hildako langileak.

Atzo Sarrigurenen, 52 urteko langile batek bizitza galdu zuen, hustuketa -lanetan ari zen dumper batek harrapatuta.
LAB sindikatutik, lehenik eta behin, langilearen senitarteko, lagun eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu.

Istripu hilgarriak ikaragarri handitzen ari dira, lan baldintzak gero eta prekarioagoak direlako, patronalak bere irabaziak langileen osasun eta bizitzaren aurretik jartzen dituelako. Administrazioak, Lan Ikuskaritzak, Fiskaltzak, ezin dute ez ikusiarena egiten jarraitu, pausu bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu. Langabeziaren jaitsieraz hitz egiten duen bitartean, prekarietatea erabiliz langileak hiltzen jarraitzen dute.

Lan istripuak ez dira kasualitatez ematen. Erantzuleak dituzte eta, horrela izanik, instituzioei eta gainontzeko eragileei lanean ematen diren istripuak ekiditeko, beharrezko diren politika errealak martxan jar ditzaten, aldi berean Lan Ikuskaritzaren eskumena Nafarroan izateko eskaera egiten dugu, kontrola eta zaintza bermatzeko behar den bezala.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik azken istripua salatzeko, dei egiten dugu langile klaseari, Euskal Herriko gehiengo sindikalak bihar, hilak 9, eguerdiko 12:30ean Iruñeko Lan Ikuskaritzan deitu dugun elkartaratzean parte hartzeko.
 

 

 

Azken hilabeteetan, borrokaren bitartez, 73 akordio lortu ditugu industriako lantokietan enplegua duintzeko

0


LABek agerraldi bat egin du gaur, Bilbon, industriaren egoeraren inguruan. Sindikatuak sektorean azken hilabeteetan egindako ekintza sindikalaren eta hauteskunde sindikaletako emaitza esanguratsuen berri eman du bertan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Eulate Zilonizaurrekoetxea Industria Federazioko idazkariaren eskutik.  


“Garai zailak langileontzat, baita industrian ere. Ez da bidezkoa dagoen aberastasun mailarekin lan munduan langileek pairatu behar dituzten hainbat egoera bizi behar izatea”.

Garbiñe Aranbururen hitzak dira horiek, gaur egindako agerraldian esandakoak. LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du sindikalgintza inoiz baino beharrezkoagoa dela, baina ez edozein sindikalgintza. Sistemak negoziazio kolektiboaren muga estuetan eta elkarrizketa sozialeko mahai antzuetan nahi gaituela kateatuta adierazi du, eta horrela ez dagoela lan mundua eraldatzerik. “Horregatik, kontrabotere sindikalgintzaren aldeko apustuan berresten gara”, esan du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “LABen eredu sindikala berritzea erabaki genuen, aitzindariak izan gara sindikalgintzan horrelako eztabaida bat egiten. Ekintza sindikal klasikoaren topeak gainditu eta eraginkorragoak izatea erabaki genuen. Federazioz federazio erabaki hori praktikan gauzatzen ari gara, baita Industrian ere. Enpresaz enpresa langileak antolatzeari ekin diogu, gako nagusia, lantokietako borrokak indartzeko gaitasuna izatea delako. Lantokietan egindako lanaren ondorioz, aldarrikapenak akordio bilakatzeko gai izan gara. Akordio horiei esker langileek euren lan baldintzak hobetu ahal izan dituzte. 73 akordio lortu ditugu industriako lantokietan”.

Greba, tresna nagusia
LABeko ordezkariek azpimarratu dute greba dela langileok borrokarako dugun tresna nagusiena. Hala, azaldu dute sindikatuak bi premisa nagusiren arabera antolatzen dituela borrokak:

-Patronalak langileoi dagokiguna aitortzeko borroka egin behar dugu. Patronalak, berez, ez du ezer ematen. Patronalari ahalik eta kostu sozial eta ekonomiko handiena eragin behar zaio

-Langileei ahalik eta onura handienak emango dizkien borrokak piztea da gure helburua.

Akordio horiek erdiesteko industriako 41 enpresatan greba edo lanuzte deialdiak izan dira, enpresa handi edo txikiak, egun osokoak edo partzialak, greba luzeak edo motzak.

LABek sinaturiko akordioek gutxieneko batzuk jasotzen dituzte: atzerapauso berririk ez, azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratu eta KPIaren erreferentzia kontuan izango duen soldata igoera eta lan erreformari aurre egiteko klausulak.

Gutxieneko horiekin batera prekarizazio prozesuari aurre egiteko neurri desberdinak jasotzen dituzten akordioak sinatu ditugu.

LAB hitza eta ekintza delako, jarraitu egingo dugu lantokietan prekarizazio prozesuari mugak jartzen eta ziur gaude hauteskunde sindikalen garai honetan geroz eta gehiago izango direla LAB proiektuarekin bat egingo duten langileak.

Hona hemen gai desberdinetan gauzatutako borroka eta lortutako lorpenetako batzuk:

EMAKUMEEK INDUSTRIAN BIZI DUTEN BAZTERKETA ESTRUKTURALA SALATU DUGU

Soldata arrakalaren kontra borrokatzeko inkestak lantokietan

Kontratazioan ematen den diskriminazioarekin amaitzeko akordioak. Aipagarria Kybsen lorturiko akordioa. Kontratazioen erdia emakumeak izateko konpromisoa

LANETIK ETXERA BIZIRIK ETA OSASUNTSU BUELTATZEKO ESKUBIDEA BERMATZEKO AKORDIOAK 

Aurten jada, 64 langile hil dira lan istripuz. GSHydron, Jeman, Solidus San Andres enpresetako langileen osasuna babesteko akordioak lortu ditugu.

AZPIKONTRATAK

Azpikontrata eta ABLE-tako langileen lan baldintza, soldata eta egoerak ere enpresa nagusiko langileekin batera garrantzia dutela aldarrikatu dugu. Gero eta gehiago dira ABLEak eta azpikontratazioa mugatu edota debekatzen duten enpresa hitzarmenak, edota enpresa nagusiko langileak azpikontratetako langileen defentsan mobilizatu izana. CAFen, hainbat lanpostuen errebertsioa lortu zuten langileek lanuzteen bidez. Gamesa Aoizen ABLEak mugatu ditugu, edo Forjas Iraetan lehen oinarria jarri dugu gutxieneko 1.500 euroko soldata lortzeko.

DISKRIMINAZIO IDEOLOGIKO ETA SINDIKALARI AURRE EGITEKO PROPOSAMENAK

Kontratazio proposamen gardenak aldarrikatu ditugu; Volkswagenen edo Mercedesen, adibidez.

ENPLEGUA MANTENTZEKO AKORDIOAK

Badira lanaldi murrizketa jasotzen duten akordioak, Arcelor Olaberriakoa, Bruss edo OWLn bezala. Badira etorkizuneko kaleratzeak ekiditeko enplegu bermea jasotzen duten akordioak, Teknikerren edo Kauxoten lortutakoa bezala. Eta badira errelebu kontratua jasotzen duten kontratuak, SNA Europen bezala.

DESLOKALIZAZIOARI AURRE EGITEKO BORROKA

Multinazionalen deslokalizaizo mehatxuen aurrean, proiektu industrialen defentsarako eta enpleguaren defentsarako aldarrikapenak egitera eraman gaitu, Gasteizko BSHko borrokan egin dugun bezala.

 

 

 

Elkarkideko zuzendaritzak langileen aldarrikapenak onartu ditu

Lorpen gutxiko urte bateko negoziazioen ondoren, 13 eguneko lanuzte eta mobilizazioen ostean, hainbat orduko negoziazio mahaiaren bilera eta gero, aurreakordioa lortu dugu enpresarekin.

Atzoko egunean langile asanblada burutu dugu eta aurreakordioari babes handia helarazio dio langileriak. Honakoak izan dira bozketen emaitzak:

• Bai: 60
• Ez:10
• Txuri: 9
• Baliogabe: 1
• Partehartzea: 80 langile

Aurreakordioaren puntuak hauek dira:

• Iraupena: 4 urte. 2017, 2018, 2019 eta 2020.

• Soldata igoera:
◦ Enplegu zentru berezian: 2018ko urtarrilak 1etk aurrera, iraupena bitarte.
▪ Behargin eta laguntzaileak: AurrekourtekoKPI+%1
▪ Beste guztentzat: Aurreko urteko KPI +%0,5

◦ Zentru okupazionala: Jardunaldi jeitsierak 2018 eta 2019an.
▪ 2017: 1650 ordu.
▪ 2018: 1642,5 ordu.
▪ 2019-2020: 1635 ordu.

• Gehigarriak: Berreskurapena enplegu zentru berezian azarotk aurrera.
◦ Aterpez kanpoko langileak:
▪ 2018: 15€ (14paga)
▪ 2019: 18€ (14paga)
▪ 2020: 22€ (14paga)
◦ Industriagune barnekoak: 15€ (14 paga)

• Aldi baterako ezintasunaren osagarria:
◦ Enplegu zentru berezian: Lehen hiru egunen osagarri igoera %50tik% 70ra.

• Malgutasuna:
◦ Enplegu zentru berezia: 70ordutatik 40ra jaiitsi.
◦ Zentru okupazionala: 27 ordutatik 20ra jaitsi.
• Azaroan izandako hiru lanuzte partzialen soldatak ez kentzea.

Oso balorazio positiboa egiten dugu lortutako akordioaz. Elkarkideko langileriak borrokaz eta jarrera eredugarri bat erakutsiz, hitzarmen duin bat irabaztea lortu du. 13 egun luzez, euri, hotz eta eguraldi kaskarrari aurre eginez, oztopoak oztopo, ilusioz eta irudimenez lortu dute.

 

 

 

Tecuni enpresako zuzendaritzaren jokabide anti-sindikala salatu dugu

0
LAB eta ELA sindikatuok Tecuni enpresako zuzendaritzaren jokabide anti-sindikala salatu dugu, 40 langileren etorkizuna kolokan jartzeagatik eta haiengana zuzentzeagatik langileen ordezkariekin bildu gabe.

Tecuni S. A. Ortuellako Abra Industrial enpresagunean dago, eta 228 langile ditu. Zerbitzu elektrikoen mantenimenduaz arduratzen da hogeitik gora udaletan; Bilbo, Arrasate, Bermeo eta Zierbenako udaletan, kasu. Horrez gain, enpresak ere lan egiten du Iberdrola, Bizkaiko Foru Aldundia, Red Electrica España, Osakidetza, Ferrovial eta zenbait unirbertsitatentzako.

Langileek lau orduko lanuzteak egin zituzten joan den urriaren 30ean, lan baldintza prekarioak salatzeko eta bi langileren kaleratzearen kontra.

Astebete geroago, langileen ordezkariekin bildu gabe, Tecuniko gerentzia Omexon Bilbaoko unitateko langileei zuzendu zitzaien (langile grebalariak), eta mehatxatu zien Iberdrolarekin akordio markoa hautseko aukerarekin, 40 familien etorkizuna kolokan jarriko lukeen erabakia izanik.

Hori dela eta, LAB eta ELA sindikatuok zuzendaritzaren jokabide anti-sindikala salatu dugu, baita langile eta euren familiarekiko ardura falta kritikatu ere. CCOO eta UGTren jarrera ere salatu dugu, enpresaren gerentziak hartutako erabakiak babesteagatik eta ezer ez egiteagatik langileen alde.

 

 

 

Pobrezia eta bazterketarik gabeko herri bat aldarrikatuko dugu Barakaldon

Duela sei urte, Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen Barakaldon, etxegabetua izaterakoan. Murrizketek hildako lehen heriotza izan zen. Bada, bihar ostirala, azaroak 9, elkarretaratze bat egingo dugu hainbat eragilek, Amaia Egaña gogoratzeko eta pobrezia eta bazterketarik gabeko herri bat aldarrikatzeko. Barakaldoko Justizia Jauregian elkartuko gara, 10:15ean.


 

 

 

Eskatu dugu berehala bertan behera utz dezaten foru administrazioko ehunka langileri txandakatasun osagarria kendu dien irizpide aldaketa

Foru Administrazioarengana jo dugu eta eskatu diogu berehala bertan behera utz dezan aipaturiko irizpide aldaketa hori, ezabatu duten txandakatasun osagarria berriz ordain dezan, eta berehala dei ditzan ordutegi berezi hauetako lanei dagozkien negoziazio mahaiak -ordainsariaren kontzeptu hau betiko eta modu argi batean arautuz berriz ere inork modu interesatu batean interpreta ez dezan-.

Berriki, programa informatiko berria ezarri baitute, Nafarroako Gobernuaren Funtzio Publikoan irizpide aldaketa bat egon da zenbait langileren lanaldiei dagokienez. Orain arte, ordutegi bereziak zituzten lanaldiak (12 ordu egunean, 17 ordu egunean, 24 ordu egunean…) txanda metaketatzat hartzen ziren, edo ordu tarte ezberdinetan egiten ziren lantzat, eta balioa ematen zitzaien goizez, arratsaldez edo gauez egiten ziren orduen proportzioaren arabera. Baina orain, irizpide aldaketarekin, txanda bakar gisa jotzen dituzte. Aldaketa hori dela-eta ehunka pertsonak (500 baino gehiagok) txandakatasun osagarri hori kobratzeari utzi diote.

Kontuan hartu behar da lanaldi berezi horietako gehienak lan zentroetako zuzendaritzek ezarri dituztela -edo bederen babestu dituztela- eta zerbitzu berezi batzuen antolakuntzari lotuta daudela. Lanaldi horietako asko halaxe ezarri ziren lan araudia betetzeko; adibidez, lau igandetatik bitan libratzeko.

LAB sindikatuak uste du irizpide aldaketa hau modu irregular batean ezarri dela, lan zentro ezberdinetan de facto sorturiko akordioak kontuan hartu gabe, eta legeak ezartzen dituen negoziazio mahaietan neurria negoziatu gabe [Halaxe egin beharko litzateke 251/1993 Lege Foru Dekretuak bere 83. artikuluko 6 eta 7 puntuek adierazten dutenaren arabera].

 

 

 

Epaitegiak bankaren irabazien mesedetara daude

Atzo ezagutu genuen Espainiako Epaitegi Gorenaren erabakia onartezina eta antidemokratikoa da. Bankak inoiz galtzen ez duenaren esaldia argi geratu da atzoko Epaitegi Gorenaren erabakia ezagututa. Oraindik kontu publikoei milaka milioi euro zor dien Bankak, orain pertsona hipotekatuei are gehiago zurrupatuko die odola, orain artekoa gutxi ez balitz bezala.

Epaitegi Goreneko auzi administratiboko aretoak atzo egin zuen Osoko Bilkuran, azkenik zergaren ordainketa euren gain jaso beharko dutenak, bezeroak izan beharko direla erabaki zuen hipoteketako ekintza juridiko dokumentatu guztietan. Irizpide aldaketa honen atzean kapitalaren ustelkeria dago, dagoeneko jasanezina den amarrua boteredunen aldetik.

Pertsona hipotekatuek gehiegikeria deritzogun tasa ordaindu beharko dute, eta orain, Epaitegi baten erabakiz gainera. Argi dago Espainiako estatuan ez dagoela botere banaketarik, Estatua guztiz antidemokratikoa dela, eta Bankak, ondasun handiek, Patronalak, botere ekonomikoek beraien zerbitzura dauzkatela botere legegile eta judiziala, Auzitegiek segurtasun juridikoa eskaini beharko luketenean.

Zerga hau Bankuek ordaindu beharrekoa da, inoiz ez familiek. Horrela deritzogu gure herrialde guztietan eragin handiegia izango ez badu ere, izan ere, botere banaketaz, bankuen kontrolaz eta kudeaketa demokratikoaz ari gara.

Bankuek epaitegian nola eragin duten galdetzen diogu geure buruari. Joko hau ez da inolaz ere garbia izan. Zoritxarrez, ezagutzen dugu sistema eta bere jokamoldea, eta inondik inora ez gaitu harritzen. Alderdi politikoei zuzentzen gatzaizkie honakoa eskatzeko: Herritarrak babes ditzatela, berriz ere Banka eta bere irabaziak babestu beharrean. Hainbeste urtetan ikusi ezarena egiten egon diren alderdiak jotzen ditugu egoera honen arduraduntzat. Honetan aipatu beharrekoa da, Sanchezek aurreratu duen dekretua ez nahikoa iruditzen zaigula, milaka herritarrek kaltetuak izaten jarraituko dutelako. Neurri honetatik kanpo geratzen diren bezeroen egoerak injustuegia izaten jarraitzen du.

Euskal Herrian inoiz baino agerikoagoa da kudeaketa publikoa, izaera demokratikoa eta kontrol sozial eta sindikala izango lukeen Banka baten beharra, gehiegikeria hauek gerta ez daitezen eta herritarrok eta enpresa txiki eta ertainek gure finantza beharrak behar bezala beteak izan ditzagun.

Oso larria den egoera honetan, eraso honen aurrean herritarrak kalera ateratzeko deia egiten dugu.

 

 

 

Loramendiko grebalariek Emakunde eta instituzioei dei egin diete, sektore feminizatuetako prekarietatearekin amaitzeko lan egin dezaten

Greba mugagabean daude Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileak. Eguneroko mobilizazioen barruan, Eusko Jaurlaritzako Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur, eta enplegu feminizatuek eragindako prekarizazioa jasaten duten beste lantoki batzuetako langileen babesa izan dute. Hain zuzen ere, Emakunde eta instituzioei dei egin diete, enplegu feminizatuen prekarietatearekin eta diskriminazioarekin amaitzeko euren esku dagoen guztia egin dezaten.

Hauxe da, gaurko mobilizazioa dela eta, Loramendiko langileek egindako oharra:

Gaur, SANITAS LORAMENDIko langileok prekarietateak emakume aurpegia duela salatzen ari gara, EMAKUNDE eta EUSKO JAURLARITZAren egoitzaren aurrean.

Ez gaude bakarrik, eta guztiok gara berdinak. Emakume izateagatik prekarietate handiagoa pairatu behar dugu gure lanbideetan. Gure jardunaldiak, gure soldatak, gure atsenaldiak, gure osasunak, ez dute garrantziarik enpresen etekinen aurrean.

Hauxe da SANITAS LORAMENDI egoitzaren kasua. Bertako lan taldea ekainetik ari da lanuzteekin, eta urriaren 20tik patronalaren, inmobilismoaren aurrean, beste pausu bat harago ematera behartuta ikusi du bere burua, eta 24 orduko greba mugagabeari ekin dio.

Grebaren arrazoiak honakoak dira:

– %100eko jardunaldia eskatzen dugu garbiketa taldearentzat.
– Kopuru handiago batean oporrak hartzeko eskubidea eskatzen dugu gerokultore taldearentzat.

Hauexek dira gure eskaerak; bazterketa eta prekarietatearekin bukatzea eta langileen eskubideak bermatzea.

LORAMENDIko langile guztiok egoera bidegabe hau konpontzeko ari gara borrokan, eta erantzukizunarekin jokatzen jarraituko dugu.

Azaroan gaude, eta berdin jarraitzen dugu. Hobeto esanda, okerrago gaude. Izan ere, langile grebalariek beren soldatatik dirua galtzen duten bitartean, zuzendaritzaren aldetik kontrol maila jasanda, zuzendaritza grebaren ondorioak gutxiesten saiatzen ari da. Langileen greba orduak betetzen dituzte praktiketako pertsonala hartuz, greba burutzen duen aldi baterako pertsonala zigortzen dute…

Honen atzean, prekarietatearekin, bazterketarekin, sexismoarekin eta klasismoarekin bukatzea erronka duten langile batu, solidario eta koherente batzuei enpresak dien beldurra ezkutatzen da. Guk guztiok elkarrekin jarraituko dugu borrokan, denok bat.

Horrexagatik, gaur, Eusko Jaurlaritza eta EMAKUNDEren aurrean gaude, beren esku dagoen guztia egin dezaten eskatzeko. Hain zuzen ere, erakunde politikoei dei egiten diegu, enplegu feminizatuetan dagoen prekarietatearekin eta bazterketarekin bukatzeko.

 

 

 

Mateo Gutierrezi babesa erakutsi diogu Kolonbiako kontsulatuaren aurrean

0

"Muntai polizialik ez! Ez Kolonbian, ez inon" leloarekin, Kolonbiako ikasle gaztearen aurkako jazarpena salatu dugu hainbat eragilek, LABek barne, Bilbon dagoen Kolonbiako kontsulatuaren aurrean egindako elkarretaratze baten bitartez. Adierazpen bat sinatu dugu bere askatasuna exijitzeko.