2026-02-11
Blog Page 693

Erabateko jarraipena izan dute Gestamp taldeko GTHko lanuzteek, euren lehen egunean

0

Derioko Parke Teknologikoan dagoen Gestamp taldeko GTH – Gestamp Tool Hardening enpresako langileek, bi ordutako lanuztea egin dute gaur, 12:00etatik 14:00etara. Bien bitartean, kontzentrazioa egin dute enpresa atarian. Lanuzteak egunero egingo dituzte, ostegunera arte, hitzarmen duinaren alde.

Estanpazio beroa egiten duen enpresa bakarra da GTH Euskal Herrian, gainontzekoek hotzean egiten baitute lana. Gestamp, estanpazio beroaren aldeko apustua egiten ari da mundu mailan baina apostu honek ez du islarik GTHko lan-baldintzetan.

2011an sortu zen GTH eta hitzarmen duina eskatzen dute langileek. Egun, ituna daukate eta Bizkaiko Gestampeko beste lantegiek baino baldintza askoz okerragoak.

2018ko abenduaren 31an amaitu zen ituna eta eskaintzen dutena langileen eskariak erantzuten ez dituzten lan-baldintzak betikotzea da. 5 urterako enpresa-ituna eskaintzen dute.

Irailaren erdialdera, enpresa-batzordeak, bere proposamenen plataforma aurkeztu zuen eta azaro amaierarako benetako erantzunik ez zegoenez, asanbladak erabaki zuen lantegian aparteko orduetan geratzea eta kanpoko prestatzeetan enpresaren aldetik proposamen serio bat jaso arte.

Langileek benetako mamia duen proposamenik jaso ez dutenez, ia ahobatez onartu zuten asanbladan lanuzte eta mobilizazioei ekitea. Horrela, egunean bi ordutako lanuzteak egiten ari dira urtarrilaren 10era arte.

Bihar, kotxe-karabana egingo dute Matriceria Deustoraino. 9an kalejira eta 10ean, hamaiketakoa GTHko bulegoen aurrean.

 

 

 

Tecuniko langileek kontzentrazioa egin zuten larunbatean, euren lankideen kaleratzearen kontra

0

Larunbata, urtarrilaren 5ean, kontzentrazioa egin zuten Tecuniko langileek Bilboko Arriagaren plazan, euren egoera salatu eta epe laburrean 40 lankide baino gehiago kaleratzearen aurrean protesta egiteko.

Bilboko Udalaren kontrata historikoa da Tecuni, eta aldebakarrez erabaki du Iberdrolarekin zuen mantenurako kontratua etetea.
Enpresaren erabaki horren ondorioz, OMEXON ataleko lankideak kaleratu egingo dituzte.

Datorren urtarrilaren 15ean betetzen da epea, enpresak duela 2 hilabete eta erdi erabakiaren eragina jasango duten langileei bilera batean jakinarazi moduan.

Ordutik hona, langileek grebak, kontzentrazioak, instituzioei idatziak, etab. egin dituzte. Eta enpresak bere aldetik, uko egin dio langileen ordezkariekin biltzeari konponbidea aurkitzen ahalegintzeko.

 

 

 

Bizkaiko Simply dendetako langileek hirugarren greba eguna izan zuten larunbatean, pairatzen duten lan prekarietatea salatzeko

0

Langileen %70ek egin zuten bat larunbatean, hilaren 5ean, izandako lanuzteekin. Piketeak egin zituzten egun osoan zehar Bizkaiko 24 Simply saltokitan. Enpresak, modu arduragabean bere burua izkutatuz, gatazka gogortu eta luzatzea baino ez du lortuko.

 

 

 

Huerta de Peraltako grebalariak Iruñean mobilizatuko dira astelehenean, enpresaren arduragabekeria salatzeko

0


Joan de asteazkenean, urtarrilaren 2an, Huerta de Peraltako greba batzordeak proposamena helarazi zion enpresari bere langileak Greba Mugagabea abiatzeara eraman zituen gatazka konpontzeko asmoz. Enpresak berau aztertzeko konpromisoa hartu zuen eta ostiralean, urtarrilaren 4an, erantzutekoa. Bada, greba batzordearen proposamena baztertzea erabaki du. Hortaz, grebak eta mobilizazioek aurrera jarraituko dute. Hurrengo hitzordua astelehenean izango da, 12:30ean, Iruñeko udaletxeko plazatik abiatuko den manifestazioarekin.

Greba egun hauetan alde batetik, karga polizialak izan dira zenbait zauriturekin, baita enpresako arduradunen aldetiko mehatxu eta probokazioak, eta baita nazioarteko elkartasuna, ostegunean bezala, eta ostiraleko moduko elkartasun eguna, zeinetan langileak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gerturatu diren langile hauen borroka eredugarria eurena egiteko.

Hala ere, enpresak, itzelezko arduragabekeriarekin jokatuz, langileei ematen dien tratu txarrararekin soilik konpara daitekeena, komunikatu bat egin du, Batzordearekin batzartu gabe, honek egindako proposamena guztiz baztertuz. Ezezko biribila eman zaio proposamen bati, zeinetan langileek arduraz jokatu zuten beste behin, erantzun moduan probokazio berri bat jasoz.

LABetik ulertzen dugu aurrekari gutxi duen enpresarioen aldetiko hooligankeriaren aurrean gaudela. Enpresak ez du zalantzarik behin eta berriro gezurra eta manipulazioa erabiltzeko bere ez-betetzeen gainetik arreta desbideratzeko.

Era berean, ulertzen dugu Nafarroako Gobernua ezin daitekeela isilik egon egoera honen aurrean eta behereala eskuhartu behar duela. Nafarroako Gobernuak, Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako Lehendakari-ordea buru duela, bitartekaritza lanak egin beharko lituzte gatazken eta enpresa behartu negoziazio parametroetara aritzera. Enpresa honek dirulaguntza publikoak jaso izan ditu eta onartezina da horrelako jarduerak ahalbidetzea.

Amaitzeko, langileen esanean eskertu nahiko genituzke norbanako, kolektibo sozial, alderdi politiko, sindikatu, etab.en aldetik jaso ditugun elkartasun adierazpenak. Langile asko ari da gatazka hau bere egiteko eta animoari eusteko balio die grebalariei. Behar duten babesa ematen jarraitzeko aukera berria dugu, datorren astelehean, urtarrilaren 7an, Iruñeko Udaletxetik 12:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartuz.

 

 

 

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan urtarrilerako deitutako hamar greba egunak erregistratu ditugu

Hamar greba egun deitu ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan, eta gaur egin dugu lanuzte horien erregistroa Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Gizarte Ekimeneko patronalek akordioetara iristeko erakutsitako borondate faltaren aurrean etorriko dira greba eta mobilizazio berri hauek, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Urtarrilaren 16tik 25era bitarte izango dira.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”

0

Huerta de Peraltako langileek hamar egun bete dituzte greba mugagabean, eta grebalariei babesa emateko elkartasun eguna antolatu dugu. Goizean goizetik, jende andana bildu da enpresaren atarian, eta, eguerdian, manifestazio bat egin dugu Azkoienen. Foru Poliziaren presentzia nabarmena izan da. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du manifestazio aurretik, eta jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.

Enpresak grebalariek egindako proposamenei gaur erantzungo ziela adierazi zuen, asteartean, greba batzordearekin izandako bileran. Horri eta gatazkaren jatorriari buruz aritu da Garbiñe Aranburu: “Enpresak gatazkarekin amaitzeko aukera du gaur. Proposamen bat du mahai gainean. Huerta de Peraltako langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoera btean aritu dira lanean, eta errealitate hau Nafarroako beste lur batzuetan zabalduta dago. Gainera, kontutan haru behar dugu pertsona migrantez osatutako kolektibo bat dela hein handi batean, are eta egoera ahul batean daudenak. Baina, Huerta de Peraltako langileek erabaki zuten egoeraren aurrean ez makurtzea, eta antolatu eta borrokatzea erabaki zuten, euren eskubideen defentsan. Eta borroka horrek emaitzak ekarri ditu, lan baldintzetan eta soldatetan hobekuntza nabarmenak lortu baitzitiuzten. Hala ere, dirudienez, enpresak ez du ondo hartu garaipen sindikal hori, eta jazarpenarekin, kalertzeekin eta zigorrekin erantzun du patronala den aldetik. Langileak ikaratzeko modu bat da”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “berriro ere, langileak mobilizatzen ari dira, greba egiten ari dira. Horregatik, eredugarria iruditzen zaigu gauzatzen ari diren gatazka. Izan ere, esplotazio egoeran lan egitea enpresak irabazi gehiago lortzeko modu bat delako, baina, horretaz gain, langile kolektiboa menderatzeko modu bat ere bada”.

Hau dela eta, Garbiñe Aranburuk argi dauka borroka honek ez dagokiela Huerta de Peraltako langileei bakarrik, Nafarroako eta Euskal Herriko langile kolektibo guztiari ere: “Mugak zeharkatu dituen borroka bat da. Hain zuzen ere, nazioarteko hainbat eragile etorri ziren atzo elkartasuna ematera, eta gauer, elkartasun egun honen harira, beste enpresetako hainbat eta hainbat langile hurbildu dira babesa emateko”.

Hala, LABeko idazkari nagusiak jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.

Nafarroako Gobernuari ere luzatu dio mezua, “modu zuzenean inplika dadin gatazkan. Enpresari gatazka konpondu dezan exijitu behar dio, enpresa honek diru publikoa jaso duelako eta gobernuak ardura politikoak dituelako lan gatazka honen konponbidean”.

Bukatzeko, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du, enpresaren aldetik erantzun baikorrik egon ezean, greba batzordeak greba eta mobilizazioekin jarraituko duela kaleratutakoak berronartu eta zigorrak erretiratu arte. Zentzu honetan, manifestazio batera deitu dugu astelehenerako, Iruñean. 12:30ean irtengo da Udaletxeko plazatik.

 

 

 

Nazioarteko hainbat eragileren bisita jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek

0

Lan arloko nazioarteko hainbat eragileren babesa jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek. Hain zuzen ere, nazioarteko ordezkaritza bat hurbildu da Azkoienera, eta bertan izan da langileekin, greba mugagabearen zazpigarren lanegunean. Azken egunotan izandako jazarpenari buruz aritu dira, baita atzo zuzendaritzarekin izandako bileraren inguruan ere. Mobilizazioek ez dute etenik, eta elkartasun egun bat antolatu dute ostiralerako. Hain zuzen ere, 12:00etan manifestazioa egingo dute herrian. 

Lan arloko hainbat eragilek eman diete babesa Huerta de Peraltako grebalariei. Mundu osotik jaso dute elkartasuna. Hauxe da zerrenda:

-Central Sandinista de Trabajadores CST-JBE – Nikaragua
-Confederación Intersindical Galega CIG – Galiza
-Corriente Sindical de Izquierdas CSI – Asturies
-CTA Autónoma – Argentina
-CTB – Brasil
-CUP Països Catalans
-CUT Aragón
-CUT Galiza
-DISK -Turkia
-Dismantle Corporate Power international campaign
-Federación de Sindicatos de Palestina
-Federación Sindical Mundial (FSM)
-Federación Uruguaya de la Salud (FUS) Uruguay
-FSOC – Kanariak
-Instituto de Estudios Cestes – Italia
-Instituto de Estudios y Formación de la CTA Autónoma – Argentina
-Intersindical Alternativa de Catalunya (IAC) – Catalunya
-Intersindical Canaria- Kanariak
-Intersindical CSC – Catalunya
-Intersindical Valenciana – Valentzia
-KPD – Alemania
-Left Bloc in the Austrian Trade Union Federation – Austria
-OSCMS – Txekiar Errepublika
-PAME – Grezia
-Partido Comunista – Swazilandia
-PEO – Zipre
-Red Sindical Internacional de Solidaridad y Luchas
-Rete dei Comunisti – Italia
-Sindicat COS – Països Catalans
-Sindicato Andalúz de Trabajadores (SAT) – Andalucia
-SMT- Valencia
-Solidaires – Frantziako estatua
-USB – Italia

Komunikabideei egindako adierazpenetan, LABeko Nafarroako ordezkari Imanol Karrerak azken egunetan eragile eta sindikatuen aldetik jasotako babesa eskertu du; bost kontinenteetatik iritsitako elkartasuna, hain justu. “Nazioarteko elkartasuna berezibiziko garrantzia ari da izaten, gatazka hau gizarteratzeko zein lan eta bizitza duin baten alde egiteko antolakuntzaren beharra zabaltzeko. Huerta de Peraltako langileek babes handia dute, enpresa bortitz baten aurrean. Globalizatutako kapital baten aurrean, beharrezkoa da borrokak globalizatzea”.

Irainak eta kolpeak, gaur ere
LABetik salatu nahi dugu, gaur ere, Nafarroako Foru Poliziak izandako jarrera bortitza. Hain zuzen ere, zenbait ekintzaile enpresaren atarian furgoneta bat aparkatu dutenean, eta hamarnaka lagun errepidean modu baketsuan eseri direnean, beti ere grebaren eragina arintzeko helburu ustelarekin kanpotik ekarritako produktuen iragaitea eteteko, Foru Poliziak irainka hasi dira (besteak beste, “te vamos a matar”, “te vamos a enterrar”, “te vamos a dar una paliza” esanez) eta bertaratutako pertsona batzuk kolpatu dituzte; Imanol Karrera bera, tartean.

Era berean, Foru Poliziak nazioarteko ordezkaritzako kide baten aurka egin du, elkarretaratzearen ondoren identifikatu eta “desobedientzia” delitua egotzi eta gero. Hortaz, LABek berretsi egin nahi du Nafarroako Barne kontseilari Maria Jose Beaumonten dimisioa eskaera.

Huerta de Peraltako gatazkaren konponbidea posible eta bideragarria da. Atzo iragarri bezala, LABek hiru puntutan oinarritutako proposamen errealista bat egin du: kaleratutakoen berronarpena; 440.000 euroko zorrarren negoziazioa (eskatzaileentzat zati bat eskatzen dugu, beste zati bat lan talde osoarentzat eta hirugarren bat zorraren zati bat barkatzeko); eta negoziazio baten irekiera enpresa itun bat lortzeko, nekazaritza sektoreko hitzarmena oinarri. Une honetan, enpresaren erantzunaren zain gaude. Enpresak, orain arte, ez du inongo borondaterik azaldu akordio bat lortzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Legebiltzarrari eskatzen diegu Huerta de Peraltako gatazkaren konponbidean inplika daitezen, Nafarroako lurretan gertatzen den prekarietatea eta esplotazioari aurre egiteko lehen urrats gisa.

 

 

 

Nafarroako Auzitegiak La Manadaren inguruan hartutako azken erabakiaren ondoren, epaitegietan emakumeontzat justiziarik ez dagoela berretsi nahi dugu

Gaur, epaia irmoa izan arte Nafarroako Auzitegiak San Ferminetako erasotzaileak baldintzapeko askatasunean jarraituko dutela erabaki du.

Azken urteotan, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei bide instituzionalek sufrikario erantsia dakarkiela salatu izan dugu. Justiziak, indarkeria matxista jasan duten emakumeak babestu ordez, emakumeok berriro ere bortizki zapaltzen eta erasotzen gaitu. Justizia heteropatriarkala da.
Gainera, indarkeria matxistaren aurrean erakunde publikoen aurpegi zuriketa salatu nahi dugu ere, indarkeria matxistaren kontra egitearen ardura guztiona dela esan arren, inongo konponbiderik ematen ez dutelako.

Guk ez dugu justizia horretan sinisten, ez dugu sinisten justizia patriarkal, klasista, arrazista eta misoginoan…

LABetik gure elkartasuna adierazi nahi diegu indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei eta erakunde publikoei bestelako justizia bat eraikitzeko pausu ausartak ematea eskatzen diegu.

LABek borrokan jarraituko du indarkeria matxistaren kontra, lantokietan zein kalean, salaketak eginez eta alternatibak proposatuz, eta borroka honetara gehitzeko deia egiten die langileei.