2026-01-27
Blog Page 685

Triman Mineralseko langileek urtebete daramate kobratu gabe

0

Triman Mineralseko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, urtebete kobratu gabe daramatela salatzeko.
 

 

 

Paumako kontratazio eredua aldatu eta langileen kontratuak mugagabe bihurtzea lortu dugu, langile borrokaren bidez

Kontratazio ereduaren inguruko akordioa sinatu da enpresarekin. Langileen aldarrikapenak onartu dituzte eta langileen heren bati, behin-behinekotasunean zegoenari, kontratuak mugagabe bilakatu dizkiete. 50 langile inguru dira.

2018ko udan, zuzendaritza bera duten UTE-Pauma eta Pauma S.L. enpresetako hauteskunde sindikaletan LAB sindikatuak delegatu guztiak bereganatu zituen (9+1, hurrenez hurren). Hortik aurrera, langileek emandako indar eta konfiantzarekin, LABek zuzendaritzari eskatu zion bi enpresetako behin-behinekotasun ikaragarri handia zuzentzeko. Baina zuzendaritzak langileen aldarrikapenei muzin egin zien; alegia, ez zituela oinarrizko lege arauak bete nahi. Hartara, bazetorren subrogazio baten ondorioz langile asko kalean gelditzeko arriskuan zeudela ikusi zenez, ekintza sindikalari ekin zitzaion, eta mobilizazio zein lanuzte arrakastatsuak egin ziren.

Azkenean, hilabete batzuen buruan, kontratazio ereduaren inguruko akordioa sinatu da enpresarekin. Langileen aldarrikapenak onartu dituzte eta langileen heren bati, behin-behinekotasunean zegoenari, kontratuak mugagabe bilakatu dizkiete (50 langile inguru dira). LAB sindikatuan ez dugu zalantzarik garaipen garrantzitsu hau langileen borrokatzeko gogoari, adoreari eta antolatzeko gaitasunari zor zaiela. Bertze behin erakutsi da borrokatzea merezi duela.

 

 

 

Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeei bilera eskaera egin diegu, helduen egoitzetako gatazka konpontzeko lagun dezaten

Idatzi bat erregistratu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion ardura har dezan eskatu dugu, herrialdeko hitzarmena egon dadin.

Badira bi urte baino gehiago Gipuzkoako helduen egoitzetako mahai negoziatzailea osatu zenetik eta oraindik ere proposamen seriorik gabe gaude.

Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenean ematen dugun zerbitzua aitortua izatea nahi dugu, ekonomikoki eta sozialki. Lan eta famili kontziliaketa errespetatuko duena, langileen estabilitatea bermatuko duena, eta gure osasuna, prebentzio neurrien bitartez ziurtatuta egongo dena.

Urriak 26ean patronalek proposamena aurkeztu ziguten, baina, salatu genuen bezala, guztiz ez nahikotzat jo genuen. Soldatetan bi urteko izozketarekin, gure aldarrikapenetatik urruti geratzen den proposamena zen. Modu kolektiboan erantzun genion, lan zentruetan eta kalean, mobilizazio eta greba deialdiekin.

Patronalek beraien proposamena birplanteatuko zutela agindu zuten eta abenduak 11n beste bat aurkeztuko zutela, baina ez zen horrelakorik gertatu, bileran ez zuten ezer aurkeztu. LAB sindikatutik patronalen jarrera salatu genuen, baita ordezkaritza gehiengoa duen sindikatua interpelatu genuen ere, ez baitzen bilerara etorri, mahai negoziatzailea blokeatuz.

Urtarrilak 11n, mahai negoziatzailea biltzeko beste deialdi bat zegoen, baina, gure harridurarako, bertan behera geratu zen.

LAB sindikatutik inposatzen diguten egoera salatu nahi dugu, oraindik ere, Gipuzkoako herrialdeko hitzarmenik gabe gaudelako, patronalek, zerbitzua merkantilizatzen dutelako, eta ELA sindikatuak mahai negoziatzaileari eta sindikatuei erakutsi diguten errespetu faltagatik. Ez dugu ulertzen ELA sindikatuaren jarrera; alde batetik, mahai negoziatzailean eseritzeko unea ez dela behin eta berriz errepikatzen du, baina, beste aldetik, jakin badakigu modu ezkutuan patronalekin negoziatzen dagoela.

 

 

 

Angeluko Castorama dendako arduradunak auzitegira eraman ditugu, sindikatuko lau kideri soldata baxuagoak ezartzeagatik

0

Baionako auzitegi korrekzionalak otsailaren 12an erabakiko du auziaren inguruan. Bi aldeak entzun berri ditu, eta orain Angeluko Castorama dendan LABeko lau kideren aurka soldata diskriminazioa egon den edo ez erabaki beharko du. Hain zuzen ere, lau langile hauek euren lankideek baino gutxiago kobratu dute 2011 eta 2012. urteetan; hilean 100 euro gutxiago, zenbait kasutan. Hala berretsi du Lan Ikuskaritzak egindako azterketa batek, Mediabask-ek jaso duen bezala.
 

 

 

Klase elkartasuna aldarrikatuko dugu urtarrilaren 26an, Iruñean, prekarietatearen aurkako borroka guztiak batuko dituen manifestazioan

Manifestaziora deitu dugu urtarrilaren 26rako, Iruñean, lan duina eta bizi duina aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, Huerta de Peraltako langileek greba mugagabea hasi zutela hilabete beteko denean, prekarietatearen eta esplotazioaren aurka kalera irtengo gara egun horretan, Iruñean. Borrokan garen enpresa eta sektoreak, LABeko komunitatea, emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta batu nahi duen oro deituta dago manifestaziora, 17:00etan, Gaztelu plazatik abiatuta. Hala jakinarazi dute LABeko idazkari ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak, komunikabideen aurrean Bilbon egindako agerraldian.

Gertatzen ari dena ulertzeko bizitzaren prekarizazio prozesu latzari erreparatu beharra dago. Estatuen aldetik ematen ari den inboluzioak langile-klasea jo-puntuan du. Inboluzio bikoitza da, politikoa eta soziala, eta eskutik doaz biak, eskutik doazen moduan, estatalizazioa eta lan harremanen prekarizazioa. Gure lan baldintzak hemen bertan negoziatu eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, prekarizazio prozesuan sakondu nahi dute.

Espainiako Estatuan PSOEren eskutik 2010ean etorritako erreformak negoziazio kolektiboa neutralizatzea izan zuen helburu. PPk 2012an bultzatutako erreformak, berriz, langile eta enpresarien arteko erabateko desoreka ekarri zuen. Erreforma horiek 13 neurri atzerakoi ezarri zituzten. Eta orain, “erreformaren kontraerreforma” iragarri badute ere, 13 neurri horietatik 2 besterik ez dituzte ukituko. Makillaje operazio baten aurrean gaude eta estatalizazioak bere horretan dirau.

Arrakala soziala areagotzen ari da. Indarrean den eredu heteropatriarka eta kapitalistan desorekak gero eta handiagoak dira, “Ongizate Estatuaren” likidazioak bizi baldintzak nabarmen okertzen ditu eta baldintza horien kaskartzea are okerragoa bilakatzen da zenbait jendarte-sektorerentzat: emakumeak, gazteak, pentsiodunak, migranteak.

Enpresariek lan esku merkearen premia adierazten dutenean, orduan bakarrik dira ongi etorriak migranteak, eta orduan ere, sasi-esklabutza lanetan, Huerta de Peraltako langilekin geratzen den moduan.

Huerta de Peraltako borroka, eredu
Huerta de Peraltako borrokak ohiko lan gatazka baten osagarriak ditu: greba mugagabean dira enpresak kaleratutako langileak berronarpenaren alde, hitzarmen sektoriala betetzea eta enpresa itun baterako negoziazioak irekitzea eskatzeko. Baina aparteko dimentsio sozial eta politikoa hartu du, aparteko ezaugarriak ere badituelako: duela bi urte muturreko esplotazio egoeran zeuden langile migrante hauek LABen antolatzea erabaki zuten. Antolatu egin dira, ahaldundu egin dira eta borrokara atera dira, modu solidario eta kolektiboan. Antolakuntza eta borroka sindikalaren balioa ikustarazi da, eta sindikalismoak langileen errealitate zehatza eraldatzeko tresna gisa duen balioa. Urteetan Nafarroako landa eremuan egondako gatazkarik handiena da eta agerian utzi du nafar jendarteak nahiz instituzioek duten erronka: Nafarroako landa eremuan lan eskubideak aitortu eta zabaltzea.

Huerta de Peraltan enpresa zikoitz baten itxikeria pairatzen duten dozenaka familien etorkizun hurbila jokoan dago, eta, gainera, Nafarroako landa eremuan garai berri bat irekitzeko aukera baten aurrean gaude. Esplotazioan oinarritutako eredua atzean uzteko borroka da hau, haien borroka, gure borroka, denon borroka.

Borroka ugari
Prekarieatatearen eta esplotazioaren aurka eta enplegu duinaren alde borroka sindikal ugari ditugu piztuak, ikusgarriak eta ikusarazi beharrekoak.

Horien artean aipamen berezia merezi dute sektore feminizatuetako borrokek, astinaldi morea ekarri dutelako lan munduan. Emakume langileok borrokan gara, prekarioetan prekarioenak diren lan esparru feminizatuak duintzeko.
Prekarietatearen kontrako antidotoa badugu: antolakuntza eta borroka sindikala. Eta horrez gain, beharrezkoak dira neurri politikoak ere: lan erreformen derogazioa eta lan harremanetarako esparru propioa, Euskal Herria prekarietatea eta esplotaziorik gabeko herria izan dadin. Bide horretan urratsak emateko dei egiten diegu EAEko zein Nafarroako Gobernuei.

Urtarrilaren 26a klase elkartasuna aldarrikatzeko eguna izango da. Borrokan garen enpresa eta sektoreak, LABeko komunitatea, emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta batu nahi duen oro, nor bere pankarta eta aldarrikapenarekin, guztion borrokak bat eginez, ongi etorria izango da.
 

 

Emakumeon Mundu Martxak mobilizazioak egingo ditu bihar, Andaluziari elkartasuna adierazteko

Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditu elkarretaratzeak, 19:00etan.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak kaleratutako elkartasun oharra:

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Andaluziar herriari eta bereziki bertan borrokan dabiltzan emakume feminista guztiei.

Bertan gobernua osatu nahi duten muturreko eskuindar alderdiek emakumeonganako indarkeriaren aurkako legea darabilte joko karta legez; Vox alderdiaren planetan, lege hau ezabatu, abortua edo sexu aldaketarako ebakuntzak osasun publikotik kendu, kuotak ezabatu… bezalako neurriak daude. Gure eskubideekin negoziatzen ari dira! Mugimendu Feministak emandako aurrerapausoen aurrean sistemaren erreakzio gisa ulertzen dugu, patriarkatuaren kateak estutzeko maniobra gisa.

Espainiar faxismoa feminismoaren aurkako bulkada erreakzionarioa, migratzaileenganako fobia eta neoliberalismo basatia ezartzera etorri da. Baina jakin badakigu Andaluzian gertatzen ari dena ez dela kasu bakan eta isolatua. Estatu espainiarrean muturreko eskuina hedatzen ari da, konplexurik gabe bere posizio faxistak faxismoan indartzen. Horrek dakartzan ondorioak: emakumeon bizitzaren aurkako politikak, langileriaren esplotazioa sakontzea eta kanporatze politikak eta xenofoboak. Eta ez bakarrik espainiar estatuan, eskuin muturra munduan hazten ari da eta gobernuetara salto egiten: Estatu Batuetan, Brasilen, Austrian, Polonian… Azken hamarkadetan izan duen egoerarik oparoenean dago gaur egun, eta etengabe areagotzen ari dira alderdi ultranazionalista eta xenofoboak, komunikabideek ematen dieten koberturaren laguntzaz. Hori dela eta, kaleko herritarrak erakundeen eta eskuin-alderdi politikoen praktika arrazistekin legitimatuta sentiarazten dira Adibidez, atzo asteazkena, urtarrilak 9, Gasteizen, lineako autobus batean emakume beltz bat eraso arrazistak jaso zituen.

Horregatik, Euskal Herritik babes osoa eta elkartasun internazionalista eta feminista adierazi nahi diegu mundu osoan faxismoaren aurka borrokan dabiltzan emakumeei. Bereziki Andaluziako emakumeek eta etorkin kolektiboek hurrengo egunetan antolatuko dituzten protestekin bat egiten dugu. Zuekin gaude! Emakumeon eskubideak ez dira negoziatzen!

Guk ere bertotik borrokan jarraituko dugu, antolatzen, aliantzak eraikitzen. Elkartasuna delako gure armarik boteretsuena.

Martxan jarraituko dugu, denok aske izan arte!
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Gobernuen jarrera aldatzeko ezinbestekoa da presio soziala areagotzea”

Milaka pertsona irten dira kalera, Bilbon zein Baionan, presoen eskubideen urraketak salatzeko, "Orain presoak" leloarekin bat eginda. LABeko ordezkaritza zabal bat egon da bi mobilizazioetan, eta preso eta iheslarien arazoari konponbidea jartzea ezinbestekoa dela berretsi dugu, benetako bake eta elkarbizitza eszenatoki bat eraikitzeko.

Baionako mobilizazioa.

Bilboko manifestazioaren aurretik, ekitaldi bat egin dute hainbat eragilek. Bertan izan da LABeko idazkari Garbiñe Aranburuk, eta presoen eta iheslarien arazoa konpontzeko garaia dela nabarmendu du. Hala, herriaren gehiengoa, hots, sindikatu guztiak eta ia alderdi guztiak, presoen eskubideen urraketaren kontra daudela gogora ekarri du: "Errealitate honen aurrean, bi gobernuen jarrera dago, Espainiako gobernuarena bereziki, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko pausoak eman gabe jarraitzen baitute. Estatu demokratiko batean ez litzateke ulergarria izango ekimen falta hau denboran luzatzea".

Garbiñe Aranburu, Bilbon, adierazpenak egiten.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Gobernuen jarrera aldatzeko ezinbestekoa da presio soziala areagotzea. Sindikatu guztiak gaude espetxe politika krudel eta basati honen aurka, mendekuan oinarrituta. Langile kolektibo guztiari helarazi behar diogu mezu hau".

Bilboko manifestazioa.

Horregatik, LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du garrantzitsua dela mobilizazio dinamikak piztea, Bilbon sindikatuekin antolatutakoa adibide. Hain zuzen ere, hilabeteko hirugarren ostiralero mobilizatuko gara Bilbon, presoak eta iheslariak etxeratzeko helburua ardatz.
 

 

 

Helburu guztiak lortu arte borrokan jarraituko dutela berretsi dute Huerta de Peraltako grebalariek, Iruñean

0

Huerta de Peraltako langileek 17 egun bete dituzte greba mugagabean, eta, Iruñean, elkartasun egun bat egiten ari gara euren borroka babesteko, joan den ostiralean Azkoienen egindakoaren ildoan. Hain zuzen ere, 35 gizarte eragile baino gehiagok egin dute bat jardunaldiarekin. Aurreikusitako mobilizazioen artean, goizean goiz, elkarretaratze zaratatsu bat egin dugu Nafarroako Legebiltzarraren aurrean eta, ondoren, Iruñeko kaleak hartu ditugu.

Enpresa batzordeko presidente El Houssine Yagoubik adierazitakoaren arabera, "17 egun eman ditugu greban dagoeneko, eta borrokan jarraituko dugu langileen eskubideen alde, helburu guztiak lortu arte: kaleratutako langileak berronartzea eta lan baldintzak hobetzea enpresa barruan.

Elkartasun egunerako SAT Andaluziako ordezkari Oscar Reina etorri da, besteak beste, eta berak ere hitza hartu du, Nafarroako LABeko ordezkari Imanol Karrerarekin batera. Hain zuzen ere, elkartasun keinu ugari jaso dituzte grebalariek, gaurkoan ere. Maravillas gaztetxeko kideek, esaterako, mobilizazioetan parte hartu dute. Eurek zein Huerta de Peraltako grebalariek Nafarroako Foru Poliziaren indarkeria pairatu dute azken egunetan.
 

 

 

“Ez gara Aldi Baterako Enplegu-Erregulazio Espediente bati buruz ari, iruzurraz baizik”

0

Euskal Herria, Valentzia eta Asturieseko Arcelorreko lantegietako LAB, ESK, CGT eta CSI sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu, enpresak hartutako azken erabakien inguruko irakurketa egiteko. Hain zuzen ere, Arcelor Mittalek Aldi-Baterako Enplegu-Erregulazioa 2022. urtera arte luzatu du lantoki guztietan, eta horrek dituen ondorioak plazaratu ditugu.

Arcelor Mittalek dituen lantoki guztietan Aldi-Baterako Enplegu-Erregulazioa 2022. urtera arte luzatu da gutxienez. Horren aurrean CSI, CGT, ESK eta LAB sindikatuok iritzi publikoari honakoa adierazten diogu:

1.- Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espediente hau etengabe jasaten ari garela 2009. urteaz geroztik. Hura beste hiru urtez luzatu denez, langileok 13 urtez jasan behar izango dugu. Ez gara Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espediente bati buruz ari, gehiegikeriaz eta iruzurraz baizik.

2.- Enpresak ez du Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientearen luzapena justifikatuko duen dokumentaziorik aurkeztu. Ezin dezake egin, ez delako inolako zergatirik horretarako. Enpresak miloi askotako mozkinak aitortu ditu aurten. Altzairutegiak erosten ari da, horren adibide, Ilva italiarra. Haren lantegi guztietan %100ean dihardute. Lantoki batzuetan aparteko orduak betetzen ari dira.

3.- Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientea salbuespeneko neurria da, kaleratzeak bezalako neurri traumatikoak eragozteko asmoz pentsatua. 2009. urteaz geroztik enplegu asko suntsitu da lantegi guztietan. Euskal lantegietan, aldi horretan, enpleguaren %50a baino gehiago suntsitu da. Soilik azken 4 urteetan 915 lanpostu suntsitu diradira. Hala ere, suntsitu baino, gehiena azpikontratetako eta Aldi Baterako Lan Enpresetako langileek ordezkatu dute. Hots, talde osoaren enpresa politika bati erantzuten zaio, kalitateko enplegua suntsitzen da, eta hura enplegu prekarioago eta merkeago batez ordezkatzen da, betiere, enpresen irabaziak biderkatzeko helburuan, langileen lepotik kostu finkoak aurreztuz. Langileok gara multinazional horren diruzalekeria jasan dugunok.

4.- Enpresa babesten da 2012. urtean indargabetu zen baina 2009. urteko Enplegu-Erregulazio Espedientea onartu zenean, oraindik indarrean zegoen araudi batean, non 2009. urteko Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientea luzatzen zen. Egun, Enplegu-Erregulazio Espedienteei buruz dagoen araudiarekin, enpresak ezin lezake hura luza, dokumentazioa aurkeztu eta zergatiak egiaztatu beharko lituzke baizik, eta hura negoziatu beharko luke. Baina multinazionalari ez zaio komeni, Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteari ekiteko arrazoirik ez dagoelako.

5.- Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientea negoziatuko duen batzordea 2009. urtekoa denez, egun, aipatu negoziazio batzordekide batzuk ez dute inongo zeregin sindikalik betetzen. Hots, langile hutsak dira. Gaur egun ez ditu inork aukeratu langileen izenean jardun daitezen edota ezer sina dezaten. Ekintza hura eskubidearen arabera egin badaiteke ere, izatez, ez da oso etikoa, ez-demokratikoa eta ezohikoa da. Berez, langileek adierazi duten borondatearen aldaketa batez ari gara.

Azkenik, CSI, CGT, ESK eta LAB sindikatuok Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espediente honen guztiz aurka gaude. Multinazionalak, neurri honekin, gure lepotik ahalik eta errentagarritasun ekonomiko handiena lortu nahi du, trukerako txanpon gisa erabiliz. Lehenengo eta behin, langileak estutuz, hitzarmen kolektiboen negoziazioetan abantailarik handienak lortzeko, eta eguneko jardunean, maila guztietako gobernuak estutuz, haien neurrian egin legeak beldurrean eta xantaian oinarritu politikak ezartzeko.

Gobernuei ere exijitzen diegu, multinazionalek diru publiko ugari jasotzen duten neurrian, hauei ere kontrol estua egitea, ardura gehigorekin jokatuz eta enplegua suntsitzen ez dutela bermatuz.

Izuaren politika honen ezarpenean enpresak baditu lagunak: UGT, CCOO eta USO sindikatuak. Hauek, 2009. urteaz geroztik behin eta berriz onartu dizkiete Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espediente guztiak, langileei egiten zaien erasoa zalantzan jarri gabe, enpresaren egiazko egoerarekin bat ez datorrela zalantzan jarri gabe. Dena zuritzen da kalte txikienaren mehatxuaz: “eta soldata osagarriak kentzen badizkigute?… eta itxiko balute?… eta?”.

Eta hala ere, edota horrengatik behar bada, enplegu eta lan eskubideen galera errealitate bilakatu da gure lantokietan.

Eraitsi den, etsi duen sindikalismo honi aurre eginez, CSI, CGT, ESK eta LAB sindikatuok erabaki dugu, ozen, “nahikoa da!” esango dugula. Asko gara xantaian eta izuan oinarritu politika horri aurre egitea erabaki dugunok. Bakartu nahi gaituztenei aurre eginez, erabaki dugu antolatu behar dugula eta aliantzak ehunduko ditugula. Garaia da eskubideak berreskura ditzagun eta etorkizuna berma dezagun. Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteen baterako salaketa-kanpainari ekingo diogu lantokietan. Ez dugu baztertzen ere ekintza zehatzak egitea edota baterako mobilizazioak egitea.