2026-04-24
Blog Page 688

UGT, CCOO eta CC sindikatuek Vokswagenen sinatutako hitzarmenaren aurreakordioa eznahikoa da

0

Atzo sinatu zen hitzarmenaren aurreakordioa, ez nahiko da eta gainera negoziaketa prozesutik sindikatu batzuk kanpo geratu garela salatu nahi dugu.

Hitzarmenean, beste behin ere, behin behiniko langileak ez dira babesten. Gure ustez, 200 kontratu berri egitea oso positiboa da, baina egun 500 behin behiniko langile daude eta enpresak eskeinitako datu produktiboen arabera, haientzat guztientzat lan egonkorra egonen litzateke. Gainera, soldata eskala hirukoitza jasan behar dute eta adostu diren plusak edota antzinatasunari lotutako ordainsariak ez dira haientzat aplikagarri izanen, urte asko lantegian daudenek soilik jasoko dituzte, langileen arteko arrakala areagotuz.

Plantila gazteagotzeko planari dagokionean, LAB-ek urteetan eskatutakoa jaso da: Errelebo kontratu bidezko jubilazioa eta adostutako bajak. Baina gure ustez, hitzarmenaren iraunaldian neurri honetara atxikitu ezin izan diren langileekin bestelako neurri batzuk adostu beharko dira, haien irteera ahalik eta modu txukunenean bermatu ahal izateko.

Soldata igoera ere ez nahikoa da, azken hitzarmenean, 5 egunetan handitu zelako jaurdunaldia soldata ikutu gabe eta beraz, honek soldatan % 2,5eko gutxitzea ekarri zuen. Soldata 10 urte barru arte ez da berreskuratuko hau dela eta, eta gainera, kontuan hartu behar da 2017an VW-k % 5,8 etekina izan zuela, 11.827 milioi euro irabaziz.

17 hilabete negoziatzen egon badira ere, honi guztiari, Plan Industriala edota absentismoa gutxitzeko zehaztapenik ez egotea gehitu behar zaio.

Eta bukatzeko, guretzat oso garrantzitsua den elementu bat ez da inolaz ere kontuan hartu. Azpikontratatutako enpresetako langileen subrogazioa ez da bermatzen, egun bizi duten ezegonkortasuna bere hortan mantentzen delarik.
Aurreakordioan, beste behin ere, langile batzuk, beste batzuen aurrean duten pribilegio egoera agerian geratzen da eta honengatik uste dugu hitzarmena ez dela nahikoa. Egoera hau aldatzea da LAB-en erronka.  

 

 

Igor Arroyo: “Iraganeko borrokak gogoan, gaurko borrokak hauspotu ditzagun”

Urtero ohitura duen moduan, LABek ekitaldia egin du Gasteizen, duela 43 urteko langileen kontrako sarraskia gogoan. Delegatuen asanblada egin dugu Aldabe Gizarte Etxean, eta handik, kalejiran abiatu gara Martxoaren 3ko plazaraino.

Bertan, ekitaldia egin du LABek eta Igor Arroyok adierazi du “oroitzeko beharra dagoela”, horretarako bi arrazoi aipatuz. “Lehenik eta behin, 43 urte ondoren, krimen horren inguruko egia, aitortza eta erreparazioa egiteke dagoelako. Estatu espainiarrak, Gobernu espainiarrean egondako alderdi ezberdinek, Botere Judizialak, ez dute inolako urratsik eman norabide horretan. Eta emandako urratsak Euskal Herritik eman ditugu, nagusiki herri ekimenaren bidez eta bertako instituzioen babesarekin. Beharrezkoa da, beraz, egia, aitortza eta erreparazioa aldarrikatzen jarraitzea. Bigarrenik, gertakari horiek oroitzea beharrezkoa da, langile borrokaren atal esanguratsua izan zelako. Gure borroka ondarearen kontzientzia izatea ezinbestekoa dugu langileok, aurrean ditugun erronkei heldu ahal izateko”.

“Krisi orokorraren aurrean, alternatiba eraldatzaile baten inguruan indarrak biltzearen” alde egin du Arroyok. “Bat egin behar dugu langileok, elkar babestu eta elkarrekin aritu, bizitza erdigunean jarriko duen eredu baten aldeko borroka eginez”.
“Badugu beraz zer egina” gaineratu du LABeko idazkari nagusi ondokoak. “Iraganeko borrokak gogoan, gaurko borrokak hauspotu ditzagun”.

Bere hitzartzearen amaieran gaineratu du: “LAB indartsu dago. Hauteskunde sindikaletan gora goaz. Greba eta borroka ugaritan ari gara. Sektore berriak antolatzeko lanean ari gara. Ekarpena egiten ari gara greba feministari edota pentsiodunen mugimenduari. Jarrai dezagun borrokan elkarrekin”.
Martxoaren 3an, sarraskiaren urteurrenean, omenaldia eta manifestazioa deitu du LABek, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuekin batera. “Etorkizuna eraikiz, confluir, luchar y avanzar” lemarekin, 17:30ean omenaldia egingo dute Martxoaren 3ko Plazan eta 18:00etan manifestazioa, toki beretik aterata.
 

 

 

Martxoaren 8ko greba feministarako deia egin dugu Bilbon

0

Beste eskualde batzutan egiten ari garen moduan, martxoaren 8rako Greba Feministarako deia egin dugu gaur Bilbon. “Kapitala hautsi, bizitzari eutsi” lemarekin, protesta ikusgarria egin dugu Bilbon. “Neskamearen ipuina” irudkikatuz, sektore feminizatuen gatazkak eta lan egoera salatu ditugu LABeko emakumeok.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza parean hasi dugu protesta. Bertan, berdintasun-planen porrota salatu dugu. Aldundian, garbiketa eta soziokomunitarioko langileek gatazkak ikusarazi ditugu. Zaran, ekoizpenaren esplotazioa eta lan baldintzen galerak salatu ditugu eta El Corte Ingles-en, bertako soldata-soldata, langile gehienak emakumeak izan arren buruak gizonezkoak baitira.

Epaitegien aurrean amaitu dugu protesta. Emakumeontzako juztizia eskatu dugu eta bertako lan baldintzak salatu ditugu.

Greba feministari begira, Mugimendu Feministak Bilbon egin dituen deialdiak gogoratu ditugu amaieran, hauetan parte hartzeko deia eginez. Martxoaren 5ean Azaroaren 25eko plazan egingo den Besarkada feminista. Martxoaren 6an 18:30ean Bilboko Gran Viatik egingo den kalejira aldarrikatzailea eta martxoaren 8ko 24 ordutako Greba Feminista.
 

 

 

Mobilizaziorako deia egiten dugu hildako azken langilearen aurrean

Atzo, otsailaren 28an, Bidelan enpresako 48 urteko langile bat hil zen A-8 autopistan, mantentze lanak egiten ari zela elektrokatua. 2019an, gutxienez 8 langile hil dira lanean edo lanaren ondorioz Euskal Herrian.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu bere senide, lagun eta lankidei, momentu gogor honetan.

Azken astean, mantentzen lanak egiten ari ziren bi langilek lan istripua pairatu dute. Lehenak, otsailaren 26an, GI- 2132 errepidean Astigarraga parean, eta oso larri jarraitzen du. Eta bigarrenak atzo, A-8 autopistan Eibar parean hil zenak.

Berriro salatzen dugu egoera, sarraski amaigabea eta langileon osasun eta bizitzaren galera. Arazo estruktural baten aurrean gaude, istripu guztiek faktore amankomunak dituzte oinarrian, prekarietatea, azpikontratazioa eta segurtasun eza, istripu honen atzean ere aurkitzen ditugunak.

Azken bi istripu hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazio politikoa azpimarratu nahi dugu, errepidean mantendu lanak kanporatu egin dituelako.

Foru Aldundiari, behingoz beharrezko ikerketa abiaraztea exigitzen diogu, lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezartzea, baita ere eranginkorrak ez diren osasun politikak goitik behera aldatzea. Epaileei, istripuen erantzuleen gainean ardurak exigitzea eskatzen diegu. Nahikoa da, nazkatuak gaude, justizia exijitzen dugu langileontzat.

Egoeraren larritsunaren aurrrean LABek langile klaseari eta gizarte guztiari deitzen dio antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Bidelango enpresa batzordeak elkarretaratzea deitu dute gaurko, 12:00tan enpresa aurrean, Zarautzen.
 

 

 

Konstituzio berri baterako erreferenduma Kubako Iraultzaren garaipen berri bat da

0

LAB sindikatutik Kubako herria eta bere iraultza konstituzio berriaren proiektuak erreferendumean baiezkoak lortutako babesarengatik zoriondu nahi ditugu. Garai berri hau irekitzen duen konstituzio berri hau Kubako Iraultzaren 60 urtetako ibilbide iraultzailearen garaipen berri bat da.

Kubako Errepublikako konstituzio berri hau -Botere herritarraren Batzar Nazionalak Abenduan onartu zuena- Otsailak 24ko erreferendumean Kubako herritarren gehiengoaren babesarekin erreferendumean onartua izan zen. Kubako Hauteskunde Komisio Nazionalaren (CEN) lehendakaria den Alina Balseirok prentsaurrekoan adierazi zuenez, bozka eskubidea zeukaten 7.848.343 kubatarrek parte hartu zuten bai Kuban eta baita kanpoan ere. Parte hartu zuten pertsonen %86,85ak konstituzio berria babestu zuen eta %9ak ezezkoa bozkatu zuen.

Kubako erreferendum konstituzionalean 400.000 herritarren ordezkarik parte hartu zuten; hoietatik 225.000 agintari elektoral, begirale, laguntzaile (hezkuntza ertain eta goi hezkuntzako ikasleak), 200.000 pionero eta beste eragileetako ordezkariak. Demokrazia herritarraren adibide ikaragarria, Kuban demokrazia falta dagoela salatzen gezurretan aritzen direnen aurrean.

Bukatzeko LABek, berriro ere, Kubako demokrazia eta burujabetza ariketa honengatik zoriondu nahi du. Konstituzio berriak lorturiko babes ikaragarriak Kubako herriaren kohesio politiko eta sozial zabala eta iraultzarekiko babes herritara erakusten ditu; 60 urte hauetan Kubako eta Hego Amerikako historiaren ibilbidearen errotik aldatu duen Iraultzarekiko hain zuzen ere. LAB sindikatutik, orain arte egin dugun bezala Kubako Iraultza, bere langile klasea eta Kubako herria babesten jarraituko dugu, askatasuneranzko, burujabetza nazionalerako eta justizia sozilerako ibilbide honetan. Kubak orain eta beti munduko iraultzaile guztionantzat erreferente bat izaten jarraituko du.

¡Hasta la victoria siempre! ¡Venceremos!  

 

 

Dei egiten diegu Gipuzkoako esku-hartze sozialeko langileei batzarretan eta lantaldetan parte hartzera, HEDATZEN patronalak aldarrikatu duen gerra-deklarazioari aurre egiteko

Otsailaren 18an, Gipuzkoako esku-hartze sozialeko III. hitzarmena negoziatzeko azken bilera egin zen. Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) atarian gertatu zenaren ondorioz, HEDATZEN patronalak erabaki zuen ez zela berriro mahaian eseriko. Gogora dezagun gertakari haiek HEDATZENek egin zituen proposamen erasokorrek eta atzerakoiek eragin zituztela, sektoreko langileek masiboki antolatu behar izateak ekarri zuena. 

Egoera halakoa izanik, LABek eta CCOOk lagundu ditugu ordurako irabazi ziren lan baldintzak zalantzan jarri zirela nabaritu zuten pertsona horiek. Benetan tamalgarria da publikoak izan beharko luketen eta merkatuak guztiz xurgatu dituen zerbitzu batzuei, haietaz arduratzen diren administrazioak, sektoreko enpresen laguntzaz, eskaini izana murrizketak eta eskubideen galerak, betiere, helburu bakar batez: kostuak merkatzea eta negozioa egitea, langileen lan baldintzen kontura jakina.

Proposamen onartezin honi sektoreak emandako erantzuna espero genezakeen. Aurki ezagutaraziko ditugu egin beharreko ekimenak, patronalari proposamena bertan behera utz dezan eta egiazki negoziatu dadin, Gipuzkoako esku-hartze sozialeko III. hitzarmena helburutzat hartuta, egun daukagunean oinarrituz, Gipuzkoako esku-hartze sozialeko II. hitzarmenean alegia, eta ezertan ez dezan okerrera jo.

LABi eta CCOOri ulergaitza egiten zaigu ELAren jarrera, gehiengoa duen sindikatua izanik. Ez dugu ulertzen zertan datzan ELAren estrategia negoziazioan, patronalak Gipuzkoako esku-hartze sozialeko II. hitzarmenaren edukiak kaskartu besterik nahi ez duenean. Ez dugu ulertzen ere, ELAk hitzerdika aipatu izana Bizkaian lortu akordioak lan baldintzak kaskartu zituela. Berriro gezurretan dabil eta zalantzan jartzen ditu sektoreko langile askoz osatzen diren gainerako sindikatuak, kosta ahala kosta, haren ikuspegia babestu dezaten.

Gipuzkoako esku-hartze sozialeko sektorean diharduten langile guztiak animatzen ditugu batzarretan eta antolatzen ari diren lantaldetan parte hartzera, HEDATZEN patronalak aldarrikatu duen gerra-deklarazioari aurre egin diezaiogun.
 

 

 

Prekarietatearen eta estatalizazioaren kontrako borrokari eutsiko diogu, Gasteizko Legebiltzarrak entzungor egin arren

Lan erreformen inguruko Legez Besteko Proposamena eztabaidatu da Parlamentuko osoko bilkuran, eta, ondoren, LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak balorazioa egin dute komunikabideen aurrean, Legebiltzarrean bertan: "Ez da egon proposamenaren aldeko gehiengorik, baina argi izan dezala Legebiltzar honek guk lanean jarraituko dugula, lan gatazkak ugarituko direla eta, goiz ala beranduago, Legebiltzarrak heldu beharko diola funtsezko afera honi”, adierazi du Igor Arroyok.

Urtarrilaren 3an, LABek idatzi bat erregistratu zuen Gasteizko Legebiltzarrean, 2010 eta 2012ko lan erreformen aurka posizionatu dadin eta horiek osoki bertan behera uztea eskatu dezan, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsako neurriak hartzeko ere eskatu zuen sindikatuak.

Gaur, lan erreformen inguruko Legez Besteko Proposamena eztabaidatu da Parlamentuko osoko bilkuran, eta, ondoren, LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak balorazioa egin dute komunikabideen aurrean, Legebiltzarrean bertan.

LABeko ordezkariek azaldutakoaren arabera, garrantzitsua da gaurko ekimenaren testuingurua kokatzea. Azken urteotan inboluzio prozesu bikoitza bizi izan dugu: inboluzio soziala eta inboluzio politikoa. Eskubide laboralak eta sozialak murriztu egin dira erreformaz erreforma, eta zentralizazio prozesua areagotu da; lan harremanetan, prekarizazio prozesua eta estatalizazioa eskutik joan dira. Inboluzio prozesua areagotzeko mehatxua hor dago, ikusi besterik ez dago Espainiako Senatuko adierazpena, erabat ez nahikoa zen estatutua bera ez betetzea aldarrikatuz. Hala, Igor Arroyok nabarmendu duen bezala, “gure ustez, hemengo instituzioak ezin dira begirale hutsak izan, erabakiak hartu behar dituzte inboluzio prozesuaren aurrean oro har eta lan harremanei dagokionean zehazki”.

Lan harremanei dagokionez, abenduan Lan Erreformaren erreforma egiteko asmoa plazaratu zen Madrilen. Omen, elkarrizketa sozialeko mahaia eta Gobernuaren artean gaiaz mintzatzen ari ziren. Orduan jakin genuenez, erreformaren erreforma hori oso murritza zen: 2010 eta 2012ko lan erreformetan zeuden 13 atzerapausuetako 3etan baino ez zen aurreikusten aldaketa txikiak egitea. Alegia: lan erreformek ezarritako jokalekua eta, bereziki, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ontzat ematen zuten hala PSOEren Gobernuak nola UGT eta CCOOek. Eta gainera, CEOEk argi adierazi zuen aldaketa txiki horiek egitearen kontrako jarrera.

Aldiz, bestelakoa da EAEko egoera. Madrilen nagusi diren sindikatuak gutxiengoan daude EAEn, are eta gehiago azken haustekunde sindikalen ondotik. LABentzat modu ez nahikoan bada ere, hemengo lan hitzarmenak babesten saiatzeko Akordio Interprofesional bat sinatua dugu sindikatu guztiok eta patronalak. Lan erreformen kontrako jarrera nagusi da gure jendartean.

Gauzak horrela, Igor Arroyoren hitzetan, “Madrilen zer gertatuko den aiduru egon beharrean, hemen bertan ekiteko garaia da. Ildo honetan, LAB sindikatutik estatalizazioaren kontrako bi orduko lanuzteak antolatu genituen pasa den maiatzean eta orain euskal instituzioei neurriak har ditzan eskatzera etorri gara. Oso gauza sinplea baina garrantzitsua eskatzen dugu: errespeta daitezela hemengo gehiengoak, errespeta daitezela hemengo akordioak, hemengo lan hitzarmenak”.

Bi eskaera
Agerraldian, Eusko Legebiltzarrak zer nolako neurriak har ditzakeen adierazi dugu. Nagusiki bi dira. “Lehenik eta behin, gaur egungo eskumenez baliatuta, hemengo lan hitzarmenak kontratazio publikoaren bitartez babestu ditzake. Hori zen gaurko legez besteko proposamenean eskatzen zena: bertako lan hitzarmena betetzea izan dadila kontratu publikoak eskuratzeko ezinbesteko baldintza. Antzeko zerbait egin da Nafarroako legebiltzarrean, kontratazio publikoaren lege berrian, eta ez dugu ulertzen zergatik tematzen den EAJ hori eragozten EAEren kasuan”, esan du LABeko idazkari nagusi ondokoak.

Bigarrenik, Madrilen hartu diren eta hartuko diren murrizketek euskal langileongan eraginik izan ez dezaten, eta eskubide laboralak berreskuartu eta zabaldu ahal izan ditzagun, lan harremanetarako esparru propioa eraiki beharra dagoela aldarrikatu du Igor Arroyok: “Estatus berrirako proposamenean jasota dago helburu hori eta hura sinatu zuten indar politikoei eskatzen diegu testu horrekiko koerentziaz jokatu dezaten”.

Hauxe da eskatutakoa Legebiltzarreko taldeei. “EH Bilduk aintzat hartu du gure eskaria eta eskertzen diogu horrela egin izana. Ez da egon horren aldeko gehiengorik, baina argi izan dezala Legebiltzar honek guk lanean jarraituko dugula, lan gatazkak ugarituko direla eta, goiz ala beranduago, Legebiltzarrak heldu beharko diola funtsezko afera honi”, erantsi du LABeko idazkari nagusi ondokoak.

 

 

 

Osasun Mentaleko Zerbitzuetako langileek lanpostu kodeak eskatu dituzte Gasteizen

0

Arabako Osasun Mentaleko Zerbitzuetako langileak, “Códigos ya, pribatizaziorik ez" lelopean, berriro ere Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan aurrean kontzentratu dira. LABek guztiz babesten eta laguntzen du aldarrikapen eta borroka hau. Izan ere, hauxe bera eskatu diogu behin eta berriro Osakidetzari: kontratazio hobetzeko, lanpostuak egonkortzeko eta pribatizazioarekin amaitzeko.

Pasa zen 2018ko abenduaren 21ean Arabako Osasun Mentaleko zerbitzuetako langileek elkarretaratze bat egin zuten Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan, Gasteizen. Elkarretaratze honen helburua kategoria honetako 6 urte baino gehiago irauten duten 14 lan- metaketako kontratuei kodeak ematea izan zen.

Egia da ere Arabako Osasun Mentaleko Zuzendaritzak kode hauek eskatu zituela, baina egia da ere egoeraz baliatu zela kode batzuk desagerrarazteko.

Azken bolada honetan Zuzendaritza “esku zabala” izan da eta 2 kode sortu ditu!

Badakigu ere kategoria guztietan kontratu mota hauek gero eta orokorragoak direla eta denetatik egiteko erabiltzen direla, asteburuetan lan egiteko, “hutsuneak” betetzeko, ea. Kontratu hauek finkatzen badira eta kodeak ezartzen badira ez dira desagertuko ezta pribatizatuko.

Zoritxarrez, egoera honetan lankide asko daude, “lan-metaketako” kontratuei lotuta, kontratu prekarioak dituztenak eta jakin gabe lanean jarraituko duten.

 

 

 

Faxismoaren eta kapitalaren kontra mobilizatu gara Sevillan

0

Andaluziako Eguna da gaur, otsailak 28, eta Sindicato Andaluz de Trabajadores y Trabajadoras (SAT) sindikatuak bere bloke propioa egin du Sevillan gauzatutako mobilizazioan. Bertan izan gara, SAT sindikatuari berari babesa emateko eta faxismoaren kontra mobilizatzeko. Hain zuzen ere, LAB sindikatuko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz dago Sevillan, mezu garbi batekin: faxismoaren eta kapitalaren aurrean, langile klaseak zutik eta borrokan jarraitu behar du.