2026-02-22
Blog Page 688

Legasako plantako Arcelorreko langileek hiru greba egunetatik lehena egin dute gaur, lankide baten berronartzea exijitzeko

0

Urte hasiera honetan, Legasako plantako Arcelorreko langile bat kaleratua izan zen proba tartea gainditu ez zuela argudiatuz, lehenagotik bertan bortz urtez lan egin bazuen ere.

Hauxe da enpresa batzordeak egindako oharra:

Duela urte batzuk langile talde bat, arrazoi “objetiboak” zirela medio, kaleratua izan zen. Gerora, enpresa eta ordezkarien artean, kontratazio berriak ematerakoan langile horiek lehendabizikoak deituak izanen zirela adostu zen. Urteetan kontratazio berririk ez egin eta gero (duela lau urte 122 langile izatetik 54 izatera pasatu da), duela hilabete batzuk langile gutti batzuk sartzen hasi ziren, horien artean aipatutako taldeko langile bat bortz urtez lanean egona zena lehenagotik.

Eskaini zitzaiona hiru urterako kontratu bat izan zen, luzatzeko aukera aunitzekin. Kontratu honek sei hilabeteko gehiegizko proba tartea ezartzen zuen eta langilea bortz hilabete lanean eramaten zituenean tarte hori gainditu ez zuela erran zitzaion. Hau justifikatzeko erabilitako aitzakiak orokorrak eta gezurrak dira (subjetiboak azken finean), postu horretan bortz urtez lan egin zuen langile bat postura ez dela egokitu erranez eta behin baino gehiagotan atentzioa deitu zaiola erranez, holakorik gertatu ez denean.

Hau kasu isolatu bat izatetik hagitz urrun dago eta lehenago aipatutako langile kopuru murrizketa basatiaren eta enpresaren desegitearen bertze ondorio bat baino ez da. Bere lankideak garbi dute, alde batetik ez dutela beraien lankide batek horrelako trataera bidegabea eta zikina jasotzea onartuko eta bertzetik planto egiten dutela enpresaren desegite estrategia honen aitzinean. Horregatik hiru egunez, urtarrilaren 24ean eta 29an eta otsailaren 1ean (egun honetan elkarretaratze bat eginez lan departamentuaren aitzinean) greba egunak deitu dituzte, argi utzita onartuko duten baldintza bakarra beraien lankidearen berronartzea izanen dela.

 

 

 

Hitzarmen duina aldarrikatuko dugu Arabako metalgintzan

0
Gaur, urtarrilak 24, Arabako Metalgintzako Mahai Negoziatzailea bildu da eta SEA patronalak bere proposamena aurkeztu du. LABen ustez proposamen atzerakoia da, oraingo hitzarmena okerragotzen baitu eta estatalizazioa dakarrelako.

Gaurko bileran SEAk hitzarmenerako proposamena ekarri du mahaira, hainbat eduki zehaztuz. LABen ustez, proposamena atzerakoia da, gai batzuk gaur egungo hitzarmenaren aldean okerragoak baitira. Zehazki, hauek dira ustez, gai atzerakoienak:

– Indarraldian, 2018 “desagertzen da”.
– Indarraldia bukatuta, ultraktibitatea lehen baino gehiago murrizten du.
– Soldata igoerak lehengoak baino eskasagoak dira (%1)
– Hitzarmena ez aplikatzea erraztu nahi du.
– Estatu mailako zenbait materia hitzarmenera ekartzea nahi du.

Gainontzekoan, hitzarmena mantentzea (baita lanaldia eta malgutasuna, erabat gehiegizkoak) proposatzen du eta aldaketak, legeak hala behartuta sartuko ditu soilik.

Beraz, LAB gai batekin soilik dago ados, hitzarmenaren hizkera sexista ezabatzeko.

Hori dela eta, LABen balorazioa erabat ezkorra da eta erabat onartezina iruditzen zaio halako proposamen bat egitea. Gure ustez, proposamen hau oso urrun dago sektorearen beharretatik eta prekarietatea mantentzea bilatzen du, patronalak etekinak pilatzen dituen bitartean.

Horregatik, LABek hurrengo asteotan dinamika bat abiatuko du hitzarmen duina aldarrikatzeko, langileak informatuz, ekimenak eta mobilizazioak burutuz, beti ere langileok aktibatzeko eta mobilizazioa hauspotzeko helburuarekin.
 

 

 

Nafarroako landa eremuen etorkizunerako funtsezkoa da lan eskubideen onarpena eta horien finkatzea

0

Gaurko egunean, LAB sindikatuak bi bilera egin ditu Iruñean Nafarroako landa eremuko enpleguaren egoera aztertzeko. Lehenbizikoa EHNE sindikatuarekin izan da, gure egoitzan, eta bigarrena UAGN elkarte profesionalarekin, haien egoitzan.

Bigarren bilerak balio izan du LABen eta UAGNren arteko harremanak normalizatzeko, hemendik aurrera interlokuzio normala izateko. LABek UAGNri esplikatu dio sektorearen inguruan egiten duen hausnarketa eta etorkizunera begira dituen proposamenak eta alternatibak. 

UAGNeko ordezkariekin, bileran.

Bileran argi gelditu da LAB eta UAGN ados daudela gauza batzuetan, eta bertze batzuetan, ez. Baina biok argi dugu hitzarmenaren markoa dela hitz egiteko markoa.

EHNErekin adostu dugun oharrean islatzen da, nolabait, UAGNrekin izandako bileran egindako hausnarketa. Hauxe da, hain zuzen ere, EHNErekin adostutako oharra:

Gaur, 2019ko urtarrilak 24 dituen honetan, LAB eta EHNE sindikatuak, azken sindikatu horren egoitzan elkartu dira, Huerta de Peralta enpresako langileek burutu duten borroka ezagutzeko eta iritziak partekatzeko, zeinek 28 egunetako greba mugagabea egin ondoren, joan den asteartean, hilak 22, enpresarekin itundun duten. Nafarroako landa-eremuen egoeraz ere solastatu gara. Aipatu bileran parte hartu dute, LAB sindikatua ordezkatuz, Rosalia Bonak (San Adrian eskualdeko arduraduna), Saul Arangibelek (Zerbitzu Pribatuetako Federazioaren nazio arduraduna) eta Imanol Karrerak (LABen Nafarroako arduraduna). EHNE sindikatua ordezkatuz parte hartu dute Imanol Iberok (EHNEren presidentea), Aritz Cunchillosek (Idazkari nagusia) eta Marimar Ansorenak (lan aholkularitzaz arduratzen den teknikaria).

Huerta de Peralta enpresako langileen borrokak agerian utzi du Nafarroako landetan dagoen prekaritatearen errealitatea. Errealitate horrek interpelatzen ditu Nafarroako gizartea, haren erakundeak eta gizarte eragileak, langile guztien bizitza eta lan baldintza duinei ekinez, haiek berma daitezen.

Huerta de Peralta enpresak eta haren langileek lotu duten ituna ikusita, uste dugu, horren bidez aukera berria daukagula gure Nafarroako landa-eremuan suertatu ohi diren prekaritate egoerei ekiteko. Horregatik langileak nahiz enplegatzaileak deitzen ditugu harreman egonkorreko esparruak sor ditzaten, Nafarroako landetatik laneko esplotazioa erauziko duten harreman egonkorreko esparruak sor daitezen, horrela, aurrera egin ahal izan dezagun guztion lan eskubideen onarpenean.

Badakigu lehen sektorearen egoera ekonomikoa ez dagoela aparraldian, baina errealitate hori ez daiteke, inolaz ere, arrazoitzat har, nekazariek eta abeltzainek errenta duinak lor ditzaten eskulan prekarioaz baliatuta. Duintasunak elikagaiak etxeetaraino iristea ahalbidetzen dituen katebegi bakoitzean egon behar du.

Nafar nekazari askok betetzen dute hitzarmena eta errespetatzen dituzte lan eskubideak. Horixe da landa-eremuaren eta haren inguruan garatzen diren herrien aurrerapenari egin diezaiokegun ekarpenik hoberena. Baita “Huerta Navarra” markari ere, kalitateko eta nazioartean ospe handiko produktuen markari; kalitate eta ospe horri erantsi behar zaizkio hura ekoizten duten langileen lan baldintza duinak.

Baina langileak baldintza kaskarretan dauzkaten horiek, sektoreko hitzarmena ezartzen ez dituzten horiek, edota kontratazio zuzena egiten ez duten horiek, sektore osoarekin leialtasunik gabe lehiatzen dira. Poliki-poliki eta guztion ahaleginaz, hobetzearren, aldatu behar dugun landa eta abere-sektorearen garapen onari eta irudiari egiten zaie kalte.

LABek eta EHNEk funtsezkoa deritzogu Nafarroako erakundeek, sindikatuen eta gizarte eragileen ekarpenarekin, aurre egiteari konpondu gabeko kontu honi. Nafarroak, haren nekazariek eta langileriak merezi dute.

 

 

 

Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoko helburuak beteta, maximo historikoetan gaude

0


Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoan gauden honetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak lehen balorazio bat egin dute komunikabideen aurrean, 2018ko itxiera datuak eskutan. Epealdi trinkoa oraindik amaitu ez den arren, dagoeneko helburu guztiak bete ditugula nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, eta hazkundeak ez du etenik: “Ez dugu sabaia jo, hazten jarraitzeko aukera dugu”.  


Datuei erreparatuta, gure maximo historikoa lortu dugu 2018. urtean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren sindikatu gisa egonkortuta itxi dugu urtea. 2014an %18,34ko ordezkaritza izatetik, 2018an %19,1 izatera pasa gara EAEn.

Nafarroan ere maximo historikotan gaude, %16ko langaz goitik. Gehien igo den sindikatua da LAB.

Hala, Hego Euskal Herrian, bigarren sindikatutik gero eta hurbilago gaude, %18,35 ordezkaritzarekin, CCOOetik 1,64 puntura.

Ikuspegi orokorrago bat izateko, epealdiz epealdi izandako bilakaera aztertzeko, 1994rain goaz, 94an EAEn eta 95ean Nafarroan, hauteskunde sindikalen prozesuak arautu baitziren. Bada, 1994-2018 urteen artean, urtez urte igotzen joan da LAB, EAEn gehien igo den sindikatua izateraino, 4,21 puntuko igoerarekin. Nafarroan igoera hori 5,33 puntukoa izan da.

Langileok, marko propioaren alde
Garbiñe Aranburuk datuen irakurketa egin du, eta berretsi du sindikatua izaten ari den hedapena, bai hauteskunde sindikaletan eta bai afiliazioan, langile moduan ditugun beharren mesedetara jarriko dugula.

Emaitza hauetatik ondorioak garbiak atera daitezkeela esan du LABeko idazkari nagusiak. Hain zuzen ere, Euskal Herriko langileek sindikalismo jakin baten aldeko apustua egiten dute, geroz eta gehiago: prekarizazio prozesuari aurre egingo dion sindikalismo abertzalea. Eta, ondorioz, tartea geroz eta handiagoa da kontrabotere sindikalismoaren eta kontzertazio sindikalismoaren artean. Arrakala horretan guztiz erabakigarria izaten da LABen goranzko bilakaera. “Euskal Herriko langileek euren botoarekin mandatu argia eman digute: ez dute kontzertazio sindikalismorik nahi, ez dute sistemaren parte izan nahi, antolakuntza eta borroka sindikalaren alde egiten dute eta alternatiba hemen berton kokatzen dute, esparru propioaren alde, marko propioaren alde eginez”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Hori oso aintzat hartzen duen eskaintza sindikal sendoa du LABek, ikuspegi feminista txertatuta duen ekintza sindikal berritu batekin; langile klasearen zatiketa eta indibidualizazioa gainditzeko ekimen eta eskaintza zehatzekin; mobilizazio sozialari eta han-hemenka irekitako borroka ezberdinei atxikirik, eskuz esku mugimendu feminista zein pentsiodunen borroken alde, gazteen, presoen borrokekin bat eta lantokietako borrokekin bat. “Eraldaketa sozialaren aldeko borroka, horretarako ezinbestekoa den aldaketa politikoaren aldeko borrokarekin uztartuz, marko berri baten alde, lan harremanetako eta babes sozialeko esparru propioaren defentsan ari gara”, esan du.

Honela gauzak, hauteskunde prozesu honetatik indartuta aterako da LAB eta indar hori herri eta langile gisa ditugun erronka laboral, sozial eta politikoen mesedetan baliatuko dugu, errealitate ezberdinen arteko indar metaketak bultzatuz, eredu sozial eta ekonomiko berri baten alde, bizitza duinaren aldeko borrokan, eta borroka hori demokrazia eta burujabetza beharrarekin uztartuz.

Garbiñe Aranburuk nabarmendutakoaren arabera, “LABen hedapena eta indartzea langile gisa ditugun behar eta borroken mesedetara jarriko dugu”.

 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamasei greba egunek izandako jarraipen zabala ikusita, patronalei eta Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eskatzen diegu

Urtarrilak 16tik 25era bitarte deitutako greben zazpigarren egunean gaude; azken bi ikasturtetan sektorean gauzatutako hamaseigarren greba eguna, eta gaurkoan ere babes zabala izan du langileen aldetik. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude, EAEko itundutako ikastetxeen %70 inguru dira eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua.

Ikastetxe hauetako langileok hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta gure eskaerak ezagunak, oso oinarrizkoak eta zilegiak dira. Greba dinamika honetara iritsi aurretik milaka aldiz bildu gara patronalekin, hainbat manifestazio, elkarretaratze, eta ekintza burutu. Baina, patronalen azken proposamenak gure aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen badu ere, mobilizazio eta greba dinamika indartu dugunean soilik ikusi dugu patronalen aldetik mugimenduren bat.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok, hurrengo egunetan bilduko gara hurrengo pausoen inguruko erabakiak hartzeko. Aldi berean, familiekin biltzeko asmoa ere badaukagu gure eskaerak azaldu eta egoeraren berri emateko.

Sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Bestalde, aurreko egun hauetan guztietan gertatu bezala, bihar, Urtarrileko 8 egunetako greba deialdiaren azken greba egunean ere, Donostian Boulebarretik goizeko 11.30etan aterako den manifestazioan parte hartzera animatzen ditugu langile guztiak.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok, hurrengo egunetan bilduko gara hurrengo pausoen inguruko erabakiak hartzeko. Aldi berean, familiekin biltzeko asmoa ere badaukagu gure eskaerak azaldu eta egoeraren berri emateko.

 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileek lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte

Eibarko Untzaga plazan egin dute protesta, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Sinadura bilketa bat abian dute euren aldarrikapenek babesa jaso dezaten.

Hauxe da sinadurak biltzeko prestatu duten oharra. Sinadurak erabiltzaileen senideen, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen eta Eibarko herritarren artean jaso nahi dituzte:

Egogaineko langileak gara, zuengana zuzentzen gara gure lan baldintzak salatzeko eta nagusiek merezi duten arretaren alde atxikimendua eskatzeko. Kasu honetan helburu hauek lortzeko sortu ditugun info-puntuetan sinadura bilketa eginez.

Egogain, Eibarren kokatzen den egoitza da, bertan pertsona nagusi, mendekotasun handia, adimen urritasuna eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonak artatzen ditugu, guk, zaindu eta maitatu egiten ditugu, gehienek hemen egingo baitituzte beraien bizitzako azken urteak, behar duten bizi duina eta merezi duten kalitatezko arreta izan dezaten lanean dihardugu.

Azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak atzerapauso ugari eman ditu hainbat arlotan ditugun baldintzengatik hainbeste borrokatu duten pertsonen kaltean, zahurgarritasun egoeran dauden pertsonekin alegia:

● Merezi duten arreta eskaini ahal izateko baliabideak murriztu dituzte:

○ Hainbat lanpostu desagertarazi dituzte: ordenantza, mantenimendu, administrari,

○ Bajak, lanaldi murrizketa gehienak ez dituzte betetzen: biltegi-langilearena, haurren zaintzagatik lanaldia murriztua duten erizainak (kontuan izanik langileon gehiengoa emakumezkoak garela), medikuarenera joaten garenean, e.a.

○ Arretan aritzen garenon hainbat lanpostu desagertarazi dituzte. Erizain askorena besteak beste, eta gainera etorkizunean gehiago murrizteko asmorekin dabiltza.

○ Egoiliar gehiagorentzako plaza berriak egongo dira, langile kopuru txikiagorekin

Murrizketa guzti hauek langileongan eragiteaz gain, egoiliarrek merezi duten kalitatezko arretan ere eragina zuzena du. Guzti hau gutxi balitz, honetan jarraitzeko asmoarekin agertu dute. Gure aldarrikapenak honako hauek dira:

● Zaintza profesionala eskaintzea, Erizain Laguntzaile izendapenaren bidez onartua. Emakumeok historian zehar egindako lanaren profesionalizaioaren onarpena. Bokazioz egiten dugun lan hau, profesionala izan behar du: ez karitatean oinarriturikoa.

● Kalitatezko arreta integrala eskaintzeko beharrezko baliabideak izatea: giza eta baliabide materialak izatea.

● Zerbitzu publikoa izaten jarraitzea , kudeaketa publikoa langile publikoekin.

● Eibarko egoitza eredu izaten jarrai dezan Gipuzkoan eta EHn.

Honegatik guztiagatik, arazoa guztiona dela jakinda, (etorkizunean gutariko edonor izan gaitezkeelako Egogaineko erabiltzaile), borroka kalera ateratzea erabaki dugu. 

 

 

 

Plantilla egoki baten alde mobilizatu gara Gurutzetako ospitalean

0

Gurutzetako ospitaleko LAB, ESK, SATSE, ELA, UGT, SME, CCOO eta SAE sindikatuok plantilla egoki bat lortzeko eta Urdulizeko Ospitalearen eragina dela eta zuzendaritzak pertsonalean inposatu nahi dituen murrizketak salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu Gurutzetako ospitaleko atarian.

Murrizketa hauek Gurutzetako ospitaleak zaintzen duen populazioaren jaitsierak izango duen inpaktua neurtzen duen inongo ikerketarik gabe egin nahi dira. Zuzendaritzaren helburu bakarra aurrezpen ekonomikoa da irizpide ekonomizistetan eta datu estatistiko hotzetan soilik oinarrituz, kalitate asistentzialako irizpideak alde batera utziz.

200 lanpoztu ezabatzera doaz, Erditze eta Urologiako zerbitzuetatik hasita. Murrizketa bortitza, are gehiago, lantoki honetan plantilla ez dela nahikoa eta gainkargen eta lan erritmo altuen menpe dagoela gauza jakina denean. Honek, akatsaren bat egiteko eta zerbitzuaren eskakizun guztiei aurre egin ahal ezin izateko beldurra dela eta, presio psikologiko altua eragiten du langileengan.

Arrazoi pisutsu hauek direla eta lanpostu guztien lan kargen eta arrisku psikosozialen ebaluaketa exijitzen dugu, ondoko puntuak identifikatzen: lanaldiarekin, autonomiarekin, lanaren edukiarekin, gertakariekin, parte-hartzearekin, antolakuntzarekin, giza interakzioekin, estresarekin, erlazio hierarkikoekin eta beste hainbat puntuekin erlazionatutako faktoreak.

Zuzendaritzarekin izandako bileretan, honek murrizketak mantentzen ditu zerbitzu hauetan eta langileen beharrak identifikatuko lituzkeen eta Ospitale honi kalitatez eta langile zein erabiltzaileentzat ziurtasunez lan egitea baimenduko liokeen lan kargen eta arrisku psikosozialen ebaluaketa egiteari uko egiten dio.

Pixkanaka-pixkanaka unitate askotan plantilla murrizketa prozesuak ikusiko ditugu. Horregatik, langileok lan baldintza duinetan lan egin ahal izateko mobilizazioak berreskuratzea ezinbestekoa ikusten dugu.

Gurutzetako ospitaleko langileok gure lanpostuak eta orain arte Osakidetzan erreferente izan den eta harrotasuna pizten zigun ospitalearen kalitatea defendatzera goaz.

Ospitale hau 59. postutik ehungarrenera jaitsi da gure zuzendaritzaren gestio negargarriaren ostean, 2014. urtean estatuko ospitale publikoen ospearen inguruko txosten batean 14. postuan zegoelarik.

 

 

 

Munduko Federazio Sindikalak Huerta de Peraltako langileak zoriondu ditu

0

Mundu osoko langileak ordezkatzen dituen federazioak nabarmendu du borrokak emaitzak ekartzen dituela, Azkoiengo enpresan izandako lan gatazka adibide. Ohar batean, nazioarte mailako klase elkartasuna goraipatu du.
 

 

 

Ez dugu onartuko Aldundiak Buruntzaldeako autobus lineak gauzatzen dituzten enpresei beren hitzarmenak negoziatzeko baimenik ez ematea

0

Buruntzaldeko autobusen zerbitzua ematen duten Garayar, Hasa eta TSSTko langileek elkarretaratze bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, azken honen erabakiek euren lan-baldintzetan sortzen dituzten ondorio negatiboen aurrean protesta egin eta instituzioari honekin amaitzeko eskatzeko.

Hauxe da mobilizazioaren deitzaileok igorri dugun oharra:

LAB eta UGT sindikatuetako arduradunek ohartarazi nahi dute egun Buruntzaldeako Lurraldebus- eko lineak gauzatzen dituzten enpresei, zerbitzu publiko berria erabat esleitua izan arte behintzat, Diputazioak ez diela baimenik ematen enpresetako hitzarmenak negoziatzeko eta ez gaudela prest hori onartzeko. Enpresek argudiatzen dutena da etorkizuneko emakida arautzen duten Pliegoetan oinarri bezala erorita dauden hitzarmenak kontuan hartzen direnez, hobekuntza ekonomiko nahiz sozialak jasotzen dituen hitzarmen berri bat negoziatu ezkero, Diputazioak ulertu dezakeela enpresen aldetik asmo txarreko ekintza bat bezala.

Ildo horretatik enpresek azpimarratzen dutena da langileak subrogatzen baldin badira esleitua izan den enpresa berri batera, arazo baten aurrean aurkitu gaitezkeela, izan ere, enpresa berriak langileei beren hitzarmenetan jasotako eskubideak errespetatzeko betebeharra dauka, baina eskubide horiek ez datoz bat lehiaketa publikoak jasotako baldintza laboralekin eta horregatik Diputazioaren baimena behar dutela negoziatu ahal izateko.

Sindikatuetako arduradunentzat Diputazioak Buruntzaldeako zerbitzu publikoa esleitzeko emakida berria atzeratzeak arduratzeko moduko ondorioak dakartza. Honek suposatzen baitu langileek ezin dituztela beraien enpresetako hitzarmenak negoziatu eta autobusak ondatuak egotea, hauek ez baitira aldatzen, erabilerengan eragozpenak eta kalteak eraginez.

Sindikatuek gogorarazten dute arrazoirik gabeko Diputazioaren atzerapenak ezin duela langile edota zerbitzuko erabiltzaileengan eraginik izan eta momentu honetan aurkitzen gera TSST, GARAYAR eta HASA-ko langileen lan baldintzak hobetzeko zailtasunekin aurkitzen direla azken bi urteetan. Horregatik sindikatuok eskatzen duguna da nahiz eta konkurtsoa oraindik martxan ez egon, Diputazioak baimena ematea enpresei beren hitzarmenak negoziatzeko eta autobusei dagokionez, presazko neurriak hartzeko bidaiarien erosotasuna eta zirkulazioan segurtasuna bermatzeko.

LAB eta UGT sindikatuetako arduradunentzat arazo nagusiena da aurreproiektua egin eta onartu zenetik zerbitzuaren esleipena eman arte pasatzen den denbora tarte hori, izan ere, lizitazio hau martxan jartzeko 2017 urteko soldatak eta baldintzak kontuan hartzen baitira, baina esleipena martxan egon arte urteak pasa daitezke. Honek praktikan dakarren arazo handiena da denbora tarte horretan enpresek ez dituztela hitzarmenak negoziatu nahi. LAB eta UGT sindikatuek ulertzen dute ezin zaiela eskatu inola ere langileei hobekuntza ekonomiko nahiz sozialei uko egitea esleipena aurrera eraman arte, ez baitakigu noiz gertatuko den hori.

Horregatik Diputazioari eskatzen diogu arazo honekin bukatu dezan, erantzukizunak beregain har ditzan eta kalitatezko zerbitzu publiko bat berma dezan langile nahiz erabiltzaileentzat. Bestela, zuzenenean kaltetuak diren hiru enpresetako langileak prest daude mobilizazioekin hasteko beraien eskubideak aldarrikatzeko!