Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek 6 greba egun deitu dituzte ekainerako; bada, bigarren greba eguna egin dute gaur. Oporraldian eta soldatetan hobekuntzak eskatzen dituzte, baita zerbitzua hobetzeko langile bat gehiago kontratatzea ere.
Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek 6 greba egun deitu dituzte ekainerako; bada, bigarren greba eguna egin dute gaur. Oporraldian eta soldatetan hobekuntzak eskatzen dituzte, baita zerbitzua hobetzeko langile bat gehiago kontratatzea ere.
Hainbat eragilek deituta, LABek barne, Sestao eta Santurtzi lotuko ditugu. Protesta 12:00etan abiatuko dugu, Sestaoko Kasko Plazatik.
Hilez hil Ezkerraldea da nagusi langabezia eta pobrezia tasetan: 17.600 langabetu; biztanleria aktiboaren %16, hain zuzen. %74k ez dute inolako langabezia-sorospenik. Horretaz gain, lanetiko kaleratzeak eta kontratu prekarioak ditugu eskualdeko enpresa nagusietan.
Egoera are larriagoa da emakumeen errealitateaz hitz eginez gero. Prekarietateak emakume bisaia du, kontratu eskasenen %76 suposatzen duten einean.
Langabezia-tasa %18koa da. Horri prekarietate-tasa handia gehitu behar zaio: zerbitzu-sektoreko (dendak, ostalaritza, garbiketa…) langileen % 84 emakumeak dira. Horrekin batera lanaldi partzialeko kontratuak: horien % 78 emakumeek beteta; edo behin-behineko kontratuak, % 28k emakumeen beteta. Ezkerraldeko emakumeek soldata-diskriminazio argia jasaten dute: beren soldata % 26 txikiagoa da.
Era berean, gazteen artean langabezia %30koa da; zehazki 3.600 pertsona.
Langabezia eta babesgabetasun handi horiek gizartean dauden desberdintasunak areagotzea dakarte: lagunen %8,6k mantenu-pobrezia jasaten dute; %2’1ek pobrezia metagarria; eta %5,2ek muturrekoa. %13,6ek ongizate hutsunen bat jasaten dute. Hiru aldiz handiagoa da emakumeek jasaten duten pobrezia. EAEko pobreziaren % 25 Ezkerraldean biltzen da.
Horren ondorioz, gero eta familia gehiagok jotzen dute Caritas-era, Gurutze Gorrira edo Elikagai Bankura. Zehazki, 25.000 familiak bizirik irauten dute erakunde ongigile horien laguntza lanari esker.
Kontuan hartu behar da Ezkerraldean astean behin 7 familia etxegabetzen dituztela.
Arrazoi horiek guztiak direla eta, dei egiten diegu Ezkerraldeko bizilagun guztiei "Ezkerraldetik Martxan” parte hartzeko datorren larunbatean, ekainaren 8an. Sestaoko Kasko plazatik abiatuko da eguerdiko 12etan Santurtzin bukatzeko.
Laburbiltzeko, ekimen hau gure eskualdeak jasaten duen gizarte haustura larria salatzeko sortu da, hain zuzen ere, langabezia-indize kezkagarriak, lan prekarietate handia, pobrezia egoerak eta etxe-kaleratzeak ugariagoak direla-eta dugun gizarte haustura; gizarte arloan murrizketak salatzeko: udal gizarte-zerbitzuetan, gizarte-prestazioetan eta adinekoentzako laguntzetan.
Baina egoera hauek ez dira berez sortzen. Administrazioek neurriak sustatu dituzte, langileek, eta herritar guztiek, dituzten lan eskubideak eta eskubide sozialak murrizteari begira. Eskualdeko udalak izan dira lehenengoak murrizketa politika eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatzen. Horrek larriagotu egin du egungo krisialdi ekonomikoak jota dauden milaka familiaren egoera.
Gizarte eta lan arloan murrizketak egiten diren bitartean, ikusten dugu zer-nolako diru-xahutzea dakarren gastu militarrak: 31.000 milioi euro. Horrek esan nahi du herritar bakoitzak 700€ ematea.
Era berean, gerra-gatazkei ihes egiten dieten milioika lagun errefuxiatuei elkartasuna adierazteko izango da mobilizazio hau. Errefuxiatuei ez zaie inolako eskubiderik aitortzen; eta, gainera, haien aurka NATOren gerraontziak bidaltzen dituzte, Europara ez iristeko. Bestalde, Ezkerraldean kokatutako enpresek gerraren negozio zikin honetan parte hartzen dutela salatu nahi dugu, besteak beste Barakaldoko ITP-aereo enpresa.
EZKERRALDEKO KOLEKTIBO SOZIALAK:
Ezkerraldeko Langabetuen Asanbladak, Barakaldoko Gazte Asanblada, Berri-Otxoak (Barakaldo), “Argitan, Emakumeentzako Aholku Etxea”, Ernai Ezkerraldea, KAKITZAT (Koordinakunde Antimilitarista), KEM-MOC; “La Kelo Gaztetxea” (Santurtzi), Marimatraka (Santurtziko Talde feminista); Neba-Neba Emakundeen Aholkularitza Zentroa (Sestao), Ongi Etorri Errefuxiatuak, Pentsionistak Martxan, Txirbilenea Kulturgunea (Sestao), Portugaleteko Merkatua, Portugaleteko Mugimendu Feminista, “Eskubide Sozialak Portugaleten”, “Gizarte Prestazioen Bulegoa” (Santurtzi).
SINDIKATUAK: ELA, LAB, STEILAS, ESK, CNT, CAT eta CGT-LKN.
Langabeziaren bilakaera normalean maiatzean izaten denaren antzerakoa izan da eta behera egin du Hego Euskal Herrian, 3.089 pertsona dago orain langabezian, eta honek 145.136an kokatzen du langabetu kopuru ofiziala.
Langabeziak gehiago egin du behera gizonezkoen artean (-%3) emakumeen artean baino (-%1.4). Horrela, egun langabezian daudenen artean %58 emakumeak dira eta %42 gizonak.
Nabarmentzeko kontua da langabeziak berriro egin duela gora 25 urtetik beherako gazteen artean. Maiatza amaieran 11.161 gazte zegoen langabezian erregistratuta enplegu bulego publikoetan. Aurreko hilabetean baino %1,7 gehiago eta duela urtebete baino %2,7 gehiago.
Egoera honetan, eta euren langabezia tasa %30aren ingurukoa izanda (Europako batazbestekoaren bikoitza), nabarmena da gazteak lan merkatutik kanporatuta daudela. Arrazoi berdin honengatik, bereziki zaurgarria eta laneko esplotaziopean egoteko arrisku handiagoan dagoen kolektiboa da.
Ondorioz, lan esparruan dauden genero eta adin-arrakala alarmarako arrazoia da LABentzat, lan- baldintzen okertze orokortu eta jarraitua den bezala.
Horrela eskatzen du egoerak, bost urtetako hazkunde ekonomikoaren ondoren, gaur oraindik langabezia prekarietatearekin murrizten da azken lan-erreformen erruz.
Nabarmena da 2012an PPk ezarritako erreformak ez duela prekarietatea murrizteko balio izan, kontrakoa baino. Logikoa iruditzen zaigu, bere helburua 2010ean PSOEk egindako erreformak sakontzen baitzen, horrela lehiakortasuna irabazteko soldatak jaitsi eta laneko kostuak murriztearen kontura.
Sinatutako kontratuen %92 aldi-baterakoa da, azken erreformaren aurretik jasotzen zen portzentaiaren antzerakoa, baina orain, laburragoak dira kontratuak. Laneko errotazioa eta enpleguaren desegonkortasuna handitzea ekarri du honek.
Sortutako enpleguaren kalitate txarra prekarioenak diren laneko moduen zabaltzean ere ikusten da: aldi-baterakotasuna, nahi gabeko partzialitatea eta azpikontratazioa. Izan ere, errege-dekretu bidez, premiazko bidetik onartu zen 2012ko lan erreforma. Orduan, Hego Euskal Herrian gizarte segurantzara afiliatuta zegoen langileen %53,7ak lanaldi osoko mugagabeko lan harremana zeukaten. Orain, %50era egin du behera kopuru honek jasaten ari den ordezkatze prozesuaren ondorioz, aldi baterako eta lanaldi partzialeko lanak gero eta gehiago direlako.
Ez gara gertatutakoaren azalpenetan sartuko, testigantzaren balioa nabarmendu nahi dugulako lehenik eta behin. Argia, osoa, adierazgarria, latza. Zer gertatu zen azaltzeaz gain halako eraso bat nola bizitzen den erakusten duen testigantza da, gaiak eskatzen duen sakonerari begiratzeko aukera ematen duena.
LABetik bi pasarte azpimarratu nahi ditugu:
“Esan beharra daukat ohituta nagoela egunerokoan bortizkeria maila oso altu bat jasotzera. Bollera eta transgeneroa naizenez, indarkeria izugarria bizi izan dut. Argi ikusten dut nire gorputzak berak zer-nolako amorrua, nazka, higuina eta hiltzeko gogoa pizten dien gizon askori”. Erasoa ez ohikoa izanagatik ez dira gertakari isolatuak.
“Abokatu feminista batekin hitz egin nuen; esan zidan ez zidatela sexu erasoa onartuko, ez zutela nirekiko sexu-grinarik errekonozituko. Transfobia eta lesbofobia ez dira sexu-erasotzat hartzen: tipo batek titiak txikitu zizkidan baina horrek ez omen dauka inongo kutsu sexualik.” Epaitegietan lan egiten dutenentzat ezagunegia da justiziak egingo ez duen bidea, justiziak erasotuari ukatuko dion benetako babesa.
Lesbofobiaren eta transfobiaren kontra egitea guztion erantzukizuna da, eta lan munduan asko dugu egiteko oraindik. LABeko kideei dei egiten dizuegu erasoa salatzeko ekimenetan parte hartzera. Testigantza irakurri eta zabaldu, salaketa lantokietara eraman, lantokian halako erasoei aurre hartu.
Negoziaketari bultzada garrantzitsu bat emateko asmoarekin, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok greba egun hauek proposatuko ditugu, papergintzako langile asanbladatan berretsiak izan daitezen: ekainak 19 eta 20, ekainak 26 eta 27, uztailak 3 eta 4, uztailak 10 eta 11, irailak 18 eta 19, irailak 25 eta 26, urriak 2 eta 3 eta urriak 9 eta 10. Bitartean, Adegiren egoitzaren aurrean mobilizatu gara gaur Donostian.
Gipuzkoako papergintzan bilera asko egin eta gero, oraindik ere negoziaketak ez ditu langileentzako garrantzitsuak diren eduki asko jorratzen. Orain arteko patronalaren eskaintzak oso urriak dira eta euren helburua eskaintzak pixkanaka hobetzen jutea da negoziaketa ahal den gehiena luzatzeko. Funtsean, patronalak ez dizkigu egunero papergintzan lan egiten dugunoi inongo hobekuntzarik eskaintzen eta zenbait kasuetan ez dute legediak edota jurisprudentziak jada aurreikusten dituen hobekuntzak ere hitzarmenean sartu nahi. Egoera honen aurrean, LAB, ELA eta CCOO-ek honakoa esan nahi dugu:
• Sektoreko langileok sortutako aberastasuna banatu eta eskubideetan aurrera pausoak emango dituen hitzarmen baten alde egingo dugu. Gipuzkoako papergintzak bizi duen egoera oso ona da eta horren islada den negoziaketa bat nahi dugu. Soldata igoera garrantzitsuak, lanpostu berriak, lan erreformen aurkako blindajeak, diskriminazioen desagertzea eta lan baldintzak hobetzen dituzten baina inolako kostu ekonomikorik suposatzen ez duten eskaeren alde egiten dugu.
• Egoera honen aurrean eta negoziaketari bultzada garrantzitsu bat emateko asmoarekin, sektore honetako delegatuek jarraian zehaztuko ditugun greba egunak proposatuko ditugu papergintzako langile asanbladatan berretsiak izan daitezen:
◦ Ekainak 19/20, ekainak 26/27, uztailak 3/4, uztailak 10/11.
◦ Irailak 18/19, irailak 25/26, urriak 2/3, urriak 9/10.
Ekainaren 10an, negoziaketako hurrengo bilera jorratuko dugu eta LAB, ELA eta CCOO-ek, negoziaketan aurrera egiteko asmoarekin, proposamen berri bat helaraziko diogu ADEGI-ri. Bilera hori negoziaketa hauetan inflexio puntu bat izan dadin espero dugu. Negoziaketak ez ditugu are gehiago luzatu nahi, izan ere, akordio bat lortzen ez dugun bitartean, sektoreko langileek ez ditugu gure lan baldintzak hobetuak ikusiko eta.
Bukatzeko, papergintzan lan egiten dugun langileoi deia egiten diegu. Gure hitzarmena defenditzeko momentua da. Eduki onak dituen lan hitzarmen baten alde. Denon artean lortuko dugu.
Osakidetzak gaurko Osasungintzako Mahai Sektorialean programatutako bilera bertan behera utzi ondoren, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK sindikatuok eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak Osakidetzaren negoziatzeko borondate eza salatu dugu Lehen Arretako gatazkari soluzioak bilatzeko: "Osakidetzak errespetu falta itzela izan du erabakiak hartzea atzeratzeko Mahai Sektoriala bertan behera uztean, unilateralki eta horretarako arrazoirik eman gabe. Hala ere, Lehen Arretan lan egiten duten kolektibo guztientzat eskatutako aldarrikapenei irmo eutsiko diegu".
"Apirileko eta maiatzeko greba egun bien ostean, Osakidetzak langileen aldarrikapenak alde batera utzi eta gai-ordeneko puntu bakarra Lehen Arretako gatazka zuen Mahai Sektorialeko bilera bertan behera utzi duela salatu nahi dugu plataformak eta sindikatuok", adierazi dugu.
Lehen Arretako egungo eredua "guztiz urria" dela adierazi dugu sindikatuok eta Osakidetzari bere jarrera zuzentzea eta profesionalen beharrizanetan oinarritutako konponbideak martxan jartzeko exijitu diogu.
Pasa den ekainaren 2an Sexu Langileen Nazioarteko Eguna izan zen. LAB sindikatuan gogoratu nahi dugu bizimodua ateratzeko lan egiten duen pertsona oro langilea dela guretzat. Honen ildotik, sexu langileak langiletzat hartzen ditugu oso-osoan. Bideoan, AMMAR (Asociación de Mujeres Meretrices de la Argentina en Acción por sus Derechos) sindikatuko idazkari nagusi Georgina Orellanoren lekukotasuna.
LABen errealitate honetara hurbiltzeko prozesua gauzatzen ari gara, sindikalismoarentzat guztiz ezezaguna eta bazter utzia izan den errealitatera, alegia. Honen bitartez aukera izan dugu sexu langileekin bertatik bertara konpartitzeko eta hitz egiteko eta emakume hauen egoerak, aldarrikapenak, eskakizunak, beldurrak, grinak, desirak, kexuak eta proposamenak euren ahoetatik entzuteko. Prozesu honetan zehar asko ikasten ari gara eta, horregatik eta euren ahotsak entzutea ezinbestekoa iruditzen zaigulako, Georgina Orellanorekin izan genuen saioa zuekin konpartitu nahi dugu.
Georgina AMMAR (Asociación de Mujeres Meretrices de la Argentina en Acción por sus Derechos) sindikatuko Idazkari Nagusia eta sexu langileen lan eta giza eskubideen aldeko militantea da.
Gaur egun lan sexualaren errealitate anitzak iluntzen eta estaltzen ari diren gerizpe guztiak argituko dituelako itxaropenarekin dakarkizuegu.
Gaur, grafikagintzako mahaiko 4. bilera burutu dugu. Bilera hasi aurretik delegatu eta langileak Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean elkartu gara, Donostian, negoziaketa serio bat aldarrikatzeko asmoarekin, ADEGIren jarrera itxia dela eta, eta ADEGIren jarrerak negoziaketak blokeo egoera batetara daramalako.
Azken bileran ADEGIk 3 urtetako KPIa eta prebentzio eta berdintasunaren inguruan zerbait garatzen zegoela esan zigun. Bilera horretan sindikatuok berriro exijitu genion, mahaira proposamen zentzuzko bat ekartzeko, izan ere, guk gure plataforma aurkeztua baitaukagu duela bi hilabete eta erditik.
Baina gaurko bilerara ADEGI esku hutsik etorri da. KPIaren eskaintza berretsi du, baina prebentzio eta berdintasunaren inguruan ez du ezertxo ekarri, ezta beste eskaintzarik ere. Lotsagarria da. Esaten dutena ere ez dute betetzen.
Hitz politetan enpresariek hitzarmena nahi dutela esaten digute, baina aldi berean gogorarazten digute estatuko beste hitzarmenekin alderatuz gure baldintzak oso onak direla, eta etengabe mehatxatzen digute ordu igoera batekin, edota urte luzeen ondorioz langileek lortutako eskubide aldaketak planteatu ahalko zituztela.
LAB argi du ADEGI egoera blokeatzen ari dela, eta hori horrela, eta langileok hitzarmena nahi dugunez. Ekainaren 12an berriro ere mahaia elkartu eta proposamen zentzuko bat ekartzeko exijitu diogu. Baina denbora aurrera doa eta hurrengo bilerarako proposamenik aurkeztu ezean, mobilizazioen bidea baino ez zaigu geratuko ADEGIren jarrera itxia mugiarazi nahi badugu.