2026-01-27
Blog Page 688

[IRITZIA] “Sindikatua, itsaso mugituari aurre egiteko astrolabioa”

LABeko Ekintza sozialeko kide Mikel Alvarezek burujabetza eta eraldaketa sozialari buruz idatzi du.

Astrolabioa, antzinako nabigatzaileek itsasoan orientatzeko erabiltzen zuten tresna zen. Tramankulu horren bitartez, izarrak behatu, itsasontziaren posizioa finkatu eta bide egokia hartzeko pausuak aztertzen zituzten. Itsaso mugitua daukagu gaur egun eraldaketa soziala eta munduan iraultza bilatzen dugunon artean; ezkerraren baitan haize ufada berriak (edo berrituak) daude eta horrek eragina du ideien eta praxiaren ozeanoan.

Dibertsitatea, unibertsalismoa, burujabetza, subjektuen fragmentazioa, globalizazioa, intertsekzionalitatea, iraultza, erreforma… ezkerraren baitan bogan dauden hitzak dira, mare magnum dialektiko batean dantzan daudenak momentu honetan. Hitzen zopa honetan gure buruak kokatzeko astrolabioak behar ditugu, non gauden eta nora goazen zehazten lagunduko gaituzten hausnarketa marko eta ikuspegiak hain zuzen ere. Itsaso mugituaren aurrean hiru jarrera hartu daitezke itsasontzi baten gidaritzan: olatuen artean trabatzea inolako proposamenik gabe, olatuen han-hemenkaren noraezean galtzea edo hauen noranzko berriak aztertzea eta olatu horien gainean nabigatzea.

Hirugarren aukera horri eusteko ezinbestekoa da oinak lurrean edukitzea eta kokapen politikoa argi izatea. Astrolabioa kalibratuta ez duenak jai dauka enbata bortitzen garaian. Sindikatua, zentzu horretan, enbor sendoa duen mugimendu soziala da, gizartea antolatzen duen bektore baten baitan antolatzen duena bere burua (bizitzaren eta kapitalaren arteko kontraesana) eta feminismoaren inguruan aurrerapauso nabarmenak ematen ari dena. Posfordismoa, lanaren fragmentazioa, prekarietatea eta berriki, esplotaziorako darabiltzaten teknologia berrien aurrean bere burua kokatzen ari den indarra da. Olatuen artean trabatzeko arriskuaren aurrean, bere burua berrasmatzeko erabakia hartu, eta fase politiko eta ekonomiko honek behar dituen proposamenak jarri ditu mahai gainean. Gainera, klase borrokak Euskal Herrian hartzen duen forma konkretuaren aurrean, burujabetza du helburu estrategiko bezala. Bektore edo enbor nagusiak horiek izanik, adarrak leku guztietara zabaltzeko bokazioa duen mugimendua da momentu honetan Euskal Herriko kontrabotere sindikalismoa. Gatazka guztiei ikuspegi kolektibo eta holistiko bat ematea ezinbestekoa da, koordenatu eta bektore jakin batzuetan. Gainera, koordenatu horiek ondo definitzea ezinbestekoa da gizartea ordenatzen duten estrukturak ulertu ahal izateko.

Errealitatea likidoa eta subjektibitatez osatua dela dioten honetan, borroken disgregazio eta atomizazio bat dago, hipotesi kolektiboen lausotze bat, alegia. Jendartea guztiz atomizatuta dago. Lubaki politikoak lehiatu eta irabaztetik, sistemaren ertzak lubaki zilegi bakarrak izendatzera pasatzeko tentazioa daukagu. Ez gara konturatu sistemaren ertzek, hipotesi kolektiborik gabe, merkatuak horiek kooptatzeko erraztasun asko dituela. Paradigma filosofikoa “egitetik” “izatera” pasatzen dugunean, hau da, lehia politikoaren zentroan identitatea eta sinbolikoa soilik jartzen dugunean, astrolabioaren kalibrazioa okerraren seinale.

Adibide argiak ditugu gure inguruan. Ez da kasualitatea potentzialtasun gehien dituzten mugimenduak identitate eta subjektibitate zerrenda infinitu batean disolbatu nahi izatea. Arazoa ez da identitatea ordea; arazoa da identitatearen eta berdintasunaren aldeko borroka desloturik agertzea eta soilik identitatea agertzea gure borrokaren leit motiv bezala. Lanaren atomizazio materialaz gain, atomizazio politikoa ere bultzatu da modu interesatu batean. Mugimendu feminista bere borrokaren gorenean dagoenean, subjektu politiko hori disolbatu eta erlatibizatu nahi duten ahotsak azaltzen dira… Honekin esan nahi da kategoria politikoak birpentsatu behar ez direnik? Noski birpentsatzeko beharra daukagula. Baina zein da erronka nagusia orduan? Subjektu anitz eta handiak sortzea subjektu horiek birpentsatuz, baina bidetik, hegemonia politikorako borroka galdu gabe. Beste hitz batzuetan esanda, unibertsaltasun berri bat definitu, unibertsaltasun berri eta askatzaile baten aldeko borrokan lubakirik galdu gabe (eta ahal dela, lubakietan aurrera eginez). Azken finean, politikoki operatiboak diren kategoriak eta mugimenduak behar ditugu, lehia errealetan sartuko direnak eta holistikoki borrokatzen lagunduko digutenak.

Kontuan izan behar dugu, gainera, mugimendu politikoak edota sindikatuak ez direla soilik ideologia politikoak erreproduzitzeko esparru bat. Kontratu soziala hautsi den garai hauetan eta demokraziaren pribatizazioa errealitate bat bihurtu denean, jendea plaza publikora eta sozializazio esparruetara eramateko tresna ere badira. Sassenen hitzak berreskuratuz, sistemak geroz eta pertsona gehiago kanporatzen ditu eta horren aurrean, integrazio politiko eta sozialerako esparru bihurtu behar ditugu gure kolektibo eta eragileak. Kanporaketa ekonomikoaren bitartez kanporaketa politiko eta soziala bilatu nahi dute, eta hori ekiditeko, gure harresi eta integrazio dispositibo propioak eraiki behar ditugu.

Faxismoaren gorakada, hein handi batean, bi aldagai horien ondorioa da. Alde batetik, ezkerrak klase zapaldu eta kanporatuen integraziorako tresna izateari utzi diolako eta bestalde, borroka sinboliko eta abstraktuetan jarri duelako askotan foko nagusia. Jendearen bizi baldintza materialak eta segurtasun soziala hobetzeko ezintasunaren aurrean, kasu askotan, bestelako bideak hautatu dira: enfasia jartzea arlo sinbolikoan eta materiala alde batera uztea, dibertsitatearen kudeaketa aurrerakoian sartzea berdintasuna ahalbidetzen duten politika publikoetan aurrerapausurik egin gabe, moralinaz betetako diskurtsoetan jaustea kontraesanetan erortzea ekiditeko formula bezala… Oinak lurrean izatea eta langileekin aurrez aurre hitz egitea, sindikatuak de facto duen elementu bat da, bere ekintza politiko eta sindikalaren erdigunean kokatzen duena. Beraz, berriro ere, faxismoari aurre egiteko ezinbesteko astrolabioa dugu kontrabotere sindikalismoan. Errealitate materiala egunero aldatzen duen espazioan aurkitzen gara eta esan bezala, hori ezinbesteko baldintza da astrolabioa kalibratua edukitzeko eta olatu berriak nabigatzen jakiteko. Hortik kanpo, geldialdia edo noraeza bakarrik aurkitu dezakegu.

Baina errealitateak, gustatu ala ez gustatu, konkretua izaten jarraitzen du. Errealitatea ez da elementu abstraktu eta marko teoriko inoperatiboen konglomeratu bat. Horregatik, analisi eta estrategia konkretuak behar ditugu, gure errealitate politikoan integratuak egongo direnak. Zentzu horretan, Euskal Herrian badugu zerumuga kolektibo emantzipatzailea berreraikitzeko aukera paregabea. Burujabetza prozesu eraldatzailea. Aldaketa sozialean oinarritutako subiranotasuna. Osotasunari interpelazioa egingo dion proiektu politikoa. Langileok, jendartearen gehiengoa garenok, ezinbestekoak izango gara bide horretan. Geuk artikulatu behar dugu unibertsaltasun berri hori. Sindikalismoa, beraz, gakoetako bat izango da. Hala ere, bide hau ez dugu bakarrik egingo; lidergo kolektiboak sortzean eta mugimendu zabalak artikulatzean egongo da gako nagusietako bat.

 

 

 

Aurrera jarraitzen dute GTHko lanuzteek

0

Gaurkoa izan da Derion dagoen GTH enpresako langileek egindako lanuzteen bigarren eguna. Kotxe-karabana egin dute euren lantegitik Zamudioko Torrelarragoiti poligonoan dagoen Matricerías Deusto enpresara. Han, ordubeteko kontzentrazioa egin dute. Bihar, lanuzteen hirugarren egunean, kalejira egingo dute euren enpresaren inguruan, eta, ostegunean, hamaiketakoa Derion, enpresaren aurrean.
 

 

 

Gasteizko Udaleko Politika Sozial eta Osasun Publikoko Sailak informazioa eskatu du Aterpe Gaueko Zentroaren langile hezitzaileen datu pertsonalen inguruan

0
LAB, ELA eta ESK sindikatuok eta Arabako HIESaren aurkako Batzordearen enpresa-batzordeak argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko Aterpeko langileak izatea pasa den urtarrilaren 1ean egindako zentzugabekeria errepresiobaren turkoburuak izatea.

ELA, LAB eta ESK eta Arabako HIESaren aurkako Batzordearen enpresa-batzordearen oharra:

2019ko urtarrilaren 1ean, Gasteizko Gaztetxearen atarian, indarkeria polizialeko egoera berri bat bizi izan zen. Orduko horretan, udaltzaingoak Gaztetxean eta inguruetan zeudenen aurka kargatu zuen, urtea 5 atxilotu eta hainbat zauriturekin hasi.

Udalak, neurrigabeko hedatze polizial batean, argi utzi zuen herri mugimenduak eta bereziko okupazio-mugimendua, ez dituela oso gustoko.

Esku-hartze polizial hori 12 zauriturekin amaitu da, espetxeratu batekin eta hainbat zauriturekin. Orain gainera, gau horretan Gasteizko Aterpen lanean ari ziren sorgin-ehiza gehitu behar zaio honi, gertatutakoa jasotzen duen bideo bat grabatu eta zabaltzeagatik.

Egoera guzti hau izkutarazi eta eta inolako agindu judizialik tartean egon gabe, Gasteizko Udalaren Politika Sozial eta Osasun Publikoko Sailak, Inklusio Sozialeko arduradunaren bidez, informazio-eskaria egin du Aterpe Gaueko Zentroko hezitzaile taldearen datu pertsonalen inguruan, urtarrilaren 1eko goizeko gertakarien inguruko ikerketa egiteko.

Aipatu entitatearen zuzendaritzak 2018ko abenduaren 30etik 2019ko urtarrilaren 2an lanean egon ziren langile guztien izen-abizenak helarazi ditu. Pribatuak diren datu hauek Administrazioari pasatu dizkiote Datuen Babeserako Legea urratuz.

Zentroko langileek, Sidalavak zeharka kudeatzen duen udal zerbitzua, ez dakite datu hauek eman izanak zein ondorio izan dezakeen zerbitzua edo eurengan. Enpresa izango litzateke balizko ondorio hauen lehen arduraduna.

Bestalde, paradoxikoa ere bada Politika Sozial eta Osasun Publikoko Saila lehena izatea gau hartan Aterpen lanean ari zirenen kontra. Paradoxikoa diogu erakutsitako diligentziagatik, honen falta izan delako bere ezaugarria legegintzaldi honetan zehar. Urte hauetan konstaten bat izan dira politika sozialen planifikazio eza edo muinoko etxeko erabiltzaileen beharrizan sozialen inguruko kezka falta.

Zein da Udalaren helburua horrela jokatzen duenean? Zerbitzu langileak zigortu nahi ditu? Badakigu eredugarria izan dela urte hauetan Enpresa-batzordeak egin duen jarduera sindikala eta salaketazkoa zerbitzu sozial duin eta kalitatezkoak izateko. Ulertzen dugu guzti hau jarduera honi erantzuteko modua izan daitekeela, kontrata baten langileekiko Udalaren interferentzia onartezina suposatzeaz gain, are gehiago langileen eskariak eta erabiltzaileei arreta hobetzearen inguruakoak ez direnean entzuten arreta eta prestasun berdinarekin.

Ohar hau sinatzen dugun sindikatuok eta enpresa-batzordea osatzen dugun atal sindikalok argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko Aterpeko langileak izatea pasa den urtarrilaren 1ean egindako zentzugabekeria errepresiobaren turkoburuak izatea. Baina gure konpromisoa salaketa jarrera hori baino harago doa, konpromisoa erakusten baitugu kalitezkoak eta publikoak izango diren zerbitzu sozialen alde aurrera egiteko, zeintzuetan langileek asktatasunez lana egin ahal izango duten kalitatezko proiektuetan eta erabiltzaileak estatistikak baino zerbait gehiago izango diren.
 

 

 

Bilbo eta Baionan “Orain presoak” lelopean egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei

Abenduan Nazio Batzarrak eztabaidatu eta onartutako Testuinguruaren azterketan zehazten zuen moduan, presoa eta iheslariak etxera ekratzeko borroka indartzea izango da LABen lehentasunetako bat datozen hilabeteetan.

Horrela, LABek dei egiten langileei datorren urtarrilaren 12an eta “Orain presoak” lemarekin Bilbon eta Baionan deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Batzorde Exekutiboko ordezkaritza bana bidaliko du LABek bakoitzera, Garbiñe Aranburu Igor Arroyo Bilbon izango dira, eta Eñaut Aramendi eta Aiora Imaz Baionan.

Aste beltz baten ondotik iristen da urtarrilaren 12ko deialdia, Garikoitz Aspiazu presoaren senitartekoen istripua, Juan Mari Maiezkurrena preso ohi gaixoaren heriotza… eta gertakariok oso lotuta daude espetxe politikarekin, dispertsioa, salbuespenezko neurrien aplikazioa… Giza eskubideen urraketarekin, hain zuzen ere.

Esparru sindikalari dagokionez, nabarmentzekoa da Bilbon sindikatu guztiak egongo direla. Gainera, Bilbon, tokiko ekimen bat aurkeztu zuten abenduaren 20an, hilabeteko mobilizazioetan oinarrituko dena.

Estrasburgoko epaiak urriaren 20ko Donostiako manifestazioak utzitako zapore on guztia lapurtu zigun eta estatu espainiarraren aldetik ematen ari diren urrats urriek ez dute baikor izateko aukera gehiegirik ematen. Era berean, Frantziako Gobernuak pasa den ikasturtean emandako urratsen ondotik, nolabaiteko motelaldia nabaritzen da.

Horrela, LABek euskal presoak Euskal Herriratu eta ondoren etxeratzeko borrokan jarraituko du. Ildo horretan, ezinbestekoa iruditzen zaigu lortzen ari diren akordioak jendarte osora eramatea, baita lantokietara ere, eta Espainiako nahiz Frantziako Gobernuak interpelatzeko mobilizazio soziala indartzea, bai larunbatari begira, baita hortik aurrera ere.
 

 

 

Babes zabala jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek Iruñean

0

Eguerdian manifestazioa egin dute Iruñean, abenduaren 26tik greba mugagabean dauden Azkoiengo Huerta de Peraltako langileek. Udaletxe plazatik abiatu eta Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ondoren, leku berean amaitu da.

Babes zabala jaso dute langile grebalariek, eragile zein herritar soilena. Manifestazioaren amaieran, Husseyin Yagoubi langileen ordezkariak nabarmendu du enpresak 400.000 euro zor dizkiela langileei eta mehatxuak baliatzen dituela zor duena ez ordaintzeko. Euskara eta gazteleraz gain, gaur arabiera ere entzun da Iruñeko erdigunea.

Greba mugagabeak aurrera jarraitzen du eta ostiralerako, urtarrilaren 11an, Elkartasun-eguna deitu dute.
  

 

 

Erabateko jarraipena izan dute Gestamp taldeko GTHko lanuzteek, euren lehen egunean

0

Derioko Parke Teknologikoan dagoen Gestamp taldeko GTH – Gestamp Tool Hardening enpresako langileek, bi ordutako lanuztea egin dute gaur, 12:00etatik 14:00etara. Bien bitartean, kontzentrazioa egin dute enpresa atarian. Lanuzteak egunero egingo dituzte, ostegunera arte, hitzarmen duinaren alde.

Estanpazio beroa egiten duen enpresa bakarra da GTH Euskal Herrian, gainontzekoek hotzean egiten baitute lana. Gestamp, estanpazio beroaren aldeko apustua egiten ari da mundu mailan baina apostu honek ez du islarik GTHko lan-baldintzetan.

2011an sortu zen GTH eta hitzarmen duina eskatzen dute langileek. Egun, ituna daukate eta Bizkaiko Gestampeko beste lantegiek baino baldintza askoz okerragoak.

2018ko abenduaren 31an amaitu zen ituna eta eskaintzen dutena langileen eskariak erantzuten ez dituzten lan-baldintzak betikotzea da. 5 urterako enpresa-ituna eskaintzen dute.

Irailaren erdialdera, enpresa-batzordeak, bere proposamenen plataforma aurkeztu zuen eta azaro amaierarako benetako erantzunik ez zegoenez, asanbladak erabaki zuen lantegian aparteko orduetan geratzea eta kanpoko prestatzeetan enpresaren aldetik proposamen serio bat jaso arte.

Langileek benetako mamia duen proposamenik jaso ez dutenez, ia ahobatez onartu zuten asanbladan lanuzte eta mobilizazioei ekitea. Horrela, egunean bi ordutako lanuzteak egiten ari dira urtarrilaren 10era arte.

Bihar, kotxe-karabana egingo dute Matriceria Deustoraino. 9an kalejira eta 10ean, hamaiketakoa GTHko bulegoen aurrean.

 

 

 

Tecuniko langileek kontzentrazioa egin zuten larunbatean, euren lankideen kaleratzearen kontra

0

Larunbata, urtarrilaren 5ean, kontzentrazioa egin zuten Tecuniko langileek Bilboko Arriagaren plazan, euren egoera salatu eta epe laburrean 40 lankide baino gehiago kaleratzearen aurrean protesta egiteko.

Bilboko Udalaren kontrata historikoa da Tecuni, eta aldebakarrez erabaki du Iberdrolarekin zuen mantenurako kontratua etetea.
Enpresaren erabaki horren ondorioz, OMEXON ataleko lankideak kaleratu egingo dituzte.

Datorren urtarrilaren 15ean betetzen da epea, enpresak duela 2 hilabete eta erdi erabakiaren eragina jasango duten langileei bilera batean jakinarazi moduan.

Ordutik hona, langileek grebak, kontzentrazioak, instituzioei idatziak, etab. egin dituzte. Eta enpresak bere aldetik, uko egin dio langileen ordezkariekin biltzeari konponbidea aurkitzen ahalegintzeko.

 

 

 

Bizkaiko Simply dendetako langileek hirugarren greba eguna izan zuten larunbatean, pairatzen duten lan prekarietatea salatzeko

0

Langileen %70ek egin zuten bat larunbatean, hilaren 5ean, izandako lanuzteekin. Piketeak egin zituzten egun osoan zehar Bizkaiko 24 Simply saltokitan. Enpresak, modu arduragabean bere burua izkutatuz, gatazka gogortu eta luzatzea baino ez du lortuko.

 

 

 

Huerta de Peraltako grebalariak Iruñean mobilizatuko dira astelehenean, enpresaren arduragabekeria salatzeko

0


Joan de asteazkenean, urtarrilaren 2an, Huerta de Peraltako greba batzordeak proposamena helarazi zion enpresari bere langileak Greba Mugagabea abiatzeara eraman zituen gatazka konpontzeko asmoz. Enpresak berau aztertzeko konpromisoa hartu zuen eta ostiralean, urtarrilaren 4an, erantzutekoa. Bada, greba batzordearen proposamena baztertzea erabaki du. Hortaz, grebak eta mobilizazioek aurrera jarraituko dute. Hurrengo hitzordua astelehenean izango da, 12:30ean, Iruñeko udaletxeko plazatik abiatuko den manifestazioarekin.

Greba egun hauetan alde batetik, karga polizialak izan dira zenbait zauriturekin, baita enpresako arduradunen aldetiko mehatxu eta probokazioak, eta baita nazioarteko elkartasuna, ostegunean bezala, eta ostiraleko moduko elkartasun eguna, zeinetan langileak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gerturatu diren langile hauen borroka eredugarria eurena egiteko.

Hala ere, enpresak, itzelezko arduragabekeriarekin jokatuz, langileei ematen dien tratu txarrararekin soilik konpara daitekeena, komunikatu bat egin du, Batzordearekin batzartu gabe, honek egindako proposamena guztiz baztertuz. Ezezko biribila eman zaio proposamen bati, zeinetan langileek arduraz jokatu zuten beste behin, erantzun moduan probokazio berri bat jasoz.

LABetik ulertzen dugu aurrekari gutxi duen enpresarioen aldetiko hooligankeriaren aurrean gaudela. Enpresak ez du zalantzarik behin eta berriro gezurra eta manipulazioa erabiltzeko bere ez-betetzeen gainetik arreta desbideratzeko.

Era berean, ulertzen dugu Nafarroako Gobernua ezin daitekeela isilik egon egoera honen aurrean eta behereala eskuhartu behar duela. Nafarroako Gobernuak, Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako Lehendakari-ordea buru duela, bitartekaritza lanak egin beharko lituzte gatazken eta enpresa behartu negoziazio parametroetara aritzera. Enpresa honek dirulaguntza publikoak jaso izan ditu eta onartezina da horrelako jarduerak ahalbidetzea.

Amaitzeko, langileen esanean eskertu nahiko genituzke norbanako, kolektibo sozial, alderdi politiko, sindikatu, etab.en aldetik jaso ditugun elkartasun adierazpenak. Langile asko ari da gatazka hau bere egiteko eta animoari eusteko balio die grebalariei. Behar duten babesa ematen jarraitzeko aukera berria dugu, datorren astelehean, urtarrilaren 7an, Iruñeko Udaletxetik 12:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartuz.