2026-04-23
Blog Page 671

Presoen eskubideen alde mobilizatu gara Bilbon, Espainiako gobernu ordezkaritzaren aurrean

"Konponbide garaia da. Orain presoak" lemapean kontzentrazioa egin dugu Bilbon, Espainiako gobernu ordezkaritzaren aurrean, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera. Urtarrilean hasi genuen Bilbo mailako hileroko dinamika hau.
 

 

 

Greba arrakastatsua Osakidetzako Lehen Mailako Arretan

0

Gaur, apirilaren 12an, grebara deituta zeuden EAEko Lehen Mailako Arretako Osakidetzako langileak. Gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren, arrakastatsua izan da greba eta LABetik, oso balorazio positiboa egiten dugu.

Anafran Astigarraga LABeko Osakidetzako ordezkariak, Bilbon egin den manifestazioaren aurretik adierazi duen moduan, “Gaur lehen arretako langileok emandako erantzunak argi uzten du primarian dagoen egoera larria eta langileon haserrea. Lehen Arretak erantzunak behar ditu gehiago itxaron gabe”. Nabarmendu du greba egunean kategoria guztietako langileak ari direla parte hartzen.

Osakidetzaren jarrera kritikatu du LABeko ordezkariak, “grebak deitu behar izan ditugu orain arte Osakidetzak ez dituelako kontuan hartu gure eskaerak, eta Lehen Arretaz ahaztu egin da. Guretzat, Lehen Arreta osasun sistema publikoaren oinarria da, eta indartu eta hobetu egin behar dugu. Horretaz ari gara hitz egiten, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz”.

“Borroka hau ez da soilik gure lan-baldintzak hobetzeko, baizik eta erabiltzaile guztiontzako kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Azken finean, Osakidetzako langileok ere osasun erabiltzaileak gara. Lehen Arreta eredu berria behar dugu”.

Eskari batekin amaitu du Astigarragak, “Osakidetzari zera eskatzen diogu: gatazka ez luzatzeko eta negoziatzera esertzeko lehen bai lehen. Borondaterik badago, akordioak lortu daitezke”.

Maiatzaren 17rako, bigarren greba egun bat deituta dago.
 

 

 

Nazio Biltzarrak maiatzaren 5ean egingo den Herrien Besakardarako deia egin du

Gaur elkartu da LABen Nazio Biltzarra Usurbilen, eta adierazpen bat onartu du maiatzaren 5ean Durangon egingo den Herrien Besarkadan parte hartzera deia eginez.

LABen adierazpena

Langile migranteekin elkartasunean eta kapitalak eta faxismoak inposatu nahi dizkiguten politiken aurrean, euskal langileria maiatzaren 5ean Durangora! Herrien besarkada!

Krisi politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala hainbat arrakala uzten ari da gure gizartean. Arrakala horien ondorio dira langile klaseak sufritzen dituen prekarietatea eta esplotazio basatia. Azken urte hauetan esplotazio horren adierazpide ezberdinak ezagutzen ari gara: kapitalaren errentak lan errenten kaltetan handitu dira, feminismoaren susperraldiaren aurrean emakumeen kontrako oldarraldia indartu da, estatu gabeko nazioen kontrako eraso birzentralizatzailea nabaria da…

Halaber, baliabide naturalen eskasiaren gainetik, mugarik ez balego bezala gutxiengo batek orain arte bezala bizitzen jarraitu ahal izateko, hazten ari dira faxismoa eta xenofobia bezalako fenomeno politikoak, bere ereduan guztientzako tokirik eta eskubiderik ez dagoela argi duen kapitalismoaren abangoardia. Arrakala horiek, beraz, estrategia politiko eta ekonomiko berdinari erantzuten diote: eliteen pribilegioak eta etekinak handitzea langile klasearen kaltetan. Langile migranteak bihurtu dira, zentzu horretan, indar faxista eta erreakzionarioen jo puntu nagusi. Historiako beste garai batzuetan bezala, langile klasea zatikatzeko txiroen arteko gerraren sustapena eta langileen zati baten estigmatizazioa dira estrategia horren elementu nagusietako batzuk.

Inboluzio horrek Euskal Herrian ere bere forma konkretua hartzen du. Dagoeneko ez-nahikoak diren politika sozialak murrizten ari dira, gizarte kohesioaren kontra eginez (Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen blokeoa kasu Gasteizko Legebiltzarrean) edota politika egiteko forma autoritarioek gero eta espazio gehiago dute. Euskal Herriko instituzioek ez dute konpetentzia nahikorik langile migranteen erronkari aurre egiteko; dena dela, horrek ez du hemengo gobernuen utzikeria justifikatzen, izan ere, ditugun konpetentzia horiekin ere, askoz gehiago egin daiteke langile migranteen eskubideak defendatzeko.

Fenomeno horiek, esan bezala, guztiz lotuta daude mundu mailan ematen ari diren dinamikekin. Beraz, oldarraldi honen aurrean, bi erronka nagusi ditugu mahai gainean:

• Langile migranteen borroka artikulatzea eta langile subjektuaren berrosaketan kokatzea. Langile migranteek bizi duten egoera bereziki prekarioa izanik, ezinbestekoa da LABetik, eta oro har, kontrabotere sindikalismotik, proposamen ezberdinak kaleratzea eta borrokak suspertzea. Zentzu horretan, kultura sindikal berrian sakontzeko ezinbestekoa da migranteen parte hartzea. Erresistentzia, antolakuntza eta borrokarako adibide ugari ditugu eremu honetan. Esanguratsuenak, agian, Huerta de Peraltako langileek aurrera eraman dutena izan da, baina beste batzuk ere baditugu: kale saltzaileak, etxeko langileen sektorea edota arrantzale migranteen kasua.

• Etorkizuneko Euskal Herriaren eraikuntzan ere ezinbestekoak dira langile migranteak. Aldaketa sozialean oinarrituriko burujabetza hauspotzeko eta pertsona guztien eskubideak errespetatuko diren eredu bat eraikitzeko, ezinbestekoak dira eragile politiko, sozial eta sindikalen arteko aliantzak. Jatorri eta kultura desberdinen arteko hartu-emana eta elkartasuna abiapuntu ezin hobea dira jendarte eta herritartasun berri baten eraikuntzarako. Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Iruña Harrera Hiria bezalako plataformen lana eta haiekin daukagun aliantza azpimarratzekoa da zentzu horretan.

Horregatik guztiagatik, LABek bat egiten du maiatzaren 5ean Durangon antolatu den “Herrien Besarkada” ekimenarekin eta baita aurretik antolatuko diren ekimen guztiekin, bereziki Iruñean maiatzaren 4ean deitutakoarekin. Orain arte egin dugun bezala, aurrerantzean ere arrazakeria, gorrotoa eta bazterkeria oinarri duten politika guztien kontra borrokatzera konprometitzen gara, baita beste gizarte eredu baten alde egitera ere.  

Usurbilen, 2019ko apirilaren 12an

 

 

 

Barakaldon jazotako etxerik gabeko pertsona baten heriotza salatu nahi dugu

Pasa den astean kotxe batean lo egiten zuen pertsona bat hilik agertu zen. Bazterketa sozialak eta pobreziak beste biktima bat eragin du, kasu honetan Barakaldon. Dagoeneko etxerik gabeko 3 pertsona hil dira azken 2 urteetan Ezkerraldeko hiri honetan.

Argi dago gaur egun martxan dauden babes sozialeko neurriak ez direla nahikoak eta premiazkoa dela eskubide sozialak bermatuko dituzten politika errealak martxan jartzea. Etxebizitza duin baterako eskubidea oinarrizko eskubidea den heinean, pertsona guztiek izan behar dute horretarako sarbidea. Gainera, existitzen diren urgentziazko dispositiboek, hala nola, aterpetxeek edota neguko errekurtso bereziak, ez dituzte premia larriak asetzen.

Zentzu horretan, heriotza hau salatzeko eta babes sozialeko politika errealak eskatzeko, antolatutako mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu; apirilaren 12, Barakaldon, goizeko 10.30tan udaletxe aurrean, Berri Otxoak mugimendu sozialak deituta. Gainera, bazterketa sozialaren kontrako borrokan eta babes sozialeko euskal sistemaren aldeko borrokan berresten gara. Eskubide guztiak denontzat!
 

 

 

Kontzentrazioa egingo dugu asteartean gehiengo sindikalarekin, atzo Pasaiako portuan hildako langilearen heriotza salatzeko

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu asteazkenean Pasaiako portuan lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpimaragarria da euskal garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez diren hobetu.

Garraiolarien lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Besteetan, “heriotz natural” delakoen zifren barruan sartzen ere saiatu ohi dira, ez garraio sektorean bakarrik, lanak eragiten dituen estres egoerak, besteak beste, alde batera nahita utzita.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

2019. urtean jada 14 langile hil dira lan istripuan. Prekarietatearen ondorioak gizarteratzea ezinbestekoa dela kontutan hartuta, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egingo dugu datorren asteartean, apirilak 16, Lezoko rotondan 11tan. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.
 

 

 

Kartzelak husteko garaia da, ez betetzekoa

0

Gaur jakinarazi da irailaren 16an hasiko dela 47 euskal herritarren aurkako epaiketa, euren artean dago Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramailea. 601 urtetako kartzela zigorrak eta 117.600 eurotako isun eskaerak dituzte euren aurrean. Presoen eskubideen inguruan egindako lanagatik daude herritar hauek jo-puntuan. LAB en ustez, epaiketa hauekin amaitu eta presoen gaia konpontzeko garaia da, guztiak kaleratze bidean jarriz.

Eraso honen aurrean, LABek bere elkartasuna adierazi nahi die auziperatuei, epaiketa bertan behera uzteko deia egitearekin batera.

Epaiketa honek berriz ere uzten du agerian Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa, gaindituta egon beharko liratekeen bide errepresiboetan sakontzearekin tematuta jarraitzen duela erakusten baitu.

Herri honek irtenbideak behar ditu, ez zigorra, kartzela, mina eta sufrimendua areagotzen dituzten bide agortuak. Giza eskubideak, demokrazia eta etorkizunaren alde, azken eraso honen aurrean indarrak bildu eta erantzuteko deia egiten die LABek euskal langileei.
 

 

 

Arimak ahoskatzen duen bozka; Uruguain demokraziaren alde eta inpunitatearen kontra

0

Gaur 2019ko Apirilak 11, Uruguayko PIT-CNT sindikatuak FEUU-rekin (Uruguayko unibertsitate ikasleen federazioa) diktadura garaian atxilotu eta desagerturikoen senitartekoen asoziazioarekin, diktadura garaiko preso ohien elkarte den CRYSOL-ekin eta FUCVAN eta ONAJPUrekin batera, Montevideon demokraziaren aldeko eta inpunitatearen kontrako mobilizazio nazional bat deitu dute.

Mobilizazio honen helburua, Uruguaiko armadak eta defentsa ministerioak informazio gorde izana da, armadaren ohorezko epaitegiak ez baitzuen diktadura garaiko delituen inguruko informazio epaitegien esku utzi. Informazio horren arabera Jose Gavazzok Roberto Gomensororen erailketan parte hartze zuzena izan zuen.

Behin berria jakin zuenean, Uruguaiko lehendakaria den Tabaré Vázquezek defentsa ministroa den Jorge Menéndez eta Ministro ordea den Daniel Montielen dimisioak eskatu zituen eta Armadako Komandante buru den José González, Defentsako Estatu Nagusi den Alfredo Erramún eta Gustavo Fajardo Generalaren uko egiteak ere eskatu zituen. Azken hiru pertsona hauek Ohorezko epaitegiko kideak ziren.

Hemen Euskal Herrian ongi aski dakigu diktadura bat pasatzea zer den, eta zein garrantzitsua den memoria historikoaren aldeko borroka eta lana. Milaka eta milaka pertsona izan ziren 1936-1939ko Gerra Zibilean eta 1975eraino luzatu zen diktadura garaian eraildako pertsonak. Ondoren, ustezko demokraziarako trantsizio garai hori armada frankistaren etengabeko mehatxupean egin zen, eta nahiz eta ustezko berradiskidetze nazionala bultzatu bazen ere, inoiz ez zen frankismoaren apurtu eta oinarrian nazioen eta langile klasearen zapalkuntzan jarraipen lerro bat besterik ez zen izan. Apurketarik gabeko trantsizio honen ondorioz, inork ez dugu frankismo garaiko delituengatik ordaindu eta oraindik gaur egun milaka eta milaka dira gure herriko bide bazterretan desagertuta jarraitzen duten pertsonak beraien gorpuak aurkitzeko inolako aukerarik gabe.

Azaldutako guztiagatik LAB sindikatutik gure lagun diren PIT-CNTren bultzaturiko mobilizazio nazionala babesten dugu, eta demokraziaren aldeko eta inpunitatearen kontrako herri aldarria gure egiten dugu; bai Uruguain baita Euskal Herrian eta munduko edozein tokitan.

 

 

 

“Industriako langileak nola egongo lirateke LAB existituko ez balitz?”

0

Industria federazioko delegatuen batzarra egin dugu gaur Burlatako kultur etxean, hauteskunde sindikaletan orain arte lortutako emaitzen balantzea egin eta aurrera begirako erronkak zehazteko. 500 bat lagun bildu gara, gehienak gizonezkoak. Hain zuzen ere, horixe da industria sektoreko egungo errealitatea, eta egoera hori ere irauli nahi dugu, emakumeen kontratazioa sustatzeko proposamenak lantokiz lantoki gauzatuz. LAB borrokarako gaitasuna eta eskaintza sindikala duen sindikatu bat da, eta horixe berretsi dugu batzarrean, industria sektorean egindako lana lekuko. Hala, argi utzi dugu prekarietatearen aurkako borroka lehentasun dugula: “Guztiok bizitza duina eta lan baldintza duinak izan ditzagun borrokatuko dugu”.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Industria federazioko arduradun Eulate Zilonizaurrekoetxeak hartu dute hitza industria federazioko delegatuen batzarrean. Biek Burlatan bildutako delegatuen lana eskertu dute, eta galdera bat utzi dute gogoetarako: “Industriako langileak nola egongo lirateke LAB existituko ez balitz?”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “hauteskunde sindikaletako epe honetarako finkatutako helburu nagusia bete dugu. Bigarren sindikatu gisa indartu gara, CCOOren aurretik, eta Nafarroan ordezkaritzaren %16 gainditu dugu. Emakumeen ordezkaritzari dagokionez, gure helburua lortzeko bidean gaude, %40ko ordezkaritza izatearena; hots, afiliazio mailan dugun kopuru bera. Sindikatuak handitzeko tartea du oraindik. Industrian, CCOO sindikatutik oso delegatu gutxira gaude, Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua izateko bidean”.

LABek lerro sindikal borrokalari, eraginkor eta koherentea duela adierazi du Garbiñe Aranburuk, eta sindikatuaren hazkundearen giltza hor dagoela nabarmendu du: “Hitza eta ekintza gara. Azken urteetan neoliberalismoak bere bidea egin du, langileen zatiketa eta indibidualizazioa bultzatu ditu. Prekarietatea dominazio sistema bat da. Honek guztiak beldurra, ziurgabetasuna eta jarrera kontserbadoreak indartzea dakar. Beti ez da erraza suertatzen gure lerro sindikala defendatzea. Langileen artean, borroka sindikalaren balioa eta garrantzia irabazi behar den posizio bat da, lan ideologiko handia egin behar da, baina delegatuen lanari esker lortzen dugu”.

Gogorrak izan dira azken urteak, 2008ko krisialditik hona eskubide laboral eta sozialen galera handia egon baita: negoziazio kolektiboaren kontrako erasoak eta sektore publikoaren pribatizazio eta merkantilizazioa, besteak beste. Eremu guztietara hedatu da prekarizazio prozesua. Kapitala-bizitza talka gogortu egin da. Hortaz, momentuak hiru ezaugarri izan behar dituen sindikalismo bat eskatzen duela jakinarazi du Garbiñe Aranburuk: borrokarako gaitasuna eta eskaintza sindikala duen sindikalismoa; klase subjektua berregituratzeko sindikalismoa; eta autodeterminazio eskubidea, erabakitzeko eskubidea, oinarri duen sindikalismoa.

Prekarietatea eta lan osasuna
Eulate Zilonizaurrekoetxeak, bere aldetik, industria arloko egoera, lortutako lorpenak eta aurrera begirako erronkak izan ditu hizpide: “Datozen urteetan datozen zapalketa berriei eta eskubide lapurreta guztiei aurre egiteko, ezinbestekoa zaigu lan zentroz lan zentro ongi antolatzea. Hori izan behar da gure lehenengo lehentasuna, eta ez da gutxi. Borroka desprestigiatzen duen sistema honetan, indibidualismoa sustatzen duen Kapitalaren aurrean, guk elkarlanaren eta kolektiboaren aldeko apustua egin behar dugu. LABeko familia indartu eta elkartu, hauteskundeetan hasiz eta afiliazioan igoz, noski, baina baita jada sindikatuan gaudenon artean estrategiaren aldeko indarrak kohesionatuz. Lantegiz lantegi diagnostikoak egin, egoera prekario guztiak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintzak egin”.

Prekarietate egoera desberdinei aurre egiteko planak beharrezkoak dira; sindikatuak lortu du 35 orduko lan astea ezartzea enpresa askotan, edota ETTak debekatzea, behin behinekotasuna mugatzea, azpikontraten egoera hobetu edo azpikontratazioarekin bukatzea. Bide horretan lan egiten jarraituko dugula esan du LABeko Industria federazioko arduradunak.

Lan osasuna ere oso presente izan du bere hitzartzean. Hain justu, inork ez gaituela zainduko guk geuk egiten ez badugu garbi utzi dugu, batzarrean. Patronala irabaziei begira dago eta Instituzioentzat ez da garrantzitsua. Hortaz, prebentzio planak erdigunean kokatu behar dira; istripu bat dagoenean erantzuleak salatu behar dira eta laneko gaixotasunei dagokien tratamendua eman behar zaie.

Burlatan bildutako delegatuei egindako eskertzaren barruan, urte hauetan guztietan egindako lana zoriontzeaz gain, sindikatuak aitortza berezia egin dio erretiroa hartuko duen Marieli Urriolabeitia industria arloko liberatuari. Lore sorta bat jaso du, urte luzez egindako ekarpena eskertzeko.

 

 

 

Santa Zita egoitzako langileek kontzentrazioa egin zuten atzo IDEAren aurrean, hitzarmen duina eskatzeko

San Martin Unxen kokatuta dagoen Santa Zita egoitzako langileek mobilizazioa egin zuten atzo IDEA (Innovación y Desarrollo Asistencial) enpresaren aurrean, Zizur Txikian. Udalak, egoitza kudeatzeko kontratua sinatu du IDEA enpresarekin eta azken honentzat ari da lanean egun egoitzako langileak.

Langileen oharra

Egun, aitzina egiten ez duen negoziazio batean murgilduak gaude. Gure hitzarmen kolektiboa negoziatzeari ekin genion 2018ko ekainean. Ahal dugun guztia egiten ari gara, saiatzen gara lankideak ordezkatzen beharrezkoa suertatzen den bakoitzean; betiere gure aitatxi-amatxiak ongi zainduak egon daitezen ematen dugu guztia.

Negoziazioa aitzinatzen ari zela zirudien arren, batez ere guri esker, hastapeneko plataformaren zati bat murriztu genuelako 2018ko abenduan (ordurako estu samarrak zirenak), enpresak negoziatu nahi zuela zirudien. Gaur egun, ukatu egiten dute adierazia eta berriro zerotik hasten gara. Negoziatzen ari ginela, enpresak ezagutarazi zigun proposamena murriztera eta gogortzera iritsi dira ere. Horretarako argudio ekonomikoak adierazi dizkigute, inoiz ezagutarazi ez diguten egiazko informazioa adieraziz, nahiz eta aldez eta moldez eskatu izan dugun. Ez diote begirune handirik negoziazio mahaian esandakoari!

Langileon egungo egoera honakoa da: Aurten, 2019. urtean alegia, 2012. urteko soldatekin diraugu.

Egoera honelakoa izanik, mobilizazioekin hasi gara gure lan baldintzekiko begirunea eta hitzarmen duina izateko eskubidea eskatuz.

Enpresak bere horretan dirau, gure eskariei entzungor eginez . Horrela negoziazioa atzeratzen ari da , eta gure proposamenei erantzuten ez zaienez, geure buruak behartuak sentitzen ditugu gure hitzarmenaren alde urrats berriak egin ditzagun. Horrexegatik elkartu ginen atzo , IDEAk Zizurren dituen bulego aitzinean. Ez dugu etsiko lan baldintzak hobetzeko ahaleginean, eta horrela, behin betikoz sina dezagun hitzarmen duina San Martin Unxeko Santa Zitako langileentzat. Berehala negoziatu nahi dugu!