2026-07-11
Blog Page 658

Borrokan berretsi dira Bizkaiko metalgintzako langileak, bost greba egun egingo dituzte irailaren 30etik urriaren 4ra

0

Agerraldia egin dugu gaur Bilbon, FVEM patronalaren egoitzaren aurrean, Bizkaiko metalgintzako ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNTko ordezkariekin batera. Bertan, maiatza eta ekaineko sektore greben balorazioa egin eta bost greba egun berri deitu ditugu irailaren 30etik urriaren 4ra arte.

SINDIKATUON IRAKURKETA BATERATUA

Los y las trabajadoras del metal de Bizkaia,
ejemplo de dignidad y lucha

Bizkaiko metalgintzako langileak, duintasunaren eta borrokaren eredu

Gaur ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO y CNT sindikatuek agerraldia deitu dugu; Bizkaiko Metaleko Hitzarmen Sektorialaren borrokaren egoera aztertu eta baloratzeko.

Lehenik eta behin, gizarte guztiari gogorarazi nahi diogu, hau sinatzen daugun sindikatuek borrokarako bat egiteko arrazoi nagusia sektorean sufritzen den prekarietateari aurre egiteko oinarri oinarrizkoak diren edukiak adostu izana dela. Horregatik, etengabe hitz egiten dugu soldatez, lanaldiaz, subrogazio eskubideaz, emakume eta gizonen arteko berdintasunaz, ABLEen eta behin behineko kontrauen mugatzeaz eta lan Osasuna bermatuko duten neurriez. Aipatu edukia 2019ko maiatzaren 10ean aurkeztutako plataforma bateratua da, honekin batera atxikita duzuena.

Edukiak hain dira garrantzitsuak, langile asko eta askok bat egin dutela deitu diren 5 greba deialdiekin. Gainera, duen balio handia aitortuz, negoziazio mahaian egon ez arren, beste hainbat sindikatu ere bide eta borroka lagun ditugu hilabete hauetan.

Langileen gehiengo zabalak babestu du greba; maiatzaren 23an, lehen greba egunean, grebaren jarraipena %70ekoa baino handiagoa izan zen. Ondoren egon diren deialdietan, kopuru horrek etengabe gora egin du. Are gehiago, mobilizazioetako parte hartzeak ere gora egin du etengabe, horren adibide ekainaren 21ean Bilbon ikusi genuen argazkia; azken urteotan oroitzen dugun mobilizazio sektorialik handienetakoa. Guztietan oso altua izan da parte-hartzea Bilboko Udalaren datuen arabera Bilboko Udalaren datu ofizialen arabera.

Hor dugu FVEMen lehen gezur handia, esaten dute grebaren jarraipena oso txikia izan dela. Nork sinetsi dezake hori? Enpresa txiki zein handitakoak, langile zuzen zein ABLE edo azpikontratatakoak, tailer zein bulegotakoak… berdin izan du, denek masiboki bat egin dute greba deialdiekin.

FVEMek gezurrak esan ditu eta zabarkeriz eta utzikeriz jokatu du.

• Orain hilabete batzuk, bere aitzakia sindikatuok bakoitzak gure plataformak genituela aurpegiratzen zigun, eta ez genuela bat egiten eta plataforma komun bat aurkezten. Nahiz eta, bakoitzak gure kidegoak esan digun hori defendatzeko eskubidea dugun, orain hilabete eta erdi baino gehiago plataforma komuna aurkeztu genion. Erantzuna argia eta borobila izan da: ez.

• Gero, greba deialdien aitzakia jarri zigun. FVEMek badaki bakoitzak gure borroka tresnak ditugula, baina negoziatzeko gauza bakarra behar dela, borondatea. Sindikatuok, momento batean ere ez diogu antzerako baldintzarik jarri negoziatu ahal izateko.

• Ekainaren 17an izan zen Bizkaiko metalgitzako mahaiaren azken bilera. Bertatik, bilera berri baterako deialdirik gabe atera ginen. 28 egun geroago eta greba deialdi Gabe; ez dago bilera berririk egiteko datarik. FVEMen utzikeria eta zabarkeriaren adibide argi eta garbia. Gogoratu nahi dugu patronalak berak hartu zuela data proposatzeko konpromisoa, eta ez du horrelakorik egin.

• Negoziazio mahaia deitu beharrean, aldebiko bilerak egiten ibili da sindikatu bakoitzarekin. ELA, CCOO, LAB eta UGTk, erantzukizunagatik, bilerotara joatea erabaki dugu baina emaitza betikoa da. Negoziatzeko inolako borondaterik ez eta ezezko borobila sindikatuok aurkeztutako plataformari.

50.000 langileri baino gehiagori eragiten dion hitzarmen batetaz ari gara, enpresa-ehunari eta, noski, Bizkaiko etorkizun industrial, laboral eta sozialari. Badakigu negoziazioak batzutan luzatu egin ohi direla, baina ia urte eta erdi pasa direnean azken negoziazioak berrartu genituenetik eta urte pila sektore-hitzarmenik gabe, sektorean sortzen ari den aberastasun guztia bereganatzea soilik nahi duen patronalarekin egin dugu topo. Prekarietatea eta miseriazko baldintzak inposatu nahi ditu FVEMek.

Bestalde, patronala Bizkaiko metalgintzatik haragoko interes politiko eta ekonomikoen mesedetan ari den galdetzen diogu gure buruei. Bilera berri baterako datarik ez edukitzea eta proposamenik ez egiteak FVEMek gatazka luzatu nahi duela ondorioztatu dugu, ez du konponbiderik nahi. Noren zerbitzura dago lanean? Noren interesak defendatzen ari da? Noren aginduak jaso ditu? Zer iritzi dute sektoreko enpresek “berez” beraien ordezkaria denaren jardunaz eta jarreraz?

Era berean, eta orain arte adierazitakoarekin lotuta, lotsagarria iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzaren jarrera eta jokaera. Bere ordezkariek ez dute gaiaren inguruko jarrerarik hartu, ezta Industria Sailak edo arlo honetako Sailburuak.

Ertzaintza deialdietara bidaltzea, tentsioa sortu edo mobilizazioak baldintzatzeko helburuarekin. Edo bere jardunbidea Petronorreko kontratateko langileen grebarako eskubideari eraso eginez, gehiegizko eta justifikatu gabeko gutxieneko zerbitzuak inposatuz, Greba Batzordearen gainetik pasatzen ahaleginduz edo gaueko 10etan ebazpenak eginez.

Horixe da Eusko Jaurlaritzaren jarrera, isiltasuna eta errepresioa. Langileriaren kontrako erasoak eta botere ekonomikoekin lankidetza. FVEMen esanen morroi leialak.

Ohar hau sinatu dugun sindikatuok, zera esan nahi dugu.

• FVEMen gezur eta aitxakien gainetik, aukera bakarra dugu, borrokarekin jarraitu eta berau indartu. Sektoreko langileen konpromisoak soilik ekarriko du sektoreko hitzarmen berri eta duina.
• Maiatzaren 10eko plataforma sindikal bateratua gogoan izan nahi dugu, bertan, FVEMek onartu behar dituen 10 eduki oso zehatz planteatzen ditugu.

Aipatu helburuak lortzeko bidean, negoziazio mahaian presente gauden lau sindikatuok greba egun berriak iragarri nahi ditugu Bizkaiko metalgintzan. Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzan erregistratu ditugu greba deialdiak eta patronalari ere jakinarazi dizkiogu. Grebak, irailaren 30ean eta urriaren 1, 2, 3 eta 4an izango dira.

Aste honetan bertan, uztailaren 18an, mobilizazio eta kontzentrazioak egingo ditugu Bizkaiko eskualdeetako erreferentziazko enpresetan.

• Bilbon, Elecnor-eko bulegoen aurrean.
• Muskizen, Petronor aurrean.
• Erandion, Astileros Murueta aurreran.
• Durangon, Layde Steel aurrean.
• Igorren, Ormazabal aurrean.

JO TA KE, IRABAZI ARTE!
BIZKAIKO METALA BORROKAN

 

 

 

BBKLiveko langileen prekarietatea eta instituzioek jaialdiari ematen dioten babesa salatzen dugu

LABek BBliveko langileak sufritzen ari diren lan-baldintza prekarioak salatu nahi ditu. Langileek, ERAGINen bitartez (Bilboko gazte prekarizatuen asanblada) ezagutaraztera eman duten bezala, 4 euro orduko baina gutxiagoko soldatak edota 12 ordu baino gehiagoko lanaldiak konstante bat dira BBKLiven lan egiten duten enpresek egiten dituzten kontratazioetan. Ez hori bakarrik, izan ere, kasu askotan, enpresa horiek ez dituzte kontratuak egiten eta arduragabekeriaz eta inpunitate osoz jokatzen dute, izugarrizko kontrol falta dagoelarik instituzio publikoen partetik.

LABek BBliveko langileak sufritzen ari diren lan-baldintza prekarioak salatu nahi ditu. Langileek, ERAGINen bitartez (Bilboko gazte prekarizatuen asanblada) ezagutaraztera eman duten bezala, 4 euro orduko baina gutxiagoko soldatak edota 12 ordu baino gehiagoko lanaldiak konstante bat dira BBKLiven lan egiten duten enpresek egiten dituzten kontratazioetan. Ez hori bakarrik, izan ere, kasu askotan, enpresa horiek ez dituzte kontratuak egiten eta arduragabekeriaz eta inpunitate osoz jokatzen dute, izugarrizko kontrol falta dagoelarik instituzio publikoen partetik.

Zentzu horretan, ardura ez da soilik jaialdia antolatzen duen enpresara mugatzen; Bilboko Udalak 1.400.000 eurorekin finantzatu du musika jaialdiaren antolaketa eta gainera, guztion artean ordaintzen ditugun zerbitzu publikoak, garraioa kasu, ebento honen zerbitzura jartzen ditu. Hau ez kasu isolatu bat, joera estruktural bati erantzuten dion errealitate bat baizik. Subkontratatazioa, externalizazioa eta prekarizazioaren finantzaketa dira, hain zuzen ere, EAJ eta PSEk gidatutako instituzio publikoen ohiko praktika. Azken finean, bultzatzen ari diren hiri ereduaren isla da eta guztiei eragiten digu. Etxez etxeko laguntza, polikiroldegiak, 010a edota BilbaoBiziko gatazkek, publikoaren pribatizazioaren gestio ereduari erantzuten dio. Era berean, Lan Ikuskaritzari eskatzen diogu hartu beharreko neurriak hartu ditzan.

Gogora ekarri ditzagun pasa den maiatzean Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak, egin zituen adierazpenak: “Bizkaiaiko proiektu garrantzitsuena kalitatezko enplegua da”. Errealitatetik ezin urrunago. Argi dago Bizkaiako proiektu nagusia gutxi batzuen aberastasuna gehiengo baten lanetik ateratzea dela.

Azkenik, jaialdiko langileek eta ERAGINek dei ditzaketen mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Inoiz baino beharrezkoagoa da prekarietatea gelditzea!
 

 

 

Lan munduko indarkeria matxistaren aurrean, emakume* guztiak animatzen ditugu diskriminazioak era antolatu eta kolektiboan salatzera

Azken egun hauetan prentsa bitartez jakin berri dugu Goierriko enpresa batentzat lan egiten duen segurtasun enpresa batean, 2016ean, emakumezko langile ebentual batek sexu jazarpena pairatu zuela, eta salaketa judizialak aurrera egin ondoren, epaileak erasotzailea kondenatu duela.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi diogu erasoa jasan zuen emakumeari.

Badakigu lan munduan indarkeria matxista gertatzen denean, zaila dela salaketa egitea. Are zailagoa, lan baldintza prekarioetan egonik (azpikontratatuta, behin-behineko kontratuarekin…). Botere harremanek, harreman hierarkikoek, emakumeon hitza etengabe zalantzan jartzen dute eta enplegua galtzeko arrisku eta mehatxuak egunerokoak dira.

Emakumeok lan munduan pairatzen dugu diskriminazioarekin eta indarkeria matxistarekin amaitzea LABen lehentasunezko borroka da. LABen ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko.

Horregatik, indarkeria matxista publikoki zein juridikoki salatzeaz gain, elkarren arteko laguntza, antolakuntza eta elkartasunaren garrantzia berrestu nahi dugu.

Emakume* guztiak animatzen ditugu diskriminazioak era antolatu eta kolektiboan salatzera. Emakume* guztiak animatzen ditugu eraso bat ere pasatzen ez uztera. Elkarrekin eta antolaturik baino ez ditugu diskriminazio egoera eta eraso hauek geldituko.

Enpresei sexu jazarpen zein diskriminazio ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela exijitzen diegu. Lantokiak gune libreak, indarkeria matxista eta diskriminaziorik gabekoak izan daitezen borrokatuko dugu.

Goierriko herritarrei dei egiten diegu Legorretako Talde Feministak antolatutako elkarretaratzean parte hartzera, ostiralean 19:00etan, Legorretako plazan.
 

 

 

Gipuzkoako papergintzako langileen %70ak babestu du borrokaren eraginez erdietsitako azken eskaintza

0

LABek ADEGIk aurkeztutako azken proposamenaren aurrean, sektoreko langileei hitza eta erabakia emateko konpromisoa hartu zuen. Langileek argi utzi dute euren iritzia zein den; langileen %70ak ADEGIren azken proposamena onartzearen alde egin dute, nahiz eta ordezkaritzaren %44 duen ELAk proposamenaren kontra egin eta %28a duen CCOOk iritzi argirik ez du azaldu, boto askatasuna emanez langileei.

Proposamen hau lortzea sektoreko langileen lorpena izan da. Borroka izan da ADEGI sektorean betidanik egon diren eskaerak onartzera eraman duena. Esaterako, errelebo kontratua derrigorrezkoa izango da eta laneko bajetan soldataren %100a kobratuko dute langileek. Baimenetan ere hobekuntza nabarmena egongo da, guraso bakarren kasuan sendagilearengana laguntzeko ordu gehiago izango dituzte, hitzarmena familia eredu berrietara egokitzeko helburuz. Honi soldata igoera garrantzitsua gehitu behar zaio, izan ere 2019an KPI+1 eta 2020 eta 2021an KPI+1,25 igoko dira soldatak. Orain arte ez bezala, langileek ez dituzte oporrak galduko, baja egoeran egoteagatik 18 hilabeteetan ez hartu izanagatik, berdintasun planak egitea adostu da, euskararen normalkuntzarako mahaia sortuko da, lan osasunean hobekuntzak egon dira, haurdun dauden emakumeentzat soldata galdu gabe lanaldia gutxitzeko aukera egongo da, etab.

Hitzarmen hau da azken urte luzeetan lorpen sozial gehien dituena. Ez dago eskubide galerarik, hobekuntzak besterik ez. Enplegua bermatzen du, irabazi ahalmena hobetzen du eta lana eta bizitzaren uztarketa errazten du. Sindikatu guztiok jarritako helburuei erantzuten die.

Azkenik, bereziki 6 greba egunak egin dituzten langileak zoriondu nahi ditugu. Beraiei esker mugitu dugu ADEGI eta erdietsi dugu akordio hau. Zentzu honetan LABek ELAri gogorarazi nahi dio interes propioak defendatzea zilegi dela, baina ez norberaren erabakiak justifikatzeko gezurra erabiltzea. Ez da etikoa LABi publikoki greben aldeko jarrera irmoagoa eskatzea, maila pribatuan jakinarazi digutenean papelera batean deitutako greben erdia bakarrik egitea erabaki dutela. LAB izan da papereko lantoki guztietan greba egun guztien alde egin duen sindikatu bakarra. ELA eta CCOOk ezin dute gauza bera esan. LABekin aliantzarako aukerarik ez da izango LABekin lehiatzeko erradikaltasun irudi faltsu bat proiektatzeko helburuz gezurrak erabiltzen diren bitartean.

Uztailaren 17an finkatu da hitzordua akordioa sinatzeko.  

 

 

Goierri-Urola Garaian hasi dugu Osakidetzaren beharrezko egitura ahultzen duten lan pilaketagatiko kontratuen aurkako salaketa dinamika

0

Gaur LABek prentsaurrekoa eman du Donostian. Bertan, Goierri-Urola Garaiko 43 lanpostu egiturazko plantilan sartzeko hasiko duen prozesu judiziala aurkeztu du sindikatuak. Goierri-Urola ESIko Zaida Casalesek, Arabako ESIko Jesus Oñatek eta Eneko Pascual Donostialdeko ESIko kideak hartu dute parte agerraldian.

Badira 2 hilabete LABeko kideok Osakidetzako 2018ko kontratazio txostena aurkeztu genuela. Txosten sakon honek zuzendaritzaren azken urteetako kontratazio politikak Osakidetzako plantilaren infradimentsioa ekarri duela erakusten du, inolako zalantza izpirik gabe.

Txosten honek azaleratzen dituen ondorioak benetan kezkagarriak dira, 26.000 langileko egiturazko plantillan izkutuan dauden 3.000 lanpostu falta dira, behin-behinekotasuna %35tik gorakoa da, langileen prekarizazioa jasangaitza eta erabiltzaileek merezi duten kalitatezko arretaren galera islatzen du.
Behin-behineko kontratuekin eta prekarioki estaltzen ari diren 3.000 lanpostu hauek egitura barnean egon beharko lukete, mugikortasun prozesuetan zein Enplegu Eskaintza Publikoan eskainiz.

Argi dago Euskal Osasun Publikoari ezarritako politika neoliberalak dituen ondorioak: Osasun egituraren murrizketa, arretaren kalitatearen galera, kanporatze politikak hauspotu, iruzurra indartu edota fakultatibo kategoria jakin batzuetako sarrerara baldintzatzeko zerbitzu buruek duten ahalmena, eta honek ekar ditzakeen ustelkeria kasuak.

Gaur, plantilaren behar bezalako neurriratzea lortzeko egingo dugun prozesu judizialaren lehen pausuaren berri ematen dugu. Lehen salaketa multzoa Goierri-Urola garaiko ESI-an dauden 43 koderik gabeko plazak izkutatu dira (70 badira ere jarraipenean ditugunak, 43 hauek egiturazkoak dira, 2 zein 3 urtetik gorako frogatutako iraupenarekin). Lanpostu hauek kontratazio prekarioarekin estaltzen dira, eta kasu batzuetan, 3 urte pasa baino lehen eteten dituzte egituran sartu behar ez izateko, jarraian kontratu prekario berri batekin estaliz. Iruzurreko praktika hauen froga argiak ditugu, Osakidetzaren zuzendaritzari helarazi dizkiogu, eta ez badu bere erantzunkizuna betetzen, bukaeraraino iritsiko gara salaketa hauekin.

Jakin dugunez, Goierri-Urola garaiko ESI-ak eskatu egin zuen plaza kode kopuru bat; gaurkoan, 43 kode exijitzen dizkiogu formalki Osakidetzari, ez dezan ssasun publikoa egoera penagarri honetan utzi duen bidetik jarraitu.

Bestalde, kanporatzea eta zentru pribatuetara egiten diren deribazioak gero eta ugariagoak dira osasungintza publikoan. Nori datorkio ondo egoera hau? Osakidetzako plantilla behar bezala neurriratuta egongo balitz ez litzateke zerbitzu pribatuetara inolako deribazioren beharrik egongo, ez ebakuntzetarako, ez erresonantziak egiteko, ez beste inolako zerbitzurik emateko.

Gaurkoan, 43 plaza kode exigitzen dizkiogu Osakidetzari Goierri-Urola garaia ESI-an, baina 3.000 dira Osakidetzan falta direnak. LAB-etik argi esan nahi dugu afera honek berebiziko garrantzia duela Euskal Herriko jendarteak behar duen kalitatezko osasun zerbitzu publikoaren biziraupenerako. 3.000 plaza hauen egonkortzea eta mugikortasun zein EPE prozesuetara ateratzea dira LAB-en lehentasunak.

 

 

 

Mobilizazioa egin genuen atzo Noainen lanean izandako azken heriotzaren aurrean

Kontzentrazioa egin genuen atzo Noainen, gehiengo sindikalarekin batera, Josenea enpresaren aurrean. Bertako langile bat istripuan hil zen astelehenean Irunberrin. Gure datuen arabera, gutxienez 27 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, horietariko 8 Nafarroan. Istripua gertatu den enpresan, Josenea Lan Elkartean, beste langile bat hil zen istripuz martxoaren 29an, ordukoan in itinere izandako istripuan.
 

 

 

G7ari ez! Euskal Herritik alternatiba eraikitzen

Abuztuaren 24, 25 eta 26an Miarritzen G7a elkartuko da, ekonomikoki, politikoki eta militarki botere handia duten munduko zazpi herrialdek gerra hotzaren garaian sortutako taldea (AEBk, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak osatua). Kapitalak bere agenda propioa du, eta horretan hitzordu garrantzitsua da Miarritzekoa. Topaketa honek helburu jakina du, azken hamarkadetako erabakien ildoari beste ufada bat ematea elite ekonomikoaren mesedetan beti ere, eta politika neoliberaletan sakontzen jarraitzea. Langileon izenean hartuko omen dituzte erabakiak, baina langileoi hitza ukatuz eta gure lan eta bizi baldintzen aurka. Eta erabaki horien ondorioak ezagutu eta pairatu beharko ditugu gero.

Bizitzaren eta kapitalaren arteko borroka bizian gaude. Ertz ugariko krisi holistikoa bizi dugu. Eta kapitalismoa kapitalismo gehiagorekin ari da erantzuten, gero eta krudelago, gero eta basatiago, gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzen jarrai dezaten. Kapitalaren metaketaren hazkundeak gutxi batzuen eskuetan jarrai dezan, bizitzaren erreprodukziorako esplotazioan oinarrituriko kontratuari eutsi behar dio. Eta hori nola egiten da? Lurra, gorputzak eta langileak prekarizatzen zein pobretzen eta oinarrizko eskubideak merkantilizatzen, betikoen interes politiko, ekonomiko eta finantzariak babesteko. Horregatik diogu bizitza eta kapitalaren arteko borroka batean gaudela.

Gaur gaurkoz, hiru agenda global daude: neoliberalismoarena, faxismoarena eta emantzipazio sozialarena. Lehen biek kapitalari erantzuten diote eta elkarlotuak doaz. Kapitalismoak krisi sistemikoari kapitalismo gehiagorekin erantzun eta hor topatzen du tokia faxismoak. Nagusikeria eta muturreko dominazioren bidea da hori.

Lehen biei erantzuteko, hirugarren agenda artikulatzea eta elikatzea da gure erronka. Bizitza eta natura erdigunean izango dituen eredu berri baten alde ahalik eta herritar sektore zabalena biltzeko erronka dugu. Emantzipazio sozialaren bidetik soilik lortuko dugu gure bizitzen zein herrien gaineko erabakiak hartzeko eskubidea eta pertsonen askatasuna bermatzeko ahalmena. Mobilizazioa eta alternatibak uztartzea ezinbestekoa zaigu.

Bizitza dugu jokoan, gure bizitzak eta haiei lotutako eguneroko afera materialak: pentsioak, lan harremanak, energia politika, garapen teknologikoa, hezkuntza sistema, aisialdi eredua … Gai hauek inpaktu zuzena dute gure bizitzatan, gure lan baldintzatan. Eta horiek guztiak mintzagai izango ditu G7ak. G7a, ordea, gobernantza globalaren katebegi bat gehiago da, tentakulu andana dituen olagarroa (Merkataritzaren Mundu Erakundea, G20, Nazioarteko Diru Funtza, Munduko Bankua…). Eguneroko borrokak dimentsio globalarekin lotzea eta etorkizunera begira proposamen berriak mahai gaineratzea klabeak izango dira zentzu horretan.

Gaurko ereduak iraungitze data du eta eredu berri bat izango dela ziurra da, baina… noren neurriko eredua? Nork gidatuko du bide hori? Hor dago joko zelaia. Langileok gidaturiko trantsizio ekosozialista izango da ala kapitalaren mesedetan birkokatuko den eredu neoliberala izango da?

Euskal Herrian badugu erantzuna kapitalaren oldarraldiaren aurrean eta eredu berri baten alde egiteko, badugu alternatiba eta badugu determinazioa. Eta jada egiten ari da bidea: mugimendu feminista eta pentsionisten borrokak goraipatzearekin batera, langile borrokak ere aipatu behar ditugu, lan eta bizi duinaren alde milaka langile borrokan baitaude lan zentro nahiz kaleetan. Era berean, faxismoaren aurrean, klase elkartasuna handitu da eta horren adibide dira errefuxiatu edota migranteen bizi baldintza duinen aldeko dinamika herritarrak.

G7a Euskal Herrian elkartuko zela jakin eta berehala, G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat eraikitzen plataforma martxan jarri genuen Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat mugimendu sozial, alderdi politiko eta sindikatuk. LAB sindikatua hastapenetik inplikatu da eta politikoki erronka propiotzat hartu dugu. Hau esanda, G7ak ordezkatzen duen kapitalismo heteropatriarkal basatiari herri gisa erantzun nahi badiogu, langileok lehen lerroan kokatu behar dugu. Bizitza eta natura erdigunean izango dituen eredu berri baterako gure ekarpena osatzen ari gara (estrategia sozioekonomikoa) eta eredu horren aldeko gehiengoa kalean artikulatzeak berebiziko garrantzia hartzen du.

Aldaketa soziala gauzatzeko, ordea, burujabetza behar dugu, gure erabakiak modu askean hartzeko ahalmen osoa. G7aren testuinguruan ere burujabetza zein herrien autodeterminaziorako eskubidea erdigunean kokatu nahi dugu, erabakiaren monopolioa elite ekonomikoek, finantza erakundeek, transnazionalek, finean, kapitalaren gehiengoa metatzen duen gutxiengoak, izaten jarrai ez dezan. Beraz, eredu berri baten aldeko gehiengo soziala artikulatzeko erronka dugu parez pare.

Amaitzeko, ezin alboratu G7a Miarritzen egingo dela, Euskal Herrian, etorkizunari historia propio batetik eraikitzen ari den herria. Hala, nazioarteko hitzordua probestu beharko dugu gure herriari proiekzioa eman eta nazioarteko aliantzetan sakontzeko.

Euskal Herrian mobilizazio herritar batekin erantzungo diogu, G7aren aurkako plataformak antolatuta. Irun eta Hendaia artean, Alternatiben Lurraldea eraikiko dugu, eredu berri baten aldeko ahalik eta jende gehien batzeko helburuarekin.

Deialdi nagusiak:
• Uztailak 13: manifestazioa, Miarritzen.
• Abuztuak 21 – 25: Alternatiben Lurraldea, Irun-Hendaia
• Abuztuak 21, 22, 23, jardunaldiak
• Abuztuak 24, manifestazio nazionala
• Abuztuak 25, ekimen herritarra

 

 

 

Datozen ekimenak aurkeztu ditu G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen plataformak


G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen Euskal Herriko plataformak agerraldia egin du gaur, Alternatives G7 Frantzia mailako plataformarekin batera heldu den abuztuan antolatuko dituen ekimenak aurkezteko.

IRAKURKETA

• Plataforma pasa den azaroan osatu zen Euskal Herri osoko eragileak bilduz, izan herri mugimendu, sindikatu edo alderdiak, G7 eta bere munduaren kontrako deialdia komun baten baitan (ikus http://g7ez.eus/deialdia/ ). Gaur egun, 49 eragilek osatzen dugu plataforma, baina gure erronka da bertako nahiz nazioarteko ahalik eta eragile gehienen atxikimendua jasotzea. Horretarako, atxikimendu dinamika bikoitza martxan jarri dugu eta datozen egunetan emaitza publiko egingo dugu.

• G7ak ordezkatzen duen kapitalismoaren kontra eta eredu berri batean oinarrituriko mundu bat eraikitzeko arrazoiak ugariak eta anitzak dira. Horrela laburbildu ditzakegu:

− Mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa da G7aren gailurra, kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartzea baita helburu nagusiena.

− G7a sinbolotzat duen munduaren egoera larria da oso: klima aldaketa, desberdintasunen areagotzea, gerra inperialistak, indarkeria matxistaren areagotzea, behartutako migrazioak, transnazionalen nagusitasuna, langileon lan zein bizi baldintzen prekarizazioa…

− G7 gailur horrek badu berezitasun handi bat: Euskal Herrian izango da, kapitalismoaren, hetero-patriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituak eta bizirik diren lurraldean.

• Diru xahuketa eta setio egoera ekarriko duen gailur hori oroz gainetik munduko oligarkiaren komunikazio operazio bat da eta bereziki Macronentzat, frantses Estatuako egoera politikoa kontutan hartuz.

• Salaketa eta kontra borrokatzeaz haratago, antolatuko dugun kontra-gailurra aukera bat izango da desberdinkeriak, pobrezia eta hondamendi ekologiko zein klimatikoen aurrean, alternatibak partekatu eta eraldaketa posiblea dela ikusarazteko. Zentzu honetan, hiru helburu nagusi bete nahi ditugu jarraian aurkeztuko dugun programarekin:

− Bata, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismo basatiari ezetz esatea
− Bestea, mundu berri baten aldeko ahalik eta herritar gehien elkartzea, alternatibak partekatu eta eraldaketa aldarrikatuz.
− Azkenik, bertako zein nazioarteko eragile zein herritarren elkargune bilakatzea


Gure mobilizazio programa :

• Lehenik, salatu behar dugu kontra-gailurra modu duinean egiteko tokiak lortzeko autoritate frantses zein espainolen aldetik izan ditugun oztopoak. Aspalditik abiatu genituen harreman instituzionalak eta gaur egun, oraindik ez dakigu kontra-gailurra garatzeko izango ditugun azpiegitura guztiak. Zentzu horretan, programa neurriz kanpoko egoera batean, debeku eta oztopoak tarteko, berme hauskor batzuen barnean antolatzea lortu dugu. Ez dira baldintza egokienak, baina programa anitza, integrala eta bizia antolatzen ari gara.

Lehen hitzordua, Biarritzeko manifestazioa uztailaren 13an, 17:00tan Baratze publikoan/Midi geltokian (eta ez Loren hipodromoan)

Gailurra baino hilabete lehenago Miarritzeko karriketan ozenki aldarrikatu nahi dugu bestelako mundu bat eraikitzea urgentea bezain beharrezkoa dela eta G7 osatzen duten buruzagiak ez direla ongi etorriak.

Hendaia-Irungo kontra-gailurra, agorrilaren 19tik 23ra
− Irun eta Hendaia arteko eremu itxi zein irekietan gauzatuko dugu programa, Irun eta Hendaia artean Alternatiben Lurraldea irudikatuz.

Harrera eta kanpalekua. 19 eta 20an aterpetze gunea irekiko da eta kanpoko jendeari harrera egingo zaio. Bertan akanpatzeko oinarrizko beharrak asetuta egongo dira (ura, komunak, argindarra…), baita jateko aukera ere. Arratsaldean animazioak egongo dira eta egunero Hendaia edota Irunera joateko autobusak antolatuko ditugu. Lehen bi egunetan auzolanerako deialdiak egongo dira, kontragailurra baldintza egokietan burutzeko lanak modu kolektiboan eginez.

Jardunaldiak. Abuztuaren 21, 22 eta 23an Irun eta Hendaiako toki desberdinetan gauzatuko da: Ficoba izango da gune zentrala, Oiaso museoa, Palmero montero kultur gunea, Hendaiako zinemak…). Bertan konferentziak, eztabaidak, tailerrak, jateko aukera, ekintza kulturalak, eragileentzat azoka… egingo dira gaurko munduaren arkitektura ulertu, borroka nagusien erronkak gertutik ezagutu eta bestelako ereduaz hausnartzeko. Euskal Herriko zein nazioarteko hizlari zein eragileen parte hartzea ziurtatua dago. Jorratuko diren gaiak honako 7 tematikatan bildu ditugu, horrela formulatuak:

1. Mundu berria eraiki, kapitalismoa eta multinazionalen diktadura gainditu!
2. Planetaren suntsiketa gelditu… lurra eta bizitzak zaindu!
3. Mundu feministaren alde, heteropatriarkatua harrakalatu
4. Herrien aniztasuna eta askatasuna defendatu ! diskriminazioarik gabeko mundu (dekolonial) baten alde
5. Demokrazia eta eskubide guztiok guztiontzat! Autoritarismoarekin amaitu!
6. Herrien arteko elkartasuna, gerra eta inperialismorik ez!
7. Inor ez da ilegala, mugak eraitsi

Abuztuaren 24ko manifestaldia, larunbata, Hendaian
− Goizeko 11:30tan bi zutabe abiatuko dira, Pausutik eta hondartzatik. Herri
zentroan elkartuko dira eta Santiago zubiraino joanen dira.

Abuztuaren 25eko ortzadarra eremua, igandean, 12:00etatik 16:00etara.
− Gure plataformaren printzipioetan agertzen diren irizpideei jarraiki, gure lan egiteko moldeak masa mobilizazioa, borroka ideologikoa eta desobedientzia zibila izango dira. Zentzu horretan, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismoari planto herritar masibo bat antolatuko dugu. Soilik bide baketsuak erabiliz eta ahalik eta herritar gehien biltzeko helburuarekin, G7-a egingo den eremuaren inguruan ortzadar bat irudikatuko dugu:

1. Biarritzeko Cité de l’océan ingurabidean
2. Bidarte Barroilhet ingurabidean (autopistako Biarritzeko irteera)
3. Angeluko Maignon ingurabidean
4. Angeluko Herriko Etxean
5. Baionako Herriko Etxean
6. Angeluko bost kantoinen plaza
7. Angeluko Chambre d’Amour hondartzan

− Bide berean, deia egiten diogu herriari (langileak, komertzioak, enpresak…) G7arekin ez kolaboratzera.

• Arestian aipaturiko oztopoek, programaren osaketan eragin kaltegarria izateaz gain, honen guztiaren antolaketa zaildu eta garestitu du. Gaurko agerraldia aprobetxatu nahi dugu lagundu nahi duen norbanako, eragile sozial, sindikatu, kooperatiba orori, bakoitzak ahal duen neurrian, premiazko diru-ekarpena egin dezan gonbidatzera (jarraian, kontu korrontea). Era berean, udan zehar hainbat ekimen martxan jarriko ditugu diru bilketa herritarra egiteko: pultserak, cofrowing kanpaina…
− CREDIT MUTUEL: FR76 1027 8022 7800 0443 5234 150

• Diru bilketan parte hartzeaz gain, ekimenak laguntzeko molde asko daude: itzultzaile lanak egiteko prestutasuna, animazioak proposatzea (musika eta beste…). Laguntza oro beharrezko eta ongi etorria da. Jarri zaitezke gurekin harremanetan: harremanak@g7ez.eus

• Azkenik, G7 EZ! eta Alternatives G7 plataformek antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deialdi irmo bezain lasaia luzatzen diegu Euskal Herriko jendeari nahiz kanpotik etorriko diren guztiei, mundu sozial eta justua, parekide/feminista, ezberdintasunik gabea eta ingurumena errespetatzen duena, elkarrekin eraikitzeko.
 

 

BBK eta Vital Fundazioa demokratizatzeko proposamena egin dugu Kutxabank Publikoa plataformako eragileok

Gaur Kutxabank Publikoaren aldeko Plataformak, hainbat sindikatu eta eragile sozialek osatuak, prentsaurreko bat eman du Bilbon azken hilabete hauetan gure finantza erakundeari buruz eta beronen jabegoa duten fundazioei buruz agertu diren albisteen balorazioa egiteko. Nabarmendu dute Kutxabankek erakunde erdipublikoa izaten jarraitzeko, BBK eta Vital Fundazioak demokratizatu behar ditugu.

1. Fundazioetako patronatukideen hautaketa demokratikoa

Aurrezki Kutxak kudeatzeko eredu nahiko demokratikoa zegoen eta beraien batzar nagusietan alderdi guztiek, sindikatuek eta ezarleek parte hartzen zuten. Orain, BBK eta Vital Fundazioetan patronatukideak ez dira demokratikoki aukeratzen.

Horregatik Plataformak gizarteari, fundazioei eta alderdiei eredu demokratiko baterantz joateko, beste erakunde publikoetan egiten den sistema proposatu nahi die eta gutxienez, Kutxa Fundazioan egiten den moduan gutxienez.

Kasu honetan fundazioak lurralde bakoitzekoak direnez, foru hauteskundeak daudenean berriztatzea proposatu nahi dugu Kutxan egiten den antzera baina 15 kideak, ez 12. Horrela alderdiek finantza arloan eskarmentu handia duten edo gizarte erakundeetako kideak proposatuko lituzkete, bakoitzak lortutako botoen arabera. Horrez gain, sindikatuek eta eragile sozial eta kultural gehiagok parte hartzeko kide kopurua handituko litzateke:
  

Finantza arloan eta ekonomian aditua izatea edo gizarte arloa ezagutzea ezinbesteko baldintzetako bat da hiru fundazioetako patronatukidea izateko baina alderdi guztiek hautagaiak aurkezteko aukera eduki behar dute eta ez da inor baztertu behar orain gertatzen den moduan.

Horiez gain, aurrezki kutxen eredu demokratikoagoa berreskuratu ahal izateko ordezkaritza sindikal osatuagoa egotea behar da eta, horretarako, fundazioetako kide kopurua handitzea proposatzen dugu, adibidez 21 bat kide izan arte.

Bestalde, pribatizazio arriskua kentzeko, akzioen jabetza euren jatorrizko jabeei itzuli behar zaiela uste dugu, hau da, Aldundiei eta udalei eta fundazioak kudeatzaile hutsak izatea. Horrela, Euskaltelen gertatu den egoera tamalgarria Kutxabanken gertatzea saihestuko genuke. .

Bestetik, gaur egun daukagun oligopolio bankarioa sortzeko, erabaki politiko baten bidez aurrezki kutxak eraitsi zirenez, isilean eta inork ez jakiteko moduan, ez da harrigarria herritarren %98k Kutxabank norena den ez jakiteak eta horrek zinez kezkatzen gaitu.

2. Gizarte Ekintzaren kudeatzaileen jarrera etikoa

Gure erabateko desadostasuna ere adierazi nahi dugu Xabier Sagredo jaunak, BBKren Gizarte Ekintza kudeatzen duen erakunde baten buruak,urtero 380.000 euro kobratzearekin, bere ohiko soldatari, Iberdrolako Administrazio Kontseiluan parte hartzeagatik jasotzen dena saria gehitu zaiolako. Normala al da?

Bestetik ikusi dugunez patronatukide batzuen artean fundazioetatik dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeetako kide batzuk proposatu dira edo badaude eta hori ere ez da etikoki onargarria. Hau da, dirua ematen dizun erakundearen gobernuan egoteak interes gatazka nabarmena sortarazten du.