2026-01-26
Blog Page 701

Interbentzio sozialeko sektorea ahalduntzearen aldeko apustua berresten dugu, Bizkaiko hitzarmena sinatu ondoren

Sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin, hilabeteetako lan eta mobilizazioen ondorioz, Bizkaiko Eskuhartze Sozialeko V. Hitzarmen Kolektiboa sinatu dugu.

2016ko urrian, indarrean zegoen Hitzarmena salatu eta CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuok Gipuzkoako lan baldintzetara heltzea helburua zuen plataforma bateratu bat osatu genuen. EAEko zerbitzuen homologazioa helburu duten Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarriak kontuan izanik, patronalei hona heltzeko bide eroso bat eskaini genien.

Bi urte pasa dira negoziazio mahaia sortu zenetik. Bertan, GIZARDATZ eta GEROAN patronalek proposamen atzerakoi bat mahai gainean jarri zuten, beste gauza batzuen artean, antzinatasunaren ezabapen eta erabilera libreko egunaren desagerpenaren proposamenarekin. Mobilizazio eta interpelazio anitzen ondorioz, patronalaren jarrera aldatuz joatea lortu dugu, gaur egun sinatu berri dugun akordiora iritsi arte.

Hobekuntza nabariak lortu ditugu Hitzarmenaren funtsezko gaietan, hala nola: Hiru urteetan %10,6ko soldata igoerak (%3,1 2019an, %3,75 2020an eta %3,75koa 2021ean), edo 2021 urtean 1.577 ordutako jardunaldi efektibora heltzea.

Gainera, orain arteko mahaian lorturiko akordioetan oinarritutako negoziazio dinamikarekin apurtzea lortu dugu. Kalera irten gara, borrokatu egin dugu eta duela gutxi arte ezinezkoa zirudien sektore baten ahalduntzearen buru izan gara. Honekin, Aldundiko aurrekontuak eta gero, soldataren negoziaziorik eman ezin delaren mitoa hautsi dugu, honen adibide garbia, azaroan 2019rako soldata igoera duen Hitzarmen bat sinatu dugula da.

Argi daukagu batasun sindikal eta konpromiso handiagorekin urrunago heltzeko aukera izan ahalko genuela. Alde batetik, sektoreko ordezkaritzaren gehiengoa duen eta borrokaren buru izan beharko zutenek alde batera egin dutelako, eta plataformaren proposamen, ekintza sindikal eta estrategiaren atzetik ibili direlako. Eta bestalde, plataformako kideek momentu kritikoetan azaleratu duten ahultasunek bidean aurrera egitea eragotzi digutelako.

LAB sindikatutik, nahiz eta, hitzarmenaren sinadurak sektoreko langileen lan-baldintzetan hobekuntza argiak ekarri dituen, garbi daukagu sektoreko arazo nagusiak konponduta ez daudela. Ondorioz, borrokatzen jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen dugu, sektore indartsu eta ahaldundu bat sortzeko helburuarekin. Honen elementu nagusiak, beste askoren artean, laneko osasuna, ratio egokiak eta diru publikoaren kontrola izan behar direlarik.
 

 

 

#KINKEA, argitasuna opari


Etxerat Elkarteak KINKEA izeneko produktu promozioa abiarazi du. Gogoan izan behar dugu Etxerat Elkartearen jarduera preso eta iheslarien senide eta lagunei asistentzia, aholkularitza eta laguntza eskaintzeaz gain, presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzea ere badela. Kinkea promozioak emango duen diru bilketa, jarduera hauek finantzatzera zuzenduko da.

Espetxeak hustutzeko unea da, preso eta bere senideengan ondorio eta kalte larriak eragiten dituen espetxe politikak bere horretan jarraitzen baitu. Mendeku politika horrek eta salbuespen neurrien aplikazioak dakartzan ondorioak arintzeko askotako bitartekoak bermatzea beharrezkoa da: babes soziala, asistentzia legala, medikuen jarraipena, laguntza ekonomikoa…

Errealitate honen aurrean, eta aipatutako bitarteko ekonomiko eta asistentzialak bermatzeko, Etxerat Elkarteak Kinkea izeneko ekimena jarri du martxan. LABetik uste dugu, eremu sindikalean sakabanaketa eta espetxe politika salatzeko aspalditik garatzen dugun dinamika indartzearekin batera, Kinkeari bultzada bat ematea behar beharrezkoa dela.

Urtean lau promozio izango dira. Promozio bakoitzean, 25 euroren truke, litografia bat jaso eta sari ezberdinak izango dituen zozketa batean parte hartzeko aukera izango dituzu. Hortik harago, zure ekarpen ekonomikoak preso eta iheslarienganako elkartasuna izango du helburu nagusi.

Hartu ezazu LABeko edozein egoitzatik eskaera orriak eta animatu zure ingurukoak ere.

Informazio gehiago kinkea.eus orrian

 

 

 

Lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzea izango da gure lehentasuna, Fundiciones Garbiko hartzekodunen lehiaketaren aurrean

0

Fundiciones Garbi Atxondon kokatzen den fundizioak, urriaren 30ean borondatezko konkurtsoa eskatu zuen epaitegian, antolaketa eta arrazoi ekonomikoak argudiatuz. Bertan 140 langile inguruk egiten dute eta LAB eta CCOOek osatutako enpresa-batzordea daukate.

Enpresan azken bi urteak korapilatsuak izan dira; lan istripu bi, beste bi sute, EEE saiakera bat eta orain lehiaketa bat bat. Langileentzat une gogorrak izan dira eta orain beraien etorkizuna kolokan ikusten dute.

Lehiaketa egoera hasi besterik ez da egin eta gaur egun, hasierako fasean besterik ez dago. Bere asmoa jarduerarekin jarraitzearena dela dio enpresak, baina denborak esango du horrela den, denontzako hori izango baitzen irtenbiderik onena. Momentu honetan baina, dena airean dago eta bukaera urrun ikusten da, konkurtso prozesua luzea izango baita.

LAB sindikatuaren lana, enpresa guztiko langileen laguntzarekin, lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea izango da.

 

 

 

Aste honetako hirugarren greba egunak ere jarraipen eta babes zabala izan du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Auto karabanak eta elkarretaratzeak egin dituzte Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Aste honetarako deitutako lehenengo hiru greba egunak babes zabala izaten ari dira, gaurkoan ere aurreko bi egunen oso antzekoa izanik grebaren jarraipena, %60-%65 bitarte. Aste honetako lau greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Grebaren helburuak erabat argiak eta aski ezagunak dira, 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.

Patronalak ordea ez dira dagokien arduraz jokatzeko gai izaten ari. Orain dela urte bete, 2017ko Azaroan, inolako emaitzarik gabeko hamaika bilera ondoren, mahai negoziatzaileko parte hartzea eten eta mobilizazio bideari ekin beste biderik ez ziguten utzi sindikatuoi. Urte bete eta bost greba egun ondoren, patronalek helarazitako proposamenak orain urte bete mahaitik altxatzea erabaki genuenean mahai gainean jarrita zeukaten proposamenarekiko aurrerapauso nabaririk ez du jasotzen. Irakasleen lan kargak arintzeko inolako neurririk ez. Enpleguari dagokionez, gela itxierek ekar dezaketen lanpostu galerari aurre egiteko birkokapen neurri bermatzailerik eskeini gabe jarraitzen dute. Soldaten inguruko planteamenduan apenas dagoen aldaketarik, zenbait kolektibo, feminizatuenetakoak, prekarioenetakoak eta soldata arrakala handienetakoa suposatzen dutenak, eskaintzatik kanpo uzten ditu, Hezkuntza laguntza espezialistak alegia, eta gainera eroste- ahalmenaren berreskurapenetik oso urrun egoten jarraitzen du, are gehiago eroste-ahalmena galtzen jarraitzea ere suposatzen du. Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen eta Hezkuntza laguntza espezialisten, hau da, feminizatuenak eta egoera prekarioenetan lan egiten duten kolektiboen lan baldintzen inguruko proposamenetan apenas dagoen aurrerapausorik, egindako ordu osagarrien eta lanaldi murrizketaren planteamenduak lan baldintzen hobekuntzan apenas eraginik dutelarik. Argi dago beraz, fede oneko negoziazio bati ekin eta langileen aldarrikapenei erantzutea baino gehiago grebak desaktibatzeko helburua izan dutela.

Mobilizazio eta greba dinamika indartsuak bultzaturik, patronalak mugitzera behartuak ikusi dira, baina langileek oso argi ikudi duten bezala, patronalaren proposamenak plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen dute.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei, beraien langileen lan baldintzekiko duten ardura zuzena bere gain hartu, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko eskatzen diegu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ere, egungo hezkuntza sistema mantentzeko erabakia hartu duen unetik, langile hauen lan baldintzekiko ardura maila bat baduela eta gatazka honetan paper bat jokatu behar duela uste dugu.

Azkenik, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak zoriondu nahi ditugu hiru egun hauetan beraien lan baldintzen eta ikastetxeetako hezkuntza kalitatearen alde egindako mobilizazio eta defentsagatik, eta bihar Gasteizen antolatu dugun manifestazioan parte hartzera animatzen ditugu.

 

 

 

Tubos Reunidos Industrialeko zuzendaritzak ezarri nahi duen 16 hilabeterako Aldi Baterako EEEa salatu dute

0

Gutun bat erregistratu dute gaur Tubos Reunidosen bulegoetan, enpresa-komitearen izenean. "Ezin dugu onartu Tubos Reunidosen eman den kudeaketa eskasa langileon langabeziarekin konpontzea. Enpresak duen arazoa zorra da eta ez da honelako neurri koiunturalekin konponduko", adierazi dute.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Tubos Reunidos Industrialeko (TRI) enpresa-batzordeak, zuzendaritzak ezarri nahi duen 16 hilabetetarako Aldi Baterako EEEa salatu nahi du. Dirudienez, zuzendaritzan 2002an George Bushek ezarritako muga-zergen iraupenean oinarritzen da, hau da, orduan ezarritako muga-zergek 21 hilabete iraun zuten eta horregatik, orain guri, 2020ko otsailaren 29ra arte ezarriko digute Aldi Baterako EEEa, ekainaren 1ean hasi baitziren muga zergak.

EBITDAren azken urteotako emaitza, 2016koa kenduta, positiboa izan da, hau da, enpresaren aktibitateak dirua sortzeko ahalmena erakusten digu, galerak ematen diren amortizazio eta enpresak duen zorrarengatik dira.

Urte hauetan zehar, akoziodunen artean dibidendu banaketarekin enpresaren deskapitalizazio bat eman dela esan behar dugu, 2007tik 2016ra 77.445.000 euro banatu dira. Honi gehitu behar zaio, 2008an ingenieriza finantzieroko jokaldi bati esker, 170 milioi euro desagertu zirela akzioen amortizazio baten aitzakiapean. Gaur egun, enpresak duen zorra 222 milioi euro ingurukoa da.

Ezin dugu onartu Tubos Reunidosen eman den kudeaketa eskasa langileon langabeziarekin konpontzea. Enpresak duen arazoa zorra da eta ez da honelako neurri koiunturalekin konponduko.

Zuzendaritzari mezu argi bat bota nahi diogu: ez, horrela ez. Ez dago gure etorkizunarekin jolasterik. Guri Aldi Baterako EEE bat ezartzen diguten bitartean, zeinetan 23 milioi euro aurreztuko dituzten, ez dugu ezagutzen akziodunei egindako eskaririk.

Enpresak honek etorkizuna bermatuko dion plan industriala behar du. Plan industrial honek inbertsioak egingo direnaren konpromisoa ekarri behar du atxikitua eta langileentzako lan-berme bat izan behar du. Eskakizun hauek, bai ala bai, akziodunek egin behar duten kapital gehikuntza batekin etorri beharko dira.

Tubos Reunidos bezalako enpresa historiko baten etorkizunetik familia asko bizi da eta ez dugu baimenduko proiektu hau arriskuan jartzerik.

 

 

 

Tecuniko langileek Bilboko udalbatzarrera eraman dituzte euren aldarrikapenak

0

Tecuniko langileak mobilizatzen ari dira egunotan, enpresak Iberdrolarekin zuen kontratu bat etetearen ondorioz 46 langile kaleratze arriskuan daudelako. Hala, LAB eta ELA sindikatuok Bilbora eraman dugu protesta, Bilboko Udala Tecuniren bezeroa baita. Elkarretaratze bat egin dugu udaletxearen kanpoaldean, eta, barruan, udalbatzarra egiten ari zirela baliatuta, saioa eten dute langileek euren aldarrikapenen berri emateko.


 

 

 

Elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren eta Jaurlaritzaren politikei zilegitasuna ematea dela salatu dugu Legebiltzarrean

Legez besteko bi proposamen eztabaidatzen ari dira, gaur, Gasteizko Legebiltzarrean, elkarrizketa soziala institituzionalizatzeko dekretua bertan behera uzteko eskatzen duena. Hala, eztabaida honi helduta, elkarretaratze bat egin dugu Legebiltzarraren aurrean, "Euskal langileon hitza errespetatu. No al decreto de diálogo social” lelopean. Bertan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk dekretu proiektua bertan behera utz dezaten eskatu du, elkarrizketa sozialak ez dituelako lan baldintza duinak bermatzen, proiektuak berak ez duelako Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde egiten eta dekretuak ez dituelako gehiengo sindikalak errespetatzen.

Elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioari buruzko eztabaida egiten ari dira gaur Gasteizko Legebiltzarrean, EH Bilduk eta Podemosek sustatuta. 

Zentzu honetan, LABek dekretu proiektuari emendakinak aurkeztu dizkio, proiektua bertan behera utz dezaten eskatzeko. Garbiñe Aranburuk eskaera horren oinarrian dauden hiru arrazoiak azaldu ditu, Legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzean:

-Elkarrizketa sozialak ez ditu lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko helbururik. EAEn ezarritako elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren politikei eta Eusko Jaurlaritzaren politika publikoei zilegitasuna ematea da. Langileentzako elkarrizketa marko hutsa da.

-Proiektuak ez du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Markoa eraikitzeko helbururik, ez du bilatzen marko autonomo bat eraikitzea inolako kanpo injerentziarik gabe.

-Ez ditu gehiengo sindikalak errespetatzen. Gutxieneko sindikalarekin elkarrizketarako marko bat eraikitzea oinarrizko arau joko demokratikoak ez errespetatzea da. Politika mailan, pentsaezina litzateke gutxienekoak gehiengoa gailentzea; bada, hori da maila sindikalean ikusten ari garena.

Garbiñeren Aranbururen hitzetan, "Legebiltzarreko taldeekin egindako kontaktu errondan, gure gogoetak azaldu ditugu, baita gure kontrako jarrera ere Eusko Jaurlaritzak eman nahi duen urratsari dagokionez, elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko bidean. EH Bilduk eta Podemosek proiektua erretiratzeko eskatu dute, guk azaldutako kezkarekin eta sindikatuak eskatutakoarekin bat eginez. Horregatik, txalotu egiten dugu EH Bildu eta Podemosen ekimena".

LABeko idazkari nagusiak azaldutakoaren arabera, "gure nahia beharrezko babesa jaso dezaten da, proiektuak aurrera egin ez dezan. EAJren gobernuak aurrera jarraitzen badu dekretuarekin, berriro geratuko da agerian zein interesen arabera eta norentzat ari den gobernatzen; patronalaren mesedetan, hain justu".

 

 

 

Txilen egon gara, bertako eragile sindikalekin

0

LABeko ordezkaritza bat Txilen izan da egunotan, sindikatuko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz buru. Txileko errealitateaz gain, Euskal Herriko egoeraz ere hitz egiteko aukera izan dugu.

Egun hauetan, LAB sindikatuko ordezkaritza bat Santiago de Chilen egon da, bertako gizarte eragile nahiz eragile sindikalekin bitartez herrialde horretako egoera polítiko, ekonomiko eta soziala aztertzeko.

Egindako bileren artean, Trasol lan kooperatiba federazioko kideekin egon gara; ekonomia sozialari buruz hitz egiten eta kooperatibismoaren eta klase sindikalgintzaren artean egin daitekeen balizko aliantzen inguruan solasean, hain zuzen ere.

Eragile sindikalei dagokienez, Union Clasista de Trabajadores eta sortu berri den Central Clasista de Trabajadoresekin egoteko aukera izan dugu. Txilen sortzen ari den klase sindikalgintzaren adierazle berri honek pasa den Irailean izan zuen sorrera, eta poliki-poliki bere ibilbidea egiten ari da Txilen, klase sindikalgintza erreal bat indartzeko helburuarekin.

Bilkura hauetan, Txileko errealitateaz gain, Euskal Herriko errealitateaz hitz egiteko aukera izan dugu, eta etorkizunerako herrialde honetan elkarlanerako bideak ireki ditugu.
 

 

 

Nafarroak estatus politiko berri bat behar du Nafarroako langileok nahi dugun aldaketa soziala gauzatzeko

Bada garaia Nafarroako Gobernutik eta parlamentutik gobernu espainolaren aurrean planto bat egiteko. Bakarrik konfrontazio politikoarekin egungo marko politikoa gainditu daitekeelako. Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da. LABek horren aldeko konpromisoa hartzen du.

Urte honen hasieran Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioan berreskuratutako 250 milioi euro inbertsio sozialetara bideratzea eskatu genion Nafarroako Gobernuari. Horren alde, LAB sindikatutik mobilizatu ginen.

Nafarroako Gobernuak 2019rako aurkeztutako aurrekontuekin ez gaude ados. Ez dira parte hartzaileak eta ez dira aldaketa sozialak eskatzen dituenak. Hori dela eta, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Ek aurkeztutako inbertsioekin eta markatutako lehentasunekin ez gaude ados. Hala ere, egindako ariketak balio bat du.

Egungo legediak eta marko politikoak gizarteak dituen beharretan inbertsioak egitea debekatzen ditu. Elite ekonomikoen interesak langileriaren beharren gainetik daude. Horretarako, Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuten eta horregatik gastu sabaia ezartzen digute. Krisi garaian dirua ez zegoela esaten ziguten murrizketak aplikatzeko. Orain, dirua dagoenean, zorra ordaintzera lehenestea ezartzen dute. Honez gain, nahiz eta errekurtsoak egon, inbertsioak handitzea debekatzen digute.

Nafarroako autogobernua mugatua zegoela esan dugu askotan. Gaur, Espainiako Ogasun Ministerioak 2017ko superabitatik soilik 35,5 milioi erabiltzeko baimena eman dio Nafarroako Gobernuari. Beraz, Nafarroako autogobernua jada ez dago mugatua, agortuta baizik.

Benetako autogobernu batek Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialean inbertitzeko aukera emango luke. Aldiz, egungo errealitateak erakusten diguna da hori ezinezkoa dela, Estatu espainolaren menpe gaudelako. Nafarroako langileok nahi dugun aldaketa soziala gauzatzeko Nafarroak estatus politiko berri bat behar du.