2026-02-10
Blog Page 675

Gogor salatzen dugu EAEko Eskola Kontseiluak oposaketak derrigorrezkoak izateko mahai-gaineratutako proposamena eta bere buruaren dimisioa exigitzen dugu

0
LAB sindikatuak beste behin ere prozeduraren gardentasun eza, hezkuntza-komunitateraren parte-hartze eza eta inolako eztabaidarik garatu ez izana gaitzesten du. Gaur goizean, prentsaren bidez izan dugularik Eskola Kontseiluaren azken erabakiaren berri. Ikasturte hasieratik aktiboki agertu gara neurri horren aurka eta zenbait mobilizazio eta ekimen garatu ditugu neurri hori bertan behera uztea exijitzeko. Horrela adierazi diogu behin eta berriro bai Hezkuntza Sailari zein Eskola Kontseiluari.

Alegazio eta emendakinak aurkeztu ditugu gure aurkako jarrera argi adieraziz eta ez dugu inolako erantzunik jaso. Are gehiago, ez da Eskola kontseiluko eragileekin inolako eztabaidarik bideratzeko sahiakerarik sikieran egin. Norabide honetan, lotsagarria da hezkuntza-komunitatearekin adostutako neurria dela adieraztea, inongo momentuan eztabaidarik garatu ez den neurrian. Hamaikagarren aldiz rodiloa pasatzea erabaki dute hezkuntza komunitatearen iritziaren gainetik. Zoritxarrez, ez da horrelako gertaera bat ematen den lehen aldia, Herenegun Unitate Didaktikoarekin edo “Hezkuntzaren gaineko akordioa” egitasmoarekin gertatutakoak ditugularik azken adibide garbiak. Onartezina eta jasangaitza iruditzen zaigu errealitate hau.

Guzti honengatik, Eskola Kontseiluaren barne araudia errotik aldatzea, Eskola Kontseiluko iraunkorrak suposatzen duen “kortijoarekin” behingoaz amaitzea eta Eskola Kontseiluko buru den Nelida Zaitegiren berehalako dimisioa exijitzen dugu.
 

 

 

Patronalaren xantaiaren aurrean ordua da Bizkaiko metalgintzan sindikatu guztiok lanuzte eta grebak deitzeko

0
Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren mahai negoziatzailearen 17. Bilera. Bileran, FVEM patronalak berriro mespretxatu ditu langileak eta sindikatuak, proposatzen are atzerakoiago bat aurkeztuz, zeintan 2018a igoerarik gabe geratuko litzatekeen, hau da, galdutzat emango litzatekeen.

Gogoratu beharra dago ze testuingurutan egiten dituen patronalak planteamendu hauek. Irabazi eta hazkunde ekonomikoko testuinguru batean, FVEM berak esan du 2019an 1.000 lanpostu sortzea aurreikusten duela. Bere proposamenekin argi geratu dena hau da, bai sortuko diren lanpostuak zein honezkero daudenak prekarioak izango direla. Horixe ari da LAB salatzen 2018ko ekainetik, FVEMen negoziaziorako borondate faltaren aurrean mahaian genuen parte-hartzea etetea erabaki genuenean. Gaur, 17 bilera beranduago, UGT-k erabaki du mahaitik altxatzen dela arrazoi berdinak aipatuz.

47.000 langile baino gehiagori eragiten dio Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak. 47.000 horietatik ia %90ak aldi baterako kontratua dauka, %28a azpikontratatutako langileak dira, lanpostuen %30 baino ez dute betetzen emakumeek, %20koa da gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala, gora egin du ABLE bidezko kontratazioak, badira langileak urteak daramatzatenak igoerarik gabe eta baita soldata-murrizketekin ere…

Langile guzti horiek euren lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen hitzarmena merezi dute. Horregatik, LABen erabaki dugu prekarietate eta esplotazio egoera guzti hauei egitea, lantegiz lantegi borrokatuz eta akordioak lortuz, baina baita borroka sektoreko langile guztiei zabalduz ere, inor ahaztu gabe.

Patronal honi aurre egiteko ordua da eta bere xantaien aurrean amore ez ematekoa. Sektoreko langile guztiontzako hitzarmen duinaren alde borrokan egiteko ordua da. Ordua da sindikatu guztiak batu gaitezen eta borrokan egin helburu horren bila. Dei egiten diegu ELA, CCOO eta UGTri aurrera urrats bat eman dezaten eta sektore guztian lanuzte eta grebak deitu. Kontrakoa ez litzateke ez ulergarria ez onargarria izango Bizkaiko metalgintzako langileentzat.
 

 

 

EAJren, PSEren eta PPren aldeko bozkek eta Podemos-en abstentzioak bide ematen diote Eusko Jaurlaritzaren proiektu neoliberal eta atzerakoiari

Osoko Bilkura egin da gaur Gasteizko Lege Biltzarrean. Beste batzuen artean, hurrengoak bozkatzen ziren: Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSB) arloan 2019ko ekitaldirako presazko aurrekontu-neurriak, langile publikoen igoera 2019ko ekitaldirako presazko aurrekontu-neurriak eta hezkuntza alorrean 2019ko ekitaldirako presazko aurrekontu-neurriak.

DSBEren igoerari dagokionean, %3,5 eta %4,5 arteko igoera bozkatzen zen. Neurri horri bide emateak Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoari bide ematea suposatzen du, alegia, gutxieneko estaldura eskaintzea eta prestazio horrek beharko lukeen %30eko igoera ekiditzea. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren azkenengo urteetako norabidea eremu honetan sistema deseraikitzearena izan da: prestazioa eskuratzeko baldintzak gogortzen dira eta diru kopuruan ere beheranzko joera dago. Horrela, adosten dituzten murrizketek, gaurkoa barne, kolektibo horien bizi kalitatean zuzenean eragingo dute eta bizi autonomoa garatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak ukatuko dizkiete.

Langile publikoen soldata igoerari dagokionez, LABk inposaketa eta negoziazio falta etengabe salatu izan ditu. Madriletik zuzenean inposatzen diren soldata igoerak aplikatzen ditu Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin ezer negoziatu gabe. Azken urteetako dinamikari begiratuz gero garbi ikusten da eros ahalmenaren galera nabaria izaten ari dela langile publikoen kasuan. LABek behin eta berriz aldarrikatu du eros ahalmenaren galera berreskuratzeko plangintza bat negoziatzea ezinbestekoa dela; gaur onartu den igoerarekin %12ko galera berreskuratzea faltako litzateke oraindik.

Gure ustez Gobernuak, Legebiltzarrak daukan ahalmen legegile guztia baliatu eta langile publikoekin daukan zorraren aitortza egin beharko luke. LABk Mahai Orokorrean egindako proposamenaren ildotik, Madrilen inposatzen ari diren akordioak alde batera utzita bertako negoziazio kolektiboaren esparrua indartu eta edukiz bete behar da. Ez dugu ordea gobernua jarrera horretan ikusten, aldebakarreko inposizio eta negoziazio ezaren jarreran baizik.

Bestalde, itunpeko eskolen finantziazioaren legea momentu honetan bizi dugun lan gatazkaren balizko irtenbide bezala saldu nahi dute Gobernuak eta beste alderdiren batek ere. Gure ustez Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen lan hitzarmenean egun bizi dugun gatazka ez da finantziazio arazo bat, patronalaren jarrera arazo bat baizik. Gaur egun dagoen finantziazio sistemaren barruan itundutako eskolek lan hitzarmenak negoziatzeko margenak badituztela garbi dago, Ikastolen kasuan ikusi den bezala. Presionatu dezala Gobernuak patronala, behingoz negoziazio mailan behar den bezalako eskaintza jarri dezan.

 

 

 

“Sindikalismo abertzalearen erronka marko propio baten aldeko borroka indartzea da”

0

Otsailaren 19an, 25 urte beteko dira LABek eta ELAk Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko adierazpen bateratu historikoa egin genuenetik. Hala, agerraldia bat egin dugu urtemuga horren harira dugun irakurketa eta ekimenen berri emateko. Hain zuzen ere, lan harremanak eta babes soziala Euskal Herrian egituratzeko aukerei buruz, egun osoko jardunaldi bat antolatuko dugu Ipar Hegoa Fundazioarekin batera, otsailaren 19an bertan, Donostiako Kursaalen.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, idazkari ondoko Igor Arroyok eta Prestakuntza idazkari Jagoba Zuluetak hartu dute hitza agerraldian.

Igor Arroyok adierazi du egun indarrean dauden hiru parametro zehaztu zirela duela 25 urte. Alde batetik, Euskal Herria hausnarketa, aldarrikapen eta borrokarako esparru autonomo moduan zehaztu zen: "Agenda propiodun euskal sindikalismoa, kontrabotere klabean; norabide propioa, sindikalismo espainola elkarrizketa sozialarekin desaktibatuta zegoen bitartean", azaldu du.

Beste aldetik, sindikalismoa eragile soziopolitiko bezala definitu zen: klabe sozial eta nazionalean aktibatzen dena; egiturazko egoera irakurtzen dakiena; akordioetara heldu eta konpromisoak hartzeko prest dagoena.

Hirugarrenik, bizi eta lan duinerako dauden egiturazko oztopoak identifikatu ziren, gaur egungo parametroetan: patronalaren neurrira egindako eredu soziala; Euskal Herriaren menpekotasuna. "LABek trantsizioan salatua zuen hau, eta, 1994tik aurrera, baieztapen hauek gehiengo sindikal batek konpartituko ditu", erantsi du Arroyok.

"Egun ez dago demokraziarik"
Garbiñe Aranburuk, berriz, nabarmendu du azken urteotako bilakaera sozial, ekonomiko eta politikoak ondorio honetara eramaten gaituela: egun ez dago demokraziarik Euskal Herriko langileentzat.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “elite ekonomikoen neurrirako indarrean dagoen eredu ekonomiko eta soziala ez da demokratikoa, erabateko boterea ematen dio patronalari, desberdintasun sozialak areagotzen ditu, bakartu eta zatitu egiten du langileria, eta prekarietatera kondenatu nahi gaitu”.

Garbiñe Aranburen arabera, “oso anitza da langile klasearen errealitatea, eta prekarizazio prozesu honek ez die guztiei berdin eragiten, baina errealitatea da ez dagoela langile kolektiborik bere bizi-baldintzen prekarizaziorik jasan ez duenik”.

Era berean, demokratikoa ez den estatu baten parte garela berretsi du, proiektu politiko guztiak ez direlako defendagarriak: “Garesti ateratzen da herrien autodeterminazio eskubidea defendatzea, eta kriminalizatu egiten da. Euskal Herrian lehen eskutik ezagutzen dugu zer diren epaiketa politikoak eta zer den errepresio poltikoa. Madrilen egiten ari diren epaiketa independentista guztion kontrako epaiketa da, baina edozein demokrataren kontrakoa ere bada. Zentzugabekeria juridikoa eta politikoa da herritarrei hitza emate hutsagatik ordezkari politikoak kartzeleratu eta epaitzea”.

Ultraeskuina indartzeak eskubiak mozorroa kentzeko balio izan duela azaldu du: “PP, Cs eta Vox-ek ordezkatzen duen hiru buruko neofaxismoa ari da bere burua erakusten, konplexurik gabe, eta inboluzio antidemokratikoa azeleratuz doa. Eta PSOEren Gobernuak ez du borondate politikorik, ezta aukerarik ere, azken urteotako erreforma eta murrizketa sozialak atzera botatzeko; hauetariko asko bere agintepean egindakoak. Are gutxiago du eskaintza demokratizatzaile bat Estatuaren lurralde krisia konpontzeko”.

Inboluzio soziala ere bada inboluzio antidemokratikoa, LABeko idazkari nagusiak esandakoaren arabera: “Bereiztu ezin diren bi gai dira, batarekin lotuta dago bestea. Indarrez Espainiaren batasunari eustea, 78ko erregimenari eustea, egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkalari indarrean izateko bermea da”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “Euskal Herrian gehiengoa gara beste eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko apustua egiten dugunak. Herri bizia da, mobilizazio sozial indartsua dago, prekarietatearen kontrako borroka indartzen ari gara lan-zentroetan. Herri honetan dagoen borrokarako gaitasun itzela kontutan hartu beharreko aktibo garrantzitsua da"

Esparru propioaren beharra
Testuinguru politiko eta sozial oso garrantzitsuan bizi garela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk, eta sindikatuak ere interpelatzen gaituen testuingurua dela esan du: “Duela 25 urte sindikalismo abertzaleak inflexio puntu bat ezarri zuen Lan Harremanak eta Babes Sozialeko Euskal Esparruaren aldeko aldarrikapen eta mobilizazioarekin. Ilusioa ekarri zuen eta ilusioak jendea aktibatzen du. 2017an, prozesu soberanista baten aldeko adierazpenarekin, beste mugarri bat jartzekotan egon ginen. LABentzat hausnarketa hura indarrean dago. Aldaketa politikorako prozesu bat sustatu behar dugu, aldaketa soziala lortzeko”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “prekarietatearen aurka eta eraldaketa sozialaren aldeko borrokan aurrera egin eta olatu neoliberala gelditzeko, demokratizazioaren bidean urratsak egin behar dira; eskutik doaz demokrazia eta burujabetza”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, "sindikalismo abertzalearen erronka marko propio baten aldeko borroka indartzea da, lan eta gizarte arloko erabateko eskuduntzekin, egun baino gehiagorekin. Marko juridiko berria aurrekoak zituen egiturazko gabeziarik gabe jaio behar da. Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bermatu behar du".

 

 

 

Madrildik eratortzen diren erabakitzeko eskubidearen eta nafar langileen aurkako injerentziei aurre egiteko erabakiak eskatu dizkiogu Nafarroako Parlamentuari

Gaur, Imanol Karrera LABeko Nafarroako eledunak estatalizazioa pairatzen duten langile batzuekin batera Nafarroako Parlamentuan eskaera bat erregistratu du legebiltzarrak 2010eko eta 2013ko erreformak osoki bertan behera uzteko eska dezan, eskuduntza osoak dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Marko Propio baten alde egin dezan eta hori martxan jartzeko neurriak har ditzan. Ildo berean, Parlamentuari eskatzen diogu Nafarroako Gobernua premia dezan bertako lan baldintzak aplikatzen ez dituzten enpresak kontratu publikoetatik eta diru laguntza publikoetatik kanpo uzteko, ezinezkoa izan beharko litzatekeelako bertako diru publikoa jasotzea Estatuko -eta ez Nafarroako- lan baldintzak aplikatzen badira.

“2010ean eta 2013an nafar langileei bi lan erreforma ezarri zitzaizkigun. Lan erreforma horiek 13 neurri atzerakoi zituzten. Estatuko Gobernuaren azken aldaketa egin zenean asko hitz egin zen lan erreformaren derogazioaz. Baina orain errealitatea guztiz bestelakoa da. CCOOk iragarri du puntu gutxi batzuk moldatuko dituztela (3), eta ez dute ziurtatzen lehengo egoerara bueltatuko direnik”, aipatu du Karrerak parlamentuaren atarian hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.

LABen Nafarroako eledunaren ustez, “harrigarria da moldatzeko aipatu dituztenen artean ez daudela, alde batetik langileen kaleratzeak erraztearena (indemnizazioa 33 egunetara jaistea eta EREak egiteko aukerak zabaltzea), eta beste alde batetik, estatalizazioa, hau da, bertako langileei estatu mailako lan baldintzak inposatzea”.

Karreraren esanetan, “hau guztia makillaje operazio baino ez da. Erreformen puntu larrienak mantenduko dira, patronalak prekarietatea ezartzen jarraitu ahal izateko. Nafar langileak bizi dugun egoeraren irtenbidea ez da Madriletik etorriko”.

“Irtenbidea Euskal Herrian dago, Nafarroan”, Karreraren ustez. “Lan harremanetarako eta Babes Sozialerako Marko Propioa beharrezkoa da langileok bizi dugun egoerari aurre egiteko, hemen behar ditugun neurriak eta horiek aurrera eramateko tresnak sortu ahal izateko. Hala, eskaera horiek guztiak kontuan har ditzala eskatzen diogu Nafarroako Parlamentuari, busti dadila, posizio argi bat hartuz”.

Aurrekoarekin batera, Karrerak iragarri du Nafarroako Parlamentuan gaur LABek erregistratu duen eskaera Euskal Herriko hiriburuetara eramanen duela heldu diren asteetan. Eta, gainera, gai hau behar bezala lantzeko alderdi guztiekin bilerak antolatuko dituzte.

 

 

 

Asier Zamorano: “Gure bizitzetan prekarietatea inposatu eta kronifikatu nahi dutenen ardura mahai gainean jartzea ezinbestekoa da”

0

"Prekarietateari ateak itxi!". Horixe da Ernaik, larunbaterako, Bilbon, antolatu duen manifestazioaren leloa. LABek bat egin du deialdiarekin, eta gazte erakundeko bozeramaile Asier Zamoranorekin hitz egin dugu mobilizazioaren arrazoiak bertatik bertara ezagutzeko.

Otsailak 16an, 17.30ean, patronalaren sinbolo den Iberdrola dorre paretik abiatuko da Ernai gazte antolakundeak deitutako mobilizazio nazionala, "Prekarietateari ateak itxi!" leloarekin. Ernaiko bozeramaile Asier Zamoranorekin hitz egin dugu mobilizazioaren nondik norakoak ezagutzeko.

-Prekarietatea gero eta hedatuagoa dago lan munduan, baita eguneroko bizitzan ere. Nola bizi dute gazteek egoera hori? Zer nolako ondorioak ditu?

Betidanik lotu izan dugu prekarietatea lan munduko baldintzekin, baina azken urteetako bilakaerak egoera hori zeharo aldatu du. Azken hamarkadako krisiak prekarietatea bizitzako beste esparruetara hedatu du, eta lan baldintza kaxkarretatik harago, ezegonkortasuna eta heldulekurik gabe geratzea ekarri du gure bizitzetara. Azken finean, emantzipatu eta bizi-proiektu duina garatzeko ezintasunaren inguruan hitz egiten ari gara.

-Zein da prekarietatearekin amaitzeko bidea? Nola itxi ahal zaio atea prekarietateari?

Alde batetik, gure bizitzetan prekarietatea inposatu eta kronifikatu nahi dutenen ardura mahai gainean jartzea ezinbestekoa da. Patronala, azpikontratak, higiezin agentziak… Horiek guztiek erantzukizun zuzena dute gazteon egungo egoera prekarioagatik, eta euren papera eta jarduna salatu behar dugu. Baina horrekin batera, prekarietatearen aurkako neurri eta proposamen eraginkorrak planteatu eta borrokatzea ezinbestekoa izango da. Azken aste eta hilabeteetan borroka eredugarriak ikusi ditugu gure herrian: Huerta de Peralta, La Navaleko langileak, pentsionisten mobilizazioak… Horiek guztiek erakusten dute borrokak eta mobilizatzeak merezi duela eta posiblea dela egoerari buelta ematea.

-Bilboko Iberdrolaren dorretik abiatuko da larunbateko manifestazioa. Zergatik aukeratu duzue gune hori?

Iberdrola sistema esplotatzaile eta bidegabe oso baten sinbolo argia da, kapitalaren irudia. Boterearen eta eliteen eredua erakusten duena. Duela gutxi jakin izan dugu, gainera, munduko 26 pertsona aberatsenek aberastasun osoaren erdia metatzen dutela.

-Prekarietatearen aurkako borrokak kolektiboa izan behar duela defendatzen duzue. Bide horretan, zein urrats egin ditu eta egingo ditu, manifestazioaren ondoren ere, Ernaik?

Indibidualizaziorako joera duen gizarte honetan, borroka kolektiboa funstezkoa da prekarietatearen kontrako dinamika indartzeko. Zentzu horretan, badira gazte eremuan norabide berean lan egiten dauden hainbat eragile eta mugimendu. Horiekin guztiekin konfluentziarako puntuak eta espazioak topatzea izango da gure erronka handiena. Ernaitik bide hori abiatu dugu jada azken hilabeteetan, harreman ezberdinak garatuz eragile eta sektore horiekin; ziur gaude datozen hilabeteetan lan horren eamitzak jasoko ditugula. Alde batetik, larrialdi egoeraren salaketatik borrokarako aldarrikapen eta proposamen zehatzetara jauzi egiteko. Eta bestetik, mobilizazio berriak planteatu eta gazteria lehen lerrora ekartzeko.

 

 

 

Palestinaren Askapenerako Erakundeak eskertu egin du CAFeko langileek Jerusalemgo tranbiaren inguruan erakutsitako jarrera

0
CAFeko langileek nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan ez dutela parte hartu behar adierazi zuten urtarrilaren 28an.


 

 

 

Manifestazioa egin dugu SEA patronalaren egoitzaraino, Arabako metalgintzan hitzarmen duinak aldarrikatzeko

0

Gaur, otsailaren 13an, LABek hitzarmen duinak aldarrikatu ditu Arabako metalgintzan mobilizazio baten bidez. Gure ustez, metalgintza mahaia irekita dagoen honetan, sektoreak dituen arazo nagusiei erantzuna eman behar die herrialdeko hitzarmenak, baita enpresakoek ere.

Mobilizazioan hamarnaka pertsonek parte hartu dute “Arabako Metalean, hitzarmen duinak” lelopean Aldabe Gizarte Etxetik atera den manifestazioan, eta Gasteizko kaleak zeharkatu ondoren, SEAren egoitzaren aurrean bukatu da, Posta plazan.

Gaur egun Arabako metalgintzako mahaia irekita dago eta LABen ustez, SEAk bertan prekarietatea mantentzea besterik ez du bilatzen, sektoreko arazo nagusiei erantzunik eman gabe. Jakin badakigu, Arabako metalgintzan soldata baxua eta lanaldi altua daudela, azpikontratazioa eta ABLEen erabilpena zabaltzen ari dela, aldi bateko kontratazioa izugarria eta iruzurrezkoa dela, emakumeen presentzia eskasa dela eta diskriminazioak jasaten dituztela, lanean segurtasun falta dagoela, lan-erreforma eta estatalizazioa inposatzen direla,…

Horiek horrela, LABek arazo horiei erantzungo dieten hitzarmenak aldarrikatu nahi ditu, bai sektorean baita enpresetan ere. Eta hori SEAri exijitzeko egin dugu gaurko mobilizazioa eta hemendik aurrera abiatuko ditugun dinamikak sektore mailan zein enpresetan. Horien bidez, langileon inplikazioa bultzatu nahi dugu, horrekin lortu ahalko baititugu hitzarmen duinak.
 

 

 

GTO eta GTHko enpresa-batzordeek mobilizazio bateratua egin dute Erandion

0

Bi enpresetan ari dira borrokan, Gestamp talde barruan enpresen artean ematen den diskriminazioaren kontra. Lan-baldintza okerragoak dituzte GTO eta GTH-n, lan beretsuak egin arren.

GTHko langileek joan den astelehenean hasi zuten 15 egunetako greba. Atzo, Bilboko SPRIren aurrean mobilizatu ziren eta gaur GTOko langileekin mobilizazio bateratua egin dute, GTE-ren egoitza aurrean. GTOko langileek ere lanuzteak egiten ari dira gaur, bi ordutakoak txanda bakoitzean, 12:00etatik 16:00etara.

Argiak dira GTO eta GTHko langileen exijentziak:

GTOko langileen Gestamp taldeko beste enpresa batean integratzea eskatzen dute. Urte luzetan zehar GTOko langileek bigarren mailako langile moduan ari dira, bai GTEren lantegian edo ADRALekoan, esku-lan merke moduan.

GTOkoak izate hutsagatik justifikatuta zegoen bertako langileek gutxiago kobratzea, dieta apalagoak izatea, doikuntzak egitera GTE edo ADRALeko gure lankideen joaten ginenean plusak ez ordaintzea eta orokorrean, lan-eskubide gutxiago izatea.

Larria da egoera. Handia da injustizia. Langileek Gestampi exijitzen diote desberdintasun hauekin amaitzea, Gestamp bezalako izena duen enpresa batean lehen, bigarren eta hirugarren mailako langileak egotea ekartzen duena, lan berdinagatik soldata berdina kobratzearen oinarrizko eskubidea urratuz.

GTHko langileek euren hitzarmenaren negoziazioaren alde ari dira mobilizatzen. Estanpazio beroan trokelgintzan ari den Gestamp taldeko enpresa bakarra da Espainiako estatuan, eta hemengo langileak dira (GTOkoekin batera) Bizkaian taldeak dituen lantegien aldean lan-baldintza okerrenak dituztenak.

Argi utzi nahi dute euren borrokak helburu bakarra duela, Gestamp taldea, egunero komunkabideetan ateratzen dena bere nazioartekotzea, bere lantegi berriak, 4.0 industriaren aldeko apustua eta berer irabaziak zein ondo doazen kontatuz, alfonbrapean “Made in Euskadi” prekarietatearen arrasto nabarmanak izkutatzen dituen bitartean.

Langileek Eusko Jaurlaritzari galdetu diote ia hau den nahi duen enpresa eredua. Irudia eta publizitateagatik kezkatuago dauden enpresak nominapean dituzten langileen eskubideengatik baino.

Enpresa bietako langileek Gestamp-i exijitzen diote benetako eta bidezko negoziazioa eman dadila euren lankideen eskubideen alde. Eta Jaurlaritzari, benetan kezkatu dadila behingoz euskal langileriaz eta ez horrenbeste guzti honen erantzuleekin argazkiak ateratzeaz.