2026-02-21
Blog Page 701

“Jabetu behar gara zer eta noiz erosten dugun”

Igande eta jai egunetan merkataritza irekitzearen aurkako plataformak kontzientziazio eta salaketa kanpaina bati ekingo dio, merkatariak, langileak eta kontsumitzaileak eskutik helduta joan daitezen. Plataformaren ikurra eramango dute eta dendako atean denda adeitsua dela adieraziko dute. Hala jakinarazi dute Bilbon, El Corte Ingleseko atarian, egindako agerraldian.

Igande eta Jai-egunetan Merkataritza Irekitzearen aurkako Plataforma osatzen dugunok: LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta CGT sindikatuak, Euskaldendak-i atxikitako merkatarien elkarteak, EKA/ACUV eta EKE kontsumitzaileen elkarteak, Bilboko Auzokideen Elkarteen Federazioa, Donostiako Bizilagunekin Plataforma, REAS (Euskadiko Ekonomiaren Sare Alternatibo eta Solidarioa), Ernai eta SOS Alde Zaharra-k, hurrengo hau aldarrikatzen dugu:

Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri nahi izan dizkiguten lege-aldaketen gainetik, gure arteko "itun" bati eutsi diogu azken urteotan, eta horrela, orain arteko ohiturei jarraikiz gure sektorea orekan mantendu ahal izan dugu, eta esparru honetan lan-baldintzak errespetatu dira orokorrean, bai merkataritzako langileenak, bai dendetako ordutegi eta egun-liberalizazioaren eraginpeko beste sektore batzuetako langileenak (autonomoak eta besteren konturako langileak).

Baina denek ez dute oreka hori gogo onez onartu nahi izan. Kate handiek, zenbait erakundek eta kargu publikok urtero-urtero gogoratzen digute zein den beren asmoa: merkataritzako ordutegia liberalizatzea; eta hortaz merkatariak dendak jai-egunetan zabaltzera bultzatu nahi dituzte, salmentak ugalduko dituztelako gezurrezko promesak emanez. Asper-asper eginda gaude beti merkataritza-kate handien eta multinazionalen alde daudela ikusteaz. Gu beti limurtu nahi gaituzte esanez denda txikien salmentak ugalduko direla igande eta jai-egunetan irekiz gero. Baina etsigarria da ikustea nola gure hiri eta herriak, merkataritza gune eta kate handien beharrizanen arabera diseinatzen dituzten, herri eta auzuneetan denda anitzak sustatu beharrean, enplegu egonkorra eta langile eta auzokideentzako zerbitzua eskainiz. Nahiko gezur eta engainu entzuten ari gara, eta jendea manipulatu nahiean ari dira. Enplegua eta salmentak ez dira handituko dendak beti irekita edukitzeagatik, baina horretara eraman nahi gaituzte edozein aitzakia jarriz, dela aparteko gertaerak, dela turismoa, dela ikasleak; baina beti kate handien interesei begira. Guk nahi ditugun hiri eta herriak beraietan lan eta bizi direnen neurrira egindakoak dira.

Hala ere, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektorearen oreka mehatxupean dago berriro. Hala da, elikadura-sektoreko kate handiak, batik bat, Carrefour Express, Simply, Supercor (Corte Ingles) edo Coviran besteak beste, apurka-apurka irekitze-eredu bat hedatzen ari dira gure lurraldean zehar, urteko egun guztietan irekita egoteko, kasu askotan 24 orduko formatuetan 365 egunetan. Kezkagarria da horietako batzuk frankiziatutako merkatari txikiak izatea (batzuetan marka handiek ariete moduan erabiltzen dituzte, eta ez dira konturatzen kate eta erostetxe handiekiko elkarlan horren ondorioz ordutegi-liberalizazioa datorrela, eta denda txikien salmentetan gainbehera latza). Gero autonomo edo merkatari txiki horiek, beren aldetik, enplegatuak kontratatzen dituzte baldintza prekarioetan; eta horren eraginez beste denda batzuk itxi beharrez daude, sektoreko biziraupena eta eskubideak errespetatzen dituztenak, enpleguaren zati handi bat kolokan jarriaz.

Kontsumitzaile gisa dugun erantzukizunari berariazko deia egiten diogu. Gure erosketak egiteko ordutegiak behar bezain zabalak dira, eta jabetu behar gara zer eta noiz erosten dugun. Langileon artean elkartasuna eta begirunea nagusi izan ezean, nekez lortuko dugu gizarte zuzen bat, ezta kolektibo bakoitzeko eskakizunak ere (emakumeak, gazteak, pentsiodunak, langabeak, sektore publikoko eta pribatuko enplegatuak). Eta, horregatik, ez ditugu sustatu behar kontsumismo basatidun ereduak, multinazionalen jabe bakan batzuen mesedetan.

Orain arriskuan dagoena elikadura-merkataritzaren sektorea da, baina bide horretatik aurrera joanez gero, merkataritza-sektore guztiak lerratuko dira enpresa eta banaketa-kate handietara, eta horren ondorioz gure herri, hiri eta auzoak hutsik geratuko dira, eta lan-baldintzak lehen baino prekarioagoak izango dira.

Horregatik guztiagatik kontzientziazio eta salaketa-kanpaina bati ekingo diogu, denok batera jokatzeko —merkatariak, langileak eta kontsumitzaileak—. Horrela, gure plataformaren ikurra eramanez edo dendako atean jarriz denda adeitsua dela adieraziko dugu jendaurrean.

Aldi berean, igande eta jai-egunetan irekitzen duten dendei (handiak izan edo txikiak izan) ohartarazten diegu gure mobilizazioa aurrera doala, eta borroka honetan ez dugula etsiko. Ez dugu onartuko, bakan batzuen ustezko banako askatasunaren izenean, DENON askatasuna eta eskubideak zapaltzea eta mugatzea, eta gehienon kontura probetxua ateratzea. Gehiengoaren aldarrikapena hauxe izan baita beti: "hemen jai-egunetan 0 irekiera".

 

 

 

Abadiñoko Rothenberger enpresa zigortu dute greba eskubidea urratzeagatik

0

2017ko irailean Rothenbergerreko langileek lanuzte batzuk egin zituzten, enpresako hitzarmen kolektiboaren negoziazioan zuzendaritzak zuen jarrera salatzeko. Lanuzteak Rothenbergerrek Euskal Herrian dituen bi lantokietan, hau da, Abadiñon eta Gasteizen deitu genituen. Grebaren eragina gutxitu nahiean, enpresak zenbait trikimailu erabili zituen Abadiñoko lantegian: malgutasuna erabili nahi izan zuen langileak larunbatean lanera joatera behartzeko, eta ABLE bidez langileak kontratatu zituen grebalariak ordezkatzeko.

LABek eta epaitegira jo zuen gertatutakoa salatzeko. Orain, urte bat baino gehiago pasa denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Rothenberger zigortu du greba eskubidea urratzeagatik, 224/2018 epaian eta Enpresa Batzordeko 3 sindikatuetako bakoitzari (LAB, ELA eta CCOO) 6.250 euro ordaindu beharko dizkio, grebalari bakoitzari nominatik deskontatutakoa bueltatu beharko die, eta kontrako lehen epaiaren aurrean, aurrera egitea erabaki genuen LAB eta CCOOko abokatuen tasetarako 1.000na euro ordaindu beharko ditu.

Gogoratu nahi dugu hein handi batean greba hau izan zela enpresako hitzarmen kolektiboa adostea lortu zuena, eta aurrean jarri nahi dizkiguten oztopoak handiak izan arren, izan legezkoak ala legez kanpokoak, langile batasuna eta greba direla patronalaren zekenkeriari aurre egiteko tresna eraginkorrenak.
 

 

 

Garbialdiko langileen protestek aurrera jarraitzen dute

0

Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzak garbitzen dituzten Garbialdiko langileen mobilizazioek ez dute etenik. Hain zuzen ere, enpresaren aldetik inolako keinurik jaso ostean, elkarretaratze bat eta auto karabana bat egin dituzte gaur. Aldundiaren inplikazioa eskatu dute berriro, gatazka konpondu ahal izateko. Urtebete eman dute borrokan dagoeneko, hitzarmenaren alde eta bederatzi urteko soldata izoztearen aurka.


 

 

 

Elkartasun osoa bidaltzen diegu Huelvan lan esplotazio egoera eta sexu abusuak salatu zituzten Marokoko emakume migranteei

Epaileak artxibatu egin du abusu sexualak salatu dituzten Marokoko emakume langileen kasua. Erabaki hau salatzeko mobilizazioekin bat egiten dugu; tartean, Donostian bihar, abenduak 19, egingo den elkarretaratzearekin (19:00etan, Bulebarrean).

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik ere gogor salatu dugu Justiziak hartutako erabakia. Hauxe da egin dugun irakurketa:

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik Huelvan lan egitera etorri ziren Marokoko emakumeek jasaten dituzten biolentziak epaitu dituen justizia patriarkarra salatzen dugu.

Elkartasun osoa bidaltzen diegu orain dela sei hilabete Huelvan lan esplotazio egoera eta abusu sexualak salatu zituzten Marokoko emakume migranteei. Jaso berri dugu albistea, baita epaileak kasua artxibatu egin duela, emakume hauei entzun ere egin gabe. Badirudi epaileak kasu egin diola defentsako abokatuaren argudioari: salaketa hau emakume hauen azpijokoa izan dela, Espainiako Estatuan geratu ahal izateko.

Bat egiten dugu kolektibo antiarrazista, feminista, emakume migrante eta sindikatuen aldarrikapenekin; kaleak hartu eta sistema patriarkar, arrazista, kapitalista eta klasista honek emakumeon gorputzetan nola eragiten duen salatzeko. Nahikoa da! 
 

 

 

Plataforma integrala aurkeztu dugu Arabako metalgintzako mahaian

0
Gaur, abenduak 18, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da eta sindikatu bakoitzak bere aldarrikapenen plataforma aurkeztu du. LABek, iragarri bezala, prozesu partehartzaile bat burututa osatu du berea, hamarnaka ekarpen jasota eta langileen beharrei arlo guztietan erantzuna ematen.

Jasotako ekarpenak txertatu ditu LABek sindikatuaren oinarriekin, eta horren emaitza plataforma integral bat izan da, arloz arlo langileen beharrei erantzuten diena.

Aldarrikapenen plataformaren puntu nagusiak honakoak dira:

Soldata duina: 1.200 eurotako soldata helburu, igoera linealak proposatzen ditugu, soldata handi eta txikien arteko aldeak ez handitzeko; zehazki, 2017ko KPI + 70 € eta 2018ko KPI + 40 €.

Lan Baldintza duinak: jardunaldia jaitsi, malgutasuna mugatu, baimenak handitu,..

Kalitatezko enplegua sortu: ABLEen bidez ezin kontratatzea, azpikontratetako langileen subrogazioa, kontratazioetan diskriminazioa ekiditeko irizpideak adostea, aldi bateko kontratazioa mugatu, lanaldi partzialeko kontratuak mugatzea, praktika eta formazio kontratuak eta formazio duala duindu,…

Emakumeen eskubideak: berdintasun planak 30 langiletik gorako enpresetan. Berdintasun batzordea osatzea sektoreko diagnostikoa egiteko eta emakumeen kontratazioa handitzeko eta soldata arrakala ezabatzeko neurriak hartzeko; eta familia eredu berriei erantzuteko eta erantzunkidetasunean aurrera pausuak emateko proposamena.

Lan osasunean: proposamenak langileen formazioa eta informazioa hobetzeko, segurtasun batzordeak eraginkorrago bihurtzeko, prebentzio delegatuek gaitasun handiagoa izateko.

Hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko: lan erreformari eta estatalizazioari aurre egin.

Behin plataformak aurkeztuta eta patronalaren planteamenduen zain, urtarrilaren 24an ekarriko dituenak, LABek plataforma langileen artean zabaltzeari ekingo dio, aldarrikapen hauen inguruan indarrak biltzeko eta langileak aktibatzeko.
 

 

 

Iruñeko Miasako EREaren kontsulta epea gaur itxi dute, akordiorik gabe

0
Mahai gainean 24 kaleratze jarri dituzte. LABetik argi utzi nahi dugu MIASAn ez dagoela inor soberan.

Gaur, abenduak 18, enpresak aurkeztutako EREaren kontsulta epea itxi da, akordiorik gabe eta 24 kaleratzerekin mahai gainean.

LABetik argi utzi nahi dugu MIASAn ez dagoela inor soberan. Multinazionalak, proiektuak Zuerara bideratuz, mekanizazio atalean deslokalizazio prozesua jarri du martxan, ezkutuan. Horren froga argia da, abenduak 17ko bileran, kontsulta epealdian zehar, proiektu berri baten fundizioa Iruñean egin eta Zueran mekanizatuko zela esan izana da.

Honetaz gain, enpresaren ezezko sistematikoa salatu nahi dugu kaleratzeen aurrean. LABek aurkeztutako alternatiben aurrean, ezentzunarena egin dute behin eta berriro eta azkenik gaur EREa gauzatu dute. Guzti honekin MIASA Iruñaren deslokalizazioaren prozesuan, kapitulo berri bat itxi da.

LABen argi dugu, eskura ditugun tresna guztiekin MIASA Iruñan lanpostuak bermatuko dituen plan industriala exigitzen jarraituko dugula.

 

 

 

Biocompst de Álava Aldi Baterako Enpresa Elkarteko langileek greba mugagabea hasiko dute abenduaren 26an, bidezko hitzarmenaren alde

0
12 urte daramatzate Biocompost de Álava Aldi Baterako Enpresa Elkarteko langileek Hiri Hondakin Solidoen planta kudeatzen. Aurten, enpresa-batzordeak jakin du, 12 urtetako zerbitzuaren ondoren, lizitazioa irabazi duen enpresak ez dituela Hiru Hondakin Solidoen plantaren ustiaketarako lehiaketan eskainitako lan-baldintzak betetzen. Hala ere, esleipen kontratuan zehaztutako kanon ekonomikoa bai jasotzen duela Gasteizko Udaletik.

Arabako Hiri Hondakin Solidoen Kudeaketarako planta, hau da, Biocompst de Álava Aldi Baterako Enpresa Elkarteko enpresa-batzordea, 2003an enpresak eta Gasteizko Udalak kudeaketarako sinatutako kontratuaren araberako lan-baldintzen araberako hitzarmena aldarrikatzen hasi da. 2006an bere jarduera hasi zuenetik, enpresak aldebakarrez ezartzen die bere langileei Hondakinak Berreskuratzeko Hitzarmen Estatala, Gardelegiko Zabortegiko Hitzarmeneko baldintzak ezarri beharrean.

Aldi Baterako Enpresa Elkartea erdibana osatzen duten Ferrovial eta FCCk, urtean 8 milioi euro jasotzen dute Gasteizko Udaletik Arabako Lurralde Historikoko Hondakin Solidoen kudeaketagatik, eta hauen %22,5a langile-gastuetara bideratu beharko litzateke. Hala ere, kontratak iraun dituen 12 urte hauetan egindako konparaketak enpresak auditatutako datuak eta Ustiaketa-Kontratuaren artean egindakoak 2,5 milioi eurotik gorako aldea erakusten digute. Honen aurrean, are nabarmenagoa da ia langileen erdiek jasotzen duten hilean 900 eurotako soldata oso pobrea, zaborrekin harreman zuzena duen lan neketsu batengatik.

Bete gabeko beste baldintzen artean hitzarmenen arteko orduen aldean dago. Urteko 1.780 euro jasotzen ditu Estatuko hitzarmenak eta 1.592 sinatutako hitzarmenak, hau da, urteko 188 ordu gehiago lan egin ditu langile bakoitzak, %12 gehiago.

Aniztasun funtzionala duten langileen enpleagarritasun ratioak, familia-baimenak, norbere kontuetarako egunak, lanpostua gordeta egindako eszendentziak, erretiroagatiko primak, etab. dira eskaintzan baloratutako beste faktore batzuk, egungo hitzarmenarekin betetzen ez direnak.

Era berean, laneko giroa ere bada beste arrazoi bat langileak kokoteraino egotera eraman dituena. Honela, euren grebarako eskubidea baliatuko dute abenduaren 26tik aurrera, greba mugagabea martxan jarriz.

Hau al da Gasteizko Udalak saldu nahi digun Green Capital eredua?
 

 

 

Ez dugu onartzen Estatuak muturra sartzea Nafarroan hartzen diren erabakietan

Berriki jakin dugu Espainiako Estatuko Ogasunak zalantzan jartzen duela diru-funts osagarrien %0,30 banatzeko lortu dugun akordioa. Hori dela eta, LAB sindikatuak beste behin ere salatu nahi du Madrilek Nafarroan hartzen ditugun erabakietan muturra sartzeko duen jarrera. Gogoan izan behar dugu Nafarroako Gobernuak eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako akordioak oso adostasun handia lortu zuela, eta, akordioan aurreikusitako maila igoerari esker, 3.000tik gorako langileen lan baldintzak hobetu zirela. Horrez gainera, aspalditik gertatzen ziren egoera injustu eta bidegabekeria historiko batzuk ere konpondu ziren.

Hartara, ez dugu onartzen Madrilek muturra sartzea nafarrok gure ordezkari politiko eta sindikalen bidez hartzen ditugun erabakietan. Aspertuta gaude Madrilgo murrizketekin, inposizioekin, mugekin, debekuekin, ilegalizazioekin, errekurtsoekin…. Nazkatuta gaude Madrilek behin eta berriz bertan behera uzteaz gure Parlamentuak onartzen dituen legeak. Nazkatuta gaude Nafarroan ordezkaritza txiki-txikia duten alderdiek beren politikak ezarri nahi izateaz.

Horregatik, langile guztiak animatzen ditugu irmoki erantzutera eta Nafarroan hartzen ditugun erabakiak defendatzera. Merezi duten erantzuna emateko, LABek deituta, kontzentrazio eta batzar bat eginen dugu hurrengo asteazkenean, abenduak 19, goizeko 11:00etan Gobernu ordezkaritzaren aurrean (Merindadeen plaza).

 

 

 

Ontzat jotzen dugu Hezkuntza Departamentuak behin-behineko irakasleek aukeratzen dituzten plazak egonkortu nahi izatea, baina gakoa prozesua egiteko modua izanen dela deritzogu

0
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak behin-behineko langileen egonkortasunari begirako proposamena egin digu gaur sindikatuoi, sinatu berri den Itunaren Jarraipen Batzordeko bileran.

Proposamenaren arabera, urtero hainbat irakaslek jasaten duten lanaren inguruko ziurgabetasuna gaindituz, lanpostuak egonkortzeko aukera litzateke. Aukera berri horri esker, urtero, eta oposizioa atera bitartean, behin-behineko langileei lanpostu berean jarraitzeko eskubidea bermatuko litzaieke.

Departamentuak jakinarazi duen neurria eraginkorra izanen delakoan gaude, Hezkuntza sistemari egonkortasun handiagoa emateko eta aldarrikatzen dugun kalitatezko irakaskuntzaren bidean lagungarria izateko. LABek betidanik langileen egonkortasuna eskatu du, behin-behinekotasunak sortzen dituen eragozpen metodologiko eta didaktikoak gaindituz, interinoen egoera prekarioarekin amaitzeko. Bide batez ezin dugu ahaztu egonkortasun faltak eragiten dituen baldintzen ondorioz lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa oso zaila egiten dela, interinoek sarritan salatu duten bezala.

Aurrera begira, prozesuaren arrakasta egoera berri hau kudeatzeko hartuko diren erabakien araberakoa izango da eta LABek hori bideratzeko eta gauzatzeko konpromisoa iragartzen du. Horri lotuta, sindikatu honek argi du saiakera hau eraginkorra eta zentzuzkoa izan dadin egonkortasun prozesuak irakasleen formakuntza eta garapen profesionalerako ildo berriekin bat egin behar duela eta hau guztia modu gradualean eta hezkuntza komunitate pausokako atxikimendua lortuaz egin behar dela.