2026-01-28
Blog Page 672

Asier Zamorano: “Gure bizitzetan prekarietatea inposatu eta kronifikatu nahi dutenen ardura mahai gainean jartzea ezinbestekoa da”

0

"Prekarietateari ateak itxi!". Horixe da Ernaik, larunbaterako, Bilbon, antolatu duen manifestazioaren leloa. LABek bat egin du deialdiarekin, eta gazte erakundeko bozeramaile Asier Zamoranorekin hitz egin dugu mobilizazioaren arrazoiak bertatik bertara ezagutzeko.

Otsailak 16an, 17.30ean, patronalaren sinbolo den Iberdrola dorre paretik abiatuko da Ernai gazte antolakundeak deitutako mobilizazio nazionala, "Prekarietateari ateak itxi!" leloarekin. Ernaiko bozeramaile Asier Zamoranorekin hitz egin dugu mobilizazioaren nondik norakoak ezagutzeko.

-Prekarietatea gero eta hedatuagoa dago lan munduan, baita eguneroko bizitzan ere. Nola bizi dute gazteek egoera hori? Zer nolako ondorioak ditu?

Betidanik lotu izan dugu prekarietatea lan munduko baldintzekin, baina azken urteetako bilakaerak egoera hori zeharo aldatu du. Azken hamarkadako krisiak prekarietatea bizitzako beste esparruetara hedatu du, eta lan baldintza kaxkarretatik harago, ezegonkortasuna eta heldulekurik gabe geratzea ekarri du gure bizitzetara. Azken finean, emantzipatu eta bizi-proiektu duina garatzeko ezintasunaren inguruan hitz egiten ari gara.

-Zein da prekarietatearekin amaitzeko bidea? Nola itxi ahal zaio atea prekarietateari?

Alde batetik, gure bizitzetan prekarietatea inposatu eta kronifikatu nahi dutenen ardura mahai gainean jartzea ezinbestekoa da. Patronala, azpikontratak, higiezin agentziak… Horiek guztiek erantzukizun zuzena dute gazteon egungo egoera prekarioagatik, eta euren papera eta jarduna salatu behar dugu. Baina horrekin batera, prekarietatearen aurkako neurri eta proposamen eraginkorrak planteatu eta borrokatzea ezinbestekoa izango da. Azken aste eta hilabeteetan borroka eredugarriak ikusi ditugu gure herrian: Huerta de Peralta, La Navaleko langileak, pentsionisten mobilizazioak… Horiek guztiek erakusten dute borrokak eta mobilizatzeak merezi duela eta posiblea dela egoerari buelta ematea.

-Bilboko Iberdrolaren dorretik abiatuko da larunbateko manifestazioa. Zergatik aukeratu duzue gune hori?

Iberdrola sistema esplotatzaile eta bidegabe oso baten sinbolo argia da, kapitalaren irudia. Boterearen eta eliteen eredua erakusten duena. Duela gutxi jakin izan dugu, gainera, munduko 26 pertsona aberatsenek aberastasun osoaren erdia metatzen dutela.

-Prekarietatearen aurkako borrokak kolektiboa izan behar duela defendatzen duzue. Bide horretan, zein urrats egin ditu eta egingo ditu, manifestazioaren ondoren ere, Ernaik?

Indibidualizaziorako joera duen gizarte honetan, borroka kolektiboa funstezkoa da prekarietatearen kontrako dinamika indartzeko. Zentzu horretan, badira gazte eremuan norabide berean lan egiten dauden hainbat eragile eta mugimendu. Horiekin guztiekin konfluentziarako puntuak eta espazioak topatzea izango da gure erronka handiena. Ernaitik bide hori abiatu dugu jada azken hilabeteetan, harreman ezberdinak garatuz eragile eta sektore horiekin; ziur gaude datozen hilabeteetan lan horren eamitzak jasoko ditugula. Alde batetik, larrialdi egoeraren salaketatik borrokarako aldarrikapen eta proposamen zehatzetara jauzi egiteko. Eta bestetik, mobilizazio berriak planteatu eta gazteria lehen lerrora ekartzeko.

 

 

 

Palestinaren Askapenerako Erakundeak eskertu egin du CAFeko langileek Jerusalemgo tranbiaren inguruan erakutsitako jarrera

0
CAFeko langileek nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan ez dutela parte hartu behar adierazi zuten urtarrilaren 28an.


 

 

 

Manifestazioa egin dugu SEA patronalaren egoitzaraino, Arabako metalgintzan hitzarmen duinak aldarrikatzeko

0

Gaur, otsailaren 13an, LABek hitzarmen duinak aldarrikatu ditu Arabako metalgintzan mobilizazio baten bidez. Gure ustez, metalgintza mahaia irekita dagoen honetan, sektoreak dituen arazo nagusiei erantzuna eman behar die herrialdeko hitzarmenak, baita enpresakoek ere.

Mobilizazioan hamarnaka pertsonek parte hartu dute “Arabako Metalean, hitzarmen duinak” lelopean Aldabe Gizarte Etxetik atera den manifestazioan, eta Gasteizko kaleak zeharkatu ondoren, SEAren egoitzaren aurrean bukatu da, Posta plazan.

Gaur egun Arabako metalgintzako mahaia irekita dago eta LABen ustez, SEAk bertan prekarietatea mantentzea besterik ez du bilatzen, sektoreko arazo nagusiei erantzunik eman gabe. Jakin badakigu, Arabako metalgintzan soldata baxua eta lanaldi altua daudela, azpikontratazioa eta ABLEen erabilpena zabaltzen ari dela, aldi bateko kontratazioa izugarria eta iruzurrezkoa dela, emakumeen presentzia eskasa dela eta diskriminazioak jasaten dituztela, lanean segurtasun falta dagoela, lan-erreforma eta estatalizazioa inposatzen direla,…

Horiek horrela, LABek arazo horiei erantzungo dieten hitzarmenak aldarrikatu nahi ditu, bai sektorean baita enpresetan ere. Eta hori SEAri exijitzeko egin dugu gaurko mobilizazioa eta hemendik aurrera abiatuko ditugun dinamikak sektore mailan zein enpresetan. Horien bidez, langileon inplikazioa bultzatu nahi dugu, horrekin lortu ahalko baititugu hitzarmen duinak.
 

 

 

GTO eta GTHko enpresa-batzordeek mobilizazio bateratua egin dute Erandion

0

Bi enpresetan ari dira borrokan, Gestamp talde barruan enpresen artean ematen den diskriminazioaren kontra. Lan-baldintza okerragoak dituzte GTO eta GTH-n, lan beretsuak egin arren.

GTHko langileek joan den astelehenean hasi zuten 15 egunetako greba. Atzo, Bilboko SPRIren aurrean mobilizatu ziren eta gaur GTOko langileekin mobilizazio bateratua egin dute, GTE-ren egoitza aurrean. GTOko langileek ere lanuzteak egiten ari dira gaur, bi ordutakoak txanda bakoitzean, 12:00etatik 16:00etara.

Argiak dira GTO eta GTHko langileen exijentziak:

GTOko langileen Gestamp taldeko beste enpresa batean integratzea eskatzen dute. Urte luzetan zehar GTOko langileek bigarren mailako langile moduan ari dira, bai GTEren lantegian edo ADRALekoan, esku-lan merke moduan.

GTOkoak izate hutsagatik justifikatuta zegoen bertako langileek gutxiago kobratzea, dieta apalagoak izatea, doikuntzak egitera GTE edo ADRALeko gure lankideen joaten ginenean plusak ez ordaintzea eta orokorrean, lan-eskubide gutxiago izatea.

Larria da egoera. Handia da injustizia. Langileek Gestampi exijitzen diote desberdintasun hauekin amaitzea, Gestamp bezalako izena duen enpresa batean lehen, bigarren eta hirugarren mailako langileak egotea ekartzen duena, lan berdinagatik soldata berdina kobratzearen oinarrizko eskubidea urratuz.

GTHko langileek euren hitzarmenaren negoziazioaren alde ari dira mobilizatzen. Estanpazio beroan trokelgintzan ari den Gestamp taldeko enpresa bakarra da Espainiako estatuan, eta hemengo langileak dira (GTOkoekin batera) Bizkaian taldeak dituen lantegien aldean lan-baldintza okerrenak dituztenak.

Argi utzi nahi dute euren borrokak helburu bakarra duela, Gestamp taldea, egunero komunkabideetan ateratzen dena bere nazioartekotzea, bere lantegi berriak, 4.0 industriaren aldeko apustua eta berer irabaziak zein ondo doazen kontatuz, alfonbrapean “Made in Euskadi” prekarietatearen arrasto nabarmanak izkutatzen dituen bitartean.

Langileek Eusko Jaurlaritzari galdetu diote ia hau den nahi duen enpresa eredua. Irudia eta publizitateagatik kezkatuago dauden enpresak nominapean dituzten langileen eskubideengatik baino.

Enpresa bietako langileek Gestamp-i exijitzen diote benetako eta bidezko negoziazioa eman dadila euren lankideen eskubideen alde. Eta Jaurlaritzari, benetan kezkatu dadila behingoz euskal langileriaz eta ez horrenbeste guzti honen erantzuleekin argazkiak ateratzeaz.

 

 

 

Sinatutako akordioen defentsan mobilizatu gara Hezkuntzako Bilboko Ordezkaritzan

0

Sukaldari, garbitzaile eta irakasleak mobilizatu gara kolektibo horietako akordioak bete daitezen.

Pasa den ikasturtean LAB sindikatuak akordioak sinatu zituen hezkuntzako kolektibo desberdinetan. Langile guztiok egindako borrokaldiak bide bat ireki zuen Hezkuntza Sailarekin izan beharreko negoziazioan. LAB sindikatuak oso argi izan du beti, konfrontazio fasea baliatu behar genuela mahaien desblokeoa bilatzeko. Lan zentroak hustu eta kalera atera ginen gure lan baldintzak hobetu eta Euskal Herriak merezi duen benetako hezkuntza aldarrikatzera. Beraz, lortutako akordioak langile guztion garaipena izan dira.

Sinatu genituen akordioak gertutik jarraitu ditugu uneoro, euren garapena bermatze aldera. Iazko ikasturtean hasitako bidea gorabeheratsua izan da kolektibo desberdinetan. Arazo desberdinak antzeman ditugu eta zenbait momentutan blokeo egoerara iritsi gara.

Gauzak horrela sukaldari, garbitzaile eta irakasleak ordezkaritzan mobilizatu gara kolektibo horietako akordioak bete daitezen:

Irakasleak
 Ordezkapenak lehen egunetik aurrera betetzeko bitartekoak lehen bait lehen.
 Benetako egonkortasuna langileak eta zentroak egonkortzeko.
 Oposizio ereduaren aldaketa; egungo ereduan saritzerik ez.

Sukaldari eta Garbitzaileak
 Sukaldari eta garbitzaileen egonkortasuna,
 Langileen funtzioen definizioa,
 Langile publikoak izango dituen jangela eredu berria, pribatizaziorik ez.

Guk, gure aldetik, sinatutako akordioak sutsuki defendatuko ditugu, badakigulako langileen lan baldintzak eta hezkuntza kalitatea bera hobetzen dutela.

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Eztabaida bahitu dute, baina ez gaituzte isilaraziko”

Gasteizko Legebiltzarrak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitzaren inguruan eman beharreko eztabaida publikoa joan den astean saihestu eta gero, pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegileari atea itxi ondoren, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok mobilizazioa egin dugu Bilbon. Hain zuzen ere, Sabin Etxean amaitutako manifestazioan EAJ, PSE-EE eta PP interpelatu ditugu, hiru talde parlamentario horien jarrera salatzeko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, eta aipatutako hirukoteari zuzendu zaio. “Mobilizatzen jarraituko dugu, pobrezia eta bazterketa egoeran inor egon ez dadin herri honetan”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, EAJ, PSE-EE eta PPren jarrera guztiz autoritarioa izan da, legez baliatu ditzaketen amarru guztiak baliatu baitituzte pobreziaren eta bazterketa sozialaren eztabaida saihesteko: “Gehiengo sindikal eta sozialak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea baztertu dute; hortaz, behar gehien duen jendearen aurka egin dute. Eztabaida saihestu dute, agerian ez geratzeko. Herri Ekimen Legegilean proposatutako neurriak ez dira alderdi hauen gustukoak. Alderdi hauek ez dute egungo babes sozialerako sistema hobetu nahi”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “hirukoteak defendatzen duen eredu ekonomiko eta soziala Confebask-en eredua da, eredu neoliberala. Eusko Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki zeintzuk diren bere aliatuak politika neoliberal hauek gauzatzeko. Gehiengo sindikalak eta sozialak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen eztabaida ukatzen duen bitartean, gainera, gutxieneko sindikalarekin elkarrizketa sozialaren mahai bat egokitzen du. Gobernu honen kutsu antisozialaren beste adibide bat da hau”.

Garbiñe Aranburuk erantsitakoaren arabera, “eztabaida bahitu dute Gasteizko Legebiltzarrean, baina ez gaituzte isilaraziko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok mobilizatzen jarraituko dugu, pobrezia eta bazterketa egoeran inor egon ez dadin herri honetan”.

 

 

 

Guztiontzat lan baldintza duin batzuk jasotzen dituen hitzarmena sinatzea dugu helburu Iruñerriko TCC enpresan

0
Iruñerriko TCC enpresan langileek deituriko mobilizazioen harira, LAB sindikatuak hainbat argibide eman nahi ditu, egunotan sortu duten nahaste-borrasteari aurre egin nahian.

Hauek dira argibideak:

• Bi urteko negoziazioaren ostean iritsi gara egoera honetara. Negoziazio horretan, enpresaren immobilismoaren aitzinean, langileen Batzordearen sindikatu guztiak batera ari ziren.

• Iragan abenduko hauteskunde sindikalak egin baino egun batzuk lehenago, UGT eta CCOO plataforma bateratutik atera ziren besteekin ezer kontrastatu gabe, enpresak planteatutako proposamena onartzeko asmo nabarmenarekin.

• Hauteskundeetatik honako Enpresa Batzordea atera zen: UGT (5 delegatu), ELA (4), ATTU (3), CCOO (3) eta LAB (2).

• Hauteskundeen ondotik, Enpresa Batzordearen gehiengoak (ELA, ATTU eta LAB) beste proposamen bat egin zuen, baina enpresak berehala baztertu zuen.

• UGTk eta CCOOk enpresarekin lortu duten akordioa Langileen Estatututik at dago eta eragin mugatua du. Akordio horri ezin zaio Hitzarmen Kolektibo deitu, hala deitu ahal izateko Enpresa Batzordearen gehiengoaren babesa izan beharko lukeelako. UGTk eta CCOOk ez dute gehiengorik.

• Langileek banan-banan egin behar dute bat akordio horrekin eta, beraz, enpresak langile bakoitzarekin egiten duen paktua da.

• Eragin mugatuko halako akordioak egin izan direnetan, oso gutxitan ezarri dute sinatzeko epemuga bat. Kasu honetan, astebeteko epea eman zuten enpresak eta UGTk eta CCOOk.

• UGTk eta CCOOk adierazi dute TCCko langileen %99k eman diola oniritzia akordioari, eta hori ez da horrela. Langileek banan-banan sinatu dute -nahiz eta ados ez egon- horixe zelako modu bakarra enpresak azken urteetan atxikituriko KPIak jasotzeko. Argi utzi nahi dugu KPI horiek berreskuratzea zela sindikatu guztiok negoziazio mahaian lehen egunetik jarri genuen aldarrikapen bat. TCC, UGTren eta CCOOren babesarekin, horretaz baliatu da eta langile bakoitzari zegokiona itzultzearen truke koadrante berezi bat ezarri du, prekaritate gehiago ekarriko duena.

• LABeko bi ordezkariek ez dute akordio hori sinatu eta, beraz, ez dute jasoko dagozkien atzerapenen ordainketarik.

• Otsailaren 7an negoziazio mahaiaren bilera egitea eskatu zitzaion enpresari. Atzo eman zuen ezezko erantzuna.

• LABek langile guztiontzat izango den hitzarmen baten aldeko jarrera aktiboa izan du negoziazio mahaia osatu zen lehenengo egunetik eta hala izaten jarraituko du. Guztiontzat lan baldintza duin batzuk jasotzen dituen hitzarmena sinatzea da gure helburua eta ez prekarietateari ateak gehiago zabaltzen dizkiona. Eta horregatik jo dugu mobilizazioetara.
 

 

 

Demokrazia dago jokoan, eta eskubide demokratikoen alde kalera ateratzera deitzen dugu

0

Gaur Gure Esku Dagok eta ANCk deituta euskal hiriburuetan antolatutako mobilizazioekin (baita Gure Eskuk antolatuta hainbat udalerritan ere) bat egiten du LABek, eta bertaratzeko deia egiten diegu euskal langileei. Beste horrenbeste otsailaren 17an Donostian egingo den manifestazioarekin ere.

Gaur hasi da Kataluniako politikari independentisten kontrako epaiketa. Kartzelan dauden politikari independentistak epaituko dituzte, eta haiez gain, bada erbestean direnen kontrako auzia eta bada bere etorkizuna erabaki nahi duen Kataluniar herriaren kontrako epaiketa, eta bada demokrazian eta herrion erabakitzeko eskubidean sinesten dugun guztion kontrako epaiketa. LABek bere elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die auzipetuei zein erbesteratuei eta kataluniar herriari, herriari hitz ematea eta herriak hitz egitea inoiz ezin duelako delitu izan, oinarrizko eskubide eta ariketa demokratikoa, baizik.

Azken urteotan espainiar Estatuak herrion erabaki ahalmena mugatzeko erabaki ugari hartu ditu, lurralde ereduaren krisi betean, 78ko erregimenaren gaiztotzea eman da, eta nagusikerian oinarritutako agenda ezarri da Madrildik Katalunia eta Euskal Herria gisako nazioen eskaera demokratikoen aurrean. Kataluniako auzian ere, Estatua izan zen indarkeriarekin erantzun zuena erreferendum baketsu baten aurrean, eta indarkeria politikoari eusten dio, orain, erreferendum hura posible egin zutenei zigor gogorrak eskatuz.

Espainiar estatuko lurralde ereduaren krisiari irtenbide demokratikorik emateko aukerarik ez dago, gaur arte Gobernuan egon diren alderdi ezberdinek erakutsi dutenez. Ezer gutxi espero daiteke, herriari hitza eman dioten politikariak espetxeratu eta auzibidean jartzen dituen estatu batengandik.

LABetik Kataluniako herriak bere autodeterminaziorako orain arte egindako ibilbidea babestu dugu, epaiketa bertan behera geratzea eskatzen dugu, eta espetxeratuen zein erbesteratuen erabateko askatasuna. Zuen borroka gu guztion borroka da, langileok herri aske batean bizitza duina izateko eskubidea dugu, izan kataluniar, izan euskal herritar. Eraldaketa sozialerako burujabetza prozesuak auspotzeko garaia da, kateak hautsi eta bide berriak urratzeko garaia da, geure etorkizunaren jabe izateko garaia da.
 

 

 

EAEko eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileek greba egingo dute otsailaren 26an, hitzarmenaren alde

0

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, grebaren bidez jakinarazi nahi diete euren lan baldintzen gainbeheraren enpresa arduradunei eta okerrera egin duen zerbitzu publikoaren ardura duen Jaurlaritzari merezi duten hitzarmena lortzeko borrokatuko dutela, eta jasotzen duten erantzunaren arabera mobilizazioak areagotu egin daitezkeela.

Hauxe da langileek, gaur egindako agerraldian, irakurri duten oharra:

Azken bi urteetan negoziazio-mahaia hamabost bider bildu ondoren, eta EAE guztian batzar bateratuak egin ondoren, kudeaketa zuzeneko eskola-jantokietako mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok gure hausnarketaren berri eman nahi diegu kolektiboari zein euskal jendarte guztiari.

Patronalek mahai gainean jarri duten proposamenak ez ditu aintzat hartu gure aldarri nagusiak, ez eta hitzarmen honen helburu izan dena ere: HOMOLOGAZIOA LORTZEA Hezkuntza saileko sukaldeetako langileekiko.

Enpresen proposamenak honako puntuak jaso ditu:

Soldata igoera portzentualak, baina homologazioarekin loturarik gabeak. Igoera hauekin 2015eko homologazio maila berean geratuko ginateke. Ez dugu aurrera egiten; pobrezian kateatuta jarraitzen dugu.

Ez dizkiete atzerapenak ordaindu nahi kolektibo guztiari; areago, ausartzen dira esatera inork ez dituela kobratuko, honetarako baldintza gisa jarri nahi baitute plantilla egoera aktiboan egotea; haatik, jakina da sektore honetan udan langile guztiak langabezian egoten direla.

Beste puntu batzuk enpresen arabera hobekuntzak dira, baina benetan fede txarraren emaitza dira, lan-hitzarmenaren testua eta asmoa nahasten baitute. Areago, diru-goseak ez du mugarik: aurreko hitzarmenean lortutako akordioak ukatu eta orain eskaintza bezala aurkezten dizkigute. Hots, BAGENEUKANA saldu nahi digute berriz.

Homologazioarekin batera beste aldarri sindikal garrantzitsuak ukatzen dizkigute:

Ez dute aipatzen ratioak hobetu behar direla; alabaina, gero eta haur gehiagok dituzte dieta bereziak, eta horrek arreta eskaintzeko denbora gehiago eskatzen du.

Gutxieneko lanaldirik ere ez dute finkatu nahi, eta kontratu batzuk egunean 50 minutukoak dira…

Ez dute nahi langileek beren lankideak ordezkatzerik; enplegu egonkorra ez dute sustatu nahi, ez dutelako aldizkako finkorik aitortu nahi.

Ez dute nahi langileen prestakuntza orduak gehitzerik, ez eta zerbitzua hobetzeko orduak ere.

Eta gainera negozioa egin nahi dute lanaldi aldaketekin, horrek lanaldi trinkoen aplikazioa eta murrizketak baitakartza berarekin.

Ez dute gure eginkizunez hitz egin nahi; hauek gero eta gehiago dira egunetik egunera, baina ez digute denbora gehiago ematen. Esaten dute gure eginkizuna dela “jantokiaren garapen egokirako beharrezko den edozein funtzio”; hau 2000 urtetik hona mantendu da, eta horren bidez Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan egin izan dituen murrizketa guztiak jantokietako enpresa pribatuetako langileek osatu dituzte…

Enpresen aldetik arduragabekeria muturrera eramaten dute, esanez gai hauek ez direla beren eskumenekoak, eta Eusko Jaurlaritzari dagozkiola. Beren langileak babesten ez badituzte zein da enpresa hauen rola? Lizitazioak kobratzea? Iruzur egitea?

BALDINTZA AGIRIAK

Gainera, laster argitaratuko dira baldintza agiri berriak. Ez dakigu zer nolakoak izango diren, baina badakigu hau:

• Eusko Jaurlaritza oso bide okerretik abiatu da. Guraso-elkarteen esku jantokien kudeaketa uzteko aukera aipatzea aldez eta moldez inolako fundamenturik gabe egin dute.
• Gure artean zalantza eta kezka erabatekoa da, ez baitakigu gure lanpostuekin benetan zer gertatuko den.

MOBILIZAZIOAK

Horregatik, asanbladak deitzea erabaki genuen, informazioa emateko, eztabaidatzeko eta babes gabezia honek merezi duen erantzuna erabakitzeko.

Asanblada hauetan aho batez erabaki dugu kolektibo honen mobilizaziorik gabe ez dugula ezer lortuko. Ez hitzarmen onik, ez eta Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzerik ere.

Horregatik, datorren otsailaren 26an eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileok greba egingo dugu. Egun horretan hasiko dira mobilizazioak; hauen bidez jakinarazi nahi diegu gure lan baldintzen gainbeheraren arduradunei (enpresak) eta okerrera egin duen zerbitzu publikoaren ardura duen Jaurlaritzari erabakita gaudela merezi dugun hitzarmena lortzeko, eta jasotzen dugun erantzunaren arabera mobilizazioak areagotu egin daitezkeela.