2026-04-24
Blog Page 684

Berriro adierazi dugu eskola-jangeletako kudeaketak publikoa izaten jarraitu behar duela

0
Gaur goizean egondako negoziazio mahaian, LAB, UGT eta CCOOek berriro adierazi dugu eskola-jangeletako kudeaketak publikoa izaten jarraitu behar duela, Eusko Jaurlaritzak jangeletarako planteatutako eredu berria momentuz geratzea erabaki ondoren.

Sektore honetan ordezkaritza dugun sindikatuontzat funtsezkoa da Hezkuntza Sailak eskola-jangeletako kudeaketari eustea eta sukaldari eta garbitzaileen 600 lanpostuek publiko izaten jarraitzea, sindikatuen ordezkariekin lortutako akordioak mantenduz.

LAB, UGT eta CCOOeko ordezkariek modu positiboan baloratu dute Administrazioa zein guraso-elkarteak elikarduraren kalitate eta hobetzean inplikatzea eta honen inguruan eztabaida zabaltzearen alde egin dute, eragile guztien partehartzearekin. “Adi egongo gara sukaldeetako lanpostu publikoak arriskuan jar ditzakeen edozein jarrera aldaketaren aurrean”, adierazi dute.
 

 

 

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko Abokatu Nagusiak kontratudun langileek gradua kobratzeari buruzko gure planteamenduak berretsi ditu

0
Gaur, 2019ko martxoaren 12an, argitara eman dira Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko Abokatu Nagusiak auzi garrantzitsu bati buruz aurkeztu dituen ondorioak: administrazio kontratudun langileek gradua kobratzeko eskubidea duten ala ez. Auzi hori Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak planteatu zuen.

Ondorio horietan zera jasotzen da: "arrazoi objektiboengatik ezin da justifikatu, auzitan dagoen graduaren afera dela-eta, karrerako funtzionarioen eta aldi baterako administrazio kontratua duten langileen artean gaur egun dagoen desberdintasuna, zeinaren ondorioz azken horiek ez baitute inolako eskubiderik graduaren soldata-osagarria onar eta ordain dakien". Hau da, abokatu nagusiak LABek aurkeztutako errekurtsoaren planteamenduak berresten ditu: aldi baterako langileek gradua kobratzeko eskubidea dute, langile finkoek bezala.

Oso berri onak izan arren, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko Abokatu Nagusiaren ondorioak baizik ez dira. Hau ez da epaia. Orain, Auzitegiak epaia eman beharko du, baina abokatu honen iritzia kontuan hartuta.

 

 

Lanbide Heziketako irakasle teknikoek borrokan jarraituko dute arazoari irtenbidea topatu arte

0
Lanbide Heziketako irakasle teknikoek itxialdia hasi zuten atzo Txurdinaga LHIIn. Gaur, martxoaren 12an, prentsaurrekoa eman dute leku berean.

Honakoa adierazi dute agerraldian:

· 2018an ezin izan ginen aurkeztu EPE-tara 2007ko Errege Dekretu baten aplikazioaren ondorioz.

· Irakasle Teknikoak lanean sartu ginenean, eskatzen zen titulazio guztia betetzen genuen, baina Errege Dekretu honek titulazio aldaketa bat dakar eta EPE-tatik kanpo uzten gaitu.

· Arazo honen aurrean, irakasleak kolektibo moduan antolatzen hasi ginen Hezkuntza Sailarekin konponbide bat aurkitzeko asmoarekin.

· Urte eta erdi pasa ondoren erantzunik gabe, urtarrilaren 9an, Gasteizko Mendizabala LHII-n itxialdiari ekin genion.

· Ekintza honek bere fruituak eman zituen eta batzar bi lortu genituen denbora gutxian.

·Batzar hauek positiboak izan ziren, Hezkuntzarekin komunikazioa lortu genuelako, baina ez dugu aurrepausurik ikusi gure egoerari irtenbiderik emateko.

· Hori dela eta, otsailaren 8an Donostiako EASO-ko Politeknikoan ere hasi genuen itxialdia.

· Martxoa amaieran adostuta daukagun batzarrari begira, atzo, martxoaren 11an, Bilboko Txurdinaga LHII-n ere hasi dugu itxialdia.
 

 

 

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileak greba mugagabearen bigarren eguna gauzatzen ari dira

0

Gaur, atzo abiatutako greba mugagabearen bigarren egunean, pikete informatiboak ibili dira enpresa presionatuz, EEEaren negoziazioa hona ekarri dadin eta 71 lanpostu suntsi ez daitezen. Presioak eta borrokak jarraitzen dute, baita multinazionala baldintzatzeko konbentzimenduak ere.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak jarraipen zabala izan du, aurreko deialdien antzera

Patronalei eta Hezkuntza Sailari gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela eskatzen diegu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak eman eta akordioak erdiestea ahalbideratuz.

Aste honetako lau greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Azken bi ikasturtetan sektorean gauzatu den 18. greba eguna da eta aurreko greba egunekin gertatu den bezala, gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da, aurrekoen parekoa %60tik gorako jarraipenarekin. Gaurko Bilboko manifestazioan 4.000 langile inguruk hartu dute parte, honek argi erakusten duelarik greba eta mobilizazioen helburu diren aldarrikapenekiko langileen atxekipena.

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den eta gure ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.

Urtarrileko 8 greba egunen ostean, sindikatuok bilerak izan ditugu bai patronalarekin eta bai hezkuntza sailarekin. Bilera hauetan, sindikatuok negoziaketarako gure borondatea eta edukietan sakontzeko nahia argi utzi diegu. kontaktu hauek ordea ez dute oraingoz langileen eskaerei serioski erantzungo dioten proposamenik ekarri. Beraz, oraingoan ere, azken greba egunetik hilabete baino gehigoko tartea izan arren, langileen eskaerek erantzun nahikorik izan gabe jarraitzen dute.

Sindikatuok negoziaketara erabat irekita gaude, patronalak akordio puntuak non dauden badaki, eta eduki horietan sakontzeko eskatzen diogu. Hezkuntza sailak ere ardura dauka sektore honetako langileen lan baldintzekiko eta eskaintzen den hezkuntza kalitatearekiko, gatazkaren irtenbidean inplikatu eta ardura hau bere gain hartzea eskatzen diogu beraz, ardura hori bere gainetik kentzeko saikerak albo batera utziz behingoz. Gatazkaren irtenbidea ez du zerbitzu minimoen handitzeak ekarriko, ez eta bere inplikazioa debideratzeko asmoz gatazka lan sailera bideratzeko saikaerak ere.

Langileen eskerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura patronal eta hezkuntza sailak dute, eta horregatik, ELA, STEILAS,CCOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko jaurlaritzari eskatzen diogu bakoitzak dagokien ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka hobi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:

-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea:

-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

 

 

 

Gipuzkoako grafikagintzako negoziazio mahaia eratu da

0
Sektoreko bi patronalek, Adegi eta Garen, euren ordezkaritza aurkezteko asmoz abiatutako bitartekaritza lanak porrot egin eta gero, azkenean soilik Adegik aurkeztu ditu bere ordezkaritzaren datuak. Hauen arabera, Adegik enpresen %22,69 ordezkatzen du eta hauek sektoreko langileen %57ri lana ematen diote. Beraz, Adegik enpresarien %57ko ordezkaritza dauka.

Aldiz,Garenekezduinolakodaturikaurkeztu.Halaere, Garenek22enpresaordezkatzendituelajakinarazi du, nahiz eta ez duen bere ordezkaritza frogatu. LABek bere ordezkaritza maila egiaztatzeko eskatzen dio grafikagintzako negoziaketa mahaian parte hartzeko.

Sindikatuen aldetik, LABek sektoreko % 54,55 dauka, ELAk %40,91 eta UGTk % 4,55.

Behin negoziazio mahaia eratuta, bada ordua edukiaz hitz egiteko eta negoziaziori ekiteko. LABek baikor eta anbizioz ekiten dio negoziazio honi eta, gehiengo osoa eduki arren, sektoreko ahalik eta babes zabalena duen plataforma aurkeztea dugu helburu eta, horretarako, gainerako sindikatuekin akordioa bilatuko dugu.
 

 

 

Istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak, bilakatu dira lan istripu hilgarrien lehendabiziko faktorea

Gaur, martxoak 11, lan istripu hilgarri baten berri izan dugu, Zumaiako Mendiaraiz enpresan, 41 urteko emakume langile bat hil baita lan istripu ez traumatiko batean. Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, senide, inguruko eta lankidei gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu. Urtea hasi denetik, gutxienez, 9 langile hil dira lan istripuz, hauetatik 4 istripu ez traumatikoak izan dira. Azken urteotan lan istripu ez traumatikoen igoera ikaragarria ikusten ari gara, dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak, bilakatu dira heriotz lan istripuen lehendabiziko faktoreak.

Lan istripu guztien atzean lan baldintzak eta lanaren ezaugarriak daude. Erritmo azkarrak, presioak, lan zamak… gaixotasun ezberdinak sortaratzen dituzte eta hainbatetan heriotzara eramaten gaituzte.

LABen argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako. Sarraski honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, patronalaren interes ekonomikoaren gainetik, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Eredu berri honen alde borrokatzeko deia egiten diogu langile klaseari.

 

 

 

DIA supermerkatuetako langileek greba mugagabeari ekin diote, kaleratzeen aurka

0

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileek greba mugagabeari ekin diote gaur, hiru eguneko greba egin ondoren, EREaren kontra. Bilbon, Ibarrekolandako DIAtik abiatuta, manifestazioa egin dute, euren aldarrikapenak ozen entzun daitezen.
 
Gaur hasi da DIA supermerkatuetako greba mugagabea, ELA eta LAB sindikatuok deiturikoa. Aste oso garrantzitsua da langileen etorkizunarentzat, Bizkaia eta Gipuzkoako 71 langile kaleratuak izateko arriskuan baitaude.

Luze eta gogorra egiten ari da gatazka baina kolektiboaren erantzukizuna, elkartasuna, tinkotasuna eta maitasunak jarraitu egin dute,

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileek manifestazioa egin dute gaur Bilbon, DIA Sarrikon duen zentrotik abiatuta. Mobilizazioaren ondoren, langileen asanbladak biharko piketeak antolatu ditu.

 

 

Martxoaren 8ak erakutsi du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla diskriminazio egoerak gainditzeko

0

Martxoaren 8ko greba feministaren balorazioa egin dugu Donostian, Emakumearen Etxean, greba deialdian parte hartu dugun ardatzetako ordezkariok. Hala, grebaren eragina eta irakurketa egin dugu ardatzez ardatz: pentsionistak, kontsumoa, ikasle eta gazteak, zaintza lanak eta soltatapeko lanei dagokienez. Azken eremu honi dagokionez, greba berriro ere "historikoa" izan dela nabarmendu dugu: "Ohiko greba batetik harago joan gara, enpleguaren esparrua gainditu eta lan guztiak aitortze aldera. Zaintzaren lana ere erdigunean jarri da aurten ere".

Grebak sektore feminizatuetan izan duen jarraipena nabarmendu nahi dugu bereziki. Irakaskuntza publikoan zein itunpekoan, ikastoletan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, kontserberetan eta garbikuntza alorrean esaterako emakume gehienek egin dituzte lanuzteak.

Etxez etxeko laguntzan ere jarraipena itzela izan da beraien aldez aurretik piztutako borrokari segida emanez.

Bestelako zerbitzu batzuetan ere jarraipena oso garrantzitsua izan da: telemarketing, merkataritzan, komunikabideetan, udalak, polikiroldegiak…

Aipatzekoa iruditzen zaigu, era berean, emakumeak gutxiengoan dauden sektore batzuetan ere, industrian adibidez, emakumeek lanuzteak egin dituztela: CAF, Eaton…

Aipamen eta aitortza berezia eman sektore feminizatu prekarioenetan lan greba egin duten emakumeei. Badakigu zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuk ere ezin izan dutela beraien greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin.

Hauxe da grebaren balorazioa, ardatzez ardatz:

Iragan den martxoaren 8an, trans, bollera eta emakumeok lan guztiak egiteari utzi genion eta Euskal Herriko kaleak gogor astindu genituen, gure herriak aldarrikapen, ekintza eta elkartasun feministaz betez. Grebak jarraipen masiboa izan du, zenbaezina da herriak kalea hartzean duen indarra, horregatik ez dago zifrarik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik. Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako.

Zorionak modu batean edo bestean hori posible egin dugun guztioi. Gainera, M8ko greba feminista nazioartekoa izan da, 140tik gora batu baikara borroka egun honetara. Heteropatriarkatu kapitalista sistema globala da eta herrien burujabetza ezinbestekoa den bezala, behar-beharrezkoak ditugu elkartasun nahiz aliantza internazionalistak.

Aurten, grebaren antolaketa deszentralizatua lehenetsi dugu. Jendarte feminista bat auzo, herri eta talde bakoitzak bere errealitate zehatzak eraldatzean eraikiko dugulako. Baina, Euskal Herri mailan koordinatu gara, argi baitaukagu indarrak batzea eta aliatzea dela gure bidea, eta herri gisa eraiki nahi ditugula alternatibak. Horrela, eraldaketarako eragile nahiz subjektu anitzak batu gara: talde feministak, etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakume* migranteen taldeak, baserritarrak, ikasle eta gazte taldeak… Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia.

Zapalkuntza guztiekin amaitzeko, gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortzen dituen bazterretatik eraikitzen da. Horrela, gaueko hamabietan hasita, 5 ardatzetan egituratutako grebari ekin genion . Egunean zehar hamaika ekintza burutu genituen: gauak eta kaleak gureak direla aldarrikatzeko, enpresa handien aurkako piketeak, etxeko langileen lan eskubideak aldarrikatzeko eraikin publikoen okupazioa, politika migratzaileen aurka, (in)justizia patriarkala salatzeko, faxismoaren aurkako ekintzak, eliza seinalatzeko etab.

Azken astean harriduraz jaso ditugu emakumeon* bizi eta lan baldintza prekarioen arduradun zuzenak diren Nafar Gobernu eta Eusko Jaurlaritzaren, Iberdrola bezalako enpresa handien edota patronalen adierazpenak grebara batuz. Hauei guztiei ez diegu keinu sinboliko gehiagorik egitea onartzen, gure aldarrikapenak arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela nahi dugu. Ekintza, politika eta aldaketa feminista errealak nahi ditugu, eta ez dugu onartuko kapitalaren edota gizon batzuen interesek jarri dezaketen inongo toperik.

Urrats handia eman dugu baina urrun gaude gure helburuetatik. Urrun gaude emakumeok* dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu. Zaintza sistema publiko eta doakoa nahi dugu, baita emakumeon enplegu prekarioarekin amaitzea ere. Hala ere, gaur egungo Euskal Herriko erakunde nagusietan aurrera eramaten diren politikek merkatuaren etekinen menean jarraitzen dute eta emakume* langileon esplotazioa indartzen dute. Egun, Euskal Herrian dugun familia eredua logika patriarkaletan eraikitzen da, zaintza lanak feminizatuz eta pribatizatuz, eta bereziki emakume arrazializatu nahiz migranteon esplotazioan oinarrituz. M8 honetan, oraindik ere, emakume* langile askok ezin izan genuen gure greba eskubidea gauzatu, egoera zaurgarrienetan egoteagatik. Jakina denez, indarkeria patriarkala gogorki pairatzen jarraitzen dugu, sexu erasoetan, eraso lesbofoboetan, bazterkeria kapazitistan, erailketa patriarkaletan, jazarpen transfoboetan, edertasun hegemonikoan eta sistemak behin eta berriz menpeko lekuan kokatzen gaituen bakoitzean.

Horregatik, bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri bat eskatu dugu ozen. Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izateko. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko. Bazterreko subjektuok, gure aurkako biolentziarik gabe, aske izan ahal izateko. Euskal Herriko Mugimendu Feminista konfrontaziorako eta sistemari sakoneko alternatiba bat eraikitzeko indarra da: ultraeskuina eta arrazismoaren gorakadaren aurrean, kapitalismo autoritarioaren berrarmatzearen aurrean, bizi baldintzen sakoneko prekarizazioaren aurrean, planetaren kolapso ekologikoaren aurrean, feminizidioen aurrean… tinko gaude, eta ez gaituzue geldituko!!!

Lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz, bizitzako eremu guztietan kokatu dugu greba, bost ardatz bereiziz:

PENTSIONISTAK:
Merkatuaren logikari jarraituz, enpleguan aktiboki ez dabilena gastu gisa hartzen da, eta, pentsionisten kasuak erakusten digun moduan, pentsio-sistema pribatu eta prekarioa zabaldu nahi digute. Erretiro pentsio baxuenak ditugunak emakumeak* gara. Lan feminizatuak eta bereziki zaintza lanak aintzat ez hartzearen ondorio zuzena da hori. Horregatik, Emakume* pentsionistok greba egin genuen, gurea ere borroka feminista delako, eta gure aldarrikapenekin kaleak hartu genituen.

KONTSUMOA:
Martxoaren 8an, diru-truk inolako kontsumorik ez egiteaz gain, kontsumo-ereduaren inguruko kritika plazaratu genuen, eta horren kontraesanak azaleratu: kontsumitzen dugunaren atzean dauden lan-baldintzak, generoaren araberako bereizkeriak, beste herrien esplotazioa, bertako oihal produktiboaren ahultzea… Horregatik, multinazionalen aurkako ekintzak eta politika kolonialistak salatzeko ekintzak burutu genituen. Horretaz gain, egunean zehar herri eta auzoetako dendekin egin diren lanketak, bazkari autogestionatuak eta kontsumo taldeen garrantzia azpimarratu nahiko genituzke.

IKASLE-GAZTE:
Ikasle eta gazteak langile estatusetik alboratuak gara, eta, aldi berean, lan-baldintza prekarioetara bideratuak gara, bereziki neska* gazteak. Hezkuntzaren pribatizazioaren lehenengo kaltetuak gara. Horregatik, prozesuan zehar ikasle eta gazteontzako aldarrikapen propioak kaleratu ditugu: hezkuntza sistema hezkidetzailea, kalitatezko sexu-heziketa integratzaile eta inklusiboa hezkuntzaren etapa guztietan, anitzak baikara, ikastetxeetan ematen diren jarrera matxista, sexista zein LGTBIQ+ fobikoen aurrean neurriak hartzea, edota hezkuntza eremuan murrizketa gehiagorik ez egitea!

Hezkuntza aparatuak, sistema kapitalista heteropatriarkalaren birprodukziorako mekanismo gisa funtzionatzen du. Kurrikulumean, edukietan, metodologietan… Ez soilik ageria ditugun liburu edo ikasgeletan, baita ezkutuko kurrikulumean ere. Horregatik, greba feministak, martxoaren 8an hezkuntza sistema gelditu du.

Aipamen berezia egin nahi diegu martxoaren 8aren bueltan, feminismoaz hausnartu eta hezi guneetan eragiteko neska* gazteok sortu ditugun hamarnaka espazio eta talde feministei, gure buruak ahalduntzetik haratago, amesten dugu herri zein hezkuntza sistema gaurdanik eraikitzen ari baikara. Gora neska* gazteon borroka!

SOLDATAPEKO LANA
Lan esparruan ere grebak jarraipen zabala izan du. Ostiraleko greba feministaren inguruko balorazio oso baikorra egiten dugu lana eta enpleguaren mundutik.

 Greba historikoa izan da berriz ere. Ohiko greba batetik harago joan gara, enpleguaren esparrua gainditu eta lan guztiak aitortze aldera. Zaintzaren lana ere erdigunean jarri da aurten ere.

 Enpleguaren ardatzean, gehiengo sindikalak + CNT eta CGTk deituriko 24 orduko greba orokorraren jarraipena oso zabala izan da. Zaila da datu zehatzak ematea, ez ohiko greba delako eta emakumeak bakarrik deitu ditugulako grebara. Aipatzekoa da ere, Euskal Herrian lehen aldiz lan munduan egin den emakumeon greba orokorra izan dela aurtengo matxoak 8koa.

 Sektore feminizatuetan izan duen jarraipena nabarmendu nahi dugu bereziki. Irakaskuntza publikoan zein itunpekoan, ikastoletan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, kontserberetan eta garbikuntza alorrean esaterako emakume gehienek egin dituzte lanuzteak.

 Etxez etxeko laguntzan ere jarraipena itzela izan da beraien aldez aurretik piztutako borrokari segida emanez.

 Bestelako zerbitzu batzuetan ere jarraipena oso garrantzitsua izan da: telemarketing, merkataritzan, komunikabideetan, udalak, polikiroldegiak…

 Aipatzekoa iruditzen zaigu, era berean, emakumeak gutxiengoan dauden sektore batzuetan ere, industrian adibidez, emakumeek lanuzteak egin dituztela: CAF, Eaton…

 Aipamen eta aitortza berezia eman sektore feminizatu prekarioenetan lan greba egin duten emakumeei. Badakigu zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuk ere ezin izan dutela beraien greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin.

 Eguerdiko mobilizazioak ere oso handiak izan dira. Dozenaka mila emakumek parte hartu du Euskal Herriko hiriburu eta herri gehienetan.

 Honek guztiak garbi erakusten du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla emakumeen diskriminazio egoerak gainditzeko eta feminismoaren garaia dela ozen esateko. Lan munduan ere.

Sindikatuok eta lan munduko ordezkariok enpleguaren ardatzean egiten genituen aldarrikapenak berresten ditugu. Greba honek aldarrikapen batzuk serio hartzeko balio izaten ari da, erantzukizun zehatzak dagozkien erakunde batzuk beraien gain ardurak har ditzaten eta ez dezaten beste albo batera begiratu. Eta batez ere, bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Herri libre eta feminista baten aldeko borrokan emakume* guztiok batera jarraitzeko.

ZAINTZA:
Zaintza-lanak izan dira aurtengo M8aren ildo nagusia, doakoak nahiz soldatapekoak izanda ere horiek eremu produktiboan kokatu ditugularik. Trans, bollera eta emakumeon grebaren bitartez, zaintza-lanak alboratzeak suposatzen dituen berezitasunez jakitun, horiek gizonengan kokatzea izan da xedea. Are gehiago, ardura pribatua gaindituz, zaintza gune kolektiboak eraikitzeko deia egin zaie gizonei. Milaka emakumek* ez dugu inolako etxeko nahiz zaintza lanik egin eta aurrekari interesgarriak dira lan horien inguruan eta bidean sortu ditugun gatazkak, antolaketak nahiz akordioak. Hala ere, jakitun gara emakume, bollera eta trans batzuk ezin izan dituztela zaintza lan guztiak utzi, dependentzia egoeran dauden pertsonen zaintza haien ardurapean egon delako.
Bizitzaren beharrak pribatizatuz kapitala metatzen duten enpresari eta politikariak salatu ditugu, bereziki emakume* langileon esplotazioa baliatuz etxeko nahiz zaintza lanetan negozioa egiten dutenak. Sektore horietan, M8an greba egiteaz gain, borroka-sektore zehatzagoetan gabiltzan emakume* grebalariok indarrak hartu ditugu. Heteroarauan sartu nahi ez dugunak baztertuaz eraikitzen diren familia eredu nuklearrak arbuiatu ditugu. Arrazakeria eta politika xenofoboak salatu ditugu, eta horien funtzio ekonomikoak azpimarratu. Zaintza-lanetan oso agerikoa egiten da egoera hori, etxeko barneko langileen % 97 migranteak baikara, eta indar batez aldarrikatu dugu figura horren desagerpena.

Bukatzeko, salatu nahiko genuke greba feministan zehar Euskal Herrian 60 emakume* identifikatutik gora egon zirela eta leku askotan poliziak grebalarien aurka izandako jarrera oldarkorra.

Aurrera goaz, geldiezinak garelako. Zorionak EHko Mugimendu Feministari, aliantzak ehunduz elkarlanean aritu garenoi, eta Mugimendu Feministari aitortza eginaz, greba feministaren oinarriak aurrera eraman ditugunoi.

GORA BORROKA FEMINISTA!