2026-02-11
Blog Page 689

Gizarte ekimeneko ikastetxeen greban Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak igotzeko hartutako erabakiaren atzean gatazkan daukan erantzunkizuna desbideratu eta sakoneko arazoari ez erantzutea dago

0

Gizarte Ekimeneko ikastetxetan ordezkaritza daukagun ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok negoziatzeko borondatea daukagu eta tajuzko proposamen baten zain jarraitzen dugu

Gizarte Ekimenko ikastetxeetako langileok ia hamar urte daramagu hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, lan kargak jasanezinak, lanaldi barruan ikasleen jarraipenerako denborarik ez da bermatzen, langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxeetan, lanpostuak galtzeko arriskua dagolearik hurrengo urteetan. Lanbide Heziketa gehiago arautzea ezinbestekoa da eta orohar Sektoreko ikastetxeetatik gero eta baldintza kaxkarragoetan lan egin beharraren ondorioz esperientzia eta balio handiko langile ugari ari dira beste ikastetxe batzuetara alde giten.

Ikastetxeetako egoera hau patronalek eta Eusko Jaurlaritzak azken urte luzeetan hartutako erabaki murriztaileen ondorio zuzena dira eta langileen aldarrikapenek egoera hauei erantzutea dute helburu. Eta tajuzko erantzuna izango balute eragin positibo zuzena izango luke ikastetxe hauetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean.

2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio-mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek. Hamaika bilera ondoren lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen.

Mahaitik altxatu aurretik hasiak genituen mobilizazioei jarraituz, urtebete luzez mota guztietako mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste langileen babes zabala izan duten 9 greba egun gauzatu ditugu urtebetean sakabanaturik. Gure mobilizazio eta ekintza egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baita Eusko Jaurlaritzari ere gatazka honetan duen ardura bere gain hartu eta gatazkari irtenbide bat ematean inplikatzeko ere. Sindikatuok Eusko Jaurlaritzari behin eta berriro galdegin badiogu ere dagokien ardura eta erantzunkizuna bere gain hartzeko beste aldera begiratu du.

Patronalen erabakiek sortu duten egoerari buelta emateko asmotan sindikatuoi greba dinamika gogortu beste biderik utzi ez digutenean, Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizuna bere gain hartu gabe eta gatazka honen irtenbidean inplikatu gabe jarraitzea onartezina da. Are onartezinagoa eta erabat zinikoa hezkuntzan izan dezakeen eraginaren aitzakipean datozen grebetarako zerbitzu minimoak igotzeko eskaera zuzendu izana hezkuntza sailak lan sailari eta honek gehitu izana. Izan ere, hezkuntza sailak berak azken urteetan gaixo egon diren irakasle eta langileen ordezkapenik ez baitu gauzatu edo kasurik onenean aste betera ordezkatu baititu, honek hezkuntzan eragiten duen kalteari erreparatu gabe. Jaso berri dugun aginduak ikastetxe handienetan aurreko grebeterako ezarri diren zerbitzu minimoak laukoiztea suposatzen du. Zerbitzu minimo hauek erabat proportzioz kanpokoak eta abusiboak dira eta greba eskubidea larriki urratzen dute eta beraz sindikatuok epaitegietan oinarrizko eskubide honen urraketa salatzeko asmoa daukagu.

Sindikatuok salatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzak gatazkaren atzean dagoen sakoneko arazoa, hau da, sektoreko lan baldintzen gabeziak ezkutatzeko eta egoera honekiko daukan erantzunkizuna bere gain hartu gabe jarraitzeko asmoz egin duela mugimendu hau.

ELA, STEILAS,CCOO,LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Aldi berean langile guztiak animatzen ditugu bihar 11.30etan Bilboko Jesusen Bihotzean hasiko den manifestazio erraldoian parte hartzera, eta datozen greba egunotarako antolatuko ditugun ekintza zein mobilizazioak babestera.  

 

 

Elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren eta Jaurlaritzaren politikei zilegitasuna ematea da

Gaur onartu du Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak elkarrizketa soziala institituzionalizatzeko dekretua. LABek dekretu proiektua bertan behera uztea eskatu zuen bere egunean, elkarrizketa sozialak ez dituelako lan baldintza duinak bermatzen, proiektuak berak ez duelako Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde egiten eta dekretuak ez dituelako gehiengo sindikalak errespetatzen.

-Elkarrizketa sozialak ez ditu lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko helbururik. EAEn ezarritako elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren politikei eta Eusko Jaurlaritzaren politika publikoei zilegitasuna ematea da. Langileentzako elkarrizketa marko hutsa da.

-Proiektuak ez du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Markoa eraikitzeko helbururik, ez du bilatzen marko autonomo bat eraikitzea inolako kanpo injerentziarik gabe. Porrot egin duen Espainiako elkarrizketa sozialaren eredua inportatu dute, esparru propioa ez garatzeaz gain, Espainiako eredua ekartzen dute gurera.

-Ez ditu gehiengo sindikalak errespetatzen. Gutxieneko sindikalarekin elkarrizketarako marko bat eraikitzea oinarrizko arau joko demokratikoak ez errespetatzea da. Politika mailan, pentsaezina litzateke gutxienekoak gehiengoa gailentzea; bada, hori da maila sindikalean ikusten ari garena.

Dekretuarekin aurrera jarraituta agerian geratu da EAJ eta PSEren gobernu hau zein interesen arabera eta norentzat ari den gobernatzen; patronalaren mesedetan, hain justu.
 

 

 

Lan baldintza duinak eskatu ditugu Correoseko langileentzat

0

LABek elkarretaratze bat egin du Gasteizen, Lan-Ikuskaritzaren aurrean, Correosen lan-baldintza duinak eskatu eta prekarietateak hil egiten duela adierazteko, abuztuan ikusi ahal izan genuen moduan Correoseko langile bat istripuan hil zenean.
 

 

 

Triman Mineralseko langileek urtebete daramate kobratu gabe

0

Triman Mineralseko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, urtebete kobratu gabe daramatela salatzeko.
 

 

 

Paumako kontratazio eredua aldatu eta langileen kontratuak mugagabe bihurtzea lortu dugu, langile borrokaren bidez

Kontratazio ereduaren inguruko akordioa sinatu da enpresarekin. Langileen aldarrikapenak onartu dituzte eta langileen heren bati, behin-behinekotasunean zegoenari, kontratuak mugagabe bilakatu dizkiete. 50 langile inguru dira.

2018ko udan, zuzendaritza bera duten UTE-Pauma eta Pauma S.L. enpresetako hauteskunde sindikaletan LAB sindikatuak delegatu guztiak bereganatu zituen (9+1, hurrenez hurren). Hortik aurrera, langileek emandako indar eta konfiantzarekin, LABek zuzendaritzari eskatu zion bi enpresetako behin-behinekotasun ikaragarri handia zuzentzeko. Baina zuzendaritzak langileen aldarrikapenei muzin egin zien; alegia, ez zituela oinarrizko lege arauak bete nahi. Hartara, bazetorren subrogazio baten ondorioz langile asko kalean gelditzeko arriskuan zeudela ikusi zenez, ekintza sindikalari ekin zitzaion, eta mobilizazio zein lanuzte arrakastatsuak egin ziren.

Azkenean, hilabete batzuen buruan, kontratazio ereduaren inguruko akordioa sinatu da enpresarekin. Langileen aldarrikapenak onartu dituzte eta langileen heren bati, behin-behinekotasunean zegoenari, kontratuak mugagabe bilakatu dizkiete (50 langile inguru dira). LAB sindikatuan ez dugu zalantzarik garaipen garrantzitsu hau langileen borrokatzeko gogoari, adoreari eta antolatzeko gaitasunari zor zaiela. Bertze behin erakutsi da borrokatzea merezi duela.

 

 

 

Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeei bilera eskaera egin diegu, helduen egoitzetako gatazka konpontzeko lagun dezaten

Idatzi bat erregistratu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion ardura har dezan eskatu dugu, herrialdeko hitzarmena egon dadin.

Badira bi urte baino gehiago Gipuzkoako helduen egoitzetako mahai negoziatzailea osatu zenetik eta oraindik ere proposamen seriorik gabe gaude.

Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenean ematen dugun zerbitzua aitortua izatea nahi dugu, ekonomikoki eta sozialki. Lan eta famili kontziliaketa errespetatuko duena, langileen estabilitatea bermatuko duena, eta gure osasuna, prebentzio neurrien bitartez ziurtatuta egongo dena.

Urriak 26ean patronalek proposamena aurkeztu ziguten, baina, salatu genuen bezala, guztiz ez nahikotzat jo genuen. Soldatetan bi urteko izozketarekin, gure aldarrikapenetatik urruti geratzen den proposamena zen. Modu kolektiboan erantzun genion, lan zentruetan eta kalean, mobilizazio eta greba deialdiekin.

Patronalek beraien proposamena birplanteatuko zutela agindu zuten eta abenduak 11n beste bat aurkeztuko zutela, baina ez zen horrelakorik gertatu, bileran ez zuten ezer aurkeztu. LAB sindikatutik patronalen jarrera salatu genuen, baita ordezkaritza gehiengoa duen sindikatua interpelatu genuen ere, ez baitzen bilerara etorri, mahai negoziatzailea blokeatuz.

Urtarrilak 11n, mahai negoziatzailea biltzeko beste deialdi bat zegoen, baina, gure harridurarako, bertan behera geratu zen.

LAB sindikatutik inposatzen diguten egoera salatu nahi dugu, oraindik ere, Gipuzkoako herrialdeko hitzarmenik gabe gaudelako, patronalek, zerbitzua merkantilizatzen dutelako, eta ELA sindikatuak mahai negoziatzaileari eta sindikatuei erakutsi diguten errespetu faltagatik. Ez dugu ulertzen ELA sindikatuaren jarrera; alde batetik, mahai negoziatzailean eseritzeko unea ez dela behin eta berriz errepikatzen du, baina, beste aldetik, jakin badakigu modu ezkutuan patronalekin negoziatzen dagoela.

 

 

 

Angeluko Castorama dendako arduradunak auzitegira eraman ditugu, sindikatuko lau kideri soldata baxuagoak ezartzeagatik

0

Baionako auzitegi korrekzionalak otsailaren 12an erabakiko du auziaren inguruan. Bi aldeak entzun berri ditu, eta orain Angeluko Castorama dendan LABeko lau kideren aurka soldata diskriminazioa egon den edo ez erabaki beharko du. Hain zuzen ere, lau langile hauek euren lankideek baino gutxiago kobratu dute 2011 eta 2012. urteetan; hilean 100 euro gutxiago, zenbait kasutan. Hala berretsi du Lan Ikuskaritzak egindako azterketa batek, Mediabask-ek jaso duen bezala.
 

 

 

Klase elkartasuna aldarrikatuko dugu urtarrilaren 26an, Iruñean, prekarietatearen aurkako borroka guztiak batuko dituen manifestazioan

Manifestaziora deitu dugu urtarrilaren 26rako, Iruñean, lan duina eta bizi duina aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, Huerta de Peraltako langileek greba mugagabea hasi zutela hilabete beteko denean, prekarietatearen eta esplotazioaren aurka kalera irtengo gara egun horretan, Iruñean. Borrokan garen enpresa eta sektoreak, LABeko komunitatea, emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta batu nahi duen oro deituta dago manifestaziora, 17:00etan, Gaztelu plazatik abiatuta. Hala jakinarazi dute LABeko idazkari ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak, komunikabideen aurrean Bilbon egindako agerraldian.

Gertatzen ari dena ulertzeko bizitzaren prekarizazio prozesu latzari erreparatu beharra dago. Estatuen aldetik ematen ari den inboluzioak langile-klasea jo-puntuan du. Inboluzio bikoitza da, politikoa eta soziala, eta eskutik doaz biak, eskutik doazen moduan, estatalizazioa eta lan harremanen prekarizazioa. Gure lan baldintzak hemen bertan negoziatu eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, prekarizazio prozesuan sakondu nahi dute.

Espainiako Estatuan PSOEren eskutik 2010ean etorritako erreformak negoziazio kolektiboa neutralizatzea izan zuen helburu. PPk 2012an bultzatutako erreformak, berriz, langile eta enpresarien arteko erabateko desoreka ekarri zuen. Erreforma horiek 13 neurri atzerakoi ezarri zituzten. Eta orain, “erreformaren kontraerreforma” iragarri badute ere, 13 neurri horietatik 2 besterik ez dituzte ukituko. Makillaje operazio baten aurrean gaude eta estatalizazioak bere horretan dirau.

Arrakala soziala areagotzen ari da. Indarrean den eredu heteropatriarka eta kapitalistan desorekak gero eta handiagoak dira, “Ongizate Estatuaren” likidazioak bizi baldintzak nabarmen okertzen ditu eta baldintza horien kaskartzea are okerragoa bilakatzen da zenbait jendarte-sektorerentzat: emakumeak, gazteak, pentsiodunak, migranteak.

Enpresariek lan esku merkearen premia adierazten dutenean, orduan bakarrik dira ongi etorriak migranteak, eta orduan ere, sasi-esklabutza lanetan, Huerta de Peraltako langilekin geratzen den moduan.

Huerta de Peraltako borroka, eredu
Huerta de Peraltako borrokak ohiko lan gatazka baten osagarriak ditu: greba mugagabean dira enpresak kaleratutako langileak berronarpenaren alde, hitzarmen sektoriala betetzea eta enpresa itun baterako negoziazioak irekitzea eskatzeko. Baina aparteko dimentsio sozial eta politikoa hartu du, aparteko ezaugarriak ere badituelako: duela bi urte muturreko esplotazio egoeran zeuden langile migrante hauek LABen antolatzea erabaki zuten. Antolatu egin dira, ahaldundu egin dira eta borrokara atera dira, modu solidario eta kolektiboan. Antolakuntza eta borroka sindikalaren balioa ikustarazi da, eta sindikalismoak langileen errealitate zehatza eraldatzeko tresna gisa duen balioa. Urteetan Nafarroako landa eremuan egondako gatazkarik handiena da eta agerian utzi du nafar jendarteak nahiz instituzioek duten erronka: Nafarroako landa eremuan lan eskubideak aitortu eta zabaltzea.

Huerta de Peraltan enpresa zikoitz baten itxikeria pairatzen duten dozenaka familien etorkizun hurbila jokoan dago, eta, gainera, Nafarroako landa eremuan garai berri bat irekitzeko aukera baten aurrean gaude. Esplotazioan oinarritutako eredua atzean uzteko borroka da hau, haien borroka, gure borroka, denon borroka.

Borroka ugari
Prekarieatatearen eta esplotazioaren aurka eta enplegu duinaren alde borroka sindikal ugari ditugu piztuak, ikusgarriak eta ikusarazi beharrekoak.

Horien artean aipamen berezia merezi dute sektore feminizatuetako borrokek, astinaldi morea ekarri dutelako lan munduan. Emakume langileok borrokan gara, prekarioetan prekarioenak diren lan esparru feminizatuak duintzeko.
Prekarietatearen kontrako antidotoa badugu: antolakuntza eta borroka sindikala. Eta horrez gain, beharrezkoak dira neurri politikoak ere: lan erreformen derogazioa eta lan harremanetarako esparru propioa, Euskal Herria prekarietatea eta esplotaziorik gabeko herria izan dadin. Bide horretan urratsak emateko dei egiten diegu EAEko zein Nafarroako Gobernuei.

Urtarrilaren 26a klase elkartasuna aldarrikatzeko eguna izango da. Borrokan garen enpresa eta sektoreak, LABeko komunitatea, emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta batu nahi duen oro, nor bere pankarta eta aldarrikapenarekin, guztion borrokak bat eginez, ongi etorria izango da.
 

 

Emakumeon Mundu Martxak mobilizazioak egingo ditu bihar, Andaluziari elkartasuna adierazteko

Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditu elkarretaratzeak, 19:00etan.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak kaleratutako elkartasun oharra:

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Andaluziar herriari eta bereziki bertan borrokan dabiltzan emakume feminista guztiei.

Bertan gobernua osatu nahi duten muturreko eskuindar alderdiek emakumeonganako indarkeriaren aurkako legea darabilte joko karta legez; Vox alderdiaren planetan, lege hau ezabatu, abortua edo sexu aldaketarako ebakuntzak osasun publikotik kendu, kuotak ezabatu… bezalako neurriak daude. Gure eskubideekin negoziatzen ari dira! Mugimendu Feministak emandako aurrerapausoen aurrean sistemaren erreakzio gisa ulertzen dugu, patriarkatuaren kateak estutzeko maniobra gisa.

Espainiar faxismoa feminismoaren aurkako bulkada erreakzionarioa, migratzaileenganako fobia eta neoliberalismo basatia ezartzera etorri da. Baina jakin badakigu Andaluzian gertatzen ari dena ez dela kasu bakan eta isolatua. Estatu espainiarrean muturreko eskuina hedatzen ari da, konplexurik gabe bere posizio faxistak faxismoan indartzen. Horrek dakartzan ondorioak: emakumeon bizitzaren aurkako politikak, langileriaren esplotazioa sakontzea eta kanporatze politikak eta xenofoboak. Eta ez bakarrik espainiar estatuan, eskuin muturra munduan hazten ari da eta gobernuetara salto egiten: Estatu Batuetan, Brasilen, Austrian, Polonian… Azken hamarkadetan izan duen egoerarik oparoenean dago gaur egun, eta etengabe areagotzen ari dira alderdi ultranazionalista eta xenofoboak, komunikabideek ematen dieten koberturaren laguntzaz. Hori dela eta, kaleko herritarrak erakundeen eta eskuin-alderdi politikoen praktika arrazistekin legitimatuta sentiarazten dira Adibidez, atzo asteazkena, urtarrilak 9, Gasteizen, lineako autobus batean emakume beltz bat eraso arrazistak jaso zituen.

Horregatik, Euskal Herritik babes osoa eta elkartasun internazionalista eta feminista adierazi nahi diegu mundu osoan faxismoaren aurka borrokan dabiltzan emakumeei. Bereziki Andaluziako emakumeek eta etorkin kolektiboek hurrengo egunetan antolatuko dituzten protestekin bat egiten dugu. Zuekin gaude! Emakumeon eskubideak ez dira negoziatzen!

Guk ere bertotik borrokan jarraituko dugu, antolatzen, aliantzak eraikitzen. Elkartasuna delako gure armarik boteretsuena.

Martxan jarraituko dugu, denok aske izan arte!