2026-04-25
Blog Page 701

Lanuzteekin hasi dira Gestamp taldeko GTO enpresan integrazio akordioaren alde

0

Gestamp Try Out Services (GTO) Erandioko lantegiko 43 langileak integratzeko akordio baten alde ari dira borrokan. Honek, Gestamp taldean urtez luzaz egon izan den desberdintasun egoera bidegabearekin amaitzea ekarri beharko luke, taldeak berak sortutako “low cost” azpikontrata honekin.

Gestamp taldea mulniazionala da, autogintzarako osagaien diseinu eta ekoizpenean ari dena, estanpazioan eta matrizerian, Riberas Mera familia da bere jabe nagusia eta burtsan kotizatzen du 2017tik hona. 22 lantegi baino gehiago du mundu osoan, 100 herrialde baino gehiagotan, eta 40.000 langiletik gora. 2017an 8.200 miloi eurotako fakturazioa izango zuen.

Eskandaluzko zenbaki hauekin, GTOko enpresa-batzordetik negoziazioak abiatu ziren iazko apirilean langileen integraziorako akordio bati ekiteko GTE eta Adralen. Bi hauetan taldeko gainontzeko enpresetan baino baldintza okerragoak dituzte lana berdina izan arren. Egoera hau, taldearen barruan urteak egon ondoren, ez zaigu bidezkoa iruditzen eta ez da onargarria Erandioko lantegiko 43 langileentzat. Hilabetetako blokeoaren ondoren eta enpresa-batzordea eta zuzendaritzaren arteko jarrerak aldenduta zeudenez, asanbladak, gehiengo zabalarekin, otsailetik aurrera mobilizazioei ekitea erabaki zuen.

Orain zuzendaritzak bi proposamen ditu mahai gainean baloratuak izan daitezen. LAB eta ELAk osatzen dugu enpresa-batzordearen gehiengoa osatzen dugunak, Erandioko lantegiko langileak asebeteko dituen akordioa lortzea ahalbidetuko duen erantzun baten zain jarraitzen dugu.

Bien bitartean, enpresa-batzordearen gehiengoak bi ordutako lanuzteei ekin die. Gaur egin dute lehena eta otsaileko astelehen, asteazken eta ostiral guztietan ere egingo dituzte. Bi astetan zehar egingo dituzte aipatu lanuzteak. Zuzendaritzak enpresa-batzordeak egindako bi proposamenetatik bakarren batean aurrera egiteko moduko erantzuna eman ezean, hilabeteko azken bi asteetako lanuzteak 4 ordutakoak izango dira.

 

 

 

Lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezartzeko exijitzen diogu Jaurlaritzari

Gaur, astelehena, langile baten heriotza eragin duen lan istripu baten berri izan dugu. Zizurkilen dagoen Ula Construcciones Metálicas enpresan pieza batek S.S.O.E. 43 urteko Begiralia S.L enpresako langilea kolpatu du, eta bertan hil da.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu langilearen senide lagun zein lankideei momentu gogor hauetan.

Bigarrenik, istripuaren gaineko ikerketa zehatza eta erantzunkizunak esijitzen ditugu. Honekin 5 dira gutxienez urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak.

Istripuak ez dira gauzatzen arrazoi puntual edo koiunturalengatik. Oinarrizko arazo bat dugu, estrukturala.- Eredua da arazoa, langileon osasuna kolokan jartzen duena, bizitza galtzeraino.

Berriz diogu botere harreman aldaketa ematen ez den bitartean holako gertaerek jarraituko dute. Industria politika I+G+B edo sektore estrategikoez hitz egiten entzuten dugu, sektorean aldiz, prekarizazioa, azpikontratazioa eta osasuna galera zein istripuak etengabean gora doaz.

Behingoz eta bide batez administrazioari, beharrezko ikerketa abiaraztea exijitzen diegu eta kasu honetan Jaurlaritzari, lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezartzea. Epaileei, istripuen erantzuleen gainean ardurak exijitzea eskatzen diegu. Nahikoa da, nazkatuta gaude. Langileontzat justizia exijitzen dugu. Ezin ditugu onartu istripuak laneko ezaugarritzat.

Azkenik dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatu daitezkeen salatze elkartaratzeetan parte hartzera, eta modu berean borrokan jarraitzera lan zentru eta lantokietan eredu berri baten, baldintza duinen eta langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko duen jendarte eta herri baten alde.
 

 

 

Kaleratutako langilea berronartzeko exijitu diote Bizitegiri

Bizitegi irabazi asmorik gabeko erakundearen zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin zuen hitzarmenaren amaieran oinarrituz, eta gerentziak duela egun gutxi esandakoari uko eginez, lankide bat kaleratzearen erabakia hartu du. Hala, elkarretaratze batera deitu du biharko, otsailaren 5erako, enpresa batzordeak.

Hauxe da Bizitegi erakundeko enpresa batzordearen oharra:

2019. urtearen hasieran, enpresak Eusko Jaurlaritzarekin zuen hitzarmen baten amaieraren berri eman zigun. Honekin batera, lasaitasun mezu bat bidali zigun, zeinetan argi uzten zuen, egoera honek ez zuela erabaki traumatikorik erakarriko. Albiste hau eman eta egun gutxira, erakundean hamarkada bat baino gehiago lanean daraman langile baten kaleratzea jakinarazi dute.

BIZITEGI, bere web orrian argi uzten duen bezala, partehartze, elkartasun, gardentasun eta ardura balio batzuetaz harrotu egiten da. Beste behin ere, hau itxurakeria hutsa besterik ez dela argi utzi dute.

Hartutako erabakiarekin, langile eredugarri bat enplegu barik uzten dute. Gainera, Otxarkoagako interbentzio unitatea erizain zerbitzu barik uzten dute, erabiltzaileen ongizaterako guztiz beharrezkoa den jarduera bat ezabatuz, honek dakarren zerbitzuaren kalitatearen galerarekin.

BIZITEGIko komiteak, zuzendaritzarekin premiazko bilera bat eskatuko du, erakundearen egoeraren berri jakiteko eta gure lankidearen berronartzea eskatzeko. Gainera, biharko kontzentrazio bat deitu dugu, otsailak 5, 14:00etan enpresako lokalaren aurrean (Langaran 14, Otxarkoaga).

Instituzioek, "zerbitzu sozialen zorroa"-ren bidez sektorerako nahi duten norabide eta etorkizuna, sektorea bera arriskuan jartzen dute, lehenengo kaleratze hau adibide argia izanik. Honengatik, adi egon behar gara, ez ditugularik etorkizun hurbilean sektorearen defentsarako ekintza eta mobilizazioak baztertzen.
 

 

 

Langabeziak gora egin du urtarrilean eta 154.329 pertsonetan kokatzen da Hego Euskal Herrian

PSOEren gobernuak konpromisoa hartu du epe laburrean langabeziaren aurreko babes esparru berri bat garatzeko, indarrean dauden diru-laguntzen sakabanaketa ordezkatuko duena. Baina laguntzen berregituratze eta bateratze batek, bere horretan, ez du langabeziaren aurreko babesa hobetuko ezinbestean, estaldura eta zenbatekoek modu esanguratsuan gora egiten ez duten bitartean.

Enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 1.813 pertsonetan egin zuen gora urtarrilean aurreko hilabetearekiko. Honekin, 154.329 langabetutakoa da Hego Euskal Herriko kopuru ofiziala.

Honen berehalako arrazoia gabonetako kanpainaren amaiera eta bere ondorioak dira, nagusiki, merkataritza eta ostalaritzan. Baina sakonean jatorrian dagoena sortu den enpleguaren zati handi baten kalitatea txarrean dago:, baldintza koiunturalei lotutako enplegua, prekarioa, gaizki ordaindu eta egonkortasunik gabea.

Hori dela, langabeziaren bilakaerak urtarrilean ondorio bereziki negatiboak izan ditu zerbitzu sektorean eta emakumeen artean. Izan ere, emakumezko 2.974 langabetu gehiagorekin amaitu da hilabetea (%3,5 gehiago), eta gizonezko langabetuen kopuruak behera egin du 1.161 pertsonetan, abenduarekin alderatuta.

Bestalde, garrantzitsua da ohartaraztea langabezian dagoen pertsona bakoitzeko beste bi daudela enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda. Zalantza barik, egun dagoen enpleguaren baldintza eta soldata txarrak daude enplegu hobea bilatzeko izena ematen duten okupatuen kopuruaren igoeraren atzean.

Kontratazioari dagokionez, sinatu ziren 10 kontratutatik 9 aldi baterakoak izan ziren. Honek azaltzen du gurean ematen den aldi-baterakotasun tasa, %26an kokatzen dela, Europar Batasuneko handienen artean egotea, Polonia honezkero gaindituta (%23,8), Espainiako estatua baino ez du aurretik (%26,9).

Langabeziagatiko babes sistemari dagokionez, salatu beharra dugu bere estaldura maila apala. Egun, ofizialki langabetuak direnen %30,8ak baino ez du langabeziagatiko prestazioren bat jasotzen, honek dakarrena da arretarik gabe uztea langabezian dauden ia 105.000 pertsona.

Gainera, onuradunen %38ak prestazio asistentzialen bat jasotzen du, batazbestean, hilean 430 eurotara iristen ez dena.

Eta emakumeek jasotzen duten prestazio kontributiboaren zenbatekoa gizonek jasotzen dutenean baino apalagoa izaten da, batazbeste %15 gutxiago kobratzen baitute (SEPEk emandako azken datua, 2018ko abenduari dagokiona Estatu mailan).
 

 

 

Barakaldoko Udal Gobernuak egindako murrizketak salatu ditugu

Hainbat eragilek, LABek barne, protesta egin dugu Barakaldon, udaletxearen aurrean, gizarte arloan egindako murrizketak salatzeko. Hain zuzen ere, gaur da lehen eguna emergentziazko laguntzak eskatzeko Barakaldon. Iaz, 1.553 familiak eskatu zuten laguntza lehen egunean; hori bai, gero sei hilabete pasa ziren espedienteak onartu edo ez erabaki arte. Hortaz, murrizketak ez ezik, gai honetan udalak duen jokabidea eta utzikeria ere salatu dugu gaur, komunikabideei igorritako ohar batean azaldu dugun bezala.
 

 

 

Gasteizko Legebiltzarrari Herri Ekimen Legegilearen eztabaidari bide emateko eskatu dio Eskubide Sozialen Kartak

51.000 sinaduren ibilbildearen etorkizuna ostegun honetan erabakiko da. Otsailaren 7ko Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren bigarren puntuan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkezturiko Herri Ekimen Legegilearen (HEL) eztabaidari bide ematen zaion erabakiko da. Aste honetan bertan jakingo dugu ekimenaren eztabaida demokratikoa bermatzen den edo ukatua izaten den.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok agerraldi bat egin dugu Bilbon. Hauxe da egin dugun irakurketa:

Orain astebete iragarri moduan, PSErekin izan ezik, Legebiltzarra osatzen duten gainontzeko taldeekin bilera desberdinak egin ditugu: EH Bilduk eta Podemosek bere babesa eman badigute ere, EAJ eta PPrena kontrako zentzuan joan da. Aipatu dugun moduan, PSEk bilera deialdiari erantzun ez badigu ere, Gobernua sostengatzen duen taldea izanik, ezezko jarrera izanen duela aurreikusten dugu. Eta gauzak horrela, berriro ere, babes sozialaren inguruko eztabaida faltsuan ixteko arriskua dago. Are gehiago, gure ekimena eragotziko balitz, EAJ eta PSE-k aurkezturiko lege proposamenaren eztabaidari soilik bide emanen litzaioke.

Babes sozialean hain garrantzizkoa den prestazioa lege proposamen baten bidez aldatu nahi izateak, gobernuaren izaera demokratiko eza agerian uzten du. Are gehiago, horrela tramitatu nahi izanak helburu argia izan du: gure HEL neutralizatzea. Eztabaidaren ibilbide berak hori ondorioztatzera eramaten gaitu. 2017ko maiatzean EAEko Gobernuak bere proposamena aurkeztu zuen 18/2008 legea erreformatzeko. Proposamen horrek "Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta hobetzeko oinarrien dokumentua" izan zuen izenburutzat.

Gobernuak, orduan, proposamen horren premia honelaxe justifikatu zuen: Jaurlaritzak "babes sozialeko euskal sistemaren finantziazioa sendotzeko eta bere iraukortasuna bermatzeko, adostasun zabaleko itun soziala bultzatu behar" duela, alegia.

Proposamen hori aurkeztu zutenetik, gaia jorratzen duen Legebiltzarreko batzordean hainbat aurkezpen eta agerpen egin izan dira. Kartak ere bertan parte hartu zuen, bere balorazio ezkorra azalduz.

Gauzak horrela eta behin eztabaida zabalduta, Kartak 2018ko martxoan HEL aurkeztu zuen. Horren helburua gaur egungo legeak aldatzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa duina izan dadin, premia duten pertsona guztiek eskuratu dezaten eta etxebizitza eskubide efektiboa bermatua izan dadin.

Apirilaren 28an Legebiltzarrean EAJk eta PSEk, hasitako prozesu parte hartzailea zartatu zuten lege proposamena aurkeztuz; emandako arrazoia, erreformaren onarpena azkarrago egin behar zela esan zuten, alegia, eztabaida eta bermeak mugatzea besterik ez zuten bilatzen, gai horren inguruan preimiazkoa den adostasun soziala ekidituz.

Lege proposamen horren erreferentzia Jaurlaritzak duela urtebete aurkeztu zuen oinarrien dokumentua da eta, beraz, erreforma neurri berberak dakartza. Neurri horiek bere momentuan hainbat kritika jaso zituzten, gaur egun indarrean dagoen araudiarekin konparatuta DBE murriztera baitatoz. Mugimendu sozialek, gehiengo sindikalak eta aurkeztutako HELak agerpen parlamentarioetan azaldu eta eskatutakoari entzungor egin eta bere momentuan kritikatutako neurriei eutsi diete.

Gauzak horrela, Kartak hurrengo osteguneko osoko bilkuran bere HEL defendatuko du. Kartak, 51.000 sinaduren ahotsa eroanen du Legebiltzarrera. Kartak hurrenez hurren, bestelako babes sozialaren beharraz, kohesio sozialaren beharraz eta eztabaida demokratikoaren beharraz arituko da legebiltzarrean.

Zentzu horretan, Legebiltzarrari eztabaidari bide ematea eskatzen diogu. Halaber, Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeen izaera antidemokratikoa salatuko dugu eta beraiek aurkezturiko lege proposamenaren kontra agertuko gara HEL neutralizatzeko asmoz sortua izan delako, egungo babesa murrizten duelako are gehiago eta jendartean ireki beharreko eztabaida ekiditzen duelako.

 

 

 

Palacio de Elorriaga hotelaren aurrean mobilizatu gara, langile bat haurdun egoteagatik egindako kaleratzea salatzeko

Urtarrilaren 28an, lan munduan eman diren emakumeen kontrako hiru diskriminazio kasuren berri eman genuen. Hauetariko bat da Hotel Palacio de Elorriaga hotelekoa. Bertan, zazpi urte zeramatzan langile bat kaleratu zuten haurdun zegoela jakinarazi zuenean. Hala, mobilizazioaren bidez, hoteleko zuzendaritzaren jarrera salatu dugu.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako patronalaren aurrean mobilizatu gara, eta grebaren beharra berretsi dugu

0

LABek Bizkaiko delegatuen asanblada egin du gaur, herrialdeko metalgintzako hitzarmenaren egoera lantzeko. Ondoren, elkarretaratze bat egin dugu Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioaren, hots, FVEM patronalaren, egoitzaren aurrean.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren egoera jasanezina da. Urtebete bete da mahaia ireki zenetik, eta, ordutik, patronalak hitzarmen berri eta duin bat izateko borondate falta eta langileekiko errespetu falta izan du behin eta berriro. Honen guztiaren inguruan, eta horren aurrean egingo ditugun urratsei buruz, agerraldi bat egin genuen duela bi aste, komunikabideen aurrean.
 

 

 

Iruñeko Lan Departamenduan egin dute protesta Legasako Arcelorreko langileek

0

Kaleratutako lankidea berronartzeko exijitu dute hirugarren greba egunean.

Legasako Arcelor Mittal enpresan planteatuta zeuden hiru greba greba egunak egin dira, gaurkoarekin, beti ere kaleratutako lakindearen berronartzea exijitzeko. Balorazioa hagitz positiboa da produkzioa gelditzea lortu egin delako eta mobilizazioetan langileek modu zabal batean parte hartu dutelako. Baina hori horrela izanda ere, zuzendaritzak ez du inongo mugimendurik egin eta, horren ondorioz, gaur, azken greba egunean, langileak kalera atera dira berriz. Hain zuzen ere, Iruñeko Lan Departamentuaren aitzinean elkarretaratzea egin dute, gatazka honen inguruko kontziliazio saioaaren atarian. Saio honek emandakoaren ondoren, langileen batzarra eginen da hurrengo pausoak zein izanen diren erabakitzeko.