2026-04-23
Blog Page 663

Bilboko kaleak hartu ditugu, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba dela eta

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan greba egunera deituta dugu gaur eta biharko. Hala, maiatzeko lehen greba egun honetan, azken bi ikasturteetako 26.enean, Bilboko kaleak hartu ditugu berriro, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Gaur ere, dagokien arduraz jokatu eta langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbidea emango dioten proposamenak bideratzeko eskatu diegu patronalei eta Hezkuntza Sailari.


 
LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabeteetakoak.

Patronala ordea ez da arduraz jokatzen ari, eta langileen eskaerei erantzunez gatazka honi irtenbidea emateko borondate falta nabaria erakusten ari da. Urtarrileko 8 greba egunen ondoren sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamenduak egin zituen arren, martxoak 25eko mahaian planteamendu horiek atzera bota zituen, eta mahai hartan aurkeztutako proposamena definitibo eta aldaezin bezala aurkeztu zuen; sindikatuok akordioak erdiesteko giltzarriak jasotzen zituen dokumentua helarazi bagenion ere ez zion dokumentuari erantzun ere egin; gatazkari irtenbidea emateko asmoz sindikatuok patronal eta hezkuntza sailari luzatutako bilera deialdiaren aurrean bilera hartara agertu ere ez egiteko erabakia hartu zuen;

Apirileko greben ondoren ere, patronalari egoera bideratzeko eta adostasunak erdiesteko asmo garbia erakutsi diogu.

Baina beste behin ere, patronalak fede txarrez jokatu du. Horrela, oraindik sindikatu denei helarazi ere egin gabeko proposamen bat zabaldu du ikastetxeetan greba bezperan,proposamenaren inguruan sindikatu bakar baten erantzunik ere jaso gabe. Proposamenaren nondik norakoa ikusita, argi dago langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburu soilarekin jokatu duela berriro ere patronalak, langileen, ordezkarien eta sindikatuen artean nahasmena eta hausturak bilatu nahian benetako adostasunak baino gehiago.

Izan ere, proposamenak, soldaten planteamenduan aldaketa txikiren bat badu ere, martxoak 25eko mahaian jasotako ildo beretik bait doa funtseskoak diren planteamendu batzuetan, esaterako sektoreko langileei soldatak finantziaketara lotzen, edo hauek negoziatzeko aukera ebatsiko liekeen sistema bat ezartzen. Gainerako gaietan berriz ez dago aurrerapausorik.

Hezkuntza Sailak, berriz, erabateko arduragabekeria erakutsi du gatazka honi irtenbidea ematerakoan, eta Otsailean Legebiltzarrak gatazkaren irtenbidean inplikatzeko egindako eskaera ez da ari betetzen. Bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatu da, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, Hezkuntza Sailak orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman gai honi buruz hitz egiten hasteko inolako pausorik; eta gaur gaurkoz emandako pausoak erabat eskasak izan dira, ez baitute birkokapenerako gutxieneko bermerik erakusten; azkenik, apirilak 2rako sindikatuok egindako bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hura gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki zuen.

Hau horrela sindikatuok legebiltzarreko talde desberdinekin biltzen ari gara Hezkuntza saila legebiltzarrak emandako zeregina betetzera deitzeko.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela.

Azkenik, langileak zoriondu nahi ditugu beste behin ere erakutsi duten tinkotasun, indar eta konbentzimenduagatik. Harro egotekoa da gure ikastetxeetako hezkuntza kalitatean eragin zuzena duten lan baldintzen kaskastzearen aurrean, lan baldintza horien alde borrokatzeko apustua egin duten langileak izatea gure ikastetxeetan.

 

 

Vianako Carrefour Las Cañas-eko langileak saltokiaren itxieraren aurka mobilizatu dira

0

Vianako Carrefour Las Cañas-eko langileek elkarretaratze bat egin zuten astelehenean, datozen egunetan aurreikusita dituzten protesten artean lehena. Carrefour-eko zuzendaritzak erabaki du Vianako zentroa ixtea eta bertako langileak Iruñera (46 langile), Tuterara (22) edo Logroñora (12) bidaltzea. Langileek batzarra egin zuten atzo, eta erabaki dute ostegunean beste elkarretaratze bat egitea, 11:00etan, eta larunbatean eta astelehenean lanuzteak egitea, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Carrefour Las Cañas-ko Enpresa Batzordeak baditu Fetico-ko 5 delegatu, CCOOko 3 eta LABeko 1.
 

 

 

Bat egiten dugu pentsionisten mugimenduak maiatzaren 11rako deitutako mobilizazioekin

LABek maiatzaren 11n Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak deituriko manifestazioekin bat egiten du eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dio bere afiliazio eta militantzia guztiari. LABen batzorde exekutiboak ordezkaritza bana izango du Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko mobilizazioetan.

LAB presente egongo da Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak larunbat honetan, maiatzaren 11an, hiriburuetan deitutako mobilizazioekin. Testuinguru politiko honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da arreta pentsiodunen eskubideen defentsan jartzea eta instituzioek pentsio publiko duinak bermatzeko pausuak ematea. Dagoeneko 69 astelehen dira udaletxeen aurreko kontzentrazioak hasi zirenetik. Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimendua giltzarria da urte luzeetako borrokaren ondoren eskuratutako eskubideen defentsan, baina ez hori bakarrik, eztabaida politikoa Euskal Herriak behar duen aldaketa sozialaren parametroetan kokatzeko jarraitu beharreko bidea ere erakusten digu.

1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, lan zein pentsio erreformen derogazioa, pentsioen berbalorizazioa eta Babes Sozialerako Sistema Propioaren eraikuntza ezinbestekoak dira pentsionisten eskubideak bermatzeko. Pentsionisten mugimenduak zerbait erakutsi badu, aldaketa politikoak kalean lortzen direla da; aurretik aipaturiko aldarrikapen horiek ere borrokaren bitartez lortuko dira eta zentzu horretan, LAB bidelagun izango dute.

Maiatzaren 11n, pentsionista eta langileok kaleak hartuko ditugu.
 

 

 

Migrante eta errefuxiatuen aferan, diplomazia hutsaletik ekintzetara pasatzeko unea da

Eusko Jaurlaritzak errefuxiatu eta migranteen afera mahai gainera ekarri du SHARE delako proposamena berriro aurkeztuz. Proposamenari ezinbestekoak diren hainbat puntu falta zaizkio, hala nola, migrante eta errefuxiatuen iritzia kontutan hartzea edota irizpide kultural eta sozialak aurreikustea.

Eusko Jaurlaritzak errefuxiatu eta migranteen afera mahai gainera ekarri du SHARE delako proposamena berriro aurkeztuz. Bertan, Europara iristen diren migranteak banatzeko kuota sistema bat proposatzen da, hiru parametrotan oinarritzen dena:

• BPGa, %50eko pisuarekin.
• Biztanleria, %30eko eraginarekin
• Langabezia-indizea, %20ko eraginarekin.

Proposamenari ezinbestekoak diren hainbat puntu falta zaizkio, hala nola, migrante eta errefuxiatuen iritzia kontutan hartzea edota irizpide kultural eta sozialak aurreikustea. Hala ere, 2018ko urrian izan genuen proposamen honen lehenengo berria eta orduan adierazi bezala, LABek honakoa esan nahi du:

• Eusko Jaurlaritzak, bere ardurak, plan estrategikoen atzean ezkutatzen ditu, gaiaren inguruan dituen ardurak zurituz. Atzoko agerraldiak, politika erreal eta efektiboak bultzatzea baino, marketing politikoa egitea zuen helburu. Europar hauteskundeak hurbil dauden honetan, Eusko Jaurlaritza hutsik dagoen diplomaziara jokatzen ari da.
• Migrante eta errefuxiatuen aldeko politikak artikulatzeko, ezinbestekoa da eskubide sozialak helburu dituen politika publikoak egitea, babes sozialeko sistema indartzea eta kohesio soziala bermatzea. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren atzera pausuak konstante bat dira; adibide garbia dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako Herri Ekimen Legegileak jaso zuen ezezkoa.
• Agerian geratzen da daukagun burujabetza falta migrazioaren eta errefuxiatuen inguruan gure politika publiko propioak garatzeko. Ez dugu konpetentzia nahikorik gai honetan klabeak diren politika gehienak garatzeko edo bertan behera uzteko, hala nola, Atzerritartasun Legea.

Migrante eta errefuxiatuen aldeko politikak garatzeko, ikuspegi integralarekin jokatu behar eta konpromiso zehatzak hartu. Udan errefuxiatu eta migranteen etorrerarekin ikusi genuen bezala, egoera larriak jazotzen direnean, Eusko Jarlaritzak beste alde batera begiratzen du. Gogoratu dezagun Jonan Fernandezek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, aitortu zuela egoeraren horren berri izan zutela baina ohiko zerbitzu sozialek gainezka egin dutela. Beraz, inakzioa eta arduragabe jokatzea izan ziren Eusko Jaurlaritzaren erantzunak. Beste adibide bat litzateke EAJren eta PSEren esku dauden instituzioen inplikazioa gurasorik gabe heldutako adingabeen aferan; gaur egungo egoera kontutan hartzen badugu, hor ere errekurtso falta nabaria da.

LABek bere konpromisoa berretsi nahi du langile migrante guztiekin. Igandean Durangon adierazi genuen bezala, eskubide guztiak denontzat bermatzea ezinbestekoa da. Lanean jarraituko dugu, bai sindikatuaren barruan eta baita jendarteko beste eragile sozialekin, langile hauen eskubide politiko, sozial eta ekonomikoen alde.
 

 

 

AHTaren kontra egoteko arrazoiak azalduko dituzte Gasteizen

0

AHTrik EZ Araba Plataformatik "AHT: Zulora garamatzan trena" hitzaldia antolatu dute biharko, maiatzak 8, asteazkena, Aldabe Gizarte Etxean, 19:00etan. Bertan, EKOPOLeko David Hoyos-ek alde ekonomikoa jorratuko du, Aramaioko alkatesa den Lierni Altuna inpaktuaz arituko da, eta, azkenik, AHTrik EZ Araba Plataformaren izenean Iñigo Leza-k gaur egungo egoera azalduko du. Hitzaldi hau, maiatzaren 18an, 12:30ean, Gasteizko San Anton plazatik abiatuko den manifestazioaren atarian kokatua dago.


 

 

 

Zerbitzu publikoen defentsan mobilizatuko gara Baionan, ostegunean

Funtzio Publikoan greba izango da ostegunean, Ipar Euskal Herrian, eta LAB sindikatuak mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. “Uda baino lehen, Frantziako Gobernuak ‘Funtzio Publikoaren aldaketa plantoa’ bozkatu nahi du ministroen kontseiluan. Mobilizatzeko garaia dugu. Proiektu horrek Funtzio Publikoa hautsi nahi du, eta hortan langileak zein jendarte osoa kaltetuak izango gara”, adierazi dugu. Baionan, 10:30ean abiatuko da manifestazioa, Santa Ursula plazatik.

Macronen Gobernuak bultzatutako zerbitzu publikoen suntsitze bidea salatu nahi dugu bere orokortasunean. Izan ere, medio gero eta gutxiagorekin lan egin behar da, lan baldintza txarretan. Kontratu prekarioak errazten dituzte, irakasleen estatutua berrikustearen alde daude, zerbitzuak gero eta gehiago pribatizatu nahian daude, indize puntua blokaturik utzi nahi dute, eta postu batzuk kendu, emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaren aurrean benetako lanik ere ez dute abiatu…

Euskal Herrian halakorik ez dugu nahi. Horri aurre egiteko, bertan behar ditugun tresnak sortzelp ahalmena dugu, Macron legea hemendik kanpo geldi dadin. Zerbitzu publikoetan ere eragin dezagun, ddenok elkarrekin interprofesional moduan, eta bertan antolatu gaitezen. LABek berriz dio: bertan erabakitzea eta bertan antolatzea posible da!

 

 

 

Prekarietatea sustatzen duen herri batek ez du etorkizunik, ez baitu bizitza duina izateko aukerarik bermatzen

Enpleguaren kalitate kaskarrak eta prekarietateak bere horretan jarraitzen dute, Hego Euskal Herrian apirilean erregistratutako langabeziak behera egin duen arren. Hiru kolektiboren egoera nabarmendu nahiko genuke, emakumeak, 45 urtetik gorako langabeak eta gazteak.

Emakumeei dagokienez, aipatu beharrekoa da langabeen gehiengo direla (%57,7). Eta lana dutenen artean, lanaldi partzialek askoz presentzia handiagoa dute gizonekin alderatuz gero, egoera honek dakartzan ondorio guztiekin.

Langabeen adinari erreparatzen badiogu, 45 urtetik gorakoena da talderik zabalena, %50,57rekin, eta ondoren datoz 30etik 44 arterainokoa (%33,73), 25etik 29rainokoa (%8,18) eta 25 urtetik beherakoena (%7,40). Enplegua lortzeko zailtasunik handiena duen kolektiboko kideek, 45 urtetik gorakoek, osatzen dute erregistratutako langabetuen erdia baino gehiago, kolektibo bereziki zaurgarria eta enplegua aurkitzeko itzelezko zailtasuna dutenak.

Kontratazioari dagokionez, nabarmen geratzen da enpleguaren kalitate eskasa, prekarietateari ateak zabaltzen dizkiona. Izan ere, martxoko kontratuak aldi baterakoak izan ziren produkzio arrazoiengatik (%48,5) eta lan edo zerbitzuagatikoak (%26,3). Kontratu mugagabeak, aldiz, %5,2an kokatu ziren.

Lan merkatuaren egoera kaskar honek neurri larriagoan eragiten die gazteei, kalitate txarreko enplegua, prekarietateak goitik behera baldintzatua, soilik dutelako eskura.

Hortaz, erregistratutako langabeziaren jaitsierak ez du estaltzen kalitate txarreko enpleguan eta aldi- baterakotasunean oinarritutako lan-merkatua, bizitza duina aurrera eramatea zailtzen diona milaka eta milaka langileri. Prekarietatea sustatzen duen herri batek ez du etorkizunik, ez baitu bizitza duina izateko aukerarik bermatzen.
 

 

 

Nafarroako Hezkuntza Departamentuari ebaluazio hezitzailea behingoan ezarri dezala galdegiten diogu, LOMCEri alternatiba gisa

0
Beste behin ere, Hezkuntza Departamentuak LOMCEtik eratorritako probak egiteko asmotan dabil eta berriz, inolaz ere gardena ez den prozesuaren bitartez izan dugu honen berri. Modu batean zein bestean mozorrotuta, aurtengo ikasturtean ere proba hauei bide eman eta Nafarroako ehunka ikasle ebaluatua izango da arrotza, antipedagogikoa, atzerakoia, segregatzailea… den eredu baten arabera. Bada, Sistema guztia ebaluatu behar da eta ez soilik ikasleak.

Hezkuntza Departamentuak LOMCE proba "deskafeinatuak" aplikatzeko asmoa dauka, berriz ere, kanpotik inposatua eta erabat atzerakoia den legearen ildoak gure hezkuntzara ekarriz.

Izan ere, LABen ustez, bide propioa garatzeko ausardia behar dugu une hauetan. Horrela, LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean ebaluazio eredu propioa osatzeko determinazioa adierazi nahi du askotan, bai eta gaia jorratzeko materialak eta foroak sortu ere. Izan ere, beharrezkoa dugu bestelako ebaluazio sistema bat, non ikaslea ezezik, baliabideak eta lan baldintzak, metodologiak, formazioa, azpiegiturak, eskola, eta finean, sistema guztia ere baloratuko den; hobekuntza, ekitate, aukera berdintasunean oinarrituz eta are garrantzitsuago dena, bide horretan aurrera egiteko plan eta neurri zehatzak eskainiko dituena. Eredu berri horren eraikuntza, hezkuntza komunitate guztiaren parte hartzean oinarrituko da, ebaluazioaren afera, ikuspegi poliedrikotik landu behar baitugu.

Kanpo frogen aurkako jarrera aktiboa
LABek probak egitea egokitu zaien ikastetxeetako hezkuntza komunitateari azterketa hauen kontrako jarrera aktiboa hartzera gonbidatzen du eta ekimen aldarrikatzailerik eginen dituzten ikastetxeak hauek publiko egin ditzaten. Hezkuntza Departamentuak entzun dezala beste behin, Nafarroako Hezkuntza komunitateak ez duela LOMCEren flexibilizazio ezta moratoriarik nahi. Behingoan gure Hezkuntza Sistema Propioaren bidean urratsak eman ditzala.

Halaber, Hezkuntza Komunitateari gonbitea luzatu nahi diogu proba hauen inguruan hausnarketa egin dezan eta ahalik eta adostasun handienarekin erabaki kontsekuenteak har ditzan.

LABek, negoziazio mahaietan maiz eskatu bezala, Hezkuntza Departamentuari komunitateko eragileekin elkarlanean LOMCEren aurrean estrategia bateratua adostu dezala eta ebaluazio hezitzaile eredu propioaren bidean eztabaida ireki dezala galdegin nahi dio.

LABek bestelako ebaluazio eredu berri baterantz urratsak ematen jarraitzeko hitza berresten du. Ebaluazio hezitzailearen bidean sakondu eta eguneroko hezkuntzaren errealitatea eraldatzeko tresnak sortuz.
 

 

 

Venezuelako herriaren burujabetzarekiko errespetuaren defentsa egiten jarraituko dugu

0

Venezuelaren burujabetza eta bakearen defentsan, eta Estatu kolpe saiakeraren kontra, kalera irten ginen larunbatean Bilbon.

Larunbatean, maiatzaren 4ean, Euskal Herriko hainbat eragile politiko sindikal eta sozialek deituta, Venezuelaren burujabetza eta bakearen defentsan, eta Estatu kolpe saiakeraren kontra, kalera irten ginen Bilbon. Deitzaileen artean Gobernuz Kanpoko Erakunde desberdinek, eragile sozialek, CCOO, EHNE Bizkaia, ELA, ESK, Etxalde, Hiru, LAB eta Steilas sindikatuek eta EH Bildu, Antikapitalistak, Ezker Anitza,-IU, PCE-EPK eta Podemos bezalako alderdi politikoek deitu zuten.

Manifestazioaren bukaeran irakurritako komunikatuan, antolatzaileok kolpe saiakeraren ondoren sortutako egoerarengatik gure kezka adierazi genuen. Kanpo injerentzia honek Venezuelako herria muturreko egoera batera eramatea du helburu, eta biolentziaren gorakadak aurrera jarraitzen badu, erregio osoa gerra egoera batetara eraman dezake.

Aipatutako guztiagatik, larunbatean Bilboko kaleetan adierazi genuen bezala, Venezuelako herriaren burujabetzarekiko errespetuaren defentsa egiten jarraituko dugu; hala nola Venezuelako gobernuaren zilegitasun demokratikoaren eta bere erakunde demokratikoen alde. Kanpo injerentzia honek eta gerra ekonomiko, diplomatiko eta mediateko honek Venezuelako herria eta hainbestetan adierazitako borondate politikoa suntsitzeko duen helburua gogor gaitzesten dugu.