2026-02-08
Blog Page 647

Txus Martin eta gaixo dauden beste presoak etxeratzeko exijitu dugu Gasteizen, Jaurlaritzaren aurrean

LAB Osakidetzako delegatuek eta kideek Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, Gasteizen,Txus Martin euskal preso politikoaren egoera larria salatzeko. Hain zuzen ere, Txus Martinek bihotzeko ebakuntza larri bat zuen gaur.

Txus Martin euskal preso politikoarekiko elkartasunean bildu gara gaur, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gasteizen. Preso honek gaixotasun larriak dauzka, bai fisikoak, bai psikologikoak, espetxe politika honek eraginda. Isolamenduak, urrunketak, dispertsioak…presoak gaixotzen ditu heriotzera eraman arte.

Espetxe politika honek heriotza zigorra ezartzen die euskal preso politikoei.Txus Martin presoaren bihotzeko ebakuntza oso larria baldin bada, medikuen arabera postoperatorioa oraindik eta larriagoa izan daiteke. Beraz, etxean behar du egon bizirik eta onik jarrai dezan.

Gaur 21 gurutze ekarri ditugu elkarretaratzera, heriotza zigorra ezarri zaielako 21 euskal presori. Gaur, berriz ere, beraien eskubideen alde borrokan jarraituko dugunaren konpromisoa berretsi nahi dugu. Etxean eta bizirik nahi ditugu.

LAB Osakidetzatik, Nekane Murga kontseilari berriari, Osakidetzako buruari, argi utzi nahi diogu 21 euskal biztanle hauek ere bere ardura direla. Gaixo dauden 21 euskal presoak euskal herritarrak dira, eta Euskal Herrian ez badaude, espetxe politikak, dispertsioa politika krudel honek, herritik ehundaka kilometrora urrunduta dituelako da. Baina Osakidetzako erabiltzaileak dira. Eta Osakidetzako erabiltzaile diren heinean, beraien eskubideak bermatu behar ditugu. Osasuna eskubide unibertzala da. Pertsona orori dagokiona, baita preso daudenei ere.

Beraz, Nekane Murgarekin hitzordua eskatu dugu, batetik momentu honetan Txus Martinen egoeraren larritasuna jakinarazteko, baita beste 20 presoen berri emateko ere, eta, bestetik, arazo honi konponbideak bilatzen saiatzeko.

Osakidetzan lan egiten dugunok badakigu gauzak ondo egin daitezkela, baina argi daukagu ere ardurak nork dituen.
Horregatik egin dugu elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Mendeku garaiak alde batera utzi eta goazen konponbide garaiak jorratzera. Mendeku garaiak utzi eta ekar dezagun Txus Martin etxera, baita gaixo dauden beste 20 presoak ere. LAB Osakidetzatik argi dugu horretan jarraituko dugula lanean, orain arte bezala.
 

 

 

Egiaztatu egin dugu Gipuzkoako obra handietan ez dutela eraikuntzako hitzarmena betetzen

0

Hitzarmena urratzen ari dela antzeman ondoren, LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzari eskatu dio azter dezala Gipuzkoako obra handietako lan-egoera. LAB sindikatuak, azken hilabetean, hitzarmenaren arabera ordaintzen ez delako hainbat salaketa jarri ditu, Zubietako errauskailuko obrei nahiz Abiadura Handiko Trenari dagokienez, UTE Zubieta eta UTE Aduna enpresa sustatzaileen aurka, hurrenez hurren.

Lehen adibidean, Zubietako errauskailuarenean, enpresak dagoeneko onartu eta ordaindu dizkio langileari zor zizkion kopuruak.

Gainera, Lan Ikuskaritzan salaketak aurkeztu ditu LABek Anoetako estadioan egiten ari diren obren harira, dorre-garabia gaizki kokatu dutelakoan, neurri handiko hiru dorre-garabi kokatu dituztelako 50 metro baino txikiagoa den erradio batean, perimetro horretan langile kopuru handiak diharduenean. Horrek arrisku handia eragiten die langileen integritateari eta segurtasunari.

Gertakari hauek agerian uzten dute eraikuntza sektorean prekarietatea eta segurtasun neurri eza ez direla kasu bakanak, behin eta berriz errepikatzen direnak baizik, obra publiko eta pribatu guztiei eragiten dietenak. Eraikuntzan masiboki kontratatzean errazten da lan legeria ez dela beteko, eta langileek haren ondorioak jasango dituztela. Obretan eta zerbitzuetan azpikontratazio pila lotzearen erabakia politikoa da, langileen kontura kostuak aurrezteko helburuarekin hartua.

Enpresei nahiz obra hauen menpe dauden euskal erakundeei (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako udala) Gipuzkoako eraikuntza hitzarmena betetzen dela berma dezatela eta azpikontratazioari mugak jar diezazkiotela eskatzen die LABek.

Hiru erakundeetan agintzen ari den EAJri dagokionez, Gipuzkoako eraikuntza hitzarmena betetzen dela bermatzea eta azpikontratazioari mugak jartzea eskatzen dio LABek.
 

 

 

Portugalgo langile klaseari gure elkartasuna luzatzen diogu, Krabelinen Iraultzaren 45. urtemugan

0

Gaur, apirilak 25, Portugalgo Krabelinen Iraultzaren 45. urtemuga ospatzen da eta LAB sindikatutik Portugalgo CGTP IN sindikatuari eta Portugalgo herriari gure agurra bidali nahi diegu. Hain zuzen ere, Portugalgo langile klaseari gure elkartasuna eta gizarte justu bat eraikitzeko gure konpromisoa berresten ditugu.

Gaurkoa egun berezia da Portugalen, 1974ean Salazar diktadorea boteretik bota zuen Krabelinen Iraultzaren 45. urtemuga ospatzen delako. Iraultza honek, ordea, ez zuen diktadorea bakarrik bota nahi izan eta gizarte justuago bat eraikitze bidean urrunago joatea zuen helburu.

Horregatik, Portugalgo herriarentzat hain berezia den egun honetan gure internazionalismo politikotik, eta anaitasun nahiz adeitasun osoz, Krabelinen Iraultzak bilatzen zituen helburuen aldeko borrokak Euskal Herriko langile klasea eta LAB sindikatua aliatu eta bidelagun izango dituela adierazi nahi diegu.

Bai Portugaldarrek eta baita guk ere berdinen errepublika bat eraikitzea dugu helburu komun bezala. Zapalkuntzarik gabeko mundu bat dugu amets, eta, bide horretan, elkarlanean jarraitzeko konpromisoak indartsu jarraitzen du. 1974Ko apirilaren 25ean, Portugalgo herriak amets egiten zuena bilatzen jarraitzen dugu, konbentzituta gaudelako, Jose Saramagok zioen bezala, “aurkitzeari benetako zentzua bilaketak ematen dio… asko ibili behar da benetan hurbil dagoena aurkitu ahal izateko”. Gu ziur gaude, bai Euskal Herria eta bai Portugalgo herria amesten duguna lortzetik hurbil gaudela.

 

 

 

Amiantoaren ondorioz hildako bi lankide ohiren omenezko omenaldia eta lanuztea egingo dituzte CAF Beasainen, apirilaren 30ean

0

10:00etatik 11:00etara, CAF Beasaingo Sarrera Nagusian amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuaren inguruan omenaldia eta elkarretaratzea burutuko dute.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Amiantoarekin lana egitearen ondorioz, CAFeko langile erretiratuak ziren bi lankideren I.S.E eta A.S.H.en heriotzaren aurrean, ondorengoa adierazi nahi dugu:

– APIRILAK 30 asteartea, 10.00etatik 11.00etara CAF Beasaingo Sarrera Nagusian amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuaren inguruan (amiantoarenean) omenaldia eta kontzentrazioa burutuko dugu.

– Beasaingo lantegian dagoeneko 37 langile dira , beraien lanpostuetan amiantoa arnastearen ondorioz hildakoak eta heriotza amiantoa lanpostuetan izatearen ondorioz eragin duenaren errekonozimendua lortutakoak.

– Gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu nahi dugu, gaixo edo hildakoei, eta ondorioz baita familiartekoei ere, indemnizazio edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopoak jartzen bai dizkiete.

– Administrazioen jarrera itxia ere salatu nahi dugu. Biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari eragozpenak jarri bai dizkiete urtez urte. Bide hauek ireki eta garrantzia emango balie, biktimek ez lukete auzitegietara joan beharrik izango.

 

 

 

Gasteizko Lan Epaitegiak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak ez zuela bete Arabako eskuhartze sozialeko hitzarmen kolektiboa

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak, 2018. urtean argitaratu zuen bitartekaritza judizialeko zerbitzua lizitatzeko lehiaketa publikoa (gaur egun, justizia konpontzailearen zerbitzua izenez ezagutzen dena). Plegu horietan lan-arautegia eta Arabako eskuhartze sozialaren hitzarmen kolektiboa urratuz, ez zen jaso zerbitzua bete ohi zuten pertsonen subrogazioa.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako eskuhartze sozialeko hitzarmen kolektiboetako batzorde parekideek, hitzarmenaren urraketa larri hau antzemanda, Sailari jakinarazi zion gertakaria, eta espresuki eskatu zuten, zerbitzua betetzen ari ziren langileak enpresa esleipendun berak subrogatu zitzan.

Martxoan, Lan eta Justizia Sailburua den Ma Jesus San José Lopez andreak, maniobra iheskor eta arduragabe batean, zerbitzua ez zela berdina zioen eta ondorioz, jarduera berria ez zegokiola eskuhartze sozialaren hitzarmenaren eremu funtzionalari. Beraz, inolako klausulak ez zuela behartzen enpleguaren egonkortasuna edo zerbitzua betetzen duten langileen lan eskubideak bermatzera.

Zerbitzu honetako langileak posta elektroniko batez jakinarazpena jaso ostean, abuztuaren 28an kaleratuak izan ziren. Aldi berea, zerbitzua utzi zuen enpresak, fiskaltzan salaketa jarri zuen zerbitzua ematean prebarikazioa egon delakoan. Sei hilabeteren buruan ikerketa hau itxi dute, behar adina frogarik ez zegoela argudiatuz.

Abendurako aurreikusita zeuden epaiketak. Azkeneko momentuan atzeratu ostean, 2019ko otsailean egin ziren zerbitzu honetan ziharduten langileen kaleratzeen epaiketak. Hauen ebazpenean argi gertu zen zerbitzuari izena aldatu izanak ez zuela zerbitzuaren berezko aldaketarik suposatzen, eta ondorioz, kaleratzeak bidegabeak izan zirela ebatzi zuen. Horrela, enpresa esleipendunaren esku (IRSE EUSKADI) geratzen da langileak berrartzearen nahiz kalte- ordainak ordaintzearen artean aukeratzea. Gauzak honela, enpresak kalte-ordainak kitatzea eta epaiari helegitea aurkeztea hautatu du; hori egiteko jadanik kalte-ordainen kopurua gordailutu duelarik, 132.000 bat mila euro. Momentu honetan dena Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain gelditu da.

LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok berriro salatu nahi dugu zerbitzu publikoa pribatizatzeko eredua, baita haren ondorioak ere. Salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela Hitzarmen Kolektiboa bete, eta ondorioz, langileen lan eskubideak urratu dituela. Aldi berean guzti honek erakusten du Jaurlaritzak lotsagabekeriaz eta oinarri sendorik gabeko argudioak erabilita, lan araudia eta hitzarmen kolektibo bera ez dituela bete.
 

 

 

Redin plaza, mobilizazioen ondorengo topagune

Festarako tartea ere egongo da Maiatzaren Lehenean. Hain zuzen ere, berritasun gisa, M1 Gunea deitutako eremua egokituko dugu Iruñeko Redin plazan, mobilizazioen ondorengo topagune gisa. Heldu eta haurrentzako jarduerak egingo ditugu bertan, borroka eta lana ere ospatu beharra dagoelako. 13:30etik aurrera egongo da zabalik M1 Gunea.


 

 

 

Debekuen gainetik, Maiatzaren Lehenean kaleak masiboki hartzeko deia egiten dugu

Prentsaurrekoa egin dugu Iruñean, Maiatzaren Lehenean egingo ditugun mobilizazio eta ekimenak aurkezteko, Iruñea eta Baionan egingo ditugunak. Imanol Karrera Nafarroako eledunak eta Maider Jauregi komunikazio idazkariak hartu dute parte bertan. Imanol Karrerak azaldu du 12:00etan egingo dugula Hego Euskal Herriko mobilizazioa, eta ekitaldia Iruñeko Gaztelu Plazan izango dela. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak LABen sei manifestaziotik hiru debekatu ditu, orden eta bake publikoa zapuztu, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarri eta bizikidetza normal garatzea eragotziko dugula argudiatuz. Ez dugu M1 despolitizatu eta folklorikoa onartzen, ezta onartuko ere. Hori dela eta, masiboki kalera ateratzeko deia egin dugu.

Mobilizazioak bost zutabe izango dituela zehaztu du Karrerak, “bost kolektibori dagozkionak: lantokietako gatazkak, feministak, langile migranteak, gazteak eta pentsionistak. Sektore guzti hauek langile klasearen barruko aktoreak dira gizarte-aldaketarako prozesu baterako”.

Mobilizazioek debekuak izan dituzte, eta, horregatik, hasierako planteamenduan aldaketak egin behar izan ditugula adierazi du Karrerak. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Iruñeko Hiri-Segurtasuneko Sailak orden eta bake publikoa zapuztea argudiatzen dute, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarriz, eta baita bizikidetza normal garatzea ere hiria kolapsatuz.

Karrerak adierazi du “langile-klasea kalean egoteak, Maiatzaren Lehena bezalako egun seinalatuan, antza, sistema gogaitu egiten du. Aldarrikapen laboral eta sozial anitzen presentziak gogaitu egiten du sistema, borroka sindikalak gogaitu egiten du". Hala, LABeko ordezkariak nabarmendu du sistemak gero eta tresna gehiago dituela bere eskura: mozal legea, ordenantzak eta, oraingoan egin bezala, debekuak; hori guztia, gogaitu egiten duen guztia eragotzi ahal izateko.

“Maiatzaren Lehenaren despolitizazio eta folklorizazioaren aurrean, LABek dei egiten du kalera ateratzera. Gaur, inoiz baino gehiago, honakoak aldarrikatzeko. Batetik, gure klase izaera; Maiatzaren Lehenaren garrantzia aldarrikatzea borroka eta mobilizaziorako egun bezala”. Eta bestetik, gazteak, ikasleak, pentsiodunak, langabezian dauden langileak, feministak, migranteak, etxeko langileak, borrokan ari diren langileak, prekarietate modu berriak jasan behar dituzten langileak (ustezko autonomoak, bekadunak, azpikontratetako langileak…). Benetako mehatxua gara sistemarentzat, aliantzak sortu eta gure borroka guztiak artikulatzeko gai bagara, gai izango baikara jendarte eraldaketa bultzatzeko. Ez dituzte gure borrokak ez gelditu ez isilduko. Elkar ikusiko dugu Iruñean Maiatzaren Lehenean”, amaitu du Karrerak.
 

 

 

Kubarako hegaldia hartzea debekatu diote Igor Arroyori

0

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo Kuban dago, Central de Trabajadores de Cuba sindikatuaren XXI Biltzar Nagusia dela eta. Oztopo guztien gainetik iritsi da Habanara, aldez aurretik erreserbatutako hegazkina hartzea debekatu baitzioten Madrilen, “segurtasun arrazoiak” argudiatuta. Izan ere, AEBetako aire espazioaren zati txiki batetik igaro behar zuen hegaldiak, eta, LABeko idazkari nagusi ondokoak salatu bezala, dirudienez, AEBetako administrazioaren “zerrenda beltzean” dago. Hortaz, gaua Madrilen pasa eta beste hegazkin bat hartu behar izan zuen biharamunean, Venezuelarantz, Caracasetik Habanara joan ahal izateko. Duela pare bat aste, Kuban deportatua dagoen Joxe Anjel Urtiagaren anaiari ere gauza bera gertatu zitzaion; hots, hegaldia hartzea debekatu zioten honi ere.

Central de Trabajadores de Cuba sindikatuaren biltzarrari dagokionez, Igor Arroyok bertan hartu du hitza, atzo. Trump administrazioaren jazarpena salatzeaz gain, Euskal Herria autodeterminazio eskubidearen alde borrokan ari den nazio bat dela nabarmendu du, bere etorkizuna erabaki ahal izateko. Ondoren, Espainiako gobernuaren jarrera salatu du, Euskal Herrian bake eszenatoki bat eraikitzeko ez baitu ezertxo ere egin, presoak eta Estatu krimenak argitu gabe daudenean. Burujabetzaren aldeko aldarriarekin jarraitu du bere hitzartzea, eta Kubari eskerrak eman dizkio euskal errefuxiatuei egindako harreragatik, bereziki. Amaitzeko, langileen arteko batasuna aldarrikatu du, borrokaren bitartez beste mundu bat eraikitzea posible delako.
 

 

 

Patronalaren erantzunik gabe jarraitzen dugu Bizkaiko bulego eta langeletan

Jadanik hilabete igaro da LABek negoziazio mahaian proposamena egin zuenetik, hala ere, oraindik ez dugu patronalaren erantzunik jaso. CEBEKek muzin egin dio sinatzeko aukerari, eta GFIren, IDEren, Pandaren, IBMren, Euro Helpen, Atosen… patronalaren ordezkaritza desagertu da. Zer ulertu behar dugu honetaz? Pentsatzen ari direla? Luzatu egin nahi dutela nazka gaitezen? Ez dute inongo hitzarmena sinatzeko gogorik ala?

Argi dago gure sindikatuak irmotasunez eta erabakigarritasunez borrokatuko dela kalean nahiz sektoreko enpresetan. LABek %13ko ordezkaritza dauka negoziazio mahaian eta erakutsi du sektoreko 23.000 langileentzat hitzarmen duina nahi duela, eta hura lortzearren borrokatuko dela. Horretan jardun gara, malgutasunez, gainontzeko sindikatuekin adostu nahian, baina baita irmotasunez ere, ugazaba diruzaleen xantaiari aurre eginez.

Baina jakin badakigu 2017ko otsailean hasi genuen bidea ezin daitekeela askoz ere gehiago luza, badakigu oraintxe behar dugula bulego eta langeletako sektore osoaren indarra eta mobilizazioa. Unea da erakuts dezagun sektorean iraun nahi dugula lanean, eta lana, baldintza duinetan egin nahi dugula. Hori lortu, Bizkaiko Bulego eta Langeletako Hitzarmena Kolektiboa sinatuz bakarrik lor dezakegu.

Horregatik, LABek, maiatzaren lehen asterako, negoziazio mahaian dauden sindikatu guztiak deitu dute. Horrela berriro eseri eta bidea adosten saia gaitezen, denok elkar hartuz aurrera egin dezagun hitzarmena sinatzeko.

Azkenik, LABek sektoreko behargin guztiak animatu nahi ditu, ilusioz egin dezagun aurrera, zaila izanagatik, beharrezkoa den borroka honetan; borrokarik txarrena egiten ez dena delako.

Denon artean lortuko dugu! Beti aurrera!