2026-02-11
Blog Page 699

Ez dugu onartzen Estatuak muturra sartzea Nafarroan hartzen diren erabakietan

Berriki jakin dugu Espainiako Estatuko Ogasunak zalantzan jartzen duela diru-funts osagarrien %0,30 banatzeko lortu dugun akordioa. Hori dela eta, LAB sindikatuak beste behin ere salatu nahi du Madrilek Nafarroan hartzen ditugun erabakietan muturra sartzeko duen jarrera. Gogoan izan behar dugu Nafarroako Gobernuak eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako akordioak oso adostasun handia lortu zuela, eta, akordioan aurreikusitako maila igoerari esker, 3.000tik gorako langileen lan baldintzak hobetu zirela. Horrez gainera, aspalditik gertatzen ziren egoera injustu eta bidegabekeria historiko batzuk ere konpondu ziren.

Hartara, ez dugu onartzen Madrilek muturra sartzea nafarrok gure ordezkari politiko eta sindikalen bidez hartzen ditugun erabakietan. Aspertuta gaude Madrilgo murrizketekin, inposizioekin, mugekin, debekuekin, ilegalizazioekin, errekurtsoekin…. Nazkatuta gaude Madrilek behin eta berriz bertan behera uzteaz gure Parlamentuak onartzen dituen legeak. Nazkatuta gaude Nafarroan ordezkaritza txiki-txikia duten alderdiek beren politikak ezarri nahi izateaz.

Horregatik, langile guztiak animatzen ditugu irmoki erantzutera eta Nafarroan hartzen ditugun erabakiak defendatzera. Merezi duten erantzuna emateko, LABek deituta, kontzentrazio eta batzar bat eginen dugu hurrengo asteazkenean, abenduak 19, goizeko 11:00etan Gobernu ordezkaritzaren aurrean (Merindadeen plaza).

 

 

 

Ontzat jotzen dugu Hezkuntza Departamentuak behin-behineko irakasleek aukeratzen dituzten plazak egonkortu nahi izatea, baina gakoa prozesua egiteko modua izanen dela deritzogu

0
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak behin-behineko langileen egonkortasunari begirako proposamena egin digu gaur sindikatuoi, sinatu berri den Itunaren Jarraipen Batzordeko bileran.

Proposamenaren arabera, urtero hainbat irakaslek jasaten duten lanaren inguruko ziurgabetasuna gaindituz, lanpostuak egonkortzeko aukera litzateke. Aukera berri horri esker, urtero, eta oposizioa atera bitartean, behin-behineko langileei lanpostu berean jarraitzeko eskubidea bermatuko litzaieke.

Departamentuak jakinarazi duen neurria eraginkorra izanen delakoan gaude, Hezkuntza sistemari egonkortasun handiagoa emateko eta aldarrikatzen dugun kalitatezko irakaskuntzaren bidean lagungarria izateko. LABek betidanik langileen egonkortasuna eskatu du, behin-behinekotasunak sortzen dituen eragozpen metodologiko eta didaktikoak gaindituz, interinoen egoera prekarioarekin amaitzeko. Bide batez ezin dugu ahaztu egonkortasun faltak eragiten dituen baldintzen ondorioz lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa oso zaila egiten dela, interinoek sarritan salatu duten bezala.

Aurrera begira, prozesuaren arrakasta egoera berri hau kudeatzeko hartuko diren erabakien araberakoa izango da eta LABek hori bideratzeko eta gauzatzeko konpromisoa iragartzen du. Horri lotuta, sindikatu honek argi du saiakera hau eraginkorra eta zentzuzkoa izan dadin egonkortasun prozesuak irakasleen formakuntza eta garapen profesionalerako ildo berriekin bat egin behar duela eta hau guztia modu gradualean eta hezkuntza komunitate pausokako atxikimendua lortuaz egin behar dela.

 

 

 

G7 EZ! plataformak mobilizaziora deitu du biharko, Frantziako Gobernuko ordezkarien bisita dela eta

0
“G7 EZ !” Euskal Herriko plataformak bihar Biarritzen Macron Frantziako presidentearekin iraganen den G7 gailurra prestatzeko bilkuraren karietara mobilizatzera deitzen du, 12:30tan Clémenceau plazan.

Duela gutti publikoki aurkeztu zen plataformak 2019ko agorril hondarrean Euskal Herrian iraganen den G7-ren aurka mobilizatzera deitu du, G7-k sinbolizatzen duen mundua errotik aldatu behar delako lehenbailehen. Frantses Estatuko aktualitate beroak horren premia agerian uzten du.

G7aren presentzia errefusatzearekin batera, aldaketa sozialaren aldarriari hauspoa eman nahiko du plataformak. Mobilizaziora deitu du beste eredu batzuen babesteko eta beste aterabide batzuk eraikitzeko, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri eta errealitate konkretu izango dituen mundu baten alde.

 

 

 

Nazioak zapaltzen dituzten Estatuen aurkako borrokan sakonduko du Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformak

0

Atzo, abenduak 16an, Val d’ Aostan, Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformak bere Biltzar Nagusia egin zuen. LAB sindikatua, plataformako sortzaileetako bat izanik, bertan izan zen, berau osatzen duten sindikatuekin batera, Aostako SAVT, Sardiniako CSS, Galizako CUT, Intersindical CSC Catalunya, Bretainako SLB, Korsikako STC eta Martinikako UGTM. Hain zuzen ere, LABek mahai gainean jarritako proposamena onartu zuten bildutako sindikatuek, plataforma fase berri batera eramateko helburuarekin.

Proposamenaren oinarria Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataforma, txapel bakarraren azpian, nazio bezala zapaltzen gaituzten Estatu bakoitzekiko koordinazio eta estrategia propioak garatzea da. Frantziako Estatuan, bertako sindikatuei alternatiba bat eraikitzen joatea da xedea. Espainiako Estatuan, berriz, sindikalgintzatik, nazioetako sindikatu soberanista eta ezkertiarrekin batera, 78ko erregimenaren kontrako borrokan sakontzea da erronka.

Honela gauzak, estrategia honen baitan antolakuntza berri bat onartu da, datorren urtetik aurrera indarrean jarriko dena. Alde batetik, plataformak koordinatzaile orokor bat izango du, LAB sindikatua, kasu honetan, eta Estatu edo eremu bakoitzeko azpi-koordinatzaile bat ere bai.

SAVT sindikatuaren Batzar Nagusia
Bestalde, Ipar Euskal Herriko LABeko arduradun den Eñaut Aramendik, Ipar Euskal Herriko Medikuntza sozialeko arduradun den Argitxu Dufauk eta Nazioarteko harremanetarako idazkaria den Koldo Saenzek osatzen duten LABeko ordezkaritza Aostan izan da ere bertako SAVT sindikatuaren XVII. Batzar Nagusian parte hartzeko.

Kongresua tradizioa, elkartasuna eta aurrerakuntza lelopean egin dute, justuki 1952an SAVT sindikatua sortu zenean egin zuten lehen kongresuaren lelo bera. Gogoratu behar da SAVT sindikatua, LAB bezala, Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformako kide dela eta aspalditik bidelagun ditugun sindikatu bat dela.

LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz, hitza hartzen.

Kongresuan, LABez gain, nazioarteko sindikatu ezberdinek hartu dugu parte; hala nola, Galizako CUT, Kataluniako CSC, Kortsikako STC, Sardiniako CSS, Martinikako UGTM eta Bretainiako SLB. Kongresuan Italiako CGIL sindikatuaren ordezkaritza bat egon da.

Aurtengoa kongresu berezia izan da SAVT sindikatuarentzat, belaunaldi aldaketa batean murgildu direlako. Denbora luzez idazkari nagusi izan den Guido Corniolok kargua utzi eta hurrengo asteetan idazkari nagusi berria izendatuko dute. Kongresu honetan ponentziak onartzeaz gain, 42 pertsonez osaturiko zuzendaritza onartu da, eta zuzendaritza hau izango da idazkari nagusi berria izendatuko duena.

LAB sindikatutik zuzendaritza berriari eta SAVT sindikatu guztiari hoberena opa diogu etorkizunean elkarrekin eginen dugun lanean.

 

 

 

Plastiko gutxiago Gurutzetako Ospitalean

0
Pasaden abenduaren 5an proiektu bat aurkeztu diogu Osakidetzari, eta Gurutzetako Ospitalean saiakera pilotua egitea proposatu diogu. Proiektua Reverse Vending-a oinarritzekoa da, hau da, ontzien birziklatzea bultzatzen duen “vending” makinen sitema. Modu horretan Gurutzetako Ospitalean urtero 3,5 tona plastiko gutxiago sortuko genuke. Beraz, Osakidetzak proiektu hau onartu eta praktikan jar dezan espero dugu.

Osakidetzak bereganatu du Erantzukizun Sozial Korporatiboa titulua, hau da, borondatez bere eragiketetan eta bere lankideekiko eta erabiltzaileekiko harremanetan gizarteko kezkak eta ingurumen-kezkak txertatzeko konpromisoa hartu du.

Osakidetzak berak bereganatu du langile guztiei informazioa jasotzeko eta parte-hartzeko eskubidea bermatzea, haien jokabideak ingurumenarekiko bere konpromisoaren isla izan daitezen: Ingurumena babestea, kutsadura prebenitzea, baliabideen ustiapen jasangarria sustatzea, klima-aldaketa arindu eta egokitzea, eta bioaniztasuna nahiz ekosistemak babestea.

Horregatik, LAB sindikatuak, hitza hartu diogu eta gure ekarpena helarazi nahi izan diogu.
 

 

 

Diru nahiak eta EEEek ez dute mugarik Arcelor Mittal-en

0

Gaur, abenduak 14, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak indarrean dagoen aldi baterako EEEa beste 3 urteetarako luzatzea eskaini digu sindikatu guztioi. EEE-ak lantoki guztiei eragiten die. LAB, beste behin ere, astakeria honen aurrean gogor azaldu da.

LABek mezu hau luzatu nahi dio jendarteari:

1.- Enpresak ez du EEEa justifikatzen duen inongo dokumentaziorik aurkeztu. Izan ere, gaurkoa ez zen EEEaren negoziazio mahaiaren bilera, horretarako batzorderik ez baita osatu. Gaurko bilera enpresaren egoera azaltzeko bilera informatiboa baino ez zen. Hala eta guztiz ere, zuzendaritzak gaurkoan, bai ala bai, EEEa bozkatzea eta sinatzea nahi zuen, legea errespetatu gabe.

2.- Arcelor Mittaleko langileok 2009tik iraunkorki EEEa pairatzen ari gara, estatu mailako sindikatuen sinadurarekin Madrilen. Oraingoan gauza bera gertatu da. Aldi baterako EEEak, bere izenak dioen bezala, denbora zehatz baterako dira, Arcelor Mittalen izan ezik. Arcelorren betirako dira. Langileok 10 urtez jasaten ari gara, eta gaurkoa aurrera eramaten badute, 13 urtez pairatuko dugu. Arcelorreko EEEa historiako inoizko espedienterik luzeena da.

3.- EEEa salbuespeneko neurri bat da egoera ekonomiko zail bati edota lan karga falta bati erantzuteko. Arcelor Mittalek aurten iada jakinarazi du aurreko urtekoa baino %12ko etekin handiagoa lortu duela eta munduan zehar altzairutegiak erosten ari da, Ilva altzairutegi italiarra, adibidez.

4.-EEEa salbuespeneko neurri bat da enplegua mantentzeko helburuarekin eta kaleratzeak saihesteko. Arcelor Mittalek, soilik azken 4 urteetan, 915 lanpostu suntsitu ditu euskal altzairutegietan, enpleguaren %40a. Suntsitutako lanpostu gehienak lanpostu prekarioagoengatik ordezkatuak izan dira, azpikontratazioaren eta ABLEen bidez alegia.

Honengatik guztiarengatik, aldi baterako EEEa luzatzea iruzur juridiko eta etikoa izateaz gain, denon diru publikoaren aurkako iruzur bat litzateke. LABek bere eskuetan dauden tresna guztiak erabiliko ditu, baita juridikoak ere, astakeria hau geldiarazteko.

 

 

 

Presak eta prekarietateak ere hil egiten dute

Correoseko enpresa batzordeak deituta, bi orduko lanuzteak eta Bilbon elkarretaratze bat egin dituzte gaur, asteazkenean Elorrion hildako langilearen lan heriotza salatzeko.

Lehenik eta behin, gure dolumina adierazi nahi dugu, eta Felipe hildako Correoseko langilearen familia eta lagunei gure elkartasuna helarazi. Langilea Elorrioko Elizburu kalean hil zen posta banaketa egiten ari zela.

Bigarrenik, salatu nahi dugu gure lankidearen heriotzak behartu egiten gaitu, beste behin ere, honakoak salatzera: langileek lan-karga jasanezinak, langileen etengabeko murrizketa eta banaketa sekzioen igoera, prestakuntza falta (bereziki motorizatuan), kontratu laburrak (askotan egunetakoak) hamarnaka bakante libre egon arren eta noski, laneko prekarietatea, minbizia bihurtu dena Correosen.

Berriroere, LABetik enpresa seinalatzen dugu gertatutakoaren erantzule nagusi. Berriro ere, langileoi ematen diguten tratua salatu beharrean gaude, jasanarazten digun presioa nabarmendu beharrean. “Gure” enpresa hau mugitzen duen bakarra irabazi ekonomikoa dela salatzen dugu.

Enpresek, eta Correosek kasu honetan, langileei Norbere Babeserako Ekipoak emateko betebeharra dauka, arriskuen inguruan ohartaraztekoa eta arrisku egoeretan hartu behar diren neurrien inguruko agindu eta prestakuntza emateko. Gure ustez, guztiz onartezina da ebentualek jasotzen duten prestakuntza bakarra kontratuari grapatutako triptiko bat izatea, lehen hau sinatzen dutenean.

Correoseko istripuak borrokatu eta gelditu behar ditugu. Presa eta prekarietateak ere hil egiten dute.

 

 

 

Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak aldarrikatu ditugu, Nafarroan ere

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean atzo eskatu bezala, Iruñean aldarrikatu ditugu gaur aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak giza kate bat egin dute, autobus geltokitik Nafarroako Legebiltzarreraino. Aurretik, fiskalitateari buruzko hitzaldi bat egin dute.


 

 

 

Borrokan jarraituko dugu aberastasuna modu bidezkoagoan banatuko duen eredu baten alde

Eusko Jaurlaritzak 2019ko aurrekontu proiektua erretiratzea erabaki eta gero, 2018ko aurrekontu prorrogatuak izango ditugu datorren urtean EAEn. Hala, LABek agerraldia egin du bere balorazioa eta iritzia ezagutarazteko, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetaren eskutik. Prekarietatean bizi diren pertsonek ere hartu dute parte prentsaurrekoan; bulego eta despatxuetako langileak, supermerkatuetakoak, garbiketa bezalako sektore feminizatuetan aritzen direnak eta pentsiodunak, besteak beste. Hain zuzen ere, agerraldian nabarmendu dugu behar gehien dituzten kolektiboen egoerari erantzungo dioten eta aberastasunaren bidezko banaketa helburu duten aurrekontu sozialak ezinbestekoak direla..

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen proiektua erretiratzea erabaki du. LABek bi ondorio nagusi ateratzen ditu negoziazio prozesu honetatik, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk azaldutakoaren arabera: "Ez dago aurrekonturik ez dagoelako aurrekontu sozialagoak egiteko borondate politikorik. Gobernu honek ez dauka premia handiena duten beharrizan sozialei jaramonik egiteko borondate politikorik. Gobernu honek ez dauka borondate politikorik aberastasunaren banaketa ekitatiboagoa lortzeko tresna izan daitezen. Bigarrenik, ez dago aurrekonturik, nahiago izan duelako patronalak zehaztu dizkion joko-arauak onartzea. Ez dugu ahaztu behar patronaleko bozeramaileak publikoki atera direla luzapenaren alde hitz egiten. Ez dago aurrekonturik, beste behin ere EAJren Gobernuak bat egin duelako patronalaren interesekin".

Gazte, emakume, pentsionista, migrante… langile klase osoak bizi dugun prekarietatea areagotzen ari da. EAJk erabaki du errealitate hauei jaramonik ez egitea eta guztiz neoliberalak diren politika publikoen bidean jarraitzea, PPrekin onartutako aurrekontuak luzatuz. "Gero eta gehiago dira kaleetan mobilizatzen ari diren pertsonak eta lan-zentroetan ere gero eta gatazka gehiago dago. Enplegu duinaren alde ari gara mobilizatzen, pentsio publikoen alde, bestelako babes sozialerko sistemaren alde, soldata-arrakala eta pentsioenarekin amaitzeko, emakume, gazte zein migrariek jasaten dugun diskriminazio estrukturalaren kontra", nabarmendu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "edozein gobernuren lehentasuna ezin da izan elite ekonomiko baten alde gobernatzea. Lehentasuna eskari sozialei jaramon egitea da, herritarrei bizitza duina bermatzeko. Argi dago ez dela kasua. EAJren gobernuak parte-hartze sozialeko prozesu bat eragozten du aurrekontuan osatzerakoan. Ez digu mugimendu sozial eta sindikaloi ahotsik ematea, eskari sozialek aurrekontuen inguruko eztabaida zentratzea ekidin nahi dutelako".

Ez da diru faltagatik
Confebask da fiskalitatea eta aurrekontu politika erabakitzen dituena, berak zehazten du aberastasuna banatzeko politika. Patronala parte-hartzerako esparrurik behar ez duen eragile politikoa da, hari zuzena baitauka gobernu honekin. "Baina aurten, eta negoziazio eraman den moduagatik, ezin izan du ekidin jendea benetan kezkatzen duenaren inguruan hitz egitea ekidin. Kalitatezko enpleguaz hitz egin behar izan dute, edo pentsioez. Auzi sozialak jarri behar izan dituzte eta agenda politikoan eta nabarmen geratu dira, milaka pertsonen bizi-baldintzak hobetzea eragotziz. Eta guzti honetako arduragabeena da ez dela diru faltagatik izan, printzipio politikoengatik baino. Badago aberastasuna bestelako politika publikoak egiteko, kapitala helmuga duen errenten trasbasea ekidinez", adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Hala, kaleak betetzen jarraitu behar dugula eta mobilizazioekin jarraitu behar dugula azpimarratu du. Hain zuzen ere, abenduaren 15erako mobilizaziorako deia egin dute pentsionistek, eta LABek ere mobilizaziotan parte hartzeko deia egin du.